Lehen kapitulua

 

        NN probintzi hiriburuko ostatuko gurdi-atetik zaldi-kotxe txiki eta nahikoa polit bat sartu zen, baleztaduna eta arina, mutilzaharrek, hala nola teniente koronel erretiratuek, kapitainordeek edo nekazari-lanetan ehun arima inguru dituzten lurjabeek, hitz gutxitan, erdi-mailako jaunak deritzetenek erabili ohi dituzten britxka horietako bat. Britxkaren barruan jaun bat zegoen, ez ederra, baina eite itsusikoa ere ez, ez lodiegia, ez argalegia; ezin esan zaharra zenik, ezta gazteegia zenik ere. Haren iristeak ez zuen inolako oihartzunik izan hirian; ez zen ezer berezirik gertatu; soilik bi mujik errusiarrek, ostatuaren aurrez aurreko tabernako atean baitzeuden, zertxobait esan zuten kotxeaz, hitz-erdirik ez, ordea, barruan zihoanaz.

        — Begira nolako gurpilak! —esan zion batak besteari—. Zer uste duk?, behar izanez gero, Moskuraino iritsiko lirateke?

        — Bai —erantzun zuen besteak.

        — Eta Kazan-eraino? Ezetz uste diat nik.

        — Ez, Kazaneraino ez lituzkek iritsiko —erantzun zuen besteak.

        Horrelaxe amaitu zen elkarrizketa. Eta geroxeago, ostatura hurbildu zenean, britxkak mutil gazte batekin egin zuen topo. Kotoizko galtza zuriak zeramatzan, oso estuak eta laburrak, eta frak moda-usteko bat, zeinaren azpian alkandoraren paparrekoa ikus baitzitekeen, brontzezko pistola baten irudia zeukan orratz Tulako batez loturik. Atzerantz jiratu zen mutil gaztea; kotxeari begiratu, eskuaz kapeluari heldu, haize-bolada baten eraginez galtzeko zorian egon baitzen, eta bere bideari jarraitu zion.

        Kotxea patioan sartu eta batera, ostatuko morroia —edo polovoia, Errusian horrela deitzen baitiete ostatuetako zerbitzariei— jaunari harrera egitera irten zen. Hain zen bizia eta ipurtarina mutila, ezen ez baitzegoen aurpegia nolakoa zuen atzematerik ere. Lasterka hurbildu zen, ezpainzapia eskuan. Luzea zen oso, eta lihozko jaka luze bat zeukan jantzirik, bizkarraldea ia garondoraino bertaraino iristen zitzaiola. Ilea inarrosi, eta bizkor eraman zuen jauna zurezko mailadian gora, berarentzat bereizia zuten gela erakustera. Gela hura tankera jakin batekoa zen, zeren ostatua bera ere tankera jakin batekoa zen, probintzi hiriburuetako ostatu guztien molde berekoa alegia. Horrelako ostatuetan, eguneko bi errublo ordaindurik, gela erosoa ematen diote bidaiariari; hori bai, aranpasa adinako labezomorroak azaltzen dira zoko-bazter guztietan, eta, komodak bidea ixten badu ere, beti egoten da aldameneko gelara ematen duen ate bat, eta gela horretan ostatu hartu duen gizona isila eta lasaia izan ohi da, baina izugarri ikusnahia, eta berebiziko interesa erakusten du bidaiariaren gaineko xehetasun guztiak jakiteko. Ostatuaren kanpoko aldea barrukoaren tankera berekoa zen. Oso fatxada luzea eta bi solairu zituen; behekoa ez zegoen kareztaturik, eta, halatan, agerian zituen adreilu gorri ilunak, berez zikin samarrak eta eguraldi-aldaketa latzek areago ilunduak; goiko solairua, berriz, ohiko kolore horiaz margoturik zegoen. Ostatuaren beheko aldean denda txiki batzuk zeuden, non sokak, uztai-formako ogitxoak eta zamarientzako lepokoak saltzen baitzituzten. Kantoiko dendatxoan, edo, zehatzago esanik, dendatxoko leihoan, sbiten-saltzailea jarri ohi zen, kobre gorrizko samovarra aldamenean zeukala. Saltzailearen aurpegia samovarra bezain gorria zen, hainbesteraino, ezen, bi samovar haietako batek bizar bikea bezain beltza izan ez balu, urrunetik ikusirik edonork pentsa baitzezakeen leihoan bi samovar zeudela.

        Jaun iritsi berriak gela aztertzen zuen bitartean, bere puskak igo zizkioten: aurrena, larruzko maleta zuri bat, higatuxea, erabiltzen zuen lehenbiziko aldia ez zelako seinale. Selifan kotxezainak eta Petrushka lekaioak igo zioten maleta. Selifan moztaka zen eta ahari-larruzko beroki luze batez jantzirik zegoen. Petrushkak, berriz, hogeita hamar urte inguru zituen eta soinean jaka lasai bat zeraman, maiztua, behinola nagusi jaunak erabilia noski; sudur handia eta ezpain lodiak zituen, eta zakar samarra ematen zuen lehen begiratuan. Maletaren ondotik, gainerako puskak igo zizkioten: kaobazko kutxa bat Kareliako urki-zurezko apaingarriz edertua, zapata-orkoiak eta paper urdinean bilduriko oilo erre bat hurrenez hurren. Hori guztia nagusi jaunaren gelan utzitakoan, Selifan kotxezaina ukuilura joan zen zaldiez arduratzera, eta Petrushka lekaioak bere gauzak antolatzeari ekin zion ate ondoko gela txiki, oso ilunean. Ordurako, hara eramana zuen bere longaina eta, harekin batera, bere usain berezia, lekaio-jantziak gordetzeko erabiltzen zuen fardelari ere itsatsirik. Gela ziztrin horretan, hiru hankako ohe estu bat hormara hurbildu, eta lastaira-antzeko bigungarri txiki bat ipini zuen gainean, taloa bezain zapal eta mehea, eta, nonbait, eske eta eske ibilita ostatuaren jabearengandik lortu zuen opila bezain koipetsua.

        Bi zerbitzariek dena antolatu eta beren zereginak egiten zituzten bitartean, areto nagusira jaitsi zen jauna. Bidaiariek ondo asko dakite nolakoak izaten diren ostatuetako areto horiek: guztietan horma berdinak, olioz margotuak, goialdean pipen keak belztuak eta behealdean, berriz, distiratsuak hala bidaiarien nola, batez ere, bertako merkatarien bizkarrek egiten dizkieten igurtzien ondorioz, zeren eta, azoka-egunetan, hara biltzen dira merkatariak, zazpinaka edo zortzinaka, ohiturari jarraiki bina katilu te edatera; guztietan keak belzturiko sabai berdina; guztietan argi-armiarma kedartu berdina, eta, handik goitik zintzilik, beiraki ugari, zeinak dardaraz eta tintinka hasten baitira ostatuko morroia linoliozko zoru higatutik lasterka igarotzen den bakoitzean, itsasertzean txori den adina te-kikaraz beteriko erretiluari trebetasun handiz eusten diola; hormetan margolan berdinak beti, olioz pintatuak. Hitz batean, aretoa beste edozein ostatutakoa bezalakoxea zen; desberdintasun bakarra zegoen: margolanetako batean ninfa bat ageri zen, eta hain bular handiak zituen, ezen irakurleak, inondik ere, sekula ez baitu horrelakorik ikusi. Dena dela, historiako irudiak agertzen dituzten hainbat margolanetan ikus daiteke naturaren bitxikeria hori. Ez dago jakiterik margolan horiek noiz, nondik eta nork ekarririk iritsi ziren Errusiara; haietako batzuk gure handikiek ekarriak dira: artezaleak izaki, Italian erosten zituzten hango gidarien aholkuei jarraiki. Jaunak, kapelua erantzi, eta lepo inguruan bildurik zeraman artilezko zapi ñabarra askatu zuen. Gizon ezkonduari emazteak josten dio horrelako zapia, eta, gainera, zehatz-mehatz erakusten dio nola jantzi behar duen; ezkongabeari, ordea, ezin asma dezaket nork egiten dion, batek daki, nik ez dut-eta horrelakorik erabili inoiz. Lepozapia askatutakoan, bazkaria ekartzeko agindu zuen jaunak. Ostatuetan zerbitzatu ohi dituzten jakiak ekartzen hasi ziren: aza-zopa eta hostorezko pasteltxoak —zenbait astez bidarientzat bereziki gorderik izaten baitituzte—, garunak ilarrekin, saltxitxak azalorearekin, labean erretako oilanda galkatua, luzoker gaziak eta, beti bezala, hostorezko gozopila —zerbitzatzeko prest edukitzen baitute gau eta egun. Berriz beroturik edo besterik gabe hotz jaki horiek guztiak zerbitzatzen zizkioten bitartean, jaunak ostatuaren gaineko gorabehera guztien berri jakinaraztera behartu zuen zerbitzaria: nork gobernatzen zuen lehen eta nork orain, ea etekin handiak ematen zituen, ea jabea oso zitala zen. Morroiak, ohi denez, honela erantzun zion: «Bai, jauna, alproja galanta da». Nola Europa zibilizatuan hala Errusia zibilizatuan ere, gaur egun bada jende itzaltsu franko zerbitzariekin hizketan aritu ezean ostatuetan jateko gai ez dena; batzuetan, jostatze aldera, barre ere egiten dute haien lepotik. Hala ere, iritsi berriaren galdera guztiak ez ziren hain funsgabeak izan; berebiziko zehaztasunez galdetu zuen nor zen hiriko gobernadorea, nor Ganberako burua, nor prokuradorea; labur esanik, ez zuen aipatu gabe utzi funtzionario nagusietako bat bera ere; baina are zehaztasun handiagoz eta interes bizia erakutsiz egin zuen lurjabe garrantzitsu guztien galdea: bakoitza zenbat arimaren jabe zen, hiritik urrun ala hurbil bizi zen, nolako aiurria zuen eta ea sarritan inguratzen zen hirira; jakinminez galdetu zuen nolakoa zen lurraldeko egoera: ea probintzia hartan bazegoen gaitzen bat zabaldurik, hala nola sukar-epidemiaren bat, edonolako sukar hilgarririk, nafarreria edo bestelako eritasunik. Hain zorrotz eta zehatz egin zuen horren guztiaren galdea, ezen jakinmin hutsa baino zerbait gehiago erakusten baitzuen. Jaun hura zorrotza zen bere maneretan, eta izugarri ozenki zintz egiten zuen. Ez dago jakiterik nola moldatzen zen, baina sudurraz ateratzen zuen zaratak turutaren hotsa ekartzen zuen gogora. Antza, guztiz berezkoa eta xaloa zuen berezitasun hori, baina, hala ere, begirune handia pizten zion ostatuko morroiari, zeren, hots hori entzuten zuen bakoitzean, ilea inarrosi, are gizabidetsuago tente jarri, eta, bere luzean burua makurturik, ea zerbait behar zuen galdetzen zion. Bazkaldu eta gero, katilu bete kafe edan, eta dibanean eseri zen jauna. Bizkarraren atzean bigungarri bat ipini zuen, barruan artile harroa eduki beharrean Errusiako ostatuetan adreiluaren edo harri-koskorraren antz ikaragarria duen gai batez beterik egon ohi diren kuxin horietako bat, hain zuzen. Aharrausika hasi zen berehala, eta agindu zuen bere gelara lagun ziezaiotela; ohean etzan, eta bi orduko loaldia egin zuen. Atseden hartutakoan, eta ostatuko morroiak hala eskaturik, gizarte-maila eta izen-deiturak idatzi zituen paper-puska batean, poliziari horren berri jakinarazi beharra zegoen eta. Morroiak, zurubian behera zihoala, honakoa irakurri zuen, silabak ondo ebakiz: «Pavel Ivanovitx Txitxikov, kolejio-kontseilaria, lurjabea, neure zereginetarako etorria». Artean ere morroia paperean idatzitakoa silabaz silaba irakurtzen ari zela, Pavel Ivanovitx Txitxikov bera hiria ikustera joan zen. Itxuraz, gogobeterik utzi zuen ordu arte ikusitakoak, probintzietako beste edozein hiribururen pareko iritzi zion eta: harrizko etxeetako pintura horiak biziki minberatzen zituen begiak, eta zurezkoen kolore grisak apaltasunez agertzen zituen bere tonu ilunak. Etxeak solairu batekoak, bikoak zein bat eta erdikoak ziren, eta guztiek, ohi bezala, ganbara zuten, polit-polita probintziako arkitektoen iritziz. Leku batzuetan, bazirudien etxeak galdurik zeudela zelaia adinako kale zabalaren eta zurezko hesi azkengabearen artean; beste toki batzuetan, ordea, estu-estu pilaturik zeuden, eta bizitasun handiagoa eta jende-mugimendu gehiago atzematen ziren han. Euriak ia ezabaturiko horma-irudiak ikus zitezkeen nonahi: hemen, botak eta zortzi-itxurako opilak zeuzkaten pintaturik; hor, berriz, galtza urdinak Arshoviako jostun baten sinaduraren alboan; han, kapeluak eta txanoak saltzen zituen denda bat ageri zen, idazpuru honekin: «Vasili Fiodorov, atzerritarra»; harago, billar bat zegoen pintaturik, eta bi jokalari, gure herrialdeko antzokietan azken ekitaldian eszenatokira igo ohi diren gonbidatuek soinean eramaten dituzten frak horietakoak jantzirik. Irudiko jokalariek bola jotzeko prest zeuzkaten billar-makilak, apur bat atzeraturik besoak eta okerka hankak, airean entrechat bat markatu berri balute bezala. Irudiaren azpian honakoa zegoen idatzirik: «Hau toki ederra!». Han-hemenka, mahaiak zeuden kalean bertan zabaldurik, intxaurrekin, xaboiarekin eta xaboiaren antzeko gozopiltxoekin; bazter batean jatetxe merke bat zegoen, sarreran arrain handi bat eta, arrainean iltzaturik, sardexka bat pintaturik zeuzkana. Beste edozer baino sarriago, bazter guztietan ageri ziren, belzturik, buru biko arranoak, Estatuaren ikurra. Gaur egun, idazkun labur hau dago haien tokian: «Edaritegia». Galtzada kaskarra zen leku guztietan. Txitxikovek, orobat, sartu-irten bat egin zuen hiriko lorategian. Hango zuhaitzak meheak ziren, txarto erroturik zeuden eta beheko aldean triangelu-formako euskarriak zituzten, oso ederki margotuak olio berdez. Dena dela, nahiz eta zuhaitz gazte haiek kanabera baino garaiagoak ez izan, honela mintzatu ziren haietaz egunkarietan, kaleko argiztapena deskribatzen ari zirela: «Alkatearen ardurari esker, bero sargoriko egunetan itzal hozkirria egingo duten zuhaitz mardul eta hostotsuz jantziriko lorategia ezarri digute hiriaren edergarri», eta erantsi: «Oso hunkigarria izan da ikustea nola hiritarren bihotzek dar-dar egiten zuten esker onez gainezka, eta nola jendea malkotan urtzen zen hiriko gobernadore jaunaren alderako ezagutza erakusteko». Txitxikov, kalezain bati zehatz-mehatz galdeturik hara behar izanez gero zein zen biderik laburrena katedralera, Estatuaren bulegoetara eta gobernadorearen egoitzara joateko, ibaiari begiratu bat ematera joan zen, erdi-erditik zeharkatzen baitzuen hiria; bidean zihoala, zutabe batean iltzaturik zegoen afixa bat hartu zuen, ostatura iritsitakoan patxadaz irakurtzeko; soinean librea militarra eta eskuan fardel txiki bat zeraman mutiko bat atzetik jarraika zuela zurezko espaloitik zihoan dama itxura polit samarreko bati adi-adi so egin, eta, leku hartako xehetasun guztiak gogoan ondo gorde nahi balitu bezala, inguru osoa arakatu zuen berriro begiekin; gero, ostatura itzuli, eta zuzenean igo zen bere gelara, zurubian gora ostatuko morroiak besotik leunki eusten ziola. Ase arte tea edan ondoren, mahaiaren aurrean eseri zen; kandela bat emateko agindu, afixa sakelatik atera, kandelara hurbildu, eta irakurtzen hasi zen, eskuineko begia apur bat txiloturik. Afixan, ordea, ez zegoen gauza ohargarri askorik: Kotzebue jaunaren drama bat antzezten zuten, Popliovin jaunak Roll-en papera jokatzen zuen eta Ziablova andereñoak, berriz, Kora-rena; gainerako aktoreak are ospe apalagokoak ziren; hala ere, guztien izenak irakurri zituen, plateako aulkien prezioraino iritsi zen, eta iragarkia probintziako administrazioaren tipografian inprimatu zutela jakin zuen; gero, atzezkoz aurrera jarri zuen orria, ifrentzuan ezer idatzirik ba ote zegoen ikustearren, baina, ez zuenez ezer aurkitu, begiak igurtzi, papera txukun-txukun biribilkatu, eta kutxan sartu zuen, kausitzen zituen bitxikeria guztiak hor gordetzeko ohitura zuen eta. Eguna amaitzeko, txahalki-puska hotz bat eta litro erdi aza-zopa mikatz zerbitzatu zizkioten; eta gero, lo astun batek hartu zuen, edo, Errusia zabaleko alderdi batzuetan esan ohi dutenez, harriak bezala lo egin zuen.

        Biharamunean, bisitaz bisita eman zuen egun osoa; iritsi berriak hirian ziren goi-mailako funtzionario guztiei egin zien bisita. Aurrena, gobernadorearen etxera joan zen gizalegezko diosalak egitera. Txitxikov bezala, gobernadorea ez zen ez lodia eta ez argala, Santa Anaren ordenako gurutzea zeraman lepoan eta, ziotenez, izarra ere ematekotan zeuden; bestetik, on hutsa zen, eta, batzuetan, brodatuak egiten zituen tulean. Hurrena, gobernadoreordea agurtzera joan zen, eta gero, prokuradorea, ganberaburua, poliziaburua, zerga-biltzailea, Estatuaren fabriken zuzendaria..., tamalez, zail samarra da mundu honetako handi-mandi guztiak gogoan gordetzea; baina aski izango da esatea iritsi berriak egundainoko ganora erakutsi zuela bisitak egiteko orduan: osasun-batzordeko ikuskatzailearenera eta udal-arkitektoarenera era joan zen gizalegezko diosalak egitera. Eta gero, denbora luzea eman zuen britxkan eseririk, hausnarrean, ea beste inor ikustera joan behar ote zuen, baina hirian ez zen beste funtzionariorik. Handiki haiekin guztiekin izaniko elkarrizketetan, trebetasun handiz asmatu zuen haietako bakoitza balakatzeko modua. Gobernadoreari, iragaitzaz bezala adierazi zion beraren probintziara iristea paradisuan sartzearen pareko zela, bideek belusezkoak ematen zutela, eta hain agintari zentzudunak hautatzen zituzten gobernuek laudoriorik handienak merezi zituztela. Poliziaburuari, berriz, oso gauza lausengarriak esan zizkion hiriko kalezainen gainean; eta gobernadoreordearekin eta ganberaburuarekin mintzatzean, okertu eta, artean estatu-kontseilariak besterik ez baziren ere, «Jaun Goren hori» esan zien bi aldiz, eta haiek oso ondo hartu zuten hanka-sartzea. Horren ondorioz, egun hartan bertan haren etxean izango zen gau-jaira gonbidatu zuen gobernadoreak; eta gainerako funtzionarioek ere, nork bere aldetik, antzeko gonbitak egin zizkioten: bazkaltzekoa batek, bostonean jokatzekoa beste batek, tea hartzekoa hirugarren batek.

        Iritsi berriak saihestu egiten zuen bere buruaz luze mintzatzea, eta, hitz eginez gero, zuhurtasun nabarmenez jokatzen zuen, betiko leloak soilik esanez. Halakoetan, liburuetatik hartuak ziruditen esaldiez hornitzen zuen bere jarduna: mundu honetako har herrestatu bat baizik ez zela eta ez zuela merezi jendeak beraren alderako ardura handirik erakustea, denetarik gertatu zitzaiola bizitzan, gorriak ikusi zituela justiziaren zerbitzuan aritzeagatik, etsai asko zituela eta bizia kentzen saiatu zirela behin baino gehiagotan, eta orain, azkenean, lasaitasuna nahi zuela eta leku egoki baten bila zebilela bertan bizitzen jartzeko, eta, hiri horretara iritsirik, ezin baztertuzko betebehartzat jo zuela bertako handiki guztiei gizalegezko diosalak egitera joatea. Horra hor heldu eta berehala gobernadorearen jaira agertzeko aukera alferrik galduko ez zuen jaun berri horretaz hirian jakin ahal izan zuten guztia. Iritsi berriak bi ordu pasatxo eman zituen gau-jairako prestatzen, eta gutxitan ikusi bezalako ardura erakutsi zuen bere burua apaintze horretan ere. Bazkalosteko lo-kuluxka egin ondoren, ura eskatu zuen, eta oso denbora luzean aritu zen bi masailak xaboiz igurtzitzen, barruko aldetik mihiaz gogorturik eusten ziela; hurrena, ostatuko morroiaren besaburutik eskuoihala hartu, eta alderik alde xukatu zuen bere aurpegi guria, belarrien atzetik hasirik eta morroiaren aurpegira bertara bi hats-bafada bota ondoren. Gero, ispiluaren aurrean alkandoraren paparrekoa jantzi, sudurzuloetatik ateratzen zitzaizkion bi iletxo kendu, eta, aitaren egin orduko, txilar koloreko frak izpildun baten barruan sarturik zegoen. Horrela jantzirik, bere kotxera igo, eta han joan zen, eta hor-hemenka ageri ziren leiho bakanetako distira motelak argituriko kale izugarri zabaletan barrena. Gobernadorearen etxea, ordea, oso ondo argiztaturik zegoen, dantzaldi handi baterako bezala. Argiontziekiko zaldi-kotxeak, bi jendarme sarreran, zaldizainen oihuak urrun; hitz batean, behar bezala zegoen dena. Aretoan sartutakoan, Txitxikovek begiak txilotu behar izan zituen lipar batez, hain zen itsugarria hango argizarien, lanpen eta damen soinekoen distira. Argitasunak dena biltzen zuen. Frak beltzak nonahi ageri ziren, bakarka zein taldeka batetik bestera joan-etorrian, hala nola euliak azukre zuri distiratsuaren gainean uztaileko egun sargorietan, etxeko giltzain zaharrak azukrea mokor dizdizarietan zatitzen duenean leiho irekiaren aurrean; haurrek so egiten diote inguruan bildurik, ikusminez jarraitzen diete emakumearen esku latzen mugimenduei mailua jasotzen duen bakoitzean, eta haize mehe batek altxaturiko euli-eskuadroiak airean hegaz sartzen dira etxera, ausart, hango nagusiak balira bezala, eta, giltzain zaharra erdi itsua dela eta eguzkiak begiak nekarazten dizkiola baliatuz, azukre-koskor gozoetan pausatzen dira, banaka zein mordoka. Udako oparotasunak asebeterik —urtaro horrek jaki gozo ugari eskaintzen baitizkie berez—, ez dira jatera inguratzen, ezpada beren burua erakustera: aurrera eta atzera ibiltzen dira azukre-mokorren gainean, ukitutxoak egiten dizkiote elkarri aurreko zein atzeko hankatxoekin, edo hazka aritzen dira hegaltxoen azpian, edo —aurreko bi zangoak luzaturik— buru gaina igurtzitzen dute, jiratu eta hegaz alde egiten dute, eta atzera itzultzen dira gero eskuadroi gogaikarri gehiagok lagundurik. Ingurukoa aztertzen ari zela, gobernadoreak Txitxikovi besotik heldu, eta, luzamendutan ibili gabe, emaztea aurkeztu zion. Gonbidatu iritsi berriak zuzen jokatzen jakin zuen abagune horretan ere: halako konplimendu bat esan zuen, aukera-aukerakoa gizarte-mailari dagokionez ez goikoegia ez behekoegia den gizabanako tarteko adineko batentzat. Dantza-saioari ekiteko prest zeuden bikoteek gainerako gonbidatuak hormaraino bultzatu zituztenean, Txitxikov, eskuak bizkarraren atzean uztarturik, adi-adi so geratu zitzaien pare bat minutuz. Dametako asko dotore eta modaren arabera jantzirik zeuden; gainerakoek, ordea, probintzi hiriburu batean lortu ahal ziren jantziak zeramatzaten soinean. Gizonezkoak, beste edonon bezala, bi motatakoak ziren: argalak eta lodiak. Argalak damen inguruan ibiltzen ziren denbora guztian; zaila zen haietako batzuk Petersburg-eko argalengandik bereiztea, hain ziren haien antzekoak; Petersburgekoek bezala, oso txukun eta gustu onez orrazturik zeuzkaten belarrondoko bizarrak, edo, besterik gabe, azal-huts aurpegiaren obaloa; haiek bezain zabarki esertzen ziren damen aldamenean; haien antzera, frantsesez hitz egiten zuten, eta Petersburgen bezalaxe barre eragiten zieten damei. Gizonezkoen beste saila lodiek osatzen zuten, lodiek edo Txitxikoven tankerakoek, hau da, lodiegiak izan gabe ere argaltzak ezin jo zitezkeenek. Lodiek, argalek ez bezala, muzin egiten zieten damei, haiengandik aldentzen ziren, eta alboetara soilik begiratzen zuten, gobernadorearen zerbitzariek whistean jokatzeko mahai berdea non jarriko. Haien aurpegiak mamitsuak eta biribilak ziren, hainbatek garatxoak zituzten, eta naparbantzuren bat edo beste ere bazen haien artean; buruan ez zuten ez kalparrik ez ile-kizkurrik, eta ez ziren —frantsesek esan ohi duten bezala— deabruak naramala erara orrazten: ilea, edo oso labur mozturik edo leun-leun orrazturik zeukaten, eta haien hazpegiak biribilagoak eta mardulagoak ziren. Haiexek ziren hiriko funtzionario gorenak. Ai!, mundu honetan, lodiak argalak baino askoz hobeto moldatzen dira beren eginkizunetan. Argalek, batez ere, norberaren zereginetan jarduten dute, edo, besterik gabe, hor daude eta batetik bestera ibiltzen dira ganorazko lanik egin gabe; haien bizitza, nolabait, azalekoegia da, mami gutxikoa eta sustrai sendorik gabea. Lodiek, ordea, toki nagusiak hartzen dituzte beti, sekula ez maila apalekorik, eta, nonbait jartzen direnean, irmo eta tinko esertzen dira, hainbesteraino, ezen jarlekua behera egin eta kirrinka hasten baita berehala haien azpian, eta harrezkeroztik sekula ez dute harturiko lekua utziko. Ez dute gogoko azaleko distira; haien frakak ez dira argalenak bezain dotoreak, baina oparo horniturik edukitzen dituzte diru-kutxak. Argalari, hiru urteren buruan ez zaio arima bat bera ere eskumendean geratzen, bahitura-etxera eraman baititu guzti-guztiak; lodiak, ordea, patxadaz jokatzen du, eta, konturatzerako, etxe bat erosi du hiriaren mutur batean, emaztearen izenean, eta gero beste etxe bat hiriaren beste muturrean, eta gero herrixka bat hiritik hurbil, eta hurrena herri bat bere lur-sail guztiekin. Azkenik, lodiak, Jainkoa eta Erregea zerbitzatu ondoren, guztien begiramena irabazirik, erretiroa hartu, egoitzaz aldatu, eta lurjabe bihurtzen dira, Errusiako handiki itzaltsu eta abegi oneko jaun, eta bizi egiten dira, ondo bizi ere. Eta gero, Errusiako ohiturei jarraiki, oinordeko argalek berehala xahutzen dituzte berriro aitaren ondasun guztiak. Ezin isilean gorde Txitxikovek tankera horretako gogoetak zerabiltzala buruan gau-jaira bildurikoak aztertzen zituen bitartean eta, oldozpen horien ondorioz, lodiekin bat egitea erabaki zuela azkenean, haien artean aurkitu baitzituen ezagunak zituen ia aurpegi guztiak: han zen prokuradorea bere bekain iletsu ikaragarri beltzekin, ezkerreko begia noizean behin berez kliskatzen zitzaiola, honela jardungo balu bezala: «Goazen aldameneko gelara, adiskidea, zerbait esan behar dizut han», gizona, ordea, serioa eta hitz gutxikoa zen; han zen postaburua ere, zeharo arrunta bera, baina zirtolaria eta filosofoa; han zen, orobat, ganberaburua, oso gizon zentzuzkoa eta atsegina. Aspaldiko laguna balute bezala agurtu zuten denek Txitxikov, eta berak, bere aldetik, burua makurtzeko imintzioa egin zien, ez oso nabarmenki baina bai gogo onez. Hantxe ezagutu zituen Manilov —lurjabe guztiz jator eta gizabidetsua bera— eta Sobakevitx —gizaseme moldakaitz samarra itxuraz—. Izan ere, azken horrek, Txitxikov berarengana hurbildu bezain laster, oina zapaldu zion, eta esan: «Barkatu, mesedez!». Luze gabe, whistean jokatzeko kartak eman zizkioten Txitxikovi, eta gizalegezko buru-makurtua eginez hartu zituen. Mahai berdearen inguruan eseri ziren denak, eta ez ziren handik altxatuko afaltzeko ordua jo arte. Jendeak zeregin gogoko bati buru-belarri ekiten dionean gertatu ohi denez, bertantxe eten ziren elkarrizketa guztiak. Postaburuak berak, oso berritsua izanik ere, begitarte gogoetatsua jarri zuen kartak eskuan hartu bezain laster; goiko ezpaina behekoaz bildu, eta horrelaxe egon zen jokoak iraun zuen bitarte guztian. Beltz bat botatzen zuen bakoitzean, eskuaz mahai gainean zartako gogorra jo, eta honela esaten zuen dama bazen: «Horra popearen emazte zaharra!», eta honela, berriz, erregea bazen: «Horra Tambov-eko nekazaria!». Eta ganberaburuak honela erantzuten zion: «Bibotetik helduko diot nik nekazari horri, bibotetik!». Batzuetan, kartaz mahaia jotzean, honelakoak esaten zituzten: «Hara! Datorrena datorrela, besterik ez daukat eta, hona diamanteak!». Edo, besterik gabe, oihuka esaten zuten: «Bihotzak! Pipi-jana! Pikotxak!», edo: «Pikortak, pikatxoak!», eta, batzuetan, soil-soilik: «Pikak!». Horrela esaten zieten lagunartean karta-sortako koloreei. Jokoa amaitutakoan, ohikoa denez, eztabaida sutsu samarra piztu zen. Txitxikovek ere esku hartu zuen eztabaidan, baina hain trebetasun handiz jardun zuen, ezen denak konturatu baitziren oso gizon adeitsua zela eztabaidatzeko orduan ere. Inoiz ez zuen esango «Zuk zera bota duzu», ezpada «Zuk egoki iritzi diozu zera botatzeari» edo «Zure bikoari irabazteko ohorea izan dut» eta tankera horretako esaldiak. Aurkariak lasterrago adiskidetze aldera, Txitxikovek behin eta berriro eskaini zien guztiei bere toxa esmaltatu zilarrezkoa, zeinaren hondoan bi bioleta ageri baitziren, berariaz jarriak hor tabakoari usain gozoa emateko. Bereziki, Manilov eta Sobakevitx lurjabeek erakarri zuten kanpotarraren arreta. Ganberako eta postako buruei deitu, taldetik apur bat bereizi, eta lurjabe haien gaineko argibideak eskatzen hasi zitzaien. Egin zizkien galderetako batzuek, jakinmin hutsaz gain, ezkutuko asmo zehatzen bat ere bazerabilela salatzen zuten. Izan ere, zenbana arimaren jabe ziren eta haien lur-sailak nolako egoeran zeuden galdetu zuen aurrena, eta azkenean soilik egin zien bakoitzaren izenaren eta patronimikoaren galdea. Denbora laburrean, bi lurjabeak guztiz liluraturik uztea lortu zuen. Manilov gizaseme sasoikoa zen artean, haren begiak azukrea bezain gozoak ziren eta erdi ixten zituen barre egiten zuen bakoitzean. Txitxikovekin erabat txoraturik, oso luzaz estutu zion eskua, eta sutsuki eskatu herrira bisita egitera joateko ohorea egin ziezaiola, zeren, esan zionez, hamabost versta besterik ez zegoen hiritik herrira. Txitxikovek, gizalege handiz buru-makurtua egin, eskua zintzoki tinkatu, eta erantzun zion oso gogo onez beteko zuela beraren nahia eta, gainera, eginbehar sakratutzat jotzen zuela. Sobakevitxek, berriz, begirunea adierazteko orpoez takateko arina jorik, antzeko gonbita egin zion, baina hitz gutxiago erabiliz: «Arren, etorri nire etxera ere». Haren botak ikaragarri handiak ziren, hainbesteraino, ezen, gaur egun, Rus-en bogatirak desagertzen hasi diren garai honetan batik bat, nekez aurki bailiteke haien neurriko oinik.

        Biharamunean, poliziaburuaren etxera joan zen Txitxikov, bazkaltzera eta arratsaldea igarotzera. Bazkalostean whistean hasi, eta jokoan aritu ziren arratsaldeko hiruretatik gaueko ordu biak arte. Han, bidenabar, Nozdriov lurjabearen ezaupidea egin zuen. Hogeita hamar urte inguruko gazte bizkorra zen, eta, hiruzpalau hitz esan orduko, hika hasi zitzaion. Nozdriovek hika egiten zien poliziaburuari eta prokuradoreari ere, eta adiskidetsuki mintzatzen zitzaien, baina, jokoan diru-alde handiak jartzen hasi orduko, hala poliziaburuak nola prokuradoreak adi-adi begiratzen zieten haren jokaldiei, eta erne zelatatzen zuten, zein karta botako. Biharamunean, ganberaburuaren etxean eman zuen Txitxikovek arratsa. Soinean mantal zikin samar bat zeukala hartu zituen gonbidatu guztiak, haien artean bi dama ere bazirela. Ondorengo egunetan, hurrenez hurren, gobernadoreordearen etxera joan zen arratsaldea igarotzera; zerga-biltzailearenean izan zen oturuntza handi batean; prokuradoreak berera gonbidatu zuen bazkari-legea egitera, eta bazkari-legea oturuntza handi baten parekoa izan zen; eta, azkenik, hiriko alkateak mezaren ostean eman zituen zizka-mizketara joan zen, eta zizka-mizkak ere bazkari baten heinekoa gertatu ziren. Hitz batean, Txitxikov lo egitera soilik joaten zen ostatura, eta egunez ez zuen ordu bat bera ere ematen bere bizitegian. Bazekien leku guztietan ganoraz jokatzen, eta asko ikusiriko gizon saiatua zela erakusten zuen edonon. Mintzagaia edozein zela ere, ondo asko heltzen zion beti elkarrizketaren hariari: solaskideek zaldi-haztegiei buruz hitz egiten bazuten, zaldi-haztegiez aritzen zen bera ere; arraza oneko zakurren gainean mintzatzen baziren, oso ohar taxuzkoak egiten zituen arraza oneko zakurrez; zerga-bilketarako bulegoak bideraturiko auziren bat aztertzen bazuten, epaileen trikimailuak ere oso ondo menderatzen zituela erakusten zuen; solasgaia billar-joka bazen, sekula ez zuen jokaldi ustelik egiten; bertuteez jarduten bazuten, oso ondo arrazoitzen zuen bertuteez, begietatik malkoak zerizkiola; pontxeak prestatzeko moduaz eztabaidatzen baziren, pontxe kontuetan ere aditua zela agertzen zuen; aduanako ikuskatzaile eta funtzionarioez aritzen baziren, bera noizbait ikuskatzaile eta funtzionarioa izan balitz bezala jarduten zuen haien gainean. Dena dela, nabarmendu beharra dago bazekiela hori guztia benetasunez janzten eta egokiro gobernatzen zela une orotan. Ez zen ez ozenki ez apalki mintzatzen, gisakoa zen tonuan baizik. Hitz batean, edonondik begiraturik ere, kanpotarra akatsik gabeko gizon prestua zen, eta gogobeterik utzi zituen hiriko funtzionario guztiak. Gobernadoreak adierazi zuen asmo oneko gizona zela; prokuradoreak, berriz, zentzuzkoa zela; jendarme-koronelak esan zuen gizon jakintsua zela; ganberaburuak, ikasia eta itzaltsua zela; poliziaburuak, itzaltsua eta atsegina; poliziaburuaren emazteak, berriz, oso atsegina eta oso adeitsua zela. Sobakevitxek berak ere, nahiz eta sekula ez zuen inoren alde onik aipatzen, hiritik berandu samar itzulirik etxera, eta ordurako jantziak erantzirik eta emazte zimelaren aldamenean ohean etzanda zegoela, honela esan zuen: «Laztana, gobernadorearen etxeko gau-jaian izan naiz, eta poliziaburuarenean bazkaldu dut, eta Pavel Ivanovitx Txitxikov kolejio-kontseilariaren ezaupidea egin dut. Bai gizon jatorra!». Emazteak, «Jum!» batez erantzun, eta hankaz bultzatu zuen.

        Iritsi berriari buruzko uste hori —oso balakagarria berarentzat— bazter guztietara zabaldu zen hirian, eta bere horretan iraun zuen harik eta kanpotarraren berezitasun bitxi batek eta irakurleak laster jakingo duen ezusteko gertakari gogaikarri batek ia hiri osoa zur eta lur eginik utzi zuten arte.

 

 

 

© Nikolai Vasilievitx Gogol

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia