XV KAPITULUA

 

        Elkarbizitza zoriontsu eta baketsuan, etxeko adiskideek eta lagunek, bidezkoa eta beharrezkoa dena baino gehiago hitz egiten duten bitartean, gertatzen ari denaz eta gertatu beharrekoaz; baldin eta beren egitasmo, eginkizun eta arazoak elkarri behin eta berriz adierazten bazaizkio, eta elkarren aholkuak kontutan hartu gabe ere, bizitza, nolabait esateko, deliberatzen ematen badute; aldiz, une garrantzizkoetan, gizakiak inoren laguntzaren, inoren bultzadaren premia gehien duela dirudienean, nor bere baitara biltzen da, eta bakoitzak bere kabuz jokatzen du, bakoitza bere gisara obratzen ahalegintzen da eta elkarri ezkutatu egiten dizkiote erabiltzen dituzten bitarteko berariazkoak, emaitza, ondorioa, lortutakoa bakarrik ondasun komun bihurtzen delarik.

        Hainbeste gertakari miragarri eta dohakaberen ondoren, bi emakumeen artean halako seriotasun isil bat ere gertatu zen, zeina errespetu maitekor batean kanporatzen zen. Isiltasun handian bidali zuen Charlottek haurra kaperara. Bertan zegoen atsedena hartzen mehatxuzko patuaren lehen biktima gisa.

        Ahal izan zuenean, Charlotte bizitzara itzuli zen berriro, eta aurrena Ottilia aurkitu zuen hemen, bere laguntzaren premiarekin. Lehentasunez arduratu zen berataz, baina aditzera eman gabe. Bazekien zenbat maite zuen Eduard haur zerutiar hark; pixkanaka jakin zuen ezbeharraren aurretik gertatu zena eta xehetasun guztiez jabetu zen, bai Ottiliaren bidez, bai maiorraren gutunen bidez.

        Ottiliak, bere aldetik, asko arintzen zion une hartako bizitza. Irekia zen, berritsua ere bai, baina ez zuen inoiz ukitzen presenteko edo arestiko gala. Beti izan zen ohartzailea, beti izan zen behatzailea, asko zekien; guzti hura orain azalera zetorren. Olgarazi, barreiatu egiten zuen Charlotte, zeinak beti elikatzen baitzuen hain bikote preziatua elkarturik ikusteko esperantza isila.

        Bakarrik Ottiliari besterik gertatzen zitzaiola. Bere adiskideari agertu zion bere bizitzako sekretua; bere lehengo mugapenetik, mirabetzatik libraturik zegoen. Bere damua, bere deliberamenduarengatik erru haren, moldegabekeria haren pisutik libratua sentitzen zen. Ez zuen behar jadanik inolako indarrik bere gain; bere bihotzaren sakonean uko egite erabatekoaren baldintzapean bere buruari barkatu zion, eta baldintza hori etorkizun guztirako ezinbestekoa zen.

        Igaro zen horrela denboraldi bat, eta Charlottek sentitzen zuen etxeak, parkeak, lakuek eta harkaitz eta zuhaitz-multzoek beragan eta Ottiliarengan sentipen tristeak bakarrik eragiten zituztela. Bistan zegoen lekuak aldatu beharra zeukala; baina nola egin behar zen, ez zen erabakitzen hain erraza.

        Elkarrekin bizi behar al zuten bi emakumeek? Eduarden aurreko nahiak hala eskatzen zuela zirudien; bere azalpenak, bere mehatxuek beharrezko egiten zutela zirudien: bakarrik nola kontutan hartu gabe utzi bi emakumeek, beren borondate on guztiarekin, beren zentzu guztiarekin, beren ahalegin guztiarekin egoera atsekabe batean aurkitzen zirela, bata bestearen ondoan? Beren hizketetan ihes egiten zioten gaia aipatzeari. Sarritan zerbait erdizka ulertu ahal izaten zuten baina sarriagotan gertatzen zen gaizki interpretatua esamolde bat, arrazoiaren aldetik ez bazen, sentimenduarenetik behintzat. Elkarri min emateko beldurra zuten eta, hain zuzen, beldurra zen mingarriena eta lehenik min ematen zuena.

        Lekua eraberritu nahi bazen eta gutxienez, denboraldi batez, bi emakumeak aldentzea, berriz ere lehengo galdera sortzen zen: nora joan behar zuen Ottiliak? Etxe handi eta aberats hark ahalegin alferrak egin zituen bere oinordeko promestsuari olgaraziko zuen eta lehiara bultzatuko zuen jolaskide bat ematen. Baroisak bere azken bisitan, eta arestian gutunez, behin eta berriz eskatu zion Charlotteri Ottilia bidal ziezaiola; orain berriro hitz egin zen horretaz.

        Baina Ottiliak argi eta garbi uko egin zion hara joateari, non mundu handia deitu ohi zaiona aurkituko zuen.

        — Utzidazu, izeba maitea —esan zion— uzkur eta nerekoi ager ez nadin, beste kasu batean isildu eta ezkutatu beharko nukeena esaten. Pertsona bereziki dohakabe bat, nahiz eta errugabe izan, era ikaragarriz markatua gertatzen da. Bere presentziak ikara moduko zerbait sortarazten du ikusten eta berataz hitz egiten entzuten dutenengan. Denek jakin nahi dute zer hondamendi gertatu zaion; denek sentitzen dute jakin-mina eta izudura aldi berean. Gauza bera gertatzen zaio etxe bati edo hiri bati, non izugarrikeria bat gertatu den eta bertara doanari izua sartzen zaion. Han ez du egunak hainbesteko argirik eta, eta izarrek beren distira galtzen dutela esan liteke.

        Zeinen handia, eta halere zeinen desenkusagarria den horrelako dohakabeekiko jendearen begiramendurik eza, bere ardura zozoa eta adeitasun baldarra! Barkaidazu honela hitz egitea; baina ezin esan ahala nozitu nuen neskatila gaixo harekin Lucianek bere etxeko gela ezkututik ateratzean, adiskidetasunez tratatu zuen eta jolas eta dantza egin zezan asmorik hoberenak zituen. Neskatila gaixoa gero eta ahulago bere ezintasunaren menpean erori zen, nik neure besoetan hartu nuen, denak izutzen, iskanbila sortzen eta dohakabearekiko jakin-minean lehiatzen ziren bitartean; orduan ez nuen pentsatu patu bera itxaroten neukanik; baina oraindik hor daukat neure errukia orduan bezain egiazko eta bizi. Orain errukia neure burura zuzendu dezaket-eta neure burua babestu halako jakin-minerako aukerarik ez emateko.

        — Baina zuk, haur maitea, —ihardetsi zuen Charlottek—, ezin izango diezu inoiz pertsonen begiradei ihes egin. Eta ez dugu komenturik ere horrelako sentimenduentzat aterpea eskain dezakeenik.

        — Bakardadea ez da aterpea, izeba maitea —ihardetsi zuen Ottiliak—. Aterperik estimagarriena jardun dezakegun toki hartan bilatu behar da. Penitentzia guztiak, barau guztiak ez dira gai horrelako zorte makur batetik libratzeko, beronek pertsegitzea erabaki duenean. Bakarrik, nagi eta munduarentzako ikuskizuntzat neure burua eskaini behar badut, orduan higuingarri zait eta gogaitu egiten nau. Baina lanean alai aurkitzen banaute, nekagaitz neure betebeharrean, orduan banaiz gauza inoren begiradak jasateko, zeren ez baitiet beldurrik jainkozkoei.

        — Oso oker nabil nonbait —ihardetsi zuen Charlottek— baldin zeure isuriak barnetegira bultzatzen ez bazaitu.

        — Bai —ihardetsi zuen Ottiliak—, ez dut ukatzen; destino zoriontsutzat daukat inoren hezitzaile izatea ohiko bidetik, nahiz eta gu erarik apartekoenean hezitakoak izan garen. Eta ez al dugu ikusten Historian, nola gizakume haiek hondamendi moral handiengatik, basamortuetara baztertzen ziren, eta ez ziren han gero aurkitzen inondik ere uste zuten bezain ezkutaturik eta estalirik? Berriz ere mundura deitzen zituzten errebelatuak bide onera itzul zitezen; zeren, nork egin zezakeen hori, jadanik bizitzako errakuntzetan eskarmentua zutenek baino hobeki? Dohakabeei laguntzeko deitzen zituzten; zeren, nork egin zezakeen hobeki lurreko ezein nahigabek jo ez zitzakeen haiek baino?

        — Destino apartekoa hautatzen duzu —ihardetsi zuen Charlottek—. Ez dizut aurka egin nahi; horrela izango da, nahiz eta denbora laburrerako izango dela espero dudan.

        — Ez dakizu zenbat eskertzen dizudan —esan zuen Ottiliak— saio hori, esperientzia hori egiten uztea! Neure burua gehiegi lausengatzen ez badut, onez aterako zait. Leku hartan jadanik jasan ditudan frogez oroituko naiz, eta zeinen txiki eta deusezak izan ziren gero nozitu beharko nituenekin alderatuta. Zeinen alai begiztatuko ditudan ikasle gazteen ezbaiak, nola beren haur-saminen aurrean barre egin eta esku leunaz beren errakuntzatxoetatik aterako ditudan. Zoriontsua ez da egokia zoriontsuen gidari izateko: giza izatasunean datza gero eta gehiago norbere buruari eta besteei eskatzea, zenbat eta gehiago hartu den. Suspertzen den dohakabeak bakarrik daki beretzat eta besteentzat ongitasun neurriko bat ere liluraturik goza daitekeen sentipena elikatzen.

        — Utzidazu, halere —erantzun zuen Charlottek gogoeta luze baten ondoren—, zure egitasmoari nik nagusientzat daukadan eragozpen bat jartzen. Ez da zuri buruzkoa, hirugarren bati buruzkoa baizik. Ezagutzen duzu zuk barnetegiko laguntzaile on, begiratu eta jatorraren pentsatzeko modua; zoazen bidetik egunean-egunean preziatuago eta ezinbestekoago bihurtuko zatzaizkio. Jadanik orain, bere sentipenaren arabera, zu gabe ez bada gogara bizi, zure lankidetzara ohitu eta gero, askoz gutxiago eraman ahal izango du bere negozioa zu gabe aurrera. Zuk aurrena hartan lagundu eta gero sufriarazi egingo diozu.

        — Zortea ez da nirekin bigun portatu —ihardetsi zuen Ottiliak— eta maite nauenak, agian ez du izango ezer hoberik itxaroteko. Gure adiskidea hain ona eta zentzuzkoa izaki, uste dut garatuko duela nirekiko harreman garbi baten sentipena; izaki sakratu bat ikusiko du nigan, agian gaitz ikaragarri bat, bere buruarentzat eta besteentzat uxaraz dezakeena, sakratuari bere burua eskainiz, zeinak inguratzen gaituen eta zeinak bakarrik, mehatxuka dauzkagun ahalmen txit etsaikorren kontra babes gaitzakeen.

        Charlottek, neskatxa maitagarri hark hain bihotzez adierazten zuena, gogoetagai tristetzat hartzen zuen. Era desberdinetara ikertu zuen, nahiz eta modurik begiratuenean, Ottilia Eduardengana hurbiltzea pentsatzerik ba ote zegoen; baina beti, baita aipamenik kaxkarrenak, esperantzarik txikienak, susmorik txikienak ere, bazirudien Ottilian gihian ukitzen zuela, eta hala egun batean, itzulinguruka ezin zuelarik argi eta garbi adierazi zion:

        — Baldin Eduardi uko egiteko zure erabakia hain irmo eta aldaezina bada —esan zion Charlottek— gorde ezazu bakarrik zeure burua berriz ikustearen arriskutik. Objektu maitatua urruntzean, baderitzogu, eta hainbat gehiago zenbat eta handiagoa den gure isuria, geure buruaren hainbat jabeago izango garela, kanpora isurtzen zen grinaren indar guztia barrura bihurtuz; baina bai laster, bai bizkor irteten garela geure errakuntzatik, bera gabe bizi gintezkeela uste genuen hura begien aurrean ezinbestekotzat agertzen zaigunean! Egizu orain zeure egoerarako egokientzat jotzen duzuna; jar zaitez frogan, alda ezazu hobeki oraingo zeure erabakia, baina zeure baitatik, bihotz libre eta osoz, ordea. Ez zaitez erori berriro lehengo egoeran halabeharraren, ezustekoaren eraginez, zeren haustura jasanezina gertatzen baita barrenean. Horrela, bada, esan dudanez, pausu hori eman aurretik, nigandik urrundu eta bizi berri bat hasi baino lehen, zeinak batek badaki zer bidetatik gidatuko zaituen, pentsa ezazu, beste behin, etorkizun osoan Eduardi uko egiteko gai zaren ala ez. Baina, gero, hau erabaki ondoren, gehiago ikusiko ez duzun itun bat egin behar dugu, ezta elkarrizketan ere, nahiz eta berak bilatu eta hertsatu. Ottiliak ez zuen une batez pentsatu, jadanik bere buruari emandako hitza eman zion Charlotteri ere.

        Alabaina orain Charlotteri arimaren aurrean mehatxu bat ageri zitzaion: Eduardek bakarrik uko egin ala izango ziola Ottiliari, berau Charlotteren ondotik aldentzen ez zen bitartean. Egia zen ordutik hona zirkunstantziak asko aldatu zirela eta hainbeste gauza gertatu zirela, ezen une batek ateratako hitz hura ondorengo gertakariek gainditutzat jo zitekeen; baina, hala eta guztiz ere, ez zuen berak zentzurik urrunduenean ere ezertara ausartu nahi ezta mingarri izango zitzaion ezeri ekin ere, eta Mittlerrek arduratu behar izan zuen Eduard zentzu horretan ikertzeaz.

        Haurraren heriotzaz geroztik Mittlerrek sarriago egiten zizkion bisitak Charlotteri, nahiz eta istant batekoak izaten ziren. Ezbehar hark, bi ezkontideak berriro elkartzea izugarri zaildu zuen hark, eragin sakona izan zuen berarengan; baina beti bere izaera baikor eta jardukorraren arabera, orain isilean poztu egiten zen Ottiliaren erabakiaz. Dena baretuz igarotzen den denbora horretan fidatzen zen. Bi ezkontideak elkartzean pentsatzen zuen oraindik eta grinazko mugimendu haietan ezkon maitasun eta —fideltasunezko frogak baizik ez zituen ikusten.

        Lehen unetik jakinarazi zion idatziz Charlottek maiorrari Ottiliaren lehen azalpena, arrenik bizienez eskatuz Eduardengandik lor zezala urrats berririk ez ematea; denak lasai egon zitezela eta itxaron zezatela harik eta neskatila ederraren barrenak kemena berreskuratu arte. Ondorengo gertakari eta iritziei buruz ere laburtzapen bat egin zion, eta orain Mittlerrek bere gain hartu zuen egoera-aldaketa baterako Eduard prestatuz joatearen egitekoa. Baina Mittlerrek ondotxo zekien, gertatuari lehenago ematen zaiola onespena, oraindik gertatzeke dagoenari baino eta Charlotte konbentzitu egin zuen Ottilia berehala barnetegira bidaltzea zela hoberena.

        Horregatik, berak alde egitean, bidaiarako beharrezko ziren neurriak hartzen hasi ziren. Ekin zion Ottiliak gauzak paketatzeari, baina berehala ohartu zuen Charlottek neskatilak ez zuela kutxatila polita eta bertan zegoenik eramateko asmorik ere. Isildu zen adiskidea eta bere gisara jokatzen utzi zion neskatxari. Iritsi zen abiatzeko eguna; Charlotteren kotxeak gau-kuartel ezagun bateraino eraman behar zuen Ottilia lehen egunean, eta bigarrenean barnetegiraino. Nanny izango zuen laguntzaile eta zerbitzari. Neskatila grinatua haurra hil eta gero berriro Ottiliarengana itzuli zen eta behiala bezala izaeraz eta isuriz zetxekion; izan ere bazirudien, bere berritsutasun jostagarriaz ordura arte galdutakoa kitatu eta erabat ugazabandretxo maiteari bere burua erabat eskaini nahi ziola. Senetik irtenda jarri zuen harekin bidaiatzearen zorionak, bazter berriak ikusteko aukerak, zeren ordura arte ez baitzen inoiz jaioterritik irten, eta gaztelutik lasterka joaten zen herrira, gurasoen eta ahaideen etxera, bere zorte onaren berri eman eta adio esatera. Zoritxarrez, ibilera horiekin, elgorriak jotako gaixo batzuen gelan sartu zen eta berehalaxe sentitu zituen kutsaduraren ondorioak. Ez zuten bidaia atzeratu nahi izan, Ottiliak berak presa ematen baitzuen hartarako: ordurako bide hartatik ibilita zegoen, ezagutzen zituen tratatu beharreko ostalariak, eta gazteluko kotxe-zainak eraman behar zuen; ez zegoen zertaz kezkaturik.

        Charlottek ez zion kontra egin; bera ere pentsamenduz bizkor ari zen ingurumari haietatik urruntzen, bakarrik aurrena Eduardi prestatu nahi zion lehen Ottiliak gazteluak edukitako gela, kapitaina heldu baino lehen zegoen bezala utziz. Zorion zahar bat berreskuratzearen esperantza sugarretan aritzen da beti gizakiengan, eta Charlottek bazuen esperantza horietarako eskubidea, eta baita premia ere.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia