Laugarren kapitulua

 

        Ostatura iritsirik, kotxea gelditzeko agindu zuen Txitxikovek, bi arrazoirengatik: batetik, zaldiei atseden emateko, eta bestetik, berak zerbait jateko eta indarrak berritzeko. Autoreak aitortu beharra dauka izugarri gustatuko litzaiokeela horrelako jendearen jangura eta urdaila edukitzea. Moskuko eta Petersburgeko handiki askok bihar zer jango duten eta etzi zer bazkalduko duten pentsatzen ematen dute denbora guztia, eta ez diote jateari ekingo aurretiaz pilularen bat hartu gabe; irrikaz irensten dituzte ostrak, karramarroak eta bestelako jaki bitxiak, eta Karlsbad-era edo Kaukasora joaten dira gero. Bada, goi-mailako jaun horiek guztiek bost axola diote autoreari, ez du haiek bezalakoa izateko gogo-izpirik ere sumatzen. Erdi-mailako jaunek, ordea, posta-geltoki batean urdaiazpikoa eskatzen dute, beste batean zerrikumea, hirugarren batean gaizkata-zerra edo zeinahi hestebete —egosirik eta tipularekin—, eta gero, ezer gertatu ez balitz bezala eta orduari erreparatu gabe, mahaira esertzen dira eta gaizkata-zopa hartzen dute, aholatzarekin eta hazi-guruinekin, eta gero pastel mordoa jaten dute, okelaz edo katuarrainez beteak, ikuste hutsarekin tripa-zorria esnatzen duten horietakoak. Erdi-mailako jaun horiek bai, horiek badute halako dohain irrikagarri bat, zeruaren opari! Goi-mailako jaun batek baino gehiagok bertantxe uko egingo lieke bere nekazarien erdiei eta bere ondasunen erdiei —bahituran jarritakoei nahiz jarri gabeei, atzerriko zein Errusiako joeren araberako hobekuntza guztiekin—, erdi-mailako jaunek daukaten urdaila edukitzeagatik; baina —haien zoritxarra!— ez diruarekin eta ez ondasun guztiekin —hobekuntza eta guzti edo batere hobekuntzarik gabe— ezin jabe daitezke erdi-mailako jaunen urdailaz.

        Zurezko ostatu denboraren joanak belztuak bere teilape abegitsu eta estuaren azpian hartu zuen Txitxikov, antzina elizetan egon ohi ziren argimutilen antzera landuriko bere zutabetxo zurezkoen artean. Ostatua izba baten antzekoa zen, baina handiagoa. Leihoen inguruko eta teilatu-hegalaren azpiko erlaitzek abarrak eta loreak zeuzkaten zizelaturik, eta, zura berria zenez, oso modu deigarrian nabarmentzen ziren horma ilunen aldean; leihotapetan lore-ontziak zeuden pintaturik.

        Zurezko mailadi meharrean gora igo, eta, bebarru zabalera iritsirik, irekitzean kirrinka egiten zuen ate bat aurkitu zuen Txitxikovek, eta, ateaz bestaldean, perkalezko soineko ñabar batez jantziriko emakume lodi adineko bat, zeinak «Mesedez, sartu barrura» esan baitzion. Bide-ertzeko zurezko ostatutxo ugarietan aurkitu ohi diren lagun zahar guztiak kausitu zituen Txitxikovek gela hartan ere, hau da: samovar intzigarrez estalia; pinuzko horma ondo leunduak; hiru ertzeko alasa zoko batean, teontzi eta katiluz beterik; portzelanazko arrautza urreztatuak ikonoen aurrean, ohiko xingola urdin eta gorrietatik zintzilik; katemea bere katakume jaio berriekin; bi begi barik lau eta aurpegia barik opilaren antzeko irudi biribil bat itzultzen dituen ispilua; eta, azkenik, azaoka bilduriko usain-belarrak eta krabelinak ikonoen alboan, hain zimelduak, non usaintzeko asmoz hurbiltzen zaienak usin besterik ez baitu egiten.

        — Badaukazu zerrikumerik?

        Galdera horrekin zuzendu zitzaion Txitxikov ostatuko emakume zaharrari.

        — Bai, badaukat.

        — Errefauekin eta esne-krema garratzarekin?

        — Bai, errefauekin eta esne-krema garratzarekin.

        — Ekartzazu, bada!

        Lanari ekin zion emakume zaharrak, eta berehala ekarri zituen platera, ezpainzapia —zuhaitz baten azal lehorra bezain zurruna, hain baitzegoen almidoiztaturik—, ganibet bat —idazlumak zorrozteko erabiltzen diren labanak bezain mehea eta hezurrezko kirtena horizkaturik zeukana—, bi hortzeko sardexka bat eta, azkenik, gatzontzia, zeina ez baitzegoen mahai gainean tente jartzerik.

        Gure protagonista, ohi zuenez, berehala hasi zen emakumearekin berbetan; galdetu zion ea ugazabarik zegoen edo berak gobernatzen zuen ostatua, ea etekin handiak ematen zizkion, ea seme-alabak ostatuan bertan bizi ziren gurasoekin batera eta ea seme nagusia ezkongabea ala ezkondua zen, ea norekin zegoen ezkondurik, ea ezkontsaria handia ala txikia izan zen, ea aitaginarreba pozik geratu zen ala haserretu egin zen ezkontzan opari gutxi jaso zituelako; hitz batean, ez zitzaion ahaztu ezertxo ere galdetzea. Beti bezala —esan beharrik ere ez dago— inguru hartako lurjabeen galdea ere egin zuen, eta jakin zuen bazela mordoxka bat: Blokhin, Potxitaiev, Milnoi, Txeprakov koronela, Sobakevitx. «Hara!, ezagutzen duzu Sobakevitx?», galdetu zuen, eta berehala entzun zuen ezen emakume zaharrak Sobakevitx ez ezik Manilov ere ezagutzen zuela, eta Manilov Sobakevitx baino eskuzabalagoa zela: heldu eta berehala, oilakia apailatzeko agintzen zuen beti, eta txahalkia ere eskatzen zuen, eta, ahari-gibela egonez gero, ahari-gibela ere galdegiten zuen, eta bakoitzetik apurtxo bat besterik ez zuen jaten, dastatzeko doia; Sobakevitxek, ordea, jaki bakarra eskatu ohi zuen, eta, platera husteaz gain, gehiago nahi izaten zuen beti, baina, hori bai, prezio berean.

        Horretan ari zela —hizketan eta, aldi berean, zerrikumea jaten, zeinaren azken hondarrak soilik geratzen baitzitzaizkion platerean— zalgurdi baten gurpil-hotsa entzun zen. Leihotik begiratu, eta hiru zaldi ederri loturiko britxka arin bat ikusi zuen ostatu aurrean geldirik. Bi gizon jaitsi ziren britxkatik. Bata ilehoria zen, eta garaia; bestea apur bat baxuagoa, eta ilebeltza. Ilehoriak kolore urdin iluneko husar-jaka dotore bat zeraman soinean; ilebeltzak, berriz, zamar arrunt bat, marraduna. Urruntxeago, kalesa txiki bat zetorren nekez eta astiro, hutsik, lau zaldi ile-luzek tiraturik; zaldien lepokoak zarrastaturik zeuden eta hedeak sokazkoak ziren. Ilehoria berehala igo zen zurubian gora; ilebeltza, aldiz, kanpoan geratu zen pixka batean oraindik, britxka barruan zegoen zerbait eskuaz ukitzen, horretan ari zela morroiarekin hizketan eta, aldi berean, atzetik zetorren kalesari keinuka. Haren ahotsa non edo non entzuna zuela iruditu zitzaion Txitxikovi. Ilebeltza aztertzen ari zen bitartean, ilehoriak gora iristeko eta atea irekitzeko denbora izan zuen. Garaia zen, bibotetxo ilegorria zuen, eta aurpegi iharra —edo zimeldua, hainbatek hala esaten diote eta. Aurpegi beltzaranak argi salatzen zuen ondo asko zekiela zer den kea, bolborarena ez bada, bai behintzat tabakoarena. Buru-markurtu adeitsua egin zion Txitxikovi, eta Txitxikovek modu berean erantzun zion. Seguraski, handik minutu gutxira hitz eta pitz arituko ziren biak, eta zehatz-mehatz jakingo zuten elkarren berri, zeren egina baitzuten aurreneko urratsa, eta, ia aho batez, zeinek bere poza agertuko zuen bezperako euriak bideko hautsa lurrari finko itsatsi ziolako eta, hozkirri egonik, atsegina zelako bidaiatzea; nolanahi ere, horretan hasteko zorian zeudela, ilehoriaren lagun ilebeltza sartu zen; kapelua erantzi, mahai gainera bota, eta adats beltz sarria harrotu zuen eskuaren mugimendu lirain batez. Oso gorpuzkera ederreko gaztea zen, goibehe ertainekoa; haren masailak mamitsuak eta zurigorriak ziren, hortzak elurra bezain zuriak eta belarrondoko bizarrak ikatza bezain beltzak. Aurpegiak —mardula eta gorrixka, sagar umoaren antzo— osasun gordina agertzen zuen.

        — Hara, hara, hara! —esan zuen hitzetik hortzera, besoak zabaldurik, Txitxikov ikusi zuenean—. Zer dela eta hi hemen?

        Txitxikov orduan ohartu zen Nozdriov zeukala aurrean, prokuradorearenean bazkalkide izan zuen hura bera, zeina orduko hartan hain sutsuki zaletu zitzaion minutu gutxiren buruan, non hika hasi baitzitzaion berehala, nahiz eta Txitxikovek, bere aldetik, ez zion horretarako biderik eman.

        — Non ibili haiz? —galdetu zion Nozdriovek, eta, erantzunari itxaron gabe, kontu-kontari hasi zen—: Ni, adiskidea, azokatik natorrek. Eta zorionak eman behar dizkidak: den-dena galdu diat jokoan. Sinetsidak, bizitza osoan sekula ez naitek horrela lumatu. Akurako kotxe batean etorri behar izan diat. Begira ezak leihotik!

        Berak makurtu zion burua Txitxikovi, hain bortizki, ezen erroa jotzeko zorian egon baitzen.

        — Ezin kaxkarragoa, ezta? Zaldi deabru horiek ozta-ozta heldu dituk honaino; honen britxkara pasatu nauk azkenean.

        Hori esanik, hatzaz seinalatu zuen laguna.

        — Oraindik ez duzue elkar ezagutzen? Nire koinatu Mijuiev! Goiz osoan aritu gaituk hitaz berbetan. «Ikusiko duk, esan zioat, han edo hemen topo egingo diagu Txitxikovekin.» Arranopola, motel, jakingo bahu nola lumatu nauten! Sinetsidak, lau zaldiak ez ezik, gainerako guztia ere galdu diat, ezer gabe geratu nauk. Dagoeneko ez zeukaat ez katetxorik ez erlojurik ez ezer...

        Txitxikovek begiratu, eta ikusi zuen hala zela, ez zeukala ez katetxorik ez erlojurik. Gainera, iruditu zitzaion belarrondoko bizarretako bat bestea baino laburrago eta ile-bakanago zeukala.

        — Poltsikoan hogei errublo eduki banitu —jarraitu zuen Nozdriovek—, gehiagorik ez, hogei bakarrik eduki banitu, galdutako guztia berreskuratuko nikean, eta, galdutakoa berreskuratzeaz gain, hitzematen diat orain hogeita hamar mila errublo edukiko nituela zorroan.

        — Baita zera ere!, gauza bera esan huen han —erantzun zion ilehoriak—, baina berrogeita hamar errublo utzi nizkian eta segituan galdu hituen.

        — Ez nitian galduko, aizak! Hitzematen diat ez nituela galduko! Lelokeriarik egin izan ez banu, ez nitian galduko, ziur! Apustua zazpiko madarikatu haren alde bikoiztu ez banu, bankako diru guztia eskuratuko nian.

        — Baina kontua duk ez huela eskuratu —esan zion ilehoriak.

        — Ez nian asmatu apustua noiz bikoiztu, horregatik ez nian eskuratu. Zer uste duk, gero?, hire komandante hori jokalari ona dela?

        — Jokalari ona zein txarra izan, irabazi egin dik.

        — Hori duk balentria, hori! —esan zuen Nozdriovek—. Horrela nik ere irabaziko nioan. Ausar dadila apustua bikoizten, eta orduan, orduan ikusiko diat zein jokalari ona den! Kontuak kontu, Txitxikov adiskidea, parranda itzela egin genian aurreneko egunetan. Azoka egundokoa izan duk. Merkatariek berek ziotenez, sekula ez duk hainbeste jende bildu. Oso prezio onean saldu diagu herritik eramandako guztia. Bai, adiskidea, parranda itzela egin diagu! Orain ere, gogoratzen naizenean... Mila deabru!, bai tamalgarria hi joan ez izana. Egin kontu hiritik hiru verstara dragoi-errejimentu bat zegoela; eta sinetsiko didak ofizial guzti-guztiak, berrogei inguru, hirian zebiltzala? Edaten hasi ginenean... Potseluiev kapitainordea... Bai gizon atsegina!, eta nolako bibotea zeukaan, motel! Bordeletxoa deitzen zioan Bordeleko ardoari: «Aizak, atera ezak bordeletxoa», esaten zian. Kuvshinnikov tenientea... Arraioa, adiskidea, hori gizon jatorra!, parrandazale porrokatua, festazalea festazalerik bada. Berarekin ibili gintuan denbora guztian. Nolako ardoa atera ziguan Ponomarievek! Tunante hutsa duk, beraren saltokian ezin duk ezer erosi, eta, gainera, denetariko zerrikeriak botatzen zizkiok ardoari: sandaloa, artelazki errea... intsusarekin ere nahasten dik alproja horrek!; baina atzeko gelatxotik (gordelekua esaten ziok berak) botilaren bat ateratzen badik, paradisuan hago, aizak. Zer-nolako xanpaina!, gobernadoraren etxekoa kvas hutsa duk horren aldean. Egin kontu ez zela Clicquot arrunta, ezpada matradura esaten dioten Clicquot bat, zera, Clicquot bi aldiz ona. Bon-bon izeneko edari frantses bat ere atera ziguan, botilatxo bat. Nolako usaina?: arrosatxoena eta hik nahi duan guztiarena. Parranda itzela, alajaina!... Gure ondotik halako printze bat iritsi zuan, eta dendara bidali zian morroia xanpaina bila, zeren hiri osoan ez zuan botila bat bera ere geratzen, ofizialek den-denak hustuak zitiztean eta. Sinetsiko didak bazkaritan hamazazpi botila xanpaina edan nituela nik bakarrik?

        — Bai zera!, hi ez haiz hamazazpi botila edateko gauza —oharrarazi zion ilehoriak.

        — Hitzematen diat hamazazpi edan nituela —erantzun zuen Nozdriovek.

        — Hik nahi duana esan dezakek, baina nik zioat ez haizela hamar ere edateko gauza.

        — Apustu egin nahi duk baietz edan?

        — Eta zer jokatuko genuke?

        — Hirian erosi duan fusil hori.

        — Ez diat nahi.

        — Joka ezak, gero!, proba egin!

        — Ez diat probarik egin nahi.

        — Jakina, fusila ere galduko huke, txanoa galdu duan bezala. Ai, Txitxikov adiskidea!, bai tamalgarria hi azokan ez izana. Ziur nagok ez hintzela Kuvshinnikov tenientearengandik urrunduko. Primeran konponduko hintzen berarekin! Ez duk prokuradorea eta probintziako funtzionario esku-labur zeken horiek bezalakoa, haiek kopek bakoitza begiratzen ditek eta. Kuvshinnikov horri edozertan jokatzeko proposatu, eta bera beti prest. Zergatik ez hintzen gurekin etorri? Merezi zian, bai horixe! Zerria galanta hi, zerrikumea galanta ez etortzeagatik! Eman musu pare bat, gizona, ikaragarri maite haut eta! Begira, Mijuiev, patuak elkartu gaitik: ez diagu inolako loturarik elkarrekin, bera auskalo nondik etorri den, eta ni berton bizi nauk... Eta zenbat zaldi-kotxe zebilen kalean!, mordoa, en gros! Joko-txirringan aritu ninduan: bi ukendu-pote, gitarra bat eta portzelanazko katilu bat irabazi nitian hasieran; gero, dena jokatu eta ezer gabe geratu ninduan, eta gainera sei errublo ordainarazi zizkidatean hango gizatxar haiek. Eta jakingo bahu zein gonazalea den Kuvshinnikov! Ia dantzaldi guztietan izan gintuan berarekin. Bazuan emakume bat oso apaina, dotore-dotore jantzirik, farfail, brodatu eta guzti, deabruak zekik zer ez zeukan aldean... nik neure artean «Mila deabru!» esan besterik ez nian egin. Baina Kuvshinnikov, ausarta bera, aldamenean eseri eta hitz gozoak esaten hasi zitzaioan frantsesez... Herrietatik inguratutako emakume arruntei ere ez ziean bakerik ematen, sinetsidak. Aukera alferrik ez galtzea esaten zioan horri. Arraina ere bazegoan salgai, gaizkata-bizkar gazitu ederrak. Bat ekarri diat; eskerrak diru guztia galdu aurretik erosi nuen. Eta hi nora joango haiz orain?

        — Lagun bat ikustera —esan zuen Txitxikovek.

        — Pikutara lagun hori! Hator nirekin!

        — Ezin diat, neure eginbeharrak ditiat.

        — Eginbeharrak! Oraintxe asmatu duk hori!

        — Ez, egia duk, ezin baztertuzko eginbeharrak ditiat.

        — Lepoa egingo nikek gezurretan ari haizela! Esadak gutxienez nor ikusi behar duan.

        — Sobakevitx.

        Nozdriov barre-algaraka hasi zen orduan, gizabanako gordin eta osasuntsuek bakarrik egiten duten irri ozen horrekin. Horrela barre egiten dutenean, hortz-hagin guztiak erakusten dituzte, elurra bezain zuri, masailak dardaraka eta dantzan hasten zaizkie, eta bi ate edo hiru gela harantzago bizi den auzoak esnatu, begiak biribil-biribil zabaldu, eta esaten du: «Hori duk barre egitea!».

        — Zer dela eta horrelako barreak? —esan zuen Txitxikovek, apur bat gaitziturik.

        Baina Nozdriovek barre-zantzoka jarraitu zuen, esanez:

        — Ai ene, erruki hadi nitaz, barrez lehertu beharrean nagok eta!

        — Kontua ez duk, ordea, barre egitekoa: hitzeman zioat joango naizela —esan zuen Txitxikovek.

        — Baina haren etxean ez duk batere atarramentu onik izango: zeken hutsa duk! Bazekiat nolakoa haizen hi, eta jai daukak harenean jokoan aritzeko edo edari onik dastatzeko aukerarik izango duala uste baduk. Entzun, adiskidea: doala pikutara Sobakevitx hori!, hator nirekin! Arrain gazitu ederra jango diagu! Ponomarievek, azeri horrek, zera esan ziguan agurtzean: «Zuretzat bakarrik, jauna; gogotik bilatu arren, azoka osoan ez duzu honen parekorik aurkituko». Baina maltzurkeria besterik ez zerabilek alproja horrek. Nik zera esan nioan aurpegira: «Hi eta gure zerga-biltzailea munduko lapurrik handienak zarete». Eta bera barrezka, bizarra laztantzen zuen bitartean. Kuvshinnikovek eta biok haren txosnan gosaltzen genian egunero. Hara, adiskidea, ahaztu egin zaidak esatea!: bazekiat ikusitakoan ez didaala bakerik emango, baina aldez aurretik oharrarazten diat ez diadala hamar mila errubloren aldera ere salduko. Aizak, Porfiri! —egin zion oihu, leihora hurbildurik, morroiari. Morroiak labana zeukan esku batean, eta ogi-azal bat eta arrain gazitu puska bat bestean, britxkatik zerbait ateratzera joan zen batean handik hartu baitzuen, bidenabar eta egokieraz baliaturik—. Aizak, Porfiri! —egin zion oihu Nozdriovek—, ekartzak zakurkumea! Nolako zakurkumea! —erantsi zuen gero, Txitxikovenganantz jiraturik—. Lapurtu egin diat, jabeak ez zian-eta ezeren truke eman nahi. Nik agindu nioan zaldi gaztainkara argia emango niola, badakik, Khvostirievi aldatu nion hura...

        Txitxikovek, ordea, sekula ez zuen ikusi ez zaldi gaztainkara argi hura ez Khvostiriev delako hori.

        — Ez duzu ezer jan nahi, jauna? —galdetu zion une horretan ostatuko emakume zaharrak Nozdriovi, berarengana hurbildurik.

        — Ez. Parranda itzela egin diagu, adiskidea, bai horixe! Tira, ekarri kopa bat likore. Zer daukazu?

        — Anisa —erantzun zuen emakume zaharrak.

        — Ekartzazu, bada, anisa —esan zuen Nozdriovek.

        — Niri ere ekarri! —esan zuen ilehoriak.

        — Antzerkian bazuan aktoresa bat kanarioek bezala kantatzen zuena. Kuvshinnikov nire alboan zegoan eserita, eta zera esan zian: «Hara, adiskidea, ez diagu aukera hau alferrik galdu behar!». Berrogeita hamar txosna bazituan azokan. Fenardi-k lau ordu egin zitian jira-biraka, haize-errotaren antzera.

        Hori esandakoan, kopa hartu zion emakume zaharrari eskutik, eta emakumeak buru-makurtu handia egin zion.

        — Hara!, ekartzak hona! —egin zuen oihu Porfiri ikusirik, zakurkumearekin sartu berria baitzen. Nagusia bezala jantzirik zegoen Porfiri, kotoizko zamar arrunt batez; berarena, ordea, zikin samar zegoen.

        — Ekarri hona, utzi lurrean!

        Porfirik lurrean ipini zuen. Zakurkumea lau hankak luzatu eta zoruari usain egiten hasi zen.

        — Zakurkume ederra! —esan zuen Nozdriovek, zakurkumea bizkarretik hartu eta apur bat altxatuz. Zakurkumeak intziri errukarria egin zuen.

        — Dena dela, ez duk egin agindu niana —esan zion Nozdriovek Porfiriri, zakurkumearen sabelpea arretaz aztertzen zuen bitartean—. Ez al duk orrazteko asmorik?

        — Orraztu dut.

        — Eta nondik atera dira arkakuso hauek?

        — Ez dakit. Beharbada, kotxean harrapatu ditu.

        — Gezurra, gezur hutsa, ez duk orraztu; eta gainera, ziur nagok heure arkakusoak pasatu dizkioala. Begira, Txitxikov, nolako belarriak. Ukitu, ukitu.

        — Zertarako ukitu?, argi zegok arraza onekoa dela.

        — Ez, har ezak, ukitu eskuaz belarriak.

        Txitxikovek, lagunari gustu ematearren, zakurkumearen belarriak ukitu zituen eskuaz, eta gero esan:

        — Bai, zakur ona izango duk.

        — Eta sudurra?, konturatu haiz zein hotz daukan sudurra? Ukitu, ukitu eskuaz.

        Txitxikovek, ez baitzuen bestea mindu nahi, ukitu zion sudurra ere, eta esan:

        — Usaimen ona.

        — Ehiza-zakur bikaina —jarraitu zuen Nozdriovek—. Aitortu beharra zeukaat aspalditik nengoela ehiza-zakur bat edukitzeko irrikan. Porfiri, eraman ezak!

        Porfirik sabelpetik hartu eta kotxera eraman zuen berriro zakurkumea.

        — Entzun, Txitxikov, orain nire etxera etorri behar duk, derrigorrean; bost verstako bidea besterik ez zegok, aitaren batean helduko gaituk, eta gero, nahi baduk, Sobakevitxenera joango haiz handik.

        «Zergatik ez? —pentsatu zuen Txitxikovek—. Joango nauk Nozdriovenera. Ez duk beste inor baino okerragoa, eta, gainera, dena galdu dik jokoan. Bazirudik edozertarako gauza dela, eta, horrenbestez, zerbait atera ahal izango zioat musu-truk.»

        — Ondo zegok, goazen! —esan zuen—. Baina ez nauk luzaz geratuko, nire denbora baliotsua duk eta.

        — Ederki! Hori duk eta, adiskidea! Etorri hona, musu pare bat emango diat oraintxe bertan! —Nozdriovek eta Txitxikovek musu eman zioten elkarri—. Oso ondo: elkarrekin joango gaituk hirurok!

        — Ni ez; barkatuko didak, baina etxera itzuli behar diat —esan zuen ilehoriak.

        — Lelokeriak, gizona, lelokeriak!; ez diat alde egiten utziko.

        — Joan beharra zeukaat, gero!, emaztea haserretu egingo zaidak bestela. Gainera, orain honen britxkan joan haiteke.

        — Ez, ez, ez! Ezta pentsatu ere!

        Ilehoria, lehen begiratuan egoskor samarrak ematen duten pertsona horietakoa zen. Dena eztabaidatzeko prest agertzen dira solaskideak ahoa zabaltzeko denbora izan baino lehen; itxuraz, sekula ez dute ontzat emango haien pentsamoldearen kontra argi eta garbi jotzen duen ideiarik, inoiz ez diote ergelari buruargia deituko eta, batez ere, ez dute onartuko besteren doinuaren hotsean dantzatzea; baina, azkenean, gertatu ohi da egosberak direla: ontzat emango dute hasieran gaitzetsi dutena, buruargia deituko diote ergelari eta ezin hobeto dantzatuko dira besteren doinuaren hotsean; hitz gutxitan, azala gogor eta mamia bigun.

        — Zozokeriak! —erantzun zien Nozdriovek ilehoriaren aitzakiei. Jantzi zion txanoa buruan, eta han joan zen ilehoria haien atzetik.

        — Ez didazu ordaindu edaria, jauna... —esan zuen ostatuko emakume zaharrak.

        — Arrazoi duzu, arrazoi duzu, emakumea! Koinatua, ordain ezak, mesedez. Kopek bat ere ez zeukaat poltsikoan.

        — Zenbat da? —galdetu zuen koinatuak.

        — Hogei kopek bakarrik, jauna —esan zuen emakume zaharrak.

        — Gezurra, gezurretan ari zara. Emaiok erdia, aski duk hori.

        — Oso gutxi da, jauna —esan zuen emakume zaharrak, baina esker onez hartu zuen dirua eta, gainera, arrapaladan joan zen atea irekitzera. Ez zen galduan irten, edariak balio zuena baino lau aldiz gehiago eskatu zuen eta.

        Kotxeetara igo ziren bidaiariak. Txitxikoven britxka Nozdrioven eta koinatuaren britxkaren alboan zihoan eta, halatan, bidaldian eragozpenik gabe hitz egin ahal izan zuten hirurek elkarrekin. Haien atzetik, behin eta berriro geldituz, Nozdrioven kalesa txikia zihoan, akurako zaldi argalek tiraturik, Porfiri eta zakurkumea zeramatzala.

        Bidaiarien arteko solasa irakurlearentzat oso interesgarria ez denez, hobe izango dugu zer edo zer esan Nozdrioven gainean, zeren eta, beharbada, garrantzi handiko papera jokatuko baitu gure poema honetan.

        Nozdrioven izaera, inondik ere, ezagun samarra da irakurlearentzat. Horrelako gizakume asko aurkitzen ditu edonork bizitzan. Gazte erneak deitu ohi zaie; haur-denboran, lagun onak direlako ospea hartzen dute eskolan, eta, hala ere, jipoi izugarriak ematen dizkiete. Irekiak, tolesgabeak eta adoretsuak direlako zantzuak igartzen zaizkie beti aurpegian. Berehala egiten dira guztien lagun, eta, konturatzen zarenerako, hika hasi zaizkizu. Haien adiskidetasunak bizitza osorako izango dela ematen du, baina, ia beti, lagun berriek muzin egiten diete adiskidetasuna ospatzeko antolaturiko jaian bertan. Berritsuak izan ohi dira, gautxoriak, ausartak, edonon nabarmentzen diren horietakoak. Hogeita hamabost urterekin, Nozdriov, hemezortzi edo hogei urterekin bezalakoxea zen: festazale amorratua. Ezkontzeak ez zuen ezertan ere aldatu, zeren, besteak beste, emaztea berehala joan zitzaion beste mundura, bi umetxo utzirik, berak ezertarako ere behar ez zituenak. Dena dela, neskagazte pertxenta bat arduratzen zen haurrak zaintzeaz. Nozdriov ez zen gauza etxean egun bat baino gehiago geratzeko. Haren usaimen zorrotzak makina bat verstara aditzen zuen non zegoen azokaren bat bere partida eta dantzaldiekin; hantxe azaltzen zen begien itxi-ireki batean, eta, bere moduko guztiak bezalaxe kartazale porrokatua izaki, eztabaidan eta zalapartaka aritzen zen mahai berdeen inguruan. Lehen kapituluan ikusi dugunez, karta-jokoan ez zen guztiz zintzoa eta garbia izaten, denetariko amarruak eta azpikeriak zekizkien, eta, halatan, jokoa beste jolas-mota batekin amaitzen zen sarritan: edo ostiko ederrak ematen zizkioten, edo triskilatu egiten zizkioten bere belarrondoko bizar ile-sarri eta ondo zainduak, halako moldez, ezen, batzuetan, belarrondoko bizar bakarrarekin itzultzen baitzen etxera, eta bakar hori nahikoa ile-bakandurik zeukala gainera. Baina haren masaila osasuntsu eta mardul haiek hain zeuden ondo eginik eta hain indar ernearazle handia gordetzen zuten barruan, ezen bizarrak berehala hazten baitziren berriro, lehen baino ederrago gainera. Eta —hori zen harrigarriena eta gauza benetan txundigarri Rusen bakarrik gerta daitekeena— denbora puska baten buruan berriro elkartzen zen muturrekoak eman zizkioten lagunekin, eta, kontu zaharrak ahazturik, ezer geratu ez balitz bezala gobernatzen zen haiekin, eta haiek ere halaxe jokatzen zuten berarekin.

        Neurri batean behintzat, gizon istoriozkoa zen Nozdriov. Bera tartean izanez gero, ez zegoen istorioren bat gertatu gabe amaitzen zen bilerarik. Beti gertatzen zen zerbait: batzuetan, besoetatik oraturik ateratzen zuten jendarmeek aretotik; beste batzuetan, berriz, lagunek berek eraman behar izaten zuten kanpora. Eta horrelakorik gertatzen ez zenetan, beste edonork sekula egingo ez lituzkeen gauzak egiten zituen: edo sekulako mozkorra harrapatzen zuen buffetean eta, horren eraginez, barre besterik ez zuen egiten, edo gezurretan aritzen zen inolako neurririk gabe, halako moldez, ezen, azkenean, bere buruaz lotsa-lotsa eginik bukatzen baitzuen. Eta, gainera, inongo premiarik gabe asmatzen zituen gezurrak: ile urdin edo arrosako zaldia zeukala eta antzeko zentzugabekeriak esaten hasten zen bat-batean, eta entzule guztiek alde egiten zuten azkenean, esanez: «Tira, tira, gizona, gezur-kontari hasi haiz berriro». Gizabanako batzuek oso gogoko dute lagun hurkoari gaitz egitea, batere arrazoirik gabe batzuetan. Edonon aurkitzen dira horrelakoak; har dezagun, esaterako, kondekorazio gisa bularrean izar bat daraman goi-mailako funtzionario itxura prestuko bat: eskua estutuko dizu, zer hausnartua ematen duten gai sakonez hitz egingo du zurekin, eta gero, tupustean, halako jukutria gaiztoa egingo dizu zeure begien aurrean bertan. Eta, gainera, kolejio-errejistratzaile arrunt batek egingo lukeen bezala egingo dizu gaiztakeria, eta ez bularrean izarra daraman eta zer hausnartua ematen duten gaiez hitz egiten duen gizon prestu bati legokiokeen bezala; eta zu harriturik geratuko zara horren aurrean, eta soinak goratuko dituzu, besterik egin ezinik. Nozdriovek ere bazuen grina bitxi hori. Adiskiderik minena nor, horrixe egiten zion azpikeria beste inori baino lehenago: asma litekeenik eta gezurrik ergelena zabaltzen zuen berari buruz, ezkontza bera edo salerosketaren bat hondatzen zion, eta, guztiarekin ere, ez zeukan bere burua lagun min horren etsaitzat; alderantziz, halako batean harekin berriro topo egitea suertatzen bazitzaion, adiskidetsuki tratatzen zuen, eta honela esaten zion gainera: «Gizatxar gaiztoa hi!, inoiz ez haiz nire etxera etortzen». Bestetik, alde askotarako gizona zen Nozdriov, guztirako iaioa alegia. Behingoan proposatzen zion bati edo besteri noranahi joatea —munduko azken zokora, hala nahi izanez gero—, zeinahi langintzari ekitea edo nahi ahala gauza trukatzea. Fusila, zakurra, zaldia... guztia zen trukagai; dena dela, ezer irabazteko asmorik gabe jokatzen zuen horrela, berez bultzatzen zuten horretara bere izaera egongaitzak eta bizitasun urduriak. Azokan inozoren batekin egokitu eta jokoan irabazten bazion, mordoka erosten zuen saltokietan begiz jotzen zuen guztia: zamarientzako lepokoak, pipa pizteko kandelak, lepozapiak haurtzainarentzat, garañoak, mahaspasak, eskuak garbitzeko ontzi zilarrezkoak, Holandako haria, irina, tabakoa, pistolak, sardinzar ketuak, margolanak, zorrotzarriak, pertzak, botak, buztinzurizko baxerak..., diru guztia xahutu arte. Baina erositakoa gutxitan iristen zen etxera; gehienetan, zori hobeko jokalariren baten eskuetan amaitzen zuen egun berean, piparekin, toxarekin eta pipako tututxoarekin batera batzuetan; beste batzuetan, berriz, lau zaldiak eta kotxea bera ere galtzen zituen, gidari eta guzti, eta, horrenbestez, kotxearen jabea, jaka labur bat edo zamar arrunt bat soinean, hor hasten zen adiskideren baten bila, beraren kotxeaz baliatzeko asmoz. Horrelakoxea zen Nozdriov! Orain, beharbada, baten bat hasiko da esaten garai bateko izaera dela hori, gaur egun ez dela Nozdriov bezalako jenderik geratzen. Ai!, oker daude hala uste dutenak. Nozdrioven modukoek luzerako dute oraindik munduan. Edonon daude, geure artean ditugu, eta, nonbait, haien janzkera baizik ez da aldatu; baina jendea buruarina da eta sorgor du adimena, eta uste izaten du jantzia aldaturik gizakia bera ere aldatzen dela.

        Bitartean, hiru kotxeak Nozdrioven etxeko atarira heldu ziren. Han ez zegoen ezer prestaturik iritsi berriei harrera egiteko. Jangelaren erdian zurezko asto batzuk zeuden, eta bi mujik, haien gainean zutik, hormak zuritzen ari ziren kanta amaigabe bat abesten zuten bitartean; zoru osoa karez zikindurik zegoen. Berehalakoan handik ospa egiteko eta zurezko astoak aldean eramateko agindu zien Nozdriovek bi mujikei; gero, aldameneko gelara joan zen beste agindu batzuk ematera. Gonbidatuek aditu zuten nola bazkaria prestatzeko esan zion sukaldariari; hori entzunik, Txitxikovek —ordurako gosetzen hasirik— kontu egin zuen bostak baino lehenago ez zirela mahaira eseriko. Nozdriovek, aldameneko gelatik itzulitakoan, herria ikustera eraman zituen gonbidatuak, eta, bi ordu eta gehiagotan, ikusteko zegoen guzti-guztia erakusten jardun zuen, harik eta zer erakutsi gehiagorik geratu ez zen arte. Lehenengo eta behin, zalditegira joan ziren, non bi behor ikusi baitzituzten, bata zuri-grisa eta bestea gaztainkara argia; garaño uher bat ere bazegoen, zatar samarra. Nozdriovek zin egin zuen hamar mila errublo ordaindu zituela harengatik.

        — Ez duk hamar mila ordaindu —moztu zion koinatuak—. Mila ere ez dik balio.

        — Zin egiten diat hamar mila ordaindu dudala —esan zuen Nozdriovek.

        — Nahi duana zin egin dezakek —erantzun zion koinatuak.

        — Apustu egin nahi duk? —esan zuen Nozdriovek.

        Koinatuak ez zuen apusturik egin nahi izan.

        Gero, ukuilu huts bat erakutsi zien, non zaldi onak eduki omen baitzituen garai batean. Akerra ere ikusi zuten zalditegian, zeren eta, antzinako herri-sineskera zahar baten arabera, abere hori eduki beharra baitago zaldien artean. Zirudienez, aker hura oso ondo konpontzen zen hango azienda larriekin, eta lasai asko ibiltzen zen batera eta bestera haien sabelen azpian, bere etxean balego bezala. Hurrena, kabestruz loturik zeukan otsokume bat ikustera eraman zituen.

        — Begira zein otsokume ederra! —esan zien—. Haragi gordina ematen zioat jateko. Handitzen denean basapiztia ikaragarria izatea nahi diat!

        Urmaela ikustera abiatu ziren gero; Nozdriovek azaldu zienez, hango arrainak hain ziren handiak, non bi gizonen artean nekez atera baitzitezkeen uretatik; koinatuak zalantzan jarri zuen hori ere.

        — Eta orain, Txitxikov —esan zuen Nozdriovek—, zakur batzuk erakutsiko dizkiat, ezin hobeak dituk, indar harrigarria ditek giharretan, eta orratza bezain letagin zorrotzak.

        Eta txabola polit-polit bateraino eraman zituen gonbidatuak. Alde guztietan hesiz itxiriko eremu zabal baten erdian zegoen. Barrura sartutakoan, askotariko zakurrak ikusi zituzten, iletsuak eta odolgarbiak denak, kolore eta ile-antz guztietakoak: arre-gorrixkak, beltzak izpil zurixkekin, zuriak orban gaztainkara argiekin, zuriak orban gorri-beltzekin, zuriak orban arre-gorrixkekin, belarri-beltzak, belarri-grisak... Denetariko izenak zituzten, haietako asko aginteran: Tiro egizak, Irain egizak, Hegan egizak, Sua, Akabazak, Suntsizak, Hondazak, Errezak, Enara, Sari, Jagole. Seme-alabez inguraturik aita nola, halaxe sentitzen zen Nozdriov haien artean. Zakur guztiak, buztanari eraginez, ziztu bizian hurbildu ziren bisitariengana, agurtzeko asmoz. Hamar batek Nozdrioven sorbaldetan jarri zituzten hankak. Irain egizak izenekoak bere atxikimendua erakutsi nahi izan zion Txitxikovi eta, atzeko hanken gainean altxaturik, ezpainak miazkatu zizkion, eta Txitxikovek tu egin zuen berehala. Aztertu zituzten, bada, giharretan indar harrigarria zuten zakur haiek, eta bai, zakur onak ziren. Gero, Krimeako zakur eme bat ikustera joan ziren: itsu zegoen, eta —Nozdriovek esan zienez— laster hilko zen, baina bi urte lehenago oso zakur ona izan zen; ikusi zuten, bada, zakur eme hura ere, eta bai, itsu zegoen. Hurrena, ur-errota ikustera joan ziren: beheko errotarria falta zitzaion, eta, hain zuzen ere, beheko errotarri horrek eutsi behar zion ardatzari, eta goiko errotarriak ardatz horren inguruan jiratu behar zuen, edo, mujik errusiarren esapide jatorra erabiliz, «hegan egin» behar zuen.

        — Aroztegira helduko gaituk laster! —esan zuen Nozdriovek.

        Eta bai, handik pixka batera aroztegira heldu ziren, eta aztertu zuten hura ere.

        — Hor, zelai horretan —esan zuen Nozdriovek, hatzaz zelai bat seinalatuz—, hainbeste erbi zegok, ezen lurra ez baita ikusi ere egiten. Behin batean, atzeko hanketatik harrapatu nian bat.

        — Hik sekula ez duk atzeko hanketatik erbirik harrapatu! —bota zion koinatuak.

        — Horixe harrapatu nuela, benetan! —erantzun zion Nozdriovek—. Eta orain —jarraitu zuen, Txitxikovenganantz jiraturik— nire lurren muga ikustera eramango haut.

        Mokorrez josiriko zelai batetik eraman zituen Nozdriovek. Gonbidatuek, nekez bada nekez, hango lugorriak eta areaz urraturiko galsoroak zeharkatu behar izan zituzten. Txitxikov nekea sumatzen hasia zen. Leku askotan, lurra zapaltzean, ura agertzen zen oinen azpian, hain zen behea inguru hura. Hasieran, tentuz ibili ziren, lurra kontu handiz zapalduz, baina azkenean, alferrik ari zirela oharturik, zuzen ibiltzeari ekin zioten, kontuan hartu gabe non zegoen lokatz gehiago eta non gutxiago. Aldi luze batez ibilian ibili ondoren, muga ikusi zuten: zurezko zutoin txiki bat eta lubaki mehar bat.

        — Horra hor muga! —esan zuen Nozdriovek—. Alde honetan dakusazuen guztia nirea duk, eta beste aldean ikusten den baso hori eta basoaz harantzago dagoen guztia ere nirea duk.

        — Noiztik da hirea baso hori? —galdetu zion koinatuak—. Orain dela gutxi erosi duk, ala? Lehen ez zuan hirea.

        — Bai, orain dela gutxi erosi diat —erantzun zuen Nozdriovek.

        — Eta noiz izan duk hain azkar erosteko denborarik?

        — Duela hiru egun erosi diat, eta, mila deabru!, garesti ordaindu.

        — Baina orain dela hiru egun azokan hengoen.

        — Ai, Sofron hori! Ezinezkoa al da aldi berean azokan egotea eta baso bat erostea? Administratzaileak erosi zian ni kanpoan nintzela.

        — Administratzaileak, bai! —esan zuen koinatuak, baina ezbaian geratu zen eta buruari eragin zion.

        Gonbidatuak lehengo bide kaxkar beretik itzuli ziren etxera. Nozdriovek bere langelara eraman zituen, non ez baitzen inondik ere ikusten ez paperik, ez libururik, ez langeletan egon ohi diren bestelako gauzen arrastorik; sable batzuk besterik ez zegoen hormetan esekirik, eta bi fusil, hirurehun errublokoa bata eta zortziehunekoa bestea. Koinatuak fusilak aztertu, eta ezker-eskuin eragin zion buruari besterik gabe. Gero, Turkiako sastakaiak ikusi zituzten, zeinetako batean «Saveli Sibiriakov eskulangilea» zizelatua zuen —tronpaturik— norbaitek. Horren ondotik, organotxoari iritsi zitzaion erakutsia izateko txanda. Nozdriovek, biraderari eraginik, mazurka baten doinua joarazi zion gonbidatuen aurrean. Organotxoak nahikoa soinu polita ateratzen zuen, baina, halako batean, zerbait gertatu zitzaion barruan: mazurka «Mambru gerrara joan zen» kantarekin bukatu zen, eta, bat-batean, antzinako bals ezagun bati ekin zion «Mambru gerrara joan zen» kantaren erdian. Nozdriovek aspalditxo utzia zion biraderari eragiteari, baina organotxoko errejistro batek —oso kementsua bera— ez zuen inola ere isildu nahi, eta luzaz aritu zen bera bakarrik joka. Gero, pipak erakutsi zizkien; denetarikoak zeuzkan: zurezkoak, buztinezkoak, magnesitazkoak, keak belztuak eta belztu gabeak, antez forratuak zein forratu gabeak, tututxoa anbarrezkoa zuen txibuki bat aspaldi ez zela jokoan irabazia... Tabako-zorrotxo bat ere bazegoen pipen artean, posta-geltoki batean txoratzeko punturaino maitemindu zitzaion kondesa batek brodatua; Nozdriovek azaldu zuenez, harako kondesa haren eskutxoak guztiz superfliu ziren (nonbait, perfekzioaren goren maila adierazi nahi zuen hitz horrekin). Bitarte hartan, gaizkata-xerra onduak jan zituzten, eta arratsaldeko bostak aldera eseri ziren mahaira. Nabari zenez, janaria ez zen Nozdrioven kezka nagusia; jateak ez zuen garrantzizko lekurik betetzen haren bizitzan: jaki batzuk lar erreta atera zituzten, eta beste batzuk, aldiz, erdi egosirik, ia gordinik. Bistakoa zen sukaldariak unean uneko etorriaren arabera jokatzen zuela; irispidean zer eduki, horrixe heltzen zion: piperrautsa hurbil bazeukan, piperrautsa botatzen zuen; eskueran aza edukiz gero, aza lapikora, edo esnea, edo urdaiazpikoa, edo ilarrak, hitz batean, edozer, aski zuen prestaturikoa bero egotea, beti izango zuen-eta gusturen bat edo beste. Nozdriovek, ordea, arreta handia egin zion edatekoari: zopa zerbitzatu aurretik, mukuru bete zituen Portoko ardoz gonbidatuen edalontziak, eta gero Haut Sauterne ardoa isuri zien, probintzietako hiri eta herrietan ez baita Sauterne arruntik izaten. Gero, botila bat Madeirako ardo ekartzeko agindu zuen, kapitain jeneral batek inoiz edango lukeena baino hobea. Madeira hark ahosabaia erretzen zuen, zeren saltzaileek, Madeirako ardoa atsegin duten lurjabeen gustuen jakitun, gupidarik gabe nahasten baitzuten ronez, eta batzuetan errege-ura ere botatzen zioten, errusiarraren urdaila dena eramateko gai delako uste sendoan. Hurrena, edari berezi bat ekartzeko agindu zuen Nozdriovek; azaldu zienez, Borgoniako ardoa eta xanpaina zituen nahasian. Noiz ezkerretara, noiz eskuinetara jiratuz, behin eta berriro betetzen zizkien Nozdriovek edalontziak koinatuari eta Txitxikovi. Baina Txitxikov berehala ohartu zen etxeko nagusiak neurriz betetzen zuela bere ontzia. Hori ikusirik, tentuz ibiltzea erabaki zuen, eta, Nozdriov koinatuari zerbait esateko edo edalontzia betetzeko jiratzen zen bakoitzean, egokieraz baliatzen zen hura konturatu gabe bere edalontzia platerera husteko. Handik luzarora gabe, gurbe-pattarra ekarri zuten mahaira; Nozdriovek esan zuenez, esnegainaren ahogozo berdin-berdina zuen, baina —harrigarria— destilatu gabeko vodka zakarraren usain ikaragarria zerion. Horren ondotik, halako edabe bitxi bat edan zuten; ezin gogoratuzko izena zuen, eta etxeko nagusiak berak behin izen batez eta hurrengoan beste batez deitzen zion. Aspaldi zen bazkaria bukatu zela eta edari guztiak dastatu zituztela, baina gonbidatuek mahai inguruan eseririk jarraitzen zuten. Koinatua aurrean zegoela, Txitxikovek ez zuen inola ere Nozdriovekin hitz egin nahi bere ardura nagusitzat zeukan gaiaz. Azken batean, koinatua arrotza zen berarentzat, eta, horrelako gai bati buruz, bakarrean eta adiskide-giroan hitz egin beharra zegoen. Nolanahi ere, ez zuen ematen koinatua gizon arriskutsua zenik, zeren, itxura guztien arabera, mozkor-mozkor eginik baitzegoen, eta, mahai alboan eseririk, buruak zabu egiten zion etengabe. Koinatua bera ere bere egoera tamalgarriaz jabeturik, etxera joateko baimena eskatzen hasi zen azkenean, baina hain ahots ahul eta nagiz, non, Errusiako esakune zahar batek dioenez, bai baitzirudien kurrikez jarri nahi ziola lepokoa zaldiari.

        — Ez, ez, ez! Ez diat alde egiten utziko! —esan zuen Nozdriovek.

        — Mesedez, gizona, ez tematu nire kaltean, joan egin behar diat —zioen koinatuak—, kalte gogorrak ekarriko dizkidak bestela.

        — Lelokeriak, lelokeriak! Partidatxo bat antolatuko diagu oraintxe bertan.

        — Ez, joka ezak hik, hala nahi baduk, baina nik ezin diat, emaztea haserre bizian egongo duk honezkero. Azokan gertatutakoa kontatu behar zioat. Benetan, adiskidea, benetan, atsegin eman behar zioat. Ez gerarazi!

        — Doala hire emaztea pik...! Bai garrantzitsua elkarrekin egin behar duzuen dena delako hori!

        — Ez horrelakorik esan!, oso emazte zuzena eta leiala duk! Mesede handiak egiten zizkidak, sinetsidak, begiak malkotan jartzen zaizkidak gogoratze hutsarekin. Utzi joaten, mesedez; ez nabilek txantxetan, gizon zintzoa nauk eta alde egin behar diat, benetan.

        — Doala, bada; zertarako balio digu? —esan zion Txitxikovek Nozdriovi ahapeka.

        — Arrazoi duk! —erantzun zion Nozdriovek—. Jasanezinak zaizkidak hain gizon txepelak! —eta ozenki gaineratu zuen—: Tira, deabruak eramango ahal hau!, hoa emaztearengana, gixonerdia halakoa!

        — Mesedez, adiskidea, ez iraindu gixonerdia deituz —erantzun zion koinatuak—; dena zor zioat emazteari, benetan; hain duk ona, hain maitagarria, hain ardura handiz zaintzen naik... negarrez hasteko gogoa egiten zaidak oroitze hutsarekin; galdetuko zidak zer ikusi dudan azokan, eta nik dena kontatuko zioat, hain duk maitagarria...

        — Tira, tira, hoa berarengana heure zozokeriak kontatzera! Hemen daukak txanoa!

        — Ez, adiskidea, ez horrelakorik esan nire emazteaz; niri egiten didak min horrela, hain duk bera maitagarria...

        — Tira, alde egin ezak, hoa segituan berarengana!

        — Bai, banoak; barkatu ez geratzeagatik. Pozarren geratuko nindukek, baina ezin diat, benetan.

        Koinatuak luzaz jardun zuen barkamena eskatzen, konturatu gabe aspaldi zegoela kotxean eseririk, kotxea aspaldi irten zela bidera eta ordurako zelai inorgabeak besterik ez zeukala aurrean. Pentsatu beharra dago emazteak ez ziola senarrari entzungo azokaren gaineko xehetasun askorik.

        — Ergela halakoa! —esan zuen Nozdriovek, leiho aurrean zutik eta koinatuaren kotxeari so—. Begira nola dabilen kotxea! Ez duk txarra laguntza-zaldi hori; begiz jota zeukaat aspaldion, baina gizon horrekin ez zegok inolako traturik egiterik. Gixonerdi hutsa duk, gixonerdia ez bestena!

        Barruko gela batera joan ziren biak. Porfirik kandelak ekarri zituen, eta Txitxikovek karta-sorta bat ikusi zuen etxeko nagusiaren eskuetan, nondik atera ote zuen ez zekiela.

        — Ea! —esan zuen Nozdriovek, hatz-puntekin karta-sorta ertzetatik estutu eta apur bat kakotzen zuela, halako eran, ezen paperezko azal mehea urratu eta kartak askatu egin baitziren—. Tira, denbora ematearren, hirurehun errublo jarriko dizkiat bankan.

        Txitxikovek, ordea, haren hitzak entzun ez zituelakoa egin zuen, eta, bat-batean gogoratu balitz bezala, esan zuen:

        — Ahaztu baino lehen: gauza bat eskatu behar diat.

        — Zer, gero?

        — Aurrena, hitzeman behar didak ontzat hartuko duala.

        — Baina zein da eskaria?

        — Aurrena, hitza eman behar didak.

        — Ondo zegok.

        — Ohorezko hitza?

        — Ohorezko hitza.

        — Hona, beraz, nire eskaria: seguraski badituk nekazari hil asko oraindik erroldatik ezabatu ez dituanak, bai?

        — Bai, eta?

        — Emaizkidak, jarri nire izenean.

        — Zertarako nahi dituk, gero?

        — Behar ditiat!

        — Zertarako?

        — Behar ditiat... Hori nire ardura duk, behar ditiat eta kito.

        — Inondik ere ezkutuko asmoren bat baduk buruan. Aitor ezak: zer egin nahi duk haiekin?

        — Ezkutuko asmoren bat? Bai zera!, horrelako huskeria batekin ez zegok ezer egiterik.

        — Zertarako nahi dituk orduan?

        — Ene, bada!, hau gizon jakingura! Prest legokek gauzarik ziztrinena eskuaz ukitzeko eta sudurraz usaintzeko.

        — Baina zergatik ez didak esan nahi?

        — Eta zer-nolako onura ekarriko liake hori jakiteak? Apeta hutsa duk, besterik ez.

        — Oso ondo, baina hire asmoen berri jakin arte ez diat ezertxo ere emango.

        — Hara bestea!, hori ez duk zuzena hire aldetik: lehen hitza eman, eta orain jan.

        — Nahi duan bezala, baina zertarako nahi dituan azaltzen ez badidak, ez diat inongo nekazari hilik emango.

        «Zer esango diot?», pentsatu zuen Txitxikovek, eta pixka batean hausnartu ondoren esan zion gizartean pisu handiagoa lortzeko behar zituela arima hilak, oraindik ez zeukala lur askorik eta bitartean ondo etorriko litzaiokeela horrelako arima batzuez jabetzea.

        — Gezurra! —esan zuen Nozdriovek, amaitzen utzi gabe—. Gezurretan ari haiz, adiskidea!

        Txitxikov bera ere ohartu zen ez zela oso argi ibili eta asmatu berri zuen aitzakia ahul samarra zela.

        — Tira, argi eta garbi aitortuko diat egia —esan zuen, bere okerra zuzendu nahirik—, baina, mesedez, ez esan inori. Ezkontzekotan nagok, baina emaztegaiaren gurasoak oso handinahiak dituk. Ataka gaiztoan sartu nauk, eta orain damu diat ezkon-hitza eman izana. Kontua duk neskaren gurasoek ezinbesteko baldintza bat jarri dutela ezkontza onartzeko: senargaiak hirurehun arima izan behar ditik gutxienez; eta niri ehun eta berrogeita hamar nekazari falta zaizkidak kopuru horretara iristeko...

        — Gezurra!, gezur biribila! —egin zuen oihu Nozdriovek berriro.

        — Bada, orain —esan zuen Txitxikovek— ez diat honainoko gezurrik ere esan —eta hatz txikiaren muturra seinalatu zuen hatz lodiaz.

        — Lepoa egingo nikek gezurretan ari haizela!

        — Hitz astunak dituk horiek, alajaina! Zer uste duk, gero?, gezurtia naizela?, gezurra besterik ez dudala esaten ezinbestean?

        — Ondo asko zekiat zer haizen hi: maltzurra galanta! Eta adiskide gisa ari nauk! Hire nagusia banintz, hartu eta edozein zuhaitzetan urkatuko hinduket.

        Nozdrioven hitzek biziki mindu zuten Txitxikov. Gogaikarri zitzaizkion edonolako zatarkeriak eta moduzkotasunaren kontrako esapideak oro. Ez zuen gogoko berarekiko harremanetan jendeak familiartasun-izpirik erakustea, eta, goren mailako pertsonei izan ezik, ez zion inori horrelakorik onartzen. Eta horregatik mindu zen hainbeste.

        — Horixe urkatuko hindukedala —errepikatu zuen Nozdriovek—, eta onean ari nauk, aizak!, adiskide gisa, iraintzeko batere asmorik gabe.

        — Gauza guztiek beren mugak ditiztek —esan zuen Txitxikovek duintasun handiz—. Horrelako arrunkeriak esaten jarraitzeko asmorik baduk, hobe duk edozein kasernatara joan —eta gero erantsi zuen—: Oparitu nahi ez badizkidak, zergatik ez dizkidak saltzen?

        — Saldu? Ondo asko ezagutzen haut!, zital hutsa haiz, ez didak haiengatik askorik ordainduko!

        — Hi ere ez haiz makala! Zer uste duk, gero?, harribitxiak direla?

        — Banengoan ni. Ikusten?, ondo ezagutzen haut.

        — Hi bai zekena! Ematea besterik ez duk, eman eta kito.

        — Tira, entzun, batere dirugosea ez naizela frogatzeko, ez diat ezer kobratuko haiengatik. Garañoa erosten badidak, hiretzat nekazari hilak.

        — Eta zertarako nahi dut nik garañoa? —esan zuen Txitxikovek, Nozdrioven eskaintzak harriturik.

        — Nola zertarako? Hamar mila errubloan erosi nian, eta lau mila bakarrik eskatuko dizkiat.

        — Baina zertarako behar dut garañoa? Behorrik ere ez zeukaat eta.

        — Oraindik ez duk ulertu; entzun ondo: orain hiru mila errublo besterik ez duk ordaindu behar, gainerakoa geroago emango didak.

        — Jainkoarren, ez diat garañorik behar!

        — Orduan, eros iezadak behor gaztainkara argia.

        — Behorrik ere ez diat behar.

        — Bi mila bakarrik kobratuko dizkiat behorrarengatik eta lehen ikusi duan zaldi grisarengatik.

        — Baina nik ez diat zaldirik behar.

        — Orduan, saldu; edozein azokatan hiru aldiz gehiago emango diate haiengatik.

        — Hiru aldiz gehiago ateratzea badagoela uste baduk, hobe huke hik heuk saldu.

        — Ziur nagok dirua irabaziko nukeela, baina hik ere etekina ateratzea nahi diat.

        Txitxikovek eskertu egin zion hain asmo ona, eta ezezko biribila eman zien zaldi grisari eta behor gaztainkara argiari.

        — Orduan, zakurren bat erosi. Edonori oilo-ipurdia jartzeko moduko pare bat salduko diat. Bular sendoa ditek, bibote itzela, eta ileak tente-tente, zurden antzera. Bular-kaiolak zabalera izugarria dik, eta oinak gihartsuak eta bizkorrak dituk, lurra ukitu ere ez ditek egiten.

        — Baina zertarako eduki nahi dut nik zakurrik? Ez nauk ehiztaria.

        — Berdin ziok, gustatuko litzaidakek hik zakurrak edukitzea. Entzun: zakurrik nahi ez baduk, erosi organotxoa, ezin hobea duk. Zin egiten diat mila eta bostehun errubloan erosi nuela, eta berrehun errubloan utziko diat.

        — Eta zertarako nahi diat nik organotxoa? Ez nauk alemaniarra organotxoa arrastaka daramadala bidez bide ibiltzeko, diru eske.

        — Baina nirea ez duk alemaniarrek aldean eraman ohi dituzten organotxo horiek bezalakoa. Benetako organoa duk. Aztertu ondo: kaobazkoa goitik beheraino. Etorri, berriro erakutsiko diat!

        Hori esandakoan, besotik heldu zion Txitxikovi, eta arrastaka eraman zuen beste gelara. Eta Txitxikovek oinak lurrean irmo finkatu eta organotxoa nolakoa zen bazekiela ziurtatu arren, berriro entzun behar izan zuen nola joan zen Mambru gerrara.

        — Erosi nahi ez baduk, entzun, beste proposamen bat egingo diat: nik organotxoa eta ditudan arima hil gutziak emango dizkiat, eta hik heure britxka eta hirurehun errublo eman niri.

        — Eta zer izango dut orduan garraiobide?

        — Beste britxka bat emango diat. Goazen estalpera, oraintxe erakutsiko diat! Berriro pintatu, eta britxka zoragarria edukiko duk.

        «Arraioa!, deabruak dantzan jarri zizkiok barruak gizon honi!», pentsatu zuen Txitxikovek bere artean, eta erabaki zuen uko egitea edonolako britxka, organotxo edo zakur guztiei, oso bular sendoak eta hanka bizkorrak eduki arren.

        — Beraz, britxka, organotxoa eta arima hilak, dena batera!

        — Ez diat nahi —esan zuen Txitxikovek berriro.

        — Zergatik ez duk nahi?

        — Hargatik. Ez diat nahi eta kito.

        — Hi bai hi! Bistan zegok hirekin ez dagoela adiskide eta lagun onekin ohi den bezala konpontzerik. Argi geratu duk bi aurpegiko gizona haizela!

        — Ergeltzat hartu nauk, ala?, herorrek erabaki: zertarako erosiko diat ezertarako behar ez dudan gauzarik?

        — Isilik egon hadi, mesedez. Oso ondo ezagutzen haut orain. Alproja hutsa haiz! Zer, partidatxo bat? Karta batera jokatuko dizkiat hil guztiak, eta organotxoa ere bai.

        — Karta bakarrera?, dena ziurtasunik ezaren mende uztea duk hori, ordea! —esan zuen Txitxikovek, eta, aldi berean, zeharka begiratu zien Nozdriovek eskuetan zeuzkan karta-sortei. Iruditu zitzaion nahierara antolatuak zituela bi sorta haiek, eta oso susmagarri iritzi zion ifrentzuko marrazkiari berari ere.

        — Ziurtasunik ezaren mende?, zergatik diok hori? —esan zuen Nozdriovek—. Ez zegok inolako ziurgabetasunik!, zoria hire alde ateratzen bada, irabazi ikaragarriak hiretzat. Hona hemen zoria! —esan zuen, Txitxikov zirikatze aldera kartak botatzen hasirik—. Hona zoria!, hona zoria! Arraioa!, ez diat, bada, galdu!, dena galdu diat bederatziko madarikatu hau atera delako! Saldu egingo ninduelako irudipena neukaan, baina, hala ere, begiak itxi, eta neure artean esan diat: «Deabruak eramango ahal hau, malapartatu hori, sal nazak hala nahi baduk!».

        Nozdriovek hori zioen bitartean, Porfirik botila bat ekarri zuen. Txitxikovek, ordea, ezezko biribila eman zien jokatzeari eta edateari.

        — Zergatik ez duk jokatu nahi? —galdetu zion Nozdriovek.

        — Gogorik ez dudalako. Egia esan, jokoa ez zaidak batere gustatzen.

        — Zergatik ez zaik gustatzen?

        Txitxikovek soinak goratu zituen, eta esan:

        — Ez zaidalako gustatzen.

        — Mozolo ederra hi!

        — Zer egingo zioat!, honelakoxea sortu nindian Jainkoak.

        — Gixonerdi hutsa haiz! Hasieran pentsatu nian gizon prestua hintzela, baina lagunartean behar bezala gobernatzen ere ez dakik. Hirekin ez zegok lagun minekin bezala hitz egiterik... zintzotasun-izpirik ere ez duk!, jatortasun-arrastorik ez!, Sobakevitx bezain doilorra haiz!

        — Zergatik iraintzen nauk? Nirea al da errua jokoa gustatzen ez bazait? Besterik gabe saldu arimak, horrelako huskeria bat hain balio handikotzat baduk.

        — Ezta pentsatu ere! Musu-truk emateko prest nengoan, baina orain ez duk niregandik ezertxo ere jasoko! Hiru erresuma eskainita ere, ez diat inolako arimarik emango. Bilaua halakoa, zornezorro zikina! Hemendik aurrera ez diat inolako harremanik izan nahi hirekin. Porfiri, esaiok korta-mutilari olorik ez emateko honen zaldiei, aski ditek lasto hutsa.

        Txitxikovek ez zuen inondik inora horrelako bukaerarik espero.

        — Hobe huen nire begien aurrean sekula azaldu ez bahintz! —esan zion Nozdriovek.

        Liskarturik ere, gonbidatuak eta etxeko nagusiak elkarrekin afaldu zuten, baina oraingoan ez zen izen bitxiko ardorik agertu mahaian. Botila bakarra zegoen, Txipreko ardo zeharo garratz batez betea. Afalostean, aldameneko gelara lagun egiteko eskatu zion Nozdriovek Txitxikovi, han antolatu baitzioten etzalekua:

        — Hemen daukak ohea! Gabonak ere ez dizkiat eman nahi!

        Alde egin zuen Nozdriovek, eta Txitxikov ezinago gaitziturik geratu zen gelan. Haserre zegoen bere buruarekin, eta errieta egiten zion Nozdrioven etxera etortzeagatik eta denbora alferrik galtzeagatik. Baina, oroz gainetik, kargu hartzen zion bere eginkizunaz hitz egin ziolako, batere zuhurtasunik gabe jokatu zuelako, umegorrien antzera, ergelen gisara, zeren, izan ere, bere hura ez baitzen Nozdriovi fidatzeko moduko kontua... Gizatxar hutsa zen Nozdriov, eta litekeena zen gezurrak esatea, entzundakoari berak asmaturiko zertzeladak eranstea, deabruak daki zer-nolako zurrumurruak zabaltzea, eta, horren eraginez, denetariko esamesak sortuko ziren, eta horrek ez zion, inondik inora ere, atarramentu onik ekarriko. «Ergel hutsa nauk!», zioen Txitxikovek bere artean. Oso txarto lo egin zuen. Intsektu txiki eta oso bihurri batzuek hozka egiten zioten oso modu mingarrian, eta berak eskuko azazkal guztiekin atzaparkatzen zuen zauritutako aldea, esanez: «Deabruak eramango ahal zaituzte Nozdriovekin batera!». Goizean goiz esnatu zen. Oroz lehen, mantala eta oinetakoak jantzi, patioa zeharkatu, eta ukuilura joan zen, Selifani kotxea bertantxe presta zezala agintzera. Itzultzean, Nozdriovekin topo egin zuen patioan. Hura ere mantalez jantzirik zegoen, eta pipa zeukan ahoan.

        Nozdriovek adiskidetsuki agurtu zuen, eta zer moduz lo egin zuen galdetu zion.

        — Hainbestean —erantzun zion Txitxikovek, guztiz lehor.

        — Bada, ni, adiskidea —esan zuen Nozdriovek—, hain amets higuingarriek gogaitu naitek gau osoan, non kontatzeak berak ere nazka ematen didan, eta atzo gertatutakoak hain gustu txarra utzi zidak, non badirudien eskoadroi oso batek igaro duela gaua nire ahoan. Pentsa: amets egin diat berealdiko jipoia ematen zidatela, eta ezetz asmatu nork! Sekula ez huke igarriko: Potseluiev kapitainordeak eta Kuvshinnikov tenienteak.

        «Tamalez, ez haute benetan egurtu!», pentsatu zuen Txitxikovek bere artean.

        — Astindu itzela, alafede! Esnatu nauk eta, mila deabru!, zer eta hozka ari zitzaidaan zerbait, arkakusoak seguraski! Ea, orain hoa janztera, segituan izango nauk berriro hirekin: errieta egin behar zioat administratzaileari, alproja galanta duk eta!

        Bere gelara joan zen Txitxikov, janztera eta garbitzera. Geroxeago, jangelara itzuli zenean, tea hartzeko ontziak eta ron-botila bat ikusi zituen mahai gainean prest. Gelan, bezperako bazkariaren eta afariaren hondarrak ageri ziren nonahi; antza, morroiak ez zuen erratza pasatu ere egin. Zorua ogi-apurrez beterik zegoen, eta tabako-errautsa ageri zen zamauan barreiaturik. Etxeko nagusia berehala itzuli zen. Ez zeraman ezer mantalaren azpian eta, halatan, agerian zeukan bularra, non bizar-moduko bat hazten baitzitzaion. Txibukia eskuan eta katilutik hurrupaka, oso irudi egokia zatekeen pintore batentzat, esan nahi baita, bizartegietako iragarkietan ikusi ohi direnen tankerako gizon ondo orraztuak eta kizkurdunak edo ilea larru-arras mozturik eramaten dutenak batere gogoko ez dituzten pintore horietako batentzat.

        — Orduan, zer?, ez dituk arimak jokatu nahi? —esan zuen Nozdriovek isilune labur baten ondotik.

        — Esana diat ez naizela jokozalea; erosi egin behar baditut, erosi egingo ditiat.

        — Baina nik ez dizkiat saldu nahi, hori ez duk gisakoa adiskide artean eta ez diat neure izen ona zikindu nahi horrelako huskeria batengatik. Jokatzea, ordea, besterik duk. Zer?, kartak botatzen hasiko naiz?

        — Ezetz, bada!, lehenago ere esan diat.

        — Eta ez duk iritziz aldatu nahi?

        — Ez, ez diat nahi.

        — Tira, dametan egingo diagu orduan; irabazten baduk, hiretzat nekazari hil guztiak. Erroldatik ezabatu beharreko arima mordoa zeukaat. Aizak, Porfiri, ekarri dametan egiteko taula.

        — Alferrikako lana duk hori, ez diat jokatuko.

        — Baina joko horretan ez zegok bankarik; zoriak ez dik inolako eraginik izaten eta ez zegok engainurik egiteko modurik: ondo jokatzea, hori duk kontua; baina oharrarazi behar diat ez dakidala ondo jokatzen, nolabaiteko abantaila eman beharko didak, beraz.

        «Ze demontre! —pentsatu zuen Txitxikovek bere artean—, jokatu egingo diat! Nahikoa ona nauk dametan eta, gainera, joko horretan ez dik erraza izango iruzur egitea.»

        — Ondo zegok, egingo diat dametan.

        — Arimak ehun errubloren truke!

        — Zergatik hainbeste?, berrogeita hamar bakarrik jarriko ditiat, aski duk hori.

        — Ez, berrogeita hamar gutxi duk! Begira, nik, neure aldetik, zakurkume halamoduzkoren bat edo erlojurako zigilu urrezko bat gehituko zioat hire diru horri. Hobe horrela!

        — Tira, tira, ondo zegok! —esan zuen Txitxikovek.

        — Nolako abantaila emango didak? —esan zuen Nozdriovek.

        — Abantaila?, ez diat inolako abantailarik emango, jakina.

        — Gutxienez, uztak hasieran bi mugimendu jarraian egiten.

        — Ez diat nahi, nik ere txarto jokatzen diat.

        — Bai zera!, berehala igarri diat jokalari ona haizela —esan zuen Nozdriovek, pieza bat mugitzeaz batera.

        — Aspaldi duk piezak ukitu ere ez dudala egin! —esan zuen Txitxikovek, berak ere pieza bat mugituz.

        — Berehala igarri diat, ordea, jokalari ona haizela! —esan zuen Nozdriovek, pieza bat mugituz.

        — Aspaldi duk piezak ukitu ere ez dudala egin! —esan zuen Txitxikovek, pieza bat mugituz.

        — Berehala igarri diat, ordea, jokalari ona haizela! —esan zuen Nozdriovek, pieza bat mugituz; baina oraingoan beste pieza bat ere aurreratu zuen, mahukaburuaz.

        — Aspaldi duk piezak ukitu ere ez dudala egin!... Et, et, et!, zertan ari haiz?, eraman ezak atzera oraintxe bertan! —esan zuen Txitxikovek.

        — Zer?

        — Pieza hau —esan zuen Txitxikovek, eta une horretantxe beste pieza bat ikusi zuen bere sudurraren aurrean bertan; bere lehen lerrotik hurbil zeukan eta Jainkoak bakarrik zekien nola iritsi zen horraino—. Ez —esan zuen Txitxikovek, zutiturik—, hirekin ez zegok jokoan aritzerik! Ez duk zilegi aldi berean hiru pieza mugitzea.

        — Hiru?, zergatik hiru?, pieza hau ez diat ukitu, bera bakarrik mugitu duk, bere lekuan jarriko diat berriro.

        — Eta beste hau nola iritsi da honaino?

        — Zein?

        — Hauxe, nire lehen lerrotik hurbil-hurbil dagoen hau.

        — Arraioa!, ez haiz gogoratzen, ala?

        — Bai, gizona, mugimendu guztiak zenbatu ditiat eta dena gogoratzen diat; oraintxe ipini duk hemen. Hor zegoan!

        — Non, gero? —esan zuen Nozdriovek, gorriturik—. Ikusten dudanez, gezurti hutsa haiz!

        — Ez, gizona, heu haiz gezurtia, baina oraingoan ustel atera zaik.

        — Zer uste duk naizela? —galdetu zion Nozdriovek—. Amarrurik egin al dut orain?

        — Ez zekiat zer haizen, baina une honetatik aurrera sekula ez diat hirekin ezertan jokatuko berriro.

        — Ez, ezin duk jokoa bertan behera utzi —esan zuen Nozdriovek, beroturik—, hasita zegok partida!

        — Partida bertan behera uzteko eskubidea diat, hik ez duk-eta gizon zintzo batek beharko lukeen bezala jokatzen.

        — Gezurretan ari haiz, ezin duk horrelakorik esan!

        — Ez, heu ari haiz gezurretan!

        — Nik ez diat azpikeriarik egin eta hik ezin duk jokoa utzi, amaitu egin behar diagu partida!

        — Ez, ez nauk horretara behartuko —esan zuen Txitxikovek odol hotzez, eta, taulara hurbildurik, piezak nahasi zituen.

        Nozdriovek, sumindurik, Txitxikovenganantz jo zuen, eta hainbeste hurbildu zitzaion, ezen Txitxikovek bi urrats egin behar izan baitzuen atzera.

        — Horixe behartuko haudala! Berdin ziok piezak nahasi badituk, mugimendu guztiak gogoratzen ditiat. Lehen zeuden bezala jarriko ditiagu berriro.

        — Ez, akabo duk, ez diat hirekin jokatutako.

        — Zergatik ez duk jokatu nahi?

        — Herorrek ikusi duk ezinezkoa dela hirekin jokatzea!

        — Esadak argi eta garbi ez duala jokatu nahi! —esan zuen Nozdriovek, are gehiago hurbilduz.

        — Ez diat nahi! —esan zuen Txitxikovek, eta, zer gerta ere, eskuak jaso eta aurpegira hurbildu zituen, giroa lar berotzen ari zen eta.

        Oso une egokian erabaki zuen horrelako tentu-neurria hartzea, zeren Nozdriovek atzera eragin baitzion besoari... eta gerta zitekeen —erraz gertatu ere— gure protagonistaren masaila eder eta marduletako bat ezin garbituzko laidoak orbandurik geratzea; baina, ordu onean ukaldiari itzuririk, Nozdriovi beso oldarkorretatik heldu eta gogor eutsi zion.

        — Porfiri, Pavlushka! —egin zuen oihu Nozdriovek amorru bizian, besoak jaregiteko ahaleginak eginez.

        Hitz horiek entzunik, Txitxikovek, zerbitzari-jendea hain eszena itsusiaren lekuko izan ez zedin eta, aldi berean, Nozdriovi eusten saiatzea alferrikako lana zela sumaturik, besoak askatu zizkion. Une horretantxe sartu zen Porfiri, eta berarekin batera Pavlushka, gazte sendoa bera, zeinarekin indarrak neurtzea ez baitzen oso onuragarria izango.

        — Beraz, ez duk partida bukatu nahi? —esan zuen Nozdriovek—. Argi eta garbi erantzun!

        — Ezinezkoa duk partida bukatzea —esan zuen Txitxikovek, eta leihora begiratu zuen. Bere britxka ikusi zuen kalean, biderako prest, eta britxkaren alboan Selifan, nagusiaren keinu baten zain atarira hurbiltzeko, antza; baina ez zegoen inolako aukerarik gela hartatik irteteko: bi morroi ergel eta indartsu haiek zutik zeuden ate banaren aurrean.

        — Beraz, ez duk partida bukatu nahi? —errepikatu zuen Nozdriovek, sua bezain gorri aurpegia.

        — Bukatuko nikek, gizon zintzo bati dagokion moduan jokatuko bahu. Baina orain ezin diat.

        — Hara, ezin duk, doilorra halakoa! Orain ezin duk, galduko duala ikusi duanean! Jo ezazue! —egin zien oihu, bere onetik aterata, Porfiri eta Pavlushkari, berak, bere aldetik, gereziondo-zurezko pipa luze bat harturik. Txitxikov mihisea baino zurbilago jartzen hasi zen. Zerbait esan nahi izan zuen, baina konturatu zen ezpainak hotsik atera gabe mugitzen zitzaizkiola dardara batean.

        — Jo ezazue! —egin zuen garrasi Nozdriovek, eta, gereziondo-zurezko pipa airean dantzatuz, aurrera oldartu zen, su biziak harturik, izerdi patsetan, gotorleku menderakaitz bati eraso beharko balio bezala—. Jo ezazue! —zioen oihuka, erasoaldi nagusiaren ordua iritsirik teniente odolbero batek bere soldadu-sailari «Aurrera, mutilok!» oihukatzeko erabiltzen duen ahots-doinu berberaz. Hain dago bazter guztietara hedaturik delako teniente horren adore burugabearen ospea, ezen, gudaldiko egiterik larrienen tenorean, besoetatik lehenbailehen eusteko agintzen baitute gudalburuek; baina, ordurako, gerrarako grina erabat jabetu da tenientearen gogoaz, eta buruan jira-biraka ari zaio dena; nor eta Suvorov bera dakusa aurrean, eta haren atzetik abiatzen da gerra-ekintza handientsuen loriaren bila. «Aurrera, mutilok!», egiten du oihu, kemenez gainezka, tenienteak, kontuan izan gabe azpikoz gora jartzen ari dela eraso nagusirako plan aldez aurretik ondo hausnartua, fusil-ahoak milioika ageri direla hodeietarainoko horma menderakaitz haietako kanoi-zuloetan, bere soldadu-sail indargabea lumatxoak airean bezala haizatuko dela behingoan eta zorigaiztoko bala bat txistuka abiatu dela jadanik berarengana, eztarri deiadarkari hori behin betiko isilaraztera. Baina Nozdriov gotorlekuari eraso egitera doan teniente odolbero eta burugalduaren irudia izanik, helburu zeukan gotorlekuak, ordea, ez zuen inondik ere menderakaitza ematen. Aitzitik, gotorlekua hain zegoen izuturik, ezen orpoetaraino erori baitzitzaion arima. Ordurako, morroiek eskuetatik kendua zioten babesgarritzat hartu zuen aulkia, eta bera, begiak itxirik, ez hilik ez bizirik, gertu zegoen etxeko jaunaren pipa zirkasiarra bere hezurretan probatzeko, eta Jainkoak daki zer ez zitzaion gertatuko; baina patuak gure protagonistaren saihetsak, sorbaldak eta gainerako gorputz-atal prestu guztiak salbatu nahi izan zituen. Bat-batean, denak ustekabean harrapaturik, hodeietan sortua bezala, kanpaitxo baten dilin-hots etena aditu zen kanpoan, eta argi entzun zen atari aurrera ziztu bizian iritsi berria zen telegaren gurpilek lurra zapaltzean ateratzen zuten zarata, eta gelaraino bertaraino heldu ziren troika gelditu berria osatzen zuten zaldi izerdituen putz astuna eta arnasestua ere. Nahi gabe, leiho aldera begiratu zuten denek: eite militarreko jaka batez jantziriko gizon bibotedun bat jaitsi zen telegatik. Sarreran argibideak eskaturik, gelan sartu zen, noiz eta Txitxikov, izu-laborria gainditu ezinik, ezein gizakirengan sekula ikusi den jarrerarik errukarrienean baitzegoen.

        — Barkatu, zuetako nor da Nozdriov jauna? —esan zuen ezezagunak, harrituxe Nozdriov eta Txitxikov hala ikusirik, pipa eskuan bata eta bere jarrera eragabea zuzentzen hasia bestea.

        — Aurrena, esadazu norekin hitz egiteko ohorea dudan —esan zuen Nozdriovek, berarengana hurbilduz.

        — Barruti honetako poliziaburua naiz.

        — Eta zer nahi duzu?

        — Jakinarazi behar dizut epailearen esku zaudela zure auzia erabaki bitartean. Horretarako bidali naute.

        — Burugabekeria handiagorik!, zein auziz ari zara? —esan zuen Nozdriovek.

        — Mozkorturik zeundela, Maksimov lurjabea iraindu eta jo egin zenuen, horregatik auzipetu zaituzte.

        — Gezurretan ari zara!, sekula ez dut Maksimov izeneko lurjabe hori ikusi!

        — Jaun ohoragarri hori!, gogoan izan ofiziala nauzula. Zure zerbitzariei hitz egin ahal diezu horrela, baina niri ez.

        Txitxikov ez zen han geratu, Nozdriovek zer erantzungo; kapelua hartu, abaila handian poliziaburuaren atzetik igaro, atariraino joan, britxkara igo, eta zaldiak lauoinka bizian jartzeko agindu zion Selifani.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia