HITZAURREA

 

        Nikolai Vasilievitx Gogol 1809an jaio zen, Ukrainako Sorotxinski herrian, eta 1852an hil, Moskun. Errusiako idazlerik gogoangarrienetako bat da eta, Lermontovekin eta Pushkinekin batera, hasiera eman zion Errusiako literaturaren loraldiari. Hain zuzen ere, troika paregabe horrek ezarri zituen errusierazko prosa modernoaren oinarri eta zutabeak. Hala Lermontovek nola Gogolek maisutzat eta gidaritzat zeukaten Pushkin handia. Gogol eta Pushkin, gainera, adiskide minak izan ziren, Gogolek lan ugari argitaratu zituen Pushkinek zuzentzen zuen Garaikidea literatur aldizkarian, eta Pushkinek, berriz, Ikuskatzailea komediaren eta Arima hilak eleberriaren gaiak iradoki zizkion Gogoli. Gogol eleberrigile eta antzerkigile paregabea izan zen, eta berebiziko eragina izan zuen Errusiako literaturan. «Longainetik sortu gara denok», esan zuen Turgenievek, eta Dostoievskik bat egin zuen iritzi horrekin. Hasieran, eskola errealistaren aitalehentzat hartu zuten denek. Hainbat belaunaldi geroago ohartzen hasi ziren oker zeudela: Gogolek ez du errealitatea bere horretan jasotzen; aitzitik, bere kezka existentzialen talaiatik begiratzen dio, eta zeharo antzaldatzen du bere ikuspegien arragoan. Hain zuzen ere, errealitatearen eta ametsen arteko gatazka dugu Gogolen obraren gai nagusietako bat. Kritikari askok erromantikotzat jotzen dute, eta biziki miresten dute amets eta ikuskari fantastikoen sortzaile gisa, fantasiaz eta misterioz oparo hornituriko istorioen narratzaile mistiko gisa.

        Euskal irakurleak, Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailearen lanari esker, aukera du Gogolen obrarik onenetako bi euskaraz irakurtzeko: Longaina eta Sudurra, hain zuzen ere. Idazlearen bizitzari eta obrari buruzko datu ugari eta zehatzak aurkituko ditu bi argitalpen horietan, baita, besteak beste, Juan Kruz Igerabidek «Longainapetik jaioak» izenburuarekin Longaina obrari eginiko hitzaurre ederra ere. Labur beharrez, beraz, eta kontuan izanik Lermontovek esan zuela irakurleek ez dituztela hitzaurreak irakurtzen, horra igortzen dut irakurle jakingura, bi maisulan zoragarri horietaz gozatzeaz gain bere egarria iturri horretan ase dezan, horri esker Arima hilak obrari buruz luzeago jarduteko aukera izango baitugu orriotan.

        Gogolek hamazazpi urte eman zituen Arima hilak idazten. Erditze mingarria izan zen, eta, gainera, elbarri jaio zen haurra. 1835ean ekin zion lanari, eta 1841ean amaitu zuen lehen tomoa, Erroman bizi zelarik. 1842an argitaratu zuten, Errusian. Zentsurak pasarte batzuk eta izenburua bera aldarazi zizkion, eta, horrenbestez, Txitxikoven abenturak, edo Arima hilak izenburuarekin kaleratu zen. Lehen tomo hori lurrikara baten antzekoa izan zen, bortizki inarrosi zuen errusiarren gogoa, ordu arte sekula ez baitzen idatzi Errusiako gizartearen hain kritika zorrotz, gordin eta mingarririk. Garai hartako intelektual aurrerazale guztiek sutsuki goraipatu zuten Gogol, eta beren «buruzagi»tzat hartu zuten. Hala ere, 1839tik aurrera bi krisi gero eta larriagok astindu zuten behin eta berriro Gogolen barrena: sormenaren krisiak eta arimaren krisiak. Lehen aipatu dugun hitzaurre horretan Juan Kruz Igerabidek dioen bezala, «sormena Gogolentzat obsesioa izan zen bere bizitza literarioan; eta obsesio horrek gogoa jan zion pittinka». Erabateko mistizismoan eta erlijiozkotasun sakon batean murgildu zen, bizitzaren zentzua aurkitu ezinik, eta oso jarrera kontserbadoreak hartu zituen. Bere ondasun eta etxalde guztiak eman zizkien amari eta arrebei, bere diru guztia banatu zuen Erromako eskaleen artean, ez zuen bizitzeko gogo-izpirik ere, bere burua zaintzeari utzi zion eta baraualdi luzeak egiten zituen. Agonia luze baten modukoa izan zen. Eta barru-barruko aldaketa horrek, jakina, eragina izan zuen haren obran. 1845ean, lana aurrera eraman ezinik, behar zituen pertsonaia «positiboak» sortu ezinik, kapituluak behin eta berriro berridatzi eta aldatu ondoren, etsia harturik, gogo-erorita eta gaixorik, bigarren tomoaren eskuizkribua erre zuen. Dena dela, urte horren amaieran hobera egin zuen haren osasunak —hala gorputzarenak nola arimarenak— eta berrio ekin zion lanari. 1847an Adiskideei idatziriko gutunetako pasarte hautatuak liburua argitaratu zuen eta, saiakera politiko eta filosofikoen bilduma horretan, Ikuskatzailea-n eta Arima hilak-en salatu zuen guztia aldeztu zuen: autokrazia, joputasuna, heriotza-zigorra, Eliza ortodoxoa, otzantasuna, esanekotasuna, morroitasuna... Hori ikusirik, Errusiako intelektual aurrerazaleek zorrotz kritikatu zuten, eta, besteak beste, «zartailuaren predikaria eta buru-iluntasunaren apostolua» deitu zion Belinski literatur kritikari ospetsuak. 1848an erromes joan zen Jerusalemera. Moskura itzulitakoan, Arima hilak-en bigarren tomoa idazten jarraitu zuen, baina sormen-krisi latz batean hondoratu zen berriro, idatzitakoak ez zuen gogobeterik uzten eta hainbat aldiz berridatzi zituen atzera bigarren tomoko kapituluak. Gero eta goibelago zegoen, haren mistizismoa gero eta sakonagoa zen, eta depresioak, berriz, etengabeak. Gogoaren beheraldi hondogabe horietako batean, 1852ko otsailaren 11tik 12ra bitarteko gauean, Arima hilak-en bigarren tomoaren eskuizkribua erre zuen, eta hamar egun geroago hil zen (1852ko otsailaren 21ean), baraualdi luzeak ahiturik, erlijio-estasi atergabe batean murgildurik, mundu honetan irauteko gogorik gabe.

        Gogolek bere bizitzako lan nagusitzat zeukan Arima hilak. «Errusia osoa egongo da ordezkaturik liburu horretan», esan zuen. Hiru tomo idazteko asmoa zuen: lehen tomoan, Errusiako errealitatearen infernua erakutsi nahi zuen; bigarrenean, berriz, purgatorioa; eta hirugarrenean, azkenik, paradisua (Danteren Jainkotiar Komedia errusiar erara, nolabait esatearren). Baina ez zuen bere helburua erdietsi. Irten zen infernutik, saiatu zen purgatorioa igarotzen, baina bere barruko infernuko sugar ikaragarrietan erre zen, paradisura iritsi gabe. Lehen tomoa bakarrik amaitu zuen. Eta, hain zuzen ere, Gogolen asmoen arabera, lehen tomo hori sarrera-moduko bat baino ez zen. Beste bi tomoak izango ziren obraren atal nagusia. Gogolek esan zuenez, lehen tomoa «jauregiko zurubia» baizik ez zen, eta «jauregi erraldoia» eraiki nahi zuen.

        Liburua argitaratu zenean, orduko Errusiaren «entziklopedia»tzat hartu zuten askok, batez ere atzerrian. 1846an, esaterako, obraren alemanierazko itzulpena argitaratu zen, eta itzultzaileak Herri-liburu errusiarra jarri zion izenburu. Baina, irakurle arretatsua aise ohartuko denez, liburu honek errealitatearen isla zehatzarena bainoago amesgaizto batena du antza. Gogolek errealitatea itxuragabetzen du etengabe, hiperboleen bidez, gorabehera xeheei eta denetariko bitxikeriei berebiziko pisua emanez, zeharo zentzugabeak diruditen deskribapenak eginez, errealitatea esperpentoraino eramanez. Pavel Ivanovitx Txitxikov, obrako protagonista, herriz herri dabil bere «negozio» bitxia egiten, eta, bidaia horretaz baliaturik, askotariko pertsonaiak erakusten dizkigu Gogolek. Gizakiaren estereotipoak dira, oso ironia zorrotzez eta gupidarik gabe begiratuak; hor aurkituko dugu lurjabe zabar arduragabea, etxekoandre goganbehartsua, gazte festazale txoriburua, lurjabe zekena, administratzaile alferra, funtzionario ustela, agintari zorrotz errukigabea, aberats okitua, burokrata grisa... Gogolek ez digu bere horretan erakutsi nahi garai hartan zertan zen Errusia, errusiarrak, landako bizimodua, hiriko bizitza, burokrazia... Pertsonaien izaerari begiratzen dio, eta izaera hori unibertsala da, beste edozein herritan eta beste edozein garaitan aurki genezake horrelakorik.

        Vladimir Nabokovek esan zuenez, Arima hilak poema epiko izugarria da, eta, hain zuzen ere, horrelaxe deitu zion Gogolek liburuari, «poema» alegia. (Navokovek hirurogei orrialdeko saiakera luze bezain interesgarria idatzi zuen obra honi buruz, eta sutsuki gomendatzen diot irakurle jakingurari. Curso de literatura rusa. Ediciones Grupo Z. Madril. 1997.)

        Lehentxeago esan dugunez, Gogolek hainbat bider berridatzi zituen bigarren tomoko kapituluak. Diotenez, gogoko ez zituen aldaerak soilik erre nahi zituen, baina, ohartu gabe, orijinala ere bota omen zuen sutara. Kontua da bost kapitulu bakarrik geratu zirela, bost kapitulu horien aldaera edo zirriborro desberdinak. Hori gutxi balitz, zirriborroak zirenez, zuzendu gabe zeuden, hainbat hitz irakurtezinak edo irakurgaitzak ziren, orriak falta ziren, hainbat esaldi amaitu gabe zeuden... Horrek, nola ez, buruhauste handiak eman zizkien argitaratzaileei. Errusian, bost kapitulu horien lehen aldaera («goiztarrena», alegia) hobetsi dute, hango adituen ustez aldaera hori baita osoena eta egokiena, eta hori hartu dute eskuizkributzat. Bigarren tomoa 1855ean argitaratu zen lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, «lehen aldaera» hori argitaratu dute beti, hala idazlan guztien bilduman, nola idazlan hautatuen bilduman zein Arima hilak-en banako argitalpenetan. Guk, bada, «lehen aldaera» hori euskaratu dugu, Khudojestvenaia Literatura argitaletxeak 1993an Moskun plazaraturiko argitalpenetik. «Eskuizkribuan» hitz asko irakurgaitzak edo irakurtezinak zirenez, adituek Gogolek zer idatzi zuen «asmatu», eta argitaletxeek taket artean ipini dituzte hitz horiek. Halaxe egin dugu guk ere, ulergarritasunaren mesedetan.

 

Jose Morales Belda

 

 

 

© Jose Morales Belda

 

 

"Nikolai Vasilievitx Gogol / Arima hilak" orrialde nagusia