XI. KAPITULUA

 

        Kontatzaileak pausaldi bat egin zuen, edo agian ordurako amaitua zuen, zeren Charlotte txit hunkiturik zegoela ohartu baitzuen; hainbesteraino, ezen zutitu, eta desenkusa mutu batez alde egin zuen aretotik, izan ere istorioa ezaguna baitzuen. Gertakari hura kapitainari gertatu zitzaion auzoko neska batekin, eta ingelesak kontatzen zuen bezalaxe ez bazen ere, gutxienez zertzelada nagusietan ez zegoen itxuragabetua, baizik eta xehetasunetan landuagoa eta apainduagoa, horrelako istorioei gertatzen zaienez, aurrena herriaren ahotik eta gero adimen eta gustu onez hornituriko kontalari baten irudimenetik igarotzen direnean. Azkenean, gehienetan, hasierakotik dena eta ezer ez da geratzen.

        Ottiliak Charlotteri jarraitu zion, atzerritarren beren eskariz, eta orduan lordari suertatu zitzaion abagune hartan ere agian makurren bat egin zutela ohartzea, bertakoek ezagutzen zuten zerbait edo oso hurbilekoa kontatzean.

        — Kontuz ibili behar dugu —jarraitu zuen lordak— oraindik gaitz handiagorik egin ez dezagun. Hemen gozatzen ari garen on eta atseginaren truke, zoriontasun gutxi eskuratzen diegu etxe honetako bizilagunei, antza denez; beraz, era begiratuan alde egin behar dugu hemendik.

        Aitortu beharra daukat —ihardetsi zuen laguntzaileak— ni oraindik beste zerbaitek naukala hemen, zeina argitu eta sakonago ezagutu gabe ez baitut gogoz etxe hau utziko. Atzo zu, mylord, kamera ilun garraiagarriarekin parkean genbiltzala, ikuspegi egiazki pinturazko baten bila aski lanpeturik egon zinen, bestela ikusi ahal izango baitzenuen zeure ondoan gertatzen ari zena. Desbideratu zinen bide nagusitik lakuaren ondoan gutxi bisitaturiko leku batera, ikusmira zoragarria eskaintzen zuen batera joateko. Laguntzaile genuen Ottiliak derrigor jarraitu behar eta bertara txalupaz joateko erregutu zigun. Berarekin igo nintzen txalupara eta txalupa-zain ederraren hurbiltasunaz gozatzen ari nintzen. Ziurtatu nion, Suitzan izan nintzenetik, non neskatxarik xarmangarrienak txalupa-zain gisa ere erabiltzen dituzten, ez nintzela hain atsegin uhinetan kulunkatu; baina ezin izan nion utzi albo-bide hartatik aurrera egiteari zergatik uko egin zion galdetu gabe; zeren, bere ezezkoan, halako ezbai larri bat nabari baitzuen. Nire lepotik barre egiten ez baduzu —ihardetsi zidan adeitsu— gogoz emango dizut horri buruzko argibideren bat, nahiz eta niretzat misterio bat egon horretan. Ez dut inoiz albo-bide hori zapaldu, bertan izan ezik beste inon sentitu izan ez dudan eta neronek ere argitzen ez dakidan guztiz ikara berezi baten menpean erori gabe. Beraz nahiago dut horrelako sentipen baten menpean ez jarri, hainbat gehiago, ezen berehala sortzen baitzait beste batzuetan ere izaten dudan burukomin bat ezkerreko aldean.

        Lehorreratu ginen, ekin zion Ottiliak zurekiko hizketari eta bitartean nik, zuk urrunetik seinalaturiko lekua miatzeari ekin nion. Baina zeinen harridura handia izan nuen, harrikatz-aztarna argi bat bertan begiz jotzean, zeinak sinetsarazi zidan apur bat aitzurrean eginez gero agian sakoneran mea aberatsen bat aurkituko zela.

        Barkaidazu, mylord: irribarre egiten ikusten zaitut eta badakit zuk jakintsua eta adiskidearen begiez bakarrik begiratzen duzula batere federik ez duzuneko gauza horiekiko nire arreta grinatua, baina ezinezko zait hemendik alde egitea haur eder horri penduluaz saioren bat eragin gabe. Ezin zuen huts egin, gai horri buruz hitz egitean, lordak beste behin bere kontrako argudioak agerian jartzea, zeinak bere laguntzaileak apal eta egonarritsu jasaten zituen, baina azkenik bere iritzi eta nahiari atxikiz. Berak ere sarritan esaten zuen, nahiz eta saio horiek mundu guztiari ongi ez atera, hain zuzen ere horregatik serioago eta sakonago burutu behar zirela; izan ere oraindik harreman eta ahaidetasun asko baitzuten izaki ezorganikoek beren artean eta organikoek elkarren artean eta beraiekiko ere, egunen batean agertzekoak eta oraindik guretzat ezkutaturik zeudenak.

        Jadanik hedatua zuen aro urreztatu, markasita eta metalezko beste gai batzuez eraturiko bere aparailua, kutxatila polit batean beti aldean erabiltzen zuena, eta metalak eseki zituen bi haritatik, lurrean zeutzan beste batzuen gainean saioa egiteko.

        — Barkatzen dizut, mylord —esan zuen—, aurpegian irakurtzen dizudan alaitasun maltzurra, nigan eta niretzat ezerk ez duela zirkinik egin nahi ikustean. Baina nire eragiketa aitzakia besterik ez da. Damak itzultzean jakin-minez izango dira hemen zer mirari hasi ote dugun.

        Itzuli ziren emakumeak eta Charlottek berehala ulertu zuen zer gertatzen zen.

        — Askotan izan dut gauza hauen aditzea —esan zuen—, baina ez dut inoiz efekturik ikusi. Halere, hemen dena hain poliki prestatu duzuenez gero, utzidazu frogatzen ea ongi doakidan.

        Hartu zuen haria eskuan, eta nola gauza serioa zen berarentzat, geldi eta zirkinik gabe zeukan; zabu txikienik ere ez zen nabari. Ottiliari egokitu zitzaion txanda. Oraindik lasaiago, arduragabeago eta inkontzienteago heltzen zion penduluari azpian zeutzan metalen gainetik. Baina une batean zintzilik zegoena zurrunbilo indartsu batean hasi zen, eta aztarnategia aldatzen zen norabidean biraka ekin zion, bai alde batera, bai bestera, zirkuluak, zein elipseak eratuz, edo lerro zuzenean abiada hartuz, laguntzaile ingelesak itxaroten zuenez eta bere itxaropen guztien gainetik ere bai.

        Lorda bera txunditu samarturik agertu zen, baina bestea atseginez eta jakin-minez gainezka zegoen eta saioa errepikatzeko eta aldarazteko eskatzen zuen. Ottilia aski adeitsua izan zen bere eskariei erantzuteko, harik eta azkenean saioa utz zezala adeitsu eskatu zion arte, burukomina berriro zetorkiolako. Harriturik eta liluraturik, laguntzaile ingelesak suharki ziurtatu zion berak erabat sendatuko zuela gaitzetik, bere tratamenduaz fidatzen bazen. Une batez ezbaian egon ziren, baina Charlottek berehala igarri zion zertaz ari zen, eta baztertu egin zuen asmo onezko eskaintza hura, ez baitzegoen prest bere inguruan beti goganbehar handia sentiarazi zion hura baimentzeko.

        Atzerritarrak urrundu egin ziren, eta nahiz eta bi emakumeak era berezian hunkiturik egon, ontzat eman zuten geroago beste nonbait elkarrekin topatzea. Charlottek egun eder haiek eskualdean zehar bere bisitak amaitzeko aprobetxatu zituen, zeinei ez baitzien inoiz bukaerarik ematen, zeren inguru haietako lurjabe guztiek, benetako interesez batzuek eta ohituraren eragin hutsez besteek, beti erakutsi izan baitzizkioten adiguritasuna eta adeia. Etxean haurra ikusteak biziarazten zuen, zeren maitasun eta ardura guztiak merezi baitzituen. Denek zerbait miresgarria ikusten zuten beragan; hobeki esateko, haur miran bat, itxura guztiz atseginekoa, bere taila, bere neurri on, indarra eta osasunarengatik, eta gehien harritzen zuena egunean-egunean areagotzen ari zitzaion antzekotasun bikoitz hura zen. Aurpegieran eta bere forma osoan, haurrak gero eta kapitainaren antz handiagoa zuen, eta begiek gero eta alde txikiagoa zuten Ottiliaren begietatik.

        Ahaidetasun aparteko honek eta agian emakumeek izaten duten sentipen eder horrek gidaturik, zeina izaten baita gizon maitatuaren haurra besarkatzea, nahiz eta beste batena izan, Ottilia, haur harentzat, bere garapenean, bigarren ama izan zen edo, hobeki esateko, beste ama-mota bat. Charlottek alde egitean, Ottilia geratzen zen bakarrik haurra eta hazamarekin. Bazen denboraldi bat, Nanny, haur hartaz jeloskor, zeinari bere isuri guztia eskaintzen baitzion itxuraz, beragandik zapuzturik aldendu eta gurasoengana itzuli zela. Ottiliak haurra airepera ateratzen jarraitu zuen eta gero eta paseo luzeagoak egitera ohitu zen. Beti aldean erabiltzen zuen botilatxo esnea, haurrari, behar zuenean, janaria emateko. Nekez ahazten zen berekin libururen bat eramateaz eta haurra besoetan zuela, irakurriz eta ibiliz, Penserosa txit begiko bat zirudien.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia