Hamaikagarren kapitulua

 

        Baina Txitxikovek asmatu zuenaz bestera gertatu zen dena. Lehenik, nahi baino beranduago esnatu zen. Hori izan zuen lehen nahigabea. Ohetik jaiki, eta galdetu zuen ea prest zegoen britxka eta gainerako guztia, baina jakinarazi zioten ezer ez zegoela prest oraindik, ez britxka eta ez gainerako guztia. Hori izan zuen bigarren nahigabea. Sutan jarri zen. Gure adiskide Selifani jipoi ederra emateko gertu, egonezinik geratu zen haren zain, nolako aitzakiak asmatuko ote zituen bere burua zuritzeko. Handik gutxira, atean agertu zen Selifan, eta azkar ibili beharra dagoenean zerbitzariek esan ohi dituztenak entzun behar izan zizkion nagusi jaunak.

        — Kontua da zaldiak ez daudela ferraturik, Pavel Ivanovitx.

        — Astaputza halakoa! Babo arraioa! Zergatik ez didak lehenago esan? Ez al duk horretarako denborarik izan, ala?

        — Denbora izan dut, bai... Gainera, estutu egin behar da gurpil baten uztaia, bidean zulo asko dago eta litekeena da edonoiz askatzea... Eta, zure baimenarekin, beste gauza bat ere esan behar dizut, jauna: endaitza guztiz koloka dago, ez du bi egun iraungo apurtu gabe.

        — Doilor malapartatu hori! —esan zion Txitxikovek oihuka, besoak airean jasorik, eta hainbeste hurbildu zitzaion, ezen Selifan, nagusiarengandik oparitxoren bat jasoko ote zuen beldurrez, gorputza pixka bat atzeratu eta alde batera baztertu baitzen—. Ni hiltzea erabaki duk, ala? Nagusi jaunari lepoa mozteko asmoa huen, ala? Bide handian nagusi jaunari lepoa mozteko asmoa huen, ezta, gizagaizto horrek? Astakirten madarikatua! Urde zikina! Hiru aste egon gaituk hemen, bai?, eta orain arte ez didak tutik ere esan, alproja horrek!, orain hator kontu horiekin, orain, bai?, azken orduan, alde egin beharra daukagunean, kotxera igo eta abiatzeko unean. Ederra egin didak, alajaina! Ze hik bahekien hori guztia, bai? Bai? Erantzun! Bahekien hori guztia? Esan! Bahekien! Eh?

        — Bai, banekien —erantzun zuen Selifanek, burua makurturik.

        — Eta zergatik ez didak ezer esan orain arte?

        Selifanek ez zion ezer erantzun galdera horri, baina, burumakur, bazirudien honela zioela bere artean: «Zail da ulertzen, bai?: banekien eta ez dizut ezer esan!».

        — Hoa ziztu bizian arotzaren bila. Bi ordu barru dena konpondurik ikusi nahi diat. Entzun duk? Bi ordu barru. Bestela, bestela... lepoa bihurrituko diat! —Haserre bizian zegoen gure protagonista.

        Aterantz jiratu zen Selifan, nagusiaren agindua betetzera joateko, baina gelditu egin zen, eta esan:

        — Beste gauza bat, jauna: hobe zaldi izpilduna saltzen baduzu. Izugarri maltzurra da, Pavel Ivanovitx, traba besterik ez du egiten.

        — Bai, oraintxe bertan salduko diat azokan! Horrelakorik!

        — Benetan, Pavel Ivanovitx, oso maltzurra da. Tiratzen duelakoa egiten du, baina itxura hutsa da. Ez dut beste inon horrelako zaldirik ikusi...

        — Ergela ez bestena! Gogoak ematen didanean salduko diat. Ez hasi eztabaidatzen! Oraintxe bertan arotza ekartzen ez baduk eta bi ordu barru dena prest ez badago, sekulako astindua emango diat..., herorrek ere ez diok heure aurpegiari antzik emango horren ondotik! Utikan! Ospa!

        Gelatik irten zen Selifan.

        Txitxikovek, amorruaren amorruz, lurrera jaurti zuen sablea, aldean eramaten baitzuen beti bidaietan, behar adinako beldurra eta begirunea sorrarazteko asmo gaiztoko jendearengan. Ordu laurden bat eta gehiago egon zen arotzekin prezioaz eztabaidatzen, zeren arotz haiek —arotz guztiak bezala— zital hutsak baitziren, eta, lana laster egitekoa zela ikusirik, ohikoa baino sei aldiz gehiago eskatu zioten. Txitxikovek, beroaldirik handienean, lapurrak deitu zien, litxarreroak, atzapar-luzeak, Azken Judizioa ere aipatu zien, baina arotzek, batere ikaratu gabe, irmo eutsi zioten eskatutakoari, eta, prezioa ez beheratzeaz gain, bi ordu barik, bost eta erdi jardun zuten lanean. Bitartean, bidaiari guztiek hain ondo ezagutzen dituzten abiatu nahi eta ezineko minutu horien mingotsa dastatzeko aukera izan zuen Txitxikovek: eraman beharreko guztia maletan sarturik dago, eta gelan lokarriak, papertxoak eta denetariko zaborrak baizik ez dira geratzen; bidaiaria oraindik ez da bidearena, baina dagoen lekuarena izateari utzi dio jadanik; leihotik begiratzen die kaletik igarotzen direnei: astiro doaz, beren diru-arazoez hizketan, jasotzen dituzte begiak berarenganantz eta so gelditzen zaizkio lipar batez, ikusmin ergela agertuz, eta aurrera egiten dute gero, eta horrek areago sumintzen du abiatu ezinik dagoen bidaiari dohakabearen gogo haserrea. Gogaikarri zaio dena, hala leiho aurreko dendatxoa, nola kalearen beste aldeko etxean bizi den emakume zaharraren burua, zeina sumatzen baitu leihoko errezel laburren artean. Itsusi deritzo guztiari, baina ez da leihotik aldentzen, hortxe geratzen da, gogoa barreiaturik orain, arreta sorgortua kalean mugitzen den guztian berriro jarririk gero, eta, zeharo gogait eginik, hatzaz zapaltzen du kristalera burrunbaka hurbildu den euli bat. Baina amaiera dute gauza guztiek, eta heldu zen azkenean zorioneko unea ere: prest zegoen dena, zalgurdiaren endaitza behar bezala finkaturik zegoen, gurpilak uztai berria zeukan, uraskatik ekarri zituzten zaldiak, eta etxera joan ziren arotz lotsagabeak, bidaldi ona opa, eta lansaritzat jasotako errubloak behin eta berriro zenbatzen. Azkenik, uztartu zituzten zaldiak, bi opil bero sartu zituzten kotxean, erosi berriak, eta Selifanek, ordurako gida-aulkian eseririk, zerbait gorde zuen beretzat sakelan. Igo zen azkenean gure protagonista ere britxkara. Ostatuko morroiak, beti bezala lihozko jaka jantzirik, kapeluari airean eraginez agurtu zuen; kalera irten ziren ostatuko zerbitzari guztiak eta beste jaun batzuen lekaio eta gurdizainak ere, jaun atzerritarraren abiatzea ikusteko; eta, halatan, abiatzeetan gertatu ohi diren gauza guztiak gertatu zirela, ostatuko gurdi-atetik irten zen britxka, hirian hain luzaro egon den eta, beharbada, honezkero irakurleak aspertu dituen britxka hori, mutilzaharrek erabili ohi dituzten horietakoa. «Jainkoari eskerrak!», pentsatu zuen Txitxikovek, eta aitaren egin zuen. Selifanek indarrez dantzatu zuen zigorra. Handik gutxira, haren aldamenean eseri zen Petrushka, tarte batez oin-oholean zutik joan baitzen, harik eta gora bildu zuen arte. Gure protagonista, berriz, bizkar atzean larruzko bigungarri bat ipini, eta eroso jarri zen Georgiako tapizean, bi opil beroak azpian zapaldurik. Zalgurdia galtzadan jauzika eta zabuka hasi zen berriro, zeren eta, lehenago ere ikusi dugunez, harrizko bide hark edozer airean altxatzeko ahalmena baitzuen. Halako sentimendu zehazgabe batez begiratzen zien Txitxikovek etxeei, hormei, hesiei eta kaleei. Astiro geratzen ziren atzean, eta bazirudien haiek ere jauzika ari zirela. Jainkoak bakarrik zekien berriro ikusteko aukerarik izango ote zuen! Kalegurutze batera iritsirik, zalgurdia gelditu behar izan zuen Selifanek, kalea segizio azkengabe batek harturik baitzegoen luze-zabal osoan. Txitxikovek, burua leihotik atera, eta nor ehorztera zihoazen galdetzeko agindu zion Petrushkari, eta jakin zuen prokuradorea ehorztera zihoazela. Sentipen gozakaitz batek estuturik, zoko batean ezkutatu, larruzko bigungarria gainean ipini, eta errezelak hedatu zituen. Zalgurdia halabeharrez geldirik egon zen bitarte guztian, Selifan eta Petrushka, txanoa debozioz erantzirik biak, adi-adi begira egon ziren segizioan nor, nola eta non zihoan, eta kontatu egin zuten zenbat lagun zihoazen oinez eta zenbat zalgurdiz. Nagusiak agindu zorrotza eman zien diosalik edo hitzik ez egiteko lekaio ezagunei, eta kanpora begiratu zuen gero berak ere, herabeki, larruzko errezelen arteko irekigunetik: hilkutxaren atzean funtzionario guztiak zihoazen, oinez eta kapelua eskuan. Beldur zen britxka ezagutuko ote zuten, baina funtzionarioak ez zeuden horri arretarik jartzeko aldartean. Eguneroko bizitzaren gorabeherez ere ez ziren mintzatzen, nahiz eta jendeak horretaz hitz egin ohi duen hiletetan. Nork bere baitara bihurturik zeuzkan gogoeta guztiak, denak pentsatzen ari ziren nolakoa izango zen gobernadore militar berria, nola beteko zuen bere eginkizuna eta nola tratatuko zituen. Damak, kapelu beltzez jantzirik, hainbat karrozatan zihoazen funtzionarioen atzean. Ezpainen eta eskuen mugimenduek salatzen zuten berriketan ari zirela gogo biziz; beharbada, gobernadore militar berria zuten mintzagai haiek ere, eta, seguraski, antolatuko zituen dantzaldiez ari ziren, beren soinekoetako farfail eta brodatuez kezkaturik, beti bezala. Karrozen ondotik drojki huts batzuk zetozen, lerro-lerro; haiek ziren segizioaren amaiera, eta gure protagonistak aurrera jarraitu ahal izan zuen azkenean. Larruzko errezelak bildu, hasperen egin, eta hunkiturik esan zuen bere artean: «Horra prokuradorea! Sasoi ederrean zegoan, eta hil egin duk bat-batean! Orain, egunkari guztietan idatziko ditek hil egin dela herritar zintzo bat, aita familiako on bat, senar ereduzko bat, eta esango ditek bihotza doluminez dutela haren mendeko guztiek eta gizadi osoak; gauza asko idatziko ditek hari buruz. Seguraski, gaineratuko ditek alargunaren eta zurtzaren negarrek langundu ziotela hiletan. Nolanahi ere, gauzak ondo aztertuz gero, edonor konturatzen duk bekain iletsuak beste berezitasun nabarmengarririk ez zuela». Arinago joateko agindu zion Selifani, eta, bitartean, bere artean pentsatu zuen: «Dena dela, eskerrak segizioarekin topo egin dugun; diotenez, zorte ona zekarrek hil batekin topo egiteak».

        Britxkak, bitartean, kale bakartiagoetara jo zuen. Handik gutxira, oholesi luzeak baizik ez ziren ikusten inguruan, hiriaren amaieraren iragarle. Bukatu zen galtzada, atzean geratu ziren langa marraduna eta hiria, eta bidean aurkitu zen berriro Txitxikov. Eta berriz ere azaldu ziren bide nagusiaren alde banatan mugarriak, posta-geltokietako arduradunak, putzuak, orga-ilarak, herrixka grisak beren samovarrekin eta beren emakumeekin, bizar luzeko ostalari bizkorra —ostatutik lasterka irten berria, eskuan oloa daramala—, bere lapti higatuekin zortziehun versta ibili dituen arlotea, nolanahi eraikitako herrixkak beren dendatxo zurezkoekin —non irina, laptiak, opilak eta denetariko zirtzileriak saltzen baitituzte—, langa koloretsuak, konpontzen amaitu gabeko zubiak, ordoki amaigabeak bi aldeetan, lurjabeen orgatzarrak, soldadu bat zaldi gainean —herrestan eramanez «Artilleriako hainbatgarren bateria» idatzirik daukan kutxatzar berde bat, berunezko balaz betea—, soro berdeak eta horiak, eta lur beltzeko alor irauli berriak estepan han-hemenka barreiaturik, abesti urrun baten doinua, pinuen adaburuak laino artean, kanpai-hotsa urrunago, bele beltzak nonahi, zerumuga azkenik gabea... Rus! Rus! Ikusten zaitut, Rus! Hortxe ikusten zaitut nire urruntasun liluragarri, eder honetatik: behartsu, eragabe, zakar; ikusmenean ditut hemen naturaren harrigarri mutiriak artearen harrigarri mutiriek koroaturik, leiho ugariko jauregi garaiz josiriko hiriak haitzen erpinetan, zuhaitz pintagarriak, huntza etxeetako hormei itsatsirik, ur-jauzi burrunbatsuetako ur-hauts betierekoa lagun; ikusmira horrek ez dit, haatik, begirada alaitzen —ezta izutzen ere—, ez dut burua atzera bihurtzen airean amaierarik gabe pilaturiko harritzarrak ikusteko, zeren eta igarobidea eragozten baitiote haien distirari hemengo arku ilunek —bata bestearen gainean altxaturik, mahatsondo bihurriek, huntzak eta ezin zenbatuzko sasi-arrosek harturik—, eta ez didate ikusten uzten mendi dizdizarien lerro amaigabeak han urrun, zilar koloreko zeru gardenaren azpian. Zu, ordea, zabala zara, inorgabea, berdina; atzemangaitzak dira zure hiri zapalak eremu lau horretan, puntuak edo orbantxoak dirudite zabaldiaren erdian; ezerk ez du begirada liluratzen, ezerk ez ditu begiak xarmatzen. Zer indar ulergaitz eta misteriotsuk erakartzen nau, bada, zuregana? Zergatik entzuten dut, etengabe, zure luze-zabal osoan barrena hedatzen den kanta tristea?, zergatik iristen da, itsasoz itsaso, nireganaino? Zer du kanta horrek? Zer ari zait doinu horretatik deika, zer ari zait negarrez, zerk heltzen dio nire bihotzari? Mingarriro laztantzen nau haren oihartzunak, arima barruraino sartzen zait, bihotzaren inguruan kiribiltzen da. Zer du doinu horrek? Rus! Zer nahi duzu niregandik? Zein da gure arteko lokarri ezkutua? Zergatik begiratzen didazu horrela? Zure baitan dagoen guztiak zergatik zuzentzen ditu nireganantz bere begi itxaropenez beteak? ... Hemen nauzu, txunditurik, geldi-geldirik, euriz zamaturik datorren hodei astun ilunak adimena itzaltzen didala, mutu pentsamena zure zabaltasun azkengabearen aurrean. Zer iragartzen du zure zabaltasun bazterrik gabeak? Hain mugagabea zarenez, ez da zure baitatik sortuko pentsamendu amaigaberik? Ez da bogatir bat bera ere zure eremu zabal horietan, ibiltzeko eta mugitzeko hain leku handia edukirik? Larderiatsu inguratzen nau zure zabaltasun ahaltsuak, indar izugarriz islatzen da nire sakonean, naturaz gaindiko ahalmenaz argitzen dizkit begiak. Ah!, zein urruntasun distiratsua, miragarria, Lurrean parerik gabea! Rus!

        — Gelditu, gelditu, ergel hori! —egin zion oihu Txitxikovek Selifani.

        — Sablekada ederra emango diat! —esan zion garrasika bibote izugarri luzeko mezulari militar batek, zaldiaren eginahal guztian hurbildurik—. Deabruak eraman dezala hire arima, ez al duk ikusten Estatuaren gurdi bat datorrela? —Eta, ikuspena bailitzan, troika bat igaro zen ziztu bizian, zalapartaka eta hautsa harrotuz.

        Bidea! Zein liluragarria hitz hori, zein erakargarria, zein miragarria!, eta zein miresgarria bidea bera: egun eguzkitsua, udazkeneko orbela, haize hozkirria..., ondo loturik daramagu longaina, belarrietaraino sarturik txanoa, estu eta eroso kuzkurturik gaude zalgurdiko zoko batean! Hotzikarek azken aldiz astintzen dituzte gorputz-atalak, eta epeltasun gozo batek hartzen du laster haien tokia. Lauoinka bizian doaz zaldiak... Zein modu tentagarrian agertzen den, itzalgaizka, logalea!; ixten zaizkizu begiak, eta erdi lo entzuten duzu Ez da zuria elurra kanta, zaldien arnasestua, gurpilen zarata, eta zurrungan hasten zara, bidelaguna bazterrean estuturik daukazula. Esnatzen zara: bost posta-geltoki geratu dira atzean; ilargia, hiri ezezagun bat, zurezko kupula zaharrekiko eta erpin belztuekiko elizak, enborrezko etxe ilunak eta harrizko eraikin zuriak. Ilargiaren distira hor-hemen: badirudi oihalezko zapi zuriak zabaldu dituztela hormetan, galtzadan, kaleetan; itzalek, ikatza bezain ilun, saldoka zeharkatzen dituzte ilargi-izpiak; zurezko teilatuek zeharka distiratzen dute ilargiaren argitan, metal dizdizari baten antzera, eta ez da inon inor ageri, lo dago dena. Soil-soilik, argitxo banaka batzuek argi motela egiten dute han-hemenka etxeetako leihatiletan: zapatagina bota-parea josten, okina lantsu labearen alboan; baina nori axola haiek? Ah, gaua!, zeruetako indarrok!, nolako gaua goialde horretan! Nolako airea, nolako zerua, urruna, garaia, han, bere sakontasun iristezin horretan, hain luzea, zabala, argitsua eta hotsez betea!... Baina gaugiro hozkirriak begiak astuntzen dizkizu berriro, eta, gauaren arnasa hotzak urrumaturik, logaletu egiten zara, eta lokartu, eta zurrungaka hasi, eta bidelaguna haserre bihurritzen da bere tokian, zure gorputzaren zamak zoko batean zapaldurik baitauka gizagaixoa. Esnatzen zara, eta berriro dakusazu aurrean estepa inorgabea, etxerik gabeko eremu zabala, dena berdina eta laua. Mugarri zenbakidunak arin igarotzen dira zure begien aurretik; urratzen ari da eguna; urre koloreko zerrenda zurbil bat atzematen da ortzemuga hotz urdintzen hasian; hotzago eta zakarrago jotzen du haizeak: estuago lotu behar longain berogarria! ... Bai hotz atsegina!, bai gozoa zutaz berriro jabetzen den logalea! Astindu bat, eta berriz iratzartzen zara. Eguzkia zeru goienean dago. «Arinago!, arinago!», dio ahots batek; telega bat bizkor doa aldapa piko batean behera: presa handi bat dago behean, eta ur gardeneko urtegi zabal bat, distiratsu eguzkiaren azpian, hondoa kobrezkoa balu bezala; herri bat, izbak mendiaren hegalean barreiaturik; izarren antzera distiratzen du gurutzeak herriko elizan; mujiken hitz-jario oparoa, eta ezin eramanezko gosea sabelean... Ene Jainkoa!, zein ederra zaren batzuetan, bide urrun, urrun hori! Hainbat aldiz jo dut zuregana, hilzorian eta itotzear, eta zuk, gogo zabalez, arnasa eman, eta salbatu egin nauzu beti! Zenbat asmo miresgarri sortu diren zure baitan!, zenbat amets poetiko, zenbat zirrara gozo eragin dituzun!... Baina gure adiskide Txitxikovek une horretan zituen ametsak ere ez ziren batere arruntak. Ikus dezagun, bada, zer sentitzen zuen. Hasieran ez zuen ezer sentitzen, atzera begiratu besterik ez zuen egiten, hiritik atera zela egiaztatzeko irrikaz; baina noizbait ikusi zuen hiria aspaldi ezkutatu zela begien bistatik eta ikusmenean ez zegoela aroztegirik, ez errotarik, ez hirien inguruan egon ohi diren gauzen aztarnarik, eta harrizko elizen gailur zuriak aspaldi berdindu zirela lurraren azalarekin, eta, orduan, bidean jarri zuen arreta guztia, ezkerretara eta eskuinetara soilik begiratzen zuen, N hiria oroimenetik ezabatu balitzaio bezala, antzina, haurtzaroan zeharkatu balu bezala. Azkenean, bideaz arduratzeari utzi zion; begiak itxi, eta bigungarrian jarri zuen burua. Autoreak aitor du oso pozgarri zaiola hori, bere protagonistaz hitz egiteko aukera emango dio eta; zeren, izan ere, irakurleak ikusi duenez, orain arte behin eta berriro eragotzi baitiote hori, noiz Nozdriovek, noiz dantza-saioek, noiz damek, noiz hiriko zurrumurruek eta, azkenik, liburuetan irakurtzen ditugunean soilik huskeriatzat hartzen ditugun baina benetan gertatzen direnean berebiziko garrantzia dutela irizten diegun huskeria horiek. Baina, orain, utz dezagun alde batera hori guztia eta gatozen harira itzulinguru gehiagorik gabe.

        Nago irakurleei ez zaiela atsegin hautatu dugun protagonista. Damek ez dute batere gogoko izango, zalantzarik gabe esan ahal dugu hori, zeren damek akatsik gabeko heroi beteginak eskatzen baitituzte, eta protagonistak ariman edo gorputzean orbantxorik izanez gero, harenak egin du! Nahiz eta autoreak haren arimaren barru-barruraino sartu, nahiz eta ispilu batek baino argiago islatu haren irudia, ez diote ederretsiko. Loditasuna eta tarteko adina ere oso kaltegarri zaizkio Txitxikovi: eleberrietako protagonistei inola ere ez diete barkatzen loditasuna, eta dama gehienek, bizkarra emanik, esango dute: «Ene, bai gizon nazkagarria!». Jakin, autoreak badaki hori guztia, eta, hala ere, ezinezko zaio gizon presturik hartzea protagonistatzat, baina..., agian, oraingoz askatu gabeko hariak ukituko ditugu eleberrian, litekeena da nonbait agerraraztea errusiar arimaren oparotasun neurrigabea, edo Jainkoak behar bezalako kemenez hornituriko gizasemeren bat, edo Errusiako neskagazte xarmagarri horietakoren bat, muduan berdinik gabea, emakumezkoen arimaren edertasun zoragarri guztiarekin, pairakorra eta bihotz-zabala. Beste enda guztietako gizabanako prestuek hilotzen antza izango dute haien aldean, hala nola liburuek hilak baitirudite hitz bizien aldean! Nabarmen geratuko da errusiarron barne-indarra... eta argi ikusiko da zein erro sakonak egin dituen eslabiarrengan beste herriak azaletik soilik ukitu dituen dohain horrek... Baina zergatik eta zertarako aurrea hartu gertakizunari? Ez da gisakoa autorea horrela berotzea, gaztetxo baten antzera: izan ere, antzinatxo dago adinean sarturik, zorroztasunez hezi zuten barne-bizitzarako, eta bakartasunak ematen duen zentzutasuna du ezaugarri. Gauza bakoitza bere garaian, bere lekuan, bere tenorean! Kontuak kontu, ez dugu gizon presturik hautatu protagonistatzat. Eta badugu esaterik zergatik jokatu dugun horrela: badelako garaia gizon prestu errukarriari atseden emateko; alferrik erabiltzen dugulako ahoan «gizon prestu» hitza; gizon prestua zaldi bihurtu dutelako, eta ez dago haren gainera igo ez den idazlerik, zigorraz edo eskueran duen edozerez joka; hainbesteraino ahitu dutelako gizon prestua, ezen ez baitzio geratu prestutasunaren arrastorik, eta saihets-hezurrak eta azalmintza besterik ez du gorputzaren tokian; toleskeriaz deitzen diotelako gizon prestuari; ez dutelako errespetatzen gizon prestua. Ez, iritsi da azkenean gizon zitalen txanda. Hel diezaiogun, bada, zitalari!

        Etorki ilun eta apaleko gizona zen gure protagonista. Aitoren seme-alabak zituen gurasoak, baina Jainkoak bakarrik daki jatorriz ziren aitoren seme-alabak ala eginiko zerbitzuak saritzeko eman zieten gizarte-maila jaso hori. Txitxikovek ez zuen haien antzik; behinik behin, jaiotzaren lekuko izan zen ahaide batek —emakume xehe, txikitxo eta zatarra bera, jendeak kakanarru deitzen dien horietakoa— honela esan zuen haurra besoetan hartu zuenean: «Ez da nik espero nuen bezalakoa! Hobe amaldeko amonaren antza balu, baina ez, esaera zaharrak dioen bezalaxe jaio da hau: kaleko edozein mutilen berdina, ez amaren edo aitaren moldean egina». Hotz eta batere gozotasunik gabe begiratu zion bizitzak hasieran, elurrez estaliriko leihatila lausotu batetik zehar bezala: lagunik ez haurtzaroan, adiskiderik ez! Uda zein negu, inoiz irekitzen ez zituzten leiho txikiekiko gelatxo bat goiko solairuan; aita beti gaixorik, astrakan-larruzko jaka luzea soinean eta puntuzko txapinak oin biluzietan, hara-hona gelan barrena, denbora guztian zinkurinka eta bazter batean zegoen listuontzi batera tuka; jarlekuan eseririk beti, idazluma eskuan, hatzak eta ezpainak tintaz zikindurik, esaera zahar berbera begien aurrean beti: «Ez gezurrik esan, men egin zaharrei eta eraman ezazu bertutea bihotzean»; zorua herrestan zapaltzean txapinek ateratako hots etengabea, eta, noizean behin, lan beti-berdinak asperturik haurrak letrei buztantxo edo adartxoren bat eransten zienean, «Berriz ere zozokerietan!» esaldia, ahots ezagun baina latz batek esana, eta, hitz horien ondotik, ohiko sentipen beti gozakaitza, atzealdetik berarenganaino hedaturiko hatz luze batzuetako azazkalek belarriak oso modu mingarrian bihurritzen zizkiotenean: horra lehen haurtzaroko koadro goibela, zeinaren oroitzapen lauso bat besterik ez baitzuen gordetzen. Baina, bizitzan, laster eta biziro aldatzen da dena: egun batean, udaberriko lehen eguzkiarekin eta ibaiak gainez eginik zetozela, aitak semea hartu, eta berekin eraman zuen telega ziztrin batean. Zaldi-tratulariek mika esaten dieten zalditxo zuri-horixka horietako batek tiratzen zuen gurditik. Gidaria, berriz, gizontxo konkordun bat zen, Txitxikoven aitak etxeko zeregin gehientsuenez arduratzeko zuen jopu-familia bakarraren burua bera. Bi eguneko bidaia egin zuten, mikak eramanik; bidean bertan igaro zuten gaua, ibai bat zeharkatu zuten, ahari-errea eta opil hotzak jan zituzten, eta hirugarren eguneko goizean iritsi ziren hirira. Haurra, hiriko kaleak ikusirik, aho zabalik geratu zen puska batean, hain utzi zuen txunditurik haien handitasun ustekabekoak. Gero, mika telegarekin batera sartu zen sakongune batean, lokatzez beteriko kale mehar eta oso aldapatsu bat hasten zen tokian bertan. Luzaz jardun zuen zaldiak han lanean, hanken ahal guztian lokatzari eraginez, konkordunaren eta nagusiaren deiadarrek akuilaturik, eta, azkenean, maldaren erdian zegoen patio txiki bateraino eraman zituen. Lorez oparo jantziriko sagarrondo bi ageri ziren etxetxo zahar baten aurrean, eta itxura kaxkarreko lorategi xehe bat atzean, otsalizarra eta intsusa beste landarerik gabe; zurezko etxola zahar bat atzematen zen lorategiaren hondoan, zuhaixkek ezkutaturik, oholtxo batzuk teilatutzat eta beira iluneko leihatila estu batekin. Haien ahaide bat bizi zen han, atso zimel bat, zeina, urteek makaldurik egonagatik, goizero joaten baitzen azokara, eta, etxera itzulitakoan, samovarraren alboan ipintzen zituen galtzerdiak, lehor zitezen. Txerazko zapladatxo batzuk eman zizkion haurrari masailetan, haren mardultasuna miretsiz. Han geratu behar zuen mutilak, egunero hiriko eskolara joateko. Aitak, gaua ahaidearen etxean igaro, eta biharamunean bertan hartu zuen berriro etxeko bidea. Elkarrengandik bereizteko unean aitaren begiek ez zuten malkorik isuri; berrogeita hamar kopek eman zizkion semeari —gastuetarako eta gozokiak erosteko—, baita aholku zuhur batzuk ere, askoz garrantzitsuago baitzeritzon horri: «Hara, Pavlusha, ikasi, zintzoa izan eta ez egin inozokeriarik, eta, batik bat, atsegin eman irakasleei eta eskolaburuei. Ikasketetan aurrerapenik egin ez arren eta Jainkoak berebiziko adimenez hornitzen ez bahau ere, heure nagusiei atsegin ematen badiek, ondo aterako zaik dena eta atzean utziko dituk besteak. Ez izan harremanik ikaskideekin, haiek ez diate-eta ezer onik irakatsiko; dena dela, harremanik izanez gero, aberatsenak hartu adiskidetzat: agian, onuragarri izango zaizkik egunen batean. Ez egin oparirik, ez eskaini ezer inori, baina gogo onez hartu besteek hiri emaniko guztia, eta, batez ere, zaindu kopek bakoitza: dirua duk mundu honetako gauzarik seguruena. Adiskideek eta lagunek iruzur egingo diate, eta beste edonork baino lehenago baztertuko haute zorigaiztoko uneetan; diruak, aldiz, sekula ez hau bazterrera utziko, aldean izango duk beti, baita bizitzako atakarik gaiztoenetan ere. Diruak dena lortzen dik mundu honetan, edonoren bihotza biguntzeko gai duk». Aholku horiek emandakoan, semearengandik bereizi zen aita, eta etxera itzuli zen bere zamalkoarekin; Txitxikovek ez zuen gehiago ikusi, baina haren aholkuak eta hitzak sakon erroturik geratu zitzaizkion gogoan.

        Pavlusha biharamunean bertan hasi zen eskolara joaten. Ez zuen gaitasun handirik edo dohain berezirik ikaskuntzarako; ardura eta txukuntasuna ziren haren ezaugarri nagusiak; gauza praktikoetarako, ordea, oso buruargia zen. Berehala atzeman zion bizitzaren nondik norakoari, ondo asko ulertu zuen nola jokatu behar zuen eskolako mutilekin: opariak egiten zizkioten, baina berak ez zien ezer doarik ematen, eta, batzuetan, jasoriko oparia gorde, eta oparigileari berari saltzen zion geroago. Artean haurra zelarik, beraz, bere buruari gauzak ukatzen ikasi zuen. Kopek bat bera ere ez zuen gastatu aitak emaniko dirutik; alderantziz, handitu egin zuen hasierako diru-kopurua urte hartan bertan, ezohiko trebetasuna erakutsiz: argizariz txonta bat egin, margotu, eta etekin ederra atera zuen, lagun bati saldurik. Gero, bestelako salerosketei ekin zien denboraldi batez: azokan jakiak erosi, ikasgelan aberatsenengandik hurbil eseri, eta, haietakoren bati goragaleak hasten zitzaizkiola ohartu bezain laster —goseak zegoelako seinale baitzen hori—, gozoki edo opiltxo bat ateratzen zuen, bestela bezala, eserlekuaren azpitik, eta janguraren araberako prezioan saltzen zion. Bi hilabetez, jo eta ke aritu zen bere gelan, atsedenik hartu gabe, zurezko kaiola txiki batean sarturik zeukan sagu bat hezten, eta, ekinaren ekinaz, lortu zuen azkenean sagua beraren esanera etzatea, zutitzea eta atzeko hanken gainean esertzea, eta oso garesti saldu zuen orduan. Bost errublo bildu zituenean, diru-zorrotxoa josi eta beste bat betetzeari ekin zion. Are buruargitasun handiagoaz gobernatzen zen irakasle eta eskolaburuekiko harremanetan. Inor ez zen gai bera bezain geldi egoteko jarlekuan eseririk. Oharrarazi beharra dago irakasleak biziki maite zituela isiltasuna eta zintzotasuna, eta ezin zituela jasan adimen zorrotz eta biziko mutilak, beraren lepotik trufa egitea beste asmorik ez zutela iruditzen zitzaion eta. Baten bat nabarmentzen bazen gainerakoak baino buru-jantziagoa izateagatik, aski zuen zirkinik txikiena egitea edo oharkabean bekaina mugitzea irakaslea sutan jar zedin. Ikasgelatik egotzi eta gupidarik gabe zigortzen zuen. «Errotik erauziko diat nik harrokeria eta ozartasun guztia! —esaten zion—. Ondo asko ezagutzen haut, herorrek heure burua baino askoz ere hobeto. Belauniko jarriko haut!, gosea zer den erakutsiko diat!» Eta mutiko dohakabeari, zergatik jakin gabe, gogortu egiten zitzaion belaunetako azala, eta egunak egoten zen goseak amorratzen. «Adimena eta ikasteko gaitasuna? Txatxukeriak! —esaten zuen irakasleak—, nik jokaera bakarrik hartzen dut kontuan. Tutik jakin ez arren behar bezala jokatzen duenari puntuaziorik handiena emango diot ikasgai guztietan; gogo-gaiztoa eta isekaria dela antzematen diodanari, ordea, zero biribil-biribila, Salomon baino askoz jakintsuagoa bada ere!» Hala mintzatzen zen irakaslea, eta heriozko gorrotoa zion Krilovi, zera esan zuelako: «Mozkortia bazara ere, bejondeizula, baldin eta buru argia baduzu». Aurpegia eta begiak atseginez dirdirka kontatzen zuen beti nola, lehenagoko garai batean irakasle jardun zuen eskolan, hain izaten zen handia isiltasuna, ezen eulien hegaldiaren hotsa entzun baitzitekeen, eta nola ikasleek ez zuten behin ere eztulik edo zintzik egin ikasturte osoan, eta nola txilinak jo arte ez zegoen jakiterik ikasgelan inor bazegoen ala ez. Txitxikovek berehala igarri zuen nolako aiurria zuen irakasleak eta nola jokatu behar zen berarekin. Geldi-geldirik egoten zen eskola-orduetan, begiak edo bekainak behin ere mugitu gabe, nahiz eta atzekoek atximur egiten zioten behin eta berriro; txilina entzun bezain laster, ziztu bizian zutitu eta, beste guztiei aurrea harturik, belarri-babesgarriekiko txanoa ematen zion irakasleari (belarri-babesgarriekiko txanoa erabiltzen baitzuen); txanoa emandakoan, lehena ateratzen zen ikasgelatik, eta, hanken eginahal guztian lasterka, bidean irakaslearekin bizpahiru aldiz topo egiten saiatzen zen, aldi bakoitzean txanoa begirunez erantzen zuela haren aurrean. Oso emaitza onak ekarri zizkion jokabide horrek. Eskolan egon zen denbora guztian, oso estimu handitan eduki zuten, eta, ikasketak amaitzean, hain portaera zuzenaren saria jaso zuen: ohorezko aipamena ikasgai guztietan, diploma, eta liburu bat honako eskaintza honekin, urrezko letretan idatzirik: ikasle saiatuari, bere jokaera ereduzko eta bikainarengatik. Eskolako ikasketak burutu zituenean, itxura ederreko gaztea zen, eta haren kokotsak bizar-labanaren premia zuen ordurako. Garai hartan, hil zitzaion aita. Ezer gutxi jarauntsi zion: higatuaren higatuaz ezin jantz zitezkeen lau elastiko, astrakan-larruz forraturiko bi jaka zahar eta diru-kopuru ezin urriago bat. Aitak, nabari zenez, besteri aurrezteko aholku zuhurrak eman bai, erraztasun handiz gainera, baina berak ez zuen diru askorik bildu. Txitxikovek mila errubloan saldu zituen berehala aitaren etxe zaharra eta alor apurrak. Jopu-familia, berriz, hirira aldatu zen, eta han jarri zen bizitzen, etxe batean zerbitzari. Sasoi hartan, eskolatik egotzi egin zuten isiltasuna eta jokabide laudagarria hain gogoko zituen irakasle errukarri hura, eregelkeriaren bat egin zuelako edo beste arrazoiren batengatik. Ondikoak mingosturik, edateari ekin zion, eta edanari emana egon zen diru guztia xahutu zuen arte; gaixorik, ahora eramateko ogi-puska bat ere gabe, nork lagundurik ez zeukala, bakar-bakarrik bizi zen gela ziztrin eta hotz batean, guztiek ahazturik. Ikasle ohiek —hainbatetan harrokeria eta ozartasuna leporatu zizkien ikasle buruargi eta azkar haiek berek—, haren egoera tamalgarriaren berri jakinik, dirua bildu zuten guztien artean, premiazko zitzaizkien gauza asko saldurik; Pavlusha Txitxikovek, batere ondasunik ez zuela aitzakiatzat jarririk, bost kopekeko txanpon xehe bat besterik ez zuen eman, eta ikaskide ohiek aurpegira jaurti zioten, esanez: «Zekena halakoa!». Irakasle dohakabeak eskuekin estali zuen aurpegia bere ikasle ohiek eginikoaren aditzea izan zuenean; haurtxo ahul baten antzera, negar-malko mardulak isuri zituen bere begi jadanik ilaunduetatik. «Jainkoak malkoak isurarazten dizkit heriotzaren atarian —esan zuen ahots ahulez, eta, Txitxikovek nola jokatu zuen azaldu ziotenean, hasperen sakona egin, eta gaineratu zuen—: Ah, Pavlusha!, nola aldatzen den gizabanakoa!, hain zen zintzoa, apala, otzana! Ziri ederra sartu zidan, bai, ziri ederra...»

        Nolanahi ere, ezin esan dezakegu gure protagonista hain latza eta bihozgabea zenik eta hain sorgorturik zeukanik sentimena, ezen ez baitzekien zer zen errukia eta gupida; gai zen besterenganako errukia eta gupida sentitzeko, eta prest egon ohi zen edonori laguntzeko ere, baldin eta, hori bai, laguntzeak ez bazuen esan nahi diru askorik ematea edo bere aurrezkiak ukitzea, diru hori ez ukitzeko erabaki sendoa hartua baitzuen; hitz batean, zehatz-mehatz betetzen zuen aitaren aholkua: aurreztu, zaindu kopek bakoitza, onuragarri izango zaik eta. Baina berez ez zen diruzalea, ez zuen dirua bera maite, ez zegoen zikoizkeriaren mende. Ez, ez zuten diru-goseak eta zekentasunak mugitzen. Esne-mamitan bizi nahi zuen, munduan diren erosotasun guztiekin; zalgurdiak, etxe sendo eta dotorea, jaki gozoak: horrelako bizimodua amesten zuen, hori zebilkion beti buruan. Horretarako zaintzen zuen kopek bakoitza, egunen batean hori guztia gozatu ahal izateko, alegia; bitartean, esku-eutsia izan behar zuen, hala besteekin nola bere buruarekin ere. Haren aldamenetik dirudunen bat bizkor igarotzen zenean drojki dotore batean, zaldiak edergailu aberatsez apaindurik, hari begira geratzen zen lurrari josirik, eta gero, lo luze batetik esnatu balitz bezala bere onera itzulirik, esaten zuen: «Bulegari arrunta zuan lehen hori, eta biribil mozturik eramaten zian ilea, mujikek bezala!». Aberastasuna eta ongizatea adierazten zuen guztiak halako zirrara berezi bat egiten zion, berak ere ezin uler zezakeena. Ikasketak amaitutakoan ez zuen atsedenik hartu nahi izan, hain zuen gogo bizia lehenbailehen hasteko lanean. Hala ere, diploma eta ohorezko aipamenak gorabehera, oso zaila gertatu zitzaion Estatuaren bulegoren batean lana lortzea. Bazterrik galduenean ere, handikiren baten babesa behar! Enplegu zirtzil bat eman zioten, urtean hogeita hamar edo berrogei errublo lansari. Baina erabaki zuen gogotik jardungo zuela lanean, oztopo eta eragozpen guztiak garaituz. Eta, izan ere, sekula ikusi ez bezalako pairamena, abnegazioa eta laztasuna erakutsi zituen. Goiz-goizetik arrats berandura arte aritzen zen lanean, etenik egin gabe, arimako zein gorputzeko indar guztiak bere zereginean jarririk; idazten ematen zuen egun osoa, bulegoko paperen artean murgildurik; ez zen etxera joaten, bulegoko mahaien gainean lo egiten zuen, jagoleekin bazkaltzen zuen batzuetan; eta, guztiarekin ere, garbi eta txukun zegoen beti, ondo jantzirik, aire atsegina aurpegian eta halako prestutasun bat mugimendu guztietan. Esan beharra dago bulegoko funtzionarioak izugarri itsusiak eta itxuragaitzak zirela. Haien aurpegiek ogi txarto egosia gogorarazten zuten: masaila bat bestea baino puztuagoa, kokotsa kontrako alderantz okerturik, goiko ezpaina babalarru baten antzera hanpaturik eta, gainera, pitzaturik; hitz batean, ezinago itsusiak. Hain ahots-doinu zakarraz mintzatzen ziren, non bai baitzirudien norbait jipoitzekotan zeudela beti; eskaintzak egiten zizkioten sarritan Bakori, horrela erakutsirik paganismoaren hondar ugari geratzen direla oraindik eslabiarren izaeran; batzuetan, mozkor-mozkor eginik iristen ziren bulegora, eta, horren eraginez, higuingarria eta zeharo kiratsua izaten zen hango giroa. Funtzionarioak horrelakoak izaki, nahitaezkoa zen Txitxikov haien gainetik nabarmentzea eta gailentzea, guztiz bestelakoa baitzen: aurpegi atsegina, ahots-doinu adeitsua, edari bizi ororen etsai porrokatua. Hala eta guztiz ere, bide latza ibili behar izan zuen, molde zaharreko bulegoburu bat egokitu baitzitzaion nagusitzat. Harrizkoa zirudien, hain zen bihozgabea eta gogorra: ezerk ez zuen hunkitzen, bitzitza osoan ez zen irribarrerik xumeena ere azaldu haren aurpegian, ez zion inori diosalik edo osasunaren galderik egiten. Inork ez zion inoiz bestelako jokaerarik ikusi, behin ere ez, ez kalean eta ez etxean; sekula ez zuen inoren alderako begikotasunik erakutsi; inoiz ez zuen edan, mozkortzeko eta, mozkorturik, barre egiteko; inoiz ez zen eman mozkorrak dakarren alaitasun basatira, mozkor daudenean gizatxarrek egin ohi duten bezala; behin ere ez zuen horrelako jokaeren arrastorik ñimiñoena ere agertu. Haren baitan ezer ez zen beti-batekoa, ez gaiztotasuna eta ez ontasuna, eta giza sentimendu ororen gabezia harrigarria atzematen zitzaion. Marmolezko aurpegi batere akatsik gabeak ez zuen ezeren antzik gogorarazten, hazpegien propotzionaltasun latza zuen ezaugarri nagusi. Pikorta eta orban ugarien kariaz soilik sar zitekeen aurpegi hura multzo jakin batean, herri xeheak dioenez gauez deabrua aurpegian ilarrak aletzera etortzen zaienen taldean, hain zuzen ere. Antza, ez zegoen gizon hura hunkitzeko eta haren gogoa liluratzeko gai zen giza indarrik, baina Txitxikov saiatu egin zen hori lortzen. Hasteko, atsegin ematen zion eguneroko huskeria guztietan: arreta handiz aztertu zuen nolako ebakia egiten zien idazteko erabiltzen zituen lumei, eta, mordoxka bat horren eredura ebakirik, eskumenean jartzen zizkion behin eta behin; mahai gainetik kentzen zizkion, putz eginez, hondar-aleak eta tabako-izpiak; zapi berria lortu zion tintontzirako; jakin zuen non gordetzen zuen kapelua (munduan sekula izan den kapelurik txarrena), eta hurbil jartzen zion bulegoa itxi baino pixka bat lehentxeago; bizkarra garbitzen zion hormako kareaz zikintzen zitzaionean; baina bestela bezala egiten zuen hori guztia, batere nabarmendu gabe, benetan egingo ez balu bezala. Azkenean, nagusiaren etxeko zein familiako bizitza ikertu zuen, eta jakin zuen alaba bat zuela, garerdikoa, zeinaren aurpegian ere —aitarenean bezalaxe— bai baitzirudien ilarrak aletzen zituztela gauez. Erasoa alderdi horretara zuzentzea erabaki zuen. Igandeetan zein elizatara joan ohi zen jakinik, aurrez aurre jartzen zitzaion beti, txukun jantzirik, alkandoraren paparrekoa almidoiz ondo gogorturik; eta arrakasta izan zuen eginkizun horretan: bulegoburuak, bere laztasun guztia kordokan, tea hartzera gonbidatu zuen! Eta, bulegokideak ohartu zirenerako, Txitxikov nagusiaren etxera aldatu zen, gizon premiazko eta ezinbesteko bihurtu zen han, berak erosten zituen irina eta azukrea, emaztegaitzat hartu balu bezala jokatzen zuen alabarekin, nagusiari aitatxo deitu eta muin egiten zion eskuan; bulegoan ziurtzat jotzen zuten ezkontza izango zutela otsailaren amaieran, garizuma baino lehen. Bulegoburua, hain latza izanik ere, haren alde mintzatu zen bere nagusien aurrean, eta, handik gutxira, Txitxikov bera hautatu zuten hutsik geratu zen bulegoburu-kargu baterako. Inondik ere, horixe zuen bulegoburu zaharrarekiko atxikimenduaren jomuga nagusia, zeren eta isil-gordeka atera zuen berehala bere kutxa haren egoitzatik, eta beste etxe batean jarri zen bizitzen biharamunean bertan. Bulegoburuari aitatxo deitzeari utzi eta ez zion gehiago muin egin eskuan, eta bertantxe eten ziren ezkontzari buruzko zurrumurruak, sekula zabaldu ez balira bezala. Hala ere, berarekin topo egiten zuen guztietan, eskua adeitasunez estutu eta tea hartzera gonbidatzen zuen, eta bulegoburu zaharrak, ohiko hoztasun eta gogortasun guztia gorabehera, buruari eragin eta ahapeka esaten zuen beti: «Ziri ederra sartu dit deabrukume honek, ziri ederra!».

        Zeharkatu zituen alartze guztietatik, hori izan zen igarotzen zailena. Handik aurrera, errazagoa eta onuratsuagoa gertatu zitzaion dena. Itzal handiko gizon bilakatu zen. Mundu berri horretan beharrezkoak ziren dohain guztiak zituen: jendetasuna hala esanetan nola eginetan, eta antzea lan-kontuetan. Ezaugarri horiei esker, irabazi handiko kargu bat lortu zuen oso denbora laburrean, eta ezin hobeto baliatu zuen. Jakin beharra dago ezen, garai hartantxe, agintariek oso neurri estuak hartu zituztela mota guztietako ustelkeriak eragozteko. Baina Txitxikovek, kikildu gabe, berehala aurkitu zuen neurri estu haiek onuragarri bihurtzeko bidea, ageri-agerian jarririk horrela errusiarron asmamena, estualdietan soilik azaleratzen baita. Honela jokatzen zuen: inguratzen zitzaion eskatzaileren bat bulegora, eta, Rusen esan ohi dugunez Khovanski printzeak sinaturiko gomendiozko gutun ospetsua ateratzeko asmoz eskua sakelan sartu bezain laster, besotik heldu eta irribarretsu esaten zion: «Ez, ez. Zuk, inondik ere, uste duzu nik..., ez, ez. Gure betebeharra da, gure eginbidea, inolako eskupekorik jaso gabe egin beharreko lana! Lasai egon horri dagokionez: bihar bertan amaiturik egongo da guztia. Zuk ez duzu ezertaz arduratu beharrik, emadazu helbidea eta etxera eramango dizute dena». Eskatzailea, txunditurik, pozarren itzultzen zen etxera, bere artean zioela: «Horra azkenean gizon bat gisakoa. Urre fina! Horrelako gehiago beharko genitizkek». Baina zain egoten zen eskatzailea egun bat, eta bi, eta hiru, eta ez zioten ezer ekartzen etxera. Bulegora itzuli, eta hasieran bezalaxe zegoen bere eskaria. Urre finarengana jotzen zuen orduan. «Ah, barkatu! —desenkusatzen zitzaion Txitxikov adeitasun handiz, bi besoetatik heldurik zeukala—, oso lanpeturik ibili gara, baina bihar bertan prest edukiko duzu zurea, bihar bertan, hutsik egin gabe; lotsaturik nago, benetan!» Eta oso keinu xarmagarriz laguntzen zien hitz haiei. Bitarte horretan mantalaren barrenak bereizten bazitzaizkion, berehala saiatzen zen eskuaz batzen eta beren lekuan jartzen. Baina ez zioten ezer eramango etxera, ez bihar, ez etzi eta ez etzidamu. Eskatzailea arrastoan sartzen hasten zen orduan: ez ote zuen eskupekorik eman behar izango? Bati eta besteri galdetu, eta eskribauei zerbait eman beharra zegoela jakinarazten zioten. «Zergatik ez? Prest nago hogeita bosna kopek emateko.» «Hogeita bost errublo eman behar zaizkio eskribau bakoitzari, ez hogeita bost kopek.» «Hogeita bost errublo eskribau bakoitzari!», egiten zuen espantu eskatzaileak. «Zergatik aztoratzen zara hainbeste? —erantzuten zioten—. Horrela egiten dira gauzak. Eskribau bakoitzak hogeita bost kopek jasoko ditu, eta gainerakoa nagusientzat izango da.» Zartako batzuk jotzen zituen orduan kopetan eskatzaile inozoak, biraoka hasten zen goitik behera aldatu zelako munduan gauzen antolamendua, eta madarikatu egiten zituen ustelkeriaren aurkako neurri zorrotzak eta funtzionarioen jokaera adeitsu eta gizalegezkoago hura. Lehen, gutxienez, jende guztiak zekien zer egin behar zen: bulegoburuari hamar errublo eman, eta kito, arazorik ez; orain, ordea, hogeita bost errublo eman behar, eta, gainera, aste bete igaro hori igarri arte; deabruak eraman zitzala eskuzabaltasuna eta funtzionarioen bihotz-handitasuna! Egia esan, arrazoi zuen eskatzaileak; orain, ordea, ez dago bide txarreko dirurik onartzen duenik: bulegoburu guztiak ezin zintzoagoak eta zuzenagoak dira; idazkariak eta eskribauak soilik dira zitalak. Luze gabe, askoz ere eremu zabalagoa agertu zen Txitxikoven aurrean: batzorde bat eratu zuten Estatuarentzat berebiziko garrantzia zuen eraikin handi bat eraikitzeko. Sartu zen bera ere batzorde horretan, eta kiderik gogotsuenetako bat izan zen. Batzordeak bertantxe ekin zion lanari. Sei urte eman zituzten eraikina egiten, baina, zela eguraldiak lana eragozten zuelako, zela ekaiak kalitate txarrekoak zirelako, Estatuaren eraikina ez zen zimenduak baino gorago igotzen. Eta, bitartean, batzordekideek norberarentzako egoitza eder bana egin zuten hiriko beste alderdi batzuetan: inondik ere, hobea zen hango lurra. Gaingora egin zuten batzordekideek, eta seme-alabak ekartzen hasi ziren. Orduan soilik lasaitu zituen apur bat Txitxikovek neurritasunaren eta abnegazio erabatekoaren lokarri estuak. Orduan soilik leundu zuen urte askotako laztasun hura, eta aise antzeman zitzaion beti kilikatu ziotela gogoa munduko plazerrek, zeinei uko egiten jakin baitzuen gaztaroko urterik kartsuenetan ere, gizabanakoari bere grinak erabat bridatzea ezinezko zaion sasoian alegia. Gehiegikeria batzuk ere egin zituen: sukaldari on bat akuratu zuen, eta Holandako hariz eginiko alkandora finak erosi. Ordu arte probintzia osoan inork erabili ez bezalako oihal garestiak eskuratu zituen, eta izpilekiko janzki gaztainkarei eta gorrixkei ederretsi zien handik aurrera; zaldi-pare ederra erosi zuen, eta berak heltzen zien uhalei, laguntza-zaldia itzulika ibilaraziz; eta, garbitzerakoan, belakia busti baino lehen urari kolonia-tanta batzuk botatzeko ohitura hartu zuen; eta xaboi berezi bat erosten zuen, oso garestia, azalmintza leun-leun edukitzeko; eta...

        Baina, halako batean, bulegoburu berria ipini zuten aurreko nagusi ganorabakoaren tokian. Militarra zen, zorrotza, ustelkeriaren eta azpikeria ororen etsai amorratua. Biharamunean bertan, izuz dardaraka jarri zituen funtzionario guzti-guztiak: kontu-liburuak eskatu zituen, hutsak eta okerrak atzeman zituen nonahi, dirutza handiak falta zirela ohartu zen, funtzionarioen etxe ederrei erreparatu zien berehala, eta dena ikertzen hasi zen. Kargutik kendu zituen eraikuntza-batzordeko funtzionarioak; haien egoitzak, Estatuaren ondasun bihurturik, erruki-etxeak eta soldaduen semeentzako eskolak izan ziren aurrerantzean. Sekulakoak entzun zituzten funtzionario guztiek, eta batez ere Txitxikovek. Hazpegi atseginak gorabehera, haren aurpegia ez zitzaion batere gustatu nagusi berriari; Jainkoak bakarrik daki horren arrazoi zehatza —batzuetan ez baita horretarako arrazoi argirik izaten—, baina kontua da heriozko gorrotoa hartu ziola. Izugarria gertatu zitzaien guztiei hain nagusi gogorra. Nolanahi ere, militarra zenez, ez zekien zibilen maltzurtasunaren xehetasun guztien berri, eta, handik gutxira, zintzo-itxurak egiteko eta edozein egoeratara moldatzeko trebetasunaz baliaturik, haren kuttunak izatea lortu zuten beste funtzionario batzuek, eta, halatan, berak halakotzat ez bazeuzkan ere lehengoak baino doilorragoak ziren beste mendeko batzuen eskuetan erori zen jenerala; eta pozik zegoen gainera, azkenean behar bezalako jendea hautatzen asmatu zuelakoan, eta harro ere bazegoen, bakoitzaren gaitasunei atzemateko hain oharmen zolia erakutsi zuelako. Funtzionarioek berehala ulertu zituzten jeneralaren aiurria eta izaera. Denetariko azpikerien aurkako borrokalari sutsuak bilakatu ziren haren mendeko guztiak; nonahi eta noiznahi jazartzen zieten egite makurrei —hala nola arrantzaleak arpoiaz jazartzen dion gaizkata handi bati—, hain arrakasta handiz jazarri ere, ezen, handik gutxira, milaka errubloko kapitala bildua baitzuen haietako bakoitzak. Bitartean, bide zuzenera itzuli ziren lehengo funtzionarioetako asko, eta berriro onartu zituzten lanean. Txitxikovek, ordea, ez zuen lortu kargua berreskuratzea; jeneralaren idazkari nagusia, Khovanski printzearen gutunek zirikaturik, gogotik ahalegindu zen horretan, eta haren alde hitz egin zion nagusiari, baina, jenerala nahierara manaiatzen bazuen ere, ezin izan zuen ezertxo ere lortu. Jenerala, batetik, funts ahuleko gizon belaxka horietakoa zen eta nork bere soinuaren hotsean dantzarazten zuen (bera ohartu gabe, jakina), baina, bestetik, buruan ideia bat sartzen bazitzaion, burdinazko iltze baten antzera josirik geratzen zitzaion gogoan: ez zegoen handik erauzteko modurik. Idazkariak —azkarra bera— gauza bakarra lortu ahal izan zuen: Txitxikoven zerbitzu-orri zikina suntsitzea, baina, horretarako, jeneralaren errukia piztu behar izan zuen, oso kolore biziz pintatuz Txitxikoven familia dohakabearen patu hunkigarria, nahiz eta Txitxiovek, zorionez, ez zuen familiarik.

        «Hala beharko! —esan zuen Txitxikovek bere kolkorako—, haria katigatuz gero, alferrik dik arrantzaleak askatzen saiatzea. Malkoek ez zidatek atsekabea arinduko, zerbait egin behar diat.» Eta berriro hutsetik hastea erabaki zuen; behialako pairamena berreskuratu, eta, lehengo bizimodu eroso eta samurra bertan behera utzirik, berriro egin zien uko denetariko plazerrei. Beste hiri batera bizitzera joan behar izan zuen, eta hango gizartean nabarmentzeko bidea aurkitu. Baina makur jo zion kukuak. Bizpahiru aldiz aldatu behar izan zuen enpleguz oso denbora laburrean. Lanpostuak, neurri batean behintzat, txarrak eta ziztrinak ziren. Jakin beharra dago Txitxikov munduan sekula izan den gizonik gisakoena zela. Jende zakarren artetik urratu behar izan zuen bidea hasieran, baina, hala ere, xahutasuna atxiki zuen beti barnean, eta atsegin zitzaion bulegoetan zur bernizatuzko mahaiak egotea eta gauza guztiak apainak izatea. Inoiz ez zion bere buruari onartzen hitz lohirik esatea, eta biziki mintzen zen besteen hitzetan gizarte-mailari eta karguari zor zitzaien begirunearen arrastorik ez zegoela ikusten zuen bakoitzean. Nago irakurlearentzat atsegingarria izango dela jakitea bi egunez behin aldatzen zuela arropa zuria, eta egunero udan, bero handia egiten zuenean: ezin zuen usain txarra jasan, gogaikarri zitzaion kiratsik meheena ere. Horregatik, Petrushka jantziak eranztera eta botak kentzera inguratzen zitzaion bakoitzean, iltze-belarra ipintzen zuen sudurrean, eta neskagazte batenak bezain kilikabera izaten zituen sarritan kirioak; eta, hori guztia zela kausa, oso latza gertatu zitzaion berriro ere jende haien artera itzuli behar izatea, pattar-kirats nazkagarria eta jokaera zantarra baitzituzten ezaugarri nagusi. Kemena galdu ez bazuen ere, argaldu eta zurbildu egin zen atsekabe haien garaian. Ordurako, hasia zen jadanik loditzen eta irakurleak azken aldian atzeman dizkion forma biribil eta itxurako horiek hartzen, eta behin baino gehiagotan, ispiluari begira jarririk, askotariko gauza atseginetan pentsatzen zuen: neskagazte kartsu batean, haurren gelan...; eta irribarrea loratzen zitzaion aurpegian horrelako gogoetak egiten zituen bitartean; orain, aldiz, oharkabean bere irudia ispiluan ikusten zuenean, ezin zion eutsi barru-barruko oihu bati: «Andre Maria zeruetakoa!, hau itxura itsusia hartu dudana!». Eta, harrezkeroztik, denbora luzea eman zuen ispiluari begiratu gabe. Baina dena jasan zuen gure protagonistak, adoretsu eta egonarriz jasan ere, eta, azkenean, lana aurkitu zuen aduanan. Esan beharra dago enplegu hori pentsamendu guztien ezkutuko gaia zuela aspalditik. Ikusten zuen zeinen huskeria dotoreak eskuratzen zituzten aduanako funtzionarioek atzerritik eta nolako portzelanak eta batistak bidaltzen zizkieten amabitxiei, izebei eta arrebei. Aspalditik, hasperenka esan ohi zuen bere artean: «Horra iritsi nahi diat: muga hurbil-hurbil, jende ikasia hara eta hona, Holandako hariz eginiko alkandora finak lortzeko aukera!». Gaineratu beharra dago ezen, horrelakoetan, azalmintzari sekula ikusi ez bezalako zuritasuna ematen zion eta masailak freskatzen zituen Frantziako xaboi berezi bat ere izaten zuela gogoan; ez zekien nola deitzen zioten xaboi horri, baina ziur zegoen erraz lortuko zuela mugan. Hala, bada, aspaldikoa zuen aduanan lan egiteko gogoa, baina eraikuntza-batzordeak ematen zizkion askotariko mozkinek urrats hori egitea galarazi zioten ordu arte, zuhurtasun handiz pentsatu baitzuen hobe zela txori bat eskuan ezen ez ehun airean, zeren eta aduana, azken batean, hegan zebilen arranoa baizik ez zen, eta batzordea, aldiz, eskuan ondo atxikiriko txepetxa. Orain, beraz, erabaki zuen ez zuela amore emango aduanan sartzea lortu arte, eta lortu zuen. Berebiziko arduraz ekin zion lanari. Bazirudien patuak berak ebatzi zuela aduanako funtzionarioa izateko jaio zela. Sekula ez zen hain ganora, oharmen eta zolitasun handirik ikusi, ezta horrelakoren albisterik aditu ere. Hiruzpalau aste igarotzerako hain ondo hartua zion neurria aduanako lanari, ezen jakin beharreko guztia baitzekien: ez zuen ezer pisatzen, ezta neurtzen ere, aski zuen fardelen tamainari erreparatzea bakoitzaren barruan zeuden oihalek edo bestelako ehunek zenbateko pisua zuten jakiteko; bilgoak eskuan hartu, eta bertantxe esaten zuen zenbat pisatzen zuen bakoitzak. Arakatzeei zegokienez, lankideek berek aitortzen zuten zakurrek baino usaimen zorrotzagoa zuela: edonor harritzeko moduko patxadaz haztatzen zuen dena, botoirik txikiena ere ahaztu gabe, eta, gainera, berealdiko odol hotza eta ezin sinetsizko jendetasuna erakusten zituen beti. Eta arakatutakoak, gero eta haserreago eta bere senetik ateratzeko zorian, hain aurpegi ederrari masailako batzuk emateko gogo gaiztoa sumatzen bazuen, berak, aurpegia mudatu gabe eta bere jokaera gizalegezkoari eutsiz, lasai asko esaten zion, ezer gertatuko ez balitz bezala: «Axola ez badizu, eskertuko nizuke apur batean zutitzeko nekea hartzea»; edo: «Barkatuko didazu, andrea, baina biziki estimatuko nizuke aldameneko gelara joatea. Gure funtzionarioetako baten emazteak dena azalduko dizu han»; edo: «Barkatu, baina urratu txiki bat egin behar diot artaziekin zure longainaren forroari», eta, hori esateaz batera, zapiak eta sorbalda-oihalak ateratzen zituen handik barrutik, bere janzki-kutxatik hartuko balitu bezain lasai. Nagusiek berek adierazten zutenez, ez zen gizona, deabrua baizik: egundoko arretaz miatzen zituen gurpilak, endaitzak, zaldien belarriak eta ezein autoreri sekula bururatuko ez litzaizkiokeen beste leku batzuk ere, non aduanetako funtzionarioei soilik baitzaie zilegi eskua sartzea. Eta, muga igaro ondoren ere, bidaiari dohakabea bere onera etorri ezinik geratzen zen puska batean, eta, izerdia xukatuz —azal mehe baten antzera biltzen baitzion gorputz osoa—, gurutzearen seinalea egiten zuen behin eta berriro, «Ene, bada! Ene, bada!» errepikatuz. Haren egoerak zuzendariaren gelatik lasterka irten berri den ikaslearena gogorarazten zuen: izan ere, agiraka egiteko deitu dio zuzendariak ikasleari, baina, horren ordez, inola ere espero ez bezalako jipoia eman dio. Handik gutxira, estu harturik zeuzkan kontrabandista guztiak. Poloniako judu ororen izulaborria eta etsia zen. Haren zuzentasuna eta zintzotasuna ezin garaituzkoak ziren, ia naturaz haragokoak. Bidaiariei askotariko saleroskinak konfiskatu eta huskeria ugari kentzen bazizkien ere, ez zuen inolako kapitalik bildu, nahiz eta, gehiegizko paper-nahastea saihestearren, gauza haietako asko ez zizkioten ematen Estatuari. Hutsaren trukeko hain ardura handiak jende guztia txunditu zuen ezinbestean, eta agintarien belarrietara iritsi zen noizbait. Mailaz goratu zuten, eta, horren ondotik, kontrabandista guztiak harrapatzeko egitasmo bat aurkeztu zuen, bere kasa jarduteko baliabideak soilik eskaturik. Handik gutxira, soldadu-multzo bat jarri zuten haren esanera, eta orotariko ikerketak egiteko aginpide mugagabea eman zioten. Horixe nahi zuen. Garai hartan, zuhurtasun eta azkartasun ikaragarriz jokatzen zuen kontrabandista-sail ahaltsu bat sortu zen; ziotenez, milioika errubloko etekina aterako zuten ekintza ausart baten bitartez. Txitxikovek aspalditik zekien haien berri, eta ezezko biribila eman zien beti bera erostera bidalitakoei, lehor esanez: «Oraindik ez da ordua». Baina guztizko aginpidea lortu bezain laster, horren berri jakinarazi zion kontrabandista-sailari, esanik: «Orain da ordua». Haren kalkuluak guztiz zuzenak ziren. Gogotik lan egin arren hogei urtean irabazi ezingo zukeena eskura zezakeen urte batean. Lehen ez zuen nahi inolako harremanik izan kontrabandistekin, zeren eta, peoi hutsa izaki, ezer gutxi jasoko baitzuen; baina orain..., orain oso bestelakoa zen egoera: nahi zituen baldintzak ezarri ahal zituen. Inolako eragozpenik ez izateko, bere aldera lerratu zuen beste funtzionario bat —bere lankidea—, zeina, zaharra izanik ere, ez baitzen gai izan tentazioari gogor egiteko. Jarri zituen, bada, baldintzak, eta lanari ekin zioten kontrabandistek. Ezin hobeto jardun zuten hasieran. Irakurleak, seguraski, entzuna du Espainiako aharien bidaia maltzurraren istorio hainbat aldiz kontatua: larru bikoitzarekin igaro zuten ahariek muga, bi larruen artean milioi bat errubloren brodatu Brabantekoak eramanez. Bada, hain zuzen ere, Txitxikovek aduanan lan egiten zuen garaian gertatu zen hori. Berak esku hartu izan ez balu, munduko judurik bizkorrenak ere ezingo zuen horrelako ekintza bat arrakastaz burutu. Ahariek muga hiruzpalau aldiz igaro zutenerako, laurehuna mila errubloko kapitala zuten bi funtzionarioek. Ziotenez, Txitxikovek bostehun mila baino gehiago bildu zituen, lankidea baino erneagoa zen eta. Jainkoak daki zer kopuru neurgaitzeraino ez zen haziko dirutza eder hura infernuko piztia tartean sartu izan ez balitz. Deabruak okerreko bidera bultzatu zituen bi funtzionarioak; funtzionarioak, argi eta garbi esanik, elkarrekin haserretu eta etsaitu ziren zergatikorik gabe. Behinola, eztabaida bizi batean, eta, beharbada, biak pixka bat edanda zeudela, Txitxikovek popekumea deitu zion beste funtzionarioari. Izan ere, pope baten semea zen, baina, batek daki zergatik, izugarri mindu zen, eta oso zakar eta ezohiko laztasunez erantzun zion Txitxikovi, honela hain zuzen: «Ez, gezurra duk hori, ni estatu-kontseilaria nauk, ez popekumea; hi bai haizela popekumea!». Eta, bestea zirikatzeko eta gehiago amorrarazteko, ziplo gaineratu zuen: «Horixe haizela!». Garratz erantzun zion beraz, iraintzat harturiko hitzak bihurtuz, eta «Horixe haizela!» esaldia aukeran gogorra izan bazitekeen ere, horrekin askietsirik geratu ez nonbait, eta ezkutuan salatu zuen Txitxikov. Nolanahi ere, lehenagotik liskarturik omen zeuden, aduanako funtzionarioek ziotenez arbi mamitsu bat bezain lerden eta mardula zen neskagazte odol-bizi bat zela kausa; besteak beste, lankideak gizon batzuk erosi omen zituen, gauez Txitxikov jipoi zezaten kalezulo ilunen batean; baina, ziotenez, barregarri geratu ziren biak ala biak, eta Shamsharev izeneko kapitainorde batek bereganatu zuen neska. Haien jainkoak daki zer gertatu zen benetan; gogorik izanez gero, hobe irakurleak berak asmatzen badu. Garrantzitsuena da agerian geratu zirela kontrabandistekiko harreman ezkutuak. Bere burua galdu zuen estatu-kontseilariak, baina hondamena ekarri zion lankideari ere. Epailearen esku utzi zituzten biak, ondasun guztiak konfiskatu zizkieten, zeukaten guztia bahitu zieten, eta ustekabean jazo zitzaien hori guztia, biak ala biak zor eta lor utzirik. Senera etorri ziren noizbait, hordialdi baten ondotik bezala, eta izuturik ikusi zuten zer egin zuten. Estatu-kontseilariak, Errusian ohi dugunez, edanari eman zion, bihozmindurik; kolejio-kontseilariak, ordea, buru egin zion zorigaitzari. Auzia bideratu zuten agintariek oso usaimen zorrotza bazuten ere, aurkitu zuen diruaren parte bat ezkutatzeko modua. Zekizkien amarru guztiak baliatu zituen, zeren eta, arituaren arituaz, oso ondo trebaturik zeukan adimena zeregin horietan eta ezin hobeto ezagutzen zuen jendea: non ahots-doinu atsegina erabili zuen, non hizkera hunkigarria, non lausenguak —ez baitira inoiz kalterako izaten—, non eskupekoren bat eman, hitz batean, hain ondo konpondu zituen gauzak, ezen, gutxienez, lankidea bezain ohore-galdurik ez geratzeaz gain, gaizkile arrunt gisa epaitua izatea saihestu baitzuen. Baina ez zitzaion ezer geratu, ez kapitalik eta ez atzerriko huskeriarik batere; ondasun haien zaletasun handia erakutsi zuten beste batzuk azaldu ziren. Bakarrik atxiki zituen garai latzetarako gorderik zeuzkan hamar mila errublo, Holandako hariz eginiko hogei bat alkandora, britxka txiki bat —mutilzaharrek erabiltzen dituzten horietakoa— eta bi morroi —Selifan kotxezaina eta Petrushka lekaioa. Aduanako funtzionarioek, bihozberatasunak mugiturik, masailak freskatzen zituen xaboi berezi haren bospasei ale eman zizkioten. Besterik ez zitzaion geratu. Horra, bada, nolako egoeran aurkitu zen berriro gure protagonista! Horra zenbat ezbehar amildu zitzaizkion buru gainera! Hain zuzen ere, horri esaten zion «gorriak ikustea justiziaren zerbitzuan aritzeagatik». Hori ikusirik, pentsa genezake ezen, hainbeste ekaitzen ondotik, zoriaren gorabeherak eta bizitzaren nahigabeak horrela pairaturik, probintzietako bazter herrixka baketsu batera erretiratuko zela geratzen zitzaizkion hamar mila errubloekin, eta betiko geldituko zela han, perkalezko mantalaz jantzirik etxetxo arrunt bateko leihoaren alboan, igandeetan beraren leiho aurrean bertan mujikek elkarrekin izaniko liskarrei begira, edo, eguraste aldera, sartu-irten bat eginez noizean behin oilategian, zopari botako zion oiloa hautatzeko, eta horrela bizi hil arte, lasai baina, neurri batean behintzat, probetxuzko ezer egin gabe. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Justizia egin behar diogu haren izaeraren adore ezin menderatuzkoari. Hain ezbehar larriak, inor hilko ez bazuten ere, aski ziren edozein gizabanako betiko hozteko eta apaltzeko; Txitxikoven grinak, ordea, ez zituen itzali, hain ziren biziak. Nahigabeturik eta gaitziturik zegoen, marmarka aritzen zen mundu guztiaren kontra, haserre zegoen patuaren zuzengabekeriarengatik, sumindurik jendearen zuzengabekeriarengatik, eta, hala ere, ezin eutsi berriz saiatzeko gogoari. Hitz batean, berealdiko egonarria erakutsi zuen berriro ere, alemaniarrena baino askoz ere handiagoa, zeren alemaniarrak egurra baino patxadatsuagoak dira, bai, baina odolaren ibilera astiro eta mantsoari zor diote hori. Txitxikoven odola, aldiz, bizi-bizia zen, eta borondate gogorra behar izan zuen askatasunera jalgi nahi zitzaion guztia bridatzeko. Arrazoitu egiten zuen, eta bidezkotasun-zantzuak nabari zitzaizkion arrazoietan: «Zergatik ni?, zergatik gertatu zait niri ezbeharra? Gaur egun nor ez da saiatzen karguari etekina ateratzen? Denak aberasten dituk. Nik ez zioat zorigaiztorik ekarri inori: ez zioat ezin alarguni lapurretarik egin, ez diat inoren hondamena ekarri, soberan zegoenaz bakarrik probetxatu nauk, beste edonork ere hartuko lukeen tokitik hartu diat; nik hartu ez banu, besteren batek hartuko zikean. Zergatik besteek gora egiten dute eta nik arrastaka ibili behar dut har ziztrin baten antzera? Zer naiz orain? Zertarako balio dut? Nolako begiekin begiratuko diot orain aurpegira edozein aita familiako presturi? Nolatan ez dut kontzientziako harra hozkaka izango, jakin baitakit alferrikakoa izango dudala mundu honetako bizialdia? Eta zer esango dute gero nire seme-alabek? Bada, esango ditek, aita astakilo hutsa zen, ez digu inolako ondasunik utzi!».

        Badakigu Txitxikov ikaragarri kezkatzen zela bere ondorengoez. Hain da hunkigarria gai hori! Beharbada, beste batek ez zuen eskua hain barrura sartuko, baldin eta zergatik jakin gabe Txitxikovi burura berez etortzen zitzaion galdera bat tartean izan ez balitz: zer esango dute seme-alabek? Eta horra non aitagaiak, katua bezain zuhur begi baten ertzetik ingurua arakatu eta, jabearen arrastorik ez zegoela ikusiz gero, itsumustuan hartzen zuen eskueran zuen gutzia; zela xaboia, zela argizaria, zela gantza edo zela kanario bat, eskua eransten zion guztiari, ezertxo ere gutxietsi gabe. Horrela egiten zuen, bada, erosta eta negar gure protagonistak, baina bitartean haren buruak ez zuen atsedenik hartzen; zerbait egosten ari zitzaion han barruan, eta, gauzatuko bazen, plana besterik ez zuen behar. Berriro ibili zen estu, berriro jakin zuen bizimodu gaitzaren berri, berriro mugatu zen premiazkoenera soilik, araztasuna eta bizilege eratsua utzi eta berriro amildu zen lohikeriara eta bizitza zantarrera. Hoberik aurkitu bitartean, ahaldun lanetan jardun behar izan zuen. Lan hori artean ez zegoen ogibidetzat ezaguturik gure gizartean, eta ahaldunek erasoak jasaten zituzten alde guztietatik, batere begirunerik gabe tratatzen zituzten hala bulegari arruntek nola ordezkatzen zituzten bezeroek berek ere, denetariko laidoak eta zakarkeriak pairatu behar izaten zituzten harrera-geletan, burumakur eta txintik atera gabe; hala eta guztiz ere, bizibeharrak estuturik, neke horiek guztiak eramatea erabaki zuen Txitxikovek. Beste mandatu batzuen artean, nekazari ehunka batzuk Babes Batzordean bahitzeko ahaleginak egin zitzala eskatu zioten. Etxaldea zeharo hondaturik zegoen. Hondamendira eraman zuten abereen gaixotasunek, administratzaileen jukutriek, uzta txarrek, izurriteek —langilerik onenak hil baitzituzten—, eta, azkenik, lurjabearen beraren zabarkeriak, bere ondasun guztiak xahutu baitzituen Moskuko etxe bat azken orduko gustuaren arabera apaintzeko. Hainbeste diru gastatu zuen lurjabeak apaintze horretan, ezen ez baitzitzaion jateko ere geratu. Hori guztia zela eta, bahituran eman behar izan zituen gelditzen zitzaizkion ondasun apurrak. Ondasunak Estatuari bahituran ematea gauza berria zen garai hartan, eta jendea nolabaiteko ikaraz erabakitzen zen hori egitera. Txitxikovek, ahaldun baitzen afera hartan, guztien borondate ona irabazi zuen aldez aurretik (gauza jakina da ez dagoela ziurtagiririk arruntena edo zuzenketarik txikiena ere lortzerik zenbaiten borondatea aurretiaz irabazi ezean, nahiz eta, horretarako, botila bete Madeirako ardo isuri behar eztarri bakoitzera), eta, auzi hartan eskumena zuten guztien borondate ona irabazi ondoren, gauzak zertan ziren azaldu zien, gero arazorik sor ez zedin: besteak beste, kontua zen nekazarien erdiak hilik zeudela...

        — Baina agertzen dira haien izenak erroldan? —galdetu zuen idazkariak.

        — Bai, agertzen dira —erantzun zuen Txitxikovek.

        — Orduan, zeren beldur zara? —esan zuen idazkariak—. Batzuk jaio, beste batzuk hil, eta hemen dena ondo dabil.

        Nabari zenez, idazkariak bazekien hizkera errimaduna erabiltzen. Eta, bitartean, ezein gizakiren buruan sekula sortu den ideiarik bikainena bururatu zitzaion gure protagonistari. «Ni bai ergela! —esan zuen bere artean—. Eskularruak ezin aurkitu, eta gerrikoan zeuzkaat. Hil diren nekazari horiek guztiak erosiko ditiat haien jabeak errolda berria aurkeztu baino lehen; demagun mila erosten ditudala, eta demagun Babes Batzordeak berrehun errublo ematen dizkidala nekazari bakoitzeko: berrehun mila errubloko kapitala duk guztira! Orain, gainera, sasoi ezin hobea duk horretarako: epidemia bat izan duk duela gutxi, eta, Jainkoari eskerrak, nekazari asko hil dituk. Lurjabeek diru asko galdu ditek kartetan; ohi dutenez, festaz festa ibili dituk, eta erreka jo ditek; Petersburgera joan dituk denak, lan bila; bertan behera utzi ditiztek etxaldeak, administratzaileek hala-hola gobernatzen ditiztek, zergak ordaintzea gero eta zailagoa duk urtetik urtera. Gauzak horrela, pozarren utziko zizkidatek denek etxaldeak, nekazariengatiko zergak ordaindu behar ez izateko; eta hurrengo batean, agian, zertxobait ordainduko zidatek ardura hori neure gain hartzeagatik. Jakina, ez duk lantegi erraza izango, buruhauste handiak ekarriko zizkidak, eta beldurra ere ematen dik, litekeena baita horregatik zigortua izatea edo eskandaluren bat piztea. Baina zerbaitetarako eman zigutek adimena gizakioi. Eta onena duk kontu hori ezin sinetsizkoa irudituko zaiela guztiei, ez dik inortxok ere sinetsiko. Bestetik, egia duk lurrik eduki gabe ezin dela nekazaririk erosi edo bahitu. Baina lekuz aldatzeko erosiko ditiat, bai horixe, lekuz aldatzeko; orain dohainik ematen ditiztek lurrak Tauride eta Kherson probintzietan, eremu horiek jendeztatzea beste baldintzarik gabe. Hara eramango ditiat guztiak!, Khersonera!, han biziko dituk! Leku-aldaketa legez egin daitekek, auzitegiek agindutakoa betez. Eta nekazarien ikuskapena egin nahi badute, egin dezatela, zergatik ez?, ez diat eragozpenik jarriko, jabetza-egiaztagiria ere aurkeztuko zieat, probintziako polizi kapitainak sinaturik. Herria Txitxikova dei litekek, edo, aukeran, neure ponteko izenaz bataia nezakek: Pavloskoe herrixka.» Eta horra nola sortu zen gure protagonistaren buruan ideia bitxi hori; ez dakit irakurleak estimatuko dion, baina autoreari zail zaio bere esker ona ez adieraztea. Izan ere, iritziak iritzi, Txitxikoven buruan ideia hori sortu ez balitz, poema honek ez zuen argia ikusiko.

        Errusiako ohiturek agintzen duten bezala, aitaren eginez eraso zion lanari. Bizitzeko leku bat hautatu behar zuelako estakuruan eta bestelako aitzakiak ere jarririk, gure erresumako bazterrak ikustatzen hasi zen, kontu berezia eginez uzta txarrek, izurriteek eta bestelako ezbeharrek gehien zigorturiko inguruei, hau da, behar zuen jendea errazen eta merkeen eros zezakeen lekuei. Ez zuen edozein lurjaberengana jotzen, atsegin zitzaizkionak edo horrelako tratu bat egiteko eragozpen gutxien jarriko zituztenak soilik aukeratzen zituen, eta aldez aurretik guztien ezaupidea egiten eta bakoitzaren bihotza bereganatzen saiatzen zen, nekazariak, ahal izanez gero, lagunarteko tratua eginez eskuratzeko, salerosketarik gabe. Horrenbestez, irakurleak ez du autorearekin zertan haserreturik orain arte agertu diren pertsonaiak atsegin ez bazaizkio: Txitxikoven errua da hori, bera dugu jaun eta jabe hemen, eta berak nahi duen tokira joan beharko dugu guk ere. Gure aldetik, hala pertsonaiak nola haien izaera gatzgabeak eta gozakaitzak direla leporatzen badigute, bakarrik esango dugu hasieran inoiz ez direla beren zabaltasun osoan ikusten gertakarien ildoa eta hedadura. Zoaz edozein hiritara, hiriburura bertara hala nahi baduzu, eta, iristean, hitsa irudituko zaizu dena; hasieran grisa eta berdina ematen du guztiak, keak belzturiko lantegi eta fabrika amaigabeak baino ez duzu ikusiko, geroxeago agertuko dira sei solairuko etxeak, dendak, idazkunak eta kale izugarri luzeak, nonahi atzemango dituzu kanpandorreak, zutarriak, estatuak, dorreak, hiriko hots, burrunba eta distira guztiak eta gizakiaren eskuek eta buruak sorturiko miragarriak oro. Irakurleak dagoeneko ikusi du nola egin zituen Txitxikovek lehenbiziko erosketak; geroago jakingo du zer gertatuko den aurrerantzean, nolako arrakastak eta porrotak izango dituen gure protagonistak, nola arazo zailagoak konpondu eta oztopo handiagoak garaitu beharko dituen, nola agertzen diren hainbat pertsonaia erraldoi, nola bilbatzen diren ezkutuko hainbat hari kontakizun zabal honetan, nola zabaltzen den haren horizontea eta nola hartzen duen joera liriko handientsu bat. Bidaia asko egin behar ditu oraindik gure talde ibiltariak, alegia, tarteko adineko jaunak, mutilzaharrek erabili ohi dituztenen antzeko britxkak, Petrushka lekaioak, Selifan kotxezainak eta hiru zaldiek, zeinak, Kontseilari izenekotik hasi eta izpildun maltzurreraino, ondo asko ezagutzen baititugu jadanik. Hona hemen, bada, gure protagonista, den denean! Baina, beharbada, baten batek eskatuko du haren deskripzioa ezaugarri bakar batean laburbiltzeko: nolakoa da moralari dagokionez? Bistan da ez dela hutsik gabeko gizon bertutetsua. Zer da, orduan? Gizatxarra? Zergatik gizatxarra?, zergatik izan hain zorrotzak lagun hurkoarekin? Gaur egun ez dago gizatxarrik gure artean, asmo oneko jende atsegina besterik ez dago, eta gizarte osoaren aurrean lotsagarri gera daitezen aurpegia jendaurrean zaplatzea mereziko luketenak bizpahiru baizik ez dira, eta haiek ere bertuteez mintzatzen dira egun. Bidezkoagoa litzateke etxaguna edo ondasunzalea deitzea. Ondasunzaletasuna da guztiaren erruduna; haren eraginez egiten dira gizarteak ez oso garbiak deritzen gauza guztiak. Egia esan, izaera horretan bada zerbait nardagarria, eta, bizitzan horrelako norbait aurkiturik, adiskidetzat hartuko dute hainbat irakurlek, abegi ona egin eta une atseginak igaroko dituzte berarekin, baina destainaz begiratuko diote drama edo poema bateko protagonista bada. Zuhurra da, ordea, inor arbuiatu gabe jendea begi zorrotzez aztertu eta izaera bakoitzaren jatorrizko zioak atzematen dituena. Bizkor aldatzen da dena gizabanakoaren baitan; konturatzerako, biziaren zuku guztiak gupidarik gabe xurgatzen dizkion har ikaragarri bat hazi zaio barne-muinetan. Behin baino gehiagotan, grina handiak ez ezik, edozein huskeriatarako grinatxorik ziztrinenak ere neurririk gabe hazten dira egite gogoangarriagoetarako jaio denarengan, eta, bere eginbehar goren eta sakratuak oro ahaztarazirik, edozein hutsalkeriatan kausiarazten dizkio gorentasuna eta sakratutasuna. Gizakiaren grinak ezin zenbatuzkoak dira —itsasoko hondar-aleak bezala—, eta ez dute elkarren antzik, eta denek —hala makurrenek nola ederrenek— men egiten diote hasieran gizakiari, baina gero haren gogoaz jabetzen dira indar ikaragarriz. Zorioneka grina guztietan ederrena hautatzen duena; hazi eta hamarkoiztu egingo da ordutik ordura eta minututik minutura haren zorion mugagabea, eta gero eta barrurago sartuko da gizabanako zoriontsu hori bere arimako paradisu azkenik gabean. Baina badira grina batzuk gizabanakoak aukeratzen ez dituenak. Berekin ekartzen ditu mundura, jaiotzen den unean, eta inork ez dio eman haiengandik bereizteko indarrik. Burubide goikoagoak dituzte gidari horrelako grinek, eta badago haiengan halako aldarri etengabe bat, bizitza osoan isiltzen ez dena. Garrantzi handiko eginkizuna bete behar dute Lurrean; irudi goibela izan zein mundua alaitzen duen agerkunde distiratsu legez igaro, helburu bera dute batzuek zein besteek: gizakiari on ezezagun bat ekartzea. Eta agian, Txitxikoven grinan bertan, jadanik ezin menderatu duen grina ahaltsu horretan eta haren bizitza hotzean dago gorderik gizakia jakinduria zerutiarraren aurrean errautsi eta belauniko jarraraziko duen indarra. Orobat, misterioa da zergatik agertu den irudi hori orain argitara ematen dugun poema honetan.

        Baina tamalgarriena ez da protagonista hainbaten gogoko ez izatea, tamalgarriena da etsi-etsirik nagoela protagonista hori bera, Txitxikov hori bera alegia, irakurleen gogoko izan zitekeela. Autoreak haren ariman gehiegi sakondu ez balu, arimaren hondoan argitik babesten eta gordetzen diren alorrak irauli ez balitu, gizabanakoak inori jakinarazten ez dizkion pentsamendu ezkutuak agerian jarri ez balitu, eta, hori egin beharrean, Manilovi eta hiriko beste biztanle guztiei agertzen zitzaien bezalakoxea erakutsi izan balu Txitxikov, gogobeterik geratuko ziratekeen denak eta gizon interesgarritzat hartuko zuketen. Haren aurpegiak eta irudi guztiak batere bizitasunik izan ez balute ere, horrek ez zukeen inolako axolarik izango; aitzitik, liburua irakurtzen amaitutakoan ezerk ez zukeen arima aztoratuko, eta irakurlea berriro itzul zatekeen karta-mahaira, jokoak Errusia osoa jostarazten baitu egun. Bai, irakurle maiteok, zuek ez zenuketen agerian ikusi nahi izango gizabanakoaren alderdi gaiztoa! Zertarako?, diozue, zertarako hori? Ez al dakigu, geure kabuz jakin ere, bizitzan badirela doilorkeria eta ergelkeria ugari? Bestela ere, sarritan ikusi behar izaten ditugu batere pozgarriak ez diren gauzak. Hobe alderdi eder, liluragarriak erakusten badizkiguzue. Nahiago dugu ahaztu! «Zergatik kontatzen didak gauzak oker doazela etxaldean? —esaten dio lurjabeak administratzaileari—. Hik esan gabe ere, ondo asko zekiat hori, ez al dakik beste ezertaz mintzatzen? Uztak ahazten, zoriontsua izango nauk horren berririk ez badakit.» Eta ahazten laguntzen dioten gauzetan xahutzen du hainbat arazo konpon zitzakeen dirua. Adimena, agian, gai zatekeen irtenbide ederren iturburu ezkutua aurkitzeko, baina lo dauka; luze gabe, enkantean saltzen dute etxaldea, eta kale gorrian geratzen da dena ahaztu nahi zuen lurjabe hori, eta, beharrak estuturik, gertu dago aspaldi ez zela ikara sortzen zioten bilaukeriak egiteko.

        Autoreari gaitzespen ugari etorriko zaizkio abertzaleak deritzeten horien aldetik ere. Izan ere, bazter batean lasai eseririk egoten dira abertzale izeneko horiek, munta gutxiko arazoez soilik arduratzen dira eta kapital txiki bat biltzen dute apurka-apurka, beren zoria besteen kontura ondurik; baina haien ustez aberriarentzat iraingarria den zerbait gertatu bezain laster, egia mingotsak esaten dituen liburu bat argitaratu orduko, arrapaladan ateratzen dira bazter guztietatik, amaraunean euli bat erori dela ikusi duten armiarmen antzera, eta oihuka hasten dira denak batera: «Ondo al dago hori argitara ateratzea? Hor azaldurik dagoen hori guztia geure kontua da. Ondo al dago lau haizeetara aldarrikatzea? Zer esango dute atzerritarrek? Pozgarria al da geuri buruzko iritzi txarrak entzutea? Ez ote dute pentsatuko hori guztia ez dela mingarria guretzat? Ez ote dute pentsatuko ez garela abertzaleak?». Aitor dut ezin diedala ezer erantzun hain oharpen zentzuzkoei, atzerritarren usteen gainekoei bereziki. Honakoa ez bada, behintzat: bi gizon bizi ziren Errusiako bazter urrun batean. Bietako bati —aita familiakoa bera— Kifa Mokievitx zeritzon, otzantasuna zuen ezaugarri nagusi eta erabateko zabarkerian bizi zen. Ez zen familiaz arduratzen; batez ere, hausnarketaren arlora zuzentzen zuen bere bizitza, eta, berak esaten zien bezala, arazo filosofikoez arduratzen zen, adibidez: «Horra hor, esaterako, piztiak —zioen bere kolkorako, gelan batera eta bestera zebilela—, piztiak biluzik jaiotzen dituk. Zergatik, hain zuzen ere, biluzik? Zergatik ez dira jaiotzen hegaztiak bezala, zergatik ez dira arrautzetan sortzen? Zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta ulergaitzagoa duk natura, bai horixe!». Horrelako gogoetak egiten zituen Kifa Mokievitxek. Baina ez da hori garrantzitsuena. Beste gizonari Mokii Kifovitx zeritzon, haren semea baitzen. Rusen bogatira deritzeten horietakoa zen, eta, aita piztien jaioeraz arduratzen zen bitartean, hogeita bost urteko gazte bizkar-zabalaren bizi-indarrak garatzeko ahaleginak egiten zituen. Ez zen gai samur jokatzeko: bati besoa kraskatu edo beste bati sudurra hautsi, besterik ez zekien egiten. Etxean zein inguruan, denek, neskatiletatik hasi eta zakurretaraino, ziztu bizian alde egiten zuten hura urrunetik ikusi bezain laster; txiki-txiki eginik utzi zuen behin bere logelako ohea bera ere. Horrelakoa zen Mokii Kifovitx, eta, hala ere, mutil ona zen. Baina ez da hori garrantzitsuena. Hau da garrantzitsuena: «Barkatu, Kifa Mokievitx jauna —esaten zioten aitari hala beraren nola besteen agindupekoek—, konturatu zara zure seme Mokii Kifovitxen jokaeraz? Ez dio inori bakerik ematen, hain da odol-beroa!». «Bai, oso bihurria da, oso bihurria —erantzun ohi zien aitak—. Baina zer egin dezaket nik? Berandu da jotzen hasteko, eta gainera, joko banu, ankerra naizela leporatuko lidakete denek. Mutil harroa da, eta zuzenduko litzateke besteren aurrean kargu hartuko banio. Baina are okerragoa litzateke hori! Hiri osoak jakingo luke, eta zakurra deituko liokete. Zer uste dute, gero?, niretzat ez dela mingarria? Ez al naiz beraren aita? Arazo filosofikoez arduratzen naizenez batzuetan berarentzako astirik ez badut ere, ez al naiz beraren aita? Horixe naizela. Aita naiz, mila deabru, aita! Hementxe daramat Mokii Kifovitx, bihotzean!» Hori esateaz batera, Kifa Mokievitxek bularra jotzen zuen ukabilaren indar guztiaz, eta zeharo berotzen zen. «Zakurra bada, jendeak ez du niregandik jakingo, ez dut nik semea salatuko.» Eta, hain sentimendu aitatiarra erakutsirik, bogatir bati dagozkion balentriak egiten jarrai zezan uzten zion Mokii Kifovitxi, eta bera atzera murgiltzen zen hain gogoko zituen gaietan, beste arazoren bat hausnargaitzat harturik, adibidez: «Baina elefantea arrautza baten barruan sortuko balitz, oskola oso gogorra eta lodia lukek, kanoi batek ere ez likek apurtuko; su-arma berria asmatu beharko genikek». Horrela iragaiten zuten bizitza bazter baketsu hartako bi biztanle haiek, zeinak ustekabean, sabaizulotik sartu balira bezala agertu baitira gure poemaren amaieran, zertarako eta erantzun apala emateko orain arte gai filosofikoren batez edo bestez edo hain samurki maite duten aberri horren kontura aberasteaz bakarrik arduratu diren zenbait abertzale kartsuren gaitzespenei, zeren eta, izan ere, abertzale horien kezka nagusia ez baita gaizkirik ez egitea, ezpada inork ez esatea gaizkia egiten dutela. Baina ez, ez da abertzaletasuna haien gaitzespenen zergatikorik behinena, beste zerbait ezkutatzen da horren azpian. Zergatik isildu? Autorea ez bada, nork esan behar du egia sakratua? Zuek beldur diozue arretazko begirada sakonari, ez zarete ausartzen zeuok gauzei sakon eta arretaz begiratzen, nahiago duzue gaingiroki behatu, inolako gogoetarik egin gabe. Gogoz barre egingo duzue Txitxikoven lepotik, eta, agian, autorea laudatu ere egingo duzue, esanez: «Dena dela, trebetasun handiz jaso ditu zenbait xehetasun, gizon alaia da inondik ere!». Eta, hori esandakoan, are harroago begiratuko diozue zeuon buruari, eta, handiustezko irribarrea aurpegian, gaineratuko duzue: «Ezin da ukatu jende bitxi eta barregarria badela probintzia batzuetan; eta alproja galantak dira gainera!». Eta zuetako nork ez du, kristau etsipenez beterik, ez jendaurrean, baizik eta bakartasunean, isilik, norberarekiko bakarrizketaren orduan, galdera larri hau aditu bere arimaren hondorik sakonenean?: «Ez ote dago niregan Txitxikoven ezaugarririk?». Ez hurrik eman ere! Eta, bitartean, gizarte-maila ez goikoegia ez behekoegia duen ezagun bat aldamenetik igaro delarik, ukondoaz joko du laguna, eta, barreari nekez eutsirik, esango dio: «Begira, begira, Txitxikov, hor doa Txitxikov!». Eta gero, haur baten antzera, ikasketek eta urteek eskatzen dioten neurritasun guztia ahazturik, lasterka joango da haren atzetik, zirika eta honela esanez: «Txitxikov! Txitxikov! Txitxikov!».

        Baina ozen samar hitz egiten hasi gara, ahazturik ezen gure protagonista, haren bizitza kontatzen jardun dugun bitartean lo egon baita, esnatu egin dela eta aise entzun lezakeela bere deitura hainbeste aldiz errepikatua. Gizon suminkorra da, eta gaitzitu egiten da berari buruz begirunerik gabe hitz egiten badute. Irakurleari bost axola Txitxikov berarekin haserretu edo ez, baina autorea ezin da inola ere bere protagonistarekin etsaitu: bide eta bidaia asko egin behar dituzte oraindik biek elkarrekin; bi tomo mardul datoz honen ondotik, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

        — Aizak, zer gertatzen zaik? —esan zion Txitxikovek Selifani—. Zertan habil?

        — Zer? —esan zuen Selifanek, astiro.

        — Nola zer? Kirtena halakoa! Hoa lasterrago!

        Izan ere, begiak biltzen zitzaizkiola zihoan Selifan aspalditik, eta, erdi lo, noizean behin soilik eragiten zien uhalei, zaldi orobat logaletuen saihetsak leunki joz; Petrushkak, berriz, aspaldi galdu zuen txanoa, oharkabean haizeak eramanik, eta, atzerantz etzanda, Txitxikoven belaunen gainean jarri zuen burua, halako moldez, ezen kaskarreko bat eman behar izan baitzion nagusi jaunak. Selifanek, zuzperturik, zartako batzuk eman zizkion bizkarrean zaldi izpildunari, eta, trosta bizkortu zuenean, zigorra dantzatu zuen guztien gainean, ahots-doinu samurrez esanez: «Ez izan beldur!». Zaldiek, ernaturik, lumazkoa balitz bezala eraman zuten aurrerantz britxka arina. Selifanek etengabe eragiten zion zigorrari, behin eta berriro oihukatuz: «Axa, axa, axa!». Jauzika zihoan gida-aulkian, noiz gora eta noiz behera, troika bideko muinoetara zalu igo edo muinoetatik agudo jaisteaz batera, zeren bide nagusia muinoz josirik zegoen, nahiz eta, antzematen ez bazitzaion ere, aldapa behera zen dena. Txitxikov, lastertasuna atsegin zitzaionez, irribarretsu zihoan, larruzko bigungarriaren gainean jauzi leunak eginez. Ba al da errusiarrik lastertasuna atsegin ez zaionik? Izan ere, errusiarraren arimak joera bizia baitu zorabiatzeraino jira-biraka ibiltzeko eta neurririk gabe jostatzeko, eta batzuetan esaten du: «Doala dena pikutara!». Nolatan ez zaio, bada, lastertasuna gustatuko errusiarraren arimari? Nolatan ez zaio gustatuko, lastertasunaren baitan zerbait bitxia eta zoragarria sumatzen baita? Ematen du indar ezezagun batek bere hegoetan altxatzen zaituela, eta hegan zoaz zu zeu, eta hegan doa dena: hegan doaz verstak, hegan hurbiltzen zaizkizu merkatariak kibitketako gida-aulkietan eseririk, hegan doa basoa bidearen alde banatan, izei eta pinu ilara ilunekin, aizkoren danbatekoekin eta belabeltzen karrankekin, hegan doa bide osoa, nora ez dakizula, urruntasun azkengaberantz, eta zerbait ikaragarria ezkutatzen da laster joate horretan, gauzak ziplo desagertzen dira agertu orduko, zehazteko astirik izan gabe, eta soilik ageri dira geldirik zerua buru gainean, hodei arinak eta ilargia haien artean. Oi, troika!, troika txoria!, nork asmatu zaitu?, herri erne eta trebe batean bakarrik sortu ahal zinen, txantxetan aritzea gogoko ez duen lur honetan, munduaren erdia hartzen duen eremu lau eta berdin honetan. Troika, zenba itzazu verstak begiak lausotu arte! Eta guztiz bakuna dirudi zure egiturak, ibilgailu xume horrek, ez duzu burdinazko torlojurik batere, begien itxi-ireki batean eratu zaitu Jaroslav-eko mujik trebe batek, aizkora eta zizela beste lanabesik gabe. Gidaria ez da bota luzeko alemaniar horietako bat, baizik eta mujik bizardun bat, eskularruduna eta batek daki zeren gainean eseria; baina zutitzen bada, eta zigorra airean jaso, eta kanta bati ekin, lauoinka bizian hasten dira zaldiak, gurpiletako izpiak elkarrekin nahasten dira biribilki oroberdin batean, dar-dar egiten du bideak, eta beldurrezko oihuak jaulkitzen zaizkie bide bazterrean geldirik geratu diren oinezkoei, eta troika ziztu bizian doa aurrera, aurrera, aurrera!... Eta, konturatzerako, urrun begiztatzen da, hautsa harrotzen eta airea zulatzen doala.

        Ez al zara zu ere horrelakoa, Rus? Ez al zara atzean uzterik ez dagoen troika lasterraren antzekoa? Kea dario bideari zure azpian, karraska egiten dute zubiek, dena desagertzen da, eta atzean geratzen. Jainkozko lilura batek zurturik geratzen da begiralea: ez al da hori zerutik jaurtiriko tximista bat?, zer esan nahi du mugimendu izugarri horrek?, eta zein indar ezezagun ezkutatzen da munduak sekula ikusi ez bezalako zaldi horien baitan? Oi, zaldiak, zaldiak, nolako zaldiak! Zirimolak al dituzue zurden artean? Belarri zoliak al dituzue zain guztietan? Kanta ezagun bat entzun duzue han goian, denak bat eginik tenkatu dira bular kobrezkoak, eta, apatxek lurra azaletik soilik ukitzen dutela, airean hegaz doan lerro luze baten tankera hartu duzue, eta lauoinka bizian zoazte Jainkoak goiargiturik!... Nora zoaz hain azkar, Rus? Erantzun, arren! Ez du erantzuten. Durundi egiten du kanpaitxoaren hots zoragarriak; aireak, txiki-txiki eginik, kurrixka egiten du eta haize bihurtzen da; hegan doa munduan den guztia, eta, zeharka begiraturik, baztertu eta igarotzen uzten dizute beste herri eta erresumek.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia