Hamargarren kapitulua

 

        Elkartu ziren, bada, funtzionarioak poliziaburuarenean, zeina, irakurleak dakienez, hiriko ongile eta aita babeslea baitzen, eta, elkarri erreparaturik, berehala ohartu ziren argaldurik zeudela denak hainbeste buruhauste eta atsekaberen eraginez. Izan ere, gobernadore militar berriaren izendapenak, hain eduki kezkagarriko bi gutun haiek eta hirian zabalduriko zurrumurruek arrasto nabarmenak uzti zizkieten aurpegian, eta begien bistakoa zen haietako askori lasaiegi geratu zitzaiela fraka. Makalaldia orokorra zen: argalago zegoen ganberaburua, argalago zegoen osasun-batzordeko ikuskatzailea, argalago zegoen prokuradorea, argalago zegoen bere abizenaz sekula deitzen ez zioten Semion Ivanovitx izeneko bat ere, zeinak hatz erakuslea eskaini ohi baitzien dama guztiei, hor zeraman eraztuna azter zezaten. Jakina, leku guztietan bezala, han ere baziren gizon bulartsu batzuk, ezerengatik kikiltzen ez diren horietakoak, baina oso gutxi ziren. Postaburua baino ez. Gizon patxadatsua zen, inoiz ez zen urduri jartzen, eta gauza bera esaten zuen beti horrelako egoeretan: «Badakigu zer gertatzen den gobernadore militarrekin! Sarritan aldatzen dituzte; nik, ordea, hogeita hamar urte daramatzat leku berean». Eta honela erantzuten zion beti gainerako funtzionarioetako batek edo bestek: «Zu lasai bizi zara, Ivan Andreitx Sprechen Sie Deutsch, postetxean lan egiten duzu, gutunak jaso eta bidaltzea beste ardurarik ez duzu. Makurkeria txikiak bakarrik egiten dituzu: bulegoa ordu bete lehenago itxi, diru apur bat kendu merkatari bati edo besteri ezorduan joan delako gutun baten bila, bidali behar ez den pakete bat bidali; horrela edonor da santua! Guri, ordea, tentatzera etortzen zaigu egunero deabrua, guk ez ditugu onartu nahi haren opariak, baina berak eskumenean jartzen dizkigu; gustatuko litzaidake jakitea nola jokatuko zenukeen zuk orduan! Zu, jakina, kezka handirik gabe bizi zara, seme bakarra duzu-eta; nire Praskovia Fiodorovna, ordea, ohi ez bezalako dohainez hornitu du Jainkoak, eta urtero ekartzen dit Prashkushka bat edo Petrushka bat. Bai, adiskidea, nire egoeran bazeunde, beste kuku batek joko lizuke». Horrela hitz egiten zuten funtzionarioek, eta ez dagokit niri epaitzea zaila ala erraza den deabruaren tentaldiei buru egitea. Nabaria zen, hala ere, ezinbesteko gauza bat falta zela funtzionarioen kontseilu hartan: herri xeheak zentzu ona deritzon hori hain zuzen ere. Oro har, errusiarrok ez gaude batzarretarako eginak. Dena zuzenduko duen batzarbururik ez badago, sekulako anabasa izaten dira gure bilera guztiak, hasi nekazarien biltzarretatik eta batzorde zientifikoetaraino eta goi-mailako beste edozein bilkuraraino. Zail da azaltzen zergatik gertatzen den hori; horrelakoxeak gara errusiarrok, jostatzeko eta jateko elkartzen garenean bakarrik konpontzen gara ondo, alemaniarrek beren klub eta elkarteetan egiten duten legez. Hori bai, beti gaude prest edozein unetan edozeri ekiteko. Bat-batean, gogoak ematen digunean, hutsetik sortzen ditugu elkarte filantropikoak, onegintzazkoak eta beste edozein motatakoak. Ederrak dira gure asmoak, baina ahaleginak ez du inolako fruiturik emango. Beharbada, horrela gertatzen da askietsirik geratzen garelako hasi bezain laster, dena eginik dagoelakoan. Demagun, esaterako, baten batek onegintzazko elkarte bat sortzen duela pobreei laguntzeko, eta dirutza handia bildu duela horretarako, bada, hain ekintza goresgarria ospatzeko, berehala antolatuko du bazkari bat hirian diren handiki guztientzat, eta horretan xahutuko du bildutako dirutzaren erdia; gainerako diruarekin etxebizitza dotore bat akuratuko du elkartearen zuzendaritza-batzordearentzat, berogailu eta atezainekin, eta behartsuentzat bost errublo eta erdi geratuko dira guztira, eta, diru hori nola banatu behar den erabakitzeko ordua iritsirik, onegintzazko elkarteko kideak ez dira ados jarriko, nork bere lagunak faboratu nahi ditu eta. Baina orain hizpide dugun bilera oso bestelakoa zen: funtzionarioak halabeharrez elkartu ziren. Ez ziren bildu txiroen edo gizabanako ezezagun batzuen beharrizanez mintzatzeko, ezpada beren arazoak konpontzeko; guzti-guztiei gainera zetorkien ezbehar handi baten kariaz batzartu ziren. Beraz, nahi eta nahi ez, bat egin behar zuten denek, eta ados jarri. Baina deabruak daki zer atera zen handik. Bilera guztietan izaten diren eztabaidak alde batera utzirik, bildutakoen iritziek zalantza harrigarria agertzen zuten: batek zioen Txitxikov zela billete-faltsutzailea, baina handik gutxira hark berak eransten zuen: «Tira, beharbada, bera ez da faltsutzailea»; beste batek zioen gobernadore militarraren bulegoko funtzionarioa zela, baina berehala gaineratzen zuen: «Tira, egia esan, deabruak daki zer den, ez darama bekokian idatzirik». Susmoak susmo, inork ez zuen onartzen Txitxikov gaizkile mozorrotua izan zitekeenik. Itxurari erreparaturik, asmo oneko gizona ematen zuen, eta, gainera, haren solasetan ezerk ez zuen erakusten odol gaiztoko gizon zakarra zenik. Bitartean, baziren hainbat minutu postaburua bere gogoetetan murgildurik zegoela, eta, halako batean, ustekabeko ideia batek edo beste zerbaitek ziztaturik, ziplo galdetu zuen:

        — Badakizue nor den?

        Hori esateko erabili zuen ahots-doinuak zerbait ikaragarria adierazten zuten, halatan, non batzarkide guztiek aho batez oihukatu baitzuten:

        — Nor?

        — Kopeikin kapitaina, nor eta Kopeikin kapitaina bera!

        — Eta nor da Kopeikin kapitain hori? —galdetu zuten denek batera.

        Eta postaburuak erantzun zuen:

        — Nola! Ez dakizue nor den Kopeikin kapitaina?

        Ezetz erantzun zuten denek, ez zekitela nor zen Kopeikin kapitain hori.

        — Kopeikin kapitaina —esan zuen postaburuak, bere toxa erdiraino bakarrik zabaldurik, batzarkideren batek bere hatzak han sartuko ote zituen beldurrez. Zalantza handiak zituen hatz haien garbitasunari buruz, eta honela esan ohi zuen: «Barkatu, jauna, baina batek daki non ibili diren zure hatz horiek, eta tabakoa garbitasun handia eskatzen duen gauza da».

        — Kopeikin kapitaina... —esan zuen, bada, postaburuak, tabakoa sudurretik hartutakoan—, tira, kontatuko dizuet haren istorioa. Ikusiko duzuenez, gai interesgarria da edozein idazlerentzat, poema oso bat idazteko modukoa.

        Han bildutako guztiek gogo bizia agertu zuten jakiteko istorio hura edo, postaburuak esan zuenez, edozein idazlerentzat gai interesgarria zen kontakizun hura, eta honela hasi zen postaburua:

 

 

Kopeikin kapitainaren istorioa

 

        — Hamabigarren urteko kanpaina amaitutakoan, jaun agurgarri hori —hasi zen postaburua, gelan jaun bakarra barik sei bazeuden ere—, hamabigarren urteko kanpaina amaitutakoan, Kopeikin kapitaina etxera bidali zuten gainerako zaurituekin batera. Kontua da beso bat eta hanka bat galdu zituela guduren batean, Krasnoie-koan edo Leipzig-ekoan, ez nago ziur. Garai hartan, badakizu?, oraindik ez zegoen inolako legerik zaurituei buruz; gerrako elbarrituen egoera askoz geroago arautu zuten, hortik atera kontuak. Kopeikin kapitaina konturatu zen lan egin beharko zuela, baina beso bakarra zeukan, ezkerrekoa hain zuzen ere, ulertzen? Aitaren etxera joan zen, eta aitak zera esan zion: «Ezin zaitut mantendu, ozta-ozta irabazten dut neuretzako ogia». Gauzak horrela, gure Kopeikin kapitainak erabaki zuen Petersburgera joatea, tsarrarengana, errukia eta laguntza eskatzera: «Aintzat hartu beharko luke berorrek bizia emateko prest egon naizela, odola isuri dudala halako eta halako lekuan, eta honelako eta halako ezbeharrak gertatu zaizkidala...». Nola edo hala, noiz konboi militarretan, noiz Estatuaren gurditzarretan, Petersburgera iristea lortu zuen azkenean. Pentsa ezazu: gure Kopeikin, kapitain arrunta bera, bat-batean aurkitu zen munduan parekorik ez duen hiriburu horren erdian! Bat-batean, aurrean dauka argia, bizitzaren zelaia, Scheherazade liluragarri bat, nolabait esateko. Pentsa ezazu: hortxe dauka Nevski hiribidea, badakizu?, eta Gorokhovaia kalea, eta Liteini etorbidea, eta, mila deabru!, hortxe dauka orratz ospetsua ere, airean zut; zubiak esekirik daude deabruak daki nola, batere euskarririk gabe, ulertzen?; hitz batean, Semiramis bat, jaun agurgarri hori, bene-benetako Semiramis bat! Bizitegiren bat akuratu beharra zeukan, baina ikaragarri garestiak ziren denak: errezelak, tapizak, alfombrak... mordoka, badakizu?, Pertsian zegoela ematen zuen, Pertsian bertan!; ibiltzean, esan liteke dirua zapaltzen zuela oin azpian. Sudurrak milaka errubloren usaina aditzen zuen kalean; eta gure Kopeikin kapitainaren kapital guztia bost errubloko hamar billete ziren, ulertzen? Azkenean, nonbaitera behar-eta, ostatu hartu zuen Revelski kalexkan, eguneko errublo bat ordaindurik; jateko, aza-zopa eta behi-xerra bat besterik ez egun osoan. Berehala konturatu zen ez zeukala horrela luze bizitzerik. Norengana jo zezakeen galdetu zuen. Esan zioten bazela goi-mailako batzorde bat, kontseilu-moduko bat alegia, ulertzen?, halako eta halako jenerala buru zuena. Baina sasoi hartan, ez badakizu ere, tsarra ez zegoen hiriburuan; armada, badakizu?, artean ez zen itzuli Parisetik, atzerrian zegoen mundu guztia. Gure Kopeikin ohi baino goizago jaiki zen ohetik, orraztu zuen bizarra ezkerreko eskuaz —zeren bizargileak dirua kobratuko zion—, jantzi zuen bere uniforme higatua, eta, egurrezko hankaren gainean herrenka, han joan zen goi-mailako batzorde hartako buruarengana, aipatu zioten handi-mandiarengana alegia, ulertzen? Non bizi zen galdetu zuen. «Han», esan zioten, Dvortsovaia malekoian zegoen eraikuntza bat seinalaturik. Nekazari-etxeen antza zuen. Leihoetako kristalak, badakizu?, sajen eta erdiko beiratzarrak ziren, bazirudien ezen pitxerrak eta geletako gauza guztiak etxetik kanpoan zeudela, hortik atera kontuak!, eskuaz ukitu ahal ziren kaletik, nolabait esateko; hormetako marmol baliotsua, metalezko apaingarriak, ateetako eskulekuak..., inor ez litzateke ausartuko hori guztia ukitzen aldez aurretik dendara joan, xaboi-zatitxo bat erosi eta pare bat orduz eskuak igurtzi gabe; hitz batean, hango distira, nolabait, edonoren burua nahasteko modukoa zen. Atezainak berak jeneral handi baten itxura zuen: makila urrekara, konde-aurpegia, ondo gizenduriko dobazakur potoloa ematen zuen; batistazko lepotxoak ere bazituen doilor hark!... Gure Kopeikin asko kostata igo zen bere egurrezko hankarekin harrera-gelaraino, eta bazter batean geratu zen, hormaren kontra estuturik, Amerikatik edo Indiatik ekarritako portzelanazko pitxer urrekararen bat ukondoaz jotzeko beldurrez, badakizu? Denbora luzea eman zuen han zutik, zeren, bera iritsi zenean, jenerala ohetik jaiki berria zen eta goizeroko garbiketak egiten ari zen gelazainak eramandako zilarrezko konketa batean, hortik atera kontuak! Gure Kopeikin lau ordu egon zen han itxaroten, eta azkenean jeneralaren laguntzaile bat edo guardiako funtzionario bat sartu zen harrera-gelan. «Jeneralak esan du laster jaitsiko dela harrera-gelara.» Eta harrera-gela jendez mukuru zegoen ordurako, plater batean babak adina lagun bazen han, nolabait esateko. Eta ez pentsa, ez ziren morroiak edo herritar arruntak, ez; laugarren edo bosgarren mailakoak ziren denak, koronelak, jeneralak; makarroi handi bat baino gehiago ikusten ziren sorbaldakoetan distiratsu. Bat-batean, halako dardara atzemangaitz bat hedatu zen harrera-gelan, haizetxo leun bat sartu balitz bezala. «Ixo, ixo», entzun zen hor-hemen, eta, azkenean, isiltasun erabatekoa egin zen. Agertu zen handi-mandia. Pentsa ezazu: estatu-gizon bat! Haren aurpegia..., nola esan?, bere mailari zegokion aurpegia zuen, ulertzen?, goi-goiko funtzionario baten aurpegia, bai? Harrera-gelan zeuden guztiak irmo jarri ziren segituan, dardaraka, urduri, norberaren patua nola erabakiko. Ministroa, edo handi-mandia, nolabait esateko, banan-banan hurbildu zen guztiengana: «Zer nahi duzu? Zerk ekarri zaitu hona? Zer behar duzu zuk? Zertara etorri zara?». Azkenean, jaun agurgarri hori, Kopeikin kapitainaren txanda etorri zen. Kopeikinek, nola edo hala adorea bildurik, zera esan zuen: «Berorren Gorentasuna, odola isuri dut, beso bat eta hanka bat galdu ditut, ezin dut lanik egin. Atrebentzia handia bada ere, laguntza eskatu nahi nioke tsarrari». Ikusi zuen ministroak bere aurrean egurrezko hanka, eta eskuineko mahuka hutsa jakari josirik, eta esan zuen: «Ondo da, itzul zaitez beste egun batean». Gure Kopeikin pozez zoratzeko puntuan irten zen handik; batetik, hain funtzionario goi-mailakoak entzun ziolako, eta bestetik, azkenean erabakiren bat hartuko zutelako bere pentsioari buruz. Jauzi txikiak eginez zihoan espaloitik, oso aldarte onean, ulertzen? Palkinski ostatuan sartu zen kopa bat vodka edatera, London jatetxera joan zen bazkaltzera, txuleta kaparrondoekin eta oilanda galkatua eskatu zituen, baita botila bete ardo ere; arratsean antzerkira joan zen. Hitz batean, parrandan ibili zen, badakizu? Begiz jo zuen espaloitik zihoan emakume ingeles lirain bat, beltxarga bezain lerdena, nolabait esateko. Kopeikin kapitainari irakiten jarri zitzaion odola, eta korrika joan zen harenganantz bere egurrezko hankarekin, eta haren atzetik tipi-tapa zihoala, pentsatu zuen: «Ez, hobe diat pentsioa kobratzen dudanerako utzi. Diru gehiegi gastatu diat jadanik». Eta hiruzpalau egun geroago, jaun agurgarri hori, Kopeikin kapitaina berriro joan zen ministroaren etxera, eta haren zain egon zen harrera-gelara jaitsi zen arte. «Berorrengana etorri naiz jakitera zer erabaki duen Berorren Gorentasun Txit Ohoragarriak gaixo eta zaurituei buruz...», eta hitz egokiak aukeratuz azaldu zion bere bisitaren zergatia. Esan gabe doa handi-mandiak berehala ezagutu zuela: «Oso ondo, baina tsarra itzuli arte itxaron behar duzu, besterik ezin dizut esan oraingoz. Orduan hartuko dira zaurituei buruzko erabakiak. Tsarraren esku dago hori, nik ezin dut neure kabuz ezertxo ere egin». Buru-makurtua, eta agur. Esan beharrik ez dago Kopeikin kapitaina erabat nahasirik atera zela jeneralaren etxetik. Izan ere, ziur zegoen biharamunean bertan emango ziotela dirua, esanez: «Hartu, adiskidea, edateko eta ondo pasatzeko». Eta, horren ordez, itxaroteko esan zioten, eperik jarri gabe gainera. Sukaldariak ura bota dion zakurraren antzera jaitsi zen eskaileran behera: buztana hanken artean sarturik eta belarriak beheraturik. «Ez —zioen bere artean—, itzuliko nauk berriro, azalduko zioat jatekoa amaitzen ari zaidala eta gosez hilko naizela laguntzen ez badidate.» Labur esanik, berriro inguratu zela Dvortsovaia malekoira, eta zera esan zioten han: «Ezinezkoa da, jeneralak gaur ez du inor hartzen, itzul zaitez bihar». Eta biharamunean gauza bera; atezainak begiratu ere ez zion egin. Eta ordurako, jauna, bost errubloko billete haietatik bakarra gelditzen zitzaion poltsikoan. Lehen, gutxienez, aza-zopa eta behi-xerra jaten zituen egunero; orain, ordea, ogi-puskatxo bat eta sardinzar bat edo, aukeran, luzoker gazitu bat, dendan erosiak; goseak akabatzen zegoen gizagaixoa, eta matxinaturik zeuzkan tripa-zorri guztiak. Jatetxe baten albotik pasatu zen; sukaldaria, badakizu?, atzerritarra zen inondik ere, frantsesa-edo, eta han zegoen, Holandako hariz eginiko mantala jantzirik, elurra bezain zuri burutik oinetaraino, saltsak, saiheskiak boilurrekin eta bestelako jaki gozoak prestatzen, gosearen gosez nori bere burua jateko gogoa egiten dioten horietakoak, nolabait esateko. Igaro zen Miliutin-en dendaren albotik ere, leihotik begiratu, eta han ikusi zituen izokin eder batzuk, gereziak —bost errublo alea, aizu!—, angurri erraldoi bat diligentzia baten tamainakoa —bazirudien kalera atera nahi zuela ehun errublo ordaintzeko prest legokeen inozoren baten bila—, hitz batean, tentazioak edonondik, ur bihurturik zeukan aho-sabaia, eta «bihar» entzuten zuen denbora guztian. Pentsa ezazu nolako kinkan zegoen: alde batetik, izokina eta angurria; beste aldetik, berriz, jaki berbera zerbitzatzen zioten behin eta berriro: «Bihar». Azkenean, gizagaixoak ezin izan zuen hori gehiago jasan, eta gotorlekua indarrez hartzea erabaki zuen, nolabait esateko. Ate aurrean itxaron zuen beste eskatzaileren bat iritsi arte, eta, inor ohartu gabe, halako jeneral bati atea ireki ziotela baliatuz, itzalgaizka sartu zen harrera-gelaraino bere egurrezko hankarekin. Ohi zuenez, agertu zen halako batean handi-mandia: «Zer nahi duzu? Zer behar duzu? Hara! —esan zuen, Kopeikin ikusirik—, esan dizut, bada, itxaron egin behar duzula erabakiren bat hartu arte». «Mesedez, Berorren Gorentasun Txit Ohoragarria, goseak amorratzen nago, ez daukat zer janik...» «Eta zer? Nik ezin dizut lagundu; oraingoz, zeure baliabideekin moldatu beharko duzu, saia zaitez bizibidea zeure kabuz ateratzen.» «Baina, Berorren Gorentasun Txit Ohoragarria, nolatan aterako dut neure kabuz bizibidea hanka-motza eta beso-bakarra izanik?» «Ez tematu —esan zion goi-mailako funtzionarioak—, nik ezin zaitut mantendu; zauritu asko dago, eta guztiek dituzte eskubide berberak... Pazientzia hartu. Itzuliko da tsarra, eta ohorezko hitza ematen dizut Bere Maiestate errukiberak ez zaituela bazter utziko.» «Baina, Berorren Gorentasun Txit Ohoragarria, nik ezin dut itxaron», esan zion Kopeikinek, zakar samar. Ulertuko duzunez, jaun agurgarri hori, handi-mandia gogaiturik zegoen ordurako. Izan ere, jeneral mordoa zeukan bere erabaki eta aginduen zain; garrantzi handiko eginkizunak zituen, berehala konpondu beharreko estatu-arazoak, ezin zuen minutu bat ere alferrik galdu, eta hortxe zeukan deabru burugogor hura alamena ematen. «Barkatuko didazu, jauna, baina oso lanpeturik nago... arazo larriagoak ditut konpontzeko.» Hain modu leunez adierazi zion denbora amaitua zela eta alde egin behar zuela. Baina gure Kopeikin, goseak ziztaturik, honela mintzatu zitzaion: «Ondo da, Berorren Gorentasun Txit Ohoragarria, ez naiz hemendik mugituko nire arazoa konpondu arte». Alajainkoa! Goi-mailako handi-mandi bati horrela erantzutea ere! Zeren eta, badakizu?, jeneralak aski zuen hitz bakar bat esatea edonor lekutara bidaltzeko arrastorik utzi gabe... Gainera, kontuan izan behar duzu ezen, gure artean, gordinkeria larritzat hartuko litzatekeela funtzionario bat beste bati horrela mintzatzea, beste funtzionario hori maila apalagokoa izanik ere. Baina funtzionario hura jenerala zen, eta gure Kopeikin, aldiz, kapitain arrunta, ulertzen?, alde itzela zegoen. Bederatziehun errublo alde batean eta bat ere ez bestean! Jeneralak begiratu besterik ez zion egin, baina haren begirada, badakizu?, su-arma baten antzekoa zen, edonori ilea lazteko modukoa. Eta gure Kopeikin bere lekutik mugitu ez, bertan erroak egin balitu bezala. «Zer esan duzu?», galdetu zion jeneralak amorru bizian. Dena dela, aitortu beharra dago nahikoa bihozbera izan zela berarekin: hainbeste izutuko zuen beste edonor, ezen hiru egun geroago oraindik ibiliko baitzen kalean hankaz gora jira-biraka, nolabait esateko; baina Kopeikini zera esan zion bakarrik: «Ondo da, hiriko bizitza garestia bada zuretzat, eta ezin baduzu hemen lasai itxaron zure auzia erabaki arte, Estatuaren kontura bidaliko zaitut hemendik. Deitu mezulariari! Itzuli gizon hau bere herrira!». Esan gabe doa mezularia segituan azaldu zela: hiru arshineko gizon puska bat zen, haren eskutzarrak, badakizu?, propio eratu zituen Naturak gurdiak gidatzeko eta kolpeka hortzak ateratzeko. Hartu zuen, bada, mezulariak Jainkoaren mirabe hura, eta gurdi batean sartu zuen. «Tira —pentsatu zuen Kopeikinek—, gutxienez musu truk egingo diat bidaia, gaitz erdi!» Eta mezulariarekin batera gurdian zihoalarik, zera pentsatzen zuen: «Jeneralak esan dik neure kabuz atera behar dudala bizibidea, eta horixe egingo diat hain zuzen ere, neure kabuz atera bizibidea, bai horixe!». Kontua da inork ez dakiela nola eta nora eraman zuten. Ez zen jakin Kopeikin kapitainaren berri gehiagorik, haren oihartzuna ahanzturaren ibaian galdu zen, Leteon, poetek esaten duten bezala. Baina, jaun agurgarri hori, hementxe hasten da eleberriaren haria, edo kontakizunaren bilbea, nolabait esateko. Esan dugunez, batek daki zer gertatu zen Kopeikinekin; baina, handik bi hilabetera, bandido-sail bat agertu zen Riazango basoetan, eta badakizu nor zen bandido-sailaren buruzagia, jaun agurgarri hori? Bada, nor eta...

        — Egon apur batean, Ivan Andreievitx —esan zuen tupustean poliziaburuak, haren jarioa etenik—, esan duzunez, Kopeikin kapitaina hanka-motza eta beso-bakarra zen, eta Txitxikov, aldiz...

        Oihu bat jaulki zitzaion orduan postaburuari, eskua zabal-zabalik bekoki erdian zartakoa jo, eta astakirtena deitu zion bere buruari guztien aurrean. Ezin zuen ulertu nolatan ez zen horretaz jabetu kontakizunaren hasieran, eta aitortu zuen guztiz zuzena zela esaera zaharra: «Errusiarraren burua beranduegi ohartzen da egiaz». Nolanahi ere, hori aitortu bezain laster, aitzakiatan hasi zen, eta, bere hutsegitea zuritu nahirik, esan zuen mekanika oso aurreraturik zegoela Ingalaterran eta, hango egunkariek jakinarazi zutenez, egurrezko hanka harrigarriak asmatu zituztela: erresorte ikusezin bati eraginez gero, hanka haiek gai ziren edonor izugarri urrun eramateko, berriro ezin aurkitzeko moduan.

        Baina gainerako funtzionarioek ez zioten egiaren antz handirik hartu Txitxikov Kopeikin kapitaina zelako horri, eta uste zuten postaburua urrunegi joan zela. Dena dela, haiek ez ziren askoz zuhurrago ibili, eta, postaburuaren irudipen xelebreek eraginik, bera bezain urrun joan ziren. Agertu zituzten hipotesi guztien artean bazen bat benetan bitxia, zeinaren arabera Txitxikov Napoleon baitzen, mozorroturik. Ingelesek ondamuz begiratzen zioten aspalditik Errusiari, hain lurralde handi eta zabala zelako, eta behin baino gehiagotan argitaratu ziren horri buruzko karikaturak. Karikaturetan errusiar bat agertzen zen ingeles batekin hizketan: ingelesa zutik dago eta zakur bat dauka atzean, sokaz loturik; zakurra Napoleon da, eta ingelesak honela diotso errusiarrari: «Kontuz ibili, bestela zakur hau xaxatuko dut zure kontra»; eta ingelesek, inondik ere, Santa Helena uhartetik alde egiten utzi zioten Napoleoni, eta orain Errusian barrena zebilen Txitxikov balitz bezala, baina ez zen benetan Txitxikov.

        Sinetsi, funtzionarioek ez zuten hori sinesten, jakina; baina hausnarrean hasita, eta nork bere kolkorako hori guztia azterturik, iruditzen zitzaien ezen, Txitxikoven aurpegiak, jiraturik eta albora begira jarririk, Napoleonen potretaren antz handia zuela. Poliziaburuak, hamabigarren urteko kanpainan zerbitzatu baitzuen, bertatik bertara ikusia zuen Napoleon, eta onartu behar izan zuen ezen, goibeheari zegokionez, ez zela Txitxikov baino garaiagoa, eta bere gorpuzkerari zegokionez, berriz, Napoleonek ere ezin esan zezakeela lodiegia zenik, baina argala zenik ere ez. Seguraski, hainbat irakurlek esango dute ezin sinetsizkoa dela hori; autorea, irakurle horiei atsegin ematearren, prest dago onartzeko ezin sinetsizkoa dela; baina, zoritxarrez, horrelaxe gertatu zen, kontatu dudan bezalaxe, eta hori are harrigarriagoa da kontuan izanik hiri hura ez zegoela bazter urrun batean galdurik, bi hiriburuetatik hurbil baizik. Bestetik, gogorarazi beharra dago frantsesak gure herrialdetik egotzi eta gutxira jazo zela hori guztia. Garai hartan, politikari sutsuak bilakatu ziren gure lurjabe, funtzionario, merkatari, dendari eta, oro har, irakurtzen eta idazten zekiten guztiak, eta ez zekitenak ere bai, eta gutxienez zortzi urte iraun zuen horrek. Jendeak grina biziz irakurtzen zituen Moskovskie Vedomosti eta Sin Otetxestva, eta azken irakurlearen eskuetara iristen zirenerako, txiki-txiki eginik zeuden, ezertarako balio ez zutela. Galdetu beharrean «Zenbatean saldu duzu olo-neurria?» edo «Nola baliatu duzu atzoko elurra?», honako galderak egiten zizkioten elkarri: «Zer diote gaurko egunkariek? Berriro utzi diote Napoleoni uhartetik alde egiten?». Merkatariek beldur handia zioten horri, zeren itsu-itsuan sinetsi baitzituzten azti baten iragarpenak. Azti hark hiru urte zeramatzan espetxean; halako batean iritsi zen hirira, batek daki nondik, arrain ustelaren kirats izugarria zeriola, laptiak oinetan eta ahari-larruzko beroki luzea soinean, eta iragarri zuen Napoleon antikristoa zela eta harrizko katez loturik zeukatela sei estepa eta zazpi itsaso harantzago, baina egunen batean kateak etengo zituela eta mundu osoa menderatuko zuela. Espetxean sartu zuten horrelako gauzak esateagatik, baina haren iragarpenek eragin handia izan zuten, eta merkatariak zeharo asaldaturik bizi ziren harrezkero. Luzaro izan zuten hizpide antikristoa; irabazi handiko tratuak tea edanez ospatzeko tabernan elkartzen zirenetan ere, antikristoaz mintzatzen ziren. Funtzionario eta aitoren seme askok ere horretan pentsatzen zuten nahi gabe, eta, mistizismoz kutsaturik —garai hartan moda-modan baitzegoen—, oso zentzu berezia aurkitzen zioten «Napoleon» hitza osatzen zuten letretako bakoitzari; zenbaitek zifra apokaliptikoak ere ikusi zituzten hizki haietan. Horrenbestez, ez zen harritzekoa funtzionarioek, nahi gabe, horrelako gogoetak erabiltzea buruan; nolanahi ere, laster seneratu ziren, konturaturik gehiegi lasaitu zituztela irudimenaren hedeak eta errealitatea bestelakoa zela. Pentsatu eta pentsatu, eztabaidatu eta eztabaidatu, eta azkenean erabaki zuten ez legokeela txarto Nozdriovi beste galdeketa bat egitea, aurrekoa baino ganorazkoagoa. Berak zabaldu zuen arima hilen istorioa, eta, zioenez, oso harreman estuak zituen Txitxikovekin; zalantzarik gabe, beraz, zer edo zer jakingo zuen haren bizitzaz. Berriro saiatuko ziren, bada, Nozdriovi argitasunen bat ateratzen.

        Bai bitxiak jaun funtzionario haiek eta, orokorrean, beste edozein gizarte-mailatako herritarrak oro! Ondo asko zekiten Nozdriov gezurti hutsa zela, ezin ziotela hitz bat bera ere sinetsi, nahiz eta hutsalkeriarik hutsalena esan, baina, hain zuzen ere, berarengana jo zuten. Nork ulertu gizabanakoa? Batek ez du Jainkoarengan sinesten, baina bai sinesten du hil egingo dela begitartean azkurarik izanez gero; beste batek ez du aintzat hartzen poetaren obra —eguna bezain argia, guztiz harmonikoa, bakuntasunik zentzuzkoenaz jantzia—, baina sutsuki goresten du mutiriren batek sorturikoa Naturaren berezko ordena erabat lardaskatuz, nahasiz, suntsituz eta hankazgoratuz, hori bai atsegin zaio, eta lau haizeetara aldarrikatzen du: «Honek bai, honek bai jakin du bihotzeko misterioak agerian jartzen!». Hirugarren batek bizitza osoan ez die behin ere jaramonik egin sendagileei, eta, azkenean, araoka eta listuka sendatzen duten emakume horietako batengana joaten da, edo, are hobeto, batek daki zer-nolako zaborrez eginiko edabe nazkagarri bat asmatzen du, zeren eta, Jainkoak daki zergatik, uste baitu horrekin bakarrik sendatuko duela bere gaitza. Jakina, neurri batean behintzat, barkatzekoa zen funtzionarioen jarrera, oso ataka gaiztoan zeuden eta. Diotenez, itotzear dagoenak edozeri heltzen dio, denik eta ezpalik txikienari ere, une horretan ez baita konturatzen ezpaltxo horrek euli baten pisuari eutsi ahal diola gehienez ere, eta berak lau edo bost pud pisatzen duela; baina nola une horretan ez den pentsatzeko gai, ezpaltxoari oratzen dio. Bada, gure funtzionarioek ere halaxe, Nozdriovi heldu zioten azkenean. Poliziaburuak ohartxo bat idatzi zion berehala, arratsean bere etxera etortzeko gonbita eginez, eta auzoko polizia, zaldiz ibiltzeko botak jantzirik eta masailak gorri-gorri, lasterka joan zen Nozdriovenera, jauzi txikiak eginez eta eskuaz ezpatari eusten ziola. Nozdriov buru-belarri murgildurik zegoen garrantzi handiko zereginetan; lau egun zeramatzan bere gelatik irten gabe; ez zion inori sartzen uzten eta leiho txiki batetik hartzen zuen janaria; hitz batean, argal eta zurbil zegoen. Bere zereginak arreta handia eskatzen zion: ehunka karta zituen, eta sorta bat osatzeko adina aukeratu behar zituen haien artean, eta marka bana egin, karta haietan adiskiderik leialenarengan baino uste sendoagoa izateko moduan. Bi asterako lana zuen gutxienez; bitartean, Porfirik eskuila berezi batez igurtzi behar zion zilborra zakurkumeari, eta egunean hiru aldiz xaboiz garbitu. Nozdriov sutan jarri zen bakarraldia eten ziotelako; beste ezer baino lehen, pikutara bidali zuen auzoko polizia, baina poliziaburuaren ohartxoa irakurri bezain laster konturatu zen etekin ederra atera ahalko ziola arratsari, zeren, ohartxoak zioenez, karta-jokoan hasiberria zen lagun bat ere joatekoa baitzen haren etxera; guztiz bigundurik, gelako atea giltzaz itxi, edonola jantzi, eta poliziaburuaren etxera joan zen. Nozdrioven adierazpenak, lekukotasunak eta baieztapenak hain gertatu ziren funtzionarioen usteen kontrakoak, ezen behea jo baitzuten haien hondar susmoek. Zirt edo zarteko gizon bipila zen Nozdriov, duda-mudaka ibiltzen ez diren horietakoa. Funtzionarioen aburuetan zenbat eta ziurgabetasun eta zalantza handiagoa atzeman, hainbat eta irmotasun eta ziurtasun handiagoa erakusten zuen berak. Hitzetik hortzera erantzun zien galdera guztiei. Esan zien Txitxikovek milaka errubloren arima hilak erosi zituela, eta berak ere saldu zizkiola batzuk, ez baitzuen aurkitu ez saltzeko arrazoirik. Galdeturik ea espioia zen eta ezkutuko zerbait argitara atera nahian zebilen, Nozdriovek erantzun zien baietz, espioia zela, salataria deitzen ziotela eskolan ere —non elkarrekin ikasi baitzuten biek—, eta behinola ikaskideek —Nozdriov bera ere tartean zela— hain jipoi handia eman ziotela horregatik, ezen berrehun eta berrogei izain jarri behar izan baitzizkioten lokietan (berrogei esan nahi izan zuen, beste berrehunak berez itzuri zitzaizkion). Galdeturik ea Txitxikov zen billete-faltsutzailea, erantzun zuen baietz, hura bera zela billete-faltsutzailea, eta gertaera bat kontatu zien bide batez, Txitxikoven trebetasun ezohikoaren erakusgarri: behin batean, agintariek, jakinik Txitxikoven etxean bi milioi errublo zegoela billete faltsuetan, etxea zigilatu eta zaintzaileak jarri zituzten, bi soldadu ate bakoitzean, baina, guztiarekin ere, Txitxikov nola edo hala moldatu zen gau bakar batean billete guztiak aldatzeko, eta biharamunean, zigiluak kendu zituztenean, etxean zituen billete guztiak legezkoak zirela ikusi zuten. Galdeturik ea Txitxikovek bazuen gobernadorearen alaba bahitzeko asmo sendorik eta ea egia zen bera horretan laguntzeko prest agertu zela, erantzun zuen baietz, lagundu egin ziola, eta berak esku hartu izan ez balu, porrot egingo zukeela. Berehala ohartu zen premiarik gabeko gezur horrek atsekabe latzak ekar ziezazkiokeela, baina ezin izan zuen mihia bridatu. Hain xehetasun interesgarriak bururatu zitzaizkion, ezin izan baitzituen isilean gorde: bazekien zein elizatan ezkonduko ziren, bazekien Trukhmatxevka herrixkan zegoela, bazekien popeari aita Sidor zeritzola eta hirurogeita hamabost errublo ordainduko zizkiotela; esan zuen popeak ez zukeela amore emango berak beldurtu ez balu esanez salatu egingo zuela Mikhail dendajabea amabitxiarekin ezkondu zuelako; azkenik, gaineratu zuen bere kalesa utzi ziela iheslariei eta bera arduratu zela posta-geltoki guztietan ordezko zaldiak prest egongo zirela ziurtatzeaz. Hainbeste xehetasun zekizkien, ezen norberaren izenaz aipatzen baitzituen kotxezainak. Funtzionarioek asmoa zuten Napoleonez ere galdetzeko, baina atzera egin zuten, ikusirik Nozdriovek zer-nolako zentzugabekeriak esaten zituen. Hitz eta pitz ari zen, ez egiaren ez ezeren antzik ez zuten ergelkeriak esaten, eta funtzionarioak berarengandik aldendu ziren, hasperenka. Soilik poliziaburua geratu zen oraindik puska batean entzuten, noiz edo behin zerbait interesgarria esango zuelakoan, baina, azkenean, airean eragin zion eskuari, esanez: «Deabruak daki zertan ari den!». Aho batez onartu zuten gezurtiari egiarik entzun nahi izatea arrantzura larrera joatea bezala dela. Lehen baino egoera okerragoan zeuden funtzionarioak, eta onartu egin behar izan zuten ez zegoela jakiterik zer zen Txitxikov. Argi geratu zen, ordea, nolakoa izaten den gizakia: neurritsua, zentzuduna eta azkarra besteri dagozkion arazo guztietan, baina ez norberari doazkionetan. Zein aholku egoki eta zuhurrak ematen dizkion lagun hurkoari bizitzako egoera larrietan! «Bai argia haren burua!, bai sendoa aiurria!», aldarrikatzen dute denek. Baina buruargi horri zorigaitzen bat badatorkio eta bizitzako egoera larri horietakoren bat egokitzen bazaio, bertantxe aienatzen da aiurri hori guztia, zeharo galtzen du burua gizon irmo horrek, eta haren baitatik ateratzen da koldar errukarri bat, ezdeus bat, haurtxo ahul bat, edo gixonerdi bat, Nozdriovek esan ohi duen bezala.

        Batek daki zergatik, esamesa, irudipen eta zurrumurru haiek guztiek beste edonorengan baino eragin handiagoa izan zuten prokuradore dohakabearengan. Etxera heldu zenean, gogoetetan murgildu zen, zeharo asaldaturik, eta, halako batean, ez bat eta ez bi, hil egin zen. Eserita zegoelarik, aulkitik erori eta ahoz gora geratu zen lurrean etzanda, perlesiak edo beste gaitzen batek jota. Ohi denez, garrasika hasi ziren denak, eskuak espantuz jasorik: «Ene Jainkoa!». Sendagileari deitu zioten, odola atera ziezaion, baina ikusi zuten prokuradorea arimarik gabeko gorpua zela jadanik. Orduan soilik jakin zuten, doluminez, zenduak izan bazuela arima, nahiz eta berak, bere apaltasunean, sekula ez zuen erakutsi. Bestetik, gizaki xumearen heriotza handikiarena bezain izugarria izaten da: arestian gizon hura kalean ibiltzen zen, mugitzen zen, whistean jokatzen zuen, askotariko paperak sinatzen zituen, sarritan ikusten zuten funtzionarioen artean bere bekain iletsuekin, ezkerreko begia noizean behin berez kliskatzen zitzaiola, eta orain mahai gainean zetzan, begia ez zitzaion gehiago kliskatuko, baina bekainetako bat apur bat goraturik zeukan oraindik, halako galdera-imintzio batean gelditurik bezala. Jainkoak bakarrik daki hildakoak zer galdetu nahi zuen, zergatik hil zen eta zertarako bizi izan zen.

        Baina hori guztia zentzugabea da!, ez du ez bururik ez hankarik!; ezinezkoa da funtzionarioak hainbeste beldurtzea, hain burugabekeria handiak asmatzea, egiatik hainbeste aldentzea, haur batek ere ikusiko bailuke zer gertatzen zen benetan! Hala esango dute irakurle askok. Autoreari egotziko diote zentzugabetasun horren errua, edo ergelak deituko diete funtzionario errukarriei, zeren gizakiak oso eskuzabal jokatzen baitu beti «ergel» hitzarekin, eta prest egoten da lagun hurkoari horrela deitzeko egunean hogei bat aldiz. Aski du batek hamar alderditatik batean inozoa izatea, beste batek kirtena dei diezaion, beste bederatzi alderdiak aintzat hartu gabe. Irakurlearentzat erraza da epaitzea: bere talaian eroso eseririk begiratzen du behera —non gizabanakoak hurbil daukana soilik ikusi ahal baitu—, eta ostertz osoa begien bistan daukala aztertzen du han behean gertatzen den guztia. Mende asko oso-osorik ezabatu eta kenduko genituzke gizadiaren historia unibertsalaren kroniketatik, alferrikakoak izan zirela iritzirik. Orain haurrek ere egingo bide ez lituzketen huts asko egin dira munduan. Betiereko egiara iritsi nahirik, zein bide bihurri, oker, mehar, urrun eta ibilgaitzak hautatu dituen gizadiak, ohartu gabe bide zuzen-zuzena daukala aurrean, tsarrak jauregi gisa erabiltzen duen eraikin dotorera daramana bezain zuzena! Beste bide guztiak baino zabalagoa eta ibilerrazagoa da, eguzkitsua, gauez makina bat argiontzik argitua, baina jendea aldamenetik igarotzen da ilunpe beltzetan barrena. Eta gizakiek, Zeruak eman dien zentzuak gidaturik ibili arren, hamaika aldiz egin dute bidean atzera, hamaika aldiz galdu dira, hamaika aldiz itzuli dira egun-argitan bazter-leku ibilgaitzetara, hamaika aldiz itsutu dizkiote begiak elkarri laino itxi batez, eta, gogoa nahasirik, lasterka joan dira argi-zakurren atzetik, eta, amildegiaren ertzera iritsita, izularriturik galdetu diote elkarri: «Non dago irteera? Non dago bidea?». Egungo belaunaldiak argi dakusa dena, harriturik begiratzen die bere aurrekoen hutsei, barre egiten du haien burugabetasunaren kontura, ez baita ohartzen Zeruko suak idatzi duela kronika hori, letra bakoitzak zerbait aldarrikatzen duela, iraganaren hatz larderiatsuak bera seinalatzen zuela handik, bera, egungo belaunaldia; baina egungo belaunaldiak barre egiten du, eta, harropuzturik, handiustez beterik, huts gehiago egiten ditu, zeinen kontura barre egingo baitute ondorengo belaunaldiek.

        Txitxikovek ez zekien horren guztiaren berri. Berariaz bezala, bitarte horretan hotzeri arin batek jota egon zen, gaitz hori oso zabaldurik baitago gure probintzietako hiriburu askotan, klimaren eraginez. Hanpaturik zeuzkan oiak eta eztarria. Ondorengorik utzi gabe mundu honetatik ez joateko —Jainkoari nahi ez zekiola!—, erabaki zuen hobe zuela hiru bat egunez gelan geratu. Egun haietan, kamamilaz eta kanforrez eginiko txaplata bat eduki zuen masailan loturik, behin eta berriro garbitzen zuen eztarria piku-esnez, eta esnean egosiriko pikuak jaten zituen gero. Denbora zer edo zertan ematearren, erositako nekazari guztien zerrenda berri eta zehatzak egin zituen, maletan aurkitu zuen Vallière-ko dukesa obraren tomo bat irakurri zuen, begiratu bat eman zien kutxan gorderik zeuzkan gauza eta ohartxoei, berriro irakurri zituen haietako batzuk, eta izugarri aspertu zuen horrek guztiak. Ezin zuen inola ere ulertu zergatik hiriko funtzionarioek ez zioten bisitarik egiten, zer moduz zegoen galdetzeko besterik ez bazen ere, aspaldi ez zela beti egoten baitzen kotxe bat edo beste ostatuko ate aurrean, noiz postaburuarena, noiz prokuradorearena, noiz ganberaburuarena. Erantzuna ezin aurkiturik, soinak goratzen zituen, gelan batera eta bestera zebilela. Azkenean, hobeto sentitu zen, eta ikaragarri poztu zuen aire zabalera atera ahalko zela ikusteak. Gehiago luzatu gabe, bere burua txukuntzeari ekin zion. Ispilu aurrean jarri, bizarra haztatu, eta esan zuen: «Hau basoa!». Izan ere, basoa ez izanagatik, kokotsak eta masailek landarez oparo estaliriko soroa ziruditen. Bazeukan, beraz, moztu on baten beharra. Edalontzira ur beroa isuri, kutxa ireki, eta eskuila eta xaboia atera zituen handik. Bizarra egindakoan, bizkor eta agudo jantzi zen, hain lehia biziz, ezen gutxigatik ez baitzen lurrera erori hankak galtzetan sartzerakoan. Jantzitakoan, gorputza kolonia-urez zipriztindu, eta, hotzetik ondo babesturik, kalera irten zen, masaila estalirik badaezpada ere. Sendatu berriek ohi dutenez, alaitsu irten zen kalera. Atsegingarri zeritzon bidean aurkitzen zuen guztiari, hala etxeei, nola kalean zebiltzan nekazariei. Egia esan, nekazariak serio samarrak ziren, eta eguna hasi zenetik lagunari masailako bat edo beste emateko aukera izan zuten gehienek. Baina Txitxikovek atsegingarri iritzi zien nekazariei ere. Aurrena, gobernadorea ikustera joateko asmoa zuen. Bidean denetariko pentsamenduak etorri zitzaizkion gogora; ilehoria zebilkion buruan jira-biraka, jostalari zeukan irudimena, adarra jotzen hasi zitzaion bere buruari ere, eta barre batzuk egin zituen bere lepotik. Oso aldarte onean iritsi zen, beraz, gobernadorearen etxe aurrera. Atarian longaina bizkor eranzten ari zela, atezainak zur eta lur utzi zuen ustekabeko hitz batzuekin:

        — Sartzen ez uzteko agindu didate!

        — Nola? Zer diozu! Ez dakizu nor naizen, ala? Begira iezadazu ondo aurpegira! —esan zion Txitxikovek.

        — Ondo asko dakit nor zaren, lehenago ere ikusi zaitut hemen —esan zion atezainak—. Hain zuzen ere, zuri sartzen ez uzteko agindua daukat, beste edonor batere eragozpenik gabe sar daiteke.

        — Arranopola! Zer dela eta? Zergatik?

        — Hori agindu didate, eta arrazoiren bat izango dute horretarako —esan zuen atezainak, eta «Bai» erantsi zuen gero. Zutik geratu zen Txitxikoven aurrean, zeharo zabarturik, longaina eranztera lasterka hurbiltzen zitzaiolarik lehen erakusten zuen itxura adeitsua gorde gabe. Bazirudien honela zioela bere artean, berari begira: «Hara! Doilorra galanta izan behar duk hik, nagusi jaun-andreek etxetik horrela botatzeko!».

        «Ez diat ulertzen!», pentsatu zuen Txitxikovek bere kolkorako, eta ganberaburuaren etxera joan zen zuzenean. Baina ganberaburua hainbeste asaldatu zen bera ikusi zuenean, ezen ezin izan baitzuen taxuzko esaldirik josi, eta hain zozokeria handiak esan zituen, ezen lotsa-lotsa eginik geratu baitziren biak ala biak. Haren etxetik alde egindakoan, kalean zihoala, Txitxikovek senperrenak egin zituen ganberaburuak esandakoa ulertzeko eta haren hitzei zentzurik aurkitzeko, baina ezin zuen ezertxo ere ulertu. Beste batzuen etxera joan zen orduan: poliziaburuarenera, gobernadoreordearenera, postaburuarenera; baina, edo ez zuten hartu, edo hain harrera bitxia egin zioten, hain izan zen ulergaitza eta behartua haien hizketa, hainbeste aztoratu ziren, hain nahasamendu handia erakutsi zuten, ezen Txitxikovek duda egin baitzuen haien burmuinaren osasunaz. Saiatu zen beste norbait ikusten, jokaera horren zergatia jakiteko behinik behin, baina ez zuen inolako azalpenik bildu. Nora ezean ibili zen hiriko kaleetan barrena, sonanbuluen antzera, ezin erabakirik bera eroturik zegoen ala funtzionarioek burua galdu zuten, ametsetan zegoen ala buru-buztanik gabeko egoera hura egiazkoa zen. Berandu, ia iluntzean itzuli zen ostatura, nondik hain aldarte oneko atera baitzen, eta, gogaiturik, tea eskatu zuen. Gogoetatsu eta egoera bitxi hari buruzko oldozpen lausoetan murgildurik tea edaten ari zela, gelako atea ireki, eta Nozdriov agertu zen ustekabean.

        — Esaera zaharrak dioenez, zazpi versta ez dituk bide luzea adiskidea ikustera joateko —esan zuen, kapelua eranzteaz batera—. Ostatuaren albotik pasatzean, argia ikusi diat hire leihoan. Ez zegok lotan, pentsatu diat, igoko nauk bisitatxo bat egitera. Primeran!, tea daukak mahai gainean prest, gustura edango nikek katilukada bat. Janari nazkagarria eman zidatek gaur bazkaltzeko, ondoezik zeukaat oraindik sabela. Agindu ezak pipa bat bete diezadatela! Non daukak heurea?

        — Nik ez dut pipa erretzen —esan zuen Txitxikovek, lehor.

        — Tira, tira! Bazekiat erretzailea haizela. Ea, bada, deitu heure morroiari! Aizak, Bakhramei!

        — Ez da Bakhramei, Petrushka baizik.

        — Nola?, lehen baheukan Bakhramei izeneko morroi bat.

        — Sekula ez dut izan Bakhramei izeneko morroirik.

        — Arrazoi duk! Derebin-en morroia zuan Bakhramei. Entzun nolako zortea izan duen Derebinek: haren izebak egundoko iskanbila izan dik semearekin, jopu batekin ezkondu delako, eta berari utzi zizkiok bere ondasun guztiak. Alajaina, ez legokek batere txarto horrelako izeba bat edukitzea etorkizuna segurtatzeko! Aizak, adiskidea, nola aldendu haizen mundu guztiarengandik! Ez haiz hemendik ateratzen, ala? Bai, bazekiat zeregin zientifikoetan aritzen haizela batzuetan, bazekiat gogoko duala irakurtzea (Nozdriovek nondik atera zuen gure protagonista zeregin zientifikoetan aritzen zela eta gogoko zuela irakurtzea, autoreak ez daki, eta Txitxikovek are gutxiago). Ai, Txitxikov, nire adiskidea, ikusi izan bahu...!, baheukan hor heure buru eztenzalearentzako elikagai eder askoa (Txitxikoven burua zergatik zen eztenzalea, hori ere ez dakigu). Jokoan aritu gintuan Likhatxev merkatariaren etxean, primeran pasatu genian. Hango barreak! Perependev nirekin zegoan, eta zera esan zidaan: «Bai tamalgarria Txitxikov hemen ez izatea...!». (Txitxikovek ez zuen inoiz ezein Perependeven aditzerik izan). Tira, adiskidea, aitor ezak zitalki portatu hintzela nirekin dametan egin genuenean. Gogoan duk?, nik irabazi nian... Bai, adiskidea, estu erabili ninduan egun hartan. Baina deabruak ondo zekik ni ez naizela huskeria batengatik haserretzen diren horietakoa. Lehengo egunean ganberaburuarenean izan ninduan... Ah, bai!, ahaztu baino lehen esan behar diat hirian denak daudela hire kontra; uste ditek billeteak faltsutzen dituala, alamena ematera etorri zaizkidak, galdera mordoa egin zidatek hitaz, baina nik su eta gar defendatu haut, esan zieat elkarrekin ikasi genuela eta hire aita ezagutu nuela; esan beharrik ez zegok sekulakoak entzun behar izan dituztela.

        — Nik billeteak faltsutzen ditudala diote? —egin zuen espantu Txitxikovek, aulkitik apur bat altxaturik.

        — Zer egin duk funtzionario guztiak hainbeste ikaratzeko? —jarraitu zuen Nozdriovek—. Izuak zoratu egin ditik: gaizkilea eta espioia haizela ziotek... Eta prokuradorea hil egin duk beldurraren beldurrez, bihar lurperatuko ditek. Joango haiz? Kontua duk gobernadore militar berria izendatu dutela, eta funtzionarioak beldur dituk ez ote zaien hire erruz zerbait gertatuko. Nire ustez, gobernadore militarra harroputza bada eta guztien gainetik dagoela erakusten hasten bada, ez dik ezer lortuko aitoren semeen aldetik. Aitoren semeek adeitasuna nahi ditek, ez da hala? Jakina, litekeena duk bere bulegoan sartzea eta inolako dantzaldirik ez antolatzea; baina zer lortuko luke horrela? Horrekin ez likek ezertxo ere irabaziko. Dena dela, Txitxikov, hik oso asmo arriskutsuak dituk.

        — Asmo arriskutsuak nik? Zein, gero? —galdetu zuen Txitxikovek, urduri.

        — Gobernadorearen alaba bahitzea. Nik, aitor diat, horrelako zerbait gertatuko zelakoan nengoan, horixe nengoela! Lehen aldiz elkarrekin ikusi zintuztedanean, dantzaldian, neure baitan pentsatu nian: «Zerbait zerabilek buruan gure Txitxikovek...». Hala ere, ez haiz oso fin ibili aukeratzeko orduan, nik ez zioat ezer erakargarririk ikusten neska horri. Baduk Bisukov-en ahaide bat, haren arrebaren alaba, oso neska xarmagarria dena! Hura bai ederra!

        — Baina zer diozu! Nolatan bahituko nuke nik gobernadorearen alaba? —esan zuen Txitxikovek, begiak arranpalo.

        — Tira, tira, aski duk, adiskidea, zein isilkorra haizen! Hain zuzen ere, horrek ekarri naik hiregana. Nahi baduk, prest nagok laguntzeko. Hire aitabitxia izango nauk ezkontzan, nire kalesa utziko diat eta ordezko zaldiak jarriko ditiat posta-geltoki guztietan. Gauza bakarra eskatuko diat horren truke: hiru mila errublo utzi behar dizkidak. Kosta ahala kosta lortu behar diat diru hori, hil edo biziko kontua duk niretzat.

        Nozdriov berriketan ari zen bitartean, Txitxikovek hainbat bider igurtzi zituen begiak, esna zegoela egiaztatu nahirik. Billeteak faltsutzea, gobernadorearen alaba bahitzea, prokuradorearen heriotza (zeinaren erruduna bera omen baitzen), gobernadore militar berriaren izendapena..., neurrigabeko izulaborri batek hartu zuen hori guztia entzutean. «Hori horrela bada —pentsatu zuen bere artean—, ezin nauk hemen geratu, lehenbailehen alde egin behar diat.»

        Ahal bezain laster bidali zuen Nozdriov ostatutik. Berehala Selifani deitu, eta egunsentian prest egoteko agindu zion, goizeko seietan beranduenez hiritik alde egin nahi baitzuen, hutsik egin gabe; esan zion ikuskatu beharreko guztia ikuskatzeko, britxka koipeztatzeko, eta abar, eta abar. Selifanek erantzun zion: «Zure esanera, Pavel Ivanovitx!», baina atean geratu zen puska batez, lekutik mugitu gabe. Petrushkari, berriz, maleta ohe azpitik ateratzeko agindu zion. Maleta hauts-geruza lodi batez estalirik zegoen ordurako, eta Txitxikovek, Petrushkarekin batera, berehala ekin zion bere gauza guztiak gordetzeari, harrapaka eta nolanahi. Galtzerdiak, alkandorak, barruko arropak —garbiak zein zikinak—, zapata-orkoiak, egutegia..., hartu ahala sartu zituen gauza guztiak maletan. Arratsean bertan utzi nahi zuen dena prest, biharamun goizean ustekabeko eragozpenik gabe abiatu ahal izateko. Selifan, pare bat minutuz ate ondoan geldirik egon ondoren, gelatik irten zen azkenean, poliki-poliki. Astiro, ezinago astiro jaitsi zen zurubian behera, bere bota bustien arrastoak utziz maila higatuetan, eta eskuaz garondoan hatz egiten jardun zuen tarte luze batez. Zer adierazten zuen hatz egite horrek? Zer esan nahi zuen? Atsekabeturik zegoen bere asmoek porrot egin zutelako eta biharamunean ezin izango zelako tabernara joan bere lagun zarpailekin edo beroki zarpatsua gerrikoaz estu loturik zeraman arloteren batekin?; edo hiriko neskameren batez maitemindurik zegoen eta aurrerantzean ezin izango zen berriro elkartu bere maiteñoarekin etxe aurrean, ilunabarrak hiria biltzen zuelarik, haren eskutxo zuriak bereen artean kontu handiz estuturik, alkandora gorriko mutiko batek balalaika jotzen zuen bitartean, haren ingurura bilduriko neskame-morroiak entzule eta lana amaitutakoan etxerantz zihoan jendearen ahapeko berbaroa lagun? Edo pena ematen zion betiko uzteak zerbitzarien sukalde epela, non gozo-gozo egoten baitzen labearen alboan bere berokian bildurik?; goibel zegoen ez zituelako berriz dastatuko hiriko aza-zopa eta pastel samurrak, eta, horren ordez, bidez bide ibili beharko zuelako berriro, euripean, lokatzetan, bideko neke guztiei aurre eginez? Jainkoak daki, ez dago igartzerik. Gauza asko adieraz ditzake errusiarrak garondoan hatz egiteak.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia