Seigarren kapitulua

 

        Garai batean, aspaldi, nire gaztaroan, haur-denbora ezinbestez bizkor joanean, pozgarri zitzaidan edozein leku ezezagunetara lehenbiziko aldiz iristea; herrixka zela, edozein barrutitako hiriburu ziztrina zela, herri zein aldiri zela, nire haur-begirada ikusnahiak gauza liluragarri ugari kausitzen zituen beti. Edozein eraikuntzak, berezitasun deigarriren bat zuen edozerk, den-denak, geldiarazi egiten ninduen, txunditurik. Estatuaren etxe harrizko bat, arkitektura-estilo jakin baten eredukoa, leihoen erdiak itxurazkoak zeuzkana, bakar-bakarrik eraikia herriko burges txikien zurezko etxetxo solairu bakarrekoen erdian; kupula erregular bat, biribila, goitik beheraino zinkezko xaflaz estalia, elurra bezain kare zuriz zarpiaturiko eliza berri baten gainean altxatua; merkatuko plaza; probintzietako gizon dotore-usteko horietako bat hiri erdian... ezertxo ere ez zitzaion ezkutatzen nire oharmen zoli artean sorgortu gabeari, eta, sudurra telegatik kanpora aterata, begiak josten nituen longain bitxi batean —ordu arte halakorik sekula ikusi gabea bainintzen—; arreta biziz begiratzen nien barazki-denda bateko ateaz bestaldean atzematen ziren zurezko kutxa iltzez, mahaspasaz, sufrez eta xaboiz beteei eta Moskuko gozoki lehorrez beteriko potoei; ikusminez begietaratzen nituen nire albotik igarotako infanteriako ofiziala —Jainkoak daki zein probintziatatik etorria barrutiko hiriburu aspergarrira— eta beroki laburrez jantzirik drojki arin batean bizkor zihoan merkataria, eta haien bizimodu zorigaiztokoa irudikatzen nuen neure baitan. Nire aldamenetik barrutiko funtzionario bat igaro, eta bertantxe hasten nintzen pentsatzen: nora ote doa?, anaiaren etxera arratsalde-pasa egitera?, edo berera zuzenean?, eta zer egingo du han?, erabat ilundu bitartean ordu erdi ataurrean eseririk egon, eta gero goiz afaldu amarekin, emaztearekin, emaztearen ahizparekin eta familia osoarekin?, eta zertaz hitz egingo dute afalostean, idunekoz apainduriko neskameak edo jaka lodiko morroiak gantzezko argizaria ekartzen dietenean familiaren betiko argimutilean? Edozein lurjaberen herrixkara iritsirik, ikusgura begiratzen nion zurezko kanpandorre estu eta garaiari edo zurezko eliza zahar, zabal eta ilunari. Urrunetik, liluragarri ageri zitzaizkidan lurjabearen etxeko teilatu gorria eta tximinia zuriak inguruko zuhaitzen hostaila berdetik zehar, eta ezinegonez hurbiltzen nintzen, etxea bi aldeetatik babesten zuten lorategiak elkarrengandik noiz bananduko bizitegia oso-osorik erakusteko, eta halako batean, oh!, haren irudi zoragarria agertzen zitzaidan begien aurrean, eta, hori ikusirik, ahaleginak egiten nituen jabea nolakoa zen irudikatzeko: lodia ote?, semerik bai?, edo irri zoliko sei alaba jostalari?, begi beltzak zituzten?, ederra zen ahizpatxoetan gazteena?, eta aita, gizon alaia zen?, edo goibela, iraila azken egunetan bezala?, egutegiari begiratu eta gazteentzat guztiz aspergarri diren gauzez jarduten zuen, gariaz eta zekaleaz esaterako?

        Orain, ordea, soraio iristen naiz edozein herri ezezagunetara, eta sorgor begiratzen diot haren irudi arruntari; hoztu zait begirada, galdu du behinolako arrotz-zaletasun guztia, dagoeneko ezerk ez dit barrerik eragiten, eta aspaldiko urteetan imintzio biziak, irriak eta hitz-jario oparoak eragiten zizkidan guztia azaletik lerratzen zait orain, aztarnarik utzi gabe, eta isiltasun antsikabe batek lotzen du nire aho hertsia. Oh, nire gaztaroa!, oh, nire gazte-denborako sasoia!

        Bitartean, Txitxikov pentsakor zihoan, eta barre egiten zuen noizean behin bere kolkorako, mujikek Pliushkini ezarritako ezizena gogoan, eta, horrenbestez, ez zen konturatu izba eta kale ugariko herri handi batean sartu zirela. Luze gabe, ordea, horretaz oharrarazi zioten enborrezko zoladurak eraginiko astindu bortitzek. Izan ere, hiriko galtzadak leun-leuna ematen zuen enborrezko bide haren aldean. Enborrek gora eta behera egiten zuten pianoko teklak bailiran, eta bidazti ohartu gabeari koskorrez betetzen zitzaion garondoa, edo ubelduraz bekokia, edo oso modu mingarrian hozkatzen zuen mihi-punta bere hortzekin. Halako zahartasun berealdikoa atzeman zien Txitxikovek zurezko eraikuntza haiei guztiei: izbetako enborrak ilunak eta zaharrak ziren, teilatu askok galbaheak baino zulo gehiago zituzten, gailurreko habea eta —saihets hezurren irudiko— albo banatako gapirioak besterik ez zen geratzen haietako batzuetan. Bazirudien etxeen jabeek berek kendu zituztela teilatuetako haga eta oholtxoak, nonbait uste baitzuten —eta ez arrazoirik gabe gainera— izbek ez dutela euritik babesten, eta, ateri dagoenean eta eguraldi ona egiten duenean, ez dagoela etxean zertan geraturik, leku aski zabala baitago tabernan, edo bide nagusian, hitz batez, beste edonon. Izbetako leihoek ez zuten kristalik, haietako batzuk piltzarrez edo nekazarien oihal latzezko beroki lodiez estalirik zeuden; teilatu-hegalen azpiko balkoi barandadunak okerturik eta belzturik ageri ziren, oso itsusi (bidenabar esanik, ez dago jakiterik zein eginkizun betetzen duten horrelako balkoiek Errusiako hainbat izbatan). Izben atzean gari-meta eskergak ikusten ziren leku askotan, ilaran jarriak. Itxuraz, denbora luzea zeramaten han: haien koloreak adreilu zahar txarto egosiena gogorarazten zuen, mota guztietako zaborrak zeuzkaten gainaldean pilaturik, eta zuhamuxkak alboetan sustraiturik. Nabari zenez, nagusiaren garia zen hura. Gari-metez eta teilatu zaharrez harago, bi eliza ikusten ziren, tarteka, aire gardenean, elkarrengandik hurbil, noiz ezkerrean, noiz eskuinean, kotxeak bidean eginiko itzulien arabera: bata zurezkoa eta bazter utzia; bestea harrizkoa, horixka, zikina, arrakalatua. Halako batean, jauretxea agertzen hasi zen begien bistan, eta, azkenean, oso-osorik azaldu zen, izba-lerroa amaitu eta aza-saila hasten zen tokian, hesi baxu eta alde batzuetan apurtu batez inguraturik. Ohiz besteko etxetzar luze, ikaragarri luze hark elbarri erkindua ematen zuen. Alderdi batean solairu bakarra zuen, eta bestean, berriz, bi; teilatu ilunean —zeinak ez baitzuen leku guztietan bere zahartasuna sendo babesten— bi begiratoki zeuden, aurrez aurre, behera erortzeko zorian biak, pinturaz gabetuak aspaldi. Hainbat tokitan, hormak biluzik ageri ziren igeltsuzko geruza ezkatatuaren azpian, eguraldi txarraren, euriaren, haizearen eta udazkeneko giro-aldaketen eragin galgarriaren seinale. Bi leiho bakarrik zeuden irekirik; gainerakoek itxirik zeuzkaten leihotapak edo, baten batzuek, oholak iltzaturik. Bi leiho haiek, gainera, txikiak ziren eta ez zuten argi askorik igarotzen uzten; haietako batean ilun atzematen zen triangelu bat, azukrea biltzeko erabili ohi den paper urdinaz egina.

        Etxearen atzealdeko lorategi zaharra herriaren muturrean hasi eta inguruko zelaietaraino hedatzen zen, luze eta zabal. Sastrakaz eta basalandarez estalirik bazegoen ere, bera zen herri handi hartako bizi-eragile bakarra, bera zen, bere inorgabetasun xarmagarrian, gauza benetan eder bakarra. Zuhaitzak libre hazten ziren han, adaburuak zerumugan bat eginik, hodei berdeak bailiran, hosto dardarakorrekiko kupula itxuragabeak balira bezala. Urki baten enbortzar zuriak —adabururik gabe, ekaitzek edo erauntsiek erauzi baitzioten— gaina hartzen zion baso tapituari, airean zut, biribil, marmolezko zutarri erregular eta distiratsu baten antzera. Kapitela —gailurreko ebaki oker mutur-zorrotza alegia— ilun nabarmentzen zen enborraren zuritasun elurkaran, txapela edo txori beltza zirudiela. Otsaihenak intsusen, otsalizarren eta hurritzen behealdea itotzen zuen, oholesiaren gainetik hedatzen zen gero, eta, azkenik, gorantz egin, eta erdiraino biltzen zuen urki puskatuaren enborra. Urkiaren erdira iritsirik, beherantz jaitsi, eta beste zuhaitz batzuen adaburuetan kiribiltzen zen, edo zintzilik geratzen zen airean, haizeak leunki kulunkaturik, bere muturtxo itsaskorrez kizkurrak osatuz. Eguzkiak argiturik, oihan sasitsua zabaldu egiten zen leku batzuetan, eta bere barrunbeak erakusten zituen, itzaltsu, laiotz, piztia baten ahutz ilunak bailiran; dena ilunpe, nekez hauteman zitekeen barrunbe beltz hartan bidezidor mehar bat, baranda erori batzuk, pergola okertu bat, zuloz josiriko sahats-enbor zahar bat, gari-azao baten antzera sahatsaren gilbeletik azaltzen zen zuhamuxka gris bat —iharturik hostotza ikaragarri haren erdian—, hostoak eta adarrak nonahi —nahasian eta gurutzaturik—, eta, azkenik, astigar baten adar gaztea; adarrak alde baterantz luzaturik zeuzkan bere hosto berdeak, eta eguzki-izpi batek —Jainkoak daki nondik iritsirik haraino— azpian jotzen zuen haietako bat, eta garden bihurtzen, gartsu eta miragarriro distiratsu ilunpe sakon hartan. Alde batean, lorategiaren mugan bertan, lertxun garai batzuek, gainerako zuhaitz guztiei gaina harturik, bele-habia ikaragarri handiak gordetzen zituzten beren adaburu dardaratietan. Haietako zenbaitetan, adar batzuk ikusten ziren beherantz zintzilik, erdi askaturik, beren hosto ihartuekin. Hitz batean, ederra zen dena, naturak edo arteak —zeinek bere aldetik— sekula asmatuko lukeen baino ederragoa. Hain emaitza bikaina lortzeko, nahitaezkoa da biak elkarlanean aritzea, ezinbestekoa da naturak azken ukitua ematea —bere zizel zorrotzarekin— gizakiaren lan astun eta sarritan alferrikakoari: naturak masa astunak arintzen ditu, zuzentasun zakarki nabarmena ezabatzen du, hutsarte ziztrinak estaltzen ditu —haietatik zehar biluzik eta estalgarririk gabe ikusten baita gizakiaren plana—, eta berotasun berezi batez hornitzen du garbitasun eta araztasun neurritsuaren hoztasunean sorturiko guztia.

        Bihurgune bat edo bi atzean utzi eta gero, gure protagonista etxe aurrean aurkitu zen azkenean. Are tristeagoa ematen zuen orain. Lizun berdeak goitik beheraino harturik zeukan ate nagusiko eta oholesiko zur zaharra. Patioan eraikuntza asko zegoen: mirabeen bizitokiak, aletegiak, sotoak... nabarmenki zahartuak denak; haietatik hurbil, ezkerrean eta eskuinean, beste patio batzuetara ematen zuten hainbat ate ikus zitezkeen. Denak salatzen zuen garai batean joan-etorri handiko lekua izan zela hura; orain, aldiz, itxura ezin goibelagoa zuen. Ez zen ezer nabaritzen koadroari bizitasunik ematen zionik: ate irekirik ez, jenderik ez inon, etxe batean ohikoak diren zeregin eta atzera-aurrera zalapartatsuen arrastorik ez! Sarrerako ate nagusia bakarrik zegoen zabalik, eta hori mujik bat sartu berria zelako handik zerri batez estaliriko telega zamatu batean: bazirudien berariaz jarri zutela han leku hil hari bizitasun apur bat ematearren; bestela, ate hori ere ondo itxirik egongo zen, giltzarrapo ikaragarri handia baitzegoen burdinazko katetik esekirik. Luze gabe, Txitxikovek giza irudi bat ikusi zuen eraikuntza haietako baten alboan. Irudia agiraka hasi zitzaion telegan iritsi berria zen mujikari, eta puska luze batean Txitxikovek ezin izan zion igarri gizonezkoa ala emakumezkoa zen. Itxura zehatzik gabeko soinekoa zeukan jantzirik, emakumezkoen mantalen oso antzekoa, eta herrietako neskameek erabili ohi dituzten txano horietako bat zeraman buruan, baina ahots-doinua zakarregia iruditu zitzaion Txitxikovi, lodiegia emakume batentzat. «Emakumezkoa duk! —egin zuen Txitxikovek bere artean, eta berehala zuzendu—: Ez, ez!» «Emakumezkoa duk, jakina!», esan zuen azkenean, arreta handiagoz begiraturik. Giza irudiak ere adi-adi begiratzen zion berari. Bazidurien harrigarri zitzaiola han bisitaririk ikustea, zeren, Txitxikov ez ezik, Selifan ere aztertu baitzuen, baita zaldiak ere, buztanetik hasi eta muturreraino. Gerrikotik zintzilik zeramatzan giltzak ikusirik, eta mujikari hitz gordin samarrez kargu hartu ziola entzunik, Txitxikovek kontu egin zuen dena delako hura etxeko giltzaina zela.

        — Aizu, emakumea —esan zuen, britxkatik jaisteaz batera—, nagusi jauna...?

        — Ez dago etxean —moztu zion giltzainak, galdera bukatzeko denborarik eman gabe, eta une baten buruan gaineratu zuen—: Zer nahi duzu?

        — Gauza bati buruz hitz egin behar dut berarekin.

        — Sartu barrura! —esan zuen giltzainak, jiraturik eta bizkarra emanik. Soinekoaren atzea irinez zikindurik zegoen eta urratu handia zeukan beheko aldean...

        Atarian sartu zen Txitxikov. Zabala eta iluna zen, eta haitzuloa ematen zuen, hain zen hotza hango giroa. Ataritik beste gela batera igaro zen, hura ere iluna, ate azpiko zirritu zabaletik sartzen zen argiak ozta-ozta argitua. Ate hura zabaldurik, argitan aurkitu zen azkenean, eta harri eta zur eginik utzi zuen begien aurrean agertu zitzaion nahaspilak. Bazirudien etxeko zorua garbitu behar zutela eta, bitartean, altzari guztiak pilatu zituztela gela hartan. Mahai baten gainean aulki apurtu bat zegoen, eta aulkiaren alboan erloju bat; erlojuak geldirik zeukan pendulua eta armiarma batek hari josia zion bere sarea. Armairu bat ere bazegoen, hormaren kontra saiheska jarririk, zilarrezko ontzi zaharrez, pegartxoz eta Txinako portzelanez betea. Idazmahaiak nakarezko mosaikoa zeukan gainaldean; mosaikoa akasturik zegoen hainbat lekutan, eta lekedaz beteriko hutsune horixkak ageri ziren eroritako aleen tokian. Denetarik zegoen mahai gainean: letra txikiz estu-estu idatziriko orriak eta, haien gainean, arrautza-itxurako muturra zuen paper-pisu marmolezko bat, lizunak jadanik berdatua; liburu zahar bat, larruzko azalarekin eta ertz gorriekin; limoi bat, lehor-lehorra, intxaurra baino handiagoa ez zena; besaulki baten besoa, hautsirik; isurkari zehazgabe batez beteriko kopa bat, hiru euli barruan eta eskutitz bat gainean; lakre-puskatxo bat; zapi-puska bat, batek daki nondik iritsia hara; bi idazluma, tintaz zikinduak, zimel-zimel, tisiak jotako gaixoaren antzera; zotz bat, guztiz horizkatua, inondik ere etxeko nagusiak hortz artean arakatzeko erabilia frantsesek Mosku hartu baino lehenago ere.

        Hormetan hainbat margolan zeuden esekirik, estu-estu eta nahas-mahas: gudaldi baten irarlan luzea, horizkaturik eta kristalik gabe, zeinean ageri baitziren danbor ikaragarri handi batzuk, hiru adarreko kapeluz jantziriko soldaduak —garrasika— eta hainbat zaldi uretan hondoratzeko zorian; markoa kaobazkoa zen, brontzezko zerrendatxo meheak zituen apaingarri, eta biribilkitxoak kantoietan, haiek ere brontzezkoak. Irarlanaren aldamenean, olio-pintura belztu batek hormaren erdia betetzen zuen; loreak, fruituak, angurri erdibitu bat, basurde baten muturra eta buruz behera zintzilikaturiko ahate bat ikus zitezkeen han. Sabaiaren erdian argi-armiarma bat zegoen, artile zarpailezko zorro batean bildurik, zeinari seda-harraren kuskuaren antza ematen baitzion hauts ugariak. Gainerakoa baino zakarragoa izaki mahai gainean egotea merezi ez zuen guztia gelako zoko batean zegoen, lurrean metaturik. Zaila da zehatz-mehatz esatea zer zegoen pila hartan: hain zegoen hautsez beterik, ezen ukitze hutsarekin eskularru batean bildurik bezala geratuko baitzitzaiokeen eskua edonori. Aitzur baten zurezko kirten puskatua eta bota baten zola nabarmentzen ziren beste guztiaren gainetik. Ezin pentsa zitekeen gela hura ezein izaki bizidunen bizitoki zenik, baldin eta mahai gainean zegoen kapelu zahar higatu batek hala zela salatuko ez balu. Txitxikov gelako altzariteria bitxia aztertzen ari zela, alboko ate bat ireki zen halako batean, eta lehentxeago patioan aurkitu zuen giltzain bera sartu zen gelan. Oraingoan, ordea, emakumezko barik, gizonezko zela konturatu zen: behinik behin, emakumeek ez dute bizarra egiten, eta harako hark bai, bizarra egiten zuen, nahiz eta oso gutxitan, antza, zeren hala kokotsak nola masailen beheko aldeak ukuiluetan zaldiak garbitzeko erabiltzen diren burdinazko hortzekiko orrazi horietako bat baitziruditen. Txitxikov, galdera-imintzioa marrazturik aurpegian, zain geratu zen, egonezinik, giltzainak zer esango. Giltzaina ere zain zegoen, Txitxikovek zer esango. Azkenean, Txitxikov, bestearen zalantza bitxiak harriturik, galdetzera erabaki zen:

        — Nagusi jaunaren berririk bai? Etxean da?

        — Hementxe duzu nagusi jauna —esan zion giltzainak.

        — Non? —galdetu zuen Txitxikovek.

        — Itsua zara, ala? —galdetu zion giltzainak—. Neu naiz nagusi jauna!

        Gure protagonistak, nahi gabe urrats bat atzera egin, eta tinko begiratu zion. Mota guztietako jendea zeukan ikusirik bere bizitzan, baita ez irakurleak eta ez nik beharbada inoiz aurkituko ez dugun bezalakorik ere, baina ordu arte tankera horretako gizonik sekula ikusi gabea zen. Haren aurpegia zeharo arrunta zen, agure zimel askorenaren antz-antzekoa; kokotsa zuen berezitasun bakarra: hain zen irtena eta luzea, non, listuaz bustiko ez bazuen, sudur-zapiaz estali behar izaten baitzuen txitean-pitean; begitxo txikiak oraindik iraungi gabe zeuzkan, eta bizkor higitzen zituen bekain ilesarrien azpian, hala nola saguak —bere zulo ilunetik mutur zorrotza aterata, belarriak erne, biboteari eraginka eta, goganbehartsu, airea bera usainduz— azkar mugitzen baititu bereak, inguruan katurik edo haur bihurriren bat ba ote dabilen atzematearren. Janzkera, aldiz, askoz deigarriagoa zen; gogotik ahalegindu arren, ez zegoen asmatzerik zerezkoa zuen mantala: mahukek eta papar-hegalek botak egiteko erabiltzen den larrua gogorarazten zuten, hain zeuden zoldak janik eta igurtzien eraginez distiratsu; atzealdean, bi barik, lau hegal zeuzkan, eta barruko kotoia zerrenda luzeetan ateratzen zen haien artetik. Ezin sailkatuzko zerbait zeraman lepo inguruan loturik: galtzerdia izan zitekeen, edo galtzaria, edo gerrikoa, baina gorbataren antzik batere ez zuen. Hitz batean, Txitxikovek, horrela jantzirik elizako atean aurkitu izan balu, seguraski, txanpon xehe batzuk emango zizkion, zeren gure protagonistaren ohoretan esan beharra dago bihotz biguneko gizona zela, eta, txiroren batekin topo eginez gero, guztiz ezinezkoa zitzaiola txanpon xehe batzuk emateko bulkadari eustea. Baina aurrean zeukana ez zen behartsua, lurjabea baizik. Eta lurjabe hark mila arima baino gehiago zituen, eta zaila litzateke aurkitzea beste inor hark adina gari zuenik —nahiz alea, nahiz ehorik, nahiz besterik gabe azaoka bildurik— eta biltegietan, aletegietan eta idortegietan hark beste oihal, ehun, ardi-larru ondu zein ondugabe, arrain gazitu, barazki eta ehizaki zuenik. Zurgindegian denetariko egur-motak eta zurezko ontziak zeuden gorderik, ezertarako ere erabiltzen ez zirela, eta baten batek leku hura ikusiko balu, irudituko litzaioke Moskuko zur-merkatu batean zegoela; amaginarreba maratzak —sukaldariak atzean dituztela— egunero joaten dira merkatu horietara etxeko erosketak egitera, eta mota guztietako ontziak aurkitzen dituzte han pilaturik, zur leundu, torneatu, txirikordatu zein zizelatuzkoak: upelak, suilak, pitxerrak, morkoak, tina euskarridunak eta euskarrigabeak, otarretxoak, saskiak, emakume nekazariek liho-sortak eta bestelako huskeriak eramateko erabiltzen dituzten otzarak, lertxun-zur finezko kutxak, urki-azal txirikordatuzko ontzi biribilak eta beste gauza asko, Rusen txiroek zein aberatsek baliatzen dituztenak. Zertarako behar zuen Pliushkinek hainbeste gauza? Zeukana adinako bi etxalderen jabe izan balitz ere, bere bizitza osoan ezingo zukeen hori guztia erabili, baina, asko izanik ere, ez zuen nahikotzat jotzen. Eta, gutxi iritzirik, egunero ibiltzen zen bere herrixkako kaleetan barrena, zoko-bazter guztiak miatzen eta lekurik ezkutuenak ere arakatzen, eta, zela zapata-zola zahar bat, zela emakume-soineko zarpatsu bat, zela burdinazko iltze bat edo buztinezko pitxer bat, aldean eramaten zuen aurkitzen zuen guztia, eta, etxera iritsirik, Txitxikovek gelako zoko batean ikusi zuen pilakoari gehitzen zion. «Horra arrantzalea arrantzan!», esaten zuten mujikek hara-hona ikusten zutenean, non zer eskuratuko. Eta, izan ere, bera igarotakoan, ez zegoen kalea isastu beharrik: ofizialen batek ezproia galtzen bazuen, begien itxi-ireki batean Pliushkinen etxeko pilara joaten zen ezproia; emakumeren bati, oharkabeturik, putzu alboan suila ahazten bazitzaion, Pliushkinek etxera eramaten zuen suila. Nolanahi ere, mujiken batek zeregin horretan bete-betean harrapatzen bazuen, lapurturikoa itzultzen zion berehala, inolako aitzakiarik jarri gabe; baina harrapakina etxeko pilara iristen bazen, akabo: zin egiten zuen berea zuela, halako egunean eta halako tokian erosi ziola Urliari edo Berendiari, edo oinordekotzan eman ziola aitonak. Etxean, berriz, lurretik jasotzen zuen ikusten zuen guztia; zela lakre-puska bat, zela papertxo bat, zela luma-mutur bat, zela zelakoa, hartu, eta idazmahaian edo leihoan ipintzen zuen.

        Eta garai batean lurjabe begiratua izan zen!; ezkondurik zegoen eta aita familiako ona zen, eta auzokoak etxera joaten zitzaizkion bazkaltzera, entzutera eta etxaldeak zentzuzko zuhurtasunez gobernatzen ikastera. Agudo eta behar bezala egiten ziren egiteko guztiak; errotak eta bolak ez ziren geldirik egoten, oihal-fabrikak, aroztegiak eta irundegiak etengabe aritzen ziren lanean; nagusiak bazter guztietara luzatzen zuen bere begirada zorrotza, eta, armiarma nekaezinaren antzera, batera eta bestera aritzen zen etengabe, etxaldea bere amarauna bailuen, arazoturik baina erne beti. Hazpegietan ez zitzaion sentimendu biziegirik atzematen, baina begiek buruargitasuna erakusten zuten; hitz egitean, berehala igartzen zitzaion eskarmentu handiko gizon asko ikusia zela, eta gonbidatuek atsegin handiz entzuten zioten beti; emazteak —xaloa eta berritsua bera— abegi oneko emakumea zelako ospea zuen; bi neskato pinpirin agertu ohi ziren bisitariei harrera egitera, ilehoriak eta lirainak biak, bi arrosaren pareko; mutiko odol-bizi bat hurbiltzen zen lasterka, eta musu ematen zien guztiei, kontuan hartu gabe gonbidatuari pozgarri edo gogaikarri zitzaion hori. Zabalik egoten ziren beti etxeko leiho guztiak. Beheko solairuan irakasle frantziarraren gela zegoen; ondo mozten zuen bizarra, eta tiratzaile bikaina zen: basoilar edo ahateren bat ekartzen zuen beti bazkaltzeko, edo, batzuetan, txolarre-arrautzak soilik, eta haiekin opila egiteko eskatzen zuen, berarentzat bakarrik, etxeko beste inork ez baitzuen halakorik jaten. Beheko solairuan, bi nesken heziketaz arduratzen zen emakumea ere bizi zen, hura ere frantziarra. Etxeko jauna jaka jantzirik agertu ohi zuen mahaira; higatu samarra zen jaka hura, baina garbia, eta behar bezala zeuzkan ukondoak: batere adabakirik ez. Baina hil egin zen etxekoandre on hura; Pliushkinen esku geratu zen orduan etxeko giltzen parte bat eta, haiekin batera, hainbat ardura txiki ere bai. Urduriago bilakatu zen, irudikorrago eta zekenago, alargun guztiei gertatzen zaien legez. Ez zuen uste onik alaba zaharrarengan —zeinari Aleksandra Stepanovna baitzeritzon—, eta arrazoi zuen horretan: handik gutxira, Aleksandra Stepanovnak etxetik ihes egin zuen zaldieri-errejimentu bateko kapitainorde batekin, eta berehala ezkondu zen berarekin herrixka bateko elizan, ondo asko baitzekien aitak ez zituela gogoko ofizialak, zeren, aurreiritzi bitxi baten eraginez, militar guztiak kartazale amorratuak eta etxekalteak zirela uste baitzuen. Aitak bere madarikazioa helarazi zion, baina ez zuen haren bila joateko nekea hartu. Etxea are hutsago geratu zen orduan. Gero eta nabarmenagoa zen etxeko jaunaren zekentasuna; adats latzean distiratsu agertzen hasi zitzaizkion ile urdinak, zeinek, zekentasunaren lagun leialak izaki, zikoizteari laguntzen baitzioten; semeari Estatuaren zerbitzuan jartzeko garaia iritsi zitzaiola eta, etxetik bidali zuen maisu frantziarra; egotzi egin zuen alaben irakaslea ere, ez baitzen guztiz makulagabe gertatu Aleksandra Stepanovnaren bahiketaren aferan; probintziako hiriburura bidali zuen semea, Ganberan jardunez benetako zerbitzua zertan zen ikasiko zuelakoan, baina mutilak, aitaren nahia bete beharrean, errejimentu batean sartzea erabaki zuen, eta aitari idatzi zion eginikoaren berri jakinaraziz eta uniformea erosteko dirua eskatuz; esan gabe doa hizkera arruntean zakurraren putza deitzen zaion hori baino ez zuela jaso. Noizbait, hil egin zen azken alaba, aitaren etxean bizitzen geratu zen bakarra, eta agurea bakar-bakarrik gelditu zen, bere aberastasun guztien jagole, zaindari eta jabe. Bakartasunak bazka oparoa eman zion zekentasunari, eta, gauza jakina denez, zekentasunaren gosea zazpi egunekoa, eta zenbat eta gehiago jan, orduan eta aseezinagoa. Lehenago ere oso sakonak ez zituen arren, giza sentimenduak gero eta balio hutsalagokoak ziren berarentzat, eta egunetik egunera bat edo beste desagertzen zen giza hondar erkindu hartatik. Halako batean, gainera, militarrei buruzko iritzia berariaz egiaztatu nahi izan baliote bezala, semeak dena galdu zuen jokoan; bihotz-bihotzeko madarikazioa helarazi zion, eta aurrerantzean ez zuen inoiz gehiago haren patuaren alderako kezkarik erakutsi, bost axola zion jakiteak oraindik bizirik zegoen edo mundu honetakoak eginak zituen. Urtetik urtera, itxiz zihoazen etxeko leihoak, eta azkenean bi bakarrik geratu ziren zabalik; irakurleak dagoeneko ikusi duenez, paper batez estalirik zeukan haietako bat. Urtetik urtera, begien irispidetik aienatzen zitzaizkion etxaldearen gero eta alderdi garrantzitsu gehiago, eta bere gelan biltzen zituen papertxo eta luma-muturretara zuzentzen zuen bere begirada zikoitza; gero eta tematsuago jokatzen zuen etxaldeko produktuen bila hurbiltzen ziren erosleekin; merkatariak gogotik aritzen ziren errekardaritzan eta, azkenean, erabat baztertu zuten, gizona barik deabrua zela esanik; belar iharra eta laboreak usteldu egiten ziren; gari-azaoak eta belar-metak simaur bihurtzen ziren —oso egokia, gutxienez, aza-soroak ongarritzeko—; irinak, berriz, harriaren gogortasuna hartzen zuen sotoetan, eta aizkorakadaka birrindu behar izaten zuten; ikara ematen zuen etxeko oihal, zapi eta ehunetara hurbiltzeak: hauts bihurtzen ziren ukitze hutsarekin. Ahaztu egin zitzaion zer eta zenbat zeukan, eta bakarrik gogoratzen zuen non zeuden luma-muturrak eta lakre-puskatxoak, eta zein armairutan zegoen gorderik barruan halako likore baten azken hondarrak besterik ez zeukan botila bat, zeinari marka bat egin baitzion, inork ez zezan itzalgaizka hortik tantarik ere edan. Eta, bitartean, lehengo etekin berberak ematen zizkion etxaldeak: lehen adina zerga ordaindu behar izaten zizkioten mujikek, lehen beste intxaur eman emakumeek, lehen bezainbat oihalez hornitu ehuleek...; biltegietan gordetzen zuen hori guztia, eta han lizun eta zarpa bihurtzen zen dena, eta, azkenean, Pliushkin bera giza piltzar huts bilakatu zen. Aleksandra Stepanovna bi aldiz joan zen semetxoarekin aita ikustera, berarengandik zerbait lortuko ote zuen; inondik ere, kapitainordearekiko bizimodu hara-honakoa ez zen gertatu ezkondu aurretik iruditu zitzaion bezain liluragarria. Pliushkinek, guztiarekin ere, barkatu egin zion, eta mahai gainean zegoen botoitxo bat eman zion iloba txikiari, jolas zedin; alabari dirurik ez, ordea. Hurrengoan, Aleksandra Stepanovna bi haurtxorekin azaldu zen; gozopil bat ekarri zion, tearekin batera jateko, baita mantal berri bat ere, zeren penagarria ez ezik, lotsagarria ere bazen aitaren mantala ikustea. Pliushkinek laztantxoak egin zizkien bi ilobei, eta, bata eskuineko belaunean eta bestea ezkerrekoan harturik, gora eta behera eragin zien, zaldi gainean joango balira bezala; hartu zituen gozopila eta mantala, baina ez zion ezertxo ere eman alabari; Aleksandra Stepanovnak esku hutsik alde egin zuen aitaren etxetik.

        Horra, bada, nolakoa zen Txitxikovek aurrean zeukan lurjabea! Hala eta guztiz, esan beharra dago horrelako fenomenoak oso bakanak direla Rusen, non den-denak nahiago izaten baitu kanpora zabaldu bere baitara bildu baino; eta Pliushkinen bilakaera are harrigarriagoa da, zeren auzolagunak festazale porrokatuak baitzituen, Ruseko lurjabe ozar horietakoak, bizimodu barreiatua daramaten aitoren seme horietakoak. Bidaiaria txunditurik geratzen da haien etxeak aurreneko aldiz ikusten dituenean, eta ezin du ulertu zein printze ahaltsuk erabaki duen lurjabe ziztrin eta eskolagabe haien artean bizitzen jartzea: harrizko etxe zuriek jauregiak dirudite, ezin konta ahal tximinia dituzte, begiratokiak, haize-orratzak, bizitegiak eraikin nagusiaren inguru guztian, eta mota guztietako egoitzak gonbidatuentzat. Zer ez duten hor antolatzen! Antzerki-emanaldiak, dantza-saioak; lorategia argi-jario egoten da gau osoan, argiontzi eta kriseiluz apaindurik, eta musikak bazter guztietara hedatzen du bere soinua. Probintziaren erdia dotore jantzitrik eta alaitsu paseatzen da zuhaitzen azpian, eta, artifiziozko argitasun hartan, inori ez zaio zentzugabea edo izugarria iruditzen hostotza sarriaren erdian, naturaren legeak bortxaturik, adar argitsu bat ikustea, berez kontrako distira dariola, bere kolore berde biziez gabeturik; han goian, gau beltza ikusten da hostoen artetik, ilunago, eta latzago, eta hogei aldiz izugarriago, eta zuhaitzen adaburu latzak, hostoak airean dardaraka, ilunpean gero eta sakonago eta barrurago, haserre ageri dira behealdean sustraiak biltzen dizkien urre-antzeko argitasun horren kariaz.

        Hainbat minutu ziren Pliushkin bere lekuan geldirik zegoela, tutik esan gabe. Txitxikov ere, lurjabearen itxurak eta gelan zegoen guztiak arreta barreiaturik, isilik zegoen, solasari ekiteko gauza ez zela. Pentsakor egon zen puska luze batean, bere bisitaren zergatia azaltzeko hitzak aurkitu ezinik. Aurrena, bururatu zitzaion esatea ezen, nola entzun baitzuen arima hornitzen zioten bertute eta dohain berezien berri, bada, betebehartzat hartu zuela bere begirunea agertzera etortzea; baina berehala konturatu zen gehiegitxo zatekeela hori. Gelan zegoen guztiari zeharkako begiratu bat egotzirik, kontu egin zuen oso egokia litzatekeela «bertuteak» eta «dohain bereziak» hitzen ordez «zuhurtasuna» eta «ordena» erabiltzea; eta, halatan, esaldiari ukitu batzuk emanik, esan zion ezen, nola entzun baitzuen etxaldea ezohiko zuhurtasun eta neurritasunez gobernatzen zuela, bada, betebehartzat hartu zuela beraren ezaupidea egitea eta bere estimua erakustera etortzea. Jakina, beste aitzakiaren bat asma zezakeen, baina une horretan ez zitzaion hoberik bururatu.

        Erantzun gisa, Pliushkinek zerbait murduskatu zuen, hortzik ez-eta ezpain artean. Ez dugu zehatz-mehatz jakiterik zer esan zuen, baina, inondik ere, honelako zerbait: «Hoa deabruetara heure estimuarekin!». Baina harrera ona egiteko ohitura hain dago sakon erroturik gure herrialdean, ezen zikoitzetan zikoitzena ere ez baita ausartzen bizilege hori urratzen. Beraz, argixeago erantsi zuen: «Eseri, mesedez!».

        — Aspaldian ez dut bisitaririk izan —jakinarazi zion—, eta, egia esan, ez diet onura handirik aurkitzen. Elkarri bisitak egiteko ohitura ezin lotsagarriagoa hartu dute denek: nagusiak hara eta hona, eta etxaldeak hor konpon... eta, gainera, jaten eman behar haien zaldiei! Aspaldi bazkaldu dut, eta nire sutegia oso txarra da, ezin kaxkarragoa, eta tximinia behera erori da: piztuz gero, etxea erreko litzateke.

        «Hau bai hau! —pentsatu zuen Txitxikovek bere artean—. Eskerrak Sobakevitxenean vatrushka bat eta ahari-saiheskia jan ditudan.»

        — Eta, zoritxarra zoritxarraren gainean, lasto-izpirik ez etxalde osoan! —ekin zion berriro Pliushkinek—. Eta, edukirik ere, non gordeko nuke?, lur gutxi daukat, mujikak alfer hutsak dira, lanerako gogorik ez, taberna beste pentsamendurik ez buruan...; horrela segituz gero, zahartzaroan bidez bide ibiliko naiz limosna eske!

        — Bada, esan didatenez —oharrarazi zion Txitxikovek apal—, mila arima baino gehiago dituzu.

        — Nork esan du hori? Tu egin beharko zenioke aurpegira hori esan dizunari. Inondik ere, zure lepotik barre egin nahi izan du adar-jotzaileren batek. Diotenez, mila arima ditut, baina hasi kontatzen eta ez duzu inondik ere hainbeste aurkituko! Sukar madarikatu horiek mujik sendo asko hil dizkidate azken hiru urteotan.

        — Bai? Asko hil dizkizute? —egin zuen espantu Txitxikovek, jakinmin handiz.

        — Bai, asko.

        — Jakin nezake zenbat?

        — Laurogei, gutxi gorabehera.

        — Benetan?

        — Ez nabil gezurretan, jauna!

        — Barkatu galdetzea: oker ez banago, nekazarien azken errolda aurkeztu zenuen egunetik hil direnen kopurua duzu hori, bai?

        — Gaitz erdi hala balitz —esan zuen Pliushkinek—, baina, tamalez, guztira ehun eta hogei inguru hil zaizkit harrezkeroztik.

        — Ez da izango! Ehun eta hogei? —egin zuen espantu Txitxikovek, eta apur bat zabaldu zuen ahoa, harriturik.

        — Zaharregia nauzu gezurrak esateko, jauna: hirurogeita hamar urte ditut! —esan zuen Pliushkinek. Antza, mindu egin zuen solaskidearen oihu ia alaitasunezkoak. Txitxikov ohartu zen ez zela gisakoa hain axolagabetasun handiz hartzea besteren zorigaitza, eta, horrenbestez, hasperen egin, eta erruki zuela esan zion.

        — Gorde ezazu errukia sakelan —esan zuen Pliushkinek—. Hemendik hurbil kapitain bat bizi da; deabruak daki nondik atera den, baina nire familiakoa dela dio. «Osabatxo, osabatxo» deitu eta muin egiten dit eskuan, eta errukitzen hasten zaidanean, belarriak estali behar izaten ditut, hain intziri ozenak egiten ditu. Gorri-gorria dauka aurpegia: ezagun du edari bizien lagun mina dela. Nonbait, bere diru guztiak barreiatu zituen ofizial gisa zerbitzatu zuenean, edo emakumezko antzezlariren batek lumatu zuen, eta orain nitaz errukitzen da!

        Txitxikov saiatu zen azaltzen bere errukia ez zela kapitain horrena bezalakoa, eta prest zegoela hori frogatzeko, ez hitz hutsez, egitez baizik, eta, geroko luzamendutan ibili gabe, argi eta garbi adierazi zion gerturik zegoela bere gain hartzeko hain ezbehar larriaren eraginez hildako nekazari guztiei zegozkien zergak ordaindu beharra. Proposamen horrek, antza, harri eta zur utzi zuen Pliushkin. Begiak arranpalo, luzaz egon zen Txitxikovi begira, eta azkenean galdetu zion:

        — Eta zuk, jauna, ez duzu armadan zerbitzatu?

        — Ez —erantzun zuen Txitxikovek, zuhur samar—, nik zibil gisa zerbitzatu dut.

        — Zibil gisa? —errepikatu zuen Pliushkinek, eta elkarren kontra eragin zien ezpainei, zerbait jaten balego bezala—. Zer dela eta horrelako eskaintza? Galduan irtengo zara, gero!

        — Zuri atsegin ematearren, prest nago galduan irteteko ere.

        — Ai, jauna!, ai, nire ongilea! —egin zuen oihu Pliushkinek, hain pozik, non ez baitzen konturatu sudur azpian kafe-hondarren antzeko tabako-hondakinak ageri zitzaizkiola oso itsusi, eta mantalaren barrenek, zabaldurik, begien bistan uzten zutela jantzia, ez oso txukuna ikusmenerako—. Agure honen bihotza arintzera etorri zara! Ai, ene Jainkoa!, ai, zeruko santu guztiak!...

        Pliushkinek ezin izan zuen gehiagorik esan. Baina, lipar baten buruan, agertu bezain agudo ezabatu zitzaion aurpegi hitsa hain bat-batean piztu zion alaitasun hori, sekula izan ez balitz bezala, eta aurpegiak lehengo aire kezkatia hartu zuen berriro. Sudur-zapia aterata, aurpegia lehortu zuen; gero, estu-estu bildu, eta goiko ezpaina igurtzitzeari ekin zion.

        — Baina, barkatu galdetzea, ez zaitut-eta haserretu nahi: urtero-urtero ordainduko dituzu zergak?, eta nori emango diozu dirua, niri ala Estatuari?

        — Begira, hauxe dut asmoa: eroste-agiria egingo dugu, arimak bizirik baleude bezala eta zuk niri saldu bazenizkit bezala.

        — Eroste-agiria, bai... —esan zuen Pliushkinek, pentsakor, eta berriro eragin zien ezpainei—. Baina eroste-agiria egiteko ere dirua ordaindu behar. Hain dira ustelak bulegari guztiak! Lehen, aski zuten berrogeita hamar kopek eta zaku bete irina ahoa josirik edukitzeko; orain, aldiz, gurdikada garia eta hamar errubloko billete bat eskatzen dizute. Diruzaleak halakoak! Ez dakit apaizek zergatik ez dioten arretarik jartzen horri; sermoiren bat egin beharko lukete: handiak esanik ere, inork ez lioke entzungor egingo Jainkoaren hitzari.

        «Hik bai, nik uste!», pentsatu zuen Txitxikovek, eta esan zion ezen, berarenganako begirunearengatik, prest zegoela bere gain hartzeko eroste-agiriaren gastuak ere.

        Eroste-agiriaren gastuak ere berak ordainduko zituelakoa entzunik, Pliushkinek kontu egin zuen bisitariak ergel okitua behar zuela eta, zibil gisa zerbitzatu zuelako itxurak egin arren, armadan zerbitzatu zuela eta emakumezko antzezlariak gorteatu zituela. Kontuak kontu, ezin izan zuen bere poza ezkutatu, eta mota guztietako zorionak opatu zizkion, berari ez ezik, beraren haurrei ere, nahiz eta ez zion galdetu seme-alabarik bazuen. Leihora hurbildu, hatz-koskoekin kristala jo, eta deiadar egin zuen: «Aizak, Proshka!». Handik gutxira entzun zen nola baten bat arrapaladan sartu zen atarian; luzaz jardun zuen han zalapartaka eta botekin lurra joz. Azkenean, atea zabaldu, eta Proshka sartu zen. Hamahiru urte inguruko mutiko bat zen, eta hain bota handiak zituen, non, ibiltzean, ia irten egiten baitzitzaizkion oinetatik. Oraintxe jakingo dugu zergatik ziren hain handiak Proshkaren botak. Kontua da Pliushkinek bota-pare bakarra zeukala etxean mendeko guztientzat. Bota haiek atarian egon behar zuten beti. Nagusi jaunaren gelara deituriko orok oinutsik zeharkatzen zuen patioa, baina, atarira iritsirik, bota haiek janzten zituen eta halaxe azaltzen zen nagusiaren aurrera. Gelatik irtendakoan, botak atarian utzi, eta nor bere oin-zola biluzien gainean ibiltzen zen berriro. Udazkenean eta, batez ere, goizean intzigarra egiten hasten den sasoian norbaitek leihotik begiratuko balu, han ikusiko lituzke neskame-morroi guztiak saltoka, antzokian dantzaririk hanka-zaluenak nekez hobetuko lituzkeen jauziak eginez.

        — Begira nolako muturra, jauna! —esan zion Pliushkinek Txitxikovi, hatzarekin Proshkaren aurpegia seinalatuz—. Asto zahar batek baino argi gehiagorik ez du honek buruan, baina utzi zerbait ondo gorde gabe eta segituan erantsiko dio atzaparra! Zer nahi duk, astakirten horrek? Zertara etorri haiz?

        Hori esanik, isilune laburra egin zuen, eta, erantzun gisa, Proshkak ere isilunea egin zuen.

        — Presta ezak samovarra! Entzun duk? Hartu giltza eta eman Mavrari, janaritegira joan dadila; han, apal batean, Aleksandra Stepanovnak tearekin batera jateko ekarri zuen gozopilaren zati bat zegok!... Egon apur batean, babo arraioa! Nora hoa hain azkar, haizen bezalako kaikua? Arkakusoak dauzkak oinetan, ala? Entzun ondo joan baino lehen: gozopilak, seguraski, apur bat andeaturik izango dik gainaldea; bada, esaiok Mavrari aiztoarekin karrakatzeko, eta hondarrak ez botatzeko, oilategira eraman ditzala. Eta hi argi ibili, gero!, ez sartu janaritegian; bestela, badakik zer daukadan hiretzat: makila-salda ederra! Orain gose bahaiz, goseago izango haiz gero! Ez sartu janaritegian, leihotik begira egongo nauk eta. Ez dago hauetaz fidatzerik —jarraitu zuen, Txitxikovengantz jiraturik, Proshka bere botatzarrekin urrundu zenean. Gero, errezeloz begiratu zion Txitxikovi. Susmo txarra hartzen hasia zion hain eskuzabaltasun ohiz kanpokoari, eta bere artean pentsatu zuen: «Deabruak zekik, beharbada ahobero hutsa duk, etxekalte horiek guztiak bezalakoa; gezurretan ari duk, hitz egite aldera eta tea hartzearren, eta gero alde egingo dik!». Eta horregatik, badaezpada ere eta Txitxikov probatze aldera, esan zion ondo legokeela eroste-agiria lehenbailehen egitea, gizakiak ez du-eta ezer segururik: gaur bizirik dago eta bihar Jainkoak daki.

        Txitxikov prest agertu zen eroste-agiria une horretan bertan egiteko, eta nekazari guztien zerrenda eskatu zion.

        Lasaitu egin zuen horrek Pliushkin. Nabari zitzaion zerbait egin nahi zuela, eta, izan ere, giltzak hartu, armairura hurbildu, eta, atetxoa zabaldurik, puska luze batean bila aritu zen edalontzi eta katiluen artean, eta azkenean esan zuen:

        — Berebiziko likorea neukan hemen gorderik, baina orain ez dut aurkitzen, lepoa egingo nuke edan egin didatela; lapur galantak dira denak! Hara!, hau al da?

        Txitxikovek botila bat ikusi zion eskuetan, goitik behera hautsez estalia, artilezko zorro batean bildurik balego bezala.

        — Emazteak egin zuen —jarraitu zuen Pliushkinek—, baina giltzain alproja horrek ez du batere zaindu, itxi gabe utzi zuen botila; gizatxarra ez bestena! Zomorroak eta mota guztietako zaborrak sartu ziren barruan, baina nik den-dena atera nuen, eta orain garbi-garbi dago; kopa bat beteko dizut.

        Baina Txitxikovek uko egin zion halako likoreari, ordurako jan-edanak eginak zituela esanez.

        — Eginak dituzu, beraz, jan-edanak! —esan zuen Pliushkinek—. Jakina, gizarte oneko gizonari edozein lekutan antzematen zaio: baraurik badago ere, ase dela esaten du; litxarrero horiek, ordea, beti janari eske... Kapitainak etorri eta zera esaten dit: «Osabatxo, emadazu zerbait jateko!». Eta bera nire aitona den bezainbeste naiz ni beraren osaba. Etxean, seguraski, ez dauka ezer jateko, horregatik ibiltzen da zanbuluka. Beraz, alferrontzi horien guztien zerrenda behar duzu? Bada, eskatuko zenidala igarri banu bezala, papertxo batean idatzirik dauzkat guztien izenak, hurrengo errolda egiteko garaian errejistrotik ezabatzeko.

        Betaurrekoak ipini, eta paper artean arakatzen hasi zen. Txitxikovek usin egin zuen zenbait aldiz, hain hauts handiaren oparia egin baitzion etxeko nagusiak orri-sortak askatzean. Azkenean, hor atera zuen papertxo bat goitik behera zirriborroz betea. Nekazarien izenek estu-estu estaltzen zuten orri osoa, eltxoak balira bezala. Denetariko izenak zeuden han: Paramonov, Pimenov, Panteleimonov; Grigori Abiatu-bai-baina-heldu-ez izeneko bat ere bazen haien artean. Ehun eta hogei baino gehiago ziren guztira. Txitxikovek irribarre egin zuen hain ugaritasun handia ikusirik. Papertxoa sakelan gorde, eta Pliushkini esan zion hirira joan beharko zuela eroste-agira sinatzera.

        — Hirira? Zer dela eta?... Nolatan utziko dut bakarrik etxea? Hemengo guztiak lapur edo litxarrero hutsak dira. Egun bakar batean dena kenduko lidakete, berokia esekitzeko iltzerik ere ez lukete utziko.

        — Eta ez duzu ezagunik han?

        — Ezagunik? Nire ezagun guztiak, edo hil egin dira, edo eten egin dituzte nirekiko harremanak. Hara!, nolatan ez dut izango, jauna!, horixe badudala! —egin zuen oihu—. Ganberaburua bera ezagutzen dut, antzina etxera etortzen zen sarritan, nolatan ez dut ezagutuko! Ikaskideak izan ginen, elkarrekin igotzen ginen hesietara! Nolatan ez dut, bada, ezagutuko!, horixe ezagutzen dudala! Berari idatziko diot?

        — Bai horixe, berari.

        — Aspaldiko lagunak gara, alajaina!, eskola-denborako adiskideak.

        Eta, bat-batean, izpi epel batek argitu zion aurpegi zurruna. Ez zuen bete-beteko sentipenik adierazten, ezpada sentimendu baten isla ahula. Halaxe gertatzen da itotzear dagoen gizonaren burua ustekabean ur azalera agerturik lehorrean pilaturiko jendetzari alaitasunezko oihu bat jaulkitzen zaionean ere. Baina lagun alaitu berriek alferrik botako diote soka bat ur-bazterretik, eta alferrik geratu dira han zain, sorbalda edo borrokak akituriko besoak une batez berriro azalduko ote diren: azken agerpena izan da. Geldirik dago dena, eta, horren ostean, are izugarriago eta mortuago bilakatzen da elementu axolagabearen gainalde baretua. Bada, Pliushkinen aurpegia ere halaxe, lipar batez adierazi zuen sentimendua iraungirik, are soraioago eta arruntago bilakatu zen.

        — Orri laurden bat zegoen mahai gainean —esan zuen—, baina desagertu egin da, ez dakit non dagoen; hain da ustela nire jendea!

        Mahai gainean eta azpian begiratu, bazter guztiak miatu, eta, azkenean, deiadar egin zuen:

        — Mavra! Mavra!

        Deiari erantzunez, emakume bat azaldu zen. Plater bat zekarren eskuan, eta platerean gozopila —irakurleak dagoeneko ezagutzen duen hori bera. Honela mintzatu ziren elkarrekin:

        — Non sartu duzu papera, lapur horrek?

        — Jainkoarren, jauna, kopa estaltzeko erabili zenuen gutuna izan ezik, nik ez dut inolako paperik ikusi.

        — Begietan igartzen dizut ostu egin duzula.

        — Eta zertarako ostu behar nuen? Ez nion inolako etekinik aterako: ez dakit idazten.

        — Gezurretan ari zara: sakristauari eman diozu, hark badaki idazten, berari eman diozu.

        — Papera behar izanez gero, sakristauak badauka non lortu. Hark ez du zure paper-zatia ikusi!

        — Egon apur batean, Azken Judizioaren egunean deabruek kiskali egingo zaituzte burdinazko sardeekin. Ikusiko duzu nola kiskaltzen zaituzten!

        — Zer dela eta kiskaliko naute? Ukitu ere ez dut egin zure papertxo hori! Beharbada, emakumezkoon beste edozein oker leporatu ahal didate, baina inork ezin dit aurpegiratu lapurra naizela.

        — Bada, deabruek kiskali egingo zaituzte. Zera esango dizute: «Hartzazu hau, gaizto horrek, nagusia engainatzeagatik». Ondo erreko zaituzte, alafede!

        — Eta nik zera esango diet: «Ez dut horrelakorik merezi, Jainkoaren izenean, ez dut horrelakorik merezi, nik ez dut ezer lapurtu...». Begira, hortxe daukazu, mahai gainean. Arrazoirik gabe kargu hartzen didazu beti.

        Ikusi zuen Pliushkinek bere orri laurdena. Une batez isilik geratu, ezpainei eragin, eta esan zuen:

        — Zergatik egiten didazu kontra horrela? Hau emakume liskarzalea! Hitz bat esan, eta berak hamar erantzun behar! Ekarri sua gutuna lakratzeko. Egon, egon; seguraski, gantzezko argizaria hartuko duzu, eta gantza, gai biguna izaki, berehala urtzen da. Alferrikako gasturik ez hemen; hobe ezpaltxo bat ekartzen baduzu.

        Joan zen Mavra, eta Pliushkinek, besaulkian eseririk eta idazluma eskuan, denbora luzea eman zuen orri laurdena alde guztietara jiratzen, beste lau laurden egiterik ba ote zeukan ikustearren, baina azkenean, ezinezkoa zela konturaturik, amore eman zuen. Idazluma hartu, isurkari lizuntsuaz gain barruan euli mordoa ere bazeukan tintontzi batean sartu, eta idazten hasi zen, musika-noten antzeko letrak eginez. Eskuaren oldarra moteltzen zuen behin eta berriro, laster bizian baitzihoakion orri osoan barrena. Ahalik eta tarterik txikiena uzten zuen lerrotik lerrora, eta gaitziturik pentsatzen zuen hala eta guztiz ere leku gehiegi geratzen zela zuri, idatzi gabe.

        Norainoko hutsalkerian, zikoizkerian, doilorkerian eror daitekeen gizakia! Nola alda daitekeen! Badu horrek errealitatearen antzik? Bai, denak du errealitatearen antza, edozer gerta daiteke gizabanakoarekin. Orain gazte adoretsua denari ilea laztuko litzaioke, ikaraz, zahartzaroko bere potreta erakutsiko baliote. Gaztaroko urte samurretan bizitzaren bideari ekitean, har itzazue aldean giza bulkadak oro, hartu eta eraman itzazue zeuekin helduaroko urte gogor eta latzetara, ez utzi bide-bazterrean, gero ez duzue-eta jatsotzerik izango! Zain daukazuen zahartzaro larderiatsu eta ikaragarriak ez dizue ezertxo ere itzuliko! Zahartasuna baino errukiorragoa duzue hilobia bera; hilobian, behinik behin, hau idatziko dute: «Hemen gizaki bat datza»; zahartasun errukigabearen hazpegi hotz eta ankerretan, ordea, ez duzue deus irakurriko.

        — Eta zure adiskideen artean ez dago inor ihes egindako arimarik behar duenik? —galdetu zuen Pliushkinek, gutuna tolesteaz batera.

        — Ihes egindakoak ere badituzu, ala? —galdetu zion bizkor Txitxikovek, bere baitara bihurturik.

        — Bai, halakoak ere baditut. Suhiak esan dit arrastorik utzi gabe desagertu direla, baina ez du aurkitzeko ahalegin handirik egin. Militarra da, eta militarrak badakizu: oso trebeak ezproiei eragiteko orduan, baina auzitegira jo beharra dagoenean...

        — Zenbat dira?

        — Dagoeneko hirurogeita hamar bat guztira.

        — Ez da izango?

        — Horixe badela, alajainkoa! Mordoxka batek ihes egiten du urtero. Ikaragarri jatunak dira, alfertasunetik datorkie neurririk gabe jateko ohitura, eta nik neronentzat ere ez daukat aski... Edozein preziotan salduko nituzke. Esaiezu zure lagunei haietako hamar bakarrik aurkiturik dirutza polita irabaziko luketela. Bostehun errublo balio du erroldan errejistraturiko arima bakoitzak.

        «Bai zera, ez zioat inori mauka honi usainik hartzen ere utziko!», esan zuen Txitxikovek bere artean, eta gero jakinarazi zion ez zuela inon aurkituko horretarako prest legokeen adiskiderik, horrelako kontu batean gastuak irabaziak baino handiagoak izango zirelako eta, auzitegiak tartean egonik, jendeak nahiago izaten duelako berokiaren barrenak gora bildu eta ospa egin, baina benetan hain estu bazebilen, berak, estimu handitan baitzeukan, prest zegoela hainbeste ordaintzeko... baina, hain huskeria handia izanik, ez zuela merezi horretaz hitz egitea ere.

        — Zenbat emango zenidake? —galdetu zuen Pliushkinek, eta erantzunaren zain geratu zen, egonezinik, zilarbiziaren antzera dardaraka eskuak.

        — Hogeita bost kopek arima bakoitzeko.

        — Eta nola ordainduko zenuke, eskudirutan?

        — Bai, oraintxe bertan emango nizuke dirua.

        — Eta, miseria gorrian nagoela kontuan izanik, jauna, ez zenizkidake emango berrogei kopek bakoitzeko?

        — Jaun ohoragarri hori —esan zuen Txitxikovek—, ez bakarrik berrogei kopek, bostehun errublo ere emango nizkizuke gustura, zeren ikusi baitut gizon prestua zarela, bere ontasuna dela eta gorriak ikusten ari den agure onbera bat.

        — Jainkoarren, halaxe da! Arrazoi duzu, bai! —esan zuen Pliushkinek, burua beheratu eta, nahigabeturik, batera eta bestera eraginez—. Ontasunak galdu nau.

        — Ikusten?, berehala antzeman dizut nolakoa zaren. Gauzak horrela, zergatik ez eman bostehun errublo arima bakoitzeko? Baina kontua da ez naizela aberatsa. Onar iezadazu, hortaz, arima bakoitzeko bost kopek gehiago eskaintzea. Horrela, hogeita hamar kopekean salduko didazu arima bakoitza.

        — Nahi duzun bezala, jauna, baina ez legoke txarto bi kopek gehiago eskaintzea.

        — Ondo da, bi kopek gehiago bakoitzeko. Zenbat dituzu? Hirurogeita hamar direla esan duzu?

        — Ez, hirurogeita hemezortzi dira guztira.

        — Hirurogeita hemezortzi; hirurogeita hemezortzi arima bider hogeita hamar kopek... —gure protagonistak segundo bat baino gehiago ez zuen behar izan kontuak egiteko, eta berehala esan zuen—: Hogeita lau errublo eta laurogeita hamasei kopek! —Iaioa zen aritmetikan.

        Pliushkini ordainagiria bertantxe eginarazi, eta dirua eman zion. Hark, bi eskuetan bizkor hartu, eta idazmahaira eraman zuen, hain tentu handiz, non bai baitzirudien isurkariren bat zeramala eskuetan eta beldur zela unean-unean isuriko ote zitzaion. Idazmahaira iritsirik, diruari berriro begiratu eta oso kontu handiz sartu zuen kaxoietako batean, non, zalantzarik gabe, ehortzirik geratuko baitzen harik eta aita Karp-ek eta aita Polikarp-ek —herriko bi apaizak— bera lurpera zezaten arte, suhia, alaba eta, beharbada, beraren ahaidea zela zioen kapitaina izugarri poztuz horrekin. Dirua gordetakoan, besaulkian eseri zen, eta bazirudien harrezkero ez zela gauza beste mintzagairik aurkitzeko.

        — Bazoaz, ala? —galdetu zuen, Txitxikovek sudur-zapia sakelatik ateratzea beste asmorik gabe egin zuen mugimendu txikia sumaturik.

        Galdera horrek gogorarazi zion ez zeukala hango egonaldia zertan gehiago luzaturik.

        — Bai, iritsi da joateko ordua! —erantzun zion, kapelua hartzeaz batera.

        — Eta tea?

        — Beste egunen batean hartuko dut.

        — Nahi duzunean! Eta nik ez dut, bada, samovarra prestatzeko agindu! Egia esan, ez naiz tezalea: edari garestia da, eta azukrearen prezioa izugarri goratu da. Proshka, ez diagu behar samovarra! Eraman gozopila Mavrari, entzun duk?, lehengo leku berean utz dezala; edo ez, ekartzak hona, neronek eramango diat. Agur, jauna, Jainkoak bedeinka zaitzala, eta ez ahaztu gutuna ganberaburuari ematea. Bai, irakur dezala, aspaldiko laguna dut eta. Ikaskideak izan ginen, bai horixe!

        Hori esandakoan, fenomeno bitxi hark, aguretxo konkortu hark, patioraino lagundu zion Txitxikovi; sarrerako atetzarra bertantxe ixteko agindu, eta biltegietara inguratu zen, zaintzaileak nor bere tokian ote zeuden ikustera. Nonahi zeuzkan jarririk zaintzaileak, zeinek, ohiko xafla burdinurtuzkoak jo beharrean, upeltxo hutsak astintzen baitzituzten zurezko palatxoak erabiliz; gero, sartu-irten bat egin zuen sukaldean, non, bere jendeak ondo jaten zuen egiaztatzeko aitzakiarekin, ase eta betetzerainoko aza-zopa eta ahia irentsi baitzituen berak, eta, lapurretengatik eta jokabide makurrarengatik guztiei eta bakoitzari errieta egin ondoren, bere gelara itzuli zen. Bakarrik geratu zelarik, pentsatzen jardun zuen nola eskertu bisitariari hain eskuzabaltasun mugarik gabea. «Sakelako erlojua oparituko zioat —pentsatu zuen bere kabutan—, erloju ona duk, zilarrezkoa, ez alpakazkoa edo brontzezkoa, beste batzuk bezala; ez zebilek lar ondo, baina konpondu egingo dik; gizon gaztea duk oraindik, eta sakelako erlojua behar dik andregaiari gustatzeko! Edo ez —gaineratu zuen apur batean hausnartu ondoren—, hobe hil ondoren testamentuan uzten badiot, nitaz gogora dadin.»

        Baina gure protagonista, erlojurik gabe ere, gogo-aldarte ezin hobeko zegoen. Opari paregabetzat zeukan hain erosketa ustekabekoa. Izan ere, arima hilak ez ezik, ihes eginak ere eskuratu baitzituen, berrehun baino gehiago guztira! Jakina, Pliushkinen herrira iritsi bezain laster sumatu zuen traturen bat egingo zuela han, baina ez zuen inola ere uste hain irabazi handiak ekarriko zizkionik. Pozarren egin zuen bide osoa: txistu egiten zuen, eskua aho aurrean bildurik soinua ateratzen zuen, turuta jotzen balego bezala, eta azkenean kanta bat abesteari ekin zion, hain bitxia, ezen Selifan bera entzuten geratu baitzitzaion eta, entzundakoan, buruari eskuin-ezker leunki eragin, eta esan zuen: «Horra nola kantatzen duen gure nagusiak!». Ilunabarrean iritsi ziren hirira. Erabat nahasirik zeuden ordurako ilunpea eta argia, eta gauzak ere elkarrekin nahasirik zeudela ematen zuen. Hiriko sarrerako langa ñabarrak kolore zehazgabea zuen; bazirudien ate-jagole zegoen soldadua sudurgabea zela eta bekokian zeukala bibotea, begiak baino askoz ere gorago. Danbatekoek eta astinduek aditzera eman zioten Txitxikovi britxka harrizko bidean sartua zela. Piztu gabe zeuden oraindik kaleko argiak, etxe banaka batzuetako leihoak argitzen hasiak ziren hor-hemen. Etxarte eta kalezuloetan istiluak eta kalapitak atzematen ziren nonahi, iluntzeko ordu horietan halaxe gertatzen baita beti soldadu, kotxezain eta langile asko dagoen hiri guztietan, batez ere dama-itxurako izaki horietako asko badago, bidegurutzeetan zain saguzarren antzera, galtzerdirik gabe, sorbalda-oihal gorria eta bortzegiak soinean. Txitxikovek ez zien arretarik jarri, ez haiei eta ez aldirietan osteratxoa eginik makila mehea eskuan berriz etxera zihoazen funtzionario argaltxo ugariei ere. Noizean behin, deiadarrak iristen zitzaizkion belarrietara, emakumezkoek eginak inondik ere: «Gezurra, mozkorra alaena!, inoiz ez zioat horrelako zatarkeriarik onartu!»; edo: «Utzi bakean, lotsagabe horrek!, hator nirekin polizi etxera, salatu egingo haut eta!». Labur esanik, antzokitik etxerantz ameslari doan hogei urteko edozein mutilgazte bat-batean gorriarazten duten hitz horietakoak. Zer ez duen amets egiten une horretan! Espainiako kale bat, Espainiako gaua, ile kizkurreko emakume gitarradun baten irudi xarmagarria. Zeruan dago, Schillerri bisita egitera joan da, eta bat-batean, trumoia balira bezala, zorigaiztoko hitzek durundi egiten diote buru gainean, eta orduantxe konturatzen da Lurrean dagoela berriro, Sennaia plazan, taberna batetik hurbil, eta eguneroko bizitza gogaikarria berriro lerratzen zaiola aurrean.

        Azkenean, britxka, jauzi handi samarra egin, eta ostatuko ate aurrean gelditu zen, lubaki-moduko batean sarturik. Petrushka ostatutik atera zen Txitxikovi harrera egitera. Esku batez jakaren beheko ertzei eusten zien, ez baitzuen gogoko barrenak elkarrengandik banantzea, eta beste eskuaz britxkatik jaisten lagundu zion Txitxikovi. Hantxe atera zen ostatuko morroia ere, lasterka, kandela bat eskuan eta ezpainzapia sorbaldan. Ezin jakin nagusiaren itzulera pozgarri ote zitzaion Petrushkari; behinik behin, Selifanek eta berak elkarri begiratu zioten, eta apur bat bigundu zitzaion aurpegi beti latza.

        — Denbora luzea eman duzu kanpoan —esan zuen ostatuko morroiak, zurubia argitzen zuen bitartean.

        — Bai —esan zuen Txitxikovek, zurubiaren goialdera iritsi zirenean—. Eta hi zer?, ondo?

        — Jainkoari eskerrak —erantzun zuen morroiak, buru-makurtua eginez—. Militar bat heldu zen atzo. Tenientea da, hamaseigarren gelan dago.

        — Tenientea?

        — Ez dakigu nor den. Riazan-etik etorri da, zaldi zuri-horixkak dauzka.

        — Oso ondo, oso ondo, ea aurrerantzean ere portatzen haizen! —esan zuen Txitxikovek, eta bere gelan sartu zen. Atalondoa zeharkatzean, sudurraz usain egin, eta Petrushkari esan zion—: Gutxienez, ireki leihoak!

        — Ireki ditut —esan zuen Petrushkak. Gezurra zen, eta nagusiak bazekien gezurra zela, baina ez zuen liskartzeko gogorik batere. Leher eginik zegoen, bideko nekeak abaildurik. Afari arina eskatu —txerrikumea baino ez—, arropa berehala erantzi, eta, burusi azpian sarturik, lo pisu batek hartu zuen, harriak bezala lo egin zuen, zabal eta zabar, hala nola lo egiten baitute ez odoluzkirik, ez arkakusorik eta ez buru-ahalmen handirik ez duten gizaki zoriontsuek bakarrik.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia