Zortzigarren kapitulua

 

        Guztien ahotan zebilen Txitxikoven erosketa. Onuragarria al zen nekazariak erostea beste leku batera aldatzeko?, horra hiriko elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta guztien mamia. Eztabaidetan parte hartzen zutenetako askok gai horretan guztiz adituak zirela erakusten zuten. «Jakina —zioten hainbatek—, hegoaldeko probintzietako lurra ona eta emankorra da, hori ez dago ukatzerik. Baina zer egingo dute Txitxikoven nekazariek urik gabe? Han ez dago ibairik!» «Urik ez egotea ez da oztopo nagusia, Stepan Dmitrievitx, hori ez da kezkatzeko modukoa, lekuz aldatzea bera da arazoa. Denok dakigu nolakoak diren mujikak: inguru berri batean, lur-sail oraindik goldatu gabeak lantzera behartuta, izbarik gabe, kortarik gabe..., bi eta bi lau direla baino argiago dago ospa egingo dutela segituan, ihesi joango dira deabruak hartu balitu bezala.» «Ez, Aleksei Ivanovitx, barkatu, baina ez nator bat zurekin Txitxikoven nekazariek ihes egingo dutelako horretan. Errusiarra edozertarako gauza da eta aise jartzen da edozein klimatara. Hartu mujik errusiar bat, eraman ezazu Kamtxatkara, eta emaiozu eskularru-pare beroa: hatzak klaskatu, aizkorari heldu, zuhaitz batzuk moztu, eta izba berria eraikiko du berehala.» «Barkatu, Ivan Grigorievitx, baina garrantzi handiko gorabehera bat ahaztu zaizu: oraindik ez duzu galdetu nolakoak diren Txitxikoven mujikak. Ahaztu egin zaizu ez dagoela nekazari onak saltzen dituen lurjaberik. Lepoa egingo nuke Txitxikovek erosi dituen mujik horiek, lapur hutsak eta mozkor porrokatuak ez badira, alfer gorotzak eta liskarzale amorratuak direla.» «Bai, bai, horretan ados nago zurekin, arrazoi duzu, inork ez du nekazari onik saltzen, seguraski Txitxikoven mujikak mozkorrak dira, bai; baina kontuan hartu beharra dago morala ere tartean dela, eta morala, hain zuzen ere, honetan datza: orain alproja galantak dira, baina lur berrira iristen direnean litekeena da mendekorik zintzoenak bihurtzea. Horren adibide ugari dago muduan, historiak berak horren erakusgarri asko eskaintzen dizkigu.» «Inoiz ez, inoiz ez —zioen Estatuaren fabriken zuzendariak—, hori ez da inoiz gertatuko, ziur nago. Txitxikoven nekazariek bi etsai handi dituzte orain. Lehen etsaia da oso hurbil daukatela Errusia Txikia, eta han, jakina denez, ez dago inolako trabarik ardoa saltzeko. Sinetsidazue, bi aste joaterako ardoz bete-bete eginda egongo dira, sekulako mozkorrak harrapatuko dituzte. Bigarren etsaia, berriz, alderrai ibiltzeko ohitura bera da, zeren hain bidaia luzeak horretara ohituko ditu nekazariak ezinbestean. Txitxikovek begien bistan eduki beharko lituzke denbora guztian, inolako begiramenik gabe tratatu, lanpeturik eduki beti edozertan; ezin izango litzateke inortaz fidatu, eta, behar izanez gero, berak eman beharko lituzke muturrekoak eta kankarrekoak.» «Zergatik eman beharko lituzke Txitxikovek berak muturrekoak? Administratzailea arduratuko litzateke horretaz.» «Bai, ea non aurkitzen duen administratzaile on bat: bilau hutsak dira denak.» «Bilauak dira nagusiek ez dituztelako beren eginbeharrak betetzen.» «Arrazoi duzu —esan zuten askok—. Nagusia etxaldea nola edo hala gobernatzeko gai bada eta jendea aukeratzen badaki, beti aurkituko du administratzaile on bat.» Baina fabriken zuzendariak esan zuen gutxienez bost mila errublo behar zirela administratzaile on bat akuratzeko. Eta ganberaburuak esan zuen aski zirela hiru mila. Eta fabriken zuzendariak esan zuen: «Eta non aurkituko duzu horrelakorik?, zeure sudurraren azpian beharbada?» Eta ganberaburuak esan zuen: «Ez, neure sudurraren azpian ez, baina bai barruti honetan bertan. Piotr Petrovitx Samoilov, horra Txitxikoven mujikek behar duten administratzailea!» Jende asko jabetzen zen —ondo jabetu ere— Txitxikoven egoeraren larriaz, eta edonor izutzeraino zail zeritzoten hain nekazari-saldo handia mugitzeari; beldur ziren —oso beldur— Txitxikoven nekazariak, hain jende bihurria izaki, ez ote ziren bidean matxinatuko. Baina poliziaburuak esan zien lasai egon zitezkeela, ez zela inolako mantxinadarik gertatuko, horrelakoak eragozteko zegoela polizi kapitainaren aginpidea, eta, bestetik, ez litzatekeela polizi kapitaina bera joango nekazariekin: kapelua bakarrik bidaliko luke bere ordez, eta kapeluak bizileku berriraino joanaraziko lituzke nekazariak. Askok azaldu zuten nola kenduko lieketen matxinatzeko gogoa Txitxikoven nekazariei. Denetariko iritziak zeuden: batzuek ezinbestekotzat jotzen zuten armadaren neurriz gaindiko ankertasuna eta gogortasuna, eta sutsuki agertzen ziren horren alde; beste batzuek, ordea, samurtasuna nahiago zuten. Postaburuak oharrarazi zuen Txitxikovek betebehar sakratua zeukala aurrean, aita baten antzera jokatu behar zuela bere nekazariekin, eta onegintzako hezkuntza ezarri beharko lukeela, eta egokieraz baliatu zen Lancasterren elkar hezkuntzako eskola goresteko.

        Horrela arrazoitu eta hitz egiten zuten hirian, eta askok, Txitxikovenganako atxikimenduak bultzaturik, zuzenean ematen zizkioten aholku horietako batzuk, eta zenbaitek soldaduak eskaini zizkioten, nekazariak inongo arriskurik gabe eramateko kokagune berriraino. Txitxikovek eskerrak ematen zizkien aholkuengatik, behar izanez gero kontuan izango zituela esanez; baina ezezko biribila eman zion soldadu-eskaintzari, esanez ez zuela haien premiarik, berak erositako nekazariak guztiz baketsuak zirela, lurrez aldatzeko gogoa zutela eta ez zirela inola ere matxinatuko.

        Aholkuak aholku, oso ondore onak segitu ziren eztabaida eta hausnartze haietatik, Txitxikovek sekula uste izango zukeen baino askoz ere hobeak. Zer eta milioiduna zelako zurrumurrua zabaldu zen hirian. Lehen kapituluan ikusi dugunez, hori gabe ere hiriko biztanleek estimu handitan zeukaten Txitxikov, eta orain, horrelako zurrumurrua ahoz aho zebilela, are estimu handiagoa egiten zioten. Egia esan, jende onak ziren haiek guztiak, ondo etortzen ziren elkarrekin, jendetasunez tratatzen zuten elkar, eta haien solasek halako xalotasun eta adiskidetasun berezi baten ukitua agertzen zuten beti: «Ilia Ilitx, nire lagun bihotzeko hori», «Aizak, Antipator Zakharievitx, nire adiskidea!», «Ivan Grigorievitx, gezurretan ari haiz, motel!». Postaburuari —zeinari Ivan Andreievitx baitzeritzon— honela esaten zioten beti: «Sprechen Sie Deutsch, Ivan Andreitx?». Hitz batean, lagunarteko giroa zen nagusi. Haietako asko kultura handiko gizonak ziren. Ganberaburuak, esaterako, buruz zekien Jukovskiren Liudmila, garai hartan argitaratu berri-berria bazen ere, eta bikain errezitatzen zituen pasarte asko, batez ere honako hau: «Esnatu da oihana, lo dago harana»; eta halako moldez ebakitzen zituen hitzak, non bai baitzirudien harana benetan lo zegoela entzuleen begien aurrean; poema are hobeto girotzeko, txilotu egiten zituen begiak. Postaburuak, aldiz, gogokoagoa zuen filosofia, eta arreta biziz irakurtzen zituen —egunez eta baita gauez ere— Young-en Gauak eta Eckartshausen-en Naturako misterioen giltza, bi liburu haien oso laburpen luzeak egiten zituela, nahiz eta inork ez jakin zer-nolakoak ziren laburpen haiek; bestetik, ateraldi ugariko gizona zen, hitz-etorri oparokoa, eta, berak aitortzen zuenez, izugarri atsegin zitzaion hizketa dotoretzea. Denetariko betegarriz hornitzen zituen esaldiak, hala nola: «Jaun agurgarri hori; pentsa ezazu; hortik atera kontuak; badakizu?; ulertzen?; kontua zera da; horri dagokionez; nolabait esateko», eta ahotik barra-barra jaulkitzen zitzaizkion beste asko; gainera, hitz egiten zuen bitartean, oso keinu egokiak egiten zituen begi bat kliskatuz, eta imintzio horiek oso ukitu garratza ematen zieten haren eztenkada satiriko ugariei. Gainerakoak ere —nor gehiago, nor gutxiago— nahikoa jantziak ziren: batek Karamzin irakurtzen zuen, besteak Moskovskie Vedomosti, eta beste batzuek ez zuten ezer irakurtzen. Haietako batzuk, esan ohi denez, gibel-handiak ziren, hau da, ezer egingo badute ostikoka altxarazi behar izaten diren horietakoak; beste batzuk, berriz, alfer zuriak ziren, zabal eta zabar etzanda egoten ziren beti, eta alferrik zen haiek altxarazten saiatzea: ez ziren sekula jaikiko. Lehenago ikusi dugunez, mardulak ziren denak, tisikorik ez zegoen haien artean. Bakarkako elkarrizketa samurretan emazteak honela esaten dien gizon horietakoak ziren: potoloa, lodikotea, tripontzia, eta antzekoak. Baina, oro har, jende onak ziren, abegitsuak, eta berehala hartzen zuten lagun mintzat haiekin ogia eta gatza jan edo arratsalde bat whistean ematen zuen edonor, eta beste ororen gainetik Txitxikov, dohain eta manera xarmagarriak erakusten baitzituen beti, eta ondo asko baitzekien zertan zetzan lagun hurkoaren gogoko izatearen sekretua. Hain zeukaten estimu handitan gure protagonista, ezen ez baitzuen hiritik alde egiteko abagunerik aurkitzen. Behin eta berriro entzuten zituen honelakoak: «Beste astetxo bat, Pavel Ivanovitx, gera zaitez gurekin beste astexo bat». Hitz batean, ezin hobeto tratatzen zuten. Baina askoz ere handiagoa eta benetan harrigarria zen Txitxikovek damen aldetik irabazi zuen mirespena. Hori nolabait argitzeko, luze hitz egin beharko genuke hiriko damei buruz, eta, esan ohi denez, kolore biziz pintatu haien ezaugarri moralen koadroa. Baina autoreari oso zail zaio eginkizun hori. Batetik, begirune mugarik gabea die goi-mailako funtzionarioen emazteei, eta bestetik, berriz..., bestetik, zail zaio berez, besterik gabe. N hiriko damak ziren..., ez, ezin dut, inola ere ez: lotsatu egiten naiz. N hiriko damen berezitasun nagusia zen... Harriagarria bada ere, jaso ere ezin dut egin idazluma, badirudi berunezko zerbait duela gainean. Bistan denez, paletan kolore gehiago eta biziagoak dituen beste norbaiten esku utzi beharko dugu hiriko damen izaera pintatzeko lana, eta gu haien kanpoko itxuraz eta ezaugarririk azalekoenez soilik pare bat hitz esatera mugatu. N hiriko damak itxura oneko emakumeak ziren, eta, horri dagokionez, eredutzat hartu beharko lituzkete gainerako emakume guztiek. Ondo gobernatzen ziren, bazekiten egoera orotan modu egokian jokatzen, hutsik egin gabe betetzen zituzten gizalegearen arau guztiak —den mendreena ere ahaztu gabe—, eta zintzo-zintzo gordetzen zituzten modaren aginduak, azken orduko txikikeriei ere kasu eginik; gauza horietan guztietan, Petersburgeko zein Moskuko damen gainetik zeuden. Oso gustu onez janzten ziren, eta, garaiko modak agintzen zuenez, kalesan ibiltzen ziren hirian barrena, atzealdean lekaioa zeramatela, zanbuluka, urrezko galoiekiko libreaz jantzirik. Nahiz eta biko hirusta batean edo bateko diamante batean idatzirik egon, sakratutzat zeukaten bisita-txartela. Hori dela eta, bi dama —lagun handiak biak, eta gainera ahaideak— betiko etsaitu ziren zergatik eta bietako batek bisita itzuli ez ziolako besteari. Senarrak eta ahaideak gogotik ahalegindu ziren bi dama haiek adiskidetzen, baina, nonbait, mundu honetan edozer lor daiteke, gauza bat izan ezik: bisita ez itzultzeagatik etsaitu diren bi dama adiskidetzea. Eta halaxe geratu ziren bi emakume haiek, begitan harturik elkar, hirikoek ziotenez. Gizarteko toki nagusien banaketak ere oso liskar bortitzak pizten zituen, eta senarrek, emazteak aldeztu nahirik, zaldunen denborako asmo handientsuak egosten zituzten batzuetan. Jakina, funtzionario zibilak zirenez, haien artean ez zen duelorik izaten, baina aurkakoari azpikeriak egiten saiatzen ziren ahal zuten guztietan, eta horrek, jakina denez, dueloek baino ondorio latzagoak ekartzen ditu batzuetan. Ohiturei dagokienez, N hiriko damak oso zorrotzak ziren, barru-barruko sumindura erakusten zuten galdukeria eta bekatu ororen aurrean, eta batere gupidarik gabe gaitzesten zituzten ahulkeria guztiak. Haien arteko baten bat maite-jolastxoren batean nahasirik ibiliz gero, guztiz ezkutuan gordetzen zuen kontua, halako moldez, ezen inork ez baitzion susmorik txikiena ere hartzen. Horrelako aferetan, duintasunari eusten zioten denek, eta senarra bera ere hain zegoen horrela jokatzeko prestaturik, ezen, maite-jolastxoaren zantzurik sumatu edo haren gaineko esamesarik entzunez gero, labur eta zuhurtasun handiz erantzuten zuen esaera zahar batekin: «Kontakatiluen kontuek, axola gutxi». Azkenik, N hiriko damen beste berezitasun nabarmengarri bat aipatu beharra dago: Petersburgeko dama askoren antzera, ohi ez bezalako sotiltasun eta moduzkotasunez mintzatzen ziren. Inoiz ez zuten esaten «Mukiak kendu ditut», «Izerditan nago» edo «Tu egin dut», ezpada «Sudurra arindu dut» edo «Sudur-zapia erabili behar izan dut». Ezin zen inola ere esan «Edalontzi honi edo plater horri kiratsa dario». Ezin zen esan hori iradoki lezakeen ezer ere, eta, horren ordez, honelako esamoldeak baliatzen zituzten: «Edalontzi hau ez da ondo portatzen», edo horren tankerakoak. Errusierari kutsu prestuagoa eman nahirik, hiztegiaren erdia solasetik baztertu zuten erabat, eta, horrenbestez, sarritan jo behar izaten zuten frantsesera hitz bila; frantsesez mintzatzen zirenean, ordea, bestela jokatzen zuten: errusierazko haiek baino askoz ere hitz gordinagoak erabiltzen zituzten orduan. Eta hori da, gaingiroki bada ere, N hiriko damei buruz esan dezakegun guztia. Sakonago aztertuko bagenitu, jakina, beste ezaugarri asko aurkituko genituzke; baina oso arriskutsua da emakumezkoen bihotzaren sakonean arakatzea. Eta orain, azaleko potret hori amaitu dugularik, egin dezagun aurrera. Ordu arte, damek gutxi hitz egiten zuten Txitxikovi buruz, nahiz eta, hori bai, merezi bezalako erantzuna ematen zieten haren manera atseginei; baina milioiduna zelako zurrumurrua zabaldu zenean, beste era batera jokatzen hasi ziren. Nolanahi ere, damak ez ziren ondasun-egarri; «milioidun» hitzak kilikatzen zituen, ez milioidunak berak, hitzak baizik; zeren hitz horren doinuak, dirutza gogorarazteaz batera, beste zerbaiten oihartzuna ere badakar berekin, eta beste zerbait horrek eragina du gizaki ororengan, hala zekenengan, nola ez ur ez ardo direnengan, nola bihotz handikoengan. Milioidunak badu abantaila handi bat: begietsi ahal du batere gutiziarik gabeko doilortasun hutsa, inongo kalkulutan oinarritzen ez den doilortasun hori. Askok oso ondo dakite ez dutela ezertxo ere jasoko milioidunarengandik eta ez dutela inolako eskubiderik ezer jasotzeko, baina, hori jakinik ere, milioidunarengana jotzen dute, irribarre egiten diote, kapelua eranzten dute haren aurrean eta, halako bazkarira joango dela jakinez gero, gogotik eskatzen dute bazkari horretara gonbida ditzatela. Ezin esan daiteke hiriko damak ere doilortasunerako malda leun horretan behera irristatzen zirenik, baina, hala eta guztiz, areto askotan esaten hasi ziren Txitxikov ez zela inondik ere munduko gizonik ederrena, baina bai behar bezalako gizasemea, eta kalterako lukeela pixka bat lodiagoa edo sendoagoa izatea. Bidenabar, gauza iraingarri samarrak esan zituzten gizon argalei buruz: besteak beste, ez zirela gizakiak, zotzaren antzeko zerbait baizik. Jantziak denetariko osagarriz dotoretzeari ekin zioten damek. Tropelean eta bultzaka sartzen ziren saltokietan, mukuru betetzen zituzten dendak, eta kotxeek ilara amaigabeak osatzen zituzten, hain ziren ugariak. Saltzaileak harri eta zur zeuden, ikusirik nola begien itxi-ireki batean agortzen zitzaizkien azokatik ekarritako oihal-zati batzuk, ordu arte dendatik mugitu ez zirenak bezeroek garestiegi zeritzetelako. Behin batean, dama batek hain merinake zabala eraman zuen mezatara soinekoaren azpian, ezen soinekoak eliza erdia betetzen baitzuen, eta barrutiko poliziaburuak, hantxe baitzegoen, herritarrei agindu zien atzerantz joateko, elizatarirantz alegia, hain emakume prestuaren jantzia zimur ez zezaten. Txitxikovek berak, ezinbestean, beraren alderako hain arreta handia nabaritu zuen noizbait. Egun batean, ostatuko gelara itzuli zelarik, eskutitz bat aurkitu zuen mahai gainean; ezin izan zuen jakin nork eta nondik bidali zion; ostatuko morroiak azaldu zionez, eskutitza ekarri zuenak egilea nor zen ez esateko agindua zeukan. Erabakitasun handiz hasten zen eskutitza, honela hain zuzen ere: «Idatzi egin behar dizut ezinbestean!». Aurrerago zioen elkarrenganako atxikimendu ezkutuko batek lotzen zituela bien arimak; puntu batzuek eusten zioten egia horri, ia lerro erdia betez; gero, hainbat gogoeta zeuden, hain gogoangarriak beren zuzentasunarengatik, ezen ia ezinbestekotzat jotzen baitugu hona aldatzea: «Zer da gure bizitza? Haran bat gure nahigabeen babesleku bihurtua. Zer da mundua? Jendetza handi bat ezer sentitzen ez duena». Horren ondotik, gutunaren idazleak aipatzen zuen hogeita bost urte joanak zirela bere ama laztanak mundu honetako aldia egin zuenetik, eta malkoz bustitzen ari zela hark idatziriko lerroak; hiria betiko utzi eta basamortura erretiratzeko gonbita egiten zion gero Txitxikovi, zeren, hirian, aireari igarobiderik uzten ez dioten hesi itogarriz inguraturik bizi baita jendea; gutunak etsipen erabateko baten aitorpena zekarren amaieran, eta bertso hauekin bukatzen zen:

 

                Erakutsiko dizute bi usapalek

                nire hilobi ospela,

                adieraziko dizute haien urrumek

                negar-malkotan urturik hil nintzela.

 

        Bertsoaren azken lerroa txarto neurturik zegoen, baina horrek ez zuen inolako garrantzirik: eskutitza garaiko izaeraren arragoan taxuturik zegoen. Ez zegoen inolako sinadurarik, ez izenik eta ez deiturarik. Datarik ere ez zegoen, ez egunik eta ez hilabeterik. Postscriptum labur batek soil-soilik zioen Txitxikoven bihotzak igarri beharko zuela nor zen egilea, zeina biharamunean gobernadorearen etxean egitekoa zen dantzaldira joango baitzen.

        Eskutitzak jakinmin handia piztu zion Txitxikovi. Hain iritzi zion xarmagarri eta kitzikatzaile anonimoari, ezen gogo biziz irakurri baitzuen bigarren aldiz, baita hirugarrenez ere, eta azkenean esan zuen: «Gustatuko litzaidakek jakitea nork idatzi duen!». Hitz batean, bazirudien kontu hura ez zela txantxetakoa. Txitxikov ordu bete baino gehiago egon zen horretan pentsatzen, eta azkenean, besoak zabalik eta burua makurturik, esan zuen: «Idazkera oso bilatua duk, oso bilatua». Esan gabe doa gutuna kiribildu eta kutxan gorde zuela, afixa baten aldamenean eta leku eta posizio berean zazpi urte zeramatzan ezkon-gonbidapen batetik hurbil. Geroxeago, gobernadorearen etxeko dantzaldirako gonbidapena ekarri zioten. Guztiz ohikoa izaten da hori probintzi hiribiruetan: gobernadoreek dantza-saioak antolatzen dituzte beti, bestela ez lukete-eta aitoren semeen begikotasun eta begirunea irabaziko.

        Txitxikovek, beste zeregin guztiak bertan behera utzirik, buru-belarri ekin zien dantzaldirako prestamenei, zeren, izan ere, pisu handiko arrazoiak baitzituen horretarako. Inondik ere, mundua sortu zenetik inork ez du hain denbora luzea eman txukuntze-lanetan. Ordu bete egon zen ispiluaren aurrean bere aurpegia aztertzen. Espresio desberdinak saiatu zituen: serioa eta zorrotza, adeitasunezkoa irribarre xume batekin, adeitasunezkoa irribarrerik gabe. Askotariko diosalak egin zizkion ispiluari, frantsesaren nolabaiteko antza zuten hotsak ateraz aldi berean, nahiz eta tutik ere ez zekien frantsesez. Harridurazko imintzio atseginak ere egin zizkion bere buruari, bekainak apur bat jasoz, ezpainak bereiziz, eta mihiarekin ere halako keinu bereziak eginez. Zer ez duen egiten gizabanako batek bakarrik dagoenean, polita dela nabariturik eta ziur egonik ez daukala inor ateko zirritutik begira! Azkenik, leunki laztandu zuen kokotsa, esanez: «Polit hori!»; eta janzten hasi zen. Aldarte ezin hobea izan zuen lagun janzten egon zen bitarte guztian: tiranteak ondo ipintzen edo gorbataren korapiloa lotzen ari zela, belauna tolestu, soina makurtu, eta kilimusi egin zuen zalutasun handiz, eta, dantzan inoiz egiten ez bazuen ere, entrechat bat markatu zuen. Istripu txiki bat gertatu zen dantza-jauzi horren ondorioz: komoda dardaraka hasi zen eta mahai gainean zegoen eskuila lurrera erori zen.

        Dantzaldian agertu zenean, zoratzerainoko baraila sortu zen. Bertantxe inguratu zuten hara bilduriko guztiek; batek kartak zeuzkan eskuan, beste batek bere jarduna eten zuen unerik interesgarrienean, honela zioenean hain zuzen ere: «eta zemstvoko epaileak zera erantzun zuen...», eta inork ez zuen jakin zer erantzun zuen zemstvoko epaileak, zeren hori azaltzen ari zena lasterka joan baitzen gure protagonista agurtzera. «Pavel Ivanovitx! Jainkoarren, Pavel Ivanovitx! Pavel Ivanovitx maitea! Ongi etorri, Pavel Ivanovitx jaun txit agurgarria! Pavel Ivanovitx, nire lagun bihotzekoa! Hemen zaitugu azkenik, Pavel Ivanovitx! Hona hemen gure Pavel Ivanovitx! Ekarri bosteko hori, Pavel Ivanovitx! Ekar ezazue hona, besarkada handia eman nahi diot Pavel Ivanovitx jaun prestuari!» Hainbat lagunek aldi berean besarkaturik sentitu zen Txitxikov. Ganberaburuaren besoetatik askatu bezain azkar, poliziaburuaren besoetan erori zen, poliziaburuak osasun-batzordeko ikuskatzailearen besoetan utzi zuen, osasun-batzordeko ikuskatzaileak zerga-biltzailearenetan, zerga-biltzaileak udal-arkitektoarenetan... Gobernadorea, une horretan, dama batzuekin zegoen, esku batean gozoki-paper bat eta bestean ur-zakur bat zeukala, eta, Txitxikov ikusi bezain laster, lurrera bota zituen hala gozoki-papera nola ur-zakurra, eta hortxe hasi zen zakurtxoa negar-intzirika; hitz batean, ohiz kanpoko poza eta alaitasuna barreiatu zuen. Ez zen aurpegirik bozkarioa adierazten ez zuenik, edo, behinik behin, guztiez jabetu zen bozkarioa islatzen ez zuenik. Funtzionarioen aurpegiek ere horrelako bozkarioa erakutsi ohi dute zuzendari izendatu berria bulegoak lehen aldiz ikuskatzera joaten denean: hasierako ikaraldia gainditurik, konturatzen dira gauza asko atsegin izan zaizkiola, eta azkenean zuzendaria bera txantxetan hasten da, hau da, ironiazko irribarre gozoa eginez esaten dizkie hitz batzuk. Horri erantzuteko, barre-algaraka hasten zaizkio hurbilen dauzkan funtzionarioak; gogotik barre egiten dute urruntxeago daudenek, nahiz eta ez dituzten oso ondo entzun haren hitzak; eta, azkenik, erreflexuaren lege aldaezinen eraginez, irribarre txikia osatzen du sarrerako atean dagoen poliziak berak ere, nahiz eta bere bizitza osoan sekula irribarrerik egin gabea izan eta herritarrei ukabila erakutsi besterik ez duen egin; poliziaren irribarretxoak, hala ere, sudurretik tabako bizia hartutakoan usin egiteko zorian dagoenaren keinuaren antza du irribarrearena baino gehiago. Gure protagonistak guztiei eta bakoitzari erantzuten zien, gorputzean zalutasun ezohikoa sumatzen zuela. Buru-makurtuak egiten zituen ezkerretara eta eskuinetara, apur bat okerturik —beti bezala—, baina hain trebeki, ezen liluraturik utzi baitzituen denak. Damek berehala setiatu zuten, girlanda distiratsua bailiran, eta mota guztietako perfumez osaturiko urrin-hodeiak helarazi zizkioten: batek arrosa-usaina zuen, beste bati udaberriaren eta bioleten urrina zerion, hirugarren bat hereze-usainez perfumaturik zegoen goitik beheraino; Txitxikovek, sudurra jasorik, usain egiten zuen behin eta berriro. Damen janzkerak gusturik onena agertzen zuen: muselinak, satenak eta gazak garai hartan moda-modan zeuden kolore margul horietakoak ziren; zaila zen benetan halako koloreei izena ematea (horraino eramana zuten gustuaren fintasuna!). Xingolak, begiztak eta lore-sortak ageri ziren hor-hemenka soinekoetan hegabanaturik, anabasa zinez ikusgarrian; hain anabasa handia, ordea, dama haien buruek eginiko lan arretatsuaren emaitza zen. Bazen buruko arin bat belarrietan leunki pausatua, eta bazirudien honela zioela: «Kasu! Hegaz joango naun; tamalez, ezin haut nirekin eraman, eder hori!». Gerriak ondo estuturik zeuden eta formarik trinkoenak eta begi-gozagarrienak zituzten (oharrarazi beharra dago N hiriko dama guztiak lodi samarrak zirela, baina hain trebetasun handiz estutzen zuten gerria eta hain zuten liraina ibilera, ezen ez baitzegoen haien gizentasuna nabaritzerik). Ezohiko doitasunez pentsaturik eta aurreikusirik zeukaten dena; lepoa eta besaburuak behar adina soilik zeuden agerian, ez gehiago; norberak bazekien non zegoen gizonezkoaren galbidearen ataria, eta horraino iristen zen soin-atalen biluztasuna; gainerako guztia gustu ezin hobez gorderik zegoen: batek gorbatatxo arina zeraman; beste bati txairoki biltzen zion lepoa zapi mehe batek, «musuak» deritzen gozopil horiek bezain arina; hirugarren batek, berriz, batista finezko farfail koxkatxodunak zeramatzan sorbaldetan, soinekoaren goiko ertzaren azpitik irtenda. Farfail horiek —zeinei «diskrezioak» baiteritze— aurretik eta atzetik ezkutatzen zuten horrela gorderik gizonaren galbidea ezin ekar zezakeena, nahiz eta hain zuzen ere galbidea hortxe zegoela susmarazten zuten. Eskularru luzeak ez ziren mahuketaraino bertaraino iristen: berariaz uzten zuten agerian besoaren atalik kitzikagarriena —ukondotik gorakoa alegia—, eta beso-atal horrek mardultasun desiragarria erakusten zuen dama askorengan. Zenbaitek, tenkatuaren tenkatuaz, urraturik zeuzkaten antxume-larruzko eskuzorroak. Hitz batean, bazirudien hau zeramala denak idatzirik: «Ez, ez gaude probintzietan, hau hiriburua da, Paris bera!». Noizean behin soilik, hor edo han agertzen zen, bat-batean, Lurrean sekula ikusi ez bezalako buruko bat, edo pauma-luma bat, moda guztien kontrakoa baina eramailearen gustukoa. Halabeharrezkoa zen hori, halaxe gertatzen baita probintzi hiriburu guztietan: nondik edo handik, soka eten egiten da beti. Txitxikovek, damen erdian zutik, honela zioen bere kolkorako: «Hauetako zeinek idatzi ote dit eskutitza?», eta sudurra ateratzen zuen haien artetik. Baina sudurrak topo egiten zuen ukondoz, mahukaburuz, mahukaz, xingola-muturrez, atorraz eta soineko urrintsuz osaturiko hesi batekin. Galop baten lehen notak entzun ziren, eta bertantxe aienatu zen dena: poliziaburuaren emaztea, polizi kapitaina, luma urdineko dama, luma zuriko dama, Txipkhaikhilidzev printze georgiarra, Petersburgeko funtzionarioa, Moskuko funtzionarioa, Coucou frantziarra, Perkhunovski jauna, Berebendovski jauna... arrapaladan joan ziren denak.

        «Horra nola jostatzen diren probintzietan!», esan zuen Txitxikovek bere artean, atzera eginez, eta, damak sakabanatu zirenean, berriro arakatu zituen begiradaz, aurpegiaren edo begien espresioan eskutitza nork idatzi zion igarriko ote zien; baina ezin izan zuen inola ere igarri nor zen egilea, ez aurpegiaren espresioan eta ez begien espresioan. Begitarte orotan kausitu zuen zer edo zer, baina hain zen atzemangaitza, hain iheskorra, hain gordea eta xehea!... «Ez —esan zuen bere kolkorako—, emakumeak izaki bereziak dituk...» Eskuari eragin zion. «Alferrik duk haietaz hitz egitea! Saia hadi ulertzen haien aurpegietan azaltzen diren keinu, aieru eta ximur horien guztien esanhaia: ez duk tutik ulertuko. Haien begiak soilik erresuma amaigabea dituk, eta hor barneratzen den gizona arrastorik utzi gabe desagertzen duk! Kako baten laguntzaz ere ez duk hortik barrutik aterako! Saia zaitezte gutxienez haien begien distira deskribatzen: hezea duk, beluskara, eztitsua; haien jainkoak zekik nolakoa den!, latza duk, eta samurra, eta guztiz ilauna, edo, beste batzuek diotenez, zoragarria, edo ez duk zoragarria, zoragarria baino askoz gehiago baizik; begi-distira horrek bihotzetik heltzen badik, arimaren barreneraino sartuko zaik gezi baten antzera. Ez, ez duk emakumezkoentzako hitz egokirik aurkituko: gizadiaren erdi xarmanta dituk, eta kito!»

        Barkatu! Dirudienez, kaleko hitz bat jalgi da gure protagonistaren ahotik. Zer egingo diogu! Horixe da Ruseko idazleon egoera! Kaleko hitz bat sartu zaigu liburuan, baina idazleak ez du horren errurik, irakurleak dira errudunak, goi-gizarteko irakurleak bereziki: inoiz ez diezu entzungo errusierazko hitz bat bera ere taxuz ahoskaturik; ugari erabiltzen dituzte, ordea, frantsesezkoak, alemanierazkoak eta ingelesezkoak, eta, gainera, zorrotz betetzen dituzte fonetikaren arau guzti-guztiak: frantsesez, totelka eta sudur-mintzoz hitz egiten dute; ingelesez, berriz, txorien doinua antzeratzen dute, eta fisionomiaz ere txori bihurtzen dira, eta, gainera, barre egiten dute txori-fisionomia hartzeko gai ez direnen lepotik; baina ez dute errusiar jokatzen, nahiz eta abertzaletasunak eraginik Errusiako estiloaren araberako izba bat eraikitzen duten, nork bere datxan. Horrelakoak dira goi-mailako irakurleak, eta haien atzetik datoz beren burua goi-mailakotzat jotzen dutenak! Eta, hala ere, nolako zorroztasuna haiena! Idazki guztietan hizkerarik zehatzena, garbiena eta jasoena erabil dadila eskatzen dute hisituki; hitz batean, nahi dute errusiera hodeietatik haien mihietara zuzenean jaits dadin berez eta behar bezala landurik, haiek ahoa zabaldu eta mihia dantzatu beste lanik ez izateko. Lehenago esan dugunez, ulergaitza da emakumezkoek osatzen duten gizadiaren erdia, baina aitortu beharra dago askoz ulergaitzagoak direla irakurle itzaltsuak.

        Eta Txitxikov, bitartean, asmatu ezinik zegoen dama haietako zeinek idatzi zion eskutitza. Begirada zorrozten ahalegindurik, ikusi zuen nola damen aurpegiek, esperantza pizteaz batera, hilkor errukarriaren bihotzarentzako oinaze gozoak agintzen zituen beste zerbait ere adierazten zuten, eta azkenean esan zuen: «Ez, ezinezkoa duk nor den igartzea!». Horrek, hala ere, ez zion moteldu barnean sentitzen zuen poza. Jariakortasun eta antze handiz, hitz samurrak trukatu zituen dama batzuekin; batengana zein besterengana hurbiltzen zen urrats labur eta lasterrez, edo, esan ohi denez, tipi-tapa, hala nola ibiltzen baitira beren takoi garaien gainean aguretxo modazaleak —hainbatek agure lizunak esaten dieten horiek alegia— damen atzetik agudo dabiltzanean. Tipi-tapa hurreratzen zen, bada, batengana zein besterengana; nahikoa malguki ezkerretara eta eskuinetara jiratu, eta, orpoa orpoaren kontra, takateko arina jotzen zuen ointxo batekin, zeinak kakotxa ematen baitzuen, edo letra baten buztantxo laburra. Damak pozarren zeuden berarekin, eta, oso erakargarri eta adeitsu irizteaz gain, halako handientza bat ere atzematen hasi ziren haren aurpegieran, halako gerlari-aire edo militar-itxura bat, zeina, gauza jakina denez, biziki atsegin baitzaie emakumezkoei. Liskar ugari piztu ziren gure protagonistaren kariaz: atetik hurbil egon ohi zela oharturik, norlehenka oldartu ziren hainbat dama atetik hurbilen zeuden aulkietara, eta haietako batek besteei aurrea hartu eta hori lortzeko zortea izan zuenean, gutxigatik ez zen istilu itsusi bat gertatu, eta dama horrek egin zuen gauza bera egiteko irrikaz zeudenetako askok haren jokaera gaitzetsi zuten, neurririk gabeko lotsagabekeria iritzirik.

        Txitxikov guztiz lanpeturik zegoen damekin hizketan, edo, hobeto esan, damek guztiz lanpeturik eta zorabiaturik zeukaten beren solasarekin; alegoriarik bihurrienak eta sotilenak esaten zizkioten, eta Txitxikovek bekokitik izerdia parrastaka isurtzeraino hausnartu behar izaten zuen haien esanahi ezkutukoa. Horren eraginez, ahaztu egin zitzaion aurrena etxekoandrea agurtzera joatea, gizalegearen arauek agintzen zuten bezala. Ez zen arau horretaz gogoratu gobernadorearen emaztearen ahotsa entzun zuen arte, eta ordurako baziren hainbat minutu aurrean zeukala. Gobernadorearen emazteak, ahots leun eta maltzur samarrez eta buru-mugimendu liraina eginez, honela esan zion: «Ah! Pavel Ivanovitx, hemen zaitugu...!». Ez naiz zehatz-mehatz oroitzen gobernadorearen emaztearen hitzez, baina xalotasun handiko zerbait esan zuen, gure idazle munduzaleen eleberrietako damek eta jaunek esan ohi dituztenen tankerakoak; idazle horiek oso gogoko dute areto dotoreak deskribatzea, eta harro-harro aldarrikatzen dute badakitela tonurik jasoena erabiltzen, honelako esaldiak josiz, adibidez: «Litekeena al da norbait zure bihotzaz hainbesteraino jabetu izana, ezen dagoeneko ez baitago lekurik, ezta denik eta zokorik meharrena ere, errukirik gabe ahaztu duzun honentzat?». Gure protagonista gobernadorearen emaztearenganantz jiratu zen berehala, eta, sasoi hartan modan zeuden eleberrietan Zvonski, Linski, Lidin, Gremin eta gainerako militar iaioek esaten zituztenen pareko esaldi biribil batez erantzuteko gertu zegoela, bat-batean begiak jaso, eta geldi-geldirik geratu zen, tximistak jota bezala.

        Gobernadorearen emaztea ez zegoen bakarrik: hamasei urte inguruko neskagazte bat zeukan eskutik heldurik. Ilehoria eta liraina zen, hazpegi fin eta neurri-neurrikoak zituen, kokots zorrotza, zoragarri biribil aurpegiaren obaloa, edozein margolarik madonna baten eredutzat hartzeko modukoa, Rusen hain bakanak diren horietakoa, gure herrialde honetan handitasun mugarik gabea nahiago baitute gauza guztiek, hala mendiek, oihanek eta estepek, nola aurpegiek, ezpainek eta oinek. Neskagazte hori bera zen Nozdrioven etxetik itzultzean bidean aurkitu zuena, gidarien edo zaldien zabarkeriarengatik kotxeek hain ustekabean elkarren kontra jo, hedeak erabat nahasi, eta Mitiai eta Miniai zaldiak elkarrengandik bereizten saiatu ziren hartan. Hain zegoen nahasirik Txitxikov, ezen ez baitzen gai hitz egiteko ere. Zerbait murduskatu zuen azkenean; deabruak daki zer atera zen haren ahotik, baina horrelako egoera batean Greminek, Zvonskik edo Lidinek esango zituzten hitzen antzik batere ez zuen.

        — Oraindik ez duzu nire alaba ezagutzen? —galdetu zion gobernadorearen emazteak—. Amaitu berriak ditu institutuko ikasketak.

        Txitxikovek erantzun zuen ordurako izana zuela, ezustean, haren ezaupidea egiteko zoriona; zerbait gehiago esaten ahalegindu zen, baina ez zitzaion ezer atera. Gobernadorearen emaztea, bizpahiru hitz esan, eta alabarekin joan zen aretoaren beste muturrera, beste gonbidatu batzuengana, eta Txitxikov hortxe geratu zen, oinak lurrari josirik, hala nola geratzen baita oinezko bat kale erdian geldi-geldirik bat-batean susmatzen duenean zer edo zer ahaztu zaiola etxean. Delako oinezko hori alaitsu irten da kalera, osteratxo bat egiteko asmoz eta lasai asko gauzei begiratzea beste ardurarik ez duela, eta brastakoan gelditzen da halako batean, zerbait ahatzu zaiolakoan; gizaki horrek une horretan duen itxura baino irudi ergelagorik ez dago: ziplo ezabatu zaio aurpegitik kezkagabetasun guztia; senperrenak egiten ditu zer ahaztu zaion gogoratzeko: sudur-zapia, beharbada?, baina salekan dauka sudur-zapia; dirua?, baina dirua ere sakelan dago; antza, dena darama aldean, baina mintzo misteriotsu batek belarrira xuxurlatzen dio zerbait ahaztu zaiola; eta nahasirik eta durduzaturik so egiten dio kalean dabilen jendeari, ziztu bizian igarotzen diren kotxeei, errejimentu bateko soldaduen buru-babes eta fusilei, dendetako iragarkiei..., begiratu bai, baina ez dakusa ezer. Bada, halaxe geratu zen Txitxikov ere tupustean, inguruan gertatzen zen guztiarekiko arrotz. Bitartean, damen aho urrintsuetatik mota guztietako iradokizunak eta galderak iristen zitzaizkion, sotiltasunez eta adeitasunez mukuru beteak. «Zilegi genuke guk, Lurreko biztanle errukarriok, lotsagabeki galdetzea zer duzun amets?» «Zein leku zorionekotan dabiltza hegaz zure gogoetak?» «Jakin genezake pentsamendu-haran gozo horretan murgidu zaituenaren izena?» Baina Txitxikovek batere jaramonik egin gabe erantzuten zien guztiei, eta oihartzunik utzi gabe desagertzen ziren haien esaldi atseginak. Are jokabide zakarragoa erakutsiz, berehala alde egin zuen haiengandik aretoaren beste muturrera, gobernadorearen emaztea eta alaba nora joan ote ziren jakiteko irrikaz. Baina damek, antza, ez zuten hain goiz bakean uzteko asmorik; nork bere baitan, denek erabakia zuten norberaren alderdirik onenak jardunean jartzea eta mota guztietako armak erabiltzea —gizonezkoon bihotzarentzat hain arriskutsuak diren arma horiek alegia. Oharrarazi beharra dago ezen zenbait damak —zenbait esan dut, ez guztiak— argalgune txiki bat zutela: norberaren soin-atalen bati bereziki erakargarri irizten bazioten, zela bekokia, zela ahoa edo besoak, uste izaten zuten denek erreparatuko ziotela fisionomiaren atal eder horri, eta aho batez esango zutela: «Begira, begira nolako sudur greko polita duen!»; edo: «Zein bekoki miresgarri eta ondo egina!». Sorbalda politak zituena aldez aurretik ziur zegoen gizon gazte guztiak zeharo txoraturik geratuko zirela, eta aldamenetik igarotzean honela mintzatuko zirela denak batera: «Ai, zein zoragarriak diren sorbalda horiek!»; eta aurpegiari, ileari, sudurrari edo bekokiari begiratu ere ez zietela egingo, eta, begiraturik ere, osagarritzat hartuko lituzketela. Horrela pentsatzen zuten zenbait damak. Dama bakoitzak bere baitan zin egina zuen ahalik eta modurik xarmagarrienean jokatuko zuela dantzaldian, eta bere distira guztian erakutsiko zuela bere alderdirik bikainenen gailentasuna. Postaburuaren emazteak, balsean ari zela, hain ahulezia handiz apaldu zuen albo baterantz burua, ezen naturaz gaindiko zerbait sumatzen baitzen airean. Bazen dama bat —oso maitagarria bera— dantza egiteko asmorik gabe azaldu zena gobernadorearen etxera, zeren eta, berak azaldu zuenez, orezta-moduko incomodité txiki batzuk agertu baitzitzaizkion eskuineko oinean, eta, horrek beharturik, kotoi belusatuzko botak janztea beste irtenbiderik ez zuen izan, baina, guztiarekin ere, ezin eutsi dantza egiteko gogoari, eta, kotoi belusatuzko bota eta guzti, itzuli batzuk egin zituen, zertarako eta postaburuaren emazteak pentsa ez zezan bera zela dantzaldiko erregina.

        Baina horrek guztiak ez zuen uste bezalako eraginik izan Txitxikovengan. Begiratu ere ez zien egiten damen joan-etorriei, baina behin eta berriro aupatzen zuen gorputza oin-puntetan buruen gainetik ikusteko non ote zen bere ilehori xarmagarria; kukubilko ere jarri zen, sorbalda eta bizkar artetik arakatzeko; eta, bila eta bila ariturik, aurkitu egin zuen azkenean, bazter batean eseririk. Ama zeukan aldamenean, Ekialdeko turbante lumadun bat arrandiro kulunkatzen zitzaiola buru gainean. Zela udaberriko giroak odola berotu ziolako, zela atzetik bultzatu zutelako, kontua da erabakitasunez jo zuela aurrerantz, jende artean igarobidea urratuz eta ezeri erreparatu gabe, gotorleku bat indarrez hartzera doan gerlariaren antzera; zerga-biltzaileak hain astindu handia hartu zuen berarengandik, ezen erortzear egon baitzen, baina, zorionez, gorputzari hanka baten gainean ozta-ozta eustea lortu zuen, zeren bestela ilara oso bat eramango baitzuen berekin lurrera; postaburuak ere atzera egin behar izan zuen, eta bekoz beko begiratu zion, harriturik eta ironia mehe batez aldi berean; Txitxikovek, ordea, begiratu ere ez zien egin haiei; ilehoria besterik ez zekusan han urrun, eskularru luzeak janzten eta, inondik ere, zurezko zoruaren gainean hegaz hasteko irrikaz. Lau bikote mazurka dantzatzen ari ziren harengandik oso hurbil; dantzarien takoiek gogor zapaltzen zuten zorua, eta armadako kapitainorde batek soin eta muin eragiten zien besoei eta hankei, ametsetan ere inork lortuko ez lukeen pauso bat markatzeko ahalegin biziak eginez. Txitxikov mazurka dantzatzen ari zirenen artean igaro zen bizkor, haien takoiak ia ukituz eta gobernadorearen emaztea eta alaba eseririk zeuden tokirantz zuzen-zuzen. Nolanahi ere, herabetasun handiz hurbildu zitzaien, urratsen bizitasun eta dotoretasun guztia galdurik eta apur bat aztoraturik, mugimendu guztietan halako baldartasuna erakusten zuela.

        Ezin ziurtasunez esan maitasunezko sentimendurik ernatua ote zen gure protagonistaren baitan; zalantzazkoa da maitasunerako gai ote diren mota horretako jaunak —ez lodien sailean eta ez argalenean sartzen ez diren horiek alegia. Zalantzak zalantza, kontua da Txitxikovek zerbait berezia sentitzen zuela barnean, zerbait bitxia eta ezohikoa, gure protagonistak berak ere ezin azalduzkoa: gerora aitortu zuenez, iruditu zitzaion ezen tartetxo labur batez dantzaldi osoa berarengandik urrundu zela bere berbaro eta ardailarekin; bazirudien biolin eta tronpetek mendi baten beste aldetik jotzen zutela, eta laino mehe batek biltzen zuela dena, margolan batean zirriborraturiko zelaia bailitzan. Eta, zelai lanbrotsu horren zirriborroan, ilehori erakargarriaren marra finak soilik ageri ziren argi eta osorik pintaturik: aurpegitxoaren obalo biribila, gerri mehea —institutuko ikasketak amaitu ondorengo lehen hilabeteetan neskagazte guztiek izan ohi dutenaren berdina— eta soineko zuri eta ia arrunta, zeinak txairoki eta leunki biltzen baitzuen alde guztietatik neskaren gorputz gazte eta liraina, haren atalak garbi nabarmenduz. Neskaren irudiak marfilean maisutasunez landuriko jostailu baten antza zuen; bera bakarrik ageri zen zuri, garden eta distiratsu jendetza uher eta goibel haren erdian.

        Agidanez, halaxe gertatu ohi da munduan; agidanez, Txitxikovak ere poeta bihur daitezke lipar batez. Baina, aukeran, gehiegizkoa dateke «poeta» hitza; behinik behin, gazte-gazte sentitu zen une batez, husarra ia. Ama-alaben aldamenean aulki bat hutsik ikusi, eta hantxe eseri zen berehala. Txarto hasi zen elkarrizketa, baina onera egin zuen apurka-apurka, eta Txitxikov kemena berreskuratzen hasi zen..., baina, hona iritsirik, atsekabe handiz oharrarazi beharra daukagu ezen garrantzi handiko karguak dituen jendea —hain baita serioa— astun samarra izan ohi dela damekiko solasetan; jaun tenienteak eta, oro har, kapitainetik gora igo ez direnak ditugu solasean maisu. Haien jainkoak daki nola moldatzen diren: ematen du ez dutela ohiz kanpoko ezer esaten, baina neskagazteak barrez lehertzen dira haiekin; Jainkoak ondo asko daki, ordea, zertaz aritzen diren estatu-kontseilariak: edo Errusia zein erresuma zabala den kontatzen dute, edo konplimenduren bat esaten dute, ez gatzik gabea baina liburu-usain nabarmenegikoa; eta zer edo zer barregarria esaten badute, entzuleak baino askoz ere barre handiagoak egiten dituzte eurek. Azalpentxo hori tartekatu dugu irakurleak uler dezan zergatik hasi zen aharrausika ilehoria Txitxikov hizketan ari zitzaion bitartean. Gure protagonista, dena dela, ez zen horretaz ohartu, eta denetariko gauza atseginak kontzatzen zizkion. Lehenago ere, horren antzeko egoeretan, makina bat bider kontatuak zituen gauza horiek berberak hainbat lekutan, hala nola Simbirsk-eko probintzian Sofron Ivanovitx Biespetxni-renean, lurjabeak etxean zituela alaba Adelaida Sofronovna eta haren hiru ezkon-ahizpak: Maria Gavrilovna, Aleksandra Gavrilovna eta Adelgeida Gavrilovna; Fiodor Fiodorovitx Perekroiev-en etxean, Riazan-go probintzian; Frola Vasilievitx Pobiedonosni-ren etxean, Penza-ko probintzian, eta haren anaia Piotr Vasilievitx-enean, zeinak berekin baitzituen ezkon-arreba Katerina Mikhailovna eta ezkon-arrebaren bestengusinak (Rosa Fiodorovna eta Emilia Fiodorovna); Viatka-ko probintzian Piotr Varsonofievitx-en etxean, haren ezkon-arrebaren ahizpa Pelageia Jegorovna bertan zela bere loba Sofia Rostislavna-rekin eta bere ugazahizpa Sofia Aleksandrovna eta Maklatura Aleksandrovna-rekin.

        Damei ez zitzaien batere gustatu Txitxikoven jokabidea. Haietako bat berariaz igaro zen harengandik hurbil, horretaz jabearazteko, eta, bestela bezala, azaletik ukitu zuen ilehoria bere soinekoaren azpiko merinake zabalaz, eta hain biziki erabili zuen sorbalden inguruan bildurik zeraman zapi arina, ezen neskaren aurpegia jo baitzuen mutur batez; aldi berean, Txitxikoven atzean, oharpen garratz eta mingarri samarra jalgi zen, bioleta-urrinarekin batera, beste dama baten ahotik. Txitxikovek, edo benetan ez zuen entzun, edo ez entzunarena egin zuen; edonola ere, oker jokatu zuen: kontuan hartu behar dira beti damen iritziak. Damutuko zitzaion hori, baina geroago, jadanik berandu zela.

        Haserrea agertu zen aurpegi askotan. Edonondik begiratuta ere, arrazoizkoa zen damen sumindura. Nahiz eta Txitxikovek itzal handia izan gizartean, nahiz eta milioiduna izan eta aurpegieran handientza eta halako gerlari-aire edo militar-itxura bat erakutsi, badira gauza batzuk damek inortxori barkatzen ez dizkiotenak, eta ataka horretan sartu dena, edonor dela ere, ziur egon daiteke bereak egin duela. Emakumea, gizonarekin alderaturik beratza eta nortasun ahulekoa izanik ere, egoera jakin batzuetan gizona baino indartsuago bilakatzen da bat-batean, munduan den edozer baino sendoago. Txitxikovek ia nahi gabe eginiko destainak berriro adiskidetu zituen damak, ia etsaiturik baitzeuden ate ondoko aulkiaz jabetzeko lehia gertatu zenetik. Ziri mingarritzat hartu zituzten Txitxikovek pentsatu gabe esaniko hitz zakar eta lehor batzuk. Hori asko ez zela, zorigaitza zorigaitzaren gainera, mutilgazteren batek bertso satiriko batzuk egin zituen, dantzariak trufa-gaitzat harturik. Mundu guztiak dakienez, ohitura izaten da hori probintzietako dantzaldi guztietan, baina damek Txitxikovi egotzi zizkioten bertso haiek ere. Haserrea gero eta biziagoa zen, eta damak haren kontra hitz egiten hasi ziren bazterretan, oso modu itsusian gainera. Jai zeukan institutuko ikasle ohi dohakabeak ere, emana zen haren epaia.

        Eta, bitartean, oso ustekabe gogaikarria zetorkion gainera gure protagonistari: ilehoria aharrausika eta bera garai desberdinetan gertaturiko pasadizoak kontatzen ari zela —nor eta Diogenes filosofo grekoa ere aipatu zion—, Nozdriov sartu zen aldameneko gela batetik. Ez dakigu buffetetik irten berria zen edo whistean ohi baino diru-alde handiagoak jokatzen ziren gelatxo berde batetik, ez dakigu nahita alde egin zuen edo indarrez kanporatu zuten, baina, hori bai, pozik eta alaitsu zetorren, prokuradorea besotik heldurik zekarrela. Itxuraz, denbora luzea zen berekin zeramala batetik bestera arrastaka, zeren prokuradore gizagaixoak alde guztietara jiratzen baitzituen bere bekain ile-sarriak, hain bidelagun amultsutik libratzeko modua aurkitu nahirik. Izan ere, jasanezina zen benetan. Nozdriovek bi katilu te edan zituen —ez ronik gabeak, jakina—, eta, txolindurik, denetariko ergelkeriak botatzen zituen bata bestearen atzetik. Urrunetik ikusi zuenetik, Txitxikovek erabakita zeukan sakrifizio benetan handia egitea, hau da, bere leku irrikagarri hura utzi eta ahalik lasterren urrundu handik, bestearekin elkartzeak ez zion-eta ezer onik ekarriko. Baina, zoritxarrez, une horretantxe gobernadorea inguratu zitzaion, pozaren pozez Pavel Ivanovitx aurkitu zuelako, eta, geldiarazirik, emakumezkoen amodioaren iraunkortasunari buruz bi damekin zuen eztabaidan epaile jarduteko eskatu zion. Nozdriovek ikusia zuen ordurako, eta zuzen zihoan berarenganantz.

        — Horratx! Khersongo lurjabea, Khersongo lurjabea! —egin zuen oihu, barrezka hurbiltzeaz batera, bere masaila guri udaberriko arrosa bezain gorriak dardaraka ari zitzaizkiola barre-zantzoen eraginez—. Zer?, hil asko erosi duk? Berorren Gorentasunak oraindik ez daki zer erosten duen honek? —esan zion garrasi batean gobernadoreari—. Arima hilak, alajaina! Aizak, Txitxikov, entzun, adiskide gisa ari nauk-eta, zeren hemen denok gaituk adiskide, hemen duk Bere Gorentasuna bera ere; entzun, badakik zer egingo niakeen nik hiri? Urkatu! Horixe, urkatu!

        Txitxikovek ez zekien non sartu.

        — Bai, Berorren Gorentasuna, halaxe da —ekin zion berriro Nozdriovek—. Zera esan zidan: «Salduko zenizkidake arima hilak?». Eta ni barrez lehertu nintzen hori entzun nuenean. Hona iristean esan didate hiru milioi errubloren nekazariak erosi dituela beste probintzia batera eramateko. Zer eramango du, gero? Niri, hilak erosi nahi zizkidan. Entzun, Txitxikov, astakilo hutsa haiz, bai horixe, astakilo hutsa; ez da hala, prokuradore jauna?

        Baina prokuradoreak eta Txitxikovek eta gobernadoreak berak ere ez zekiten zer erantzun, hain zeuden nahasirik. Eta bitartean, Nozdriovek, solaskideei batere jaramonik egin gabe, aurrera jarraitzen zuen bere mozkor-jardunarekin:

        — Adiskidea, hi, hi... zera, ez nauk hire paretik kenduko arima hilak zertarako erosi dituan jakin arte. Aizak, Txitxikov, hirea lotsagarria duk benetan, ondo asko dakik ez duala ni baino adiskide hoberik. Ez da hala, prokuradore jauna? Berorren Gorentasunak ez luke sinetsiko zein lagun handiak garen. Oraintxe esango balu..., zera, ni berton nagok eta oraintxe bertan Bere Gorentasunak esango balit: «Nozdriov! Esadak egia, nor maite duk gehiago, aita ala Txitxikov?»; nik zera erantzugo nioke birritan pentsatu gabe: «Txitxikov!», bai alajaina!... Hator hona, adiskidea, musu bat emango diat eta. Baimena eskatzen diot Berorren Gorentasunari lagun honi musu bat emateko. Bai, Txitxikov, ez kontrarik egin, uztak musu bat ematen hire masaila horretan, elurra bezain zuria duk eta!

        Musua ematera zihoala, Nozdriovek hain bultzakada bortitza hartu zuen Txitxikovengandik, non gutxigatik ez baitzen lurrera erori. Berarengandik urrundu ziren denak, eta ez zioten gehiago entzun. Baina nola arima hilak erosi zituelakoa eztarria hautsi beharrean eta barre-algara ezinago ozenez lagundurik esan zuen, bada, guztien arreta erakarri zuen, baita aretoko bazterrik urrunenetan zeudenena ere. Hain albiste harrigarriak zur eta lur utzi zituen denak, aho zabalik eta galdera-imintzio ergela aurpegian. Txitxikov ohartu zen dama askok irrikaitz maltzurrez begiratu ziotela elkarri eta halako espresio zimarditsu bat agertu zela aurpegi batzuetan, eta horrek barneko nahasmendua areagotu zion. Mundu guztiak zekien Nozdriov gezurti porrokatua zela, eta, halatan, ez zen harritzekoa haren ahotan zentzugabekeriarik handienak entzutea; baina benetan zail da ulertzen nola dauden eginik hilkorrak: batek albiste bat entzun, eta, bakarrik albiste delako, beste hilkor batengana joko du berehala kontu horrekin, hau esateko besterik ez bada ere: «Entzun nolako gezurra zabaldu duten!»; eta beste hilkorrak atsegin handiz zorroztuko ditu belarriak, nahiz eta gero bere artean esan: «Bai, gezur biribila duk, ez dik inolako arretarik merezi!»; eta, hori esan bezain laster, hirugarren hilkor baten bila joango da, eta, albistea jakinarazitakoan, haserrerik zintzoenaz esango dio: «Gezurra galanta!». Eta hiri osoan zabalduko da berehala albistea, eta hilkor guzti-guztiek aspertu arte izango dute hizpide, eta gero aitortuko dute albisteak ez duela inolako arretarik merezi eta denbora alferrik galtzea dela horretaz hitz egitea.

        Gertakari itxuraz zentzugabe hark zeharo lur jota utzi zuen gure protagonista. Adimen urrikoaren esanak berez ergelak izanagatik, batzuetan aski izaten dira gizon buruargiaren gogoa nahasteko. Gaitziturik eta ondoezik sentitzen hasi zen Txitxikov, ezustean bere bota garbi-garbiak istil kiratsu, lohitsu batean sartu balitu bezala hain zuzen ere; txarto, alegia, oso txarto! Ahaleginak egin zituen horretan ez pentsatzeko; saiatu zen jostatzen, gogoa barreiatzen; whistean aritu zen, baina kukuak makur jo zion horretan ere: kolorez okertu zen bi aldiz, eta, jokoaren arauak ahazturik, hainbat jokaldi ustel egin zituen. Ganberaburuak ezin zuen inola ere ulertu nolatan Txitxikovek, joko horretan hain ona eta zuhurra izanik, horrelako hutsak egiten zituen, eta nolatan eskaini zion borreroaren aizkorari bere errege-pika, zeinarengan, Txitxikovek berak aitortu zuenez, Jainkoarengan baino uste hobea baitzuen. Jakina, postaburuak, ganberaburuak eta poliziaburuak, ohiturari jarraiki, adarra jotzen zioten, esanez maitemindurik zegoela, begien bistakoa zela bihotza zauriturik zeukala, eta bazekitela nork jaurti zion amodioaren azkon zorrotza. Txitxikov, bere aldetik, barre egiten eta txantxetan aritzen ahalegintzen zen, baina, ahaleginak ahalegin, lagunen ziriek ez zuten batere alaitu. Afarian ere ez zen bere onera itzuli, nahiz eta mahaikideak oso atseginak ziren eta Nozdriov aspaldi egotzia zuten aretotik, zeren damak berak azkenean konturatu baitziren haren jokabidea gero eta eskandaluzkoagoa zela. Halako batean, dantza-saioaren erdian, lurrean eseri zen eta soineko barrenetatik tiraka hasi zitzaien dantzariei; damek esan zutenez, lehenago sekula ez zen horrelakorik ikusi probintziako dantzaldietan. Afaria oso alaia izan zen; bozkariorik laxoenak argiturik ageri ziren aurpegi guztiak hiru besoko argimutilen, lore-sorten, gozokien eta botilen aurrean. Adeitasun handiz jokatzen zuten denek, hala ofizialek, nola damek, nola frakez jantziriko gizonek; gogaikarri ere gertatzen ziren melengaren melengaz. Gizonezkoek, jauzi batez aulkitik jaikita, arrapaladan jotzen zuten zerbitzariengana, eta platerak kentzen zizkieten eskuetatik, damei ezohiko trebetasunez eskaintzeko. Koronel batek ezpata biluziaren puntan luzatu zion saltsontzi bat dama bati. Adineko gizonak —zeinen artean baitzegoen eseririk Txitxikov— ozenki eztabaidatzen ziren, oso arrazoi zentzuzkoak emanez eta hitz bat esatearekin batera arrain-puskatxo bat edo ziapetan oparo bustiriko behiki-zatitxo bat ahoratuz. Gai interesgarriak zituzten hizpide, eta Txitxikovek gogo onez parte hartzen zuen beti horrelako eztabaidetan; baina, une horretan, bidaia luze baten ondotik nekeak jota eta leher eginik dagoen eta, halatan, pentsatzeko gai ez den eta ezertarako indarrik ez duen gizonaren antza zuen. Ohi baino askoz goizago erretiratu zen ostatura, afaria amaitu arte ere itxaron gabe.

        Han, irakurleak dagoeneko ezagutzen duen gelatxo horretan, komoda aldameneko gelara ematen zuen atearen aurrean oztopo zegoela eta labezomorroak noiz behinka zoko-bazterretan agertzen zirela, gure protagonistaren oldozpenak eta gogo-aldartea eserlekutzat hartu zuen besaulkia bezain kolokak ziren. Alditxarturik zegoen, egonezinik, hutsune larria sumatzen zuen bihotzean. «Deabruak eramango ahal ditik dantzaldiak asmatu dituztenak! —esan zuen, haserre bizian, bere kolkorako—. Zer dela eta alaitzen ditu hainbeste tamaina horretako txatxukeria batek? Probintzian uzta txarra, prezioak ikaragarri garesti, eta haiek lasai asko dantzaldiak antolatzen! Zertarako eta emakumeek beren jantziak erakusteko! Bai negargarria! Dama batzuek mila errublo zeramatzatean gainean, arropatan bakarrik! Eta hori guztia nekazariek ordaintzen dizkieten zergen kontura, edo, are okerrago, norberaren kontzientzia salduaren kontura. Gauza jakina duk zergatik jokatzen duten kontzientziak agintzen dienaren kontra eta zergatik onartzen dituzten eskupeko diru zikinak: emazteari lepozapia erosteko, edo soinekoak, edo auskalo zer. Eta hori zergatik? Bada, Sidorovna delako maiseatzaileren batek esan ez dezan postaburuaren emaztearen soinekoa hobea dela; eta, hori gerta ez dadin, mila errublo gastatzen ditiztek kolpe batean. Hor ibiltzen dituk denak oihu batean: "Dantza, dantza, alaitasuna!"; pikutara dantzaldiak, nazkagarriak dituk, ez zetozak bat errusiarron senarekin, errusiarron izaeraren kontrakoak dituk; deabruak zekik zertarako balio duten; gizon heldu bat, adinez nagusia, beltzez jantzia, bat-batean bere eserlekutik altxatu eta hor hasten duk jauzika eta saltoka, deabruak hartu balu bezala, eta, bitartean, aldamenean daukanak gauza garrantzitsuei buruz hitz egiten dik beste batekin, zanbuluka eta hankei ezker-eskuin eraginez, ahuntz baten antzera. Eta hori guztia zergatik eta atzerrian egiten dutena itsu-itsuan imitatzeagatik! Bai horixe, imitatzeagatik! Frantzian berrogei urteko gizonek hamabost urteko gaztetxoen antzera jokatzen dutenez, bada guk gauza bera egin behar! Ez, benetan..., bekaturen bat egin bahu bezala sentitzen haiz dantzaldi baten ostean; horretaz oroitzeko gogorik ere ez duk izaten. Hutsik geratzen zaik burua, gizon munduzale batekin hitz egin ondoren bezalaxe: denetariko gauzez hitz egin dik, gaingiroki ukitu ditik gai guztiak, liburuetan irakurritako guztia esan dik, hitz ederrez gainera, baina hire buruak ez dik ezer garbirik atera haren berriketatik, eta gero, beste egun batean, merkatari arrunt batekin hitz egiten duk, bere ogibidea besterik ez dik menderatzen gizon horrek, baina eskarmentu handia dik eta ondo zekik zertaz ari den, eta konturatzen haiz haren solasa beste erretolika hura baino interesgarriagoa dela. Baina zer probetxu atera daiteke dantzaldi batetik? Demagun idazleren bati bururatzen zaiola horrelako eszena bat bere horretan deskribatzea. Errealitatean bezain zentzugabea emango likek liburuan. Zer duk, moralaren araberakoa ala moralaren kontrakoa? Deabruak zekik! Eta orduan, liburua ixten dik, gogaiturik.» Horrela gaitzesten zituen Txitxikovek dantzaldiak orokorrean; baina, inondik ere, beste zerbaitek sumintzen zuen. Haren haserrearen arrazoi nagusia ez zen dantzaldia bera, ezpada han gertatu zitzaiona, porrot egin zuela, ustekabean Jainkoak daki zer-nolako irudia eman zuela guztien aurrean, oso paper bitxi eta badaezpadakoa jokatu zuela. Jakina, gizon zentzudunaren begiekin begiraturik, argi zekusan han gertaturikoak ez zuela ez hankarik ez bururik, ergel baten hitzek ez zutela inolako eraginik izango, batez ere orain, bere zeregin nagusia behar bezala burututa zeukalarik. Baina harrigarria da gizabanakoa: biziki mintzen da berak errespetatzen ez dituenek begitan hartzen dutelako, haien azaluskeria eta jantziak direla-eta inongo gupidarik gabe eta oso hitz gordinez maiseatu dituenek gorroto diotelako. Are gehiago haserretu zen Txitxikov gertaturikoa buru argiz aztertu zuenean, orduan konturatu baitzen bera izan zela, neurri batean, erruduna. Nolanahi ere, ez zen bere buruarekin haserretu, eta, jakina, arrazoi zuen horretan. Denok dugu argalgune txikitxo bat: barkabera samarrak izaten gara geure buruarekin, eta inguruan bilatzen dugu gure haserrearen zama noren bizkarrera bota; izan daiteke, esaterako, gure agindupeko morroi edo funtzionario bat, halabeharrez gure aurrera azaldua une egokian; izan daiteke emaztea bera, edo, aukeran, aulki bat; hartu aulkia eta indarrez botako dugu edonora, atearen kontra adibidez, eta beso bat edo bizkarraldea apurtuko zaio: zer arraio, jakin dezala zein haserre gauden! Bada, Txitxikovek ere berehala aurkitu zuen barrua erretzen zion suminaren ondorio guztiak bere bizkarrean nork jasango. Nozdriov zen nor hura, eta esan gabe doa bereak eta asto beltzarenak hartu zituela, hala nola hartzen baititu soilik sindiku alproja batek edo kotxezain batek kapitan zaildu eta asko bidaiatu batengandik edo, batzuetan, jeneral batengandik, zeinak, dagoeneko klasiko bilakatu diren ohiko hitz astunak esateaz gain, berak asmaturiko hainbat birao berri ere botatzen baitizkio. Irain-jipoi ederra jaso zuen Nozdrioven familia osoak, eta, bereziki, egundokoak hartu zituzten zuhaitz genealogikoan bera baino gorago zeudenetako batzuek.

        Txitxikov, beraz, bere besaulki gogorrean eseririk zegoen, pentsamenduek eta lo egin ezinak oinazeturik, Nozdriov eta beraren familia guztia gogoan; haren aurrean, argi motela egiten zuen gantzezko argizari batek, mukia ikatz bihurturik aspaldi eta unean-unean itzaltzeko zorian; leihoaz bestaldean gau beltz iluna gertu zegoen egunsenti hurbileko argiarekin urdintzen hasteko; oilarraren lehen kurrukukuak aditzen ziren urrun; seguraski, hiri oraindik lokartuko kaleren batean nekez zebilen longain artile zakarrezko bat, gizagaixo bat auskalo zein klase edo mailatakoa, zeinak (ai!) bizimodu barreiatuko errusiarrek maizegi zapalduriko bidea besterik ez baitu ezagutzen; eta, bitartean, Txitxikoven atsekabea areagotuko zuen zerbait gertatzen ari zen hiriaren beste muturrean. Hiriko kale eta kaleska urrun haietan barrena zalapartaka zihoan zalgurdi bat, hain bitxia, ezen ez baikenuke asmatuko nola deitu. Telega ez zen, ezta kalesa edo drojkia ere; ezeren antzik izanez gero, gurpil gainean jarritako angurri lodi bat ematen zuen. Angurriaren alboek (zalgurdiaren atetilak alegia) behialako pintura horiaren arrastoak zituzten oraindik, eta oso txarto ixten ziren, zeren eskutokiak eta sarrailak oso egoera kaxkarrean baitzeuden, hala-hola sokaz loturik. Angurriaren barruan perkalezko bururdi ugari zegoen, tabako-zorro, bigungarri edo, besterik gabe, bururdi formakoak; gainera, zakutxo mordoa zeraman, ogiz eta denetariko gozopilez beteak. Bi pastel handi nabarmentzen ziren gainerako guztiaren gainetik, oilakiz egina bata eta luzoker gaziz bestea. Gurdiaren atzealdeko koxkan lekaio-itxurako gizaseme bat zegoen, etxean eginiko jaka batez jantzirik eta bizar luzean ile zuri bakan batzuk ageri zitzaizkiola. Burdinazko kakoen eta torloju herdoiltsuen kirrinkak ate-jagolea esnatu zuen hiriaren beste muturrean; alabarda airean jaso, eta, erdi lo, ahal bezain ozenki oihukatu zuen: «Nor doa?»; baina inor ez zihoala ikusirik eta urruneko zarata hura besterik entzun ez zuenez, lepoan zebilkion zomorro bat harrapatu, argiontzira hurbildu, eta azazkalen artean lehertu zuen. Hori egindakoan, alabarda bazter batean utzi, eta, bere zaldun-ordenaren arau zorrotzak zintzo betez, lo geratu zen berriro. Zaldiak behin eta berriro erortzen ziren aurreko belaunen gainean, ferratu gabe zeudelako batetik eta hiriko galtzada erosora ohiturik ez zeudelako bestetik. Gurditzarra, kalez kale hainbat itzulinguru egin ondoren, kalezulo ilun batean sartu zen azkenean, San Nikolairen eliza txikiaren albotik igaro, eta artzapezaren etxeko atearen aurrean gelditu zen. Neskagazte bat jaitsi zen kotxetik, burua zapi batean bildurik eta lan-ator kotoizkoa soinean, eta ate joka hasi zen bi ukabilekin, gizon baten adinako indarrez (etxean eginiko jaka zeraman mirabea hanketatik tiraka jaitsiko zuten gero gurditik, harria bezala lo zegoen eta). Zakurrak zaunkaka hasi ziren, eta ateak, azkenean zabaldurik, gurdigintzaren emaitza kaskar hura irentsi zuen, ez lanik gabe baina. Egurrez, oilategiz eta mota guztietako kaiolatxoz beteriko patio batera sartu zen kotxea; eta andre bat jaitsi zen orduan: Korobotxka lurjabea zen, kolejio-idazkaria. Gure protagonistak haren etxetik alde egin eta gutxira, emakume zaharra izugarri kezkatzen hasi zen, iruzurra egin ziotelako susmoa hartu baitzuen, eta, hiru gau begirik bildu gabe eman ondoren, hirira joatea erabaki zuen, nahiz eta zaldiak ferratu gabe egon, arima hilen prezioa zenbatean zegoen jakitera eta hanka sartu ez zuela egiaztatzera, zeren eta, beharbada —Jainkoari nahi ez zekiola!— balio zutena baino hiru aldiz merkeago saldu zituen. Irakurleak laster jakingo du —bi emakumeren arteko elkarrizketa irakurrita— nolako ondorioak ekarri zituen Korobotxkaren iristeak. Elkarrizketa..., baina hobe elkarrizketa hori hurrengo kapitulurako uzten badugu.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia