XVII. KAPITULUA

 

        A zer txundimena Charlotterena Ottilia kotxean iristen eta haren atzean Eduard zaldiz gazteluko patioan sartzen ikustean. Atalaseraino joaten da lasterka: Jaisten da Ottilia eta hurbildu egiten zaio Charlotteri Eduard lagun duela. Suharrez eta indarrez heltzen die bi ezkontideen eskuei, batu eta gero bere gelara doa lasterka. Eduardek lepoan ezartzen dizkio besoak eta negarrez urtzen da; ezin du bere burua argitu, egonarria izateko eskatzen dio eta Ottiliagana joan eta laguntzeko. Charlotte Ottiliaren gelara doa lasterka, eta dardara egiten du bertan sartzean; erabat hutsik dago, horma hutsa besterik ez da ageri. Hedatsua bezain atsekabea dirudi. Dena eraman egin zuten; kutxatila bakarrik geratu zen gelaren erdian utzita, nora eraman ez zekitelako. Ottilia zoruan zetzan, besoa eta burua kutxatilan kokatuta. Charlottek ahaleginak egiten ditu, zer gertatu den galdetzen dio eta ez du inolako erantzunik jasotzen. Bizigarri batekin zetorren mirabea uzten du Ottiliaren ondoan, eta bera Eduarden bila doa lasterka. Aretoan aurkitzen du; baina berak ere ezin dio ezer argitu. Oinetan belaunikatzen zaio, negar-malkoz bustitzen dizkio eskuak, eta bere gelara ihes egiten du eta Charlottek jarraitu nahi dionean ganbarazainarekin topo egiten du, zeinak ahal duena argitzen dion. Gainerakoa berak imajinatzen du, eta gero deliberatuki, uneak eskatzen duena egiten du. Lehenbailehen Ottiliaren gela atontzen dute. Eduardek, berean, berak utzi bezala aurkitu du paperik txikienerainoko guztia.

        Hirurek berriro elkarrekiko ongi aurkitzen direla dirudi; baina Ottiliak isilik jarraitzen du, eta Eduardek ezin du ezer egin emazteari berak itxuraz falta duen egonarria izateko eskatzea baino. Charlottek bi mandatari bidaltzen dizkie Mittlerri eta maiorrari. Lehena ez zuten aurkitu; bigarrena berehala etortzen da. Eduardek bere barrena irekitzen dio, xehetasunik kaxkarrenaz ere berri ematen dio, eta horrela jakiten du Charlottek zer gertatu den, zerk aldatu duen egoera hain era apartekoan, zerk asaldatu dituen barrenak

        Erarik maitekorrenean hitz egiten du senarrarekin. Gauza bakarra eskatzen asmatzen du, ordukoz ez dakiola neskatxari inolako nahigaberik eman. Eduardek ulertzen ditu emaztearen balioa, maitasuna, zentzua; baina bere isuriak erabat menperatzen du. Esperantzak ematen dizkio Charlottek; dibortzioa onartzea agintzen dio. Eduard ez da fidatzen; hain dago gaixo, ezen esperantzak eta fedeak txandaka alde egiten dioten; behartu egiten du Charlotte maiorrari eskua agintzera; aldarte zoro moduko batek hartu du menpean. Baretzeko, eradukitzeko Charlottek eskatutakoa egiten du. Bere eskua agintzen dio maiorrari baldin eta Ottiliak Eduardekin elkartu nahi baleza; baina bi adiskideek berehalaxe elkarrekin bidaia bat egingo duten baldintza aitortupean. Maiorrak bere gortearen arazo bat burutu beharra du atzerrian, eta Eduardek lagunduko duen hitza ematen dio. Prestakuntzak egiten dira eta horrek neurri bateraino lasaitu egiten ditu, gutxienez zerbaitetan direnez gero.

        Bitartean ohargarri da Ottiliak ez duela jatekorik eta edatekorik ia hartzen, bere isiltasunean tematurik dirauela. Hitz egiten zaionean, larritu egiten da; bakean uzten dute. Eskuarki ez al dugu izaten norbait tormentatzeko ahulezia, bere onarengatik besterik ez bada ere? Charlottek litezkeen erremedio guztiak imajinatu zituen; azkenik Ottiliarengan asko dezakeen laguntzaile hura barnetegitik etorraraztearen ideia bururatzen zaio;izan ere oso adeitsu idatzi baitzion Ottiliari ustekabean bidaia egiteari utzi ziolako, baina beronengandik inolako erantzunik jaso gabe.

        Ottilia ez harritzeko bere aurrean hitz egiten dute proposamenaz. Badirudi ez duela ontzat ematen; gogoeta egiten du; azkenik badirudi erabaki batera iritsi dela; badoa lasterka bere gelara eta arratsa baino lehen bertan bilduta daudenei honako izkribu hau bidaltzen die:

 

 

Ottiliak adiskideei

 

        Zergatik esan behar dut espresuki, maiteok, berez ulertzen dena? Neure bidetik errebelatu egin naiz eta ez dut berriz bertara itzuli behar. Nitaz jabetu den demonio etsaikor batek, agidanez, eragozpenak jartzen dizkit kanpotik, nahiz eta neure buruarekin ados egotera bihurtu naizela pentsatzerik balego ere.

        Erabat garbia zen Eduardi uko egin eta beragandik urruntzeko nire asmoa. Gehiago bearekin ez topo egitea espero nuen. Besterik gertatu da; bere nahiaren kontra agertu zen nire aurrean. Berarekin inoiz elkarrizketarik ez izateko neure promesa, agian era hitzez hitzekoegian hartu eta ulertu dut. Une hartako sentipen eta kontzientziaren arabera isildu, mututu egin nintzen adiskidearen aurrean, eta orain jadanik ez daukat ezer esatekorik. Halabeharrez, sentipenak bultzaturik, agian gogoeta gehiago egin dezanak astun eta deseroso iritziko dion boto zorrotz bat egin dut. Utzidazue horretan irauten, bihotzak eskatzen didan bitartean! Ez deitu inongo bitartekaririk! Ez nazazue behartu hitz egitera, jatera eta edatera behar-beharreko dudana izan ezik! Lagunidazue barkaberatasun eta egonarriz denbora hau gainditzen. Gaztea naiz, eta gutxien uste denean berriro agertzen da gaztetasuna. Jasan nazazue zeuen aurrean, poztu zuen maitasunaz, irakatsi zuen hizketaz, baina barrena neuri utz iezadazue.

        Aurrerapen handiaz prestatutako gizonezkoen bidaia bertan behera geratu zen, maiorrak atzerriko arazoa burutu beharra ere atzeratu zelako, Eduarden pozerako. Ottiliaren txartelaz berriro adoreturik, bere hitz kontsolatzaile eta esperantzagarriez berriro birbizturik, eta bere asmoetan irautera baimendurik, ez zuela alde egingo handik aitortu zuen behingoz.

        — A zer eromena! —jaregin zuen— nahita eta zalapartaka ezinbestekoa, beharrezkoa, nahiz eta galerak mehatxu egin, oraindik iraunarazi beharko litzatekeena bertan behera utzi? Eta zer esan nahiko luke horrek? Besterik gabe gizakia gai dela nahi izan eta hautatzeko, antza denez. Horrela, pentsamendu zozo horien menpean, ordutan eta egunetan ere aldendu izan naiz adiskideengandik azken epe ezinbestekoak horretara deliberatuki behartu ez nintzan. Baina oraingoan geratu egingo naiz. Zergatik urrundu behar dut? Ez ote dago jadanik nigandik urrundurik bera? Ez zait bururatzen bere eskua hartzerik, neure bihotzaren kontra estutzerik; pentsatzen hutsak ere dardara eragiten dit. Ez da nigandik urrundu, nire gainetik gurendu egin da.

        Eta hala geratu zen, nahi zuen bezala, behar zuen bezala. Baina Ottiliarekin egotean sentitzen zuen ongizatearekin ere ez zegoen beste ezer alderatzerik. Eta neskatilak ere sentipen berbera zuen; berak ere ezin zion ihes egin beharrizan sakratu horri. Lehen bezala gero ere, elkarrenganako erakarmen deskriba ezin, ia magikoa zuten. Teilatupe berean bizi ziren, baina batak bestearengan pentsatu gabe ere, beste gauza batzuetan arazotuta, gizarteak harat-honat astindurik, elkarrengana hurbiltzen ziren. Areto batean aurkitzen baziren, luzarora gabe zeuden elkarren ondoan zutik, edo eserita. Hurbiltasun berehalakoenak bakarrik lasaitzen zituen, baina erabat lasaitu, eta hurbiltasun hori aski zuten; ez zuten begirada, hitz, keinu edo ukipen baten beharrik, elkarrekin egote hutsa baizik. Ez ziren orduan bi pertsona, bakarra baizik ongizate perfektu eta kontzientzi gabean, bere buruarekin eta munduarekin pozik. Areago oraindik, haietako bat etxearen azken muturrean lotuta eduki izan balitz, bestea pixkanaka, bere kabuz, asmo zehatzik gabe, hara joango zatekeen. Bizitza enigma bat zen haientzat eta biak batera ari ziren soluzioaren bila.

        Ottilia erabat lasai eta bare zegoen, beraz ez zuten harengatik kezkatu beharrik. Gutxi urruntzen zen konpainiatik, eta bakarrean jaten uzteko eskatu zuen soilik. Nannyk bakarrik zerbitzatzen zion.

        Edozein pertsonari gertatzen zaiona, uste den baino gehiagotan errepikatzen da, zeren bere natura baita horren zedarripenik berehalakoena. Izaera, norbanakotasuna, isuria, norabidea, tokia, giroa eta ohiturak, denen artean osotasun bat eratzen dute, zeinean pertsona bakoitza, elementu batean, atmosfera batean bezala igerian dabilen, eta zeinean bakarrik eroso eta atsegin dagoen. Eta horrela aurkitzen ditugu pertsonak, zeinen aldakortasunak hainbeste kexu sortarazi dituen, hainbeste urteren ondoren gure txundimen handirako aldatu gabe, eta kanpora eta barrurako kitzikapen amaigabeen ondoren aldaezin.

        Honela itzultzen zen gure adiskideen eguneroko elkarbizitzan ere ia dena lehengo bide zaharretara. Gero eta gehiago kanporatzen zuen Ottiliak isilean, atsegintasun bat baino gehiagoren bitartez, sortzen ari zitzaion bizitza; eta horrela bakoitzak bere erara. Gisa honetara etxe-zirkulua aurreko bizitzaren miraia bezala ageri zen, eta dena lehen bezala zegoelako lilura barkakizun zen.

        Udazkeneko egunek, iraupenean udaberrikoekin alderagarri zirenek, ordu berean biltzen zuten taldea airepetik etxera. Urtaro honi berez dagozkion fruitu eta loreen edergailuek, udazkena beste lehen udaberri hura zela sinestarazten zuten: tarteko denbora ahazmenduan erorita zegoen. Zeren orain break garatzen baitziren, lehen egun haietan erein zirenak bezala; eta orain zuhaitzetan fruituak ari ziren heltzen, orduan loretan ikusitakoak.

        Maiorra joan eta etorri zebilen; Mittler ere sarri agertzen zen. Arratseko beilak eskuarki normaltasunez egiten ziren. Eduardek bizitasun, sentimendu, egokitasun eta alaitasun handiagoz ere irakurtzen zuen behiala baino. Bazirudien, alaitasunaren eta sentimenduaren bitartez, Ottiliaren zurruntasuna berpiztu nahi zuela, bere isiltasuna uxatu. Behiala bezala esertzen zen, Ottiliak liburuan irakurtzeko moduan, eta Eduard urduri, barreiatu ere agertzen zen, Ottiliak begiratzen ez zuenean, hitzak begiez jarraitzen ote zizkion ziur ez zegoenean.

        Tarte-denbora hartako sentimendu higuingarri eta gogaikarri oro ezabaturik zegoen. Inork ez zion besteari herrarik; mingostasun-mota oro desagerturik zegoen. Maiorrak biolinaz laguntzen zuen Charlotteren klabea, eta Eduarden flauta ere bat zetorren Ottiliaren korda-tresnarekin, garai batean bezala. Horrela hurbilduz joan zen Eduarden urtemuga, zeinaren ospakizun urte batez ez baitzen egin. Oraingoan ospakuntzarik gabe ongizate isil eta adiskidekorrean jaitu behar zen. Hala hitzartu zuten beren artean, erdi agerian, erdi ezkutuan. Baina data hura zenbat eta gehiago hurbildu, areagotuz zihoan Ottiliaren aldartean jai-giroa, ordura arte ohartua baino gehiago sentitua izan zena. Bazirudien sarritan lorategiko loreei errebista pasatzen ziela; aditzera emana zion lorezainari era guztietako uda-landare guztiak babesteko eta bereziki izar-belarrez arduratzeko, hain zuzen ere urte horretan kopuru desarauean loratzen baitziren.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia