Hirugarren kapitulua

 

        «Ez —zioen Txitxikovek bere kolkorako, berriro ere soro eta zelai zabaletan barrena zihoala—, nik ez diat nire etxaldea horrela gobernatuko. Jainkoa lagun nire eginkizuna ondo burutu eta gizon aberatsa eta eskuarte handikoa izatera iristen banaiz, guztiz bestela jokatuko diat: sukaldaria edukiko diat, bai, eta erosotasun guztiak etxean, baina behar bezala administratuko ditiat ondasunak. Zuhurra izango nauk, eta diru-kopuru bat bereiziko diat urtero, ondorengoentzat, baldin eta Jainkoak emazte ugalkorra ematen badit...»

        — Aizak, ergel hori!

        Selifanek eta Petrushkak atzera begiratu zuten, biek batera, gida-aulkitik.

        — Nora hoa?

        — Agindu duzun lekura, Pavel Ivanovitx, Koshkariov koronelaren etxera —esan zuen Selifanek.uria lepoa, handiak begiak, ilauna begirada, harroa ibilera eta gerrirainokoa txirikorda. Selifanek berak ezin azal zezakeen zer gertatzen zitzaion barnean neskekin batera biribilean poliki mugitzen zenean, bi eskuekin haien esku zuriak harturik zeuzkala, edo gainerako mutilekin lerrokaturik nesken ilararantz hurbiltzen zenean, eta sua bezalako arrats gorrixka itzali, inguru osoa arian-arian ilundu, eta han urrun, errekaz bestaldean, doinu beti tristearen oihartzun berdina entzuten zenean. Horren ondotik, lolasaren haria nondik nora zetorren ikusirik, sudurra okertu zuen. Edaria probatu ere ez zuela egin esan nahi izan zuen, baina, nolabait, lotsagarria iruditu zitzaion hori.

        — Ondo joaten da kalesa honetan —esan zuen Selifanek, aurrerantz jiraturik.

        — Zer?

        — Esan dut, Pavel Ivanovitx, ondo joaten dela kalesa honetan, gure britxkan baino hobeto, ez du batere astindurik ematen.

        — Isilik egon hadi eta segi aurrera! Inork ez dik horretaz galdetu!

        Selifanek, zaldien saihets mardulak zigorraz emeki jo, eta Petrushkari esan zion:

        — Diotenez, Koshkariov jauna alemaniarren erara janzten duk: urrunetik begiratuta, ez zegok haiengandik bereizterik; eta kurriloak bezala ibiltzen duk, harro-harro eta puztu-puztu eginik. Eta emazteak ez ditik erabiltzen gure emakumeek jantzi ohi dituzten buruzapiak, txano alemaniarra eraman ohi dik, alemaniarrek bezala, zera, badakik, buru-beroki horietako bat, horrela esaten ziotek haiek, buru-berokia. Bada, hori, alemaniarren buru-beroki horietako bat.

        — Hi ere dotore egongo hintzateke alemaniarren antzera jantzirik, buru-beroki eta guzti! —esan zion Petrushkak Selifani, burlati eta irribarre maltzurrez. Baina nolako itxura eman zion aurpegiari irribarre maltzur hark! Izan ere, imintzio hark ez zuen irribarre maltzurraren antzik; gehienez ere, marrantak jota egonik usin egin nahi duen baina, usin egitea lortu ezinik, usin egiten saiatzen ari den gizonaren aurpegiera gogorarazten zuen.

        Txitxikovek behetik begiratu zion Petrushkaren aurpegiari, zer gertatzen zitzaion igarri nahirik, eta bere artean esan zuen: «Arranopola! Eta, inondik ere, ederra dela uste dik!». Esan beharra dago Pavel Ivanovitx erabat ziur zegoela Petrushkak edertzat zeukala bere burua, nahiz eta azken boladan ahaztu bide zitzaion nolakoa zuen aurpegia.

        — Pavel Ivanovitx —esan zuen Selifanek, gida-aulkian atzerantz jiraturik—, bete-betean asmatuko zenuen Andrei Ivanovitxi zaldi izpildunaren truke beste bat emateko eskatu bazenio; oso begiko zaituenez, ez zizun mesede hori ukatuko; egia esan, zaldi izpildun hori alproja hutsa da eta traba besterik ez du egiten.

        — Utzi berriketa eta segi aurrera! —esan zuen Txitxikovek, eta bere artean pentsatu: «Dena dela, arrazoi dik, horretan ez diat asmatu».

        Bitartean, leunki zihoan aurrera hain ibilera leuneko kalesa. Leunki igotzen zen aldapan gora, nahiz eta leku askotan bidea oso latza zen; leunki jaisten zen aldapan behera, nahiz eta auzo-bide hartan oso malda malkartsuak zeuden. Jaitsi ziren mendian behera. Bidea zelai artean zihoan, ibai bihurgunetsu baten ertzetik, erroten aldamenetik. Hareatzak atzematen ziren han urrun, eta oso modu ikusgarrian agertzen ziren bata bestearen atzetik lertxundi txikiak. Bizkor igarotzen ziren bidaiarien albotik aihenak, urki meheak eta makal zilarkarak, adarrekin Selifan eta Petrushka joz, gida-aulkian eseririk baitzihoazen biak. Adarrek behin eta berriro kentzen zioten txanoa buru gainetik Petrushkari. Behin eta behin, gida-aulkitik jaitsi, eta errieta egiten zien hala zuhaitzari nola zuhaitza landatu zuenari, ergelak deituz, baina ez zuen txanoa lotu nahi, ezta eskuaz heldu ere, horrelakorik berriro gertatuko ez zitzaiolakoan beti. Basoa are sarriago bilakatu zen: lertxun eta makalez gain, urkiak ere agertzen hasi ziren, eta, handik gutxira, oihan itsua zuten inguru guztian. Ezkutatu egin zen eguzkiaren argia. Pinuek eta izeiek itzal handia egiten zuten. Baso amaigabeko ilunpe etengabea gero eta beltzagoa zen, eta bazirudien gau bihurtuko zela. Eta, bat-batean, argi-printzak ikusi zituzten zuhaitzen artetik, argiuneak agertu ziren hor-hemenka adar eta enborren artean, han nonbait zilar distiratsua edo ispiluren bat balego bezala. Argitzen hasi zen basoa, bakandu ziren zuhaitzak, oihuak entzun ziren, eta, tupustean, aintzira bat azaldu zen begien aurrean. Lau versta zabal zen, zuhaitzak zituen inguru guztian, eta izbak atzematen ziren zuhaitzen atzean. Hogei bat gizonek, uretan gerriraino sarturik batzuk, sorbaldetaraino beste batzuk eta eztarriraino banaka batzuk, sare bat zeramaten aintziraren beste aldeko ertzerantz. Gizon bat igeri zebilen haien erdian, oihuka eta dena antolatzen; garaia bezain lodia zen ia, biribil-biribila, angurri baten antzekoa. Lodiaren lodiaz, ezin zen inola ere hondoratu, eta murgiltzeko ahalegin biziak egin balitu ere, urak gorantz bultzatuko zuen beti. Bizkar gainera bi gizon igo balitzaizkio ere, ur-azalean geratuko zen, burbuila setati baten antzera, eta, gehienez ere, apur bat hondoratuko zen zamaren azpian eta burbuila batzuk jaregingo zituen ahotik eta sudurretik.

        — Pavel Ivanovitx —esan zuen Selifanek, gida-aulkian atzerantz bihurturik—, hori, inondik ere, nagusi jauna da, Koshkariov koronela.

        — Zergatik?

        — Bada, azala besteek baino zuriagoa duelako, eta gorputza, berriz, agurgarriro gizena, nagusi jaunei dagokien bezala.

        Bitartean, argiago bilakatu ziren oihuak. Jaun-angurria garrasika ari zen, arrapaladan eta ozenki:

        — Denis, eman soka Kozmari! Kozma, hartu Denisek daukan soka-muturra! Foma Handia, Foma Txikia dagoen alderantz bultzatu! Eskuinetara, eskuinetara! Geldi, geldi!, deabruak eramango ahal zaituzte! Neu atzeman nauzue sarean! Harrapatu egin nauzue, madarikatuok, zilborretik harrapatu ere!

        Eskuinaldeko gizonek saretik tiratzeari utzi zioten, ikusirik ustekabeko ezbeharra gertatu zela benetan: nagusi jauna sarean harrapaturik zegoen.

        — Ikusi duk? —esan zion Selifanek Petrushkari—, sarean zeramatek nagusia, arraina balitz bezala.

        Nagusia plisti-plasta zebilen, eta, askatu nahirik, ahoz gora jarri zen, sabela gorantz, baina are gehiago katigatu zen sarean. Sarea apurtzeko beldurrez, igeri zebilen harrapaturiko arrainekin batera, sokarekin lot zezatela aginduz. Sokarekin lotu, eta lehorrera jaurti zuten muturra. Ur-ertzean zeuden hogei bat arrantzalek sokaren muturrari heldu, eta tiraka hasi ziren kontu handiz. Ur txikietara iritsirik, zutik jarri zen nagusi jauna, sarean estu bildurik, hala nola egoten baitira udan damen besoak sarezko eskularruetan bildurik; gorantz begiratu, eta bisitaria ikusi zuen, kalesan kairaino bertaraino iritsia. Bisitaria ikusirik, buru-makurtua egin zion. Txitxikovek, kapelua erantzi, eta diosal egin zion kalesatik, adeitasun handiz.

        — Bazkaldu duzu? —egin zuen oihu jaunak, atzemandako arrainekin batera ur-ertzera hurbildurik, esku bat begien gainean, eguzkitik babesteko, eta bestea beherago, Medici-ren Venus bainatu berriak bezala.

        — Ez —esan zuen Txitxikovek.

        — Ederto! Eskerrak eman Jainkoari!

        — Zergatik? —galdetu zuen Txitxikovek, jakinminez, kapeluari goian eusten ziola.

        — Honengatik! —esan zuen jaunak, lehorreraturik, oinen inguruan arrain mordoa zuela, bihurka eta lurretik arshin baterainoko jauziak eginez—. Hau ez da ezer, ez begiratu honi. Hor badaukat arrain puska ederra!... Foma Handia, erakutsi gaizkata. —Bi mujik sendok halako mustro bat atera zuten tina batetik—. Hau arrain alea, errekatik etorria!

        — Arrain ale itzela, bai! —esan zuen Txitxikovek.

        — Bai, alajaina! Segi etxera zuek, ni berehalaxe joango naiz. Gidaria, hartu hor beheko bidea, soroetan barrena doana. Foma Txikia, memelo hori, hoa segituan langa irekitzera! Zuekin izango naiz atzera begiratzeko denbora izan baino lehen.

        «Xelebre samarra koronela!», pentsatu zuen [Txitxikovek], azkenean kai amaigabea alderik alde zeharkaturik eta izbetara hurbiltzen ari zela. Izbetako batzuk mendiaren maldan sakabanaturik zeuden, ahate-saldo baten antzera; besteak, berriz, behean zeuden, zutoin gainean eraikita, eta kurriloak gogorarazten zituzten. Askotariko sareak ikusten ziren nonahi esekirik. Foma Txikiak langa ireki zuen; kalesa, alorra zeharkaturik, plaza batean aurkitu zen, zurezko eliza zahar baten alboan. Urruntxeago, elizaren atzean, lurjabearen egoitzako teilatuak atzematen ziren.

        — Hemen naiz! —entzun zen ahots bat aldamenean. Txitxikovek ingurura begiratu zuen. Jauna haren alboan zebilen ordurako, drojki batean, gorbatarik gabe, Nankin-go oihalezko jaka belar-berdea eta galtza horiak jantzirik. Kupido ematen zuen! Saiheska eseririk zegoen drojkian, drojki osoa betetzen zuela. Txitxikovek zerbait esan nahi izan zion, baina lodikotea desagertua zen jadanik. Kalesaren beste aldean agertu zen drojkia, eta lehengo ahotsa entzun zen berriro: «Lutxoa eta zazpi zamoak nire sukaldari memelo horri eraman; gaizkata, aldiz, hona ekarri: neronek eramango diat drojkian». Berriz ere entzun zen ahotsa: «Foma Handia eta Foma Txikia! Kozma eta Denis!». Txitxikovek, etxeko atarira iritsi zenean, harriturik ikusi zuen jaun lodia atarian zegoela jadanik, besoak zabalik. Ez zegoen ulertzerik nola lortu zuen hain azkar heltzea. Hiruna musu eman zizkioten elkarri masailetan.

        — Goraintziak, jaun agurgarri hori! —esan zuen Txitxikovek.

        — Goraintziak! Noren partetik?

        — Senide baten partetik, Aleksandr Dmitrievitx jeneralaren partetik.

        — Nor da, baina, Aleksandr Dmitrievitx?

        — Betristxev jenerala —erantzun zuen Txitxikovek, apur bat harriturik.

        — Ez dakit nor den, ez dut ezagutzen.

        Txitxikov are gehiago harritu zen.

        — Nolatan liteke!... Oker ez banago, Koshkariov koronelarekin ari naiz hizketan, bai?

        — Piotr Petrovitx Petukh nauzu, Petukh Piotr Petrovitx! —erantzun zuen jaunak.

        Txitxikov harri eta zur geratu zen.

        — Arraioa! Nora ekarri nauzue, kaikuok? —esan zuen Txitxikovek, Selifan eta Petrushkarenganantz jiraturik. Ahoa zabal-zabalik eta begiak biribil-biribil zeuden biak, bata gida-aulkian eseririk eta bestea kalesako atetilaren alboan zutik—. Nora ekarri nauzue, kaikuok? Koshkariov koronelaren etxera eramateko esan dizuet..., eta hau Piotr Petrovitx Petukh duk...

        — Ondo egin dute zure mutilek! —esan zuen Piotr Petrovitxek—. Vodka eta opilak emango dizkizuet saritzat. Askatu zaldiak eta zoazte zerbitzarien gelara!

        — Lotsaturik nago —esan zuen Txitxikovek, burua makurturik— ustekabeko oker honengatik...

        — Ez da inongo okerrik —esan zuen Piotr Petrovitx Petukhek hitzetik hortzera—, ez da inongo okerrik. Aurrena, dasta ezazu nire bazkaria, eta gero esango didazu ea okertu zaren. Onar ezazu gonbita, mesedez —esan zuen, Txitxikov besotik harturik eta barruko geletara eramanez.

        Txitxikovek, lotsaturik, saiheska igaro zuen atea, etxeko nagusiari berarekin batera sartzen uzteko; alferrik ari zen: etxeko nagusiak ez zuen atea igaroko, ordurako ez baitzen han. Haren ahots ozena entzun zuen soilik, patioan deiadarka: «Zertan dabil Foma Handia? Zergatik ez da etorri oraindik hona? Jemelian, inozo hori, hoa korrika sukaldari memelo horrengana eta gaizkatari barrukiak lehenbailehen ateratzeko esan. Haziak, arrabak eta tripabarruak zopara bota ditzala muxarrarekin batera, eta zamoa saltsan jar dezala. Eta karramarroak!, karramarroak! Foma Txikia, inozo hori, non daude karramarroak? Karramarroak esan diat, karramarroak!». Eta puska luze batean durundi egin zuen hitz horrek: karramarroak, karramarroak.

        — Nonbait, lanpeturik dabil etxeko nagusia —esan zuen Txitxikovek, besaulki batean eseririk eta gelako bazter eta hormei begira.

        — Hemen naiz —esan zuen etxeko nagusiak, berriro ere gelan sarturik. Mutiko bi zekartzan berekin, udako jakaz jantzirik biak. Zumea bezain meheak ziren, eta Piotr Petrovitx baino arshin bat garaiagoak ia.

        — Hona nire semeak, institutuko ikasleak biak. Oporretan etorri dira. Nikolasha, gera hadi gonbidatuarekin; eta hi, Aleksasha, hator nirekin.

        Eta berriro desagertu zen Piotr Petrovitx Petukh.

        Nikolasharekin hizketan hasi zen Txitxikov. Nikolasha oso berritsua zen. Esan zion institutuan ez zeudela oso gustura, han hobeto tratatzen zituztela amatxorengandik opari garestiak jasotzen zituztenak, hirian Ingermanlandski husar-errejimentua zegoela, Vetvitski infanteria-kapitainak koronelak baino zaldi hobea zuela, baina Vziemtsev tenientearena askoz hobea zela.

        — Eta nolako egoeran dago aitaren etxaldea? —galdetu zuen Txitxikovek.

        — Bahiturik —esan zuen aitak berak, egongelan berriro azaldurik—, bahiturik.

        Gauzak okerretik okerragora doazenean jendeak egin ohi duen keinua egin zuen Txitxikovek ezpainekin.

        — Zergatik bahitu duzu? —galdetu zuen.

        — Denek bahitzen dute, zergatik ez nuen nik gauza bera egingo? Onuragarria omen da. Gainera, hemen igaro dut bizitza osoa, Moskuko bizimodua nolakoa den jakin nahi dut orain.

        «Ergela, ergela ez bestena! —pentsatu zuen Txitxikovek—, diru guztia xahutuko dik han, eta etxekalte bihurtuko ditik semeak. Hobe huke herrixkan geratuko bahintz, babo horrek!»

        — Badakit zer pentsatzen ari zaren —esan zuen Petukhek.

        — Bai? —galdetu zuen Txitxikovek, nahasirik.

        — Pentsatzen ari zara: «Bai ergela Petukh hau!, bazkaltzera gonbidatu naik, eta oraindik ez dik jatekorik atera». Laster egongo da prest, lagun ohoragarri hori. Neska ile-labur batek txirikorda egiteko denbora izan baino lehen, prest egongo da dena.

        — Aitatxo, Platon Mikhalitx dator! —esan zuen Aleksashak, leihotik begira.

        — Zaldi zuri-horixkan dator! —gaineratu zuen Nikolashak, bera ere leihora hurreraturik—. Hik zer uste duk, Aleksasha?, gure zaldi grisaxka hori baino txarragoa da?

        — Txarragoa ez, baina ez duk hain ikusgarria.

        Zuri-horixkaz eta grisaxkaz eztabaidatzen hasi ziren. Bitartean, gizaseme sendo eta lerden bat sartu zen gelan; kizkur gaztainkara distiratsuak eta begi ilunak zituen. Zakur mutur-handi bat sartu zen haren atzetik, kobrezko lepokoarekin zarata handia ateraz.

        — Bazkaldu duzu? —galdetu zuen Piotr Petrovitx Petukhek.

        — Bai, bazkaldu dut —erantzun zuen bisitariak.

        — Adarra jotzen ari zara? —esan zuen, haserre, Petukhek—. Zertarako zatoz hona bazkalduta?

        — Tira, tira, Piotr Petrovitx —esan zuen bisitariak, irribarre maltzurra eginez—, kontsolatze aldera esango dizut bazkarian ez dudala ezer jan: ez naiz gose.

        — Ikusiko bazenu zein arrain ederrak atzeman ditugun! Nolako gaiztaka! Eta nolako zamoak!

        — Alaigarria da zuri entzute hutsa —esan zuen bisitariak—. Azaldu behar didazu zer egin behar dudan zu bezain alai bizitzeko.

        — Zergatik aspertu, gero? —esan zuen etxeko nagusiak.

        — Zergatik aspertu?, bada, dena aspergarria delako.

        — Gutxi jaten duzu, hori da kontua. Saia zaitez behar adina jaten. Aspertzea egungo asmaketa da. Lehen inor ez zen aspertzen.

        — Bejondeizula! Zu ez zara inoiz aspertzen?

        — Inoiz ez! Ez dakit aspertzen, astirik ere ez dut aspertzeko. Goizean, esnatu bezain laster, tea edan, eta hortxe daukat zain administratzailea; arrantzara joan, eta konturatzerako bazkaltzeko ordua da. Bazkalostean lo-kuluxka bat egin, eta afaltzeko ordua, eta gero sukaldaria dator eta biharamunean bazkaltzeko zer jarri esan behar diot. Noiz aspertuko naiz?

        Elkarrizketak iraun zuen denbora guztian Txitxikov bisitaria aztertzen aritu zen.

        Platon Mikhalitx Platonov aldi berean zen Akiles eta Parid: lerdentasuna, garaitasuna, gaztetasuna, dena zegoen bildurik berarengan. Irribarre atsegin eta apur bat ironikoak edertasuna areagotzen zion. Baina, hala eta guztiz, bazen berarengan zerbait geldo eta soraioa. Grinek, atsekabeek eta zirrarek ez zuten zimurrik utzi haren aurpegi garbi, orbangabean, baina, bestetik, ez zioten inolako bizitasunik eman.

        — Atrebentzia ez bada —esan zuen Txitxikovek—, nik ere aitortu behar dut ezin dudala ulertu nolatan aspertzen zaren hain itxura ederreko gizona izanik. Jakina, baliteke bestelako arrazoiak izatea tartean, dirurik eza, esaterako, edo gaizkileren baten jazarpena, bada-eta edonori bizia kentzeko prest dagoen jenderik.

        — Bada, ez, horrelako arrazoirik ez dago tartean —esan zuen Platonovek—. Sinetsidazu gustatuko litzaidakeela noiz edo noiz horrelako zerbait gertatzea, kezkaren bat edo larrialdiren bat izatea, edo, gutxienez, baten bat haserretzea nirekin. Horrelakorik ez, ordea! Besterik gabe aspertzen naiz.

        — Ez dut ulertzen. Beharbada, etxalde txikia edo nekazari gutxi dituzu. Hala da?

        — Ez hurrik eman ere! Anaiak eta biok hamar mila desiatina lur eta mila nekazaritik gora ditugu.

        — Eta, hala ere, aspertu egiten zara. Ez dago ulertzerik! Etxaldea egoera okerrean dago?, uzta txarra izan duzue?, jende asko hil zaizue?

        — Alderantziz, ezin hobeto doa dena, eta anaia ugazaba bikaina da.

        — Ez dut ulertzen! —esan zuen Txitxikovek, sorbaldak goraturik.

        — Orain behintzat ez gara aspertuko —esan zuen etxeko nagusiak—. Aleksasha, hoa ziztu bizian sukaldera eta esan sukaldariari arrain-pasteltxoak ekartzeko oraintxe bertan. Eta non dira Jemelian inozoa eta Antoshka esku-luzea? Zergatik ez dituzte zizka-mizkak ekarri oraindik?

        Baina ireki zen atea. Han agertu ziren Jemelian inozoa eta Antoshka esku-luzea, ezpainzapi bana besoan; mahaia ipini, eta erretilu bat utzi zuten haren gainean, sei likore-botilarekin, bakoitza kolore batekoa. Berehala, askotariko jakiak agertu ziren erretiluaren eta botilen inguruan: kabiarra, gazta, esnegorri gazituak, onddoak, eta beste janari batzuk, sukaldetik plater estalietan ekarri berriak, estalkitik zehar olio beroaren zirti-zartak entzuten zirela. Jemelian inozoa eta Antoshka esku-luzea onak eta arduratsuak ziren. Nagusiak horrela deitzen zien izengoitirik ezarri ezean dena gatzgabea iruditzen zitzaiolako, eta berak ez zuen batere gogoko gatzgabetasuna. Bihotz handiko gizona zen, baina atsegin zitzaizkion hitz zirikagarriak. Gainera, ezizenak ezarriagatik, mendekoak ez zitzaizkion haserretzen.

        Zizka-mizken ondotik bazkaria atera zuten. Bihotz handia gorabehera, etxeko nagusia maltzur huts bihurtu zen orduan. Baten batek platerean janari-puska bakarra zuela ohartu bezain laster, beste bat gehitzen zion, esanez: «Munduan ez da ez gizakirik ez hegaztirik bikoterik gabe bizi daitekeenik». Gonbidatuak bi zati jaten bazituen, hirugarrena zerbitzatzen zion, esanez: «Zergatik bi? Jainkoari hirutasuna atsegin zaio». Hiru jaten bazituen, berriz: «Ba al dago hiru gurpileko telegarik? Inork eraikitzen al du hiru ertzeko izbarik?». Bazituen esaerak lau eta are bost zati hartzen zituenarentzat ere. Txitxikovek hamabi puska jan zituen halako jaki batetik, eta pentsatu zuen: «Etxeko nagusiak ez dik esaera gehiagorik izango». Baina oker zegoen: etxeko nagusiak, hitzik esan gabe, burruntzian giltzurrun eta guzti ondo erretako zekor izugarri baten erdialdeko okela-puska eder bat ipini zion platerean.

        — Bi urtez esnea izan du elikagai bakarra —esan zuen etxeko nagusiak—, semea banu bezala zaindu dut!

        — Ezin dut! —esan zuen Txitxikovek.

        — Saia zaitez, mesedez, gero esango didazu ahal duzun ala ez.

        — Ez zait sartuko. Ez dut lekurik.

        — Elizan ere ez zegoen lekurik; alkatea azaldu, eta tokia aurkitu zioten. Eta bazirudien orratz bat ere ez zela sartuko, hain zegoen jendetza handia eliza barruan. Saia zaitez: egin kontu okela-puska hau alkatea dela.

        Saiatu zen Txitxikov, eta, bai, okela-puska hura alkatearen gisakoa suertatu zen. Gehiagorik sartuko ez zitzaiola uste zuen arren, tokia aurkitu zion.

        Antzekoa jazo zen edatekoekin. Bahitura-etxetik dirua jaso zuelarik, Piotr Petrovitx edariz hornitu zen hurrengo hamar urteetarako. Edariak ateratzen zituen etengabe. Gonbidatuek edaten ez zutena Aleksashari eta Nikolashari ematen zien, eta, kopa mordoa hustu bazuten ere, ura besterik edan ez balute bezala altxatu ziren mahaitik. Gonbidatuekin, aldiz, ez zen horrelakorik gertatu: nekez, oso nekez atera ziren balkoira, eta nekez eseri ziren gero besaulki banatan. Etxeko nagusia, lau eserlekuko besaulki batean jesarri, eta lo geratu zen berehala. Haren gorputz lodia sutegiko hauspo bihurtu zen. Egungo musikan ere entzuten ez diren soinuak ateratzen hasi ziren haren aho eta sudurzulo irekietatik. Denetarik entzuten zen han: danborra, flauta, eta zakurraren zaunkaren antzeko hots eten bat ere bai.

        — Hori da txistu egitea! —esan zuen Platonovek.

        Txitxikov barrez hasi zen.

        — Jakina, horrela jaten duenak ez du aspertzeko denborarik —jarraitu zuen Platonovek—, berehala lokartzen da eta.

        — Hala da, bai —esan zuen Txitxikovek laxoki. Inoiz baino txikiago zeuzkan bere begi txikiak—. Dena dela, barkatuko didazu, baina ez dut ulertzen nolatan aspertu ahal den jendea. Aspertzeari aurre egiteko bide asko daude.

        — Esaterako?

        — Jende gazteak aukera asko ditu! Dantza egin, musika-tresnaren bat jo..., edo ezkondu.

        — Norekin? Esadazu!

        — Inguru hauetan ez al dago ezkongai on eta aberatsik?

        — Ez.

        — Orduan, bilatu beste nonbait.

        Hori esan bezain laster, berebiziko ideia bat jaio zitzaion burura Txitxikovi. Handitu egin zitzaizkion begiak.

        — Hauxe irtenbide ederra bururatu zaidana! —esan zuen, Platonovi begietara so.

        — Zein, gero?

        — Bidaiatzea!

        — Eta nora joango naiz?

        — Beste zereginik ez baduzu, etorri nirekin —esan zuen Txitxikovek, eta bere artean pentsatu, Platonovi begira: «Ondo legokek: gastuak erdi bana egin genitzakek, eta kalesaren konponketa, berriz, berak ordainduko likek».

        — Nora joango zara, bada?

        — Nora? Oraingoz ez noa nik nahi nukeen tokira, beste batek agindutakora baizik. Betristxev jenerala lagun mina dut eta, nolabait esateko, baita babesle ere. Senide bat ikustera joateko eskatu dit... Jakina, senideak senide, bidaia horrek, neurri batean behintzat, badu interesik niretzat ere, nolabait esatearren: mundua ikusiko dut, askotariko jendea ezagutuko dut, eta hori, nolanahi ere, liburu bizi baten antzekoa da, bigarren jakintza bat.

        Pentsakor geratu zen Platonov.

        Txitxikovek, bitartean, honela zioen bere artean: «Ondo legokek, bai! Agian, haren gain utz nitzakek gastu guztiak. Agian, haren zaldiak erabil genitzakek, nireak beraren herrixkan utzirik. Gainera, kalesa ere herrixkan laga nezakek, eta haren zalgurdian egin bidaia».

        «Tira, zergatik ez egin bidalditxo bat? —zioen Platonovek bere kolkorako—. Agian, jostagarria izango duk. Hemen ez diat eginbeharrik; bestela ere, anaiaren ardurapean zegok etxaldea; horrek esan nahi dik ez dela inolako arazorik sortuko. Bai, zergatik ez egin bidalditxo bat?»

        — Ondo baderitzozu —esan zuen goraki—, pare bat egun emango ditugu anaiaren etxean. Bestela ez dit alde egiten utziko.

        — Atsegin handiz! Baita hiru ere, hala nahi baduzu.

        — Ondo da, goazen! —esan zuen Platonovek, pizturik.

        — Ederto! —esan zuen Txitxikovek, bostekoa emanez—. Goazen!

        — Nora?, nora? —galdetu zuen etxeko nagusiak, esnaturik eta begiak arranpalo biei begira—. Ez, jaunok, kalesari gurpilak kentzeko agindu dut, eta zure zaldia, Platon Mikhailitx, hemendik hamabost verstara dago orain. Ez, gaur hemen lo egingo duzue, eta bihar joango zarete, gosaldu ondoren.

        «Hara!», pentsatu zuen Txitxikovek. Platonovek ez zuen ezer esan, ondo baitzekien Petukh oso egoskorra zela bere ohiturei zegokienez. Geratu beharra izan zuten.

        Sari gisa, udaberriko arratsalde ohi ez bezalakoa igarotzeko aukera izan zuten. Etxeko nagusiak txango bat antolatu zien, errekan gora. Hamabi arraunlarik ispilu-antzeko aintziraren azal berdinetik eraman zituzten, kantuz eta hogeita lau arrauni eraginez. Aintziratik errekara iragan ziren. Amaigabea zen eta malda leunak zituen ertz bietan. Ura emeki zetorren, izur txikiak osatuz. Ontzian zihoazela, tea hartzen zuten, gozopilekin, eta behin eta berriro igarotzen ziren ibaian arrantzarako hedaturik zeuden sareen soken aldamenetik. Tea hartu baino lehen, [etxeko nagusiak] arropak erantzi eta jauzi egin zuen uretara, eta ordu erdi egon zen han, arrantzaleekin batera plisti-plasta eta zalapartaka, Foma Handiari eta Kuzmari garrasika, eta, eztarria urratzeraino oihukatu ondoren, neka-neka eginik eta izozturik irten zen uretatik, eta hain gogo biziz edan zuen tea, ezen inbidia ere ematen baitzuen. Bitartean, gorde egin zen eguzkia. Zeruko argitasuna geratu zen. Ozenago entzuten ziren oihuak. Arrantzaleen ordez, haur-taldeak ikusten ziren nonahi, ur-ertzean bainatzen; apurka-apurka, atzean geratu zen barre-zantzoen eta urari emaniko zartakoen hotsa. Denek batera altxatzen zituzten arraunlariek hogeita lau arraunak, eta ontzia, txori arin baten antzera, ziztu bizian zihoan aurrera ispilu-antzeko ur-azal geldian. Mutil bat, sasoikoa eta neska bat bezain liraina, lematik hasita hirugarrena, kanta bat abesten hasi zen, goraki eta ahots garbiz; bost ahotsek bat egin zuten berarekin, eta gero beste seik, eta kanta Rus bezain azkengabe isurtzen zen; eta, belarriak eskuekin estaliz gero, bazirudien abeslariak berak ere zabaltasun mugagabe hartan galtzen zirela kantarekin batera. Halako giro berezi bat jabetu zen inguru guztiaz, eta Txitxikovek pentsatzen zuen: «Bai, egunen batean neure herrixka sortuko diat!». «Zer du ederrik abesti triste honek? —pentsatzen zuen Platonovek—, are gehiago goibeltzen dik arima.»

        Ilunabarrean itzuli ziren. Ordurako errekak ez zuen islatzen zerua, eta arraunek ilunpetan jotzen zuten ura. Su txikiak atzematen ziren aintziraren ertzean. Jaikitzen ari zen ilargia lehorreratu zirenean. Arrantzaleek hiru-oinekoetan arrain-zopa prestatzen ziharduten nonahi, zarboak eta bestelako arrain atzeman berriak egosiz. Etxean zen mundu guztia. Antzarak, behiak eta ahuntzak aspalditik zeuden gorderik, eta haiek harroturiko hautsa aspaldi jaitsia zen lurrera, eta abeltzainak, lana amaiturik, abeletxeetako atetzarren alboan zeuden, esne-lapikoen eta arrain-zoparako gonbitaren zain. Argi entzuten ziren hor-hemenka mendekoen berbaroa eta zalaparta eta haien herrixkako zein urrunagoko beste bateko zakurren zaunka ozenak. Gora zihoan ilargia, argitzen hasi ziren ilunpeak; eta dena argitu zen azkenean, hala aintzira nola izbak ere; iraungi ziren suak; ikusten hasi zen tximinietako kea, ilargiaren argitan. Nikolasha eta Aleksasha garaño kementsu banaren gainean igaro ziren itzuli berrien aldamenetik, zein baino zein bizkorrago; ahari-aldra bat iragan balitz bezala harrotu zen hautsa haien atzean. «Bai, egunen batean neure herrixka sortuko diat!», pentsatzen zuen Txitxikovek. Berriro etorri zitzaizkon burura emazte gazte ernea eta Txitxikov txikiak. Nori ez zion gogoa berotuko horrelako arratsalde batek!

        Afarian, asebete eginik geratu ziren berriro. Pavel Ivanovitxek, lotokitzat eman zioten gelara sartu eta ohean etzan zenean, sabela haztatu, eta bere artean esan zuen: «Danborra ematen dik! Hemen ez lukek inongo alkaterik sartuko!». Halabeharrez, etxeko nagusiaren langela zegoen hormaz bestaldean. Horma oso mehea zenez, argi entzuten zen alboko gelan esaten zuten guztia. Etxeko nagusia, gosariaren aitzakian, biharamunean bazkari izugarri oparoa prestatzeko agindu zehatzak ematen ari zen, sukaldaria aurrean zeukala. Hori oturuntza prestatu nahi zuena! Hilei ere sabel-zorriak egiteko modukoa. Etxeko nagusiak klask egiten zuen mihiarekin eta ezpainekin. Honelakoak baino ez ziren entzuten: «Erre hori, ondo gezatu beste hori!». Eta sukaldariak ahots zoliz esaten zuen: «Bai, jauna. Egin daiteke. Hala egingo dut».

        — Pastela lau muturrekoa egin. Mutur batean gaizkataren masailak eta kartilagoak sartu, beste batean arto beltzezko ahia, eta onddoak tipulatxoekin, eta arrain-hazi gozatuak, eta garunak, eta hik dakian hori guztia...

        — Bai, jauna. Hala egingo dut.

        — Alde batetik ondo xigorturik egon behar dik, eta bestetik, aldiz, gutxi erreta, ulertzen? Eta ondo egosi beheko aldetik, harro eta bigun utzi orea, zukuaz ondo busti dadin; ohartu gabe desegin behar dik ahoan, elurra bezala urturik, ulertzen?

        «Deabruak daramala! —pentsatu zuen Txitxikovek, urduri—. Ez zidak lo egiten utziko!»

        — Eta zerri-gatzagia ere egin. Izotz-zati bat ipini barruan, ondo puzturik gera dadin. Eta ondo maneatu gaizkata, ondo maneatu, zer edo zer erantsi, platera oparoagoa izan dadin! Esaterako, karramarroak eta arraintxo ondo xigortuak ipini inguru guztian, eta esperlano-okela xehatua tartekatu hor-hemen, eta onddoak, errefauak, tipulak azenarioak, babak..., txiki-txiki eginik dena; eta ez legokek txarto beste erraboil batzuk ere eranstea, ezta?

        — Arbiak jar genitzake, edo erremolatxak —esan zuen sukaldariak.

        — Arbiak eta erremolatxak jarri. Eta presta ezak zerbait errekiari laguntzeko...

        — Loa galdu diat! —esan zuen Txitxikovek. Beste aldera jiratu, burua bururdiaren azpian sartu, eta gorputz osoa estali zuen burusiaz, ezertxo ere ez entzuteko. Baina burusitik zehar etengabe aditzen zen: «Erre hori, egosi hura, ondo gezatu beste hori». Loak hartu zuenean, indioilarraz ari zen.

        Biharamunean, hainbeste jan zuten gonbidatuek, ezen Platonov ez baitzen gai izan zaldi gainean ibiltzeko; Petukhen korta-mutilak eraman zuen haren garañoa. Kalesara igo ziren. Zakur mutur-handia nagiki abiatu zen kalesaren atzetik: bete-bete eginik zegoen hura ere.

        — Hau gehiegizkoa da! —esan zuen Txitxikovek patiotik irten zirenean—. Nazkagarria! Zu, Platon Mikhailitx, ez zaude ondoezik? Eta zer gertatu zaio kalesari? Lehen izugarri erosoa zen, eta gogaikarri bilakatu da bat-batean. Petrushka, gehiegi zamatu duk, ergel horrek! Kutxak zeudek bazter guztietan!

        Platonek irribarre txikia egin zuen.

        — Nik azalduko dizut zer gertatu den —esan zuen—. Piotr Petrovitxek jaki mordoa eman digu, biderako.

        — Hala da, bai —esan zuen Petrushkak, gida-aulkian atzerantz jiraturik—; kalesa denetariko pate eta pastelez ondo hornitzeko agindu du.

        — Halaxe da, Pavel Ivanovitx! —esan zuen Selifanek pozik, gida-aulkian atzerantz jiraturik—. Oso nagusi jatorra da. Lurjabe eskuzabala benetan! Xanpaina bidali digu, kopa bana. Eta baimena eman digu mahai gainean gelditu dena jateko. Bai jaki gozoak, oso mokadu finak! Inon ez dut ikusi hain jaun adeitsurik.

        — Ikusten?, pozik utzi du mundu guztia —esan zuen Platonovek—. Eta, orain, galderatxo bat egin nahi nizuke: baduzu denborarik hemendik hamar verstara dagoen herrixka batera inguratzeko? Gustatuko litzaidake agur esatea arrebari eta koinatuari.

        — Nola ez! Atsegin handiz —esan zuen Txitxikovek.

        — Ez zaizu damutuko, koinatua gizon miragarria da.

        — Zer dela eta? —galdetu zuen Txitxikovek.

        — Rus osoko lurjaberik onena da. Oso egoera kaskarrean zeuden lur-sail batzuk erosi zituen orain dela hamar bat urte. Hasieran, hogei mila errubloko etekina besterik ez zien ateratzen, baina ezin hobeto gobernatu du etxaldea, eta orain berrehun mila ematen dizkio.

        — Itzal handiko gizona da inondik ere! Eredutzat erakutsi beharko liokete mundu guztiari horrelako gizon baten bizitza. Gogo onez, oso gogo onez egingo dut haren ezaupidea. Nola du abizena?

        — Kostanjoglo.

        — Eta izena eta patronimikoa?

        — Konstantin Fiodorovitx.

        — Konstantin Fiodorovitx Kostanjoglo. Atsegin handiz egingo dut haren ezaupidea. Irakasbide ederra izango da horrelako gizon bat ezagutzea.

        Eta Kostanjoglori buruzko galderak egiten hasi zen Txitxikov, eta Platonovengandik berari buruz jakin zuen guztia zinez miresgarria gertatu zen.

        — Begira, hementxe hasten dira haren lurrak —esan zuen Platonovek, inguruko zelaiak seinalatuz—. Oraintxe ikusiko duzu zer-nolako desberdintasuna gainerakoen aldean. Gidaria, ezkerretara jo hemen! Ikusten duzu baso gazte hori? Bada, berak landatua da. Beste edonoren lurretan gutxienez hamabost urte beharko zituen horrela hazteko; koinatuaren lurretan, ordea, zortzi baino ez. Begira, hementxe amaitzen da basoa. Hor soroak hasten dira, eta berrogeita hamar desiatina harantzago beste baso bat dago, koinatuak landatua hura ere, eta harantzago beste bat. Begiratu soroei, beste edonorenak baino askoz ere joriagoak dira.

        — Bai, ikusten dut. Eta nola lortzen du hori guztia?

        — Galdetu berari, ikusiko duzu nola [...] Oso jakintsua da, inon ez duzu aurkituko hain gizon jakintsurik. Badaki landare bakoitza zer-nolako lurra behar duen, bakoitzaren alboan zer landatu behar den, labore bakoitzak zein baso-motatatik hurbil erein behar den. Gainerako guztioi lurra pitzatzen zaigu lehorteetan, berari ez. Badaki kalkulatzen lurrak zenbateko hezetasuna behar duen eta zenbateko tartea utzi behar den zuhaitz batetik bestera. Gauza bakoitzak bizpahiru eginkizun betetzen ditu hemen: basoak, esaterako, zura ematen du, itzal egiten du eta lurra ongarritzen du orbelaz. Eta horixe bera gertatzen da gauza guztiekin.

        — Bai gizon miragarria! —esan zuen Txitxikovek, jakinminez soroei begira.

        Ohiz kanpoko ordena atzematen zen nonahi. Basoak hesiz inguraturik zeuden; ukuilu ugari ikusten ziren hor-hemen, leku egokietan eraikiak eta oso egoera onean denak; galsoroak izugarri garaiak ziren. Oparotasuna eta joritasuna ziren nagusi alderdi guztietan. Berehala igartzen zen lurjabea ezinago trebea zela. Muino batera igota, herri handi bat [ikusi zuten] beste aldean, hiru mendixkatan sakabanaturik. Dena zen han aberatsa: bide maiz ibiliak, izba sendoak; non edo non telegaren bat ikusiz gero, sendoa eta berri-berria zen telega hura; zaldiren bat begiztatuz gero, ederra eta gizena zen zaldi hura; abelgorriak aukera-aukerakoak ziren. Mujiken zerriek berek ere aitoren semeak ziruditen. Nabari zen ezen, kantak dioen bezala, hango nekazariek zilarra metatzen zutela aitzurraz. Han ez zegoen ingeles-erako parkerik, ez pergolarik, ez forma bitxiko zubirik, ez kale zabalik etxeen aurrean. Izbetatik jauretxerainoko tarte guztia lantegiz josirik ageri zen. Teilatuan kristalezko begiratoki handi bat zegoen, ez ikuspegiak miresteko, ezpada nekazarien lanak ikuskatzeko, mujik bakoitza non zegoen eta zertan ziharduen ikusteko.

        Iritsi ziren jauretxera. Ugazaba ez zegoen etxean; emazteak egin zien harrera —Platonoven arrebak, alegia. Aurpegiera errusiar-errusiarra zuen, ilehoria eta azalmintz zurikoa zen, neba bezain ederra, eta hura bezain soraioa. Bazirudien gutxi kezkatzen zela jendea kezkatu ohi duten arazoez: beharbada, senarraren lehia oroirensleak ez zion ezertaz arduratzeko aukerarik uzten; edo, beharbada, haren izaerari berari zor zitzaion hori, litekeena zen gizabanako gogoetatsu horietakoa izatea, zeren eta, horrelako jendea, buruargitasuna, sentimenduak eta pentsamenduak dituen arren, erdizka bizi da, begiak erdi itxirik begiratzen dio bizitzari, eta, grina eta gatazka lotsagarriak ikusirik, esaten du: «Utikan! Amorraturik zeudek guztiak, ergelak halakoak! Haientzat kalte!».

        — Egun on, arreba! —esan zuen Platonovek—. Non da Konstantin?

        — Ez dakit. Aspaldi behar zuen hemen. Oso lanpeturik dabil, eta, nonbait, berandutu egin zaio.

        Txitxikovek ez zion [arretarik] jarri etxekoandreari. Gizon paregabe haren bizitegia aztertzea interesatzen zitzaion. Uste zuen jabearen ezaugarri berberak kausituko zituela etxean, hala nola maskorrari erreparaturik jakin baitaiteke nolako ostra edo barraskiloa bizi den barruan. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Gelek ez zuten inolako ezaugarri berezirik; handiak ziren, besterik ez. Ez zegoen ez freskorik ez margolanik hormetan, ez brontzezko irudirik mahaietan, ez apalik portzelanekin eta katiluekin, ez murkorik, ez lorerik, ez estatuatxorik; hitz batean, biluzik zeuden. Piano arrunt bat zegoen, bazter batean eta hautsez beterik: nabari zen etxeko nagusia gutxitan jartzen zela haren aurrean. Egongelan [zabalik zegoen etxeko nagusiaren langelara ematen zuen ate bat]; baina gela hura ere zeharo arrunta eta biluzia zen. Argi zegoen nagusia atseden hartzera soilik joaten zela etxera: areago zuen atsedentoki ezen ez bizileku; bistakoa zen bere egitasmoak hausnartzeko ez zuela behar besaulki bigunekiko langelarik edo bestelako erosotasun lasaigarririk, eta berarentzat bizitzea ez zela sutondoan amets liluragarrietan murgildurik egotea, lanean buru-belarri aritzea baizik. Ideiak bat-batean sortzen zitzaizkion, jardunean, eta gauzatu egiten zituen agertu bezain laster, inon idatzi beharrik gabe.

        — Horra hor!, badator, badator! —esan zuen Platonovek.

        Txitxikov ere lasterka hurbildu zen leihora. Berrogei urte inguruko gizon bat zetorren atarirantz. Beltzarana eta bizkorra zen, eta arkume-larruzko kapelua zeraman buruan. Ezker-eskuin, txanoa erantzirik, herritar xehe bi zetozen, hizketan eta zerbaitetaz eztabaidatzen [berarekin]. Batak mujik arrunta zirudien; bestea, berriz, herrian iragaitzaz zegoen kulak bat zen inondik ere, beroki labur urdina zeraman soinean eta maltzurra ematen zuen.

        — Mesedez, jauna, onar ezazu ekarri dizudana! —zioen mujikak, apaltasunez erreguka.

        — Ezetz, adiskidea, makina bat aldiz esan dizuet guztioi gehiagorik ez ekartzeko. Dagoeneko ez zeukaat hainbeste oihal gordetzeko lekurik.

        — Baina zuk, Konstantin Fiodorovitx jauna, asmatuko duzu nola baliatu. Mundu osoan ez dago zu bezain gizon argirik. Etekina ateratzen diezu gauza guztiei. Onar ezazu, mesedez.

        — Nik, adiskidea, eskuak behar ditiat; ekarri langileak, ez oihalak.

        — Ez duzu langile faltarik izango. Nekazari guztiok etorriko gara lanera: inork ez du gogoratzen hain uzta txarrik izan denik inoiz, ogirik ere ez dugu. Zuretzat lan eginez ordainduko dizkizugu zorrak. Jainkoaren izenean, sinets ezazu gogotik lan egingo genukeela. Bestela, gureak egin du. Zurekin edonork ikasten du, Konstantin Fiodorovitx. Azken aldiz eskatzen dizut, onar ezazu ekarri dizudana, mesedez.

        — Lehenago ere esan didak azken aldia zela, eta hemen hago berriro, lelo berberarekin.

        — Hau azkenengo aldia da, Konstantin Fiodorovitx, benetan. Zuk ez badidazu hartzen, inork ez dit hartuko. Onar ezazu, jauna.

        — Tira, ondo zegok, honaino ekarri duanez, hartu egingo diat, baina errukiz bakarrik, bidaia alferrikakoa izan ez dadin. Baina gehiagorik ekartzen badidak, ez diat hartuko, nahiz eta hiru aste egon alamena ematen

        — Zure esanera, Konstantin Fiodorovitx; lasai egon, ez dizut gehiagorik ekarriko. Bihotz-bihotzez eskertzen dizut.

        Alde egin zuen mujikak, poz-pozik. Esanak esan, itzuliko zen.

        — Mesedez eskatzen dizut, Konstantin Fiodorovitx, beheratu pixka bat prezioa —zioen beste aldetik beroki labur urdineko kulakak.

        — Hasieratik jakinarazi diat. Ez diat gogoko merke-lehian aritzea. Bahitura-etxeari ordaintzeko epea amaitzen zaien egunean bertan joaten zarete lurjabe askorengana. Bada, berriz esango diat: ni ez nauk horietakoa. Ondo asko ezagutzen zaituztet. Zordunen zerrendak dituzue, eta badakizue lurjabe bakoitzak noiz kitatu behar dituetz bihurturik—, hori, inondik ere, nagusi jauna da, Koshkariov koronela.— Zergatik?— Bada, azala besteek baino zuriagoa duelako, eta gorputza, berriz, agurgarriro gizena, nagusi jaunei dagokien bezala.Bitartean, argiago bilakatu ziren oihuak. Jaun-angurria garrasika ari zen, arrapaladan eta ozenki:— Denis, eman soka Kozmari! Kozma, hartu Denisek daukan soka-muturra! Foma Handia, Foma Txikia dagoen alderantz bultzatu! Eskuinetara, eskuinetara! Geldi, geldi!, deabruak eramango ahal zaituzte! Neu atzeman nkaren atzeko sakelan sartu zuen, zenbatu gabe.

        «Jum —pentsatu zuen Txitxikovek—, sudur-zapia balitz bezala!»

        Minutu bat geroago, egongelako atean azaldu zen Kostanjoglo.

        — Hemen haiz, ene anaia! —esan zuen, Platonov ikusirik. Besarkatu, eta musuak eman zizkioten elkarri. Platonovek Txitxikov aurkeztu zuen. Txitxikovek, begirune handiz etxeko nagusiarengana hurbildurik, musu eman zion masailan, eta hark musua itzuli zion.

        Kostanjogloren aurpegia miragarria zen oso. Ezagun zuen hegoaldean jaioa zela. Iluna eta sarria zuen buruko nahiz bekainetako ilea, eta distira bizia zerion bi begietatik. Haren aurpegierak buruargitasuna erakusten zuen imintzio guztietan, eta nabari zitzaion ez zela inola ere gizon soraioa. Baina, guztiarekin ere, zerbait zakarra eta gozakaitza atzematen zitzaion horrekin nahasirik. Zehaz-mehatz, zein naziotakoa zen? Rusen badira jatorriz errusiarrak ez diren errusiar asko, zeinak, hala ere, errusiarrak baitira arimaz. Kostanjoglo ez zen kezkatzen bere jatorriaz, uste baitzuen axola gutxiko kontua zela eta ez zuela inolako eraginik etxaldea gobernatzeari zegokionez. Gainera, errusiera beste hizkuntzarik ez zekien.

        — Badakik, Konstantin, zer otu zaidan? —esan zuen Platonovek.

        — Zer?

        — Bidaia bat egitea hainbat probintziatan barrena; agian, goibeltasuna sendatuko zidak horrek.

        — Bai, litekeena duk.

        — Pavel Ivanovitxekin joango nauk.

        — Ederto! Eta nora joateko asmoa duzue? —galdetu zion Kostanjoglok, adiskidetsuki, Txitxikovi.

        — Egia esan —jakinarazi zion Txitxikovek, burua alde batera okerturik eta eskua besaulkiaren besoan bermaturik—, oraingoz ez noa nik nahi nukeen tokira, beste batek agindutakora baizik. Betristxev jenerala lagun mina dut eta, nolabait esateko, baita babesle ere. Senide bat ikustera joateko eskatu dit. Jakina, senideak senide, bidaia horrek, neurri batean behintzat, badu interesik niretzat ere; batetik, esan beharrik ez dago onuragarria izan daitekeela nire odoluzkientzat, eta bestetik, berriz, mundua ikusiko dut, askotariko jendea ezagutuko dut, eta hori, nolanahi ere, liburu bizi baten antzekoa da, beste jakintza bat.

        — Bai, gauza ona da noizean behin beste leku batzuetara joan-etorri bat egitea.

        — Arrazoi osoa duzu —onartu zuen Txitxikovek—, gauza ona da, bai horixe. Bestela ikusiko ez zenituzkeen gauzak ikusten dituzu; bestela ezagutuko ez zenukeen jendea ezagutzen duzu. Zenbait lagunekiko solasek urrea balio dute. Irakats iezadazu, Konstantin Fiodorovitx agurgarria, zuregana jozten dut aholku eske. Zure hitz gozoen zain naukazu, mana balira bezala.

        Kostanjoglo aztoratu egin zen.

        — Zer, baina?... Zer irakatsi ahal dizut? Nik, dirurik ez-eta, ez dut eskola handirik izan.

        — Jakinduria, jaun agurgarri hori, jakinduria! Jakinduria etxaldea zure antzera gobernatzeko; etekin seguruak ateratzen asmatzeko, zuk bezala; ez alegiazko, baizik eta egiazko ondasunen jabe izateko, zu bezala, eta, horrela, herritar ororen eginbeharra bete eta aberkideen begirunea irabazteko.

        — Badakizu zer egin dezakezun? —esan zuen Kostanjoglok—. Gera zaitez egun bat nire etxean. Etxaldea nola gobernatzen dudan erakutsiko dizut, nahi dituzun azalpen guztiak emango dizkizut. Ikusiko duzunez, hemen ez dago inolako jakinduriarik.

        — Bai, neba, gera zaitez egun bat gurekin —esan zuen etxekoandreak, Platonovenganantz jiraturik.

        — Nik ez dut batere eragozpenik —esan zuen, axolagabe—. Zer diozu zuk, Pavel Ivanovitx?

        — Ni ere atsegin handiz geratuko nintzateke... Baina kontua da Betristxev jeneralaren senide batenera joan behar dudala. Koshkariov izeneko koronel bat da...

        — Baina gizon hori..., badakizu?, ergela eta eroa da.

        — Zerbait entzun dut horri buruz. Nire esku balego, ez nintzateke joango. Baina nola Betristxev jenerala adiskide mina dudan, eta, nolabait esatearren, baita babesle ere... ez litzateke bidezkoa izango.

        — Gauzak horrela, badakizu zer egin dezakezun? —esan zuen [Kostanjoglok]—. Zoaz oraintxe bertan harengana. Prest daukat kalesa bat. Hamar versta [ere ez] dago hemendik haren etxera, aitaren batean iritsiko zara. Afaltzeko ordua baino lehen hemen izango zaitugu atzera.

        Txitxikovek pozez onartu zuen proposamena. Ekarri zioten kalesa, eta bertantxe abiatu zen. Zeharo txunditurik utzi zuen koronelak, bizitza osoan inoiz egon zen baino txundituago. Koronelak dena zuen ohiz kanpokoa. Haren herrixkan nahaste-borrastea zen nagusi: eraikuntzak hor, zaharberritze-lanak han, karea, adreiluak eta habeak kale guztietan pilaturik. Etxe batzuek Estatuaren bulegoen antza zuten. Haietako batean honakoa zegoen letra urrekaraz idatzirik: «Nekazaritzako lanabesen biltegia»; beste batean, berriz: «Kontugintza-bulego nagusia»; hirugarren batean: «Herrixkako aferetarako batzordea»; «Nekazarientzako Eskola Normala», zer ez zegoen han! Txitxikovek pentsatu zuen ez ote zen probintziako hiriburura iritsi. Koronela bera ere izugarri arrandiatsua zen. Aurpegi eratsua zuen, hiruki baten antzekoa. Belarrondoko bizarrak luzeak eta zuzen-zuzenak ziren; ilea, orrazkera, sudurra, ezpainak, kokotsa..., bazirudiren prentsaturik eduki zuela dena ordu arte. Gizon saiatuen antzera hasi zen hizketan. Hasieratik bertatik, kexatzen hasi zen inguruko lurjabeen ezjakintasunaz eta egiteko zituen lan itzelez. Oso abegi samur eta adeitsua egin zion Txitxikovi, haren uste ona irabazi, eta plazer handiz azaldu zion zein neketsua eta latza gertatu zitzaion etxaldea orduko egoera onera ekartzea; zein zaila gertatu zitzaion mujik arrunt haiei ulerraraztea badirela indar goi-goiko batzuk gizabanakoa jakintasunera, kulturara eta artera bultzatzen dutenak; mujik errusiarrak hain ezikasiak izanik, zein luzaz borrokatu behar izan zuen haiekin galtza alemaniarrak jantz zitzaten eta, neurri batean behintzat, gizakiaren duintasun gailenaz ohar zitezen; gogotik saiatu arren oraindik ez zuela lortu emakumeak gerruntzea janztera behartzerik, eta bitartean, Alemanian —non errejimentuarekin izan baitzen 14. urtean—, errotari arrunt baten alabak pianoa jotzen zekiela, frantsesez mintzatzen zela eta belaun eginez agurtzen zuela. Arranguraz kontatu zion zein ezjakinak ziren inguruko lurjabeak; zein gutxi arduratzen ziren beren mendekoez; nola barre ere egiten zioten azaltzen saiatzen zenean zein premiazkoa zen, etxaldea ondo gobernatzeko, idazkaritzak, bulegoak eta are batzordeak ere eratzea, horrela lapurretak eragozten baitziren eta gauza guztien berri zehatza jakiten baitzen, eta eskribauek, administratzaileek eta kontulariek unibertsitateko ikasketak izan behar zituztela gutxienez; nola, egundoko ahaleginak egin arren, ezin zuen lortu gainerako lurjabeei ulerraraztea etxaldeek etekin handiagoak emango lituzketela, baldin eta nekazari bakoitza, heziketari esker, gai izango balitz tximistorratzari buruzko liburuak irakurtzeko lurra goldatzen zuen bitartean.

        Txitxikovek, hori guztia entzunik, [pentsatu zuen]: «Ez diat uste horretarako astirik izango dutenik. Nik bazekiat idazten eta irakurtzen, eta oraindik ez diat Vallière-ko dukesa irakurri».

        — Izugarria da haien ezjakintasuna! —esan zuen azkenean Koshkariov koronelak—. Erdi Aroko gizonak baino ezjakinagoak dira, eta ez dago laguntzeko modurik... Sinetsidazu, ez dago! Baina nik guztiei lagun niezaieke; nik badakit zein den irtenbidea, irtenbide bakarra.

        — Zein, gero?

        — Errusiar guztiak alemaniarren antzera janztea, besterik ez. Hori eginez gero, ez dut inolako zalantzarik ezin hobeto joango litzatekeela dena: gora egingo lukete zientziek eta loratu egingo litzateke merkataritza, urrezko aroa hasiko litzateke Errusian.

        Adi-adi begiratu zion Txitxikovek, eta pentsatu: «Bazidurik honekin ez dagoela tentuz ibili beharrik». Hitz gutxitan eta itzulingururik gabe, dena azaldu zion koronelari: halako eta halako arimen premia zuela eta legezko eroste-agiria egin beharko zutela.

        — Zure hitzak ondo ulertu baditut —esan zuen koronelak, batere larritu gabe—, eskabide bat egin didazu, hala da?

        — Bai horixe.

        — Orduan, idatziz aurkeztu behar duzu. Orotariko eskabideen bulegora joango da. Orotariko eskabideen bulegoak data ezarri eta niri helaraziko dit. Nik, berriz, herrixkako aferetarako batzordearen esku utziko dut, eta han egingo dituzte egin beharreko txosten eta ziurtagiri guztiak. Amaitzeko, batzordeburu nagusiak, agiri guztiak aztertutakoan, erabakia hartuko du ahalik eta eperik laburrenean.

        Txitxikov harri eta zur geratu zen.

        — Baina —esan zuen—, ikaragarri luze joko du horrek.

        — Ah! —esan zuen koronelak, irribarrez—. Hain zuzen ere, horixe da burokraziaren onuretako bat! Luze samar joko du, bai, baina ezer ez zaigu oharkabean pasatuko, kontuan izango ditugu xehetasun guzti-guztiak.

        — Baina, mesedez... Nola azaldu idatziz horrelako kontu bat? Oso kontu berezia da... Arima horiek, nolabait, hilik daude...

        — Oso ondo. Idatz ezazu arimak, nolabait, hilik daudela.

        — Baina nolatan idatziko dut hilik daudela? Hori ezin da idatziz jaso. Hilik daude, baina bizirik daudela eman behar du.

        — Ondo da. Orduan, hau idatzi: «Beharrezkoa da, edo ezinbesteko baldintza da, bizirik daudela ematea».

        Zer egin koronelarekin? Batzorde eta bulego haiek guztiak zertan ziren ikustera joatea erabaki zuen Txitxikovek; eta aurkitu zuenak, harrigarria izateaz gain, ulermenaren muga guztiak gainditzen zituen. Orotariko eskabideen bulegoa ate gaineko idazkunean bakarrik existitzen zen. Bulegoburua —gelazain ohia bera— herrixkako aferetarako batzorde sortu berrira aldatua zuten. Timoshka eskribauak bete zuen haren tokia, baina administratzaileari buruzko ikerketa bat egitera bidalia zuten, administratzailea mozkorra, alproja eta lotsagabea zelako. Funtzionariorik batere ez zegoen han.

        — Zer da hau, gero!... Ezer lortuko al dugu hemen? —esan zion Txitxikovek bere laguntzaileari. Izan ere, koronelak zeregin berezietarako funtzionario bat jarria zuen haren esanera, gidari gisa.

        — Ez, ez dugu ezer lortuko —esan zuen gidariak—, nahaskeria itzela dugu! Hemen, eraikuntza-batzordeak agintzen du gauza guztietan, jendea bere eginbeharrak bertan behera uztera behartu eta gogoak ematen dion tokira bidaltzen du. Eraikuntza-batzordea da probetxuzko leku bakarra hemen. —Nabari zitzaion ez zegoela oso pozik eraikuntza-batzordearekin—. Hemen ziria sartzen diote denek nagusi jaunari. Dena behar bezala dabilela uste du berak, baina ustela du uste hori.

        «Jakinarazi behar zioat hau guztia», pentsatu zuen Txitxikovek, eta, koronelarengana itzulirik, esan zion hankaz gora zegoela dena eta ezin izan zuela ezer lortu, eta eraikuntza-batzordeak ero-eroan lapurtzen zuela.

        Halako haserre prestutasunezko bat jabetu zen koronelaz. Papera eta idazluma hartu, eta zortzi galdera zorrotz idatzi zituen berehala: nork eman zion eraikuntza-batzordeari haren eskumendean ez zeuden funtzionarioez nahierara baliatzeko eskubiderik? Nolatan onar zezakeen batzordeburu nagusiak bulegoburua ikerketa bat egitera joatea bere lekuan ordezkorik utzi gabe?, eta zergatik herrixkako aferetarako batzordeak ez zuen ezer egiten orotariko eskabideen bulegoa existitu ere ez zela egiten ikusirik?

        «A zer iskanbila sortuko den!», pentsatu zuen Txitxikovek, agurtzeko imintzioak egiten hasteaz batera.

        — Ez, ez dizut alde egiten utziko. Gehienez ere bi ordu barru, gogobeterik egongo zara. Unibertsitateko ikasketak amaitu berriak dituen gazte baten esku utziko dut zure eskabidea. Zuk, bitartean, liburutegian itxaron. Behar duzun guztia aurkituko duzu: liburuak, papera, idazlumak, arkatzak; denetarik dago. Gozatu, gozatu horretaz guztiaz! Jaun eta jabe izango zara hor.

        Horrela mintzo zitzaiola, liburugelaraino lagundu zion Koshkariovek. Areto izugarri handia zen, behetik goraino liburuz betea. Animalia disekatuak ere bazeuden. Liburuak askotariko gaiei buruzkoak ziren: basozaintza, abeltzaintza, zerri-hazkuntza, baratzezaintza; milaka aldizkari, eskuliburu eta egunkari ere bazeuden, zeinek, besteak beste, zaldi-hazkuntzan eta natur zientzietan eginiko azken aurrerapen eta hobekuntzen berri ematen baitzuten. Honelako izenburuak zituzten: Zerri-hazkuntza zientzia gisa. Ikusirik liburu haiek ez ziotela [denbora] atseginez igarotzeko aukerarik emango, beste apalategi batera jo zuen. Kearen beldurrez, sura ihesi. Hango liburu guztiak filosofiari buruzkoak ziren. Haietako batek honako izenburu hau zuen: Filosofiaren eta zientziaren arteko lotura. Sei tomo ikusi zituen ilaran jarririk, idazpuru honekin: Gogamenaren teoriarako prestakuntza-sarrera, haren orokortasuna, osotasuna eta mamia kontuan izanik eta gizarte-produktibitatearen adarkatze bikoitzaren jatorri organikoen ulerkuntzara aplikaturik. Edozein liburu edozein orrialdetatik zabaldu, eta honako hitzak aurkitzen zituen Txitxikovek: adierazpena, garapena, abstraktua, baitaratzea, hermetismoa, eta deabruak zekien zer gehiago. «Ez, hau ez duk niretzat», esan zuen Txitxikovek bere artean, eta berehala joan zen hirugarren apalategi batera, non artearen adar guztiei buruzko liburuak baitzeuden. Irudi mitologiko lizunez hornituriko liburu mardul bat hartu, eta ikuskatzen hasi zen. Gustukoa gertatu zitzaion. Tarteko [adineko] gizon ezkongabeek gogoko izaten dituzte horrelako irudiak. Diotenez, azken garai honetan gustatzen hasi zaizkie gustua balleta ikusiz lantzen duten zahar horiei ere. Liburu hori ikuskatzen amaitutakoan, haren antzeko beste bat hartu zuen Txitxikovek, eta Koshkariov koronela agertu zen orduan, pozarren eta eskuan paper bat zeukala.

        — Eginda dago dena, eta ezin hobeto gainera. Beste guztiek adina daki gazte horrek. Hori dela eta, beste guztien gainetik jarriko dut: mailarik goreneko kargu berezi bat eman eta lehendakari izendatuko dut. Hona zer idatzi duen...

        «Jainkoari eskerrak», pentsatu zuen Txitxikovek, eta belarriak zabaldu zituen. Koronela irakurtzen hasi zen:

        — «Jaun ohoragarri horrek nire esku utzi duen mandatua arretaz aztertu dudalarik, ohore handiz adierazten dut honakoa: 1) Pavel Ivanovitx Txitxikov kolejio-kontseilari jaun txit prestuaren eskabidean berean oker bat dagoke: erroldaturik dauden arimak behar dituela dio, baina, ustekabean, hilak ere sartzen ditu haien artean. Inondik ere, ulertu beharra dago okertu egin dela eta, horrenbestez, ez dela ari jadanik hil diren arimez, hilzorian daudenez baizik; izan ere, ez baitago hilik erosterik. Hala dio logikak berak. Dagoeneko ez direnez, nolatan erosiko ditu? Ezagun du ez duela oso ondo menderatzen hizkuntzaren antzea...» —Koshkariovek, horra iritsirik, une batez isildu, eta esan zuen—: Ziritxo polita sartu dizu hemen bihurri horrek. Nolanahi ere, honezkero ohartuko zinen nolako trebetasunaz erabiltzen duen idazluma, estatu-idazkarien idazkera bera du; eta oraindik ez ditu amaitu ikasketak, hiru urte bakarrik daramatza unibertsitatean. —Irakurtzen jarraitu zuen Koshkariovek—: «... Ezagun du ez duela oso ondo menderatzen hizkuntzaren antzea..., zeren eta, izan ere, arima hilak aipatzen baititu, eta, giza-zientziak ikasi dituen edonork ondo asko dakienez, arima hilezkorra da. 2) Erroldako arima guztiak, ez bakarrik hilzorian edo hiltzear edo, eskatzaileak oker dioen bezala, hilik daudenak, baizik eta guztiak, den-denak, bahiturik daude; behin ez ezik, bi aldiz ere bahiturik daude denak, batere salbuespenik gabe, eta, gainera, ehun eta berrogeita hamarna errubloko gainordainarekin, Gurmailovka herrixka txikikoak izan ezik, Predistxev lurjabeak auzitan sartu baitu herrixka hori, eta, horrenbestez, hango arimak ezin dira ez saldu eta ez bahituran jarri.»

        — Eta zergatik ez didazu lehenago jakinarazi hori guztia? Zergatik geldiarazi nauzu hemen alferrik? —esan zuen Txitxikovek, haserre.

        — Nolatan jakin nezakeen lehenago horren berri? Hauxe dugu burokraziaren onuretako bat. Orain argi eta garbi dago dena, esku-ahurrean idatzirik balego bezala.

        «Ergela halakoa, astakirtena alaena, babo arraioa! —zioen Txitxikovek bere kolkorako—. Liburu mordoa eduki bai, baina zer ikasi du haietan?» Manera onak eta gizalegea alde batera utzirik, txanoa hartu eta etxetik irten zen. Kalesa prest zegoen, gidaria alboan eta zaldiak askatu gabe: idatziz eskatu beharko zuen zaldientzako oloa, eta biharamunera arte ez zen hartuko erabakia. Txitxikoven zakarkeria eta adeitasunik eza gorabehera, Koshkariovek izugarri adeitsu eta samur jokatu zuen. Hark nahi ez arren, indarrez tinkatu zion eskua, eta, bihotzaren kontra estuturik, eskerrak eman zizkion etxaldearen administrazioaren benetako egoera ikusarazi ziolako; esan zion ezinbestekoa dela noizean behin kargu hartzea eta errieta egitea, zeren, bestela, zabartu egiten baitira mendekoak, eta herrixkaren zuzendaritzaren erresorteak, berriz, herdoildu eta ahuldu; esan zion, orobat, ideia bikaina bururatu zitzaiola gertaera horri esker: batzorde berri bat eratuko zuen, zeinari eraikuntza-batzordea zaintzeko batzordea deituko baitzion, eta aurrerantzean inor ez zela gehiago ausartuko lapurretarik egiten.

        «Astakiloa, inozoa ez bestena!», pentsatu zuen Txitxikovek bide osoan, haserre eta gogaiturik. Iritsi zenerako, izarrez josirik zegoen zerua. Gau iluna zen. Argitxoak ikusten ziren herrixkako etxeetan. Atarira hurbildu zenean, leihotik ikusi zuen mahaia afarirako ipinita zegoela jadanik.

        — Zergatik berandutu zaizu hainbeste? —galdetu zion Kostanjoglok atean agertu zenean.

        — Zertaz jardun duzue hain luzaz? —esan zuen Platonovek.

        — Lur jota nago! —esan zuen Txitxikovek—. Hain gizon ergelik sekula ikusi gabea nintzen.

        — Hori ez da kezkatzekoa! —esan zuen Kostanjoglok—. Koshkariov fenomeno kontsolagarria da. Beharrezkoa dugu, hainbeste lurjabe buruargiren zentzugabekeriak agerian gera daitezen, karikatura batean bezala. Batzordeak eta bulegoak sortu dituzte, eta lantegiak, eta fabrikak, eta eskolak, eta deabruak daki zer. Haien etxaldeek erresuma ematen dute! Nolatan atsegin zaizuen hori, horra nire galdera. Lurjabe horietako batek, esaterako, alor ederrak ditu eta nekazariak behar ditu lurra lantzeko, baina, horren ordez, kandela-fabrika bat sortu du eta kandelak egiten dakiten maisuak ekarri ditu Londresetik, merkatari ziztrin bihurtu da! Eta bada beste bat are ergelagoa: zer eta sedazko oihalak egiteko fabrika bat sortu du!

        — Baina hik ere badituk fabrikak! —oharrarazi zion Platonovek.

        —Bai, baina nola sortu dira? Berez. Artile asko pilatu zitzaidan, ez neukan non saldu, eta oihalak ehuntzen hasi nintzen, oihal lodi eta arruntak. Oso merkeak direnez, ugari erosten dizkidate azoketan. Beste adibide bat jarriko dizut: arrantzaleak nire ibaiertzera arrainen ezkatak botatzen aritu dira sei urtez; zer egin nezakeen hainbeste ezkatarekin? Egosi, eta kola egiteari ekin nion, eta berrogei mila errublo irabazi. Eta horrela jokatzen dut nik gauza guztiekin.

        «Mila deabru! —pentsatu zuen Txitxikovek, Koshkariovi bi begietara so—, ondo eransten ziok honek atzaparra eskueran duen guztiari!»

        — Baina nik ez dut horretarako eraikin berezirik egiten; nik ez dut zutarriekiko eta aurrealde ederreko eraikin dotorerik. Ez dut maisurik ekartzen atzerritik. Eta ezertarako ere ez ditut nekazariak lurra lantzetik kentzen. Uzta txarreko urteetan soilik lan egiten dute nire fabriketan, janariaren truke, eta beste etxalde batzuetatik etorritako mujikek baino ez. Horrelako fabrika asko aurkituko dituzu hemen. Etxaldeari arretaz erreparatuz gero, berehala ohartzen zara gauza guztiak baliatu ahal dituzula, etekina atera ahal diozula edozein hondakini, erabilgarri duzula ezertarako balio ez duelakoan baztertzen duzun guztia.

        — Miresgarria da hori guztia! Edozein hondakini etekina atera ahal diozulako hori da miresgarriena! —esan zuen Txitxikovek.

        — Jum! Eta gehiago ere badugu! —Ez zen artean amaitu Kostanjogloren solasa: behazuna ernaturik, inguruko lurjabeak puska batean maiseatzeko gogoa zuen—. Badakizu zer egin duen inguru hauetako argi-iturri horietako batek? Harrizko erruki-etxe bat eraiki du herrixkan! Kristauen eginbeharra omen!... Bada, jendeari lagundu nahi badiozu, lagun iezaiozu norberari eginbehar hori betetzen, ez aldendu jendea kristauen eginbeharretik. Lagundu semeari aita gaixoa bere babespean hartzen, eta ez eman aukerarik betebehar hori saihesteko. Hobe baliabideak ematen badizkiozu anaia nahiz lagun hurkoa etxean aterpetzeko, emaiozu dirua horretarako, lagundu zeure indar guztiekin, zeren, bestela, erabat urrunduko baita kristauen betebeharretatik. Lurjabe hori On Kixote hutsa da!... Erruki-etxean berrehun errublo gastatzen ditu urtean lagun bakoitzeko!... Diru horrekin hamar lagun mantenduko nituzke nik herrixkan bertan! —Kostanjoglok tu egin zuen, haserre.

        Txitxikovi ez zitzaion interesatzen erruki-etxea, edozein hondakini etekina ateratzeko moduak soilik axola zion, eta horra bideratu nahi zuen solasa. Baina Kostanjoglo amorru bizian zegoen, borborka zeukan behazuna, eta hitza eta pitza zerion.

        — Eta hezkuntzaren On Kixote bat ere badugu: eskola bat sortu du! Idazten eta irakurtzen jakitea onuragarria da gizakiarentzat, bai. Baina nola antolatu du eskola hori? Haren herrixkako mujikek niregana jotzen dute, esanez: «Zer da hau, jauna! Semeek gogoak ematen diena egiten dute, ez digute lanean laguntzen, eskribau izan nahi dute denek, baina eskribau bakarra behar da». Horra zer gertatu den!

        Txitxikovek ez zuen eskolen beharrik ere, baina Platonovek gai horri eutsi zion:

        — Baina ez dituk geldirik egongo orain eskribaurik behar ez delako: geroago beharko dituk. Etorkizunerako lan egin beharra zegok.

        — Ez da txarra jakintsua izatea. Baina zergatik arduratzen dira hainbeste etorkizunaz? Pedro Handia direla uste dute denek. Jarri begiak oin azpian duzun lurrean, ez begiratu etorkizunera. Ahal duzun guztia egin mujikak eskuarte handikoak eta aberatsak izan daitezen, eta, ikasi nahi badute, ikasteko astia izan dezaten, baina ez hartu makila eskuan eta esan: «Ikas ezazue!». Amaieratik hasten dituzte gauzak, mila deabru!... Entzun, hauxe duzu nire iritzia... —Kostanjoglo gehiago hurbildu zen Txitxikovengana, eta, gauzak hobeto ulerrarazteko, abordatu egin zuen, edo, beste hitz batzuekin esateko, frakaren botoi-zuloan sartu zion hatza—. Zer egon daiteke argiago? Zertarako dituzu nekazariak?, haien nekazari-bizimodua babesteko? Zertan datza, bada, haien bizitza? Zein da nekazariaren egitekoa? Lurra lantzea? Orduan, ahal duzun guztia egin ezazu lurra ondo lan dezaten. Argi dago? Ez, badira azkar-ustekoak zera esaten dutenak: «Aldatu egin behar dugu egoera hori. Haien bizitza latzegia da, arruntegia: luxuzko gauzen berri jakinarazi behar diegu». Eta, luxuzko gauza horien eraginez, giza-hondar bilakatu dira, jadanik ez dira gizakiak, eta deabruak daki zer-nolako gaitzak harrapatu dituzten; ez dago hemezortzi urteko gazterik denetarik probatu ez duenik: hortzik ez dute, eta burusoil geratu dira denak, eta gaixotasun hori kutsatu nahi diete orain nekazariei. Jainkoari eskerrak, gizartean oraindik bada sail bat horrelako apeta gaiztoen mendean erori ez dena! Horregatik bakarrik bada ere, eskerrak eman behar dizkiogu Jainkoari. Bai, nekazariak munduko gizakirik errespetagarrienak dira niretzat. Nahiago nuke denak nekazariak balira! Jainkoari nahi dakiola!

        — Orduan, nekazaritza lanbide guztietan onuragarriena dela uste duzu? —galdetu zuen Txitxikovek.

        — Legezkoena, ez onuragarriena. Izerdia aterata jango duzu eguneroko ogia. Hala esan digute guztioi, arrazoiz esan ere. Mende askotako esperientziak frogatu digu nekazaritzan aritzen direnen ohiturak askoz ere garbiagoak izaten direla. Nekazaritza gizarteko bizitzaren oinarria den tokietan oparotasuna eta bizi-poza dira nagusi; txirotasunik ez, luxurik ez, baina bizi-poza bai. Lan ezazu lurra, esana diote gizakiari, gogor ekin lanari... hori bai agindu zuhurra! Nik zera esaten diet mujikei: «Berdin dio norentzat lan egiten duzun, niretzat, zeuretzat zein auzokoarentzat, lan egitea da kontua. Ni izango nauzu laguntzailerik handiena, ez izan zalantzarik horretaz. Abererik ez baduzu, zaldia emango dizut, behia emango dizut, telega emango dizut... Behar duzun guztia emateko prest naukazu, baina lan egin ezazu. Hil egingo naiz zure lur-sailak behar bezala gobernatzen ez badituzu eta nahaskeria eta txirotasuna nagusitzen direla ikusten badut. Ez dizut alferkeriarik onartuko. Horrexetarako nago zure gainetik, lan egin dezazun». Jum!, uste dute gehiago irabaziko dutela lantegiekin eta fabrikekin! Aldez aurretik pentsa ezazu zure mujik guztiak aberatsak izango direla zu zeu aberatsa zarenean fabrikarik gabe, lantegirik gabe eta [egitasmo] ergelik gabe.

        — Zuri zenbat eta gehiago entzun, Konstantin Fiodorofitx ohoragarria, orduan eta gogo biziago egiten zait entzuten jarraitzeko —esan zuen Txitxikovek—. Esadazu, arren: lurjabea izateko asmoa izango banu, probintzia honetan esaterako, oroz gaindi zertan jarri beharko nuke arreta? Zer egin, nola jokatu beharko nuke [denbora] laburrean aberasteko eta horrela, nolabait esatearren, herritar ororen eginbeharra betetzeko?

        — Zer egin behar duzun aberasteko? Oraintxe azalduko dizut... —esan zuen Kostanjoglok.

        — Goazen afaltzera! —esan zuen etxekoandreak, dibanetik altxaturik, eta, hori esandakoan, gelaren erdira joan zen, bere sorbalda gazteak lepo-oihalean bildurik, hotzez dardaraka baitzeuzkan.

        Txitxikov jauzi batez jaiki zen, militar bat bezain zalu ia, ziztu bizian jo zuen etxekoandrearenganantz, irribarre eztia eta imintzio gozoa aurpegian, zibil bati dagokion bezala, besoa eskaini eta zeremonia handiz eraman zuen bi gelatan zehar jangelaraino, denbora guztian burua alde batera apur bat okerturik zeukala, adeitasun handiz. Zerbitzariak estalkia kendu zion zopa-ontziari; afaltiar guztiek mahaira hurbildu zituzten aulkiak, eta zopari ekin zioten.

        Zopa amaitu eta kopa likorea hustu zuenean (likorea oso ona zen), Txitxikov honela mintzatu zitzaion Kostanjoglori:

        — Barkatu, jaun ohoragarri hori, baina lehengo elkarrizketaren harira itzularazi nahi zintuzket. Galdetu dizut zer egin behar dudan, nola jokatu, nondik hasi

 

[...]

 

        — Etxalde horren truke berrogei mila errublo eskatuko balizkit, bertantxe emango nizkioke.

        — Jum! —Pentsakor geratu zen Txitxikov—. Orduan —esan zuen, herabe samar—, zergatik ez diozu zeuk erosten?

        — Norberaren mugak non dauden jakin behar da. Neure etxaldeak bakarrik buruhauste asko ematen dizkit, ez dut gehiagorik nahi. Gainera, inguruotako aitoren semeek kargu hartzen didate hori gabe ere; diotenez, haien premia larriaz eta egoera estuaz baliatzen naiz lurrak oso merke erosteko. Azkenean, gogaitu egin nau horrek.

        — Aitoren semeek gaizki esaka aritzeko joera dute eta! —esan zuen Txitxikovek.

        — Baina hemen, probintzia honetan... Ezin duzu irudikatu ere egin zer esaten duten nitaz. Esku-eutsia eta zekentzarra deitzen didate, beste deiturarik ez dute niretzat. Beren buruari, ordea, dena barkatzen diote. «Egia da, bai —esaten dute—, erreka jo dudala, baina bizitzaren goi-mailako premien arabera bizi izan naizelako gertatu zait hori. Liburuak behar ditut, esne-mamitan bizi behar dut, industria akuilatzeko. Jakina, Kostanjoglo bezala zerrien antzera bizi izan banintz, ez nuen erreka joko.» Horra zer esaten duten!

        — Gustatuko litzaidake, bada, niri zu bezalako zerria izatea! —esan zuen Txitxikovek.

        — Eta bazkaltzera gonbidatzen ez ditudalako eta dirurik uzten ez diedalako jokatzen dute horrela. Ez ditut bazkaltzera gonbidatzen nekagarria zaidalako, horretara ohiturik ez nago eta. Baina baten bat nik jaten dudana jatera inguratzen bazait, ongi etorria! Dirua uzteari, berriz, zentzugabekeria deritzot. Baina datorrela niregana zinez diru eskasian dagoen norbait, eta zehatz-mehatz azal diezadala nola baliatuko duen nire dirua. Haren hitzetatik ondorioztatzen badut zentzuz erabiliko duela eta diruak onura nabarmena ekarriko diola, mailegua ez ukatzeaz gain, ez diot korriturik kobratuko. Baina ez naiz hasiko dirua botatzen. Barka diezadatela hori. Maitaleari oturuntza ederra eskaini nahi diote, edo etxea altzari berriz janzteko gutizia eroa dute, eta nik utzi behar horretarako dirua!...

        Tu egin zuen Kostanjoglok, eta emaztearen aurrean hitz gogor eta iraingarri batzuk esateko zorian egon zen. Hipokondria ilunaren itzal latzak goibeldu egin zuen haren aurpegi bizia. Gorantz jaso zuen bekokia, eta zimurrez josirik zeukan alderik alde, behazun irabiatuaren mugimendu haserrearen seinale.

        Txitxikovek beste kopa bat mugurdi-likore hustu zuen, eta esan:

        — Barkatu, jaun agurgarri hori, baina berriro itzularazi nahi zintuzket lehengo elkarrizketaren harira. Demagun aipatu didazun etxalde hori erosten dudala, zenbat denbora beharko nuke aberasteko, zenbateko epean bil nezake hainbeste diru...

        — Laster aberastu nahi baduzu —eten zion jarduna Kostanjoglok, latz eta totelka, artean gaitziturik baitzegoen—, sekula ez zara aberastuko; aberastu nahi baduzu, ez galdetu denboraz, eta laster aberastuko zara orduan.

        — Hori da eta! —esan zuen Txitxikovek.

        — Bai —esan zuen Kostanjoglok zakar, Txitxikovekin berarekin haserre balego bezala—. Lana maitatu beharra dago; bestela ezin da ezer egin. Etxeko ekonomia maitatu beharra dago, bai! Eta, sinetsidazu, jarduera hori ez da inola ere aspergarria. Aspergarri deritzote herrixkari..., bada, nik, haiek ez bezala, aski nuke hirian egun bakar bat igarotzea asperraren asperraz hiltzeko! Lurjabeak ez du aspertzeko astirik. Haren bizitzan ez dago hutsunerik, mukuru beterik dago. Urteroko zeregin askotarikoei begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Nolako zereginak!, arima benetan goititzen duten zeregin horietakoak dira, eta denetarikoak. Hemen gizakia naturarekin bat eginik bizi da, urtaroen arabera; partaide eta esku da kreazioan gertatzen den guztian. Udaberria esnatzearekin batera, lanak hasten dira: garraioa eta egurketa, bide guztiak lokazturik daudela; ereintzarako prestamenak; bihitegietan aleak aukeratu, pisatu, eta lehortzen jarri berriro; nekazarien zerga berriak ezarri. Elurra eta uholdeak amaitu bezain laster, ugaritu egiten dira zereginak: han gabarrak kargatu, hemen basoa inausi, soroetan zuhaitzak aldatu, eta sail guztiak aitzurtu. Lan egiten dute palek ortuetan eta goldeek zein beleek zelaietan. Eta ereiten hasi. Ez da lan makala, gero! Urteko uzta ereiten dute nekazariek! Udarekin batera, uztaroa, nekazarien jai nagusia. Ez da lan makala, gero! Uzta uztaren atzetik: zekalearen ondotik galzuria, garagarraren ondotik oloa, eta kalamua ere badugu. Belarra metatu, azaoak egin. Eta abuzutaren amaiera aldera, azaoak larrain estalietan gorde. Udazkena dator gero, lurra goldatu behar, eta udazkeneko garia erein, aletegiak, azao-idortegiak eta abeletxeak konpondu, laboreak probatu eta jotzen hasi. Neguan ez dira urritzen lanak: aurreneko garraioak hirira, idortegietan laboreak jo, jotako aleak larrainetik bihitegira eraman, zuhaitzak moztu eta egurra egin, adreiluak eta ekaiak ekarri udaberriko eraikitze-lanetarako. Ezin lan guztiak aipatu, hain dira ugariak eta askotarikoak! Batera eta bestera joan gauzak zertan diren aztertzera: errotetara, lantegietara, fabriketara, larrainetara! Mujik guztiengana jo bakoitzaren jarduna ikuskatzera. Ez da lan makala, gero! Pozgarri zait zurginak aizkora ondo erabiltzea; gai naiz bi ordu egoteko hari begira: hainbesterainoko poza ematen dit lanak. Ezin dizut azaldu nolako plazerra sentitzen dudan ikusten dudanean helburu jakin batekin egiten dela hori guztia, inguruan dena ugaritu eta ugaritu egiten dela, etekinak eta mozkinak oparo emanez. Baina ez naiz alaitzen irabaziak hazten direlako —dirua dirua besterik ez baita—, hori guztia neure lanaren emaitza delako baizik, ikusten dudalako neu naizela horren eragile eta sortzailea, eta niregandik, aztia banintz bezala, aberastasuna eta ongia zabaltzen direla bazter guztietara. Beste non aurkituko zenuke horrelako atseginik? —esan zuen Kostanjoglok. Burua gorantz jaso, eta lehengo zimurren arrastorik ere ez zitzaion gelditzen. Pozarren zegoen, hala nola pozarren egoten baita erregea koroatze-egun hots handikoan—. Mundu osoan ez duzu horrelako atseginik aurkituko! Hemen, hain zuzen ere hemen, Jainkoaren antzeko duzu gizakia: beretzat gorde zuen kreazioaren plazerra Jainkoak, horixe baita plazer guztietan goikoena, eta gizakiari eskatu zion oparotasuna sortzeko eta gauzen nondik norakoa bideratzeko, berak egin zuen bezala. Eta aspergarri deritzote eginkizun horri!

        Atsegin handiz entzun zuen Txitxikovek etxeko jaunaren mintzo ozen eta gozoa, paradisuko hegaztiaren kantua bailitzan. Haren eztarriak listua irensten zuen etengabe. Begiek, lausoturik, eztitasuna adierazten zuten, eta luzaz geratuko zatekeen Kostanjoglori entzuten.

        — Konstantin, mahaitik altxatzeko ordua da! —esan zuen etxekoandreak, aulkitik jaikitzeaz batera. Jaiki zen Platonov, jaiki zen Kostanjoglo, eta jaiki zen Txitxikov ere, nahiz eseririk geratu nahiko zukeen puska batean oraindik, etxeko nagusiari entzuten. Besoa eskaini, eta berriro lagun egin zion etxekoandreari. Baina oraingoan ez zeraman burua adeitasunez okerturik alde batera, eta ez zuen inolako trebetasunik erakusten solasean, zeren, izan ere, garrantzi handiagoko solas eta oldozpenen mende baitzegoen.

        — Esanak esan, aspergarria duk dena —zioen Platonovek, haien atzetik zihoala.

        «Nahikoa buruargia duk nire gonbidatua —pentsatzen zuen etxeko nagusiak—, zentzuz hitz egiten dik eta ez duk idazle kaxkar horietakoa.» Eta, hori pentsaturik, gehiago alaitzen hasi zen, bere solasaldiak zuzpertu balu bezala eta aholku zuhurrak entzuteko prest zegoen gizon bat aurkitu zuela ospatuz.

        Gero, gela txiki eta atsegin batean eseri ziren denak, kandelen argitan, leihoen ordez beirazko atea zuen balkoi baten aurrez aurre. Aspaldiko partez aterpe gozoan zegoela sentitu zuen Txitxikovek. Esan zitekeen erromesaldi luze baten ondoren jaiotetxeko teilatuaren babesera itzuli zela eta, bere egitekoa buruturik, nahi zuen guztia lorturik, erromes-makila bazter batera jaurti, eta esan zuela: «Aski duk!». Etxeko nagusiaren hizketa zentzudunari zor zion hain gogo-aldarte zoragarria. Badira solasaldi batzuk gizabanakoari gainerako solasaldi guztiak baino hurkoagoak eta kuttunagoak gertatzen zaizkionak. Eta sarritan, ustekabean, bazter leku urrun eta ahaztu batean, gizakien arrastorik ere ez dagoen inguru inorgabe batean, lagun bat aurkitzen duzu, zeinaren solasak behingoan ahaztarazten baitizkizu bide kaxkarrak, aterperik gabeko gauak eta, oro har, egungo mundua, giza-ergelkeriaz eta gizabanakoa atzipetzen duten engainuz betea. Eta, gero, arratsalde haren oroitzapena biziro gorderik geratzen zaizu gogoan, behin betiko, sekula guztian, eta zehatz-mehatz oroitzen duzu hain egun gogoangarrian gertaturiko guztia: nortzuk ziren han, eta nor zein lekutan zegoen, eta zer zeukan bakoitzak eskuan, eta hormak, eta gelako bazterrak oro, eta huskeria guztiak.

        Horrelaxe geratu zitzaizkion Txitxikovi oroimenean finkaturik arrats hartako xehetasun guztiak: gela txiki eta soil hura, etxeko jaunaren begitarte onbera, Platonovi eman zioten pipa eta piparen tutu anbarezkoa, Jarb zakurraren mutur lodira igortzen zuen kea, Jarben usinak, etxekoandre txairoaren barrea, «Aski da, ez oinazetu gehiago zakurra» hitzak barre hura etenez, kandela alaiak, bazter batean zegoen kilkerra, beirazko atea, udaberriko gaua —haiei so zuhaitzen adaburuen gainetik— eta hostotza sarrian kantuan ari ziren urretxindorrak.

        — Oso atseginak zaizkit zure hitzak, Konstantin Fiodorovitx ohoragarria —esan zuen Txitxikovek—. Zalantzarik gabe esan dezaket Errusia osoan ez dudala aurkitu zu bezain gizon buruargirik.

        Kostanjoglok irribarre egin zuen.

        — Ez, Pavel Ivanovitx —esan zuen—, gizon benetan buruargirik ezagutu nahi baduzu, inguruotan bada bat zeinari buruz inolako zalantzarik gabe esan baitaiteke gizon buruargia dela, ni ez naiz haren oinetakoen zorura ere iristen.

        — Nor da? —galdetu zuen Txitxikovek, harriturik.

        — Murazov, gure zerga-biltzailea.

        — Lehenago ere entzuna dut haren berri! —egin zuen oihu Txitxikovek.

        — Etxaldea ez ezik, gai litzateke Estatu osoa ere zuzentzeko. Nik, erregea banintz, finantza-ministro izendatuko nuke birritan pentsatu gabe.

        — Badut haren aditzea. Diotenez, sinesgarritzat har daitekeenaren muga guztiak gainditu ditu, hamar milioi biltzea lortu omen du.

        — Hamar? Baita zera ere! Berrogeitik gora. Luze gabe, Errusiaren erdia edukiko du bere eskuetan.

        — Ez da izango! —egin zuen oihu Txitxikovek, txunditurik.

        — Bai horixe! Izugarri azkar ugarituko zaizkio ondasunak orain. Begien bistakoa da hori. Errublo milaka batzuk dituena soilik aberasten da astiro; handia da, ordea, milioiak dituenaren eskumena: beste edonork baino bi edo hiru aldiz gehiago eskura dezake. Haren jarduera-eremua izugarri zabala da. Ez dago nagusituko zaionik. Ez du bere neurrikorik. Berak ezartzen du prezioa, eta denek onartu behar, ezin inork aldatu.

        Txitxikovek biribil-biribil begiak eta zabal-zabalik ahoa begiratu zion Kostanjoglori begietara, harri eta zur geratu balitz bezala. Eten egin zitzaion arnasa bularrean.

        — Sinestezina da! —esan zuen, apur bat seneraturik—. Izuaren izuz, sorgorturik uzten dizu burua. Batzuk probidentziaren jakinduriaz harritzen dira intsektu bati begiratzen diotenean; niretzat, ordea, askoz ere harrigarriagoa da ikustea hilkor batek hain dirutza handiak erabil ditzakeela esku artean! Hala ere, uztazu galdera bat egiten gorabehera txiki bati buruz; esadazu, aberasten hasi zenean, inondik ere, azpikeriaren bat egingo zuen, ezta?

        — Ez, ezinago garbi jokatu du beti, inongo aberasbiderik legezkoenez baliatu da hasieratik bertatik.

        — Ez dut sinesten, lagun ohoragarri hori, barkatu, baina ez dut sinesten. Errublo milaka batzuk balira, tira..., baina milioiak dira..., barkatu, baina ez dut sinesten.

        — Alderantziz, zaila da errublo milaka batzuk biltzea makur jokatu gabe, baina milioiak erraz irabazten dira. Milioi asko dituenak ez du zertan okerreko biderik hartu. Zuzen aurrera jo, eta har ezazu bidean aurkitzen duzun guztia! Beste inork ez du jasoko.

        — Sinesgaitza da! Eta hutsetik abiatu zela sinestea da zailena!

        — Ezin bestela izan. Horixe duzu gauzen berezko ordena —esan zuen Kostanjoglok—. Milaka errubloren jabe jaio eta milaka errublorekin hazten denak ezin du gehiagorik irabazi: apetatsu bilakatzen da eta gogoak ematen dion guztia erosten du. Hasieratik hasi behar da, ez erditik. Behetik, behetik hasi behar da. Horrela soilik ezagutuko dituzu ondo jendea eta bizilegea, eta ezinbestekoa duzu hori, gero haien artetik urratu beharko baituzu bidea, askotariko oztopoak garaituz. Dena zeure larruan nozitzen duzunean, eta kopek bakoitza iltzez josirik dagoela ikasten duzunean, eta munduko zorigaitz guztiak jasaten dituzunean, hainbesteraino zentzatu eta zailtzen zara, ezen, egitekoa edozein dela ere, ez baituzu inoiz porrot egiten. Hala da, sinetsidazu. Hasieratik hasi behar da, ez erditik. Baten batek esaten badit: «Eman ehun mila errublo eta berehala aberastuko naiz», nik ez diot sinesten; itsu-itsuan ibiliko da, jomuga zehatzik gabe. Kopek batetik hasi behar da!

        — Ni, orduan, aberastuko naiz —esan zuen Txitxikovek—, zeren, nolabait esatearren, hutsaren hurrenetik hasiko bainaiz.

        Arima hilak zituen gogoan.

        — Konstantin, ordua da Pavel Ivanovitxi atseden hartzen eta lo-kuluxka bat egiten uzteko —esan zuen etxekoandreak—, eta zu hitz eta pitz ari zara isildu gabe.

        — Ziur nago aberastuko zarela —esan zuen Kostanjoglok, emazteari jaramonik egin gabe—. Ibaika etorriko zaizu urrea, ibaika. Ez duzu jakingo zer egin irabaziekin.

        Pavel Ivanovitx liluraturik bezala zegoen eserita, ametsetan, etengabe haziz zihoan urrezko erresmua baten irudipena buruan.

        — Benetan, Konstantin, Pavel Ivanovitxek lotara joateko ordua du.

        — Zuri zer axola horrek? Zoaz zu, logura bazara! —esan zuen etxeko jaunak, eta isildu egin zen: Platonoven zurrungak ozen entzun ziren gela osoan, eta, haren ondotik, zurrungan hasi zen Jarb ere, jabea baino are ozenago. Gauerdia zen. Kostanjoglok onartu behar izan zuen bazela atseden hartzeko garaia. Elkarri gau ona opa, eta, geroko utzi gabe, lotara joan ziren denak.

        Baina Txitxikovek ezin zuen begirik bildu. Esna zeuzkan pentsamenduak. Pentsatzen ari zen nola iritsi Kostanjoglo bezalako lurjabea izatera. Etxeko nagusiarekin izaniko elkarrizketaren ondotik argi zekusan dena; nabaria zen aberats zitekeela. Etxalde bat gobernatzearen lan berez zailak hain erraza eta samurra ematen zuen orain, eta hain zirudien beraren izaeraren neurrikoa, ezen seriotan pentsatzen hasi baitzen etxalde bat erostean, ez alegiazkoa, egiazkoa baizik. Kalkulatu zuen zenbat diru emango zion bahitura-etxeak alegiazko arimen truke, etxalde ez alegiazko bat erosteko. Jadanik zekusan bere burua Kostanjoglok irakatsi bezala etxaldea gobernatzen eta zuzentzen: arduratsu, zuhur, zaharra ondo ezagutu arte ezer berriri ekin gabe, dena bere begiekin aztertuz, mujik guztiak eta bakoitza ezagutuz, neurrigabekeriak oro beregandik uxatuz, lanari eta etxeko ekonomiari buru-belarri emana. Aldez aurretik dastatzen ari zen egunen batean sentituko zuen plazerra, noiz eta akatsik gabeko ordena ezarri eta etxeko ekonomiaren erresorte guztiak zalu mugituko baitziren, elkarri eraginez. Lana borborka hasiko zen orduan, eta, nola errota azkarrak aitaren batean bihurtzen baititu aleak irin, halaxe bihurtuko zituen berak diru hondakin eta zabor guztiak. Etengabe zekusan begien aurrean lurjabe miresgarri haren irudia. Errusia osoan zinezko begirunea zion lehen pertsona zen. Ordu arte, gizarte-mailarengatik edo ondasun ugariengatik soilik errespetatu zuen jendea! Buruargitasun hutsarengatik ez zuen inor errespetatu oraindik. Kostanjoglo zen lehena. Txitxikovek ulertu zuen berarekin ez zuela arima hilez hitz egin behar, eta gai hori aipatze hutsa lekuz kanpokoa zatekeela. Gainera, beste helburu batek arduratzen zuen orain: Khlobuieven etxaldea erostea, hain zuzen ere. Hamar mila errublo zituen: beste hamar mila Kostanjoglori eskatuko zizkion, argi adierazi baitzuen ezen, aberasteko eta lurjabe arduratsua izateko asmoa erakutsiz gero, prest zegoela edonori laguntzeko. Gainerakoa geroago, arimak bahitzen zituenean ordainduko zuela hitzeman zezakeen. Oraindik ezin zituen erositako arima guztiak bahitu, zeren eta, lurrik ezean, ez baitzeukan nora aldatu. Jende guztiari sinetsarazia zion lurrak zituela Kherson probintzian, baina lur haiek haren egitasmoetan baino ez ziren existitzen. Kherson probintzian oso merke saltzen zuten lurra, edo doarik ematen zuten, jendea han bizitzen jar zedin, eta mundu guztiak uste zuen horrexegatik aukeratu zuela probintzia hura. Pentsatzen ari zen lehenbailehen eskuratu behar zituela oraindik erosteko moduan zeuden jopu ihes eginak eta arima hilak, zeren eta lurjabeak berehala hasiko baitziren, bata bestearen atzetik, etxalde guztiak bahituran jartzen, eta laster ez zen geratuko Errusia osoan Estatuak bahitu gabeko lurrik. Horrelako gogoetak zebilzkion txandaka buruan, eta loa galarazten zioten. Baziren lau ordu etxeko guztiak loaren altzoan zeudela, eta, azkenean, loak bere magalera bildu zuen Txitxikov ere. Lo pisu batek hartu zuen.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia