Hirugarren kapitulua

 

        Bitartean, Txitxikov gogo-aldarte oneko zegoen bere britxkan, zeina aspalditxo baitzen bide nagusitik zihoala. Aurreko kapituluan argi ikusi da zer zeukan Txitxikovek bere nahi eta gurarien jomuga nagusi, eta, espero izatekoa zenez, buru eta bihotz lotu zitzaion berehala bere ameskizunari. Antza, buruan zebilzkion asmoak, kalkuluak eta oldozpenak oso atseginak ziren, zeren irribarre gozo baten aztarna uzten baitzioten behin eta berriro aurpegian. Bere gogoetetan murgildurik, ez zion batere arretarik jartzen kotxezainari, zeinak, Maniloven etxeko zerbitzari-jendeak eginiko abegi onak alaiturik, oso oharpen zuhurrak egiten baitzizkion troikako laguntza-zaldi izpildunari. Zaldi hura troikaren eskuineko aldean zebilen, eta ikaragarri maltzurra zen: tiraka ari zelakoa egiten zuen, baina itxura hutsa zen, eta, bitartean, erdiko zuri-horixka eta ezkerreko gaztainkara argia —zeinari Kontseilari deitzen baitzioten, halako kontseilari bati erosi ziotelako— hanken eginahal guztian aritzen ziren, halako moldez, ezen begietan igartzen baitzitzaien zenbaterainoko plazerra eragiten zien horrek.

        — Amarruzale hori, oraintxe erakutsiko diat nor den hemen azkarrena! —ziotson Selifanek nagitzarrari, jarlekutik altxatuxe eta zigorrarekin joz—. Oraindik ez duk hire lana ikasi, alemaniar alfer horrek? Zuri-horixka zaldi jatorra duk, bere zeregina betetzen dik, eta gustura emango niokek bazka-neurri bikoitza; eta Kontseilari ere zaldi ona duk... Et, et, et!, zergatik eragiten diek horrela belarriei? Entzun ezak, ergel horrek, hirekin ari nauk eta! Ez diat gauza itsusirik irakatsiko, lotsagabea halakoa! Arraioa!, zertan habil, gero?

        Berriro jo zuen zigorraz, eta esan:

        — Kankailua galanta hi! Bonaparte madarikatua!

        Gero, oihuka guztiei:

        — Axa, axa, laztanok!

        Eta zigorra dantzatu zuen hiru zaldien bizkar gainean, pozik zegoela adierazi nahirik eta zigortzeko asmorik gabe. Halako atseginaldia emandakoan, ostera mintzatu zitzaion izpildunari:

        — Zer uste duk, gero?, ez naizela hire amarrukeriez konturatzen? Zintzo portatzen bahaiz, jendeak ondo tratatuko hau. Bisitatu berriak ditugun lurjabeen morroiak, esaterako, jende onak dituk. Nik gustura hitz egiten diat jende onarekin, ondo konpontzen nauk beti jende onarekin, gogoko diat jende onarekin tea hartzea edo mokadu bat jatea. Gizona ona bada, begirunez tratatzen dik mundu guztiak. Gure nagusia, esaterako, mundu guztiak errespetatzen dik, zeren, jakin ezak, Estatuaren zerbitzuan jardun dik lanean, kolejio-kontseilaria duk...

        Arrazoibide horrek abstrakziorik urrunenetaraino eraman zuen azkenean Selifan. Txitxikovek, arretarik jarri izan balio, bere buruaren gaineko xehetasun ugari jakingo zituzkeen, baina hain zegoen bere baitara bildurik, ezen trumoi baten dunbots ozenak soilik ekarri baitzuen bere zentzura. Ingurura begiratu zuen: zerua hodeitzarrez estalirik zegoen, eta euri-tantak postako bide hautsez betea bustitzen hasiak ziren. Beste trumoi-danbada bat entzun zen, hurbilago eta ozenago, eta, bat-batean, goian behean eraso zion euriari. Hasieran, zeharka erortzen zen, kibitkaren estalkia aurrena alde batetik eta hurrena bestetik joz; gero, eraso-modua aldaturik eta goitik behera zuzen-zuzen jausiz, zarta-zarta hasi zen estalkiaren gainaldean; azkenik, euri-tantak Txitxikoven aurpegia bustitzen hasi ziren. Horrek beharturik, larruzko errezelak hedatu zituen. Bi zulotxo biribil zeuden errezel bakoitzean, bidaldietan paisajea ikusi ahal izateko eginak. Gero, lasterrago joateko agindu zion Selifani. Kotxezaina —hura ere bere erretolikaren muinean etenik— berehala konturatu zen ez zegoela alferkerian ibiltzeko astirik; gida-aulkiaren azpitik oihal grisezko soingaineko zirtzil bat atera, gainetik jantzi, hedeei eragin, eta garrasika hasi zitzaion troikari, zaldiak ia geldirik baitzeuden, giharrak lasaiturik prediku mamitsuaren urruma gozoaren eraginez. Baina Selifanek ezin zuen inola ere gogoratu bi ala hiru bidegurutze igaroak zituzten. Horretaz jabeturik, eta eginiko bidea nola edo hala gogora ekarriz, konturatu zen bidegurutze mordoa utzia zutela atzean. Zirt edo zarteko kinketan errusiarrak ohi duenez, ez zen luzamendutan ibili, eta, tupustean, eskuinetara jo zuen aurreneko bidegurutzean, zaldiei garrasika: «Axa, lagun agurgarriok! Aurrera, maiteok!»; eta ziztu bizian jarraitu zuen aurrera, harturiko bideak nora ote zeraman pentsatu ere egin gabe.

        Itxuraz, euriak luzerako asmoa zekarren. Bideko hauts-zolda lokatz bihurtu zen berehala, eta zaldiei gero eta nekezagoa zitzaien kibitkatik tiratzea. Txitxikov oso urduri jartzen hasi zen hain denbora luzean Sobakevitxen herriaren arrastorik ikusi ez zutelako. Bere kontuen arabera, aspaldi iritsiak behar zuten. Ingurua arakatu zuen, baina begiek ez zuten deus ikusterik, hain zen beltza ilunpea.

        — Selifan! —esan zuen azkenean, burua kotxeko estalkitik aterata.

        — Bai, jauna? —erantzun zion Selifanek.

        — Ez duk herririk ikusten?

        — Ez, jauna, ez dut herririk ikusten inon!

        Hori esandakoan, zigorra airean dantzatu, eta kanta-moduko bati ekin zion; eta kanta edo dena delako hura hain zen luzea, ezen ez baitzuen amaierarik. Denetarik zegoen han: Errusiako luze-zabal osoan gurdizainek zaldiei egin ohi dizkieten garrasi bihotz-emaileak eta oihu kitzikatzaileak, eta mota guztietako adjektiboak, nolanahi josiak ezpainetara etorri bezala. Eta, halatan, hitza eta pitza zeriola, zaldiei zer eta «eskribau» deitzen hasi zitzaien azkenean.

        Txitxikov, bitartean, ohartzen hasia zen kotxea batera eta bestera zanbuluka zihoala eta oso astindu gogorrak ematen zizkiola; eta horrek pentsarazi zion bidetik saihestu zirela eta, seguraski, sororik soro zebiltzala. Selifan ere, antza, horretan zegoen, baina ez zuen txintik ateratzen.

        — Alproja hori, nondik arraio hoa? —esan zion Txitxikovek.

        — Eta zer egingo dut eguraldi honekin, jauna? Zigorra ere ez dut ikusten iluntasun honetan!

        Eta, hori esandakoan, hainbeste okerrarazi zuen britxka, ezen Txitxikovek bi eskuekin heldu behar izan baitzion. Orduan konturatu zen Selifan txolindurik zegoela.

        — Eutsi, eutsi, irauli egingo duk eta! —egiten zion oihu.

        — Irauli niri, jauna? Horrelakorik pentsatzea ere! —zioen Selifanek—. Gauza txarra litzateke iraultzea, badakit hori; baina niri ez zait sekula irauliko.

        Gero, britxka birarazten hasi zen, eta, birarazi eta birarazi, alde batera irauli zitzaion azkenean. Txitxikov luze-luze jausi zen lokatzetara. Selifanek zaldiak geldiarazi zituen, nahiz eta haiek bere kabuz geldituko ziren besterik gabe ere, leher eginik zeuden eta. Ustekabeko istripuak ahoa bete hortz utzi zuen kotxezaina. Gida-aulkitik jaitsi, besoak hazta eginik britxkaren aurrean paratu, eta, lokatzetan bihurka jaunak hanka gainean jartzeko ahaleginak egiten zituen bitartean, honela esan zuen pixka batean hausnartu ondoren: «Arranopola!, irauli ez da, ba!».

        — Mozkor-mozkor eginda hago! —esan zion Txitxikovek.

        — Mozkortuta ni, jauna? Horrelakorik esatea ere! Badakit mozkorra harrapatzea gauza txarra dela. Hizketan aritu naiz lagun batekin, zeren ondo dago jende onarekin hitz egitea, ez dago ezer txarrik horretan; eta mokadu bat jan dugu elkarrekin. Mokadu bat jatea ez da gauza itsusia; gauza ona da jende onarekin mokadu bat jatea.

        — Eta zer esan nian mozkortu hintzen azkenekoan? Ahaztu al zaik? —esan zion Txitxikovek.

        — Ahaztu niri, nagusi jauna? Horrelakorik pentsatzea ere! Badakit nire lana zein den. Badakit mozkorra harrapatzea gauza txarra dela. Hizketan aritu naiz lagun batekin, zeren ondo dago...

        — Jipoi ederra emango diat, eta segituan ikasiko duk zein ondo dagoen jende onarekin hitz egitea!

        — Nahi duzun bezala, nagusi jauna —erantzun zuen Selifanek, guztiarekin ados agertuz—, jipoitu behar banauzu, datorrela jipoia; ez dut ezer horren kontra. Morroiak jipoia merezi badu, nagusiak jotzeko eskubidea du. Mujikak okerra egiten badu, jipoia eman behar zaio, ordena zaindu beharra dago eta. Jipoia merezi badut, zergatik ez nauzu, bada, jipoituko?

        Horrelako arrazoinamenduen aurrean, zer erantzun ez zekiela geratu zen nagusi jauna. Baina une horretantxe, antza, patuak Txitxikovez errukitzea erabaki zuen. Zakur-zaunkak entzun ziren urrun. Alaiturik, zaldiak akuilatzeko agindu zuen Txitxikovek. Errusiako gurdizainak beren sen onaz baliatzen dira ikusmenak ezertarako balio ez dienean; horregatik, askotan, begiak txiloturik heriosuharrean aurrera jo, eta beti iristen dira nonbaitera. Selifanek, tutik ikusi gabe ere, hain zuzen bideratu zituen zaldiak herrixkarantz, ezen britxkaren arasak hesi baten kontra jo eta aurrera jarraitzerik ez zegoenean soilik gelditu baitziren. Txitxikovek ozta-ozta atzeman zuen teilatu baten antzeko zerbait euri-zaparrada loditik zehar. Sarreraren bila bidali zuen Selifan, eta, inondik ere, luze joko zion zeregin horrek, baldin eta Rusen gizakumeen ordez zakur kartsuak ez baleude ateetan jagole. Izan ere, etxe hartako zakurrak hain ozenki iragarri zuen bere presentzia, ezen Selifanek belarriak estali behar izan baitzituen hatzekin. Argi batek dir-dir egin zuen leiho txiki batean, eta motelki argitu zuen hesirainoko tartea, gure bidaiariei sarbidea erakutsiz. Selifan deika hasi zen, eta, luze gabe, atexka bat ireki, eta oihal latzezko beroki lodi batean bilduriko irudi bat agertu zen. Nagusi-morroiek emakume baten ahots zakarra entzun zuten:

        — Nor da? Zer dela eta hainbeste zarata?

        — Bidaiariak gaituzu, emakumea, gau honetarako ostatu eske etorriak zurera —esan zuen Txitxikovek.

        — Hara bestea! Zer uste duzu, gero? —esan zuen emakume zaharrak—. Hauek al dira ate joka etortzeko orduak? Gainera, hau ez da ostatua, andre lurjabe baten etxea baizik.

        — Zer egingo diogu, emakumea! Galdu egin gara, eta eguraldi honekin ezin dugu gaua esteparen erdian igaro.

        — Bai, eguraldi zakarra egiten du, eguraldi txarra —erantsi zuen Selifanek.

        — Isilik egon hadi, astakirten hori! —esan zuen Txitxikovek.

        — Eta nor zara zu? —galdetu zuen emakume zaharrak.

        — Aitoren seme bat.

        «Aitoren seme» hitzak zer pentsatua eman zion emakume zaharrari.

        — Egon apur batean, zure berri emango diot etxekoandreari —esan zuen, eta bi minutu geroago itzuli zen, eskuan argiontzia zekarrela.

        Ireki zen hesiko atea. Argitxo batek dir-dir egin zuen beste leiho batean. Britxka, esparruan sartu, eta ilunpe beltz hartan nekez bereiz zitekeen etxe txiki baten aurrean gelditu zen. Leihotik ateratzen zen argiak etxearen erdia bakarrik agerrarazten zuen begien bistan. Etxe aurrean zegoen istil bat ere ikus zitekeen, argiak bete-betean hartzen baitzuen. Euriak danba-danba jotzen zuen zurezko teilatua, eta ur-xirripak gurgurika isurtzen ziren behean jarritako upel batera. Bitartean, zaunka eta zaunka hasi ziren zakurrak, mota guztietako hotsak ateraz: batek, lepoa gorantz luzaturik, hain ulu zoli eta beti-batekoak egiten zituen, ezen bai baitzirudien sariren bat jaso behar zuela horren ordainez; beste baten zaunkak, berriz, etenak eta laburrak ziren, elizako sakristauaren kantuaren antzekoak; haien artean —postako kotxeetako txilina bailitzan— soprano baten soinu etengabea entzuten zen, inondik ere zakurkume baten eztarritik aterea; eta, azkenik, baxu bat gailentzen zitzaien beste guztiei, zakur zahar mardul bat seguraski, zeren oso tonu sakona baitzerabilen, kontrabaxuak kontzertuaren unerik bizienean bezala: tenoreek, oin-puntetan jarririk, goiko nota kantatzen dute gogo biziz, burua atzera eramanik eta elkarrekin lehian, tonurik zoliena nork emango, eta kontrabaxuak, aldiz, bere kokots bizartsua gorbatan sarturik daukala, kukubilko eta ia lurra ukitzeraino makurturik, bere nota jaulkitzen du handik, halako moldez, ezen kristalak dardaraz eta tintinka hasten baitira. Horrelako musikarien eztarrietatik ateratako zaunka-hots haiek argi erakusten zutenez, handi samarra zen herrixka hura; baina gure protagonistak, blai-blai eginik eta hotzez dardaraka, ohea beste pentsamendurik ez zuen buruan. Britxka guztiz gelditu arte itxaron gabe, jauzi batez jaitsi eta lasterka joan zen etxeko atarirantz; bidean irrist egin, eta erortzeko zorian egon zen. Beste emakume bat irten zen atarira, aurrekoa baino gaztexeagoa baina oso antzekoa. Barrura eraman zuen bisitaria. Txitxikovek gaingiroki aztertu zuen gela begirada arin batez: marradun paper zahartuxea hormetan; hainbat margolan, txori desberdinen irudiekin; antzinako ispilu txiki batzuk leihoen artean, hosto kiribilduen formako ertzinguru ilunekin; ispilu bakoitzaren atzean gutun bat, edo karta-sorta zahar bat, edo galtzerdi bat; horma-erloju bat, esferan pintaturik loreak zeuzkana... ezin izan zuen besterik atzeman. Sumatzen zuen betazalak elkarri itsasten ari zitzaizkiola, norbaitek eztiz igurtzi balizkio bezala. Handik gutxira, etxekoandrea sartu zen, presaka jantziriko lo-txano bat buruan eta flanelazko sorbalda-oihal bat lepo inguruan loturik. Adinean sarturiko emakumea zen, uzta txarrak ekarritako galerez kexatu eta burua alde batera pixka bat okertzen duten eta, aldi berean, txanponez txanpon dirua bildu eta komodako kaxoietan ezkutaturiko ehun latzezko zakutxoetan sartzen duten andre lurjabe txiki horietakoa. Zakutxoetako batean errubloak bakarrik sartzen dituzte, beste batean berrogeita hamar kopekeko txanponak, eta hirugarren batean hogeita bost kopekekoak, nahiz eta itxuraz badirudien komodan arropa zuria baino ez dagoela, eta ohe-atorrak, eta harilkoak, eta beroki sareturen bat...; jaiegunetako gozopilak egostean soineko zaharra erretzen bazaie edo, bestela, erabiliaren erabiliaz berez higatzen bazaie, soineko bihurtuko dute komodan gorderiko beroki saretu hori; baina, etxekoandrea oso begiratua izaki, soineko zaharra ez zaio sekula erreko ez berez higatuko, eta beroki saretuak denbora luzea egingo du komodan gorderik, eta, azkenean, testamentuan utziko dio ahizparen bilobari beste traste zahar batzuekin batera.

        Txitxikovek barkamena eskatu zion ustekabean iritsirik ematen zizkion nekeengatik.

        — Lasai, ez dago zer barkaturik —esan zuen etxekoandreak—. Nolako eguraldiarekin ekarri zaituen Jainkoak hona! Hau haizea, hau ekaitza... Gogo onez eskainiko nizuke jateko zerbait, baina gaueko ordu hauetan ez dago ezer prestatzerik.

        Txistu bitxi batek eten zuen etxekoandrearen hizketa. Txitxikov izutu egin zen halako txistua entzutean, zeren bai baitzirudien gela sugez bete zela bat-batean; baina gora begiratu, eta lasaitu ederra hartu zuen, horma-erlojuak une horretantxe ordua jotzea erabaki zuela konturaturik. Txistuaren ondotik, halako karranka bat entzun zen, eta azkenean erlojuak ordu biak jo zituen bere indar guztiekin, eta hain zalaparta handia atera zuen, ezen bai baitzirudien norbaitek eltze mailatu bat jo zuela makila batez. Gero, pendulua tiki-taka hasi zen berriro, ezker-eskuin astiro higituz.

        Txitxikovek eskerrak eman zizkion etxekoandreari, esanik ez zuela ezeren premiarik, ez zezala berarengatik inolako ardurarik har, ohea besterik ez zuela behar eta bakarrik gustatuko litzaiokeela jakitea nora iritsia zen eta ea Sobakevitxen herrixkako bidea handik urrun zegoen; eta etxekoandreak erantzun zion sekula ez zuela izen hori entzun eta inguru hartan ez zegoela horrela deitzen zen lurjaberik.

        — Baina, gutxienez, Manilov ezagutuko duzu, ezta? —esan zuen Txitxikovek.

        — Eta nor da Manilov hori?

        — Lurjabe bat.

        — Ez, ez dut haren aditzerik, ez dakit lurjabe horren berririk.

        — Nor dira inguru honetako lurjabeak, bada?

        — Bobrov, Svinin, Kanapatiev, Jarpakin, Trepakin, Pleshakov.

        — Aberatsak dira?

        — Ez, jauna, ez dira oso aberatsak. Batek hogei arima ditu, beste batek hogeita hamar; ehun baino gutxiago denek.

        Bazter leku batean zegoela konturatu zen Txitxikov.

        — Eta hiria hemendik urrun dago?

        — Hirurogei bat verstara. Tamalez, ezin dizut jatekorik eskaini! Terik nahi duzu, jauna?

        — Ez, eskerrik asko, andrea. Ohea besterik ez dut behar.

        — Arrazoi duzu, atseden-premia handia izango duzu hain bidaia nekagarriaren ondotik. Hortxe bertan lo egin dezakezu, jauna, diban horretan. Aizan, Fetinia, ekarri lumatxa, bururdia eta izarak. Nolako eguraldia ekarri digun Jainkoak!, hauek trumoiak! Kandela bat eduki dut gau osoan ikonoaren aurrean pizturik. Ene, bada!, lokatzez beterik dauzkazu bizkarra eta bi alboak, jauna; zerri-zerri eginda zaude. Non zikindu zara horrela?

        — Jainkoari eskerrak, zikindu besterik ez naiz egin, eta gaitz erdi saihets-hezur guztiak hautsi ez ditudanean.

        — Ene Jainko zeruetakoa! Ikaragarria! On egingo lizuke bizkarra zerbaitekin igurtzitzeak.

        — Mila esker, mila esker. Ez kezkatu; agindu neskameari nire arropak lehortzeko eta garbitzeko, besterik ez.

        — Aizan, Fetinia! —deitu zion etxekoandreak neskame zaharrari, une horretan atarirantz baitzihoan, kandela eskuan. Ordurako, ekarria zuen lumatxa, eta, eskuekin bi alboetan astindu on batzuk eman zizkiola, lumaz beterik utzia zuen gela osoa—. Hartu gizon honen berokia eta barruko arropak eta, lehenik, sutondoan lehortu, nagusi jaun zenduaren jantziekin egiten huen bezala, eta gero astindu eta ondo garbitu.

        — Bai, andrea! —esan zuen Fetiniak, lumatxaren gainean izarak hedatu eta bururdia bere tokian ipintzen zuen bitartean.

        — Horra, prest daukazu ohea —esan zuen etxekoandreak—. Gabon, jauna, ondo lo egin. Ez duzu besterik behar? Beharbada, lotaratu aurretik norbaitek orpoetan hatz egiteko ohitura duzu. Nire senarra zenak ezin izaten zuen hori gabe lorik hartu.

        Baina gonbidatuak uko egin zion orpoetan hatz egiteko eskaintzari ere. Joan zen etxekoandrea. Txitxikov aitaren batean biluzi zen, eta Fetiniari eman zizkion janzki guztiak, bai kanpokoak eta bai barrukoak, eta Fetiniak —berak ere gabonak emanik— han eraman zituen estalgarri busti haiek guztiak. Txitxikovek, bakarrik geratu zelarik, irrikaz begiratu zion etzalekuari, ia sabairaino bertaraino iristen baitzen. Nabaria zen Fetinia ikaragarri trebea zela lumatxak harrotzen. Aulki bat alboan ipinita etzalekura igo zenean, lumatxak behera egin zuen lurra ia ukitzeraino, eta lumak, gorputzaren zamak beren gordetegitik aterarazirik, hegan barreiatu ziren gelako zoko-bazter guztietara. Kandela itzali, kotoizko burusiaz oinetatik bururaino estali, eta, bil-bil eginik, berehala lokartu zen. Goiz beranduan esnatu zen biharamunean. Eguzkia dirdiratsu sartzen zen leihotik eta bete-betean jotzen zuen begietan, eta euliak, aurreko egunean hormetan eta sabaian lo gozoan egonak baitziren, denak batera oldartzen zitzaizkion orain: bat ezpainean pausatu zitzaion, beste bat belarrian, eta hirugarren batek begian eroso-eroso esertzeko ahaleginak egiten zituen; euli hori bera, batere zuhurtziarik gabe, sudurzulotik hurbil jarri zitzaion lehentxeago, eta Txitxikovek, ordurako esnatzen hasirik, sudur barrura ekarri zuen arnasa hartzean, eta usin bortitza egin zuen horren eraginez, eta, hain zuzen ere, horrek esnarazi zuen guztiz. Gela begiradaz arakaturik, ohartu zen margolan guztiak ez zirela txorienak: Kutuzov mariskalaren erretratu bat ere bazen haien artean, baita agure batena ere, olioz margotua; agureak mahukaburu gorriekiko uniformea zeukan soinean, Pavel Petrovitx-en garaian erabiltzen zituztenen tankerakoa. Erlojuak, berriro txistu egin, eta hamarrak jo zituen; emakume baten aurpegia azaldu zen atearen zirrituan, baina berehala desagertu zen, zeren Txitxikovek, erosoago lo egin nahirik, arropa guztiak erantziak baitzituen. Aurpegi hura nonbaitetik ezagutzen zuelako irudipena izan zuen. Nor ote zen gogoratzeko ahaleginak egiten hasirik, etxekoandrea bera zela konturatu zen azkenean. Alkandora jantzi zuen; aldamenean zeuzkan beste janzki guztiak ere, lehor eta garbi. Jantzi, ispilura hurbildu, eta usin egin zuen berriro, hain ozenki, ezen une horretan leihora inguratu berria zen indioilar batek —leihoa lurretik oso hurbil zegoen— zerbait murduskatu baitzion, hitzetik hortzera eta oso azkar, bere hizkuntza bitxian —«Egun on», seguraski—, eta Txitxikovek «Ergela halakoa!» erantzun zion. Leihora hurbildurik, aurrean zeukan ikuskaria arretaz aztertzeari ekin zion: leihoak ia oilategira bertara ematen zuen; behinik behin, eskorta estu bat zeukan aurrean, hegaztiz eta mota guztietako aberez mukuru betea. Ezin konta ahal indioilo eta oilar zegoen; indioilarra batera eta bestera zebilen haien artean, patxada ederrean eta urrats beti-berdinak eginez, noizean behin gandorrari leunki eraginka eta burua alde batera jiratuz, zerbaiti belarri emateko bezala; zerrama bat ere bazen han, bere zerrikumeekin; zerrama hark, hondakin-pila batean uxarka ari zela, txito bat irentsi zuen bidenabar, eta gero, horretaz konturatu gabe, angurri-azalak jaten jarraitu zuen ezer gertatu ez balitz bezala. Eskorta edo oilategi txiki hura oholesi batez inguraturik zegoen, eta oholesiaz bestaldean alor ikaragarri zabalak ikusten ziren, eta, han ereinda, azak, tipulak, patatak, erremolatxak eta bestelako barazkiak. Alorretan, sagarrondoak eta bestelako fruta-arbolak ikusten ziren hor-hemenka, sarez estalirik mika eta txolarreen erasoetatik babesteko, zeren txolarreak saldoka ibiltzen baitziren batera eta bestera joan-etorrian. Hainbat txorimalo zegoen, haga luzeetan jarririk eta besoak zabal-zabalik, txoriak uxatzeko hain zuzen ere. Haietako batek etxekoandrearen burukoa zeukan jantzirik. Alorrez harago nekazarien izbak ageri ziren. Nahas-mahas eraikita zeuden, behar bezalako kalerik eratu gabe; nolanahi ere, Txitxikoven irudiko, hango nekazariak esne-mamitan bizi zirela erakusten zuten, denak egoera onean zeuden eta: guzti-guztiek ohol berriak zeuzkaten teilatuko ohol zaharkituen ordez; ate guztiak beren erroetan ondo sarturik zeuden; eta ordezko orgak ikusi zituen nekazarien lehorpeetan gorderik, ia berriak, gehienetan bat eta batzuetan bi. «Hara!, ez da txikia, gero, honen herrixka!», esan zuen bere artean, eta etxekoandrearekin hitz egitera joan zen, hobeto ezagutzeko asmoz. Ate aldera begiratu zuen, lehentxeago etxekoandreak burua agertu zuen zirritura hain zuzen ere, eta, te-mahaitxoaren alboan eserita ikusirik, berarenganantz joan zen, irribarretsu eta losintxari.

        — Egun on, jauna. Ondo lo egin duzu? —esan zion etxekoandreak, zutitzeko keinua eginez. Bezperan baino hobeto jantzirik zegoen, soineko ilun batez eta lo-txanorik gabe, baina oraindik bazeukan zerbait loturik lepo inguruan.

        — Ondo, ondo —esan zuen Txitxikovek, besaulki batean esertzeaz batera—. Eta zu zer moduz zaude, andrea?

        — Txarto.

        — Zer dela eta?

        — Lo egin ezina. Minez ebakitzen daukat gerria, baita hanka ere, belauna baino apur bat gorago.

        — Joango zaizu, andrea, joango zaizunez. Ez horregatik kezkatu.

        — Jainkoari nahi dakiola mina joatea. Zerri-koipez gantzutu dut, baita trementinaz igurtzi ere. Zer hartu nahi duzu tearekin? Ontzi horretan frutazko gozagarria dago.

        — Ondo da, andrea, frutazko gozagarria hartuko dut.

        Nago irakurlea honezkero ohartuko zela ezen Txitxikovek, itxura losintxaria gorabehera, Manilovekin baino askatasun handiagoz eta batere zeremoniarik gabe hitz egiten zuela etxekoandrearekin. Beste arlo batzuetan Rusen oraindik ez gara iritsi atzerriko herrialdeen mailara, baina esan beharra dago atzean utzi ditugula tratamendu-kontuetan. Kontaezinak dira gure trataerak dituen ñabardurak eta berezitasunak. Frantsesek edo alemaniarrek sekula ez dituzte atzemango ez ulertuko xehetasun eta desberdintasun horiek guztiak; haiek, gutxi gorabehera, ahots-doinu berberaz eta hizkera berberaz mintzatzen dira milioidunarekin eta tabako-saltzaile arruntarekin, nahiz eta, jakina, barru-barruan doiki kikiltzen diren milioidunaren aurrean. Gurean ez da horrelakorik gertatzen: gurean badira gizaki argiak, zeinak ez baitira berdin mintzatzen berrehun arima dituen lurjabearekin eta hirurehun dituenarekin, zeinak ez baitira berdin mintzatzen hirurehun arima dituen lurjabearekin eta bostehun dituenarenekin, zeinak ez baitira berdin mintzatzen bostehun arima dituen lurjabearekin eta zortziehun dituenarenekin; hitz gutxitan, milioira hurbiltzen garen neurrian, ezin konta ahal ñabardura agertzen dira. Demagun, esaterako, badela bulego bat —ez hemen, herrialde urrun batean baizik—, eta demagun bulego horretan badela zuzendari bat. Orain, mesedez, errepara iezaiozu bere mendekoen artean eserita dagoelarik: ikararen ikaraz ez duzu txintik ere aterako!, harrotasuna, bihotzeko handitasuna... zer ez duen adierazten haren aurpegiak!, pintzela hartu eta haren potreta egiteko gogoa ematen du: horra hor Prometeo, benetako Prometeo bat! Arranoaren antzo begiratzen du, astiro ibiltzen da, pauso beti-berdinez. Eta arrano hori bera, bere gelatik irten eta —paperak besapean dauzkala— nagusiaren bulegora hurbildu bezain laster, arineketan hasten da hanken eginahal guztian, galeperraren antzera. Gizarteko bileretan eta gau-jaietan, beste gonbidatuak bera baino maila apalagokoak badira, gure Prometeok Prometeo izateari eutsiko dio; bera baino maila goragokoak badira, ordea, Ovidiok berak nekez irudikatuko zukeen itxuraldatzea jasango du: euli bihurtuko da, edo euli baino gutxiago, hondar-ale! «Baina hau ez da Ivan Petrovitx —esango duzu, berari so jarririk—. Ivan Petrovitx garaia da, eta hau, ordea, txikia eta argala; hura orroka mintzatzen da, baxu-ahotsez, eta sekula ez du barrerik egiten; honi, ordea, ez zaio tutik ulertzen: ahots zoliz hitz egiten du, txoriek bezala, eta barrez dago denbora guztian.» Hurbil zaitez gehiago, begira iezaiozu arretaz: Ivan Petrovitx da eta! «Hara!», esango duzu zeure artean... Baina, kontuak kontu, itzul gaitezen gure protagonistarengana. Txitxikovek, dagoeneko ikusi dugunez, batere zeremoniarik gabe jokatzea erabakia zuen, eta, halatan, katilu tea eskuan hartu, frutazko gozagarria isuri, eta honela mintzatu zen:

        — Herrixka ederra zurea, andrea. Zenbat arima dituzu?

        — Laurogei inguru, jauna —esan zuen etxekoandreak—. Baina, zoritxarrez, garai latzak bizi ditugu orain, iazko uzta oso txarra izan zen eta. Jainkoak gorde gaitzala!

        — Hala ere, itxuraz behintzat, nekazariak indartsuak dira, eta izbak sendoak... Baina esadazu, mesedez, zure abizena. Galdetzea ahaztu zitzaidan atzo... gau beranduan heldu nintzen eta...

        — Korobotxka, kolejio-idazkaria.

        — Mila esker. Eta izena eta patronimikoa?

        — Nastasia Petrovna.

        — Nastasia Petrovna? Izen polita Nastasia Petrovna. Nire izeba bat ere, amaren ahizpa bera, Nastasia Petrovna deitzen da.

        — Eta zuk nola duzu izena? —galdetu zion lurjabeak—. Inondik ere, aholkularia zara.

        — Ez, andrea —erantzun zuen Txitxikovek, irribarre txikia eginez—. Ez naiz inondik ere aholkularia, batetik bestera ibiltzen naiz negozio txikiak egiten.

        — Beraz, saleroslea zara! Tamalez, merke-merke saldu diet eztia merkatari batzuei, eta zuk, seguraski, erosiko zenidakeen.

        — Ez, nik ez nizukeen eztirik erosiko.

        — Zer orduan? Kalamua, beharbada? Bada, kalamu gutxi daukat orain: pud erdi besterik ez.

        — Ez, andrea, nik bestelako gauzak erosten ditut. Esadazu, nekazaririk hil zaizu?

        — Bai, jauna, hemezortzi! —esan zuen andreak, hasperen eginez—. Eta hildako guztiak on-onak ziren, langile finak denak. Egia esan, beste batzuk jaio dira, baina zertarako balio didate?: umegorriak dira oraindik; ikuskatzailea etorri zen eta esan zidan zergak ordaindu behar ditudala haiengatik. Hilik daude, eta bizirik baleude bezala ordaindu behar. Joan den astean, kiskalita hil zitzaidan arotza, eta oso gizon trebea zen, oso ondo menderatzen zuen bere lanbidea.

        — Sutea izan zen, ala?

        — Jainkoak gorde gaitzala horrelako ezbeharretik, sutea askoz okerragoa zatekeen: bere kabuz erre zen, jauna. Zerbait erretzen hasi zitzaion barruan, zeharo edanda zegoen, sugar urdinxka bat atera zitzaion barrutik, eta ahitu egin zen, ahitu eta belztu, ikatza bezala, eta arotz bikaina zen! Eta orain ezin dut gurdia erabili: ez daukat zaldiak nork ferratu.

        — Horixe izan da Jainkoaren borondatea, andrea! —esan zuen Txitxikovek, hasperen eginez—. Jainkoaren jakinduriaren aurrean ez dago ezer esatekorik... Emango zenizkidake, Nastasia Petrovna?

        — Eman zer, jauna?

        — Bada, hil horiek guztiak.

        — Baina nolatan emango dizkizut?

        — Bada, halaxe, eman eta kito. Edo, nahiago baduzu, saldu. Dirua emango dizut haien aldera.

        — Nolatan, gero? Egia esan, ez dizut ulertzen. Lurpetik atera nahi dituzu, ala?

        Txitxikov ohartu zen andre zaharra urrunegira joana zela eta ezinbesteko zuela eskaria argitzea. Hitz gutxitan azaldu zion eskualdaketa edo salerosketa paperean bakarrik egingo zutela eta bizirik baleude bezala errejistratuko zituztela nekazari hilak.

        — Baina zertarako nahi dituzu? —esan zuen andre zaharrak, begiak arranpalo.

        — Hori nire kontua da.

        — Baina hilik daude.

        — Eta nork esan du bizirik daudela? Hain zuzen ere, horrexegatik galtzen duzu dirua, hilik daudelako: zergak ordaintzen dituzu haiengatik; eta orain nik buruhauste horretatik eta ordaintzeko beharretik libratuko zaitut. Ulertzen duzu? Libratu egingo zaitut, eta gainera hamabost errublo emango dizkizut. Argi dago orain?

        — Egia esan, ez dakit —esan zuen etxekoandreak, pausatuki—. Kontua da sekula ez dudala hilik saldu.

        — Jakina! Benetan harritzekoa litzateke zuk inoiz baten bati hilik saldu izana. Edo uste duzu etekina aterako zeniekela?

        — Ez, ez dut horrelako usterik. Ez nieke inolako etekinik aterako, noski. Baina hilik daude, hori da nire kezka bakarra.

        «Bai burugogorra emakume hau!», pentsatu zuen Txitxikovek bere kolkorako.

        — Entzun, andrea. Pentsa ezazu ondo: bizirik baleude bezala ordaintzen duzu haiengatik, eta hondamena ekarriko dizu horrek.

        — Ai ene, jauna, ez ezazula horrelakorik aipatu ere egin! —moztu zion lurjabeak—. Orain dela hiru aste ehun eta berrogeita hamar errublo baino gehiago ordaindu nituen. Eta, gainera, eskupekoa eman behar izan nion ikuskatzaileari.

        — Ikusten? Orain, kontu egizu ez diozula ikuskatzaileari eskupeko gehiagorik eman beharrik izango, zeren aurrerantzean nik ordainduko ditut zerga horiek; nik, ez zuk; neure gain hartuko dut erantzukizun guztia. Gainera, neure diruarekin ordainduko ditut eroste-agiriaren gastuak, ulertzen duzu hori?

        Andre zaharra pentsakor geratu zen. Argi zekusan saleroste hark onura handia ekarriko ziola, baina ohiz kanpokoa zen, eta berriegia aukeran; eta izugarri beldurtzen hasi zen, erosle hark iruzur egingo ote zion, zeren auskalo nondik etorria zen, eta gau beranduan gainera.

        — Zer, andrea, ados zaude?

        — Egia esan, jauna, orain arte sekula ez didate hilak saltzeko proposamenik egin. Biziak bai, biziak saldu izan ditut; duela hiru urte, esaterako, bi neskagazte eman nizkion artzapezari, ehun errubloren truke bakoitza, eta artzapezak eskerrak eman zizkidan, oso langile finak atera zitzaizkion eta: ezpainzapiak eta guzti josten zituzten beren eskuekin.

        — Ondo da, baina biziek bost axola niri; Jainkoak babes ditzala. Hilez ari natzaizu.

        — Egia esan, beldurrak nago ez ote naizen nola edo hala galduan irtengo. Beharbada, jauna, ziria sartu nahi didazu, eta agian haiek, zera horiek... gehiago balio dute.

        — Tira, tira, emakumea, horrelakorik bururatzea ere! Nekazari hilek ez dute inolako baliorik! Hautsa baino ez dira. Ulertzen duzu?, hautsa, besterik ez. Hartzazu edozein traste zahar, edozein zabor, piltzar bat esaterako, eta piltzar horrek ere badu bere balioa: gutxienez, paper-fabrikan erosiko dizute. Hilek, ordea, ez dute ezertarako balio. Tira, esadazu, zertarako balio dute?

        — Arrazoi duzu, bai, ez dute ezertarako balio; baina kontua da hilik daudela, horrek bakarrik geldiarazten nau.

        «Egoskorra duk, gero! —esan zuen Txitxikovek bere artean, ernegatzen hasirik—. Honekin ez zegok ados jartzerik. Izerdia botaraziko zidak emakume madarikatu honek!» Orduan, sakelatik sudur-zapia atera, eta bekokia xukatu zuen, zeren, izan ere, izerditan baitzeukan. Bestetik, alferrikakoa zen Txitxikoven haserrea: batzuetan, gizon ohoragarrienek ere, estatu-gizonek berek ere, Korobotxka batek bezala jokatzen dute. Buruan zerbait sartzen bazaie, ez dago etsiarazteko modurik; eguna bezain argudio argiak eman arren, ez duzu ezer lortuko: nola hormak gomazko pilota itzularazten duen, halaxe itzularazten dituzte haiek argudio guztiak. Izerdia xukatutakoan, emakumea berera ekartzeko beste bide bat saiatzea erabaki zuen Txitxikovek.

        — Zuk, andrea —esan zion—, edo ez dituzu nire hitzak ulertu nahi, edo zerbait esate aldera soilik hitz egiten duzu... Dirua emango dizut: hamabost errublo, diru-paperetan. Ulertzen duzu? Dirua da. Ez duzu horrelakorik kale erdian topatuko. Tira, aitor ezazu, zenbatean saldu duzu eztia?

        — Hamabi errubloan pud bakoitza.

        — Bekatu txiki bat egin berri duzu, andrea. Ez duzu hamabi errubloan saldu.

        — Jainkoarren!, horixe saldu dudala prezio horretan!

        — Ondo da, ondo da! Baina eztia zen. Ikusten? Beharbada, urtebete behar izan duzu ezti hori biltzeko; gogotik lan egin duzu, arduratsu; makina bat buruhauste eman dizu zeregin horrek; hara eta hona ibili zara, erleek ziztadaz josi zaituzte, sotoan janaritu dituzu negu osoan zehar. Arima hilak, ordea, ez dira mundu honetakoak; zuk ez duzu inolako ahaleginik egin, Jainkoaren borondatez utzi dute mundu hau, zure etxaldearen kalterako. Eztiaren kasuan, hamabi errublo jaso dituzu zeure lanaren, zeure nekeen ordainez; eta nik ez dizut hamabi errublo emango, hamabost baizik, zuk ezertxo ere egin gabe, hutsaren truke; eta ez dizkizut zilarrezko txanponetan emango, diru-paperetan baizik.

        Hain arrazoi pisuzkoak emanik, Txitxikov ia etsirik zegoen andre zaharrak amore emango zuela azkenean.

        — Kontua da alargun eskarmenturik gabea nauzula gauza hauetan —erantzun zuen lurjabeak—. Hobe dut pixka batean itxaron, ea merkatariak datozen eta prezioak nondik nora dabiltzan esaten didaten.

        — Lotsagarria, andrea, lotsagarria! Hori bai lotsagarria! Baina nolatan esan dezakezu horrelakorik? Pentsa ezazu ondo! Nork erosiko dizu nekazari hilik? Zer egingo luke haiekin?

        — Agian, zeozertarako erabil nitzake nik etxaldean... —hasi zen andre zaharra, baina ez zuen esaldia bukatu; ahoa zabaldu, eta begira geratu zitzaion Txitxikovi, ia izuturik, horri zer erantzungo ote zion jakiteko irrikaz.

        — Nekazari hilak etxaldean! Horra noraino iritsi zaren! Eta zer egingo lukete?, gauean txolarreak soroetatik uxatu?

        — Jainkoak gorde gaitzala! Zein gauza ikaragarriak esaten dituzun! —esan zuen andre zaharrak, gurutzearen seinalea eginez.

        — Zertarako erabiliko zenituzke, bada? Eta gainera, hezurrak eta hilobiak berton geratuko dira, eskualdaketa paperean soilik egingo dugu. Tira, zer deritzozu? Ados zaude? Erantzun, gutxienez.

        Andre zaharra pentsakor geratu zen berriro.

        — Zer pentsatzen ari zara, Nastasia Petrovna?

        — Egia esan, erabaki ezinik nago; hobe kalamua saltzen badizut.

        — Eta zertarako nahi dut nik kalamua? Horrelakorik! Nik beste gauza bat eskatu, eta zuk kalamua eskaini! Kalamua kalamu da, beste egun batean etorriko naiz eta kalamua erosiko dizut. Tira, zer diozu, Nastasia Petrovna?

        — Jainkoarren!, hain da bitxia saleroskina, ohiz kanpokoa erabat...

        Horra iritsirik, Txitxikoven eroapenak hondoa jo zuen. Bere senetik aterata, haserre bizian aulki batez lurra jo, eta deabruetara bidali zuen Nastasia Petrovna.

        Etxekoandrea ikaragarri izutu zen deabruaren aipamena entzutean.

        — Jainkoaren izenean, etzazula deabrua aipatu ere egin! —egin zuen oihu, erabat zurbildurik—. Orain dela hiru egun, infernuko piztiarekin ametsetan eman nuen gau osoa. Otoitz egin ostean kartetan etorkizuna igartzea bururatu zitzaidan lotara joan aurretik, eta, antza, deabrua bidaliz zigortu ninduen Jainkoak. Nazkagarria zen, eta zezenak baino adar luzeagoak zituen.

        — Harritzekoa iruditzen zait, hala ere, deabruak ehunka ez agertzea zuri. Kristauok berezko dugun bihozberatasunak eraginik jokatu dut; hor ikusi zaitut: alargun errukarri bat, neketan, miseriak estuturik... zoazte pikutara zu eta zure herrixka!

        — Ene, zer-nolako biraoak botatzen dituzun! —esan zuen andre zaharrak, ikaraz begiratzen ziola.

        — Ez dago eta asmatzerik nola hitz egin behar den zurekin! Barkatuko didazu horrela mintzatzea, baina baratzezainaren zakurrak bezala jokatzen duzu: baratzekoa jan ez eta jaten utzi ere ez. Zure etxaldeko beste produktu batzuk ere erostekotan nengoen, zeren Estatuarentzako hainbat erosketa egiteko ardura ere badut...

        Bestela bezala bota zuen hori, nolako eragina izango zuen aurretiaz pentsatu gabe, baina ustekabeko arrakasta lortu zuen. Estatuarentzako erosketak egiten zituelako kontu horrek berebiziko eragina izan zuen Nastasia Petrovnarengan; behinik behin, honela mintzatu zitzaion, erregu-antzeko ahotsez:

        — Zergatik sumindu zara hainbeste? Aldez aurretik jakin izan banu hain erraz haserretzen zarela, ez nizun kontra egingo.

        — Badut zergatik haserreturik, gero! Kontu honek ez du piperrik balio, horra zergatik haserretu naizen hainbeste!

        — Tira, ondo da, prest nago hamabosna errubloan saltzeko! Baina entzun, jauna: Estatuarentzako erosketa horiek direla eta, zekale-irina behar baduzu, edo gari-irina, edo alea, edo okela, ez ahaztu nitaz, mesedez.

        — Ez, andrea, ez naiz zutaz ahaztuko —esan zuen Txitxikovek, eskuaz izerdia xukatzen zuen bitartean, zurrustaka lerratzen baitzitzaion aurpegian behera. Gero, galdetu zion ea bazuen eroste-agiria sinatzeaz eta gainerako eginbideez ardura zitekeen ahaldunik edo ezagunik hirian.

        — Bai noski, artzapeza, aita Kiril alegia; semeak Ganberan lan egiten du —esan zuen Korobotxkak.

        Gutun bat idazteko eskatu zion, artzapezari ordezkari gisa jarduteko ahalmena emanez, eta, etxekoandrea alferrik ez nekaraztearren, bere gain hartu zuen lan hori.

        «Ondo legoken gizon honek irina eta okela erostea niri —pentsatu zuen Korobotxkak bitartean—. Nireganatu egin behar dinat. Oraindik ez dun amaitu atzo arratseko orea; bliniak egiteko esango diot Fetiniari; ondo legoken arrautzazko pastel geza ere eskaintzea, nire sukaldariak ondo prestatzen din eta berehalako batean egiten dun.» Eta han joan zen etxekoandrea, pastelak prestatzeko burutapena gauzatzera eta, nonbait, jaki horri beste gozoki eta eltzekari batzuk gehitzeko asmoa ere bazuela. Txitxikov, berriz, behar zituen paperak bere kutxatik ateratzera itzuli zen harrera-gelara, non gaua igaro baitzuen. Harrera-gelan gauza bakoitza bere tokian zegoen berriro, lumatxa bikaina handik eramana zuten eta zamautxo batez jantziriko mahai bat zegoen dibanaren aurrean. Kutxa mahai gainean ipini, eta atsedenalditxoa hartu zuen, izerdi patsetan baitzegoen, goitik behera blai eginik, alkandoratik hasi eta galtzerdietaraino, errekara erori balitz bezala. «Leher eginik utzi naik atso zahar madarikatu horrek», esan zuen atsedenalditxoa hartutakoan; eta kutxa ireki zuen. Autorea ziur dago ezen irakurle batzuk —hain baitira jakingurak— irrikaz daudela jakiteko kutxa nolakoa zen barrutik eta nola zegoen antolaturik. Zergatik ez dut, bada, haien jakinmina aseko? Hona, beraz, kutxaren barruko antolamendua: erdi-erdian, xaboi-ontzia; xaboi-ontziaren atzean, sei edo zazpi oholtxo, batetik besterako hutsarte meharretan bizar-labanak sartzeko jarriak; harago, tokitxo karratu batzuk hondar-ontzia eta tintontzia gordetzeko, eta, haien artean, txalupa-formako hutsune bat idazlumarako, lakrerako eta, oro har, gauza luzangetarako; atzerago, kutxatila ugari —estalkidunak zein estalkigabeak—, gauza laburretarako, bisita-txartelez, hil-mezuz, antzerki-sarrerez eta Txitxikovek oroigarri gisa gordetzen zituen bestelako paperez beterik. Kutxaren goiko atal hori oso-osorik ateratzen zen, eta haren azpian leku bat zegoen, paper-sortez gainezka; dirua gordetzeko kutxatila ezkutu bat ere bazegoen, kanpotik antzik ematerik ez bazegoen ere kutxaren albo batetik irekitzen zena. Jabeak hain bizkor ireki eta ixten zuen beti, ezen ez baitago esaterik zenbat diru zegoen barruan. Txitxikov berehala hasi zen lanean, eta, idazluma zorrozturik, idazteari ekin zion. Une horretan, etxekoandrea sartu zen.

        — Zein kutxa polita daukazun, jauna —esan zion, aldamenean eseririk—. Seguraski, Moskun erosia.

        — Bai, Moskun —erantzun zuen Txitxikovek, idazteari utzi gabe.

        — Berehala igarri diot: oso onak izaten dira Moskun eginiko gauza guztiak. Orain dela hiru urte, ahizpak neguko botak ekarri zituen haurrentzat, oso sendoak, oraindik erabiltzen dituzte. Hara, zenbat paper zigiludun daukazun! —jarraitu zuen, kutxari begiratu bat emanik. Eta, izan ere, Txitxikovek paper zigiludun mordoa zeukan—. Emango zenidake orritxo bat? Nik ez daukat horrelakorik; batzuetan, epaileari eskabide-orri bat bidali behar, eta ez daukat non idatzi.

        Txitxikovek azaldu zion orri haiek ez zutela horretarako balio, hau da, eroste-agiriak egiteko orriak zirela, eta ez eskabideak idaztekoak. Hala ere, emakumea lasaitze aldera, errubloko orri bat eman zion. Gutuna idatzitakoan, etxekoandreari luzatu zion, sina zezan, eta mujik hilen zerrenda eskatu zion gero. Etxekoandreak, ordea, ez zeukan ez zerrendarik eta ez inolako errejistrorik, baina buruz zekizkien ia guztien izenak; halatan, gehiago luzatu gabe, diktarazi egin zizkion Txitxikovek. Nekazari batzuen izenek —eta batez ere ezizenek— harrituxe uzten zuten Txitxikov, eta, halako bat entzuten zuen bakoitzean, aurrena gelditu, eta gero hasten zen idazten. Batik bat, txunditurik utzi zuen Piotr Saveliev Zolda-jario zikina zelako batek, eta ezin izan zion eutsi «Bai izen luzea» esateko gogoari. Beste batek Behi-adreilua zeukan izenari erantsirik, eta beste bat, berriz, Ivan Gurpila soilik deitzen zen. Idazten amaitu zuenean, sudurretik airea biriketaratu, eta oliotan frijituriko zerbaiten usain erakargarria aditu zuen.

        — Onartuko zenidake mokadu bat jateko gonbit apala? —esan zion etxekoandreak.

        Txitxikovek, atzera begiratu, eta han ikusi zituen, ordurako mahai gainean prest, onddoak, opiltxoak, bizkotxoak, kauserak, gozopilak, bliniak eta denetariko gaiz beteriko pastelak: tipulaz, lo-belarraz, gaztanberaz, esne gaingabetuaz... Zer ez zegoen han!

        — Arrautzazko pastel geza! —eskaini zion etxekoandreak.

        Hurbildu egin zen Txitxikov arrautzazko pastel gezara, eta, erdia baino gehixeago jandakoan, goraipatu egin zuen. Eta, izan ere, gozoa zen pastela, eta are gozoagoa iruditu zitzaion etxekoandre zaharrarekin izaniko iskanbila eta tirabiraren ondotik.

        — Eta blinirik ez duzu nahi? —esan zion etxekoandreak.

        Txitxikovek, erantzun gisa, hiru blini bildu zituen batera, eta, gurin urtuan busti ondoren, ahora eraman zituen, eta gero ezpainzapiaz garbitu zituen eskuak eta ahoa. Ekintza hori hiru aldiz errepikatutakoan, britxka prestatzeko agin zezala eskatu zion etxekoandreari. Nastasia Petrovnak bertantxe bidali zuen Fetinia hori egitera, bide batez blini bero gehiago ekartzeko agindurik.

        — Oso gozoak dira zure bliniak, andrea —esan zuen Txitxikovek, blini ekarri berriei ekinez.

        — Bai, nire sukaldariak oso ondo prestatzen ditu —esan zuen etxekoandreak—. Zoritxarrez, uzta txarra izan dugu eta irina ez da oso ona... Baina zer dela eta horren presa handia, jauna? —esan zuen, Txitxikovek kapelua eskuan hartu zuela ikusirik—. Oraindik ez dizute britxka prestatu.

        — Prestatuko didate, andrea, prestatuko didate. Nire kotxezainak aitaren batean uztartzen ditu zaldiak.

        — Mesedez, ez ahaztu Estatuarentzako erosketen kontu hori.

        — Ez dut ahaztuko, ez dut ahaztuko —esan zuen Txitxikovek, atarirantz zihoala.

        — Zerri-gantza erosiko didazu? —galdetu zion etxekoandreak, atzetik segika.

        — Zergatik ez? Erosiko dizut, baina beste egun batean.

        — Aste Santurako zerri-gantza izango dut.

        — Erosiko dugu, erosiko dugu, denetarik erosiko dugu, zerri-gantza ere erosiko dugu.

        — Agian, txori-lumak beharko dituzu. Abenduko baraualdirako txori-lumak izango ditut.

        — Ondo da, ondo da —esan zuen Txitxikovek.

        — Hara!, begira, jauna, oraindik ez dizute britxka prestatu —esan zuen etxekoandreak atarira iritsi zirenean.

        — Prestatuko dute, prestatuko dute. Esadazu nola iritsi bide nagusira.

        — Nolatan egin nezake hori? —esan zuen etxekoandreak—. Zail da azaltzen, bidegurutze asko dago; neskatila bat utziko dizut, bidea erakusteko. Seguraski, egongo da lekutxoren bat berarentzat gidariaren jarlekuan.

        — Nola ez!

        — Neskatila bat utziko dizut orduan, berak badaki bidea; baina etzazula zeurekin eraman!, merkatari batzuek neskatila bat eraman zidaten behin.

        Txitxikovek hitzeman zion ez zuela berekin eramango, eta Korobotxka, lasaiturik, arretaz aztertzen hasi zen etxe inguruan zegoen guztia; aurrena, giltzain andrearengan josi zituen begiak —eztiz beteriko azpil zurezko bat ateratzen ari baitzen une horretantxe janaritegitik—, hesiko atean azaldu berria zen mujik bati begiratu zion gero, eta, horrela, arian-arian, buru eta bihotz murgildu zen berriro etxeko bizitzan. Baina zergatik jardun hain luzaz Korobotxkaz? Dela Korobotxka edo Manilova, dela etxeko bizitza edo etxetik kanpokoa, jo dezagun aurrera horri jaramonik egin gabe, zeren hor ez baitugu ezer miragarririk aurkituko: halako moldez dago antolaturik mundua, ezen atsegingarri zaiguna, haren aurrean denbora gehiegi egonez gero, tristura-iturri bilakatzen baita bat-batean, eta Jainkoak daki zer-nolako burutapenak jabetzen diren orduan gure gogoaz! Hausnarrean hasirik, litekeena da pentsatzea ea Korobotxka benetan dagoen hain behean giza hobekuntzaren mailadi azkengabean; eta ea benetan den hain sakona ahizparengandik bereizten duen amildegia, ahizpa bere etxe aristokratikoko hormen artean hesiturik bizi baita, iristezin, hango kobre distiratsuarekin, kaobarekin, tapizekin eta burdinurtuzko zurubi usaintsuekin, irakurtzen amaitu gabeko liburu baten aurrean aharrausika, zain, goi-gizarteko bisitari asmotsuren bat noiz etorriko ote zaion, horrek aukera paregabea emango baitio bere adimenaren ateak zabaltzeko eta argitara ateratzeko buruz ikasiriko gogoetak, modaren legeei jarraiki hirian aste betez nagusitzen diren gogoetak alegia, ez etxearekin eta gainerako ondasunekin gertatzen denari buruzkoak —etxaldea gobernatzen ez jakitearen kariaz, nahastearen eta lardaskaren mendean baitaude hala bata nola besteak—, ezpada Frantzian egosten ari den aldaketa politikoari buruzkoak edo zorioneko katolizismoak hartu duen norabidearen gainekoak. Baina jo dezagun aurrera, jo dezagun aurrera! Zergatik hitz egin horretaz? Buruan inolako kezkarik ez dugun une alai eta nagi horietako baten erdian, zergatik hedatzen da bat-batean gure baitan, guk nahi gabe ere, halako korronte bitxi bat?: irriak oraindik ez du aurpegitik erabat ezabatzeko astirik izan eta, tupustean, lehengo jende berberaren erdian dagoelarik ere, gizabanakoak bestelako itxura hartzen du, beste leinuru batek argitzen dio aurpegia...

        — Badator, badator britxka! —egin zuen oihu Txitxikovek, azkenean bere kotxea etxera hurbiltzen ikusirik—. Bazuan garaia! Zertan egon haiz, alfer hori? Antza, oraindik ez duk gainetik kendu atzoko mozkorra.

        Selifanek ez zion deus erantzun horri.

        — Agur, andrea! Eta?, non da zure neskatila?

        — Aizan, Pelageia! —deitu zion lurjabeak ataritik hurbil zegoen hamaika urte inguruko neskatxa bati. Etxean tindaturiko soineko bat zeukan jantzirik, eta oinutsik zegoen, nahiz eta urrunetik ikusirik bazirudien bota luzeak zituela hanketan, hain zeuzkan lokatz bigunez zikin—. Erakutsi bidea jaunari.

        Selifanek gida-aulkira igotzen lagundu zion neskatilari, zeinak, hanka bat jaunarentzako oin-oholean bermaturik, lokatzez zikindu baitzuen aurrena, eta gero goraino igo eta gidariaren alboan eseri baitzen. Neskatilaren ondotik, Txitxikovek berak ezarri zuen oina bermalekuan, eta, astun samarra zenez, eskuinalderantz makurrarazi zuen britxka. Azkenean, bere lekuan eseririk, esan zuen:

        — Tira, prest gaude! Agur, andrea!

        Abian jarri ziren zaldiak.

        Selifan zakarturik zegoen eta, aldi berean, arreta handia jartzen zion bere egitekoari. Beti jokatzen zuen horrela huts bat egin ondoren edo mozkortu ostean. Zaldiak txukun-txukun orrazturik zeuden. Haietako baten lepokoa —larruzko azalaren azpian iztupa agerian uzteraino urratua aspalditik— trebetasun handiz josirik zegoen. Isilik zihoan Selifan; zigorrari eragin besterik ez zuen egiten; ez zien inolako prediku mamitsurik zuzentzen zaldiei, nahiz eta izpildunak, noski, gogo onez entzungo zuen erretolika zentzagarri haietakoren bat, zeren, halakoetan, kotxezain berritsuaren eskuek zabarki eusten zieten hedeei, eta zigorra itxurak gordetzeko soilik dantzatzen zen bizkar gainean. Baina, egun hartan, garrasi beti-berdin gogaikarri bat besterik ez zen ateratzen kotxezainaren ezpain estutuetatik: «Ondo zegok, belabeltza, ondo zegok!, aharrausi egin nahi baduk, aharrausi egin!», eta besterik ez. Zuri-horixka eta Kontseilari ere ez zeuden batere pozik, behin ere ez zituzten-eta entzuten «laztanok», «lagun agurgarriok» eta horrelako hitzak. Izpildunak oso zartako gozakaitzak nabaritzen zituen bere gorputzaren atalik gurien eta zabalenetan. «Horra nola banatzen dituen kolpeak! —zioen bere artean, belarriak apur bat apaldurik—. Bazekik, gero, non jo! Ez naik zuzenean bizkarrean jotzen, ez, alderdirik minberenak aukeratzen ditik: belarriak edo sabelaldeak.»

        — Eskuinetara? —hain galdera idorraz zuzendu zitzaion Selifan aldamenean eseririk zeraman neskatilari, euriaren eraginez kolore berde biziko zelai ernaberrituen erdian beltz ageri zen bide bat zigorraz erakusten ziola.

        — Ez, ez, nik esango dizut norantz —erantzun zion neskatilak.

        — Nondik? —galdetu zuen Selifanek, bidera apur bat gehiago hurbildu zirenean.

        — Hortik —erantzun zuen neskatilak, besoa luzaturik.

        — Hara bestea! —esan zuen Selifanek—. Hain zuzen ere, eskuina da hori: neska honek ez daki non dagoen eskuina eta non ezkerra!

        Eguraldi ederra zegoen, baina hain zen lodia lokatza, ezen berehala itsatsi baitzitzaien gurpilei, feltrozko estalki bat balitz bezala, eta horrek ikaragarri astundu zuen kotxearen ibilera; hango lurra, gainera, ohi baino buztintsuagoa eta lohitsuagoa zen. Eragozpen haiek guztiak zirela eta, eguerdia arte ezin atera izan ziren auzo-bideetatik. Eta nekez lortuko zuten hori neskatilaren laguntzarik gabe, zeren bideak sigi-saga baitzihoazen norabide guztietan, saretik irten berritan karramarroek egiten duten bezalaxe, eta Selifan itzulinguruka ibiliko zen luzaz, eta oraingoan ez bere erruz. Handik gutxira, neskatilak eskuaz seinalatu zuen urrun atzematen zen eraikin ilun bat, esanik:

        — Horra bide nagusia!

        — Eta eraikin hori? —galdetu zion Selifanek.

        — Ostatua —esan zuen neskatilak.

        — Ondo dun, bakarrik jarraituko dinagu —esan zuen Selifanek—, hoa etxera.

        Gelditu, eta jaisten lagundu zion, hortz artetik honela zioela: «Alde, hanka-beltz!».

        Txitxikovek kobrezko txanpon txiki bat eman zion, eta neskatila etxera itzuli zen, lokatzetan nekez ibiliz baina pozarren gidariaren jarlekuan joan zelako.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia