Bederatzigarren kapitulu

 

        Goizean, N hirian bisitak egiten hasteko ezarritako ordua baino lehenago, beroki koadrodun apainez jantziriko dama bat lasterka irten zen zurezko etxe ganbaradun bateko atetik. Etxea laranjaz pintaturik zegoen eta zutarri urdin argiak zituen. Lekaio bat zihoan damarekin, lepo ugariko longain dotorea soinean eta urrezko galoi batez apainduriko kapelu biribil distiratsua buruan. Ezohiko presaz, dama bizkor igo zen etxe aurrean geldituriko kalesako oin-oholetan gora. Lekaioak, denborarik galdu gabe, atetila danbateko batez itxi, oin-oholak gora bildu, eta, kalesaren atzealdeko uhalari helduta, gidariari oihukatu zion: «Aurrera!». Damak albiste bat entzun berria zuen, eta lehenbailehen haren berri jakinarazteko irrika menderaezina sumatzen zuen barnean. Behin eta berriro begiratzen zuen leihatilatik, eta atsekabe handiz ikusten zuen egiteko zutela oraindik bidearen erdia. Etxeak ohi baino luzeagoak iruditzen zitzaizkion; zaharren etxe zuri harrizkoak amaigabea zirudien bere leiho estu ugariekin, eta, azkenean, damak ezin izan zion eutsi honela mintzatzeko gogoari: «Etxe madarikatua! Azkenik ez din, gero!». Gidariak bi aldiz jaso zuen pausoa bizkortzeko agindua: «Arinago, arinago, Andriushka! Izugarri astiro hoa gaur!». Azkenean, helmugara iritsi ziren. Zurezko etxe gris ilun baten aurrean gelditu zen kalesa; solairu bakarreko eraikuntza zen; leihoek baxuerliebe zuriak zituzten gainaldean, eta zurezko hesi garaia aurrean. Hesiaz bestaldeko lorategi txikian landare erkin batzuk zeuden, hiriko hautsak zurixkaturik. Leihoetan, berriz, hainbat lorontzi, papagai bat bere kaiolan zabuka —mokoaz uztai batetik zintzilik— eta bi zakurtxo eguzkitan etzanda. Etxe hartan bizi zen emakumea dama iritsi berriaren adiskide mina zen. Autorearentzat izugarri zaila da bi dama horiei izena jartzea inor berriro mindu gabe, iraganean bat baino gehiago biziki haserretu baitira beraren kontra horregatik. Arriskutsua da alegiazko abizenak ematea ere. Edozein deitura asmaturik, horrela deritzon norbait agertuko da, ezinbestez, gure herrialde zabal honetako bazterren batean, eta, dudarik gabe, bekozko ezin ilunagoa jarriko du, eta hor hasiko da esaten autorea itzalgaizka inguratu zaiola beraren gaineko xehetasun guztiak jakiteko: nolakoa den, nola janzten den, zer jaten duen eta zein Agrafena Ivanovna ikustera joaten den. Eta Jainkoak gorde gaitzala deituraren ordez titulua edo gizarte-maila erabiltzetik, horrek ere arrisku handia dakar eta. Gaur egun hain daude minberaturik gure herrialdeko titulu eta gizarte-maila guztiak, ezen liburuetan irakurritako edozer norberari buruzkotzat jotzen baitute denek; horrelako giroa nagusitu da gure garai honetan. Hiri batean gizon ergel bat dagoela esan, eta mundu guztiak joko du aipatutzat bere burua; bat-batean, itxura prestuko gizon bat bere lekutik altxatuko da eta lau haizeetara aldarrikatuko du: «Ni ere gizona nauzue; beraz, ni ere ergela naiz!»; hitz batean, delako horrek begien itxi-ireki batean ulertu bide du zertan diren gauzak. Bada, guk, horrelakorik gerta ez dakigun, N hirian ia denek esaten zioten bezala deituko diogu bisitaria etxean hartu zuen damari: dama guztiz atsegina, alegia. Ondo irabazirik zeukan izen hori, zeren, izan ere, zazpi eginahalak egin baitzituen emakume guztietan adeitsuena izatera iristeko, nahiz eta, hori bai, emakumezkoek berezko duten suhartasun bizia atzematen zitzaion adeitasun horren mozorropean eta orratz zorrotza ezkutatzen zen hitz gozo bakoitzaren atzean; eta nolako garrez sutzen zitzaion bihotza edozein gauzatan gailentzen zitzaionaren kontra! Baina probintzi hiruburu batean izan daitekeen jokamolderik finenaz estalirik zegoen hori guztia. Txairotasun handia erakusten zuen mugimendu guztietan, eta atsegin zituen poemak, eta bazekien burua nola jarri ameslari-itxura emateko, eta hirian aho batez onarturik zegoen dama guztiz atsegina zela edonondik begiratuta ere. Dama iritsi berriaren nortasuna, ordea, ez zen hain oparoa, eta, horrenbestez, dama atsegina deituko diogu besterik gabe. Bistariaren iristeak lozorrotik esnatu zituen eguzkitan etzanda zeuden bi zakurtxoak: Adela iletsua —zeina bere ile luzean trabatzen baitzen behin eta berriro— eta Pot-pourri ar hanka-mehea. Biak ala biak ere, buztana kiribildurik, zaunkaka sartu ziren harrera-gelan, non bisitaria beroki koadroduna eranzten ari baitzen une horretan. Modako kolore eta irudiekiko soinekoa zeraman berokiaren azpian, eta larru-buztan luzeak lepo inguruan; jasmin-usaina gela osoan barreiatu zen. Dama atsegina iritsia zela jakin bezain laster, dama guztiz atsegina bizkor azaldu zen harrera-gelara. Elkarri eskuetatik heldurik, musuka eta txilioka hasi ziren biak, hala nola hasten baitira txilioka institutuko ikasle ohiak elkarrekin topo egiten dutenean ikasketak amaitu eta gutxira, amek artean denborarik izan ez dutelarik azaltzeko bataren aita bestearena baino behartsuagoa eta gizarte-maila apalagokoa dela. Hain ziren ozenak musuak, ezen bi zakurtxoak zaunkaz hasi baitziren, eta zapi batez uxatu zituzten gelatik. Bi damak egongelarantz abiatu ziren. Esan gabe doa egongela urdin argia zela, eta dibana, mahai obalatua eta huntzez estaliriko bionbotxoak zituela. Damen atzetik, intzirika sartu ziren Adela iletsua eta Pot-pourri garai hanka-mehea.

        — Zatoz, zatoz txoko honetara! —esan zion etxearen jabeak bisitariari, dibanaren bazter batean esertzeko gonbita eginez—. Horrela!, oso ondo! Hartu bigungarri bat!

        Eta bigungarri bat ipini zion bizkarraren atzean. Bigungarriak zaldun baten irudia zeukan artilez brodaturik, kalamukian brodatzen diren zaldun guztien tankera berekoa: sudurrak zurubi-itxura zuen eta ezpainak karratuak ziren.

        — Hau poza eman didazuna... Entzun dut baten bat iritsi dela eta neure artean esan dut: nor ote da honen goiz? Parashak esan dit: «Gobernadoreordearen emaztea», eta nik esan diot: «Berriro etorri zaigu tuntun hori alamena ematera», eta esatekotan egon naiz ez naizela etxean...

        Bisitariak albistea jakinarazi nahi zion gehiago luzatu gabe. Baina une horretan dama guztiz atseginari jaulki zitzaion deiadarrak beste bide batetik eraman zuen elkarrizketa.

        — Ene, zein oihal alaia daramazun! —esan zuen deiadarka dama guztiz atseginak, dama atseginaren soinekoari begira.

        — Bai, oso alaia da. Dena dela, Praskovia Fiodorovnaren ustez, politagoa litzateke laukiak txikiagoak balitu eta orban gaztainkara hauek urdin argiak balira. Baina ez dakizu nolako oihal polita bidali dioten haren ahizpari, hitzez azaltzerik ez dago zein zoragarria den: urdin argia, marra estu-estuak, eta marren artean orbantxoak eta lerrotxoak, orbantxoak eta lerrotxoak, orbantxoak eta lerrotxoak..., hortik atera kontuak; hitz batean, paregabea, zoragarria benetan! Zalantzarik gabe esan daiteke mundu osoan ez dagoela hori bezalakorik.

        — Ñabarregia aukeran, maitea.

        — Ez, ez da batere ñabarra.

        — Bai horixe, ñabarregia!

        Oharrarazi beharra dago ezen dama guztiz atsegina materialista samarra zela, ukorako eta zalantzarako joera handia zuela eta zeharo arbuiatzen zituela bizitzako gauza asko.

        Dama atseginak, oihala batere ñabarra ez zela azaltzen ari zitzaiola, oihuka esan zion bat-batean:

        — Ah!, zorionak!, farfailak ez dira erabiltzen jadanik.

        — Zer? Ez direla erabiltzen?

        — Orain oxkartxoak daude modan.

        — Oxkartxoak? Ene Jainkoa, ez da izango!

        — Oxkartxoak, bai, oxkartxoak besterik ez da ikusten: oxkartxoak soingainekoetan, oxkartxoak mahuketan, oxkartxoak bizkarrekoetan, oxkartxoak barrenetan, oxkartxoak nonahi.

        — Oxkartxoak nonahi! Bai gogaikarria, Sofia Ivanovna!

        — Ederrak dira baina, Anna Grigorievna, ezin ederragoak. Bi izur eginez josten dira, muxarradura zabalak dituzte goiko aldean... Baina entzun, entzun hau, aho zabalik geratuko zara-eta... Sinesten ez badidazu ere, gorontzak luzeagoak erabiltzen dira orain, konkortxoa dute aurrealdean, eta aurreko baleak muga guztiak gainditzen ditu; gona, berriz, gerriaren inguru guztian estu bildurik eramaten da, antzinako merinakeak bezala, eta kotoi pixka bat sartzen da atzeko aldean, oihala puztu-puztu eginik gera dadin.

        — Egundo horrelakorik! Hamaika ikusteko jaioak gara! —esan zuen dama guztiz atseginak, duintasuna erakusten zuen buru-mugimendu bat eginez.

        — Bai, horixe diot nik ere —erantzun zuen dama atseginak.

        — Zuk nahi duzuna esango duzu, baina nik sekula ez dut horrelakorik jantziko.

        — Nik ere ez... Horra noraino iristen den batzuetan moda... Sekula ez da horrelakorik ikusi! Nik, dena dela, patroia eskatu diot ahizpari, barre batzuk egiteko bakarrik, bestelako asmorik gabe. Nire Melaniak josteari ekin dio jadanik.

        — Orduan, patroia daukazu? —egin zuen oihu dama guztiz atseginak, barrena astindu zion zirrara ezkutatu ezinik.

        — Bai, ahizpak ekarri dit.

        — Zeruko santu guztien izenean, utzi egin behar didazu, laztana!

        — Ai!, Praskovia Fiodorovnari utzi behar diot aurrena, hitzeman diot eta. Itzultzen didanean utziko dizut zuri.

        — Tira, tira! Nork jantziko luke ezer Praskovia Fiodorovnak estreinatu ondoren? Harrigarria da zuk arrotzei lehentasuna ematea.

        — Baina Praskovia Fiodorovna ez da arrotza, izeba txikia dut.

        — Jainkoak daki zer-nolako izeba duzun hori: senarraren aldetikoa... Ez, Sofia Ivanovna, ez dut aitzakiarik entzun nahi, argi dago mindu egin nahi nauzula... Bistakoa da nitaz aspertu zarela, bistakoa da gure adiskidetasuna hautsi nahi duzula.

        Sofia Ivanovna gajoak ez zekien zer egin. Argi zekusan oso sugar bizien erdian zegoela. Eta ondo merezia zuen, hain ahoberoa izateagatik! Une horretan, gustura ziztatuko zukeen orratz zorrotzez bere mihi ergela.

        — Eta zer moduz dabil gure galaia? —esan zuen orduan dama guztiz atseginak.

        — Ene!, ahaztuta neukan! Eskerrak aipatu duzun. Badakizu zertarako etorri naizen zeurera, Anna Grigorievna?

        Arnasa estutu zitzaion bisitariari; hitzak ahoan pilatu zitzaizkion, bata bestearen atzetik airera jalgitzeko prest, harrapakinarenganatz hegan abiatzen diren aztoreen antzera, eta haren adiskide mina bezain ankerra izan beharra zegoen hitz haiei bidea ixteko.

        — Zuk sutsuki goraipatu eta laudatzen duzun arren —esan zuen, ohi baino bizitasun handiagoz—, argi eta garbi esango dizut, eta aurpegira esango nioke berari ere, gizatxar hutsa dela, gizatxarra, gizatxarra, gizatxarra...

        — Baina entzun, mesedez, zer dudan zuri esateko...

        — Polita dela esaten dute, baina ez da batere polita, ez da batere polita, eta haren sudurra... munduko sudurrik itsusiena da.

        — Baina mesedez, mesedez, uztazu gauza bat kontatzen, arren!... Utzi gauza bat kontatzen, Anna Grigorievna, nire adiskide maitea, mesedez! Istorio bat da. Ulertzen didazu?, istorio bat, c'est ce qu'on appelle une historie —esan zuen bisitariak, etsipena aurpegian eta erregu-ahotsez. Komeni da oharraraztea ezen bi damen arteko elkarrizketa hitz arrotz ugariz eta frantsesezko esaldi luzez josirik zegoela. Autoreak begiramen handia die frantses hizkuntzak Errusiari ekarri dizkion onura salbagarriei, begiramen handia dio goi-gizarteko jendeak eguneko ordu guztietan frantsesez mintzatzeko duen ohitura laudagarri horri —gauza jakina baita jaioterriaren alderako maitasun sakonak eraginik jarduten dutela horrela—, baina, hala eta guztiz ere, ez da erabakitzen bere poema errusiar honetan beste hizkuntza bateko esaldirik sartzera. Beraz, errusieraz jarraituko dugu.

        — Zer istorio da hori?

        — Ai, Anna Grigorievna maitea, ez dakizu zein estu eta larri nagoen! Entzun: gaur goizean, aita Kiril artzapezaren emaztea etorri zait etxera; eta... nolakoa dela uste duzu gure artean dugun arrotz ogi-puska hori?

        — Zer, artzapezaren emaztea gorteatzen hasi da, ala?

        — Ai, Anna Grigorievna, gaitz erdi horrela balitz! Entzun zer kontatu didan artzapezaren emazteak: lehengo egunean, Korobotxka izeneko lurjabe bat azaldu zitzaion etxera, izuikaraturik eta herioa baino zurbilago; eta zer-nolako gauzak kontatu zizkion!; entzun arretaz, benetako nobela da eta: bat-batean, gau beranduan, etxean denak lo zeudela, kolpeak entzun zituen kaleko atean, edonor beldurtzeko moduko kolpeak; norbaitek oihuka zioen: «Ireki atea, ireki atea, behera botako dut bestela!». Eta? Zer deritzozu orain gure galaiari?

        — Baina Korobotxka hori polita eta gaztea da?

        — Ez hurrik eman ere, zaharra da.

        — Galai deabru hori! Zaharrei ere ekin die! Gustu ederra erakutsi dute hemengo damek, horra nortaz maitemindu diren!

        — Bada, ez, Anna Grigorievna, ez da hori, ez da zuk uste duzuna. Entzun, entzun zer gertatu zen. Leporaino armaturik sartu zen etxean, Rinaldo Rinaldini balitz bezala, eta gogorrean eskatu zuen: «Arima hil guztiak saldu behar dizkidazu oraintxe bertan!». Korobotxak oso erantzun zentzuzkoa eman zion: «Ezin dizkizut saldu, hilik daude eta!». Eta besteak zera esan zion: «Ez, ez daude hilik, nire ardura da jakitea hilik ala bizirik dauden, ez daude hilik, ez daude hilik —zioen oihuka— ez daude hilik!». Hango iskanbila! Herriko jende guztia ihesi, haurrak negar batean, denak garrasika, elkarri ulertu ezinik, izugarria, horreur, horreur, horreur... Ai ene, Anna Grigorievna, ez dakizu nola larritu naizen hori guztia entzun dudanean! «Andre maitea —esan dit Mashkak—, ikusi zeure aurpegia ispiluan: zuri-zuri dago eta!» «Orain ez dinat ispilurik behar —esan dut neure artean—, Anna Grigorievnarengana joan behar dinat hau kontatzera.» Kalesa prestatzeko agindu dut berehala, Andriushka kotxezainak galdetu dit ea nora joan nahi nuen, eta nik ezin nuen hitzik esan, aurpegira begiratzen nion ezer esan gabe, leloturik banengo bezala, ziur pentsatu duela erotu egin naizela bat-batean. Ai, Anna Grigorievna, ez dakizu nola larritu naizen!

        — Benetan bitxia gertaera hori —esan zuen dama guztiz atseginak—, baina zer esan nahi du arima hilen kontu horrek? Aitor dut ez dudala tutik ulertzen. Bigarren aldia da arima hil horiei buruz hitz egiten entzun dudala; senarrak dio Nozdriov gezurretan dabilela, baina, inondik ere, hor bada zerbait.

        — Pentsa ezazu, Anna Grigorievna, nola larritu naizen hori entzun dudanean. «Eta orain —esan zidan Korobotxkak— ez dakit zer egin. Gezurrezko agiri bat sinatzera behartu ninduen, eta hamabost errublo bota zizkidan, diru-paperetan; eskarmenturik gabeko alargun babesgabea naiz, ez dakit ezer...» Horrelaxe gertatu dira gauzak! Ezin duzu irudikatu ere egin nola larritu naizen.

        — Kontuak kontu, arima hilak ez dira istorioaren muina, hor beste zerbait dago ezkutaturik.

        — Horixe uste dut nik ere —esan zuen, ez harridurarik gabe, dama atseginak, eta gogo bizia nabaritu zuen lehenbailehen jakiteko zer ote zegoen horren azpian ezkutaturik. Astiro esan zuen—: Eta, zure ustez, zer dago hor ezkutaturik?

        — Zuk zer uste duzu?

        — Nik zer uste dudan?... Ni, egia esan, erabat nahasirik nago.

        — Dena dela, gustatuko litzaidake jakitea zer pentsatzen duzun horretaz.

        Baina dama atseginak ez zekien zer esan. Larritzen besterik ez zekien, ez zen gai gertaturikoaren azterketa zorrotzik egiteko, eta, horrenbestez, aholkuen eta adiskidetasun samurraren premia zuen beste edornok baino gehiago.

        — Bada, entzun zertan den arima hilen kontu hori —esan zuen dama guztiz atseginak. Bisitaria, hitz horiek entzunik, adi-adi jarri zen: berez luzatu zitzaizkion belarriak, apur bat altxatu zuen gorputza, dibanean ia bermatu gabe, eta, astun samarra bazen ere, arinago bilakatu zen bat-batean, haize-boladarik ñimiñoenak hegan eramaten duen lumatxa baten antzeko.

        Halaxe gertatzen zaio zakurrekin ehizara doan jaun errusiarrari ere: hurbil dago basoa, erbia laster irtengo da zuhaitz artetik, ziztu bizian, zakurzainek esetsirik, eta ehiztaria erne dago bere zaldiaren gainean, zigorra airean jasorik, lipar batez bolbora bihurturik, unean-unean su hartzeko gertu. Begi zorrotzez arakatzen du inguru lainotsua, eta halako batean ahalegin guztian oldartzen zaio erbiari, nahiz eta estepa elur bigunez estaliak bizkor ibiltzea eragozten dion eta izar zilarkarak jaurtitzen dizkion ahora, bibotera, begietara, bekainetara eta kastore-larruzko kapelura.

        — Arima hilak... —esan zuen dama guztiz atseginak.

        — Zer, zer? —bota zuen bisitariak, nerbio guztiak dantzan.

        — Arima hilak!...

        — Jainkoarren, hitz egizu behingoz!

        — Zerbait estaltzeko asmatu du arima hilen kontu hori, beste asmo bat darabil buruan: gobernadorearen alaba bahitu nahi du.

        Horrelako ondorioa guztiz ezustekoa zen, eta bitxia edonondik begiratuta ere. Dama atsegina, hori entzun zuelarik, harri eginik geratu zen bere tokian, zurbil, herioa baino zurbilago, eta orain bai larritu zen, ikaragarri larritu ere.

        — Ene Jainko zeruetakoa! —egin zuen oihu, eskuak espantuz elkarturik—. Sekula ez nukeen horrelakorik pentsatuko.

        — Bada, zuk ahoa zabaldu bezain laster igarri dut nik zer gertatzen den —erantzun zuen dama guztiz atseginak.

        — Ai ene, Anna Grigorievna! Nolako ospea izango duen aurrerantzean institutuko heziketak! Non da horko ikasleen lañotasuna?

        — Lañotasuna! Nondik norakoa? Entzunak ditut nik neska horrek esaten dituen gauzak, eta, benetan diotsut, errepikatzeko adorerik ez dut.

        — Badakizu, Anna Grigorievna? Erdiratu egiten zait bihotza moraltasunik eza noraino iritsi den ikustean.

        — Txoraturik dauzka gizon guztiak. Baina nik, egia esan, ez diot ezer erakargarririk ikusten... Izugarri itxuratia da, fazati hutsa.

        — Ai, Anna Grigorievna maitea, estatua ematen du, ordea! Aurpegiak ez du ezer adierazten.

        — Zein itxuratia den! Zein itxuratia! Jainkoarren, zein itxuratia! Ez dakit nork hezi duen, baina sekula ez dut emakume itxurazaleagorik ikusi.

        — Oker zaude, nire adiskide kuttun hori, oker zaude! Estatua ematen du, herioa bezain zurbila da.

        — Baita zera ere, Sofia Ivanovna!, batere lotsarik gabe gorrixkatzen du aurpegia.

        — Baina zer diozu, Anna Grigorievna! Klera da, klera, klera zuri-zuria.

        — Laztana, ni haren alboan eserita egon naiz: aurpegiko pinturak hatz baten lodiera du, eta zatika erortzen zaio, hormetako igeltsua bezala. Amak irakatsi dio horrela pintatzen, hura ere irtirin hutsa da-eta, baina alabak amaren marka guztiak hautsi ditu.

        — Tira, tira, tira! Nahi duzunaren izenean zin egingo dut zurbil-zurbila dela. Prest nago galtzeko seme-alabak, senarra eta ondasun guztiak baldin eta pinturaren arrastorik, seinalerik edo itzalik txikiena badu!

        — Horrelakorik esatea ere, Sofia Ivanovna! —esan zuen dama guztiz atseginak, eskuak espantuz elkarturik.

        — Ene, bada! Nolakoa zaren, Anna Grigorievna! Zur eta lur eginik uzten nauzu —esan zuen dama atseginak, eskuak espantuz elkarturik berak ere.

        Baliteke irakurlea harritzea bi damak ez zetozelako bat biek ala biek ere ia aldi berean ikusitakoari buruz, baina munduan badira berezitasun hori duten gauza asko: nork begiratu, halako kolorea; dama batentzat zuriak dira, eta beste batentzat, ordea, gorriak, txilarra bezain gorriak.

        — Bada, oraintxe bertan frogatuko dizut zurbila dela —eutsi zion bereari dama atseginak—. Ondo gogoan dut Maniloven alboan eserita nengoela eta zera esan niola: «Begira zein zurbila den!». Egia esan, hemengo gizonak bezain kirtena izan beharra dago horrelako emakume bat puntu horretaraino miresteko. Ai, gure galaia...! Zein nazkagarria iruditu zaidan hasieratik! Ezin duzu irudikatu ere egin, Anna Grigorievna, zein nazkagarria iruditu zaidan hasieratik.

        — Hala ere, hainbat damak ez zuten begi txarrez ikusten.

        — Nitaz ari zara, Anna Grigorievna? Ezin duzu nitaz horrelakorik esan, inola ere ez, inola ere ez.

        — Ez naiz zutaz ari, zu ez zinen hango emakume bakarra.

        — Inola ere ez, inola ere ez, Anna Grigorievna! Oharrarazi behar dizut oso ondo ezagutzen dudala neure burua. Beharbada, horrela jokatu zuten limurgaitzak direlakoa egiten duten dama horietako batzuek.

        — Barkatu, Sofia Ivanovna! Uztazu esaten ni sekula ez naizela hain gorabehera eskandaluzkoetan nahasirik egon. Beste batzuk beharbada bai, baina ni ez, argi utzi nahi dizut hori.

        — Zergatik mindu zara? Han baziren beste dama batzuk ere, eta haietako batzuk lasterka joan ziren ate alboko aulkietan esertzera, harengandik hurbilago egoteko.

        Bazirudien ekaitza lehertuko zela ezinbestean dama atseginaren hitz horien ondotik, baina, harrigarria bada ere, bi damak bat-batean lasaitu ziren eta ez zen inongo ekaitzik etorri. Dama guztiz atsegina gogoratu zen oraindik ez zeukala eskuetan modako soinekoaren patroia, eta dama atsegina konturatu zen oraindik ez zuela lortu inolako xehetasunik jakiterik bere adiskide minak eginiko aurkikuntzaz, eta horregatik baketu ziren hain laster. Bestetik, ezin esan daiteke bi dama haiek berezko gogorik nabaritzen zutenik lagun hurkoa atsekabetzeko; oro har, ez ziren gaiztoak, baina, nahi gabe ere, elkarrizketetan berez pizten zitzaien batak bestea zirikatzeko gurari xume bat. Aukerarik izanez gero, halako plazer txiki bat eragiten zien solaskideari eztenkadaren bat sartzeak: harrapa ezazu hau!; tori, irents ezazu zuk beste hau! Oso desberdinak izaten dira gizonezkoen eta emakumezkoen bihotza estutzen duten premiak.

        — Nolanahi ere —esan zuen dama atseginak—, ezin dut ulertu nolatan erabaki den Txitxikov hain ekintza ausarta egitera, batez ere kontuan izanik iragaitzaz dagoela hemen. Ezin egingo luke hori gaizkiderik gabe.

        — Eta zer uste duzu?, ez duela gaizkiderik?

        — Eta nork lagunduko lioke horretan?

        — Bada, Nozdriovek berak.

        — Nozdriovek?

        — Zergatik ez? Gai da horretarako. Ez badakizu ere, aita saldu nahi izan zuen behin, edo, are okerrago, kartetan jokatu nahi izan zuen.

        — Ene, Jainkoaren izenean, zein albiste interesgarriak jakiten ari naizen! Sekula ez nukeen pentsatuko Nozdriov istorio honetan nahasirik egon zitekeenik!

        — Nik, ordea, beti susmatu dut.

        — Zer ez den gertatzen gure mundu honetan! Ene! Txitxikov gure hirira iritsi zenean nork pentsatuko zuen hain gauza harrigarriak gertatuko zirela hemengo gizartean! Ai, Anna Grigorievna, ez dakizu zein estu eta larri nagoen! Zer egingo nuke zure onginahirik eta adiskidetasunik gabe?... errukarria ni..., norengana joko nuke? Nire Mashkak berak ikusi du herioa bezain zurbil nengoela. «Andre maitea —esan dit—, herioa bezain zurbil zaude.» «Mashka —esan diot nik—, orain ez nago horrelakoetarako.» Hamaika ikusteko jaioak gara, bai horixe! Eta Nozdriov bera ere horretan nahasirik!

        Dama atseginak bahiketari buruzko xehetasun gehiago atera nahi izan zizkion lagunari, zein ordutan egingo zuten eta horrelakoak, baina gehiegi eskatzea zen hori. Dama guztiz atseginak erantzun zion ez zuela zehaztasun gehiagoren berririk. Ez zekien gezurrik esaten: besterik da zerbaiti buruzko irudipenak izatea, batez ere irudipen horiek barru-barruko uste sendoan oinarriturik badaude; barru-barruan etsirik egonez gero, dama guztiz atsegina gai zen bereari eusteko, eta besteen iritziak kolokan jartzeko dohainaz hornituriko abokatu maltzur bat berarekin eztabaidatuko balitz, berehala ikusiko luke zenbaterainoko indarra duen barru-barruko uste sendoak.

        Azkenean, bi damek guztiz ziurtzat jo zuten lehentxeago irudipen hutsa zena. Ez da harritzekoa: guk ere —geure burua argitzat daukagunok— dama horien antzera jokatzen dugu askotan; eta horren frogagarri dira gure arrazoibide zientifikoak. Jakintsua, hasieran, gehiegizko koldartasunez hurbiltzen da ikergaira, astiro, uzkur, oso galdera apalak eginez: zein ote da halako izenaren jatorria?, halako lekutik hartu al du herrialde horrek izena?; edo: izkribu hori, ez da beste garai batekoa izango, geroagokoa agian?; edo: halako herria aipatzen dutenean, ulertu behar al dugu beste herri batez ari direla? Gero, hainbat idazle zahar aipatzen ditu, eta, argibideren bat edo berak argibidetzat hartzen duen edozer aurkitu bezain laster, adorea bildu eta arrapaladan jotzen du aurrera, inolako konplimendurik gabe hitz egiten du idazle zaharrekin, galderak egiten dizkie eta berak erantzuten du, ahazturik irudipen ahul batean oinarriturik ekin diola arrazoibideari; uste du arazoaren giltza aurkitu duela, dena argi dagoela, eta hitz hauekin burutzen du ikerketa: «Hori horrela gertatu zen; ulertu beharra dago halako herriaz ari direla; hau da ikuspuntu zuzena!». Azkenik, lau haizeetara zabaltzen du hori bere katedratik, eta egia aurkitu berria munduan barreiatzen da, jarratzaileak eta miresleak bereganatuz.

        Di damek auzi korapilatsu hura hain modu argi eta egokiz erabaki berria zutela, prokuradorea sartu zen egongelan, aurpegia beti bezain zurrun, bekainak iletsu eta ezkerreko begia noizean behin berez kliskatzen zitzaiola. Damek norgehiagoka ekin zioten gertaturiko guztia kontatzeari, arrapataka hitz egin zioten arima hilen erosketaz eta gobernadorearen alaba bahitzeko asmoaz, eta erabat nahasi zioten burua. Prokuradoreak ez zuen deus ulertzen, geldirik zegoen bere tokian, harri eginik, ezkerreko betazalei eragiten eta zapiarekin kokotsa astintzen tabako-hondarrak kentzeko. Horrelaxe utzi zuten bi damek, eta hiria matxinatzera joan ziren zein bere aldetik. Ordu erdi baino askoz gehiago ez zuten behar izan horretarako. Goitik behera irauli zuten hiria; asaldaturik zebilen mundu guztia, nahiz eta inork ez zuen tutik ulertzen. Bi damek hain trebetasun handiz matazatu zioten burua jendeari, ezen denak —eta bereziki funtzionarioak— durduzaturik geratu baitziren puska batean. Aurreneko une horretan, haien kinka larriak gogora ekartzen zuen ustekabean esnarazitako ikaslearen egoera estua: logelakideek, bera baino lehenago jaiki baitira, itzalgaizka sartu diote sudurrean husar bat —tabakoz beteriko paper-tututxo bat alegia—, eta lo dagoen ikaslea, loaldiko arnasgora sakonetan tabako guztia sudurretik irentsita, bat-batean esnatu eta jauzi batez altxatzen da ohetik, eta, begiak biribil-biribil zabaldurik, alde guztietara begiratzen du lelo-aurpegiz, ezin ulerturik non dagoen eta zer gertatu zaion, eta geroxeago hor atzematen ditu eguzki-printzek zeharka argituriko hormak, logelako zokoetan ezkutaturiko ikaskideen barreak, egunsentia leihoaz bestaldean, baso esnatzen hasia, milaka txoriren kantu ozenak, zirrimarra argitsu baten antzera ihi mehen artean gorde-agerika doan errekatxo dizdizaria, bainatzera inguraturiko ume biluziz beterik, eta azkenean soilik konturatzen da husarra daukala sudurrean sarturik. Bada, ikasle hori bezalaxe geratu ziren hasieran hiritar xeheak eta funtzionarioak. Zabal-zabalik zeuzkaten begiak, ahariaren antzera. Haien gogoan oso era bitxian katramilatzen eta nahasten ziren arima hilak, gobernadorearen alaba eta Txitxikov. Eta gero, hasierako asaldua gainditurik, gauza haiek guztiak elkarrengandik bereizi eta banaka ikustea lortu balute bezala, azalpenak eskatzeari ekin zioten, eta biziki haserretu ziren, istorio hura argitzerik ez zegoela ikusirik. Izan ere, zer zen arima hilen enigma hori, zer esan nahi zuen? Istorio horrek ez zuen inolako logikarik; nolatan eros litezke arima hilak?, nork egingo luke tamaina horretako ergelkeriarik?, zein diru-motaz ordainduko lituzke?, eta zertarako nahi zituen arima hil horiek, zertarako erabiliko lituzke?, eta gobernadorearen alabak, berriz, zer zuen ikustekorik horrekin? Bahitu nahi bazuen, zer zela-eta erosi behar zituen arima hilak horretarako? Arima hilak erosten bazituen, aldiz, zer zela-eta bahitu nahi zuen gobernadorearen alaba?, arima hilak oparitu nahi al zizkion?, zer-nolako zentzugabekeria zen hiriko biztanle guztiek aho-mihitan zerabilten autu hori? Edonora joan, eta istorio berbera entzuten zen bazter guztietan, eta gaitz erdi funtsik izango balu... Hala ere, istorioa zabaldu zutenez, litekeena al zen horretarako arrazoiren bat egotea? Zein, ordea? Ba al zuen zentzurik arima hilen kontu horrek? Ez, ez zuen ez hankarik ez bururik. Lelokeria hutsa zen, txorakeria, asmakeria, deabruak daki zer!... Hitz batean, zurrumurrua bazterrik bazter barreiatu zen, eta hiri guztiak hitz egiten zuen arima hilez eta gobernadorearen alabaz, Txitxikovez eta arima hilez, gobernadorearen alabaz eta Txitxikovez; azpikoz gora zegoen dena. Nolako haize-zirimola jaso zuen ordu arte itxuraz lozorroan egon zen hiri hartan! Beren gordelekuetatik atera ziren nagitzar eta loti guztiak, zeinek urteak eta urteak baitzeramatzaten etxean sarturik, egun osoa ohean etzanda eta mantala behin ere erantzi gabe, horren errua egotziz zapataginari —oinetako estuak egin zizkielako—, edo jostunari, edo kotxezain mozkortiari. Etxetik atera ziren ezagun guztiekiko harremanak aspaldi etenak zituzten eta, esan ohi denez, Zavalishin eta Polejaev lurjabeak beste adiskiderik ez zuten guztiak (bi deitura ospetsu horiek zavalitsia eta polejat aditzetatik datoz hurrenez hurren. Aditzok oso zabaldurik daude Rus osoan, «Sopikov eta Khrapovitski ikustera joan» esaldia bezala, zeinak esan nahi baitu zabal eta zabar lo egitea, hala saiheska, nola ahoz gora, nola beste edozein jarreratan, zurrungaka, sudurretik txistuka eta lo astunaren beste ezaugarri guztiekin); bat-batean jo zuten kalera beste egoera batean etxetik sekula aterako ez liratekeen guztiek, ezta amu gisa eskainirik ere bostehun errubloko arrain-zopa bat, bi arshineko gaizkata eder bat eta ahoan urtzen diren pastel horietako mordo bat. Hitz batean, hor ikusi zen hiria handia eta jendetsua zela eta behar bezala jendeztaturik zegoela. Bat-batean agertu ziren Sisoi Pafnutievitx bat eta MacDonald Karlovitx bat, zeinen berririk inork ez baitzuen inoiz aditu; hainbat aretotan azaldu zen eskua balaz zauriturik zeukan gizon luze-luze bat, sekula ikusi zen baino garaiagoa. Mota guztietako zaldi-kotxeak eta gurdiak ibiltzen ziren kalean, denak nahasian; nonahi entzuten zen gurpilen kirrinka eta troiketako kanpaitxoen dilin-hotsa. Beste garai eta egoera batean, beharbada, horrelako zurrumurru batek ez zuen inoren jakinmina piztuko; baina N hiriak aspaldi ez zuen inolako albiste berezirik jaso. Baziren hiru hilabete hirian ez zela zabaltzen hiriburuetan commeragé deritzeten horietakorik, eta, jakina denez, hiri batek garaizko elikagai-hornidura bezain premiazko ditu esamesak. Hiritarren arteko eztabaidetan bi iritzi azaldu ziren bat-batean, guztiz kontrajarriak, eta bi talde osatu ziren berehala, guztiz kontrajarriak: gizonezkoena eta emakumezkoena. Gizonezkoen taldea —bietan ergelena— arima hilez bakarrik arduratzen zen. Emakumezkoen taldeak, berriz, gobernadorearen alabaren bahiketa beste kezkarik ez zuen. Damen ohoretan esan beharra dago emakumezkoen taldean bestean baino askoz ere ordena eta neurritasun handiagoa zegoela. Nabari zen etxekoandre maratzak zirela eta bazekitela gauzak ondo antolatzen. Berehala askatu zuten mataza, azalpen egokiak aurkitu zituzten, arazoak oso forma zehatz eta garbiak hartu zituen, dena argitu zen; hitz batean, zehaztasun handiz pintatu zuten gertaturikoaren koadroa. Nonbait, Txitxikov aspaldi zegoen gobernadorearen alabaz maitemindurik, lorategian elkartzen ziren biak ilargiaren argitan, eta gobernadoreak ontzat eman zuen ezkontza, Txitxikov juduak bezain aberatsa zen-eta, baina oztopo bat zegoen: Txitxikoven emaztea (inork ezin zuen azaldu nola jakin zen Txitxikov ezkondurik zegoela). Txitxikovek utzia omen zuen emaztea, eta hark, itxaropenik gabeko amodioak oinazeturik, oso gutun hunkigarria idatzi zion gobernadoreari, eta Txitxikovek, emaztegaiaren gurasoek ezkontza inoiz onartuko ez zutela ikusirik, neska bahitzea erabaki zuen. Zenbait etxetan, aldiz, beste era batera kontatzen zuten hori: Txitxikov ez zegoen ezkondurik, baina, gizon maltzur eta zuhurra izaki, gobernadorearen alaba emaztetzat hartu nahirik, ama gorteatzeari ekin zion aurrena, eta, berarekin maitasunezko harreman ezkutuak izan ondoren, alabarekin ezkontzeko mandatu egin zion, baina amak, erlijioaren aurkako hoben larria egiteko beldurrez eta kontzientziako harrak janda, ezezko biribila eman zion, eta horregatik erabaki zuen Txitxikovek neska bahitzea. Zurrumurrua kalezulorik urrunenetaraino hedatu ahala, denetariko aldaerak eta zuzenketak erantsi zitzaizkion horri guztiari. Ruseko herri xeheak oso gogoko du goi-gizarteko esamesei buruz mintzatzea, eta, halatan, horretaz hitz egiten hasi ziren etxe ziztrin guztietan, zurrumurrua puztuz eta gertaerak antzaldatuz, nahiz eta han sekula ez zuten Txitxikov ikusi edo ezagutu. Auzia gero eta interesgarriago bilakatuz zihoan, gero eta forma zehatzagoak hartzen zituen egunetik egunera, eta, azkenean, gobernadorearen emaztearen belarrietara iritsi zen, horrelaxe, bere zehaztasun guztiekin. Gobernadorearen emazteak ez zuen inola ere horrelakorik susmatzen, eta, ama familiakoa, hiriko dama nagusia eta, azken batean, dama zen aldetik, izugarri mindu eta haserretu zen auziaren berri jakin zuenean, eta haren haserrea bidezkoa zen edonondik begiratuta ere. Ilehori dohakabeak oso tête-â-tête gogaikarria jasan behar izan zuen, hamasei urteko neskagazte batek sekula jasan duen garratzena. Uholde baten antzera amildu zitzaizkion gainera galderak, mehatxuak, errietak, kargu-hartzeak, gaitzespenak eta irainak, eta neskari malkoak lehertu zitzaizkion begietan, eta zotinka hasi zen, hitz bat bera ere ulertzeko gai ez zela; atezainak agindu zorrotzak jaso zituen Txitxikovi etxean sartzen ez uzteko, inoiz ere ez eta bisitaren aitzakia edozein zela ere.

        Damek, gobernadoraren emazteari zegokionean beren eginkizuna betetakoan, gizonezkoen taldeari eraso zioten, haien iritzia beren alderdira bildu nahirik eta esanez arima hilak asmakeria hutsa zirela eta susmoak uxatzeko eta neska eragozpenik gabe bahitzeko erabiltzen zituela Txitxikovek. Gizonezko askok ontzat eman zituzten emakumezkoen azalpenak, eta bat egin zuten haiekin, gainerako gizonezkoen gaitzespen gordinei jaramonik egin gabe; taldekide ohiek, besteak beste, andre-gixon eta gonazulo deitu zieten, eta, jakina denez, gizonezkoek oso iraingarritzat dauzkate hitz horiek.

        Gizonezkoek beren armak atera eta gogor egin zieten emakumezkoei, baina haien taldea ez zegoen emakumezkoena bezain ondo antolaturik. Bihotz-gogorrak ziren, zakarrak, traketsak, moldakaitzak, ganoragabeak, ezdeusak, zarpailak, makurrak; haien buruan dena zen nahaste-borraste, zalantza, kontraesan eta lardaska; argi eta garbi erakusten zuten nolakoak diren gizonezkoak: baldarrak, landu gabeak, zatarrak, etxea gobernatzeko ezgaiak, bihotzaren esanei gorrak, eszeptikoak, sorrak, zalantzaz eta aspaldiko beldurrez josiak. Gizonezkoek esaten zuten zentzugabea zela hori guztia, gobernadorearen alaba bahitzea husar baten ekintza litzatekeela, ez zibil batena, Txitxikovek ez lukeela horrelakorik egingo, emakumezkoak gezurretan ari zirela, emakumea zaku baten antzekoa dela (barruan zer sartu, hori eraman), arima hilak zirela auziaren mamia eta horra zuzendu behar zela arreta guztia, eta, bestetik, deabruak zekiela zer esan nahi ote zuten arima hilek, baina zerbait arbuiagarria eta gaiztoa ezkutatzen zutela. Oraintxe jakingo dugu zergatik uste zuten gizonek arima hilek zerbait arbuiagarria eta gaiztoa ezkutatzen zutela. Kontua da gobernadore militar berria izendatua zutela arestian probintzian, eta horrek, jakina denez, oso urduri jarri ohi ditu funtzionarioak, ondo asko baitakite denek zer segitzen zen hortik: ikuskapenak, errietak eta kargu-aldaketak batetik, eta nagusiek mendekoen artean banatu ohi dituzten sariak bestetik. «Hirian horrelako zurrumurru ergelak dabiltzala jakiten badu —pentsatzen zuten funtzionarioek— gorriak eta beltzak ikusiko ditugu.» Osasun-batzordeko ikuskatzailea zurbil jarri zen bat-batean; Jainkoak daki zer zebilkion buruan, uste bide zuen «arima hil» haiek sukar-epidemia baten eraginez lazaretoetan eta bestelako eritegietan mordoka hildako gaixoak izan zitezkeela eta berak ez zuela izurrite horren aurkako neurri egokirik hartu, eta Txitxikov gobernadore militarraren bulegotik ezkutuko ikerketa bat egitera bidalitako funtzionarioa zela. Bere susmoen berri jakinarazi zion ganberaburuari. Ganberaburuak erantzun zion buru-buztanik gabeko zozokeriak zirela, baina zurbil-zurbil jarri zen bera ere, bere buruari galdeturik ea Txitxikovek erositako arima hil horiek hilik ote zeuden benetan, eta, hala izanez gero, zer gertatuko litzatekeen gobernadore militarrak jakingo balu berak oniritzia eman ziola arima horien eroste-agiriari eta, gainera, Pliushkinen ordezkari gisa jardun zuela. Batari eta besteari hori esan, eta zurbil jarri ziren hala bata nola bestea; beldurra izurria baino kutsakorragoa da eta aitaren batean zabaltzen da. Etsita geratu ziren funtzionario guztiak ziren eta ez ziren bekatuak egin zituztela. «Arima hilak» hitzek hain esanahi iluna hartu zuten, non denak pentsatzen hasi baitziren litekeena zela arestiko bi gertakariren ondorioz itsumustuan lurperatu behar izan zituzten gorpuen zeharkako aipamena izatea. Bi gertakari haietatik lehena Solvitxegodsk herritik iritsitako merkatari batzuekin loturik zegoen. Merkatari haiek azokarako joan ziren hirira, eta, dena saldutakoan, oturuntza txiki bat eskaini zieten Ust Sisolsk herriko merkatari lagunei. Errusiar tankerako oturuntza izan zen, baina osagai alemaniarrekin: likoreak, pontxeak, baltsamuak eta abar. Ohi denez, liskarra piztu zen oturuntzaren ondoren. Solvitxegodskeko merkatariek hiltzeraino ekin zieten Ust Sisolskekoei, baina, hori bai, sekulako ukaldiak hartu zituzten saihetsetan eta ubelduraz josirik geratu zitzaien gorputz osoa, hildako merkatarien ukabilen indar itzelaren erakusgarri. Irabazleetako bati erabat birrindu zioten sudurra, halako moldez, ezen koskor txiki bat besterik ez baitzitzaion geratu aurpegian. Solvitxegodskeko merkatariek beren errua ezagutu zuten, esanez apur batean jostatzea beste asmorik gabe jokatu zutela horrela. Jendeak zioenez, merkatari bakoitzak diru mordo bat jarri zuen bere errua aitortzearekin batera; bestetik, gertaturikoa ilunegi zegoen; ikerketa eta galdeketek frogatu zutenez, Ust Sisolskeko mutilak karbono oxidoa arnasteagatik hil ziren, eta horrela lurperatu zituzten, itota hil balira bezala. Bigarren hilketa arestian gertatua zen. Vshivaia Spes herrixkako mujikek, Borovko (edo Zadirailov, horrela ere bai baitzeritzon) herrixkako mujikekin elkar harturik, lurraren azaletik desagerrarazi zuten zemstvoko polizia, Drobiajkin aholkularia alegia, herrixka haietara maizegi inguratzeko ohitura zuelako; urteko sasoi batzuetan aise harrapa zezakeen han sukar gaiztoren bat, baina grina lohi batek hango emakume eta neskatoenganantz bultzatzen zuen gizona. Ez zen jakin zer jazo zen zehatz-mehatz, baina nekazariek epailearen aurrean argi esan zuten zemstvoko polizia katua baino lizunagoa zela, sarritan egon zirela haren zelatan eta behin biluzik atera zutela ezkutalekutzat hartu zuen izba batetik. Ezbairik gabe, zemstvoko poliziak zigorra merezi zuen bere grina lohiarengatik, baina, bestetik, ezin onartuzkoa zen Vshivaia Speseko eta Zadirailoveko nekazarien bidegabekeria, baldin eta egia bazen hilketan parte hartu zutela. Baina ez zegoen argi zer gertatu zen benetan. Zemstvoko polizia bide-bazterrean aurkitu zuten, uniformea edo longaina piltzar-piltzar eginik eta aurpegia zeharo itxuragabeturik. Epaitegi batetik bestera ibili zen auzia, eta Ganberara iritsi zen azkenean. Gertaturikoa bakarrean aztertu ondoren, honela arrazoitu zuten hango epaileek: nekazariak asko ziren eta ez zegoen jakiterik nork hartu zuen parte hilketan; Drobiajkini, hilik zegoenez, auzia irabazteak ez zion inolako onurarik ekarriko; nekazariak, ordea, bizirik zeuden, eta haientzat garrantzi handikoa zen errugabetzat jotzea; horren ondorioz, hau erabaki zuten: Drobiajkin bera zen erruduna, zitalkeria bidegabeak egin zizkielako Vshivaia Speseko eta Zadirailoveko nekazariei, eta apoplexiak jota hil zen bere leran, etxera bidean. Bazirudien ezin hobeto konpondurik zegoela arazo hura, baina funtzionarioak, zergatik jakin gabe, pentsatzen hasi ziren arima hil haiek zirela, inondik ere, orain guztien ahotan zebilen zurrumurruaren funtsa. Gainera, buruhauste gehiagoren beharrik gabe funtzionario jaunak hain egoera estuan zeudela, bi gutun iritsi ziren, berariaz bezala, gobernadorearen bulegora. Batak zioen ezen, hainbat lekukok eginiko adierazpen eta salaketen arabera, billete-faltsutzaile bat zebilela probintzia horretan, benetako izena alegiazko deitura desberdinen azpian ezkutaturik, eta kosta ahala kosta aurkitu behar zutela berandu baino lehen. Beste gutunean, berriz, auzo-probintziako gobernadoreak zioen gaizkile bat justiziaren ihesi zebilela, eta probintzia hartan aurkituz gero gizon susmagarriren bat inolako paperik edo nortasun-agiririk ez zuena, lehenbailehen atxilotu behar zutela. Bi gutun haiek zur eta lur utzi zituzten funtzionario guztiak. Oinarririk gabe geratu zitzaizkien ordu arteko uste eta burutapenak oro. Jakina, ez zegoen inola ere uste izaterik horrek Txitxikovekin zerikusirik zuenik; hala ere, nork bere baitan gogoeta eginik, denak konturatu ziren artean ez zekitela nor zen benetan Txitxikov eta batere argitasunik gabe hitz egiten zuela beti bere buruaz; esan zuen, bai, gorriak ikusi zituela justiziaren zerbitzuan aritzeagatik, baina ez zegoen batere argi zer esan nahi zuen horrek; bestetik, Txitxikovek berak jakinarazi zien etsai asko zituela eta bizia kentzen saiatu zirela behin baino gehiagotan, eta are pentsakorrago geratu ziren denak horretaz gogoratu zirenean: beraz, arriskuan zuen bizia; beraz, norbait zebilen bera harrapatu nahirik; beraz, zer edo zer egin zuen... Baina nor zen benetan? Jakina, ezin pentsa zitekeen billeteak faltsutzeko gauza zenik, eta are gutxiago gaizkilea zenik: asmo oneko gizona ematen zuen; baina nor zen?, benetan zen berak zioena? Hasieran, gure poema honetako lehen kapituluan egin beharko zioten galdera hori funtzionarioek beren buruari, baina ordu arte ez ziren horretaz kezkatu. Erabaki zuten itaunketa zorrotza egitea Txitxikovek arimak erosi zizkienei, gutxienez jakiteko zer erosi zuen, zer ziren zehazki arima hilak, eta ea baten bati azaldu zion, oharkabean edo zeharka bazen ere, nor zen eta zein ziren bere benetako asmoak. Korobotxkarengana jo zuten aurrena, baina ezer gutxi atera zioten: hamabost errublo ordaindu zizkion, txori-lumak ere erosten zituen, hitzeman zion beste gauza asko ere erosiko zizkiola, gantzez hornitzen zuen Estatua, baina, inondik ere, bilau hutsa zen, zeren beste batek ere txori-lumak eta gantza erosten baitzituen Estatuarentzat, baina denak atzipetu zituen, eta ehun errublo baino gehiagoko iruzurra egin zion artzapezaren emazteari. Hortik aurrera, gauza bera errepikatu zuen behin eta berriro, eta funtzionarioak konturatu ziren Korobotxka adimen urriko emakume zaharra besterik ez zela. Manilovek erantzun zien berak beti aterako zuela aurpegia Pavel Ivanovitxen alde eta bere ondasun guztiak emango lituzkeela Pavel Ivanovitxen tasunen ehunen bat edukitzeagatik; oso hitz balakagarriak erabiliz mintzatu zen berari buruz, eta, begiak txiloturik, adiskidetasunaren gaineko gogoeta batzuk erantsi zituen. Gogoeta haiek argi erakutsi zuten nolako samurtasunak mugitzen zion bihotza, baina ez zieten ezer argitu funtzionarioei. Sobakevitxek esan zien Txitxikov gizon ona zela bere ustez, nekazari ezin hobeak saldu zizkiola eta bizi-bizirik zeudela denak; baina bera ez zela handik aurrera gerta zitekeenaren erantzule, ez zela beraren errua izango bidean hiltzen baziren migrazioaren nekeen eraginez, hori Jainkoaren esku zegoela, eta sukarrak eta bestelako eritasun hilgarriak oso ugariak direla munduan, eta, hainbatetan gertatu zen legez, herri osoak hiltzeko gai zirela. Orduan, funtzionarioek beste bide bat saiatu zuten, ez oso zintzoa baina batzuetan erabilia: zeharka, konfiantzazko hainbat lekaioren bitartez, Txitxikoven morroiei galdetu zieten ea zerbait zekiten nagusiaren iraganeko bizitzari eta joan-etorriei buruz, baina ezer gutxi jakin zuten bide horretatik ere. Petrushkaren aldetik, gela itxi bateko gorputz-kiratsa bakarrik aditu zuten; Selifanek, berriz, jakinarazi zien Estatuaren zerbitzuan jardun zuela eta lehenago aduanetan lan egin zuela, besterik ez. Horrelako jendeak oso ohitura bitxiak ditu. Zerbait zuzenean galdetuz gero, ez dira ezertaz gogoratzen, dena ezabatzen zaie burutik eta beti erantzuten dute ez dakitela ezer; baina beste gauzaren bat galdetuz gero, hitz eta pitz aritzen dira solaskideak benetan jakin nahi duenaz, den-dena kontatzen dute, baita entzuleari axola ez dioten xehetasunak ere. Funtzionarioen ikerketek gauza bakarra argitu zuten: ez zekitela zer zen Txitxikov, baina, hala ere, zer edo zer izan behar zuela. Azkenean onartu zuten luze eta sakon hitz egin behar zutela auzi horretaz; gutxienez erabaki behar zuten zer egin, nola jokatu eta nolako neurriak hartu, eta Txitxikov zer zen jakin: gaizkilea izateagatik harrapatu eta atxilotu beharreko gizona, ala haiek harrapa eta atxilo zitzakeen gizona, gaizkileak haiek zirelako. Halatan, poliziaburuaren etxean biltzea erabaki zuten, zeren, irakurleak dakienez, poliziaburua hiriko ongile eta aita babeslea zen.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia