XIII. KAPITULUA
Elkarren artean erabat arrotz eta axolagabeak diren gizakiak, denboraldi batean bata bestearekin bizitzen direnean barrena erakusten diote elkarri eta halako fidantzia bat sortzen da haien artean. Hainbat gehiago uste izan behar da gure bi adiskideak, berriro elkarrekin bizitzean, egunero eta orduro batera ibiltzean, ezingo zutela ezer ezkutuan eduki batak bestearentzat. Aurreko egoeretako oroitzapenak errepikatzen zituzten eta maiorrak ezin izan zuen ezkutuan eduki Charlottek Ottilia Eduardentzat paratua zeukala bere ibileretatik itzuliko zenerako, berarekin neskatila ederra ezkontzeko asmoarekin. Eduardek aurkikuntza honekin eromeneraino aztoraturik, begiramendurik gabe hitz egin zuen Charlottek eta maiorrak elkarrenganako zuten isuriaz, zeina beretzat eroso eta faboragarri zuelako, kolorerik bizienez pintatzen zuen.
Maiorrak ezin zion ez erabat ukatu ez erabat aitortu, baina Eduard hartan sendotu, berretsi egiten zen. Ez gertagarri bezala baizik gertatutzat pentsatzen zuen guztia. Parte guztiek nahi zuten hartan bat etortzea beste egin beharrik ez zuten; banaketa bat eskatu behar zen noski; elkartze bat jarraituko zitzaion laster eta Eduardek bidaia bat egingo zuen Ottiliarekin.
Irudimenak pintatzen dituen gauza atsegin guztien artean, agian ez dago ezer kitzikagarriagorik bi maitale ezkonberrik beren egoera berri eta freskoaz mundu berri eta fresko batean gozatzea baino, eta lokarri iraunkor bat sendotzea hainbeste egoera aldakorren artean. Maiorrak eta Charlottek, bitartean, eskubide osoak izango zituzten eta jabego, ondasun eta lurreko erakunde nahigarri guztiei buruzkoak konpon zitzaketen, halako moldez, ezen eskubidea eta adostasunaren arabera, parte guztiak pozik geratuko ziren. Baina Eduardek gehien azpimarratu mena, zeinetik onura gehien aterako zuela zirudien, hau izan zen: haurrak amarekin geratu beharko zuenez gero, maiorrak heziko zuela haurra, bere ideien arabera gidatuz, eta haren gaitasunak garatuz. Ez zion alferrik bataiokoan Otto bere izen aldebitarra jarri.
Guzti hau hain gauza erabakia izan zen Eduardentzat, non ez zegoen egunik pausoren bat ematen ez zuenik burutzapenerantz. Etxalderako bidean herri txiki batera heldu ziren, non Eduardek etxe bat zeukan, zeinean geratu eta maiorra itzuli arte itxaroteko asmoa zuen. Baina ezin izan zion gogoari eutsi eta adiskidea lagundu zuen toki hartan barrena. Biak zaldiz eta garrantzizko hizketan murgilduak, zihoazen elkarren ondoan.
Halako batean, urrun, etxe berria ikusi zuten gainalde batean, zeinaren teila gorriak lehen aldiz dirdiraka ageri zitzaizkien. Nostalgia jasanezinak jo zuen Eduard: gau hartan bertan erabaki behar zela dena. Alboko herrixka batean ezkutatuko zen. Maiorrak hisiaz azalduko zion Charlotteri kasua; bere begiramendua harritu eta ezusteko erasoaz bere asmoak librekiago azaltzera behartuko zuen. Zeren Eduardek, bere gurariak hari egozten dizkionak, Charlotten gurari deliberatuen bila doala besterik ez baitu uste, eta oso baiezko bizkorra espero zuen beragandik, beste nahirik ez bide zuelako.
Pozik zeukan emaitza alaia begien aurrean eta ezinegonari berehala berri emateko, kanoikada batzuk tiratu beharko zituzten, eta gaua baldin bazen, suziri batzuk aireratu.
Maiorra gazteluraino joan zen zaldiz. Ez zuen Charlotte aurkitu, baina orain eraikin berrian bizi zela jakin zuen, nahiz eta une hartan ingurumarietan bisita bat egiten zebilen, zeinetatik ez zen hain bizkor etxeratuko. Maiorra ostatura itzuli zen, zaldia utzi zuen tokira. Bitartean, Eduard ezin gaindituzko ezinegonak jota, bere gordelekutik lerratu zen ehiztariek eta arrantzaleek bakarrik ezaguna zuten zidor bakarti batean barrena, parkerantz, eta arrats aldera sastraka artean, aurkitu zen lakutik hurbil, zeinaren ispilua lehen aldiz oso eta garbi ikusten baitzuen.
Ottiliak arratsalde hartan paseo bat egin zuen lakuaren hegitik. Berekin zeraman haurra eta ibilian irakurtzen ari zen bere ohituraren arabera; eta honela ontzirategiko haritzetara iritsi zen. Loak hartu zuen mutikoa; eseri zen neskatila, utzi zuen haurra alboan eta irakurtzeari jarraitu zitzaion. Barren samurra bereganatu eta gehiago jaregiten ez zuten horietakoa zen liburua. Orduaz eta denboraz ahazturik zegoen neskatila, eta ez zen konturatzen lehorrez oraindik tarte luze samarra zeukala eraikin berrira itzultzeko; baina liburuan, bere baitan murgildurik jarraitzen zuen, hain maitagarri zirudiela, ezen inguruko zuhaitzek, sastrakek bizitu egin zirela eta baitzirudien bera miresteko eta beragan gozatzeko begiak zituztela. Eta sartzen ari zen eguzkiaren izpi gorri bat ere erortzen ari zitzaion atzealdean, masailak eta sorbaldak urreztatuz.
Eduardek, hain urruneraino iristea lortu ohartzeke eta bere parkea hutsik eta eskualdea bakarti aurkitzen zuena, eta gero eta barnerago ausartzen zen. Azkenik, haritzen arteko sasien artetik irteten da, ikusten du Ottilia eta honek bera; hegaz egiten du neskatilarenganantz, eta oinetan ahuspezten zaio. Pausaldi luze, mutuaren ondoren, zeinean biek beren buruari eusten ahaleginak egin zituzten, hitz laburretan argitzen dio zergatik eta nola iritsi den hara. Maiorra Charlotterengana bidali du eta agian une hartan bertan ari ziren beren destino komuna erabakitzen. Neskatilak ez du inoiz bere maitasuna zalantzan jarri, ezta berak ere Eduardena. Honek baimena eskatzen dio. Neska zalantzan dago. Eduardek arrenka eskatzen dio, eskubide zaharrak baliarazi nahi ditu eta beso artean estutu; neskak haurra seinalatzen dio.
Eduard begiratu eta txunditu egiten da.
— Jainko maitea! —jaregin zuen—. Neure emaztea, neure adiskidea zalantzan jartzeko arrazoirik banu, haur hau froga ikaragarria izango litzateke beraien kontra. Ez al da maiorraren irudi bera? Inoiz ez dut antzekorik ikusi!
— Baina ez! —ihardetsi zuen Ottiliak—. Mundu guztiak dio nire antza duela.
— Ba ote liteke gero? —ihardetsi zuen Eduardek.
Eta une hartan bertan ireki zituen begiak haurrak; bi begi, handi, beltz, sarkor, sakon eta adiskidekor. Mutikoak jadanik era adimentsuz begiratzen zion munduari; aurreko bi pertsona haiek ezagutzen zituela zirudien. Eduard haurraren aurrean ahuspeztu zen, eta bi bider egin zion belaun Ottiliari.
— Zeu zara! —jaregin zuen Eduardek—. Zure begiak dira! Ai! Baina utzidazu zureak begiztatzen. Baina utzidazu estalkia ezartzen izaki honi izatea eman zion ordu dohakabe haren gainean. Ikaratu egin behar ote dut zure arima garbia senarrak eta emazteak, biak dibortziatuak, bihotzaren kontra elkar estutu eta horrela beren legezko lokarria gurari biziez lohitu zutelako pentsamendu zorigaitzekoaz? Edota, hain urrunera joan garenez gero, Charlotterekiko nire harremanak eten egin behar direla, eta zuk nirea izan behar duzula, zergatik ez esan? Zergatik ez esan hitz gogorra? Haur hau adulterio bikoitzetik sortu da! Neu ere emaztearengandik banatzen nau eta nire emaztea nigandik, elkartu beharko gintuzkeelarik. Nire kontra aitor egin dezala, begi bikain hauek esan dezatela nola beste emakume baten besoetan zurea nintzen; sentituko al duzu Ottilia, benetan sentitu, huts hori, ogen hori zure besoetan bakarrik kitatu dezakedala!
Entzun —jaregin zuen salto batez zutiturik, tiro-hots bat entzun zuelakoan baitzegoen, maiorrarekin hitzarturiko seinalea. Ehiztari bat zen, alboko mendian tiro egin zuena. Ez zen besterik entzun; Eduard ezinegonak jota zegoen.
Orduan bakarrik ohartu zen Ottilia eguzkia mendien atzean sartua zela. Azkeneko aldiz begiratu zuen goiko eraikineko leihoetatik.
Zoaz, Eduard! —jaregin zuen Ottiliak—. Hainbeste denbora egon gara elkar gabe, hainbeste denbora nozitzen... Pentsa ezazu zenbat zor diogun biok Charlotteri. Berari dagokio gure zortea erabakitzea; ez diezaiogun aurrea hartu. Zurea izango naiz berak ontzat ematen badu; bestela, uko egin beharko dizut. Erabakia hain hurbil ikusten baduzu, itxaron dezagun. Itzul zaitez herrira, bertan uste baitzaitu maiorrak. Hamaika gauza sor daiteke, azalpena eskatuko duena. Ba ote du egiantzik kanoikada zakar batek tratuen atarramendu ona adieraztea? Agian, oraintxe bertan dabilkizu bila. Ez du aurkitu Charlotte, badakit; baina baliteke lasterka bere bila joan izana, bai baitzekien non aurkitzen zen. Gerta liteke hamaika kasu desberdin! Utz nazazu! Iristear dago nonbait. Han goian daukagu itxaroten haurrak eta biok.
Ottiliak presaka hitz egiten zuen. Ahaltasun guztiak deitzen zituen. Zoriontsu zen Eduarden ondoan eta orain beragandik urrundu egin behar zuela sentitzen zuen. Eskatu, erregutu egiten dizut, maitea! —jaregin zuen: itzul zaitez eta itxaron maiorrari!
— Zure aginduei obeditu egiten diet —jaregin zuen Eduardek grinaz begiratu eta gogor beso artean estutzen zuen. Ottiliak bereez inguratu eta txit samurki bere bularraren kontra estutu zuen. Esperantza, zerutik erortzen den izar bat bezala igaro zitzaion, buruaren gainetik zehar. Eldarniotan zeuden, elkar galtzen ari zirela uste zuten, lehen aldiz trukatzen zituzten musu deliberatu eta libreak eta indarrez eta saminez banandu ziren elkarrengandik.
Eguzkia sartu eta iluntzen ari zuen eta lakutiko umeldura usnatzen zen. Ottiliak zutik jarraitzen zuen nahasturik eta hunkiturik; mendiko etxerantz begiratzen zuen eta balkoian Charlotteren arropa zuria ageri zela zeritzon. Lakuaren hegitik itzulinguru handia egin behar zen; bazekien Charlottek haurrarekiko zuen joran ezinegona. Alboak aurrez aurre ikusten zituen, urgune batek bakarrik banatzen zuen eraikinera berehalaxe eramaten zuen zidorretik. Goian bera zegoen nola pentsamenduarekin hala begiekin. Estutasun hartan desagertu egiten da haurrarekin uretara ausartzearen erreparoa. Txaluparantz doa lasterka, bihotza taupadaka, oinak koloka dituela, zentzua galtzeko zorian dagoela sentitu gabe.
Salto egiten du txalupara, hartzen du arrauna eta abiatzen da. Indar gehiago behar du, errepikatzen du bulkada, kulunka egiten du txalupak eta zati batean aurrera doa txalupa. Ezkerreko besoan haurra; eskuineko eskuan liburua; eskuinean, arrauna; berak ere kulunka egiten du eta txaluparen barruan erortzen da. Lerratzen zaio arrauna, alde batera, eta eutsi nahi dionez gero, haurra eta liburua, bestaldera, dena uretara. Oratzen dio haurrari arropatik, baina jarrera deserosoak ez dio zutitzen uzten. Eskuineko esku librea ez da aski bihurtu eta zutitzeko; lortzen du azkenean, ateratzen du haurra uretatik, baina begiak itxita dauzka eta utzi egin dio arnasa hartzeari.
Bat-batean itzultzen zaio zentzu guztia, baina samina areagotu bakarrik egin zaio. Txalupa ia lakuaren erditik doa, arrauna urrunean dabil igerian, ez du inor ikusten hegian, eta zer lagunduko ziokeen norbait ikusteak! Denetik apartatua elementu maltzur eta menperaezinean mugitzen da.
Bere buruaren baitan bilatzen du laguntza. Hamaika aldiz entzuna du itoen salbamenaz. Bere urtemuga-arratsean esperimentatu behar izan zuen. Eranzten dizkio arropak haurrari eta muselinazko bere soinekoaz xukatzen du. Irekitzen du bularra eta lehen aldiz erakusten du airepean; lehen aldiz estutzen du bizidun bat bere bular biluzi garbiaren kontra, baina, ai!, ez da biziduna! Haur dohakabearen gorputz-adar hotzek bihotz barruraino izozten diote bularra. Malko amaigabeek agortzen dizkiote begiak eta gorputz zurrunaren gainaldeari berotasun eta bizitza-itxura bat ematen diote. Ez du amore ematen, bere txalaz estaltzen du eta igurtziz, estutze, putz, musu eta malkoen bidez eremu hartan eragotziak dauden sorospenak ordeztuko dituelakoan dago.
Dena alferrik! Zirkinik egin gabe dauka haurra besoetan, zirkinik egin gabe dago txalupa uraren gainaldean; baina bere barren ederrak orduan ere ez du laguntzarik gabe uzten. Gorantz jotzen du. Belauniko jartzen da txalupan eta bi besoez altxatzen du haur zurruna bere bular errugabearen gainetik, zeinak zurian eta zoritxarrez hotzean ere marmola dirudien. Begi bustiez begiratzen du gorantz, eta laguntza eskatzen du handik, non bihotz samurrak betetasun osoa aurkitzea espero duen, nonahi falta denean.
Alferrik jotzen du izarretara ere, zeinak bakan dirdirka hasiak diren. Haize bigunak jotzen eta alboetarantz bultza egiten diote txalupari.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu