Bosgarren kapitulua

 

        Gure protagonista beldurrak airean zegoen oraindik. Britxka egundoko arinen zihoan eta Nozdrioven herria aspaldi desagertua zen begien bistatik zelai, malda eta muinoen atzean, baina, guztiarekin ere, Txitxikovek izuaren izuz begiratzen zuen behin eta berriro atzera, unean-unean jazarleak han agertuko zirelakoan, atzetik jarraika. Nekez hartzen zuen arnasa, eta, eskua bularrean ipinita, sumatu zuen bihotza jauzika ari zitzaiola galeperra kaiolan bezala. «Ene!, gorriak ikusarazi zizkidak gizon malapartatu horrek!» Eta denetariko nekeak eta ezbeharrak opatu zizkion Nozdriovi, baita hitz astun batzuk zuzendu ere. Zer egingo diogu!, errusiarra zen, eta, gainera, sumindurik zegoen. Izan ere, larrialdia ez baitzen nolanahikoa izan. «Inondik ere —esan zuen bere artean— poliziaburua garaiz agertu ez balitz, sekula ez nian berriro ikusiko mundu honetako argia. Hantxe desagertuko ninduan, burbuila uretan bezala, aztarnarik utzi gabe, ondorengorik gabe, egunen batean izango nituzkeen haurrei ez ondasunik eta ez izen onik utzi gabe!» Gure protagonista biziki kezkatzen zen bere ondorengoez.

        «Gizatxarra halakoa! —zioen Selifanek bere kolkorako—. Sekula ez diat hain gizon makurrik ikusi. Tu egitea besterik ez dik merezi. Onar daitekek gizajendea baraurik uztea, baina zaldiei jaten eman behar zaiek derrigorrez. Zaldiek gogoko ditek oloa, hori jaten ditek, oloa, haien bizigaia duk, gure elikagaien parekoa. Zaldiek oloa jaten ditek.»

        Nonbait, zaldiek ere ez zioten oso tankera onik hartu Nozdriovi: zuri-horixka eta Kontseilari ez ezik, izpilduna bera ere umore txarreko zegoen. Oloa banatzeko orduan, berari egokitzen zitzaion beti parterik txarrena, eta Selifanek inoiz ez zion aska beteko aldez aurretik esan gabe «Hartu, nazkagarri horrek!»; baina, gutxienez, oloa zen, ez lasto hutsa, eta berak gustura mamurtzen zuen, eta, sarritan —batez ere Selifan ukuiluan ez zegoenetan—, besteen askan sartzen zuen bere mutur luzea, haien janaria dastatze aldera; baina oraingoan lasto hutsa eman zieten... eta hori ez zen bidezkoa; nahigabeturik zeuden denak.

        Handik gutxira, ordea, bat-batean eta gutxien uste zuten moduan eten zen nahigabetu haien guztien oldozpenen haria. Denak —baita Selifan bera ere— beren sen eta kordera itzuli ziren sei zaldik tiraturiko kalesa batek haien kontra jo eta ia beren buruen gainean bertan entzun zituztenean kalesan zihoazen damen garrasiak eta gidariaren birao eta mehatxuak.

        — Astakirten hori, birikak bota beharrean ari nauk eskuinetara egiteko oihuka. Mozkorturik hago, ala?

        Konturatu zen bere arduragabekeriaz Selifan, baina, nola errusiarrak ez duen gogoko izaten besteren aurrean bere errua ezagutzea, bada, harro-harro zutitu, eta oihuka esan zuen:

        — Eta hi nora hoa hain azkar?, bahian utzi dizkiok begiak tabernariari, ala?

        Hori esandakoan, zaldiei atzera eragiten saiatu zen, beste kotxeko zaldi-tresnetatik aska zitezen, baina alferrikako lana izan zen, nahaste-borraste itzela zegoen eta. Izpilduna, jakinminak ziztaturik, usainka hasi zitzaien lagun berriei, alde banatan baitzeuzkan. Bitartean, kalesako damak beldurrak airean zeuden horri guztiari so. Bata zahar-zaharra zen, eta bestea, aldiz, oso gaztea, hamasei urte ingurukoa, ilehoria. Burutxoan txukun eta apain bildurik zeraman bere adats urrekolorea. Haren aurpegiaren obaloa polit-polita zen, eta biribila, arrautza errun berria bezala, eta halako zuritasun garden bat erakusten zuen, giltzain andrearen esku beltzaranean argi kontra ipinita arrautza errun berriak eguzki distiratsuaren izpiei igarotzen uztean agertzen duen gardentasun zurbilaren antzekoa. Belarritxo meheak ere garden ageri ziren, errainu epelek gorrixkaturik. Ezpain izuikararen eraginez geldi-geldirik irekiak, begi malkoz lausotuak... hain zen dena xarmagarria, ezen gure protagonista begira geratu baitzitzaion puska batean, zaldien eta gidarien anabasari inongo arretarik jarri gabe.

        — Egin atzera, zozoa halakoa! —zioen oihuka beste gidariak.

        Selifanek uhalei eragin zien, beste gidariak gauza bera egin zuen, zaldiak pixka bat atzeratu ziren, eta berriro nahaspilatu hedeak zapaltzean. Bitartean, hainbeste gustatu zitzaion lagun berria izpildunari, ezen ez baitzuen irten nahi patuak ustekabean urratua zion bide hartatik, eta, muturra lagun berriaren lepoaren gainean zeukala, bazirudien zerbait murmurikatzen ari zitzaiola belarrira, burugabekeriak seguraski, besteak belarriei eragiten baitzien etengabe.

        Zorionez, herrixka bat zegoen handik hurbil, eta hango mujikak berehala inguratu ziren, astrapalak erakarririk. Horrelako ikuskizunak zorion-iturri paregabea izaten dira edonongo mujikentzat —alemaniarrentzat egunkariak eta klubak diren bezainbeste—, eta erruz bildu ziren kotxeen inguruan, herrixkan emakume zaharrak eta haur txikiak bakarrik geratu zirelarik. Askatu zituzten hedeak; atzera eragin zioten zaldi izpildunari, muturrean zartako batzuk emanez; hitz gutxitan, bereizi eta elkarrengandik aldendu zituzten zaldiak. Baina, zela adiskideengandik banandu beharrak beste kotxeko zaldiei amorru handia eragin zielako, zela setakeria hutsarengatik, kontua da ezen, gidariek zigorraz jo arren, zaldiak ez zirela lekutik mugitzen, lurrari josirik baleude bezala. Ikaragarri biziagotu zuen horrek mujiken ikusmina. Hor hasi ziren denak batera oihuka, nork bere aholkuak emanez:

        — Andriushka, hik heldu eskuineko zaldiari, eta hi, Mitiai, igo hadi erdikoaren gainera! Igo, Mitiai!

        Mitiai, bizar ilegorriko gizaseme ihar eta luzea bera, berehala igo zen erdiko zaldiaren gainera, eta, hor jarririk, haren piurak herriko ezkilategia edo, hobeto esan, putzutik ura ateratzeko erabiltzen den urkila zekarren gogora. Gidariak zigorraz eraso zien zaldiei, baina horrek ez zion lana erraztu Mitiairi.

        — Egon, egon! —egin zuten oihu mujikek—. Mitiai, eser hadi eskuinekoaren gainean, eta hi, Miniai, igo erdikoaren gainera!

        Miniai bizkar-zabala zen, ikatza bezain beltza zuen bizarra, eta sabela, berriz, neguko egun hotzetan azokara bilduriko lagun guztientzat sbitena prestatzeko erabiltzen diren samovar erraldoi horiek bezain handia. Miniai atsegin handiz igo zen erdikoaren gainera, eta zaldia gutxigatik ez zen lurreraino makurtu hain pisu astunaren zamapean.

        — Orain bai! —egin zuten oihu mujikek—. Eman, eman! Jo ezak zigorraz beste hori ere, arre-argia, koramora-ren antzera tematzen duk eta!

        Baina, ikusirik ez zela ezer gertatzen eta zigorraden laguntzaz ere ez zutela deus lortzen, Mitiai eta Miniai erdiko zaldiaren gainean eseri ziren biak batera, eta Andriushka, aldiz, eskuinekora igo zen. Azkenean, gidariak, egonarria agorturik, zaldiaren gainetik jaitsarazi zituen Mitiai eta Miniai, eta ondo egin zuen, zeren zaldiari izerdi-lurrina baitzerion parrastaka, posta-geltotitik arnasarik hartu gabe eta hanken ahal guztian etorri balitz bezala. Atsedenalditxoa eman zien zaldiei, eta, horren ondotik, beren kabuz elkarrengandik bereizi eta bideari ekin zioten berriro. Hori guztia gertatzen zen bitartean, Txitxikovek tinko begiratzen zion neskagazte ezezagunari. Hainbat saio egin zuen berarekin hitz egiteko, baina ez zuen arrakastarik izan. Eta, bitartean, alde egin zuten damek, eta —dena agerkizun hutsa izan balitz bezala— han aienatu ziren neskagaztearen burutxo polita, hazpegi ederrekiko aurpegitxoa eta gorputz liraina, eta berriro geratu ziren bakarrik bidea, britxka, irakurleak dagoeneko ondo asko ezagutzen duen troika, Selifan, Txitxikov eta inguruko zelai zabal inorgabeak. Bizitzan, dela beheko geruza gogor, latz, hits eta nazkagarriro lizunduetan, dela goiko geruza beti hotz eta gogaikarriro aratzetan, edonon dela, gizabanako orori, behin bakarrik bada ere, halako ikuskizun berezi bat agertzen zaio bidean, ordu arte ikusi duen ezeren antzik ez duena eta, behin bakarrik bada ere, halako sentipen berezi bat pizten diona, bizitza osoan izango dituen sentipen guztietatik desberdina. Nonahi dela, poz argitsu bat alaiki eta bizkor igaroko da gure bizitza bilbatzen duten atsekabe ugarien artetik, hala nola zaldi-kotxe distiratsu bat, alde guztietatik argia dariola, bat-batean eta ustekabean zalu igarotzen baita lekutako herrixka zirtzil baten aldamenetik bere urrezko tresneriarekin, zaldi ezinago ederrekin eta kristal dirdaitsuekin, eta, nola herrixka hartan garraio-gurdi lakatzak besterik ez duten ikusten ohi, bada, mujikak, txunditurik, luzaz geratzen dira zein bere tokian zutik, aho zabalik eta txanoa erantzi gabe, nahiz eta kotxe miragarria ziztu bizian urrundu eta begien bistatik desagertu den aspaldi. Bada, neska ilehoria ere halaxe, bat-batean eta guztiz ustekabean agertu da gure narrazioan, eta halaxe aienatu da. Une horretan Txitxikoven tokian hogei urteko mutilgazte bat egon balitz —nahiz husarra, nahiz ikaslea, nahiz, besterik gabe, bizitzaren lasterketan aurreneko urratsak ematen hasi berria—, Jainkoarren!, zer sentimen ez zen ernatuko haren baitan, zer ez zitzaion barnean dardaraka hasiko, zer ez zen mintzatuko haren barne-muinetan! Luzaz geratuko zen lekuari itsasirik, bere baitara bildurik, begiak urrunean josirik inguruari erreparatu gabe, ahazturik bidea eta zain dauzkan errieta guztiak, berandutzeak ekarriko dizkion kargu-hartzeak oro, ahazturik bere burua, bere eginbeharra, mundua eta munduan den guztia.

        Baina gure protagonista adinean aurrera samarturik zegoen eta jokabide zuhurreko gizon hotza zen. Hausnarrean eta pentsakor geratu zen bera ere, baina haren oldozpenak positiboagoak ziren, ez hain lausoak, eta, neurri batean behintzat, funts handikoak. «Bai neskatxa xarmagarria! —esan zuen bere artean, toxa zabaldu eta sudurretik tabakoa hartuz—. Baina zer du onena? Itxuraz, utzi berria dik barnetegia edo institutua, eta oraindik ez ditik bereganatu emakumezkoen ezaugarriak, zera, oraindik ez dik emakumezkoen berezitasunik gogaikarrienetako bat bera ere. Haurtxo baten antzekoa duk oraindik, berarengan dena duk xaloa, bururatzen zaiona esaten dik, barrez hasten duk barre egiteko gogoa duenean. Hori dik ona. Baina moldaerraza duk eta edozer egin daitekek berarekin; agian, emakume miresgarria izatera iritsiko duk, edo beharbada zabor huts bihurtuko ditek, bai, seguraski zabor huts bihurtuko ditek! Aski izango dik amatxok eta izebatxoek beren ardurapean hartzea. Urtebetean, emakumezkoen ezaugarriz beteko ditek mukuru, hainbesteraino, ezen aitak berak ez baitio antzik emango. Nondik edo handik jasoko ditik harrokeria eta handiustea, buruz ikasiriko arauen eredura mugitzeari ekingo ziok, burua hautsi beharrean hasiko duk kontu egiten norekin, nola eta zenbat hitz egin behar duen eta bakoitzari nola begiratu behar dion, uneoro beldurrak egongo duk ez ote duen behar baino gehiago esango; azkenean, nahasi egingo duk bera bakarrik, eta, azken buruan, gezurra besterik ez dik esango bere bizitza osoan; deabruak zekik zertan amaituko duen!» Isilik geratu zen lipar batez, eta gero erantsi: «Gustatuko litzaidakek jakitea noren alaba den! Nolakoa ote du aita? Izaera errespetagarriko lurjabe aberats horietakoa da?, edo gogotik lan eginez diru mordoxka bat bildu duen gizon zentzuduna? Baldin eta, esaterako, neska horrek bi mila errubloko ezkontsaria izango balu, mauka ederra lukek berarekin ezkontzea. Nolabait esateko, gizon zintzo baten zorion-iturria izan litekek». Bi mila errubloek hain itxura erakargarria hartu zuten Txitxikoven gogoan, ezen bere buruarekin haserretzen hasi baitzen, kotxeen inguruko tirabirak iraun zuen bitartean ez ziolako kotxezainari galdetu bidaiariak nor ziren. Luzarora gabe, ordea, Sobakevitxen herriaren agerpenak pentsamenduak ildo hartatik baztertu eta betiko hausnargaira itzularazi zizkion.

        Nahikoa handia iruditu zitzaion herria. Urkidi bat eta pinudi bat zeuzkan ezker-eskuin, bi hego bailiran, ilunagoa bata eta argiagoa bestea. Haien erdian zurezko etxe bat zegoen, ganbaraduna, teilatu gorrikoa eta horma gris ilun edo, zehatzago esanik, grisaxkak zituena; gure herrialdean militarrentzat edo kolono alemaniarrentzat eraiki ohi diren etxe horietakoa zen. Igartzen zitzaion ezen, eraikitzean, arkitektoak atergabe borrokatu behar izan zuela jabearen gustuen kontra. Arkitektoa formalista zen eta gogoko zuen simetria; jabeak, ordea, erosotasuna nahiago zuen, eta —seguraski horrek eraginik— alde bateko leiho guztiak itsutu eta leihatila txiki bat egin zuen haien ordez, inondik ere haren premia zuelako trasteleku ilunen bat argiztatzeko. Etxegilearen asmoak gorabehera, aurrealdea inola ere ez zegokion etxearen erdialdeari, zeren jabeak alboko zutarrietako bat eraisteko agindu baitzuen eta, halatan, hiru zutarri bakarrik zegoen, eta ez lau, beharko zukeen bezala. Eskortak zurezko hesi sendo eta lodiegia zeukan inguru guztian. Lurjabe hari, nonbait, biziki atsegin zitzaion irmotasuna. Ukuiluan, lastategian eta sukaldean habetzar lodiak zeuden, menderen mendetan hortxe finko irauteko ezarriak. Nekazarien enborrezko izbak ere guztiz gotorrak ziren: ez zeukaten ez adreiluzko hormarik, ez zurean zizelaturiko irudirik, ez bestelako edergarririk batere, baina haietan dena zen trinkoa eta behar bezala egina. Putzuak berak ere haritz-enbor sendoak zeuzkan, errotetan eta itsasontzietan soilik erabiltzen diren horietakoak. Hitz batean, Txitxikovek zekusan guztia fermua eta tinkoa zen, sendoa eta zakarra. Atalondora hurbiltzean, emakumezko baten eta gizonezko baten buruak ikusi zituen, ia aldi berean leiho batera azalduak biak. Emakumeak kofia bat zeukan jantzirik, eta haren aurpegia estua eta luzanga zen, luzokerraren irudiko; gizonaren aurpegia, aldiz, biribila eta zabala zen, Rusen bi hariko balalaika arinak egiteko erabiltzen diren Moldaviako kuia horien antzekoa; horrelako balalaikak haien soinu lasaia entzutera biltzen diren neskatxa bular-zuri, lepo-zurbilei begi-keinuka eta txistuka aritzen zaizkien hogei urteko mutilgazte ernai, irtirin eta modazale horien edergailu eta jostagarri izaten dira. Kanpora begiratu, eta berehala ezkutatu ziren bi aurpegiak. Lepo garai urdineko jaka gris batez jantziriko lekaio bat irten zen atalondora, eta harrera-gelaraino lagundu zion Txitxikovi. Ordurako, hantxe zeukan etxeko jauna, zain. Bisitaria ikusirik, idor esan zion: «Mesedez!», eta barruko geletara eraman zuen.

        Zeharka begiratu ziola, Txitxikovek tarteko tamainako hartz baten antz ikaragarri handia hartu zion oraingoan Sobakevitxi. Horrelako antza biribiltzeko, hartz-larruaren kolore berdin-berdinekoa zuen fraka, luzeak mahukak, luzeak galtzak, baldarra eta koloka ibilera, eta besteen oinak zapaltzen zituen behin eta berriro. Gorrimina zen haren aurpegia, sukolorea, kobrezko kopeken antzekoa. Gauza jakina da munduan badirela tankera horretako aurpegi ugari: naturak berehalako batean itxuratu ditu, azken ukituak emateko nekerik hartu gabe, karrakarik, ginbaletik edo bestelako lanabes finik erabili gabe; kolpe gogor batzuk emanez taxutu ditu, zirti-zarta: aizkorakada bat eman, eta sudurra egin du; beste aizkorakada bat, eta horra ezpainak; daratulu handi batez egin ditu begiak; eta horrelaxe jaurti du mundura, batere leundu gabe, esanez: «Bizi hadi!». Bada, horrelakoxea zen Sobakevitxen aurpegia ere, mardula, zarpaila, landu gabea; gorantz jasorik eutsi beharrean, beherantz makurturik eduki ohi zuen burua, lepoa ez zuen guztiz jiratzen eta, baldarkeria horren eraginez, gutxitan begiratzen zion solaskideari, eta, horren ordez, atean edo labetxoaren ertz batean jartzen zituen begiak beti. Jangela zeharkatzen ari zirela, Txitxikovek betertzetik begiratu zion berriro: hartza zen!, benetako hartza! Eta, antz harrigarri hori gutxi balitz, hara non, gainera, Mikhail Semionovitx zuen izena! Besteei oinak zapaltzeko ohitura zuela jakinik, Txitxikovek tentu handiz mugitzen zituen bereak, eta aurretik pasatzen uzten zion beti. Etxeko nagusiak, inondik ere errudun sentiturik, bat-batean galdetu zion: «Enbarazurik egin dizut?». Baina Txitxikovek eskerrak eman zizkion, ordu arte inolako enbarazurik egin ez ziola esanez.

        Egongelan sartu zirelarik, Sobakevitxek besaulki bat seinalatu zion Txitxikovi, eta berriro esan: «Mesedez!». Eseritakoan, hormei eta han esekirik zeuden margolanei begiratu zien Txitxikovek. Margolan haietan gizaki indartsuak bakarrik ikus zitezkeen, Greziako armadaburuak denak, bakoitza bere benetako neurrian pintatua: Mavrokordatos —jaka eta galtza gorriak soinean, betaurrekoak sudur gainean—, Miaulis, Kanaris. Heroi haiek guztiek izter ikaragarri mardulak eta bibote izugarri handiak zituzten, edonori ilea lazteko modukoak. Greziar indartsu haien artean —zergatik eta zertarako ez dakigula— Bagration ageri zen, zimel, ihar, marko estu-estu batean sarturik, azpian bandera eta kanoi txiki batzuk zeuzkala. Haren aldamenean Bobelina emakume heroi grekoa ikus zitekeen, zango bakoitza egungo ostatuetan elkartu ohi diren gizon irtirinen gorputz-enborra baino lodiagoa. Etxeko jaunak, gizon osasuntsu eta mardula izaki, gela edertzen ziotenak ere gizaki mardul eta osasuntsuak izatea nahi izan zuen, antza. Bobelinaren alboan, leihoaren pare-parean, kaiola bat zegoen esekirik, eta haren barruan zozo bat, iluna, orban zuriekin, hura ere Sobakevitxen oso antzekoa. Bisitariak eta etxeko jaunak artean bi minutu isilik eman ez zutela, atea ireki eta etxekoandrea sartu zen egongelan. Oso emakume garaia zen; kofia bat zeraman buruan, etxeko tindagaiez margoturiko xingolaz apaindua. Patxadaz sartu zen, burua tente, palmondoen irudiko.

        — Hona hemen nire Feodulia Ivanovna! —esan zuen Sobakevitxek.

        Txitxikov Feodulia Ivanovnaren eskutxora hurbildu zen, eta emakumeak ahoan sartu zion ia, eta, Txitxikovek, horri esker antzeman zion luzokerrak kontserbatzeko erabilitako gatzunaz garbitu zituela eskuak.

        — Maitea, hona hemen Pavel Ivanovitx Txitxikov! —jarraitu zuen Sobakevitxek—. Gobernadorearenean eta postaburuarenean izan dut gizon prestu hau ezagutzeko ohorea.

        Feodulia Ivanovnak esertzeko eskatu zion —berak ere «Mesedez!» esanik—, eta, erreginarena egitean aktoresek nola, halaxe eragin zion berak buruari. Gero, dibanean eroso eseri, merino-ilezko sorbalda-oihalean bildu, eta handik aurrera ez zuen gehiago begirik kliskatu ez bekainik higitu.

        Txitxikovek begiak jaso zituen ostera ere, eta berriro ikusi zituen Kanaris —bere izter mardulekin eta bibote azkengabearekin—, Bobelina eta kaiolako zozoa.

        Ia bost minutuko tartean isilik egon ziren hirurak; zozoak zurezko kaiolako zura mokoaz jotzean ateratzen zuen zarata bakarrik entzuten zen, kaiolaren hondoan gari-aleak baitzeuzkan. Txitxikovek beste begiratu bat eman zion gelari, eta han zegoen guztia irmoa eta ezinago zakarra zen, eta etxeko jaunaren antz ikaragarri handia zuen; gelako bazter batean intxaurrondo-zurezko idazmahai sabel-handi bat zegoen, itxura bitxiko lau hankaren gainean bermatua, eta hark ere hartz-itxura izugarri handia zuen. Mahaia, besaulkiak, aulkiak..., ezinago astuna eta zakarra zen dena, edonor larritzeko modukoa; hitz batean, bazirudien gauza bakoitzak, aulki bakoitzak, honela zioela: «Ni ere Sobakevitx naiz!», edo: «Nik ere Sobakevitxen antz handia dut!».

        — Joan den ostegunean zutaz gogoratu ginen ganberaburuaren etxean, Ivan Grigorievitxenean alegia —esan zuen azkenean Txitxikovek, ikusirik inork ez zuela hizketan hasteko asmorik—. Oso bilera atsegina izan zen.

        — Bai, izan ere, egun horretan ez nintzen joan ganberaburuaren etxera —erantzun zuen Sobakevitxek.

        — Hori gizon miresgarria!

        — Nor baina? —esan zuen Sobakevitxek, begiak labetxoaren ertzean jarririk.

        — Ganberaburua.

        — Hara!, beharbada hala iruditu zaizu zuri; masoia da, ordea, eta mundu honetako ergeletan ergelena.

        Txitxikov apur bat nahasirik geratu zen definizio gordin samar hori entzunik, baina, berehala, bere okerra zuzendu nahirik, gaineratu zuen:

        — Jakina, gizaki bakoitzak bere argalguneak ditu; gobernadorea, aldiz, gizon ezin prestuagoa da.

        — Gizon ezin prestuagoa gobernadorea?

        — Bai. Ez da hala?

        — Munduko bandidorik handiena da!

        — Zer diozu! Gobernadorea bandidoa? —esan zuen Txitxikovek, ezin ulerturik nolatan litekeen gobernadorea bandidoa izatea—. Egia esan, sekula ez nukeen horrelakorik pentsatuko —jarraitu zuen—. Baina, dela dela, uztazu oharrarazten haren manerak ez direla bandido batenak, alderantziz, guztiz samurra da gauza guztietan.

        Hori esandakoan, gobernadoreak bere eskuekin josten zituen zorrotxoak jarri zituen frogatzat, eta haren begitarte gozoa goraipatu zuen.

        — Begitartea ere bandido batena du, ordea! —esan zuen Sobakevitxek—. Emaiozu labana bat eta utz ezazu bide nagusian: edonor hilko du, edonor garbituko du kopek batengatik! Eta gobernadoreordea ere halakoxea da; zur bereko ezpalak dira biak!

        «Argi zegok ez dela ondo konpontzen haiekin —pentsatu zuen Txitxikovek bere artean—. Poliziaburuaz hitz egingo zioat: lagun duela uste diat.»

        — Kontuak kontu, niri dagokidanez behintzat —esan zuen—, aitortu beharra daukat poliziaburua gustatzen zaidala beste inor baino gehiago. Zer gizon zuzen eta tolesgabea den!; aurpegian antzematen zaio guztiz xaloa dela.

        — Alproja hutsa da baina! —esan zuen Sobakevitxek oso odol hotzez—. Saldu egingo zaitu, ziria sartuko dizu, eta, gainera, zurekin bazkalduko du gero! Ondo asko ezagutzen ditut nik haiek guztiak: alproja hutsak dira; hirian denak dira berdinak: alproja bat beste alproja baten gainean eta hirugarren alproja bat beste biei akuiluka. Azpisugeak denak. Behar bezalako gizon bakarra dago: prokuradorea; eta, egia esan behar badizut, zerria galanta da hura ere.

        Hain biografia laudoriozko baina labur samarrak entzunik, Txitxikov ohartu zen hobe zuela beste funtzionariorik ez aipatu, eta gogoratu zen Sobakevitxek ez zuela gogoko inori buruz iritzi onik ematea.

        — Ea, laztana, goazen bazkaltzera —esan zion emazteak Sobakevitxi.

        — Mesedez! —esan zuen Sobakevitxek.

        Zizka-mizkaz beteriko mahai batera hurbildu ziren hirurak; ohiturari jarraiki, bisitariak eta etxeko jaunak kopa bana vodka edan zuten aurrena, eta Errusia zabaleko hiri eta herri guztietan bazkaldu aurretik zerbitzatu ohi dituzten zizka-mizkak jan zituzten hurrena, hau da, jaki gazituak eta bestelako mokadu bizigarriak. Jangelara abiatu ziren gero, etxekoandrea, antzarak bezala ibiliz, haien aurretik zihoala. Lau plater zeuden mahai txiki batean. Luze gabe, emakume bat eseri zen laugarren tokian; ez zegoen antzematerik zer ote zen: ezkondua edo ezkongabea, senitartekoa, etxeko administratzailea edo apopilo arrunta; ez zeukan kofiarik buruan, hogeita hamar urte ingurukoa zen eta soineko ñabar batez jantzirik zegoen. Badira gizabanakoak zeinak ez dauden mundu honetan objektu gisa, ezpada objektuen izpil edo orban hutsal gisa soilik. Leku berean esertzen dira beti, modu berean eusten diote denek buruari, altzaria ematen dute, eta pentsa daiteke haien ezpainetatik ez dela sekula hitz-erdirik atera; baina neskameen gelan edo janaritegian daudenean, ikaragarri aldatzen dira, bai horixe!

        — Aza-zopa oso gozoa dago gaur, laztana! —esan zuen Sobakevitxek, platerkada zopa zanga-zanga edandakoan eta erretilutik niania-puska ikaragarri handi bat hartuz. Niania delako hori aza-zoparekin batera zerbitzatu ohi den jaki ospetsu bat da: zerri-urdaila artobeltz-ahiz, garunez eta hankaz betea. —Hirian ez duzu honelako nianiarik jango —esan zion Txitxikovi—, deabruak daki zer aterako lizuketen han!

        — Gobernadorearenean, ordea, ondotxo jaten da —esan zuen Txitxikovek.

        — Ez al dakizu han zerez prestatzen duten jatekoa?, jakingo bazenu, ez zenuke ezer jango.

        — Ez dakit nola prestatzen duten, ezin dut horri buruzko iritzirik eman, baina zerri-txuletak eta arrain egosia gozo-gozoak zeuden.

        — Hala irudituko zitzaizun zuri. Baina nik badakit zer erosten duten azokan. Hango sukaldariak, bere lanbidea frantses batengandik ikasi duen gizatxar horrek, katua erosten du, larrutu, eta erbia balitz bezala eramaten du mahaira.

        — Ene, bada!, zein gauza nazkagarriak esaten dituzun —atera zitzaion Sobakevitxen emazteari.

        — Eta zer egingo diot, laztana!, horrelaxe jokatzen dute haien etxeetan, ez da nire errua, horixe egiten dute haiek guztiek. Jaterik ez dagoen guztia, gurean Akulkak baztertu eta, barkatu esatea, zakarrontzira botatzen duen guztia, zopara botatzen dute haiek!, nora eta zopara!, horraxe!

        — Beti esaten dituzu horrelako gauzak mahaian! —esan zuen berriro Sobakevitxen emazteak.

        — Eta zer gertatuko litzateke nik horrelakorik egingo banu, laztana? —esan zuen Sobakevitxek—. Baina zuzen-zuzenean begietara begira diotsut ez dudala inongo asmorik zerrikeriak jaten hasteko. Azukrez ondo estalirik emango balidate ere, ez nuke igelik ahoan sartuko, ezta ostrarik ere: badakit zeren antza duten ostrek. Hartu aharikia —esan zion Txitxikovi—, ahari-saiheskia da, artobeltz-ahiarekin! Ez da handi-mandien sukaldeetan zerez eta azokan lau egun daramatzan edozein ahariz prestatzen duten fricasé hori bezalakoa. Sendagile alemaniar eta frantsesen asmakeriak dira horiek; urkatu egingo nituzke denak horregatik! Dieta asmatu dute, gosearen bidez sendatzen dute jendea! Uste dute alemaniarren barrunbe mizkinari on egiten diona egokia dela errusiarron urdailerako ere. Bada, ez, ez da hala, horiek guztiak haiek asmaturiko kontuak dira, hori guztia... —Horra iritsirik, ezker-eskuin eragin zion buruari, haserre—. Ilustrazioa gora eta ilustrazioa behera aritzen dira denbora guztian; ergelkeria galanta ilustrazioa! Beste hitz bat erabiliko nuke, baina ez da gisakoa mahaian horrelakoak esatea. Nirean ez da horrelakorik gertatzen. Nire etxean, zerria badago, zerri osoa ekartzen dugu mahaira, aharia badago, osorik zerbitzatzen dugu aharia, eta antzara badago, oso-osorik antzara! Nahiago dut gogoak ematen didanetik bi platerkada eder jan.

        Eta frogatu egin zuen esanikoa: ahari-saiheski baten erdia platerera bota, oso-osorik jan, hezurra marraskatu, eta hezurrik txikienak ere miazkatu zituen.

        «Izan ere —pentsatu zuen Txitxikovek—, tripazaku ederra duk gizon hau.»

        — Etxe honetan ez dugu horrelakorik egiten —zioen Sobakevitxek, ezpainzapiaz eskuak garbitzeaz batera—, nirean ez dugu edozein Pliushkinen etxean bezala jokatzen: zortziehun arima ditu eta nire artzainak baino txartoago bizi eta jaten du!

        — Nor da Pliushkin hori? —galdetu zuen Txitxikovek.

        — Alproja bat —erantzun zuen Sobakevitxek—. Zaila da bera baino gizon zekenagorik irudikatzea. Espetxeko presoak bera baino hobeto bizi dira: gosez hil du bere jende guztia.

        — Egia da hori? —galdetu zuen Txitxikovek, jakinminak akuilaturik—. Jendea mordoka hiltzen zaiola diozu?

        — Euliak bezala.

        — Euliak bezala?, ez da izango! Eta hemendik urrun bizi da?

        — Bost verstara.

        — Bost verstara! —egin zuen oihu Txitxikovek, bihotzean astindu txiki bat nabariturik—. Zure etxetik irtenda, ezkerretara ala eskuinetara?

        — Hobe duzu zakur horren etxeko bidea ere ez jakin, benetan! —esan zuen Sobakevitxek—. Barkagarriagoa da edozein leku lizunetara joatea horren etxera inguratzea baino.

        — Ez, ez dut hara joateko asmorik, besterik gabe galdetu dizut; interesatzen zait mota guztietako lekuak ezagutzea —erantzun zion Txitxikovek.

        Ahari-saiheskiaren ondotik, vatrushkak zerbitzatu zituzten, haietako bakoitza platera bera baino askoz handiagoa; gero, txahala adinako indioilar bat ekarri zuten, denetariko jaki gozoz beterik: arrautzaz, arrozaz, gibelaz eta beste hainbat gauzaz, hegaztiaren urdailaren barruan estu-estu sarturik denak. Horrekin amaitu zen bazkaria; baina, mahaitik altxatu zirenean, Txitxikovek sumatu zuen lehen baino pud bat gehiago pisatzen zuela. Egongelara joan ziren. Ordurako, konfitura zegoen han platertxo batean prest; ez zen okaranezkoa, ez madarizkoa, ez ezein baiazkoa konfitura hura, eta, bestetik, ez bisitariak ez etxeko jaunak ez zuten ukitu ere egin. Etxekoandrea gelatik irten zen, platertxo gehiago konfituraz betetzera. Emazteak alde egin zuela baliatuz, Sobakevitxengana hurbildu zen Txitxikov; luze eta zabal eseririk zegoen besaulki batean, zinkurinka hain bazkari oparoaren ostean, ahotik hots ulergaitzak jaulkitzen zitzaizkiola, aitarenka, eta txitean-pitean eskuaz ahoa estaltzen. Honela mintzatu zitzaion Txitxikov:

        — Kontu txiki bati buruz hitz egin nahi nuke zurekin.

        — Hona hemen konfitura gehiago —esan zuen etxekoandreak, platertxo batekin itzulirik—, eztiz gozaturiko errefaua da!

        — Geroago jango dut! —esan zuen Sobakevitxek—. Orain, zoaz zure gelara, Pavel Ivanovitxek eta biok, frakak erantzi, eta lo-kuluxka egingo dugu!

        Etxekoandrea lumatxak eta bururdiak ekar zitzatela agintzeko prest agertu zen berehala, baina etxeko jaunak esan zion: «Utzi, besaulkietan egingo dugu lo-kuluxka». Eta han joan zen emakumea.

        Sobakevitxek apurtxo bat makurtu zuen burua, kontu txiki hura zertan zen entzuteko prest.

        Txitxikovek oso urrunetik heldu zion solasaren hariari, Errusiako Estatuaz hitz egin zuen, handizka, eta sutsuki goraipatu zuen lurraldearen zabala, esanez behialako inperio erromatarra ez zela hain handientsua izan eta atzerritarrek arrazoiz miresten zutela Errusia... Sobakevitxek dena entzuten zuen, burua makurturik. Txitxikovek jakinarazi zion ezen, ospean parekorik ez duen Estatu horretako legeen arabera, nekazarien erroldan errejistraturiko arimak, mundu honetako lanak amaitutakoan, bizirik baleude bezala erroldaturik geratzen direla errolda berria egin arte, Estatuaren bulegoak garrantzirik gabeko eta alferrikako agiri gehiegien zamaz ez itotzearren eta Estatuaren mekanismoa areago ez katramilatzeagatik, oso katramilatsua baita berez... Sobakevitxek dena entzuten zuen, burua makurturik; eta Txitxikovek esan zion ezen, zuzena izanik ere, lege hori, neurri batean behintzat, eragozpen larria zela lurjabe askorentzat, zeren eta zergak ordainarazten baitzizkien nekazari haiek bizirik baleude bezala, eta bera, etxeko nagusia estimu handitan zeukanez, prest zegoela betebehar benetan astun hori bere gain hartzeko. Tentu handiz jardun zuen aferaren mamiaz: hildako nekazariei ez zien arima hilak deitu, ezpada zenduriko arimak.

        Sobakevitxek zirkinik egin gabe entzuten zuen dena, burua makurturik, eta haren aurpegian ez zen imintzio baten antzekorik ezer agertu. Bazirudien gorputz hartan ez zegoela arimarik, edo egon bazegoela, baina ez beharko lukeen tokian, baizik eta, Kostxei hilezkorrarenaren antzera, mendiez bestaldean, eta hain oskol lodian bildurik, ezen beraren barruan higitzen zen guztiak ez baitzuen azalean dardararik txikiena ere eragiten.

        — Eta? —esan zuen Txitxikovek, urduri samar, erantzunaren zain.

        — Zuk arima hilak behar dituzu, ezta? —galdetu zion Sobakevitxek sinpleki, harridura-izpirik gabe, ogiaz mintzo balitz bezala.

        — Bai —erantzun zuen Txitxikovek, eta hitzak bigundu zituen berriro, esanez—: zenduriko arimak, alegia.

        — Izango dira baten batzuk, nola ez... —esan zuen Sobake- vitxek.

        — Eta, izanez gero, zuk, inondik ere... gustura kenduko zenituzke aldetik, ezta?

        — Bai; saltzeko prest nago —esan zuen Sobakevitxek, burua apur bat jasorik, eta ulerturik ezen erosleak, seguraski, etekinen bat aterako zuela hortik.

        «Deabruak naramala —pentsatu zuen Txitxikovek bere artean—, saltzeko prest agertu duk nik horrelakorik iradoki gabe ere!», eta ozenki esan zuen gero:

        — Eta zenbatean salduko zenizkidake? Tira, egia esan, nolako salgaia den kontuan izanik... bitxi samarra da prezioaz hitz egitea, baina...

        — Ez dizut diru gehiegi eskatuko: ehun errublo bakoitzeko —esan zuen Sobakevitxek.

        — Ehun bakoitzeko! —egin zuen espantu Txitxikovek, aho zabalik eta Sobakevitxi begietara tinko so eginez, jakin gabe berak txarto ulertu zuen edo Sobakevitxen mihiak, berez baldar samarra izaki, nolabait okertu eta hitz bat jarri zuen beste baten lekuan.

        — Garesti deritzozu, ala? —esan zuen Sobakevitxek, eta gero gaineratu—: Zein da, bada, zure prezioa?

        — Nire prezioa! Inondik ere, edo okerren bat egin dugu edo ez dugu elkar aditu, ahaztu egin zaigu zertaz ari garen. Tira, eskua bihotzean jarririk, neure prezioa esango dizut: gehienez ere laurogei kopek arima bakoitzeko.

        — Hara bestea!, laurogei kopek!

        — Nire ustez, ezin da gehiago eskatu.

        — Arraioa!, ez dira abarkak, gero!

        — Bai, arrazoi duzu, baina jendea ere ez da.

        — Zer uste duzu, gero?, badela erroldan inskribaturiko arima bakoitza hogei kopekeko prezioan salduko lizukeen ergelik?

        — Barkatu, zergatik deitzen diezu erroldan inskribaturiko arimak? Aspaldi hil dira, oihartzun sumagaitz bat besterik ez dute utzi. Dena dela, gehiago ez eztabaidatzearren, errublo eta erdi emango dizut bakoitzarengatik; nahi baduzu, prezio horretan saldu, ezin dizut gehiago ordaindu.

        — Lotsagarria da prezio hori aipatzea ere! Merke-zuhurrean ari zara, esadazu zeure azken prezioa!

        — Ezin dut, Mikhail Semionovitx, benetan diotsut, ezin dut; eta ezin egin daitekeena ezin egin daiteke —esan zuen Txitxikovek, eta, hala ere, berrogeita hamar kopek gehiago eskaini zituen.

        — Zergatik zara hain zekena? —esan zuen Sobakevitxek—. Oso diru gutxi da hori. Edozein iruzurtik ziria sartu eta zaborra salduko dizu arimen ordez. Nireak, ordea, intxaur batu berriak bezalakoak dira, aukera-aukerakoak denak, zein baino zein hobea: lanbideren bat ez duena ezin indartsuagoa da. Horra hor, esaterako, Mikheiev gurdigilea!, kotxe baleztadunak bakarrik egiten zituen, sendoak eta luzerakoak, eta ez ordu bete soilik irauten duten Moskuko kotxe kaxkar horiek bezalakoak; eta berak bakarrik tapizatu eta bernizatzen zituen, inoren laguntzarik gabe.

        Ahoa ireki zuen Txitxikovek, guztiarekin ere Mikheiev hura aspaldi hil zela esateko, baina Sobakevitx hitz-jario zegoen, mihiak ekarri ahalean hitza eta pitza zeriola:

        — Eta Probka Stepan zurgina? Lepoa egingo nuke ez duzula inon horrelako mujikik aurkituko. Hura gizon puska! Guardian zerbitzatu izan balu, Jainkoak daki noraino iritsiko zen. Hiru arshin eta gehiago zituen goibehean!

        Txitxikovek, berriro ere, oharrarazi nahi izan zion Probka izeneko horrek ere aspaldi egin zituela mundu honetakoak; baina Sobakevitxek, inondik ere, luzerako etorria zuen: hain hitz-uholde handia zerion, ezen entzutea beste aukerarik ez baitzegoen:

        — Horra Milushkin adreilugilea! Labea eraikitzeko gauza zen horren premia zuen edozein etxetan. Eta Maxim Teliatnikov zapataginak, mozkortuta egonik ere, eztena hartu, eta segituan egiten zuen zapata-pare eder askoa. Eta zer esan Jeremei Sorokoplekhini buruz! Berak bakarrik beste guztiek adina balio zuen. Salerosian aritzen zen Moskun, eta bostehun errubloko zergak ordaintzen zizkidan. Nolako jendea! Pliushkin batek ez lizuke horrelako arimarik salduko...

        — Baina, gizona —esan zuen azkenean Txitxikovek, itxuraz amaierarik ez zuen erretolika haren isuri oparoak harriturik—, zergatik aipatzen dizkidazu haien tasun guztiak?, dagoeneko ez dute deus balio, hilik daude denak. Esaera zaharrak dioenez, gorpuak hesiei eusteko besterik ezin erabili.

        — Bai, hilik daude, jakina —esan zuen Sobakevitxek, bere senera etorri eta hain zuzen ere ordurako hilik zeudela gogoratu balu bezala, eta gero erantsi—: Baina zer esan bizirik daudenaz? Zer-nolako jendea da? Euliak dira, ez pertsonak.

        — Baina bizirik daude; besteak, ordea, ameskeriak baizik ez dira.

        — Bai zera!, ez dira ameskeriak! Jakin ezazu ez duzula inon Mikheiev bezalakorik aurkituko; gela honetan ez litzateke sartuko, hain zen handia; ez, ez dira ameskeriak! Zaldiak baino indar handiagoa zuen sorbaldan; jakin nahi nuke hemen ez bada non aurkituko zenukeen horrelako ameskeriarik!

        Bagration eta Kolokotronisen potretak esekirik zeuden hormarantz jiraturik esan zituen azken hitz horiek, hala nola gertatu ohi baita solaskideetako batek, bat-batean eta ageriko arrazoirik gabe, mintzalagunari zuzenean hitz egin ordez, ustekabean iritsi berria den hirugarren bati so egiten dionean; jakin badaki hirugarren horri ez diola ez erantzunik, ez iritzirik eta ez baieztapenik entzungo, baina, hala ere, berarengan finkatzen ditu begiak, elkarrizketan bitartekari jarduteko eskatu nahi balio bezala; eta ezezagunak, lehen uneko nahasmendua gainditurik, ez du jakiten zer egin: erantzun, auziaren nondik norakoei buruz ezertxo ere entzun ez badu ere, edo, bestela, gizalegeak agintzen duena betez, apur batean egon, eta gero joan.

        — Ez, ezin dizut bi errublo baino gehiago eman —esan zuen Txitxikovek.

        — Begira, inolako mesederik egin nahi ez dizudala pentsa ez dezazun, eta gehiegi eskatzen dizudala-eta nirekin haserre ez zaitezen, hirurogeita hamabost errubloan salduko dizut arima bakoitza, baina, hori bai, diru-paperetan ordaindu behar didazu; eta hori guztia adiskideak garelako bakarrik!

        «Hara bestea! —pentsatu zuen Txitxikovek bere artean—. Ergeltzat hartu nauk, ala?», eta ozenki gaineratu zuen:

        — Harriturik nago, benetan: badirudi komedia bat edo halako antzerkiren bat jokatzen ari garela; ezin bestela ulertu egoera hau... Zuk nahikoa gizon buruargia eta ikasia ematen duzu. Hutsaren hurrengo huskeria batez ari gara. Zertarako balio dute arima hilek?, nork behar du halakorik?

        — Zuk, ordea, erosi egiten dituzu, eta horrek esan nahi du haien premia duzula.

        Txitxikovek, hori entzunik, ezpainak hozkatu zituen, zer erantzun ez zekiela. Familiako eta etxeko gorabeherei buruz hitz egiten hasi zen, baina Sobakevitxek jarduna eten zion:

        — Ez dut zertan jakinik zure harremanen berri; ez dut muturra sartu nahi besteren etxeko kontuetan, zeure arazoa duzu hori. Zuk arimak behar dituzu, eta nik salduko dizkizut, eta damutuko zaizu ez erostea.

        — Bi errublo —esan zuen Txitxikovek.

        — Arraioa!, esaera zaharreko Jakov izeneko haren papagaia ematen duzu: buruz zer ikasi, horrekin buka eta horrekin hasi. Bi errublo eskaini, eta ez duzu hortik mugitu nahi. Ea, esadazu zeure azken prezioa!

        «Deabruak eramango ahal hau, zakur zikina alaena! —pentsatu zuen Txitxikovek bere kolkorako—. Errublo erdi gehiago eskainiko diat heure intxaur horietako bakoitzarengatik!»

        — Ondo da, errublo erdi gehiago emango dizut bakoitzeko.

        — Bada, nik ere neure azken hitza esango dizut: berrogeita hamar errublo! Eta galduan irtengo naiz, benetan; inon ez duzu hain jende ona merkeago erosiko!

        «Dirugosea halakoa!», esan zuen Txitxikovek bere artean, eta ozenki gaineratu zuen gero, haserre samar:

        — Baina, gizona... badirudi garrantzi handiko kontu batez ari garela; beste leku batean merke-merke lortuko ditut. Beste edonork pozarren emango dizkit, aldetik lehenbailehen kentzearren. Bai ergela horrelako gauza bat beretzat gorde nahi duena, zertarako eta zerga gehiago ordaintzeko!

        — Baina, gure artean eta adiskide gisa esango dizut, jakin beharko zenuke horrelako gauzak erostea ez dela beti zilegi; nik edo beste edonork horren berri zabalduz gero, horrelako erosketa egin duen gizonak bere sinesgarritasun guztia galduko luke, eta akabo berarentzat tratuak eta irabazpideak.

        «Horra nora iritsi den doilor ustel hau!», pentsatu zuen Txitxikovek, eta, odola hotz zeukalako itxurak eginez, esan zuen:

        — Nahi duzun bezala. Zuk hala uste baduzu ere, ez ditut erosi nahi haien premia dudalako, horretarako gogoa dudalako baizik. Bi errublo eta erdi bakoitzeko; nahi ez baduzu, hor konpon!

        «Burugogorra duk, gero! Ez dik amore ematen», pentsatu zuen Sobakevitxek.

        — Hogeita hamar errublo bakoitzeko, eta zureak dira denak!

        — Ez, argi dago ez dituzula saldu nahi. Agur!

        — Itxaron, itxaron! —esan zuen Sobakevitxek, Txitxikoven eskua askatu gabe eta oina zapalduz, zeren gure protagonistari ahaztu egin baitzitzaion tentu-neurriak hartzea, eta, bere arduragabekeriaren zigor gisa, hor hasi behar izan zuen txistuka eta hanka baten gainean jauzika.

        — Barkatu!, min eman dizut? Eseri hemen, mesedez! Barkatu!

        Hori esandakoan, besaulki batean eseri zuen Txitxikov, zeregin horretan trebetasun handi samarra erakutsiz, hartz bezatua ere trebea izaten baita zenbait langintzatan, ederto aritzen da jira-biraka eta ondo asko ikasi du hainbat ekintza antzezten jabeak honelako galderak egiten dizkiolarik: «Misha, herriko emakumeek nola astintzen dute eskuilatxoekin gorputza, lurrin-bainua hartzen dutenean? Erakutsi! Eta haur txikiek nola egiten dute ilarrak lapurtzean?».

        — Egia esan, denbora alferrik galtzen ari naiz hemen; berandu nabil, gainera.

        — Egon zaitez apur batean hor eserita, atsegin handiz entzungo duzun gauzatxo bat esango dizut.

        Sobakevitxek, berarengandik pixka bat hurbilago eseri, eta ahapeka esan zion belarrira, sekretu bat balitz bezala:

        — Hogeita bost?

        — Hogeita bost errublo esan nahi duzu? Ez, ez, ez, ezta horren laurdena ere, kopek bat gehiago ere ez dizut eskainiko.

        Isildu zen Sobakevitx. Isildu zen Txitxikov ere. Isilaldiak bi minutu inguru iraun zuen. Hormatik, Bagration sudur-kakoak ikusmin handiz begiratzen zion eskatu-eskaini hari.

        — Zein da zure azken prezioa? —esan zuen Sobakevitxek azkenean.

        — Bi eta erdi.

        — Giza arima hutsaren hurrena da zuretzat, argi dago. Emadazu hiru gutxienez!

        — Ezin dut.

        — Alajainkoa, zurekin ez dago ezer egiterik! Galduan irtengo naiz, baina tira, zer egingo diogu!, neure izaera madarikatu honek lagun hurkoari atsegin ematera bultzatzen nau beti azkenean. Orain, noski, eroste-agiria egin beharko dugu eskribauarenean, tratua behar bezala burutze aldera.

        — Bai horixe.

        — Eta, horretarako, hirira joan beharko dugu.

        Halaxe egin zuten tratua. Biak ados jarri, eta erabaki zuten biharamunean bertan joatea hirira, eroste-agiria egitera. Txitxikovek nekazarien zerrenda eskatu zuen. Sobakevitxek ondo iritzi zion halako eskaerari; idazmahaira hurbildu zen berehala, eta, zeregin hori inoren ardurapean utzi gabe, berak ekin zion nekazarien zerrenda osatzeari, izenaren alboan bakoitzaren berezitasun nabarmengarri guztiak idazten zituela.

        Txitxikovek, beste zereginik ez-eta, Sobakevitxen atzean zegoenez, haren gorputzaren eremu zabala begiz arakatzeari ekin zion. Aztertu zuen bizkarra —Viatkaren zaldi potoloena adinakoa—, erreparatu zien hankei —kantoiak babesteko espaloietan ezarri ohi dituzten burdinurtuzko zutoinen antzekoak—, eta, halako ikuskariak kilikaturik, ezin izan zion bere barneko jarioari eutsi: «Ondo hornitu hau Jainkoak, alafede! Esan ohi denez: txarto ebakia baina ondo josia! Hartz jaio hintzen ala bazter-herri honetako bizimoduak, galsoroek eta nekazariekiko harremanek bihurtu haute hartz?, horren guztiaren eraginez zikoiztu haiz? Baina ez: uste diat orain haizen bezalakoxea izango hintzela modaren arabera hezi, mundura jaurti, eta bazter galdu batean barik Petersburgen bizi izan bahintz ere. Alde bakarra zegok: orain, txahal-saiheski erdia ahiarekin eta platera adinako vatrushkak jaten dituk; bestela, txuletak boilurrekin izango hituen janari. Orain, mujikak dituk eskumendean: ondo konpontzen haiz haiekin eta, jakina, ez diek gaitzik egiten, zeren, heureak dituanez, hiretzat kaltea txarto tratatuko bahitu; bestela, funtzionarioak izango hituen heure agindupean, eta, halakoak hire zerbitzari ez izaki, estu erabiliko hituen; edo dirua lapurtuko huen Estatuaren altxorretik! Ez!, eskua itxita daukana ezin eskuzabala izan! Eta ukabileko hatz bat edo bi zabalduz gero, okerrago oraindik. Jakintzaren bat edo beste gaingiroki ikasten saiatuko balitz, gero, jakintza horretan benetan adituak direnak baino jakintsuagoa dela aldarrikatuko likek. Eta, beharbada, zera esango likek halakoren batean: "Orain ikusiko duzue nor naizen!". Eta oso xedapen zentzuzkoa asmatuko likek, hain zentzuzkoa, non makina bat lagunek gorriak ikusiko bailituzkete horren eraginez... Jai genikek jende guztia bera bezain zikoitza balitz!».

        — Prest dago zerrenda —esan zuen Sobakevitxek, jiraturik.

        — Prest daukazu? Ekarri, mesedez!

        Txitxikovek gainbegiratu bat egin zion zerrendari, eta harriturik utzi zuten hango zehaztasunak eta txukuntasunak: nekazarien lanbidea, izen-deiturak, adina eta famili egoera zehatz-mehatz idazteaz gain, bakoitzaren portareari eta edan-urritasunari buruzko oharrak ere ipini zituen Sobakevitxek, orri-bazterrean; hitz batean, atsegin ematen zuen hura ikusteak.

        — Orain, mesedez, zorraren parte bat aurreratu behar didazu, berme gisa! —esan zuen Sobakevitxek.

        — Zertarako behar duzu bermerik? Dena batera jasoko duzu hirian.

        — Baina horrela egin ohi da! —esan zuen Sovakevitxek.

        — Bada, ez dakit zer emango dizudan!, ez daukat dirurik aldean. Tira, hona hemen hamar errublo.

        — Hamar! Emadazu berrogeita hamar gutxienez!

        Txitxikovek ezezkoari eutsi zion; baina Sobakevitxek hain seta handiz ekin zion dirua bazeukala esateari, non beste billete bat atera behar izan baitzuen, esanez:

        — Hona beste hamabost, hogeita bost guztira. Baina ordainagiria egin behar didazu.

        — Zertarako behar duzu ordainagiria?

        — Hobe horrela, zer gerta ere.

        — Ondo da, ekarri dirua!

        — Dirua? Hementxe daukat, eskuan! Ordainagiria idatzi bezain laster emango dizut.

        — Baina, gizona, nolatan egingo dizut ordainagiria? Aurrena dirua ikusi behar dut.

        Eskuan zeuzkan billeteak eman zizkion Txitxikovek. Sobakevitx mahaira hurbildu zen; ezkerreko hatzekin billeteei eutsi, eta beste eskuaz paper-puska batean idatzi zuen hogeita bost errublo hartu zituela, Estatuaren diru-paperetan, salduriko arimengatik jaso beharreko kopuruaren aurrerakin gisa. Oharra idatzitakoan, berriro aztertu zituen billeteak.

        — Billete hau zaharkiturik dago! —esan zuen, billeteetako bat argi kontra aztertuz—, urratu txiki batzuk dauzka; baina, tira, lagun artean ez diogu horri garrantzirik emango.

        «Zikoitza, zikoitza ez bestena! —pentsatu zuen Txitxikovek bere artean—, eta alproja galanta gainera!»

        — Eta emakumezkorik ez duzu nahi?

        — Ez, eskerrik asko.

        — Merke salduko nizkizuke. Zu izateagatik, errublo bat bakoitzeko.

        — Ez, ez dut emakumezkorik behar.

        — Tira, behar ez baduzu, ez dago ezer esatekorik. Gustu kontuetan legerik ez: esaera zaharrak dioenez, batek popea gustuko eta beste batek popearen emaztea gogoko.

        — Tratu honen berri ez zabaltzeko eskatu nahi nizuke —esan zuen Txitxikovek, agurtzeko tenorean.

        — Bai, halaxe uste dut nik ere. Hirugarren batek traba besterik ez luke egingo hemen; adiskide minek elkarrenganako uste onak bultzaturik egindakoak gorderik geratu behar du haien arteko adiskidetasunaren babesean. Agur! Estimatzen dizut bisita; hemendik aurrera, ez ahaztu: astialditxo bat izan bezain laster, etorri hona bazkaltzera eta denbora pasatzera. Agian, elkarri mesederen bat egiteko aukera sortuko da berriro ere.

        «Hago horretan! —pentsatu zuen Txitxikovek bere kolkorako, britxkara igotzeaz batera—. Bi errublo eta erdi kendu dizkidak arima bakoitzeko, zeken ustel horrek!»

        Ez zegoen pozik Sobakevitxen jokaerarekin. Izan ere, elkar ezaguten zuten, elkarrekin egonak ziren gobernadorearenean eta poliziaburuarenean, eta, hala ere, ezagutuko ez balu bezala tratatu zuen, eta dirua eskatu zion deus balio ez zuen zabor baten aldera! Britxka patiotik atera zelarik, atzera begiratu zuen Txitxikovek, eta ikusi zuen Sobakevitx ataurrean zegoela oraindik eta, itxuraz, tinko begira zeukala, nongo bidea hartuko ote zuen jakin nahirik.

        — Hor dago oraindik doilor hori! —murmurikatu zuen hortz artean, eta, jauretxetik kotxea ikusterik izan ez zezaten, bidetik baztertzeko eta nekazarien izbetarantz joateko agindu zion Selifani. Pliushkinen herrixkara joateko asmoa zuen —zeren, Sobakevitxek esandakoaren arabera, jendea euliak bezala hiltzen baitzen han—, baina ez zuen nahi Sobakevitxek horren berri jakin zezan. Britxka herrixkaren amaierara iritsi zenean, beregana deitu zion ikusi zuen aurreneko mujikari, zeinak, inurri nekaezinen antzera, bidean aurkituriko enbor lodi-lodi bat baitzeraman lepoan, bere izbarantz.

        — Aizak, bizardun hori!, nola joan naiteke Pliushkinen herrixkara nagusiaren etxe albotik pasatu gabe?

        Galdera horrek, nonbait, nahasi egin zuen mujika.

        — Zer, ez dakik, ala?

        — Ez, jauna, ez dakit.

        — Zer diok, gero!, urdindurik daukak ilea dagoeneko, eta ez duk ezagutzen Pliushkin, bere jendeari janari urria ematen dion gizon zeken hori?

        — Ah!, adabatua, adabatua! —egin zuen oihu mujikak.

        «Adabatu» hitzari beste izen bat erantsi zion, oso egokia, baina ohiz kanpokoa eguneroko hizkeran, eta, horrenbestez, aipatu gabe utziko dugu. Dena dela, kontu egin dezakegu aukera-aukerakoa zela hitz hura, zeren, Txitxikov, bidean aurrera tarte luzea ibili eta gero ere, barrez baitzihoan bere britxkan, nahiz eta mujika aspaldi desagertu zen begien bistatik. Gogoko ditu errusiarrak esapide gordinak!, eta norbaiti goitizena jarriz gero, ezizen hori eramango dute haren ondorengoek ere, halaxe deituko diote lan-sasoian eta erretiroa hartutakoan, halaxe esango diote Petersburgen zein munduaren araurrenean; eta delako horrek denetariko amarruak baliatuko ditu bere gaitzizena duintzeko, dirua emango die zenbait idazle kaxkarri izen hori antzinako printze-leinu batetik datorrela zabal dezaten, baina ustel aterako zaizkio saio horiek guztiak: ezizenak berak lau haizeetara aldarrikatuko du egia, eta argi salatuko zein zulotatik atera den azeri hori. Ezizena neurri-neurrikoa izanez gero, ahoz aho hedatzen bada ere, hitz idatzia bezain ezabaezina da: aizkorakadaka ere ezin ezpaldu. Eta ezin doiagoa izaten da Errusiaren barren-barrenetik sorturiko guztia; hor, Errusiaren bihotzean, non ez baitago alemaniarrik, finlandiarrik edo bestelako herririk, errusiarraren adimen berez zorrotz eta bizia da nagusi, eta errusiarrak ez du legarrik ahoan, ez ditu hitzak egosten —oilalokak arrautzak txitatzen dituen bezala—, hitzetik hortzera asmatzen ditu, bizitza osorako nortasun-agiria bailiran, eta, hitz egokia aurkiturik, ez dio ezer gehiagorik erantsiko, ez du —esaterako— sudurrari edo ezpainei buruzko zertzeladez apainduko; marra bat pintatu, eta bukatua du potreta, burutik oinetarainoko potret biribila!

        Ezin konta ahal eliza eta monasterio daude gure Rus santu eta jainkozale honetako luze-zabal osoan barreiaturik, beren kupula, gopoil eta gurutzeekin; bada, mundu honetako leinu, enda eta herriak ere halaxe, ezin konta ahal dira, lurraren azal osoa estaltzen dute, batetik bestera mugitzen dira, beren aniztasunean bilduma ñabarra osatuz. Eta herri bakoitzak aldean darama bere ahalmenen altxorra, bere arimaren indar sortzailea, bere nortasun berdingabea eta Jainkoak emaniko bestelako dohainak; herri bakoitzak bere hitzak erabiltzen ditu gauzak izendatzeko, eta hitz horiek haren izaeraren alderdi bana agerrarazten dute, eta gainerako herrietatik bereizten. Britainiarren hitzek bizitzaren eta giza bihotzaren ezagutza sakona erakusten dute; frantziarren berbak bizialdi laburrekoak dira: lipar batez apain eta dotore distiratu, eta berehala itzaltzen dira; alemaniarren gogamen zorrotzak hitz korapilatsuak sortzen ditu, ulergaitzak askorentzat; baina, bete-betean asmatzen duenean, ez dago errusiarrarena bezain hitz esanguratsu eta adierazgarririk, bihotzean hain sakon erroturik, hain gar bizia darionik, bere baitan hain bizitasun handia gordetzen duenik.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia