XII. KAPITULUA
Gerra-kanpainaren helburu nagusia lortu zen eta Eduard aintzatsu lizentziaturik eta ohorezko intsigniaz kondekoraturik geratu zen. Berehalaxe itzuli zen bere etxalde txiki hartara, non bertan beretarren albiste zehatzak aurkitu zituen, eta haiek ohartu eta jakin gabe, dena zorrotz behatzeko agindu zuen. Bere egoitza lasaiak abegirik adiskidekorrena egin zion, zeren bitartean, bere adierazpenen arabera, gauza asko ezarri, hobetu eta eragin baitzituzten, halako moldez, ezen instalazioak eta ingurumariak konpentsaturik baitzeuzkaten barrenekoaz eta gozagarrienaz luze-zabalean falta zutena.
Eduard, bizitzaren joanaira bizkorrarengatik pauso erabakigarriak ematera ohitua, hainbat denboraz hausnartzeko izan zuen hura egitea erabaki zuen. Lehendabizi maiorra deitu zuen. Berriz elkar ikustearen poza handia izan zen. Haurtzaroko adiskidetasunek, baita odolezko ahaidetasunek ere, makur eta konponezinek, zeinahi eratakoak direlarik ere, erroari kalte ez egitearen abantaila nagusia dute, eta denboraldi baten ondoren harreman zaharrak lehengoratu egiten dira.
Sarrera alaitik jakin zituen Eduardek adiskidearen berriak, eta zortea bere gurari guztietan erabat aldeko izan zuela jakin zuen. Erdi txantxetan eta konfiantzaz galdegin zion gero Eduardek ez ote zeukan uztarketa bikainen bat esku artean. Adiskideak seriotasun garrantzizkoz uko egin zion.
— Ezin diat eta ez diat ezer ezkutatu behar —jarraitu zuen Eduardek—: Berehala azaldu behar dizkiat neure burutapen eta egitasmoak. Ezagutzen duk Ottiliarenganako dudan grina eta aspaldidanik ulertu duk berak amildu nauela kanpaina honetara. Ez diat ukatzen neure burua libre ikusi nahi nuela bera gabe ezertarako balio ez zidan bizitza batetik; bakarrik aldi berean aitortu behar diat ezin nuela erabat etsitzea ere lortu. Zoriona berarekin hain zen ederra, hain nahigarria, ezen ezinezko baitzitzaidan hari erabat uko egitea. Hamaika susmo kontsolagarrik, hamaika seinale alaik berretsia ninduten Ottilia neurea izan nezakeelako fedean, erokerian. Gure inizialez markaturiko edalontzi bat, zimentarria ezartzerakoan airera jaurtikia, ez zuan puskatu; jaso ziaten eta berriro nire eskuetan zegok. «Neu —esaten nioan neure buruari toki bakarti honetan hainbeste zalantza-ordu ematen nituenean—, neu bihurtuko nauk seinale, edalontziaren ordez, gure elkartzea egingarria den ala ez. Joan eta heriotza bilatuko diat, ez burugabe baten gisara, baizik eta bizitzea espero duenak bezala. Ottilia izango duk nire borrokaren sana; bera izango duk, edozein bataila-ordena etsairen atzean, edozein lubakitan, edozein gotorleku setiatutan irabaztea, konkistatzea espero dudana. Mirariak egingo ditiat kalterik gabe geratzeko gurariz, Ottilia irabazteko, eta ez galtzeko.» Sentipen hauek gidatu naitek, arrisku guztietan zehar beti nirekin egon dituk; baina orain bere helburua lortu eta eragozpen guztiak gainditu dituena bezala aurkitzen nauk, bidean ezerk traba egiten ez diona bezala. Ottilia neurea diat, eta oraindik pentsatzearen eta egitearen artean dagoen tartea huskeriatzat bakarrik jo zezakeat.
— Ezabatu egiten dituk —ihardetsi zion maiorrak— marra banaka batzuez kontrajar lekiakeen eta beharko litzaiakeen guztia; eta halere, errepikatu beharra zegok. Heure eskutan uzten diat heure emaztearekiko harremanak bere balio guztian gogoraztea; baina berari zor diok, heure buruari zor diok honetaz ilunkeriatan ez ibiltzea. Baina nola pentsa nezakek seme bat jaio zaizuela eta ez aitortu berehala betirako zaretela bata bestearentzat, haur hori dela eta biok elkarturik bizi behar duzuela, horren hezkuntza eta ongizatea zaintzeko?
— Gurasoen banitate hutsa duk —ihardetsi zuen Eduardek— beren izatea hain beharrezkoa dela seme-alabentzat imajinatzea. Bizi den orok mantenua bilatzen eta laguntzen dik, eta semeak, aitaren heriotza goiztiarrarengatik, hain gaztaro eroso eta aldekoa ez duenean, baliteke horrela irabazian ateratzea, mundurako prestakuntza bizkorrago bati eta besteen menpean bere burua jarri behar duelakoari dagokionez, izan ere, lehenago edo beranduago denok ikasi behar duguna baita. Eta horretaz ez duk aipamenik egiten: aski aberatsak baikara seme-alaba bat baino gehiagoz arduratzeko, eta ez baita inola ere ez eginbeharra ez ontasuna buru bakarraren gainean hainbeste aberastasun metatzea.
Maiorra zertzelada batzuez Charlotteren balioa eta Eduardek berarekin zituen harreman luzeak erakusten saiatu zelarik, hark berehala eten zion hizketa:
— Erokeria bat egin diagu, argi eta garbi ikusten dudana. Adin jakin batean gaztaroko gurari eta itxaropenak burutu nahi dituena, beti tronpatzen duk; zeren gizakiaren hamarkada bakoitzak bere zoriona baitu, bere gurari eta ikuspegi bereziak. Gizon gaixoa, aurrekoari edo atzekoari heltzeko aukeran zirkunstantziek edo erokeriak jartzen dutena! Erokeria bat egin diagu, bizitza osorako izan behar ote dik? Galarazi egin behar ote zioagu geure buruari, gogoeta-motaren batengatik, geure garaiko moralak ukatzen ez digun hori? Hamaika gauzatan uko egiten ziok gizakiak bere asmo eta egintzei, eta ez ote zian hemen ere horrela gertatu behar, non osotasuna eta ez xehetasunak, non kontua ez den bizitzaren baldintza hau edo hura, baizik eta beronen multzo osoa?
Ez zion maiorrak utzi Eduardi erakusteari, era begiratu bezain adierazkorrean, bere emaztea, bere familia, mundua eta bere ondasunekiko harreman desberdinak; baina ez zuen lortu inolako interesik sortzea.
— Hori guztia, ene adiskidea —ihardetsi zuen Eduardek—, arimatik pasatzen zitzaidaan niri batailaren erdian, lurrak dardara egiten zuenean atergabeko trumoiketaz, balek ezker-eskuin ziztu egiten zutenean, nire lagunak erortzen zirenean, nire zaldia zauriturik iraulka zihoanean eta kapela zulatzen zitzaidanean; eta kulunka eduki dut gaueko su isilaren aurrean zeru-ganga izarratuaren pean. Gero nire elkartze guztiak etortzen zitzaizkidan arimaren aurrera; berriro pentsatu eta sentitu ditut; neure burua berreskuratu egin dut, behin eta berriz aurkitu, eta orain betirako.
Une horietan, nola isilduko diat, hi ere aurrean eduki haut, hi ere nire zirkulukoa hintzen, eta ez al gaituk aspaldidanik elkarren zirkulukoak? Zerbait zor badiat, orain nagok korritu eta guzti ordaintzeko moduan. Bazekiat Charlotte maite duala, eta merezi dik; bazekiat ez hatzaiola axolagabe, eta zergatik ez diat ezagutu behar hire balioa? Har ezak nire eskutik! Ekarridak Ottilia eta Lurreko gizonik zoriontsuenak izango gaituk!
— Hain zuzen ere, hain emari goitarrez erosi nahi naualako —erantzun zuen maiorrak—, izan behar diat arretatsuago, zorrotzago. Oraindik errespetatzen dudan proposamen horrek gauzak lautu ordez zaildu besterik ez lituzkek egingo. Hitaz ez ezik nitaz ere ari gaituk hitz egiten, eta baita destinoaz eta bi gizonen izen onaz, ohoreaz ere, zeinak orain arte tatxarik gabeak izaki, egintza harrigarri horrengatik, beste izenen bat eman nahi ez bazioagu behintzat, munduaren aurrean oso itxura bitxi batekin agertzeko arriskutan jartzen diren.
— Tatxagabeak garelako hain zuzen —ihardetsi zuen Eduardek—behingoz haserre egiteko eskubidea diagu. Bere bizitza osoan gizon fidagarri bezala portatu denak, jasangarri egiten dik beste batengan zentzu biko gertatuko litzatekeen egintza. Niri dagokidanez, neure buruari ezari dizkiodan azken frogen ondoren, inoren alde burutu ditudan egintza zail eta arriskatuen ondoren, eskubidearekin sentitzen nauk neure buruaren alde ere zerbait egiteko. Hiri eta Charlotteri dagokizuenez, utz dezagun etorkizunaren eskuetan, baina niri dagokidanez ez hik, eta ez beste inork ez zidak atzera eragingo nire asmotik. Eskua eskaintzen badidate, neu ere berriro denerako prest egongo nauk; neure baitan uzten banaute edota aurre ere egiten badidate, gauzak muturrera eraman eta behar duena gertatuko duk.
Maiorrak eginbehartzat hartu zuen Eduarden proposamenari ahal zuen neurrian kontra egitea eta maina zuhur bat erabili zuen adiskidearen aurka, amore ematearen itxura egin eta forma, banaketa hura eta elkartze haiek lortzeko jarduera praktikoa bakarrik aipatu zuen. Guzti horretan hainbeste gauza higuingarri, gogaikarri eta trakets agertu ziren, ezen Eduard aldarterik txarrenean jarri baitzen.
— Ongi zekusaat —jaregin zuen azkenean— etsaiengandik ezik adiskideengandik ere desiratzen dena indarrez hartu behar dela. Nahi dudana, ezinbesteko zaidana, neure begien aurrean zeukaat; hartu egingo diat, eta laster eta berehala. Sobera zekiat horrelako harremanak ez direla ez dira gainditzen ezta sortzen ere, zutik dagoen asko erortzeke, zurrun egoteko gogoa duen asko bigundu gabe. Gogoetarekin ez duk horrelakorik amaitzen; arrazoiaren aurrean berdinak dituk eskubide guztiak; eta gora igotzen den balantzaren platertxoan beti ezar daitekek kontrapisua. Beraz, erabaki ezak, adiskidea, heure eta nire alde jokatzea, nire eta heuregatik egoera hauek argitzea, askatzea, korapilatzea. Ezein gogoetak ez hazala atzerarazi, dagoeneko eman zioagu munduari gutaz hitz egiteko aukera, eta berriz ere hitz egingo dik gutaz, eta gero, berri izateari uzten dion guztia bezala ahaztuko gaitik eta ahal dugun bezala izaten utziko ziguk, gure artean sartu gabe.
Maiorrak ez zuen beste irtenbiderik izan eta azkenean amore eman behar izan zuen Eduardek gauza behin betirako ezagun eta aurreikusitzat tratatu eta dena xeheki nola egin behar zen azaldu zezan eta etorkizunaz erarik alaienean, eta txantxetan ere ager zedin.
Gero berriro serio eta pentsakor jarraitu zuen:
— Geure burua dena berez konponduko den, halabeharrak gidatu eta babestuko gaituen itxaropenaren, esperantzaren eskuetan utzi behar bagenu, era zigorgarrian engainatuko geniake. Horrela ezingo gintuzkek salbatu; ezingo lukek berreskuratu gure bake erabatekoa; eta nola kontsolatuko niake neure burua errugabe izanik guztiaren errua dudala ikustean? Nire hisiaz lortu nian Charlottek hi etxean hartzea, eta aldaketa horren ondorioz etorri zuan Ottilia ere gurera. Hortik gerora sortu denaren jabe ez gaituk jadanik, baina bai kaltegabe bihurtzearen zirkunstantziak geure zorionerako gidatzearen jaun. Ausartuko ote haiz hire aurrean agertzen ditudan ikuspegi eder eta atseginetatik begia kentzera, ausartuko ote haiz niri, guri arbuio triste bat ezartzen, heuk egingarri ikusten duaneraino, egingarri litzatekeeneraino?; izan ere, menturaz, lehengo egoeretara itzultzea onartzen badiagu, ez ote genitizkek gauza trakets, gogaikarri, atsekabe asko jasan beharko, hartatik ezer onik, ezer alairik sortu gabe? Aurkitzen haizen egoera zoriontsu horri pozgarri iritziko al hioke, niregana etortzea, nirekin bizitzea eragotziko baliate? Eta gertatu denaren ondotik, halere, beti gertatuko lukek mingarri. Charlotte eta biok, gure ondasun guztiak gorabehera, egoera triste batean aurkituko gintuzkek. Eta hik, beste mundu-gizon batzuek bezala, urruntasun-urteek sentipen horiek kamustu eta hain sakonki grabaturiko markak ezabatzen dituztela sinesten baduk, hain zuzen ere saminean eta gabezian ez, baizik eta poz eta ongizatean igaro nahi ditugun urte horietaz ari gaituk hitz egiten. Eta, orain, azkenean, garrantzizkoena zegok esateko: baina gu, geure kanpoko eta barneko egoeraren arabera, horri iskintxo egiteko gauza izango bagina, zer izango lukek Ottiliaz, gure etxea utzi beharko ote liake, gero gizartean gure babesaz gabeturik, bere burua ikusteko edota mundu makur eta hotz horrek tamalgarriro zapaldurik? Pintaidak egoera bat Ottilia ni gabe, gu gabe zoriontsu izango litzatekeenekoa eta orduan beste guztiak baino argudio indartsuago bat esango huke, nahiz eta nik ezingo nukeen onartu ez bere menpean jarri, halere ez nikek beste irtenbiderik izango, berriro kontutan hartu eta neure gogoetagai bihurtzea baino.
Egiteko hori ez zen hain erraza; gutxienez ez zitzaion adiskideari erantzun egokirik bururatu hari buruz, eta besterik ez zitzaion geratu behin eta berriz azpimarratzea baino zeinen garrantzizkoa, gogoetagarria eta zentzu askotan arriskugarria zen egiteko guzti hura, eta gutxienez, nola ekin behar zitzaion oso serio pentsatu behar zela. Eduardek ontzat eman zuen, baina adiskideak, harik eta arazoari buruz erabat ados jarri eta lehen urratsak eman arte, utz ez zezan baldintzapean bakarrik.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu