XVI. KAPITULUA
Mittler iritsi zenean Eduardekin gauza haietaz hitz egitera, bakarrik aurkitu zuen, burua eskuinean kokaturik eta besoa mahaian tinkatuta. Asko nozitzen zuela zirudien.
— Burukomina al duzu berriz ere? —galdetu zuen Mittlerrek.
— Burukomina dut berriz ere —erantzun zuen Eduardek—, baina ez dut gaizki hartzen, Ottilia gogorarazten baitit. Agian bera ere nozitzen dago orain, ezker besora arrimaturik, eta segur aski nik baino gehiago nozitzen du. Eta zergatik ez dut neuk ere jasan behar, berak bezala? Min hauek niretzat sendagarriak dira; izan, ia esan ere egin nezake, nahigarriak dira; zeren indartsuago, argiago, biziago agertzen baitzait beraiei esker bere egonarriaren irudia, bere gainerako bertute guztiak lagun dituela; sufrimenduan bakarrik sentitzen ditugu osoki bera jasateko beharrezko diren gaitasun handi guztiak.
Mittlerrek adiskidea hainbesteraino etsita aurkitzean, ez zion uko egin zekarrena azaltzeari, eta mailaka egin zuen hori, nola ideia bi emakumeei bururatu zitzaien azalduz, eta nola ondoren pixkanaka helduz joan zen egitasmo bihurtu arte. Eduardek ez zuen ezer esan haren kontra. Esan zuen apurretik bazirudien atera zitekeela dena adiskidearen esku uzten zuela; zeukan minak denarekiko axolagabe utzi zuela ematen zuen.
Baina bakarrik geratu zen orduko, zutitu eta gelan harat-honat ekin zion. Jadanik ez zuen bere mina sentitzen; kanpoko zerbaitean arduratua zeukan buruan. Mittlerren kontakizuna entzun ahala biziki piztu zen maitalearen irudimena. Bakarrik ikusten zuen Ottilia, edo ia bakarrik, bide ezagunean zehar, ohiko ostatuan, zeinaren gela hainbestetan zapaldu zuen; pentsatu, hausnartu egiten zuen; edo, hobeki esateko, ez zuen ez pentsatzen, ez hausnartzen, gurariak, nahiak zituen, eta besterik ez. Ikusi egin behar zuen, berarekin hitz egin. Zertako, zergatik, zer aterako zen hartatik? Ez zegoen horretaz ezer esaterik. Berak ez zuen kontra egiten, bere eginbeharra zuen.
Ganbarazainari konfiantzaz dei egin zion, eta Ottilia bideari lotu behar zitzaion eguna eta ordua jakin zituen. Argitu zuen eguna. Eduardek ez zuen ezbairik izan eta berehalaxe lagunik gabe zaldira igo zen, Ottiliak gaua eman behar zuen tokira joateko. Oso garaiz iritsi zen bertara; pozez egin zion abegia ostatu-andre harrituak; famili zorion handi bat zor zion honek. Soldadu kementsu gisa portatu zen semeari Eduardek kondekorazio bat lortu zion bera lekuko bakar izan zuen balentria bat jakinaraziz, suharrez jeneralarengana berria eramanez eta gaizki nahi zioten batzuen eragozpenak gaindituz. Ez zekien, bada, emakumeak zer egin onginahiz. Presaka tokadorean sartu zen, arropategi eta jakitegi aldi berean zen hartan; han pausatuko zen neskatila bat iritsiko zela jakinarazi zion eta beretzat gela bat atzean, korridorean prestatzeko aginduko zion. Ostatu-andreak misteriotsu iritzi zion hari, eta poztu egin zen hartan oso interesatu eta jardukor ageri zen bere babesleari zerbait atsegina egin ahal izateaz. Eta nolako sentipenarekin igaro zuen gauera arteko denbora! Inguru guztian begiztatzen zuen neskatxa ikusi behar zueneko gela, eta bere bakantasun etxetiarrean egoitzari zerutiar zeritzon. Hamaika aldiz pentsatu zuen Ottiliagana ustekabean azaldu behar zuen ala aurretiaz prestatu behar ote zuen! Azkenean bigarren iritzi hau nagusitu zitzaion; eseri eta idatzi egin zuen. Neskarentzat zen honako txartel hau:
Eduardek Ottiliari
Hau irakurtzen ari zaren unean, ene maiteena, zugandik hurbil aurkitzen naiz. Ez duzu ikaratu, ez izutu behar; nigandik ez duzu zer beldurturik. Ez naiz zalapartaka joango zugana. Ez nauzu ikusiko horretarako baimena eman baino lehen.
Pentsa ezazu lehenik zeure egoeran; nirean. Benetan eskertzen dizut, oraindik pausu erabakigarririk ez eman izana; baina aski esanguratsua da honako hau; ez ezazu eman. Hemen, bidegurutze batean bezala, hausnar ezazu beste behin; nirea izan zaitezke, izan nahi al duzu? Oi, denoi mesede handi bat egingo zeniguke eta niri paregabea!
«Utzidazu ikusten, pozarren zu ikusten. Utzidazu galdera ederrak ahoz egiten eta erantzun iezazkidazu zeure izate ederraz. Zatoz nire bularrera, Ottilia! Hona, hainbestetan atsedena hartu duzun eta beti edukiko zaituen toki honetara!»
Idazten ari zen bitartean, bere txit desiratua hurbiltzen ari zela eman zion barrenak eta berehala izango zela han. Sartuko da ate horretatik, irakurriko du gutuna, behiala bezala egiazki aurrean izango dut, bere agerpena hainbeste desiratu ondoren. Lehengoa ote da oraindik ere? Itxura, pentsamenduak aldatu ote zaizkio? Oraindik eskuan zeukan luma, eta pentsatzen ari zena idatzi nahi izan zuen; baina kotxea patioan sartu zen. Luma bizkorrez gehitu zion oraindik: «Iristen ari zarela entzuten dut. Une batera arte ongi izan!»
Tolestatu zuen gutuna; ezarri zion gainidatzia; zigilua ezartzeko beranduegi zen. Lasterka joan zen logelara, nondik gero zuzenean korridorera irtengo zen, eta bat-batean buruak eman zion bere erlojua utzi zuela han, mahaian, lakrearekin batera. Gauza horiek ez zituen ikusi behar aurrena; itzuli zen presaka bertara eta lortu zuen gauzak garaiz jasotzea. Aurre-gelatik entzun zuen ostatu-andrearen ahotsa, nola sartzen zen gelan bidaiariari erakusteko. Gelako atera lasterka egin zuen, baina ordurako itxita zegoen. Zalapartan giltza erori eta bestaldean geratu zitzaion; sarraila jarria zeukan eta giltzapean zegoen han. Bortizki astindu zuen atea; ez zuen amore eman. Oi, nola nahiko zukeen izpiritu baten gisara zirriztutik lerratu ahal izan! Alferrik! Atearen zutabeetan ezkutatu zuen aurpegia. Sartu zen Ottilia; atzera egin zuen ostatu-andreak ikustean. Une batez ere ezin izan zuen ezkutuan egon Ottiliaren begientzat. Eduardek berriz begiratu zion, eta hala egon ziren beste behin bi maitaleak, modurik estrainioenean, elkarren aurrez aurre. Neskatxak bare eta serio begiratzen zion, ez atzera eta ez aurrera, pausurik eman gabe, eta Eduardek hurbiltzeko keinua egitean, Ottiliak pauso batzuk eman zituen atzeko mahairantz. Eduardek ere atzera egin zuen.
— Ottilia —jaregin zuen— utzidazu isiltasun beldurgarri hau urratzen! Elkarren aurrean dauden itzalak ote gara? Baina ezer baino lehen entzuidazu! Halabeharrez izan da orain zuk hemen aurkitzea. Zeure ondoan daukazu aurrez prestatu behar zintuen gutun bat. Irakur, arren eskatzen dizut, irakur ezazu! Eta gero erabaki ezazu ahal duzuna.
Ottiliak behera begiratu zuen, eta zalantza apur baten ondoren, hartu, ireki eta irakurri egin zuen. Aurpegiera aldatu gabe irakurri zuen eta gero bertan poliki utzi zuen atzera; ondoren bi eskuak batu, eta goian eutsiz, bularrera eraman zituen, apur bat aurrera makurtuz. Berehala begiratu zion bere pretendente premiatsuari halako moldez, ezen honek uko egin behar izan zion eskatu edo nahi izan zezakeenari. Mugimendu hark bihotza urratu zion Eduardi. Ezin zuen Ottiliaren begirada jasan, ezta haren jarrera ere. Bazeritzon Ottilia belauniko jartzeko zorian zegoela bere eskarian tematzen bazen. Etsita aterantz lasterka egin zuen, eta ostatu-andrea neska bakartiarengana bidali zuen.
Aurre-gelan aurrera eta atzera ibiltzeari ekin zion. Gautu egin zuen eta isiltasuna zegoen gelan. Azkenean irten zen ostatu-andrea, eta giltza atera zuen. Emakume ona hunkiturik, zalantzakor zegoen, ez zekien zer egin. Azkenean, alde egitean Eduardi eskaini zion giltza eta honek errefusatu egin zion. Emakumeak argia utzi eta alde egin zuen.
Eduard, atsekaberik handienak jota, Ottiliaren atalasean amildu zen, zeina bere malkoez busti zuen. Inoiz ez zuten maitaleek hain hurbil halako gau saminik igaro.
Argitu zuen eguna; kotxe-zainak zaldiei eragin zien, ireki zuen ostatu-andreak gela eta sartu egin zen. Ottilia lotan baina jantzita aurkitu zuen. Atzera egin eta irribarre onberaz keinu egin zion Eduardi. Biak lokartuarengana hurbildu ziren; baina Eduardek ere ezin izan zuen ikuskizun hura jasan. Ez zen ausartu ostatu-andrea atsedena hartzen zegoen neskatila esnatzera; eta landaturik geratu zitzaion aurrean. Azkenik, ireki zituen Ottiliak begi ederrak eta bere oinen gainean tente jarri zen. Gosaria errefusatu egin zuen eta orduan Eduard aurrean agertu zitzaion. Honek arren eskatzen dio hitz bakar bat esan eta bere nahia adieraz dezala; bere nahia beteko duela, baina neskak isilik jarraitzen du. Beste behin Eduardek maitekor eta premiatsu ez al dion entzun nahi galdetzen dio. Nolako maitekortasunez eragiten dion buruari, begiak itxita dituela, ezetz samur bat esateko. Eduardek barnetegira joan nahi al duen galdetzen dio. Axolagabe ukatzen dio. Baina Charlotterengana itzuli nahi duen galdetzean, buruaren makurtze kontsolatuz baietz erantzuten dio. Eduard leihora doa lasterka kotxe-zainari agindua ematera; baina bere atzetik neskatila irteten da tximista bezala, eskaileretan behera, kotxera. Kotxe-zainak berriro gaztelurako bidea hartzen du; Eduard zaldiz jarraitzen zaio tarte batera.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu