Bigarren kapitulua

 

        Zaldiek ordu erdi baino ez zuten behar izan hamar verstak egiteko, hariztian zehar aurrena, lur irauli berrian berdetzen hasitako galsoroen artetik hurrena, eta uneoro ikuspegia urrunera zabaltzen zuen mendi-kasko batetik gero. Azkenean, alde bietan ezki hostotsuak zituen bide batek jeneralaren herrixkan sartu zuen Txitxikov. Ezkien ondotik makalak agertu ziren, zumezko kutxa bana behealdean babesgarri; bidea burdinurtuzko ate handi batean amaitzen zen, eta ateaz bestaldean jeneralaren etxearen aurrealdea ikusten zen, harrian zizelaturiko edergarri bihurri ugarirekin eta kapitel korintoarrekiko zortzi zutarritan bermaturik. Olio-pintura freskoaren usaina aditzen zen inguru guztian, behin eta berriro margotzen baitzuten dena, zahartzeko denborarik eman gabe. Patioko zoruak tronadura zirudien, hain zegoen garbi. Txitxikovek, etxe aurrera iritsirik, begirune handiz atarira jauzi egin, eta iritsia zela iragartzeko agindu zuen, eta zuzenean eraman zuten jeneralaren langelara.

        Txunditurik utzi zuen jeneralaren itxura handientsuak. Satenezko mantal gorrimin bat zeukan jantzirik une horretan. Begirada tolesgabea, aurpegi adoretsua, belarrondoko bizarrak eta bibote handi ileurdina, ilea larru-arras mozturik garondoan, lepo lodi zabala —hiru maila edo tolesturakoa esaten zaien horietakoa, zeharkako zimur batekin—, baxu-ahots apur bat erlastua, jeneral-mugimenduak. Betristxev jenerala, bekatari guztiok bezala, bertute eta akats ugariz horniturik zegoen. Errusiarrongan gertatu ohi den legez, hala bertuteak nola akatsak oso modu ikusgarrian nahasirik zeuden berarengan. Abnegazioa, bihotz-zabaltasuna une erabakigarrietan, ausardia eta buruargitasuna batetik, eta, horrekin batera, berekoitasuna, handinahia, harrokeria, edozein huskeriarengatik sumintzeko joera eta gizabanako orok berezko dituen beste argalgune horietako asko. Begitan zeuzkan zerbitzuan aurrea hartu zioten guztiak, garratz hitz egiten zuen haiei buruz eta epigrama gaizto eta mingarriak idazten zizkien. Bereziki gorrotatzen zuen hala adimenari nola gaitasunei zegokienez bera baino beheragokotzat zeukan lagun aspaldiko bat, zeren eta, guztiarekin ere, bera baino gorago iritsi baitzen: bi probintziatako gobernadore militarra zen, eta, hain zuzen ere, nahita egin balute bezala, berak bi probintzia haietan zituen bere lurrak, eta, horrenbestez, lagun aspaldiko haren mendean geratu zen aldez edo moldez. Mendeku gisa, iseka egiten zion ahal zuen guztietan, gogor gaitzesten zituen hark emaniko agindu guztiak eta zentzugabekeriaren mukurua ikusten zuen haren erabaki eta egintza guztietan. Bihotz-handitasuna gorabehera, jeneralak oso gogoko zuen adarra jotzea. Oro har, atsegin zitzaion gauza guztietan lehena izatea, atsegin zitzaizkion lausenguak, atsegin zitzaion nabarmentzea eta orojakin agertzea, atsegin zitzaion beste inork ez zekiena jakitea, eta ez zitzaizkion batere atsegin berak ez zekien zerbait zekitenak. Neurri handi batean atzerriko ereduen arabera hezi bazuten ere, atsegin zitzaion jaun errusiarren antzera jokatzea. Haren nortasuna hain gorabeheratsua izaki, elkarren kontrako ezaugarriak hain ugariak eta nabariak izaki, atsekabe ugari aurkitu zituen, ezinbestez, zerbitzuan, eta erretiroa hartu zuen haien eraginez, halako etsai-sail bati leporatuz horren errua eta bere burua zerbaiten erruduntzat jotzeko gogo-zabaltasunik gabe. Erretiratutakoan hartu zuen itxura ikusgarri eta handientsu hura. Jakaz, frakez zein mantalez jantzirik, berbera zen beti. Ahotsaren doinutik hasi eta gorputzaren mugimendurik txikieneraino, berarengan denak agertzen zuen agintzera ohiturik dagoen jaun larderiatsuaren airea, eta horrek begirunea edo, gutxienez, ahalkea sorrarazten zuen mendekoen artean.

        Txitxikovek biak sentitu zituen: begirunea eta ahalkea. Adeitasun handiz burua alde baterantz okertu, eta honela hasi zen:

        — Jaun agurgarri hori, ezin baztertuzko betebehartzat hartu dut gizalegezko diosalak egitera etortzea. Gudu-zelaian sorterria salbatu duten gizon bulartsuen alderako begiruneak bultzaturik, ezin baztertuzko betebehartzat hartu dut gizalegezko diosalak egitera etortzea.

        Jeneralari, nonbait, gustatu egin zitzaion hasiera hori. Buruarekin oniritzizko keinua egin, eta esan zuen:

        — Oso pozten nau zu ezagutzeak. Eser zaitez, mesedez. Non zerbitzatu duzu?

        — Zerbitzuan egin dudan bidea —esan zuen Txitxikovek, besaulkiaren erdian eseri beharrean saiheska jarriz, ukondoa besaulkiaren besoan bermaturik—, jaun agurgarri hori, Estatuaren bulego batean hasi zen; gero, hainbat lekutan zerbitzatu dut: auzitegian, eraikuntza-batzorde batean, aduanan. Olatuen erdian dabilen itsasontziarekin aldera daiteke nire bizitza, jaun agurgarri hori. Jasankortasunean hazi naiz, nolabait esatearren; jasankortasunak hezi nau, jasankortasunak elikatu nau, esan nezake hezur-haragizko jasankortasuna bera nauzula. Izugarriak jasan ditut etsaien aldetik, ez dut hitzik edo margorik aurkitzen zenbateraino jasan dudan adierazteko. Orain, bitzitzaren ilunabarrean, nolabait esatearren, nire azken egunak emateko leku baten bila nabil. Oraingoz, ostatu hartu dut hemendik hurbil, zure auzolagun baten etxean...

        — Norenean?

        — Tentetnikovenean, jaun agurgarri hori.

        Jeneralak bekozko iluna jarri zuen.

        — Damu du, jaun agurgarri hori, zor bezalako begirunea ez erakutsia...

        — Nori?

        — Zure merezimenduei, jaun agurgarri hori. Ez du bere jokabidea zuritzeko hitzik aurkitzen. Honela esaten du: «Zer edo zer egin ahal izango banu..., zeren, izan ere, gai naiz sorterria salbatu duten gizonak estimatzeko, benetan».

        — Baina zertan dabil, gero? Ez nago haserre berarekin! —esan zuen jeneralak, samurturik—. Estimu handitan neukan, zinez, eta ziur nago gizon baliagarria izango dela egunen batean.

        — Zuzen hitz egin duzu, jaun agurgarri hori, gizon baliagarria da benetan, hitzaren dohaina du eta trebea da lumarekin.

        — Eta zer idazten du? Huskeriak, inondik ere, poematxoak eta horrelako gauzak, ezta?

        — Ez, jaun agurgarri hori, ez du huskeriarik idazten...

        — Zer, orduan?

        — Historia idazten ari da, jaun agurgarri hori.

        — Historia? Zeren historia?

        — Historia...

        Isilune bat egin zuen Txitxikovek, eta, zela aurrean jeneral bat zeukalako, zela gaiari garrantzi handiagoa emateko, gaineratu zuen:

        — Jeneralen historia, jaun agurgarri hori.

        — Jeneralen historia? Nongo jeneralen historia?

        — Orotariko jeneralena, jeneral guztiena, oro har, jaun agurgarri hori..., zehatzago esanda, gure sorterriko jeneralena —esan zuen Txitxikovek, eta pentsatu: «Ene, nolako lelokeriak esaten ari naizen!».

        — Barkatu, ez dut ondo ulertu... Zehatz-mehatz, zer idazten ari da?, garai jakin bateko historia?, banakako biografiak?, jeneral guztien historia?, ala hamabigarren urteko gerran borrokatu zirenena bakarrik?

        — Hain zuzen ere, jaun agurgarri hori, hamabigarren urteko gerran borrokatu zirenena! —erantzun zuen Txitxikovek hitzetik hortzera, eta bere artean pentsatu: «Mila deabru, ez zekiat zertan ari naizen!».

        — Orduan, zergatik ez du niregana jotzen? Oso datu interesgarriak emango nizkioke.

        — Ez da ausartzen, jaun agurgarri hori.

        — Burugabekeria handiagorik! Batere garrantzirik gabeko hitz batengatik... Ni ez naiz inondik inora bera bezalakoa. Prest nago beraren etxera joateko.

        — Ez lizuke onartuko, bera etorriko da hona... —esan zuen Txitxikovek, eta bertantxe pentsatu zuen bere artean: «Horratx! Itsumustuan dantzatu nik mingaina, eta hara zein ondo etorri zaizkidan azkenean jeneralak!».

        Hots arin bat entzun zen langelan. Armairu landu bateko intxaur-zurezko atea berez ireki zen. Irudi bizidun bat agertu zen ate irekiaren barruko aldean, atearen heldulekuari esku miragarri batez oraturik. Gela ilun batean lanpa batek atzetik argiztaturik margolan garden batek ustekabean distiratu izan balu, ez zen irudi bizidun argi-jario hura bezain liluragarria izango, gela argiz betetzeko soilik agertu zela ematen baitzuen. Bazirudien eguzki-izpi bat sartu zela gelan berarekin batera, sabaia, erlaitzak eta zoko ilun guztiak bat-batean argituz. Izugarri garaia eta distiratsua zirudien. Baina irudipen hutsa zen; liraintasun paregabeak eta burutik hatzetaraino gorputz-atal guztien artean zegoen proporzio egokiak eragiten zuen sentipen hori. Soineko kolore-bakarra hain [gustu] onez egokitzen zitzaion gorputzari, ezen bai baitzirudien hiriburuko jostun guztiak elkarlanean aritu zirela ahalik eta soinekorik ederrena egiteko. Baina hori ere begitazio hutsa zen. Berak egina zuen soinekoa, hala-hola gainera. Moztu gabeko oihal-zati bat bizpahiru lekutan josi, eta hain toles ederrak osatuz egokitu eta itsatsi zitzaion gorputzaren inguruan, ezen edozein eskultorek berehala aldatuko baitzuen bere horretan marmolera, eta modaren arabera jantziriko andereño guztiek zarpailak emango zuten haren aldean. Txitxikovek ia ezagutzen zuen haren aurpegia Andrei Ivanovitxen marrazkietatik, baina, hala eta guztiz, txunditurik begiratu zion, eta gero, bere onera itzuli zenean, konturatu zen bazuela akats handi bat: argalegia zen.

        — Hona hemen nire alabatxo laztana! —esan zion jeneralak Txitxikovi—. Baina oraindik ez dakizkit zure izena eta patronimikoa.

        — Merezi al du jakitea bere ausardiarengatik nabarmendu ez den gizon baten izena eta patronimikoa? —esan zuen Txitxikovek.

        — Nolanahi ere, jakin beharra dago...

        — Pavel Ivanovitx, jaun agurgarri hori —esan zuen Txitxikovek, burua alde batera leunki okertzeaz batera.

        — Ulinka! Pavel Ivanovitxek oso albiste interesgarria jakinarazi dit. Gure auzolagun Tentetnikov ez da uste genuen bezain ergela. Garrantzi handiko obra bat idazten ari da: hamabigarren urteko jeneralen historia.

        Ulinka piztu eta gorritu egin zen bat-batean.

        — Nork uste zuen, bada, ergela dela? —esan zuen azkar—. Vishnepokromovek bakarrik pentsa zezakeen horrelakorik, aita; zuk uste sendoa duzu harengan, baina ganorabakoa eta doilorra da!

        — Ganorabakoa bai, egia da. Baina zergatik doilorra? —esan zuen jeneralak.

        — Ganorabakoa izateaz gain, zitala eta nazkagarria ere bada —oldartu zitzaion Ulinka, bizkor—. Anaiak hain modu larrian iraindu eta arreba etxetik botatzen duena zital hutsa da...

        — Kontu horiek esamesak besterik ez dira.

        — Baina esamesa horiek ez ziren besterik gabe sortuko. Aita, gizon ona zara eta bihotz zabala duzu, baina, nola jokatzen duzun ikusirik, guztiz bestelakoa zarela pentsa lezake edonork. Guztiz ergela dela jakin arren, abegi ona egiten diozu gizon horri, zergatik eta berritsua delako eta maisutasun handiz balakatzen zaituelako.

        — Bihotza!, ez dut, bada, etxetik botako! —esan zuen jeneralak.

        — Ez duzu etxetik zertan bota, baina maitatzea ere!

        — Ez nago ados, andereño agurgarri hori —esan zion Txitxikovek Ulinkari, burua leunki makurtuz eta irribarre atsegina aurpegian—. Kristautasunaren legeek lagun hurkoa maitatzeko agintzen digute.

        Eta, jiraturik, irribarre maltzur samarrez esan zion jeneralari:

        — Bada esaera bat honela dioena: «Adiskidea, zuk narras maite gaitzazu, txukun edonork maite gaitu eta». Ez duzu inoiz entzun, jaun agurgarri hori?

        — Ez, ez dut inoiz entzun.

        — Oso istorio bitxia da, jaun agurgarri hori —esan zuen Txitxikovek, irribarre maltzurrez—. Zuk, inondik ere, ezagutzen duzu Gukzovski printzea...

        — Ez, ez dut ezagutzen.

        — Bada, jaun agurgarri hori, kontua da Gukzovski printzearen etxaldean bazela administratzaile alemaniar bat, gizon gaztea bera. Sarritan joan behar izaten zuen hirira, soldadugaiak biltzera eta bestelako zereginak egitera, eta esan beharrik ez dago magistratuak erosi behar izaten zituela. —Txitxikovek, begiak txiloturik, magistratuak erosteko modua antzeratu zuen—. Magistratuek begiko zuten eta oparitxoak egiten zizkioten noiz edo noiz. Behin batean, haiekin bazkaltzen ari zela, zera esan zien: «Egunen batean, jaunak, nire etxera etorri behar duzue, printzearen etxaldera». Haiek esan zuten: «Joango gara». Handik gutxira, Trekhmetiev kondearen etxaldean gertaturiko auzi bat erabaki behar izan zuten. Ezagutzen duzu Trekhmetiev kondea ere, ezta, jaun agurgarri hori?

        — Ez, ez dut ezagutzen.

        — Bada, auzia erabakitzeko aitzakian, kondearen etxaldea administratzen zuen agure zaharraren etxean bildu ziren denak, eta, epaitu beharrean, hiru egun eta hiru gau egon ziren han, etenik gabe kartetan. Esan gabe doa samovarra pizturik egon zela denbora guztian, eta mahaia pontxez beterik beti. Gainera, adarra jotzen zioten agureari. Haietatik nola edo hala libratu nahirik, esan zien: «Jaunak, zergatik ez zoazte printzearen administratzaile alemaniarraren etxera? Hemendik hurbil bizi da eta!». «Oraintxe bertan!», esan zuten haiek, eta halaxe, zeuden bezala, erdi mozkorturik, bizarra kendu gabe eta logale, telega batera igo eta alemaniarraren etxera joan ziren... Aurrera egin aurretik, jaun agurgarri hori, jakin beharra daukazu alemaniarra ezkonberria zela. Emaztea neska gaztea zen, institutuan ikasitakoa, oso minbera. —Txitxikovek minberatasuna imitatu zuen aurpegiaz—. Patxada ederrean eseririk zeuden biak, tea hartzen, eta, gutxien espero zutenean, atea zabaldu eta arrapataka sartu zen gizon-oste hura...

        — Ikusten ari naiz. Bai ona! —esan zuen jeneralak, barreka.

        — Administratzaileak, guztiz asaldaturik, esan zien: «Zertara etorri zarete hona?». «Hara bestea! Hau duk ongi etorria, hau!», esan zuten haiek. Eta bat-batean, hitz horiek esandakoan, aldatu egin zuten aurpegiera... «Has gaitezen lanean! Zenbat litro ardo destilatu duzue etxaldean? Erakutsi liburuak!» Dena miatzen hasi ziren. «Iruzurgilea halakoa!» Harrapatu, lotu, hirira eraman, eta urte bat eta erdi eman zuen espetxean.

        — Ondo merezia! —esan zuen jeneralak.

        Ulinkak besoak jaso zituen, espantuz.

        — Emaztea gestioak egiten hasi zen —jarraitu zuen Txitxikovek—. Baina zer egin zezakeen eskarmenturik gabeko emakume gazte batek? Zorionez, jende onarekin egin zuen topo, eta bake-epailearengana joatera aholkatu zuten. Bi mila errublo eman zizkion bake-epaileari, eta bazkaltzera gonbidatu jende on haiek. Eta bazkarian, denak txolintzen hasiak zirela, honela esan zioten administratzaile alemaniarrari: «Ez dizu lotsarik ematen guri horrelako harrera egiteak? Zer espero zenuen, bada?, txintxo-txintxo, bizarra ondo eginda eta frakez jantzirik agertuko ginela. Ez, adiskidea, zuk narras maite gaitzazu, txukun edonork maite gaitu eta».

        Jenerala barre-alagaraka hasi zen; Ulinka, aldiz, atsekabez auhenka.

        — Ez dut ulertzen, aita, nolatan egin dezakezun barre! —esan zuen azkar. Amorruak ilundu egin zuen haren bekoki ederra...—. Ez dakit nora, baina norabait bidali beharko lituzkete jaun haiek guztiak, hain jokaera makurra zigortzeko...

        — Ene laztana, ez dut inola ere haien jokabidea zuritu nahi —esan zuen jeneralak—, baina barregarria da; zer egingo diogu! Nola esan duzu?, «txukun maite gaitzazu»? ...

        — Narras, jaun agurgarri hori, narras maite gaitzazu —zuzenzu zion Txitxikovek.

        — Zuk narras maite gaitzazu, txukun edonork maite gaitu eta. Ja, ja, ja, ja!

        Jeneralaren gorputz-enborra zanbuluka hasi zen irriaren eraginez. Besaburuek, non lits ugariko txarratelak eraman baitzituen garai batean, dar-dar egiten zuten, une horretan lits ugariko txarratelak eramango balitu bezala.

        Txitxikov jeneralaren barrea imitatzen saiatu zen hasieran, baina, haren alderako begiruneak eraginik, e letra hautatu zuen azkenean: je, je, je, je, je! Haren gorputz-enborra ere zanbuluka hasi zen irriaren eraginez; besaburuek, ordea, ez zuten dar-dar egiten, lits ugariko txarratelik ez zeraman eta.

        — Nolako piura izan behar zuten magistratu haiek bizarra egin gabe! —esan zuen jeneralak, barre eta barre.

        — Bai, jaun agurgarri hori, eta gainera... hiru egunez segidan kartetan... etenik gabe... eta ezer jan gabe; hori baraualdia!, indar guztiak ahituko zitzaizkien hantxe, alajaina! —esan zuen Txitxikovek, barre eta barre.

        Ulinkak, gorputza besaulkian erortzen utzi, eta esku batez estali zituen bere begi ederrak; atsekabea norekin partekaturik ez zeukala etsita, esan zuen:

        — Nik ez dakit ezer, haserrea baino ez dut sentitzen.

        Hizketan ari ziren hiru haien bihotzetan jaiotako sentimenduak elkarren kontrakoak ziren erabat, eta, halatan, ikaragarri bitxia haien multzoa. Batak barregarri zeritzon alemaniarraren inozotasun baldarrari. Besteak barregarri zeritzon alproja haien jukutria barregarriari. Hirugarrenak tamalgarri zeritzon hain jarduera bidegabea zigorrik gabe geratzeari. Laugarrenik ez zen, eta, horrenbestez, inork ez zituen hausnartu bati poza eta besteri tristura eragin zieten hitz haiek. Zer esan nahi zuten?, gaiztotasunaren lohi zikinetan erorita ere gizabanakoak maitasuna eskatzen duela?, animali sena al da hori?, edo arimak, grina zitalen zama astunak itorik egon arren, doilortasunaren azal zurezkoa zeharkatuz eginiko oihu ahula: «Lagunok, salba nazazue!»? Baina ez zen laugarrenik zeinarentzat penagarriena lagun hurkoaren arimaren hilzoria baitzatekeen.

        — Nik ez dakit ezer —esan zuen Ulinkak, eskua aurpegitik bereizteaz batera—, haserrea baino ez dut sentitzen.

        — Baina, mesedez, ez gurekin haserretu —esan zuen jeneralak—. Guk ez dugu ezeren errurik. Emadazu musu bat eta zoaz zure gelara. Ni oraintxe bertan jantziko naiz bazkaritarako. Hik, inondik ere —esan zuen jeneralak, bat-batean Txitxikovenganantz jiraturik—, gurekin bazkalduko duk, bai?

        — Bai, jaun agurgarri hori, baldin eta zuretzat...

        — Zeremoniarik ez! Aza-zopa zegok jateko!

        Txitxikovek burua makurtu zuen, oso modu atseginean, eta, berriro jaso zuelarik, ez zuen Ulinka ikusi. Desagertua zen. Haren ordez, bibote eta belarrondoko bizar iletsuekiko gelazain mardul bat ikusi zuen, zilarrezko konketa eta pitxerra eskuetan.

        — Axola dik hire aurrean janzten banaiz? —esan zuen jeneralak, mantala erantziz eta alkandoraren mahukak beso indartsuetan gora bilduz.

        — Arren, jantzi ez ezik, nahi duzun guztia egin dezakezu nire aurrean, jaun agurgarri hori —esan zuen Txitxikovek.

        Garbitzen hasi zen jenerala, ufaka eta ziliportaka, ahate baten antzera. Ur xaboidunak inguru guztia bustitzen zuen.

        — Nola esan duk? —galdetu zuen, bere lepo lodia alde guztietatik lehortzen zuen bitartean—, txukun maite gaitzazu?...

        — Narras, jaun agurgarri hori, narras.

        — Zuk narras maite gaitzazu, txukun edonork maite gaitu eta. Ona, oso ona!

        Txitxikov aldarte izugarri oneko zegoen; halako berotasun bat sumatzen zuen barnean.

        — Jaun agurgarri hori! —esan zuen.

        — Zer? —esan zuen jeneralak.

        — Bada oraindik beste istorio bat.

        — Zein?

        — Oso istorio barregarria da, baina niri ez dit batere barregurarik ematen. Dena dela, entzun nahi baduzu...

        — Konta ezak!

        — Entzun, bada, jaun agurgarri hori!

        Txitxikovek ingurura begiratu zuen, eta, gelazaina pitxerrarekin alde egina zela ikusirik, honela hasi zen:

        — Badut osaba bat, zahar okitua bera. Hirurehun arima ditu, eta ni naiz oinordeko bakarra. Oso zaharra denez, ezin du etxaldea gobernatu, baina ez du nire esku utzi nahi. Oso arrazoi bitxia ematen du horretarako: «Ez dut iloba ezagutzen; litekeena da etxekaltea izatea. Fidatzekoa dela erakusten badit eta bere kabuz hirurehun arima eskuratzeko gai bada, nire hirurehun arimak emango dizkiot».

        — Bai ergela!

        — Oso oharpen zuzena egin duzu, jaun agurgarri hori. Baina pentsa ezazu nolako egoeran nagoen... —Txitxikovek, burua beheratu, eta ahapeka esan zion—: Etxean bada giltzain bat, jaun agurgarri hori, hainbat umeren ama. Argi ibiltzen ez banaiz, haientzat izango da dena.

        — Burutik zegok agure txotxolo hori! —esan zuen jeneralak—. Hala ere, ez zekiat zer egin dezakedan hiri laguntzeko.

        — Nik badut ideia bat, jaun agurgarri hori. Gaur egun, nekazarien errolda berritu bitartean, etxalde handiak dituzten lurjabeek batera dauzkate erroldaturik arima guztiak: biziak, hilak eta ihes eginak... Orduan, esaterako, hil zaizkizun nekazariak bizirik baleude bezala emango bazenizkit, dagokion eroste-agiria eginik, nik eroste-agiri hori erakutsiko nioke osaba zaharrari, eta berak, nahitaez, niri utzi beharko lidake ondarea.

        Barrez lehertu zen jenerala, ezein gizakik sekula egin ez bezalako barreak eginez: zegoen zegoenean, ziplo erori zen besaulkian, burua atzera eraman, eta gutxigatik ez zen ito. Asaldatu egin zen etxe osoa. Agertu zen gelazaina. Lasterka etorri zen alaba, izuturik.

        — Zer gertatzen zaizu, aita?

        — Ezer ez, laztana. Ja, ja, ja! Itzuli zure gelara, gu oraintxe joango gara jantokira. Ja, ja, ja!

        Zenbait aldiz itotzeko zorian egon ondoren, indar berriz jalgi zen jeneralaren barrea, eta haren algara ozenek etxeko gela guztietan durunditu zuten, sarreratik hasi eta ganbararaino.

        — Barka ezak, adiskidea, baina horrelakorik bururatzea ere! Ja, ja, ja! Arima hilak bizirik baleude bezala aurkeztea, hori opari polita zaharrarentzat! Ja, ja, ja, ja! Osaba, osaba! Bai kokoloa hire osaba! Ja, ja, ja, ja!

        Txitxikov urduri zegoen: aurrez aurre zuen gelazaina, ahoa zabal-zabalik eta begiak arranpalo.

        — Jaun agurgarri hori, barregura barik negargura ematen dit niri istorio horrek... —esan zuen.

        — Barkatu, adiskidea! Barrez lehertzeko modukoa duk, ordea! Bostehun mila errublo emango nitizkek hire osaba ikustearren arima hilen eroste-agiria aurkezten dioanean. Oso zaharra da? Zenbat urte ditu?

        — Laurogei, jaun agurgarri hori. Baina... zera... nahiago nuke kontu hau isilpean gordetzea...

        Txitxikovek oso modu adierazgarrian begiratu zion jeneralari aurpegira, eta, aldi berean, begi-bazterraz gelazainari.

        — Hoa, geroxeago deituko diat berriro —esan zion jeneralak gelazainari. Han joan zen bibotetsua.

        — Bai, jaun agurgarri hori... Hau, jaun agurgarri hori, hain da kontu labaina..., zera, nahiago nuke isilpean gordeko bagenu...

        — Jakina, oso ondo ulertzen diat. Bai ergela agurea! Hain gizon zoroa laurogei urte betetzera iristea ere! Eta nolako itxura du? Kementsua da? Hankek eusten diote oraindik zutik?

        — Eusten diote, bai, baina nekez.

        — Bai ergela! Badu hortzik oraindik?

        — Bi bakarrik, jaun agurgarri hori.

        — Astakirtena halakoa! Aizak, adiskidea, ez haiz haserretuko, ezta? Astakirten hutsa duk, bai?

        — Bai horixe, jaun agurgarri hori. Familiakoa dut, baina, zaila bazait ere, onartu beharra daukat baietz, astakirten hutsa dela.

        Nolanahi ere, irakurlea aise konturatuko zenez, Txitxikovi ez zitzaion batere zaila onartzea osaba astakirten hutsa zela, batez ere kontuan izanik sekula ez bide zuela horrelako osabarik izan.

        — Beraz, jaun agurgarri hori, ondo baderitzozu, eskertuko nizuke...

        — Arima hilak ematea? Gustura emango dizkiat hain adar-jotze politerako, lur, etxe eta guzti gainera! Har ezak hilerri osoa! Ja, ja, ja, ja! Hori agurea, hori! Ja, ja, ja, ja! Ergela benetan! Ja, ja, ja, ja!

        Eta jeneralaren barreek berriro durunditu zuten jeneralaren etxeko gela guztietan.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia