XVIII. KAPITULUA

 

        Baina garrantzizkoena, adiskideek arreta isilez behatzen zutena, izan zen Ottiliak kutxatila lehen aldiz despaketatu zuela eta hartatik oihal desberdinak atera eta ebaki zituela, zeinak aski baitziren pertsona bakarra osoki eta erabat janzteko. Gainerako gauzak, Nannyten laguntzarekin ere, berriro gordetzerik, ia ez zuen lortu; ez zegoen jadanik lekurik, zernahi bertatik ateratzen zela ere. Neskatila gutiziatsua ez zen ikustez asetzen, batez ere ohartzean hura janzteko pieza txikienez ere horniturik zegoela. Txapinak, galtzerdiak, liga dibisadunak eta han soberan ere bazeuden beste hainbat gauza. Guzti hartatik zerbait oparitzeko eskatu zion Ottiliari. Honek uko egin zion; baina arasa baten tiraderak irekirik, nahi zuena hartzeko esan zion; eta neskatxak, presaka eta baldarki, eskua kargatu eta lasterka alde egin zuen harrapakinarekin, lagunei bere zortea iragarri eta erakusteko.

        Azkenik, Ottiliak dena bere lekuan ezarrita utzi ahal izan zuen; ireki zuen gero tiraderatxo sekretu bat estalkian ezarrita zegoena. Bertan zeuzkan gordeta oraindik Eduarden txartel eta gutunak, lore asko jadanik ihartuak, antzinako paseoetatiko oroigailuak, maitearen ile-kizkur bat eta beste hainbat gauza. Besterik ere gehitu zuen: aitaren erretratua, eta itxi egin zuen gero, ondoren berriz ere lepotik esekiz, urrezko katetxotik zintzilik, giltza xumea. Bitartean esperantza ugari sortu ziren adiskideen bihotzean. Konbentziturik zegoen, azkenik, Ottiliak urratuko zuela bere ixiltasuna urtemuga egunean; zeren ordura arte jardukortasun sekretu bat erakutsi baitzuen, asetasun alai moduko bat, irribarre bat, zeina baita zerbait on eta jai-girokoa beren maiteentzat gordea daukatenen aurpegian agertzen denaren gisakoa. Inork ez zekien Ottiliak ordu luzeak ematen zituela ahulezia handiak jota, zeinetik libratzen zen bere arimako indarrei esker besteen aurrean agertzen zen garaian.

        Egun haietan Mittler sarriago agertzen zen eta ohi baino luzeago geratzen. Gizon setati hark ongi zegien une bakar bat dagoela burdina lantzeko. Ottiliaren isiltasuna eta baita bere ukoa ere bere aldera hartzen zituen. Ordura arte inork ez zuen pausurik eman senar-emazteen dibortziorako; beste edozein era faboragarriz konpontzeko asmoa zeukan neskatila onaren destinoa; entzun, amore eman, gauzak aipatu, eta, bere izaera kontutan harturik, zuhurtzia handi samarrez portatzen zen.

        Bakarrik, beti bere onetik ateratzen zen, garrantzi handikotzat jotzen zituen gaiei buruz bere argudioak adierazi behar zituen bezain laster. Bere baitan oso sartua bizi zen, eta besteekin topo egiten zuenean, beraiei zegokienaz bakarrik aritzen zen. Baina baldin eta noiz edo noiz, adiskideen artean, hizketari ekiten bazion, sarritan ikusi dugunez, aurrera jarraitzen zuen begiramenik gabe, zauritzen ala sendatzen, mesede ala kalte egiten ari zen pentsatu gabe, gauzak zetozen eran.

        Eduarden urtemuga-bezperan, arratsean, Charlotte eta maiorra elkarren ondoan eserita zeuden zaldiz irtena zen Eduardi itxaroten. Mittler gelan alde batetik bestera zebilen; Ottilia berean geratu zen biharamunerako arropei errebista pasatzen, eta neskatilari gauzaren batzuk adierazten, zeinak ezin hobeki ulertzen eta trebeki aginduak betetzen baitzizkion.

        Mittlerrek bere gai kutunetako bati ekin zion. Bai haurren hezkuntzan eta bai herrien gobernuan ez dagoela ezer zentzugabeago eta barbaroagorik, nola galarazpenak, debekuzko lege eta xedapenak.

        — Gizakia berez da jardukorra —zioen—, eta aginduak ematen asmatzen denean, berehala joaten da atzetik, eta lan egin eta ekoitzi egiten du. Nik, neure aldetik, nahiago dut neure zirkuluan hutsegiteak eta akatsak jasan, harik eta bertute kontrajarriak agindu ahal izan arte, hutsegiteetatik libratu eta haien ordez ezer egokirik ikusi gabe egon baino. Gizakiak gogara egiten du ongia, bidezkoa ahal izate hutsez, eta ez du hartaz gogoeta gehiago egiten aisiaz eta aspertasunez egiten dituen bihurrikeria inozoez baino. A zer nolako atsekabea ematen didan sarritan haurrei beren hezkuntzan hamar Manamenduak hainbestetan errepikatzen zaizkiela entzuteak. Laugarrena, manamendu polit, zuhur eta aginduzkoa gertatzen da: «Gurasoak ohoratuko dituzu». Haurrei hori irudimenean ongi grabatzen bazaie, badute egun osoan zertan ari izana. Baina bosgarrenaz, zer esaten didazu? «Ez duzu inor hilko». Gizakiak inolako atseginik balu bezala beste gizaki bat hiltzen. Gorrotoa diogu, haserretzen gara, sutzen gara, eta horren eta beste gauza askoren ondorioz halabeharrez gerta liteke norbait hiltzea. Baina ez al da neurri barbaroa haurrei krimena eta erailketa debekatzea? Esango balu: «Zaindu inoren bizia, aldendu kalte egin liezaiokeena, salba ezazu zeure biziaren arriskupean; kalte egiten badiozu, pentsa ezazu zeure buruari egiten diozula kalte; hauek dira herri zentzuzko eta zibilizatuetan dauden manamenduak, eta katiximaren irakaskuntzan era nahigabetsuan "Zer da hau?" horren atzetik ozta-ozta arrastaka ibiltzen direnak.»

        Eta gero seigarrena dator, ikaragarria deritzot! Nola? Haur erneen jakin-mina misterio arriskutsuetara iratzarri, ideia eta irudi miresgarriekin irudimena kitzikatu, zeinek hain zuzen ere uxatu nahi duten hura indarrez erakarri nahi duten! Askoz hobeki litzateke gauza horiek hautaz zigortzea auzitegi sekretu baten aurrean, elizaren eta eliztarren aurrean marmarrean aritzeko bidea ematea baino.

        Une hartan Ottilia sartu zen.

        — «Ez duzu ezkontza lohituko!» —jarraitu zuen Mittlerrek—. Bai gordina, bai lizuna! Ez ote litzateke belarrirako hobea zera esatea: «Ezkon elkartasunari begirune izango diozu; elkar maite duten ezkontideak ikustean, hartaz poztu eta egun alai baten zorionean bezala bertan parte hartuko duzu? Haien harremanei zerbaitek traba egingo balie, ahaleginak egingo dituzu baztertzen: ibitzen, baretzen, elkarrentzat dituzten abantailez ohartarazten ahaleginduko zara, eta interes gabezia ederrez besteen ongia sustatuko duzu, betebehar bakoitzari nolako zoriona darion sentitzeko moduan erakutsiz, eta bereziki gizona eta emakumea ezin banatuzko eran elkartzen dituen horri.»

        Charlotte ikatz bizien gainean eserita bezala zegoen, eta egoera hainbat gogaikarriagoa zitzaion, zenbat eta konbentzituago baitzegoen Mittlerrek ez zekiela zer eta non zioen, eta bere jarduna eten baino lehen, jadanik Ottilia ikusi zuen, itxura aldatuarekin, gelatik irteten ari zela.

        — Barkaiguzu zazpigarren manamendua —esan zuen Charlottek irribarre bortxatuz.

        — Gainerako guztiak —ihardetsi zuen Mittlerrek— besteen atseden-gune den hau salbatzen baldin badut.

        Gelan garrasi ikaragarri batekin sartuz jaregin zuen Nannyk:

        — Hiltzera doa! Andereñoa hiltzera doa! Zatozte! Zatozte!

        Ottilia aldaroka gelara itzultzean, biharamunerako galak aulki baten baino gehiagoren gainean hedaturik zeuden, eta neskatilak, hura guztia begiztatuz eta miretsiz, alde batetik bestera zebilenak, pozkarioz jaregin zuen:

        — Hara, andereño maitea, erabat zeure duin duzun emaztegai-gala da hau!

        Entzun zituen Ottiliak hitz haiek eta besaulkian amildu zen. Nannyk zurbiltzen, zurruntzen ikusi zuen bere ugazabandrea; Charlotteren bila joan zen lasterka; denak etorri ziren hara. Lasterka joan zen bertara medikua, etxekoen adiskidea; zorabio bat besterik ez zela iritzi zion. Salda emateko agindu zuen; Ottiliak izuturik errefusatu zuen, eta okadak egin zituen ia katilua ezpainetara hurbildu ziotenean. Medikuak seriotasunez eta presaz galdetu zuen nola gertatu zitzaion ezbeharra: zer hartu zuen Ottiliak egun hartan? Neskatilak zalantzatan hasten da; medikuak galdera errepikatzen dio; neskatilak aitortzen du Ottiliak ez duela ezer hartu.

        Medikuak ohi baino larriago aurkitzen du Nanny. Alboko gela batera darama, Charlotte atzetik doa, neskatila medikuaren belaunera amiltzen da eta Ottiliak aspaldian ez duela ia ezer hartzen aitortzen dio, horrek hertsaturik berak hartzen zituela jakiak andereñoaren ordez; eskatzailearen erregu eta mehatxuzko keinuengatik isilik egon zela eta gainera —errugabetasun osoz— oso goxoa zegoelako ere bai gaineratu zuen.

        Iristen dira maiorra eta Mittler eta medikuaren konpainian lanpeturik aurkitzen dute Charlotte. Neskatila zurbil zerutiarra eserita zegoen, oso bere senean itxura zenez, besaulkiaren muturrean. Etzateko eskatzen diote; uko egiten dio berak, baina kutxatila eramateko eskatzen du. Ezartzen ditu oinak haren gainean eta jarrera erdi etzan eroso batean dago. Adio esan nahi duela dirudi; bere keinuek atxikimendurik samurrena, maitasuna, esker ona, desenkusa eta agurrik bihotzetikoena adierazten diete ingurukoei.

        Eduard, jaitsi zalditik, jabetu egoeraz eta oldartzen da gelara, amiltzen da neskatilaren alboan, hartzen dizkio eskuak eta malko isilez blaitzen dizkio. Hala dirau luzaroan. Azkenean jaregiten du:

        — Ez ote dut zure ahotsa berriz entzungo? Ez ote zara bizira itzuliko niretzako hitz batekin? Ongi da, ongi da, jarraitu egingo natzaizu: han beste hizkuntza batzuk hitz egingo ditugu!

        Gogor estutzen dio eskua Ottiliak, maitasunez eta bizitasunez beterik begiratzen dio eta hasperen sakon baten, bere ezpainen mugitze mutu eta zerutiar baten ondoren:

        — Agin egidazu biziko zarela! —jaregiten du ahalegin ezti samurrez, baina gero berriro hondoratu egiten da.

        — Agintzen dizut —erantzuten dio Eduardek, baina berandu jaregiten du; ordurako Ottiliarenak egin zuen.

        Gau osoz negar egin ondoren Charlotteri egokitu zitzaion gorpuzkin maiteak beztitzearen egitekoa. Maiorrak eta Mittlerrek lagundu egin zioten. Eduarden egoera tamalgarria zen. Bere etsipenetik irten eta nolabait senera etorri zenean ahaleginak egin zituen Ottilia gaztelutik eraman ez zezaten, eta bizi bat bezala lagundu, zaindu eta tratatu zezaten, zeren ez omen zegoen hilda, ez omen zitekeen hilda egon. Nahia bete zioten, gutxienez debekatua zegoenik horretan egiteke. Ez zuen bera ikusterik eskatu.

        Oraindik beste izudura batek jo zituen, oraindik beste ardura bat izan zuten adiskideek. Nannyk, medikuak haserre gogorra egin, mehatxuen bidez egia aitortzera behartu, eta aitorpenaren ondoren larderiaz abaildu zuenak gaztelutik ihes egin zuen. Luzaroan bilatu ondoren aurkitu zutenean, senetik irtenda zegoela ematen zuen. Gurasoek etxera eraman zuten. Abegirik hoberenak ere ez zion aldaketarik eragin; giltzapean itxi behar izan zuten, berriz ihes egiteko mehatxua egin baitzuen.

        Pixkanaka Eduard etsipenik gogorrenetik irtetea lortu zen, baina bere zorigaitzerako bakarrik; zeren garbi geratu baitzitzaion, jabetu egin baitzen bere bizitzako zoriona betirako galdu zuela. Ausartu zitzaizkion irudikatzera Ottilia, kapera hartan ehortzia, oraindik bizien artean zegoela eta ez zegoela egoitza atsegin eta lasairik gabe. Kosta egin zen baimena lortzea, eta zerraldo ireki batean eta gangan, beirazko estalki baten azpian eta etengabe kriseilu beti irazeki batez argiturik kokatzeko baldintzapean bakarrik azkenean amore eman eta bazirudien dena onartu zuela.

        Beztitu zuten gorputz eztia berak prestatua zuen gala hartaz; izar-belarrezko koroa bat ezarri zioten buruan, zeinek izar tristeak bezala goganbehartsu dirdira egiten zuten. Zerraldoa, eliza eta kapera apaintzeko lorategi guztiei beren galak kendu zitzaizkien. Eremu geratu ziren neguak jadanik sailetatik poz guztiak iraungi balitu bezala. Goizean goiz zerraldo irekian gaztelutik atera eta irteten ari zen eguzkiak beste behin gorritu zuen aurpegi zerutiar hura. Laguntzaileak eroaleen inguruan multzotzen ziren; inork ez zuen aurrera joan nahi, ez atzean geratu nahi, denek inguratu nahi zuten, denek nahi zuten azkeneko aldiz haren presentziaz gozatu. Haur, gizon eta emakume, inor ez zen hunkitu gabe geratu. Kontsolagaitz ageri ziren neskatilak, izan ere hurbilen sentitzen baitzuten haren galera.

        Nanny falta zen. Eraduki egin zuten edo hobeki esateko ezkutatu egin zizkioten ehorzketaren eguna eta ordua. Gurasoek zainketapean zeukaten lorategira begira zegoen gela batean. Baina neskatila, kanpai-hotsa entzutean, berehalaxe ohartu zen gertatzen ari zenaz, eta nola zaindariak, segizioaren ikusminez, bakarrik utzi zuen, leiho batetik korridorera salto egin eta ate guztiak itxita aurkitzean, bertatik ganbarara salto egin zuen.

        Une hartan bertan astiro zihoan segizioa, orbelez estalitako bide garbian zehar, hernian barrena. Nannyk argiro zekusan bere ugazabandrea, segizioan zerraizkion denek baino argiroago, osoki eta ederkiago. Lur gaineko, hodeiek edo uhinek eutsiko baliote bezala, bere zerbitzariari keinu egiten ziola zirudien, eta hau, nahasturik zabuka, oztopoka, buruz behera amildu zen.

        Jendetza garrasi ikaragarri batekin sakabanatu zen alderdi guztietara. Estutuek eta bultzadek zerraldoa lurraren gainean uztera behartu zituzten eroaleak. Neska gaixoa oso hurbil zegoen handik; gorputz-adar guztiak txikituak zituela zirudien. Jaso zuten; eta halabeharrez edo xedapen apartekoz gorpuaren gainera arrimatu zuten eta bazirudien azken hatsaz bere ugazabandrea maitea erdietsi nahi zuela. Baina bere gorputz-adar driskilatuek Ottiliaren arropak, bere atzamar indargabeek Ottiliaren esku tolestatuak ukitu bezain laster, neskatilak salto egin zuen, aurrena besoak eta begiak zerurantz altxa eta gero zerraldoaren aurrean belaunikatu eta, liluraz eta debozio, geratu zen ugazabandreari txundimenez begira.

        Azkenik suharrez salto egin eta poz santuz esan zuen:

        — Bai, barkatu egin dit! Inork, neronek ere barkatu ezin nezakeena, barkatu dit Jainkoak bere begirada, bere keinua, bere ahoaren bitartez. Orain berriz ere isilik eta patxadaz hartuko du atsedena, baina zuek ikusi duzue nola zutitu eta eskuak zabalduz onetsi nauen, eta nola adiskidetasunez begiratu didan! Denok entzun duzue, eta lekuko zarete nola esan didan: «Barkatu zaizu!» Orain ez naiz hiltzaile zuen artean; berak barkatu dit, Jainkoak barkatu dit, eta inork ezin dit aurrerantzean ezer aurpegiratu.

        Jendea multzoturik zeukan bere inguruan; denak txinditurik zeuden, entzun eta honat-harat begiratzen zuten, eta ozta-ozta zekien inork zer egin behar zen.

        —Eramazue atsedentokira —esan zuen neskatilak— berea egina eta nozitua du eta jadanik ezin daiteke gure artean bizi. Zerraldoak aurrera jarraitu zuen, Nannyk aurrena jarraitu zion eta elizara, kaperara iritsi ziren.

        Han geratu zen azkenik Ottiliaren zerraldoa, burualdean haurraren zerraldoa zuela eta oinetan kutxatila, haritzezko kaxa sendoan sartua. Zaindari bat inguratu zuten, lehen aldietan gorpua, beirazko estalkipean maitagarri ageri zena, zaintzeko. Baina Nannyk ez zion inori eginbide hori utzi nahi; bakarrik nahi zuen, lagunik gabe egon eta lehen aldiz irazekitako kriseilua arretaz zaindu. Hainbesteko suhar eta setaz eskatu zuen, ezen amore eman zioten beldur izatekoa zen buruko nahasmendu handiagotik babesteko.

        Baina ez zen luzaroan bakarrik egon: zeren gautzen hasi orduko, argi dardaratiak bere eskubide osoa baliaraziz argitasun biziagoa hedatu zuenean, ireki zen atea eta sartu zen arkitektoa kaperan, zeinaren jaieraz apainduriko hormek, erlantz ezti hartan, imajinatu zitekeen baino antzinakoago eta iradokorrago abegi egin zioten.

        Nanny zerraldoaren alde batean eserita zegoen. Berehala ezagutu zuen; baina isilean seinalatu zion ugazabandre zurbildua. Eta hala geratu zen arkitektoa bestaldean zutik, gazte-indar eta kemenez betea, bere baitan bildua, zurrun, bereganatua, besoak zintzilik, eskuak errukiz tolesturik, burua eta begiak arimagabearengana bihurturik zituela.

        Behiala horrela egonda zegoen Belisarioren aurrean. Nahigabe hartzen zuen orain jarrera bera; eta zeinen naturala gertatzen zitzaion orain ere! Hemen ere amildua zitzaion goialdetik bere duintasun preziagaitzaren zerbait; eta kemena, zuhurtzia, hierarkia eta ondasunak deitoratzekoak baziren ere ezinbestean galdurik zegoen gizonarengan; baldin eta une jakin batzuetan nazioarentzat, printzearentzat ezinbestekoak ziren gaitasunak, mesprezatuak ez ezik, destainatuak eta errefusatuak ere han ikusten baziren, hemen beste bertute isil ugari Naturak bere sakonera emankorretatik atera berriak, berriro laster ezabatuak izan ziren bere esku axolagabez; bertute bakan, eder, maitagarriak, zeinen egintza baketsuak aldioro mundu behartsua askitasun atseginez inguratzen duen eta zeinen gabezia dolu nostalgiazkoz sentitzen den.

        Isilik zegoen mutila eta neska ere isilik egon zen une batean; baina begietatik malkoak oparo zerizkiola ikustean, dena saminaren saminez urtzera zihoala zirudienean, neskak hainbesteko egia eta indarrez, hainbesteko samurtasun eta ziurtasunez hitz egin zion, ezen arkitektoak, haren hitz-jarioaz txunditurik, azkenean bere burua menperatzea lortu zuen eta adiskide ederra goragoko eskualde batean agertu zitzaion bizirik eta jardunean. Lehortu zitzaizkion malkoak, eztitu zitzaizkion minak, belauniko esan zion adio Ottiliari eta bihotzez eskua estutuz Nannyri, eta oraindik gaua zela alde egin zuen zaldiz leku hartatik beste inor ikusi gabe.

        Zirujauak gau osoa eman zuen elizan, neskatxak jakin gabe, eta goizean bisita egitean, aldarte alai eta kontsolatuarekin aurkitu zuen. Eldarnio guztietarako prestaturik zegoen; eta uste zuen Ottiliarekin gauean izandako elkarrizketen berri eta gisa horretako beste gertakari batzuen berri emango ziola, baina normal, lasai eta erabat bere senean zegoela ohartu zen. Oso ongi oroitzen zen lehenagoko aldi guztiez, zehatz-mehatz gorabehera guztiez, eta ez zen ezer bere hizketan egia eta errealaren ohiko bideetatik aldentzen, ehorzketako gertakaria izan ezik, pozkarioz txitean-pitean kontatzen zuena: nola Ottilia zutitu zitzaion, onetsi eta barkatuz eta horrela betirako nola lasaitu zuen.

        Ottiliak beti zuen itxura ederrak, hila baina areago loakartua zirudiela, jendetza handia erakarri zuen hara. Herri hartako eta inguruetako bizilagunek ikusi egin nahi zuten eta denek entzun nahi zuten Nannyren ahotik ezin sinetsizkoa; batzuek, berataz iseka egiteko, gehienek zalantzan jartzeko eta gutxienek fede emateko.

        Debeku batekin topo egiten duen beharrizan ororen asekuntzak fedea izatera behartzen gaitu. Mundu guztiaren aurrean driskilaturiko Nannyk osatu egin zen gorpua ukitzean: zergatik ez zuten beste batzuek ere antzeko zoriona izan behar? Samurtasunez beteriko amek aurrena gaixotasunen bat zuten beren haurrak eraman zituzten hara ezkutuan, eta bat-bateko hobekuntza izan zutela uste zuten. Gehitu egin zen konfiantza eta azkenean ez zen geratu inor hain zahar eta makalik, toki hartan suspertzea eta bizkortzea bilatu ez zuenik.Jendetza gehitu egin zen eta kapera ixtera beharturik aurkitu ziren eta eliza bera ere bai, kultu-orduez kanpo.

        Eduard ez zen zenduaren ondora itzultzera ausartu. Berez bizi zen, jadanik ez zuela malkorik ematen zuen, jadanik ezin zuela saminik sentitu. Elkarrizketan esku hartzeko, jaki eta edariekiko gustua gutxituz zihoakion egunean-egunean. Behialako edalontzi hartatik edanez bakarrik sentitzen zuela oraindik birbizitasun apur bat, zeina, egia esan, ez baitzuen profeta egiatia izan. Oraindik gogara begiztatzen ditu inizial gibiztatuak, eta bere begirada serio eta alaiak, badirudi oraindik ere maitearekiko elkartze baten esperantza adierazten duela. Eta zoriontsuari edozein gorabehera hutsalek mesede egiten diola, eta edozein halabeharrek goratu duela dirudien bezala, horrelaxe gorabehera kaxkarrenak ere elkartu egiten dira dohakabea gaixotu eta hondatzeko. Bada, egun batean, Eduardek edalontzi maitea ahora zeramala, izuturik aldendu zuen ahotik: lehengo bera zen eta ez zen; seinaletxo bat falta zuen. Presaka bilatu zuten ganbarazaina, eta honek aitortu behar izan zuen benetako edalontzia arestian apurtu zela eta haren ordez beste bat jarri ziotela, hura ere Eduarden gaztarokoa. Eduard ezin da haserretu. Gertakari hark destinoa adierazten dio; nola hunkituko zuen, bada, sinboloak? Eta, halere, sakon eragiten dio. Harez gero badirudi edariari kontra egiten diola; badirudi nahita uko egiten diola jatekoari, elkarrizketari.

        Baina noizean behin ezinegonak jotzen du. Berriz ere jateko zerbait eskatzen du, berriz ere hitz egiten hasten da.

        — A! —esan zion behin albotik gutxi aldentzen zitzaion maiorrari— ni bai naizela dohakabea, nire saio guztiak imitazio, ahalegin faltsu besterik ez dira. Berarentzat dohatsutasuna izan zena, niretzat samina da; eta hala ere, dohatsutasun horrengatik nago neure samina jasatera beharturik. Bere atzetik, bere bidetik joan beharra daukat; baina nire naturak eta baita promesak ere atzera tira egiten didate. Egiteko ikaragarria da imitaezina imitatzea. Zera sentitzen dut, adiskide hoberen hori, denetarako jeinua behar dela, baita martiritzarako ere.

        Zertarako hitz egin, esperantza gabeko egoera horretan, emaztea, adiskide eta medikuaren ahaleginez, zeinak denboraldi batez burutu zituzten Eduarden ingurukoek harat-honat ibiliz. Azkenean hilda aurkitu zuten. Mittlerrek egin zuen lehenik aurkikuntza triste hura. Dei egin medikuari eta ohiko bere baretasunaz zendua aurkitu zeneko zirkunstantziak behatu zituen. Etorri zen presaka Charlotte hara eta suizidioa izan zitekeela sumatu zuen; bere buruaren eta besteen gainera bota nahi zuen zabarkeria barkaezinaren errua. Baina medikuak arrazoi naturalez eta Mittlerrek arrazoi moralez laster konbentzitu zuten kontrakoaz. Oso argiro zegoen bere azkenak ustekabean harrapatu zuela Eduard. Kutxatila batetik, lasaitasun une batean, kartera bat atera eta bere aurrean hedatu zuen ordura arte arretaz ezkutatzen saiatu zen eta Ottiliarenetik geratzen zitzaion guztia: ile-kizkur bat, ordu zoriontsutan bildutako loreak, berak idatzi zizkion orritxo guztiak, lehen hartatik, emazteak halabeharrez eta aieruz eskuratu zion hartatik hasita. Guzti hura berak ezin zuen norbaitek azarez aurkitzeko arriskutan utzi. Eta hala zegoen, bada, bihotz hura ere, arestian hain hunkipen amaigabean mugitua, lasaitasun asalda ezinean; eta santa bat buruan zuela loak hartu zuenez gero, berari ere santu dei zekiokeen. Charlottek Ottiliaren ondoko bere lekua utzi zion eta ganga haien azpian beste inor ez ehorzteko agindu zuen. Baldintza horrekin sortu zituen fundazioak eliza eta eskolentzat, apaiz eta eskola-maisuentzat.

        Hala daude elkarrekin atsedenean maitaleak. Bakeak babes egiten die beren lekuetan. Bi aingeru-irudi, alai, antzeko dauzkate gangatik begira, eta bai une atsegina izango dela biak batera itzartuko direnekoa!

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia