XIV. KAPITULUA
Joan bizkor eraikin berrira, irtenarazi zirujaua eta eskuratzen dio haurra. Denetara ohituriko gizon hark pixkanaka tratatzen du gorpu samurra, usadioaren arabera. Ottilia alboan dauka denbora guztian; bilatu, ekarri eta zaindu egiten du, nahiz eta egia esateko beste mundu batean bailebilen: zeren nola zorigaitz handienek hala zorion handienek, gauza guztien itxura aldatzen baitute; eta ahalegin guztiak azkeneraino burutu ondoren gizon jatorrak buruari eragiten dionean, bere galdera itxaropentsuen aurrean isilik egon ondoren, eta ezetz eme batez haiei erantzunez, neskatila Charlotteren gelatik irteten da, non hau dena gertatu den, eta aretoan sartu bezain laster erori egiten da unaturik, besaulkira iritsi ezinik, alfonbra gainean buruz behera.
Une hartan Charlotten urratsak entzuten dira. Zirujauak arren eskatzen die bertan daudenei geratzeko, bera joango dela, Charlotte prestatzera; baina jadanik gelan sartu da. Ottilia lurrean aurkitzen du eta etxeko mirabe bat bidera irteten zaio garrasika eta negarrez. Sartzen da zirujaua eta guztiaren berri jakiten du. Nola uko egin ziezaiokeen besterik gabe esperantza orori? Gizon trebe, eskarmentudun eta zuhurrak haurra ez ikusteko bakarrik eskatzen dio; urrundu egiten da molde berriekin engainatzeko. Charlotte besaulkian eseri da, eta Ottiliak oraindik lurrean etzanda jarraitzen du baina bere adiskidearen belaunean parera jasota, zeinaren gainean duen bere buru ederra kokatua. Mediku adiskidea gora eta behera dabil; haurraz arduratzen dela dirudi, baina emakumeez arduratzen da. Honela igarotzen da gauerdia, isiltasun heriozko hura gero eta astunagoa da. Charlotteri ez zaio gehiago ezkutatzen haurra ez dela berriz bizira itzuliko; ikustea eskatzen du. Artilezko oihal epeletan txukun bildu eta otarre batean ezarri dute, besaulkiaren alboan; aurpegitxoa bakarrik dauka agerian; lasai eta eder datza.
Herri osoa asaldatu zuen ezbeharrak eta albistea ostaturaino iritsi zen. Igo zen maiorra bide ezagunetatik, ibili zen etxearen inguruan, eta alboko eraikinera zerbaiten bila irten zen morroi bati helduz, berri zehatzagoak eskatu eta zirujaua etorrarazi zuen. Etorri zen hau, bere mezenas zaharraren agerpenaz txunditurik, eman zion egoeraren berri eta bere gain hartu zuen bera ikusteko Charlotte prestatzea. Sartu zen, ekin zion garrantzi gabeko gauzez hitz egiteari eta irudimena gai batetik bestera pasarazi zuen, harik eta azkenean Charlotteren adiskidea han zegoela aitortu zuen arte; bere interesaren, izpirituzko hurbiltasunaren berri eman zion, zeinak laster errealari leku egingo zion. Aski izan zuen adiskidea atean zeukala, dena zekiela eta pasatu egin nahi zuela jakitea.
Sartu zen maiorra, agurtu zuen Charlottek irribarre saminez. Zutik geratu zen Charlotteren aurrean. Gorpua estalirik zeukan zeta berdezko estalkia jaso eta kandela baten distira ilunean, irudi zurrundua ikusi zuen, ezkutuko izuduraz. Charlottek aulki bat seinalatu zion eta biak aurrez aurre eserita geratu ziren, isilik, gauean zehar. Ottilia oraindik lasai zegoen Charlotteren belaunetan; poliki hartzen zuen arnasa, lotan zegoen edo lotan zegoela zirudien.
Goiza urratu zuen, itzali zen argia, bi adiskideek lozorro batetik iratzartuak ziruditen. Charlottek maiorrari begiratu eta oso bare esan zion:
— Azal iezadazu, adiskidea, zer zoriren bidez etorri zaren hona, dolu-eszena honetan parte hartzera.
— Hau ez da —erantzun zion maiorrak ahots oso emez galdetu zitzaion bezala; Ottilia iratzarri nahi ez balu bezala—, hau ez da garaia eta lekua barrena gorde, sarrerak egin eta gauzak pixkanaka azaltzeko. Aurkitzen zaitudaneko kasua hain da ikaragarria, ezen hona ekarri nauen garrantzizko arazoak berak ere balioa galtzen duen.
Ondoren, lasaitasun eta sinpletasunez, bere mandatuaren xedea aitortu zion, Eduardek bidali zuenez; bere etorreraren xedea, bere nahi librea eta interesaren arabera. Bere gauzak samurtasun handiz baina baita jatortasunez ere aurkeztu zituen; Charlottek baretasunez entzun zion, eta ez zirudien hargatik txunditzen edo nahigabetzen zenik.
Maiorrak amaitzean, Charlottek hain ahots emez erantzun zion, ezen hark aulkia hurbildu behar izan zuen.
— Ez naiz inoiz honelako kasu batean aurkitu; baina antzekoetan beti esan izan diot neure buruari: zer gertatuko da bihar? Ondotxo ulertzen dut baten baino gehiagoren zortea neure eskuetan daukadala; zer egingo dudan zalantzarik gabe dakit eta oraintxe esango dut. Ontzat ematen dut dibortzioa. Lehenago deliberatu beharko nintzatekeen horretara; neure ezbai eta kontrakarrarekin haurra hil dut. Badira zenbait gauza zorteak setati bilatzen dituenak. Alferrik da arrazoia eta bertutea, betebeharra eta sakratu oro bidean trabeskatzea; berari zuzen dagokion zerbaitek gertatu behar izaten du, guk oker deritzogun arren; eta horrela azkenik berearekin ateratzen da, nahi adina parizta egiten dugula ere.
Baina zer diot nik! Destinoak neure guraria, neure asmoa berriro bere bidean jarri nahi ditu, nik, pentsatzeke, beraien kontra jokatu ondoren. Ez ote neuzkan nik Ottilia eta Eduard bikoterik aproposentzat? Nerau ez al nintzen haiek hurbiltzen ahalegindu? Zu zeu ez al zeunden, ene adiskidea, plan honen jakinaren gainean? Eta nola ez dut asmatu norberekoikeria eta benetako maitasuna bereizten? Zergatik onartu nuen bere eskua, adiskide gisa, bera eta bere emaztea zoriontsu egin nitzakeelarik? Eta begizta ezazu lokartu dohakabe hori! Dardara eragiten dit bere erdi lozorrotik senera esnatuko den uneak! Nola biziko da, nola kontsolatuko da, bere maitasunaz Eduardi, halabehar harrigarrienaren tresna bezala, kendu diona ordezteko esperantzarik izango ez duenean? Eta Ottiliak berari dena eman diezaioke bera maite duen isuriaren, grinaren arabera. Maitasuna dena eramateko gai bada, askoz gaiago da dena ordezteko. Nigan ez dago une honetan pentsatu beharrik.
— Alde egizu isilean, maiorra. Esaiozu Eduardi, ontzat ematen dudala dibortzioa, berari, zuri, Mittlerri gauza guztiak konpontzen uzten diedala; ez naizela neure etorkizuneko egoeraz kezkatzen eta nolanahikoa izan daitekeela. Aurkeztuko didaten edozein paper sinatuko dut; baina ez diezadatela eska lankide izaterik, gogoeta egiterik, aholkua ematerik.
Maiorra zutitu egin zen. Charlottek eskua luzatu zion Ottiliaren gainetik. Maiorrak ezpainak ezarri zituen esku haren gainean.
— Eta niretzat zer espero behar dut? —marmar egin zuen emeki.
— Emadazu erantzuna zorretan uzteko baimena —erantzun zion Charlottek—. Ez dugu merezi izan zoritxarrekoak izatea; baina ezta zoriontsu izaterik ere.
Maiorra urrundu egin zen, Charlotte bihotzaren barrenean deitoratuz, baina, halere, hildako haur gaixoarengatik erostarik egin ezinik. Biktima hari beharrezko zeritzon guztien zorionerako. Ottilia bere haur bat besoetan zuela imajinatzen zuen, Eduardi kendu zionaren ordezpen perfektuena bezala; bere burua ere haur bat altzoan zuela imajinatzen zuen, hildakoak baino eskubide gehiagoz bere irudia izango zuen batekin.
Esperantza eta irudi hain lausengariak igarotzen zitzaizkion arimatik, ostatura itzuli eta Eduardekin topo egin zuenean, zeinak gau osoa izarpean eman zuen ezinegonak jota ataizean, ezein suzirik, ezein kanoikadak atarramendu onik ez ziola adierazten ikusirik. Ordurako ezbeharraz jakitun zegoen, eta berak ere, haurtxoarengatik negar egin ordez, gertakari honetan, erabat aitortu nahi ez bazuen ere, adur bat ikusten zuen, behi betiko bere zorionerako eragozpen guztiak baztertzen zizkiona. Inolako trabarik gabe utzi zion maiorrari mugiarazten eta honela laster adierazi zion emaztearen erabakia, berriro herrira eta handik hiri txikira itzultzeko, non berehalakoena hausnartu eta akordiatu behar zuten.
Charlotte minutu banaka batzuetan bakarrik egon zen gogoetak egiten, maiorrak alde egin eta gero, zeren berehala zutitu baitzen Ottilia, bere begi handiez adiskideari begira. Altxatu zen aurrena magaletik, eta gero lurretik, eta zutik geratu zen Charlotteren aurrean.
— Bigarren aldiz —ekin zion neskatila bikainak seriotasun gaindiezin eta adoretsuz—, bigarren aldiz gertatzen da gauza bera. Behin esan zenidan gizakiok bizitzan gauza berekin topo egiten dugula, era berean eta une garrantzizkoetan. Orain ulertzen dut baieztapen hori egia dela, eta zuri aitorpen bat egin beharra sentitzen dut. Ama hil eta berehalaxe, neskato bat baizik ez nintzela, neure aulkitxoa zure ondoan neukan: zu besaulkian eserita zeunden; nire burua zure belaunetan zegoen, ez nengoen lotan, ez nengoen esnaturik; lozorroan nengoen. Inguruan gertatzen zen guztia hautematen nuen; basez ere, elkarrizketak oso garbi; eta halere ezin nintzen mugitu eta ezin nuen hitz egin ere, nahi izan banu ere, ezta ezagueraren jabe nintzela adierazi ere. Orduan zu nitaz adiskide batekin hizketan ari zinen; nire zortea deitoratzen zenuen, umezurtz eta behartsu munduan geratu nintzelako; menpekotasunezko nire egoera deskribatzen zenuen, eta zenuen gaizki pasatu beharko nuen, baldin eta izar onen batek argi egin ezik. Nik dena oso ongi ulertzen nuen eta zehazki, agian zorrotzegi, zuk niretzat nahi zenuena, nigandik eskatzen zenuena, nonbait. Nik neure buruari legeak ezarri nizkion neure adimen mugatuaren arabera eta beraien arabera bizi izan naiz luzaroan, beraietara moldatu dut neure egitea eta uztea, zuk maite eta zaintzen ninduzun garai hartan, zeure etxean hartu eta handik denboraldi batera arte ere bai. Baina gero errebelatu egin naiz, hautsi egin ditut neure legeak, haiekiko sentipena bera ere galdu egin dut, eta gertakari ikaragarri baten ondoren berriro azaltzen didazu nire egoera, lehen aldikoa baino oraindik tamalgarriagoa dena. Zure altzoan atsedena hartuz, erdi zurrundurik, mundu arrotz batetik bezala, zure ahots emea entzuten nuen neure belarri gainean berriz ere; gauzak nolako itxura duten niretzat hautematen dut; dardara egiten dut neure buruarengatik; baina orduan bezala orain ere lozorroan ibilbide berri bat prestatu dut neuretzat.
— Deliberatua nago, orduan egon nintzenez, eta berehalaxe jakingo duzu zertara nagoen deliberatua. Ez naiz Eduardena izango! Era ikaragarrian ireki dizkit begiak Jainkoak, zer hobenatan sarturik nengoen ikusteko. Penitentzia egin nahi dut; eta inork ez dezala pentsa ni asmo horretatik saihesterik. Har itzazu, adiskide maite, hoberen horrek, zeure neurriak. Datorrela maiorra; idatziozu ez dezala urratsik egin. A zer larritasuna sentitu nuen berak alde egin eta ezin mugitu eta zutitu izatean! Joan, garrasi egin nahi nuen; zuk ez zenion utzi behar hain esperantza makurrak izaten.
Charlottek ikusten zuen Ottiliaren egoera; baina, denbora eta gogoetaren bitartez beragandik zerbait lortzea espero zuen. Halere, hitz batzuk esan zituenean, etorkizunari, samina eztitzeari, esperantzari buruz, Ottiliak asaldaturik jaregin zuen:
—Ez! —ez nazazu mugitu, ez nazazu atzerarazi. Dibortzioa ontzat eman duzula jakiten dudan une berean egingo dut neure makurraren, neure hobenaren penitentzia laku berean.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu