X. KAPITULUA

 

        Charlotte bere aldetik alai eta ongi aurkitzen da. Mutiko azkarraz gozatzen du, zeinaren irudia promestsuak etengabe begiak eta barrena betetzen dizkio. Berak harreman berri bat ematen dio mundua eta jabegoarekiko; bizkortu egiten zaio lehengo jarduera; noranahi begiratzen duela ere, aurreko urtetik gauza asko dagoela egina ikusten du eta poza ematen dio egindakoak. Bere sentipenak biziturik, Ottilia eta haurrarekin goroldiozko txosnara igotzen da, eta honek mahaitxoan, etxe-aldare batean bezala jartzen, eta oraindik bi leku hutsik ikusten dituen bitartean, antzinako garaiak gogoratzen ditu eta itxaropen berri eta zoriontsu bat sortzen zaie berari eta Ottiliari.

        Neskatilek apal begiratzen diote mutil gazte honi edo hari, froga isilean, ea senartzat nahiko ote luketen; baina alaba edo hazume bat zaindu behar duenak, zirkulu zabalagora begiratzen du. Hala gertatzen zitzaion Charlotteri ere une hartan, zeinak ez baitzeritzon ezinezkoa kapitaina Ottiliarekin elkartzeari, behiala biak elkarren ondoan eserita ikusi zituenez. Ez zitzaion oharkabean pasatu ezkontza abantailatsuaren ikuspegi hura berriro ezabatu zela.

        Charlottek gora jarraitu zuen eta Ottiliak zeraman haurra. Hura        L gogoeta ugaritan murgildurik zegoen. Lehorrean ere izaten dira naufragioak; eder eta laudagarria da haietatik lehenbailehen irten eta suspertzea. Baina bizitza irabazi eta galeratan kalkulatzen da ordea.

        Nork ez du proiekturen bat asmatzen eta ez ditu bertan trabak aurkitzen? Zenbat bider ez dugu bide bat hartzen eta ez gara gero hartatik errebelatzen? Zenbat aldiz ez gara geure begien aurrean daukagun helburu ongi zehaztutik aldentzen, beste goragoko batera joateko? Bidaiariari hautsi izaten zaio bidean atsekabe handiz, gurpilen bat, eta gero, gertakari gogaikarri horren bitartez, bizitza osoan eragina izango duten ezaguera eta adiskide atseginak lortzera iristen da. Zorteak onartzen dizkigu gurariak, baina bere erara, gure gurariak gainditzen dituen zerbait eman ahal izateko.

        Hauekin eta antzeko beste gogoeta batzuekin iritsi zen Charlotte goian zegoen eraikinera, non erabat berretsiak aurkitu zituen. Zeren ingurumaria pentsa zitekeena baino askoz politagoa baitzen. Ziztrinkeria gogaikarri guztiak bertatik saihesturik zeuden; paisaiako ontasun guztia, Naturak eta denborak bertan ezarritakoa, argiro nabarmentzen zen eta jadanik berdetzen ari ziren hutsune batzuk betetzeko eta parte bakartuak era atseginean elkartzeko pentsatutako sailak.

        Etxea bera ia ez zen bizigarria; ikusmira, batez ere goiko geletatik, askotarikoa zen. Zenbat eta luzaroago begiratu, hainbat eta gauza eder gehiago aurkitzen zen. Zer efektu ez ote zituzten sortuko han egunaren aldi desberdinetan ilargiak eta eguzkiak! Han egotea guztiz nahigarria gertatzen zen, eta bai bizkor esnatzen zitzaiola Charlotteri eraiki eta sortzeko zaletasuna, bertako lan zakar guztia amaiturik aurkitzean. Zurgin bat, tapizlari bat, pintore bat, eredu arin eta urreztatuez baliatzen zekiena, besterik ez zen behar izan eta denbora laburrean geratu zen prest eraikina. Sotoak eta sukaldea berehala laster atondu ziren, zeren gaztelutik urrundurik egonik bertan bildu behar baitziren zeregin guztiak. Hala bizi ziren orain emakumeak haurra han goian zutela, eta bizileku hartatik, erdigune berri batetik bezala, ustekabeko paseoak irekitzen zitzaizkien. Atseginez gozatzen zuten alderdi goiago batean aire libre eta hozkirriaz eguraldirik hoberenean.

        Ottiliaren biderik gogokoena, bai bakarrik, bai haurrarekin, ezponda erosoan jaistea zen alboei jarraika, zeinak txalupetako bat loturik zegoen tokira eramaten baitzuen, bertan arraunean egiteko. Sarritan gozatzen zuen ur-txangoaz; baina haurrik gabe, zeren kezka apurren bat sortzen baitzion Charlotteri. Baina ez zuen egunik ematen lorezainari gazteluko lorategian bisita egin gabe eta haren landare kume ugari eta atseginez arduratu gabe, zeinek orain aire libreaz gozatzen baitzuten.

        Eguraldi bikain hartan Eduard bere bidaietan ezagutu zuen ingeles bat oso egoki iritsi zitzaion Charlotteri, zeinetan behin baino gehiagotan topo egin baitzuten elkarrekin eta orain ikusminez baitzegoen hainbeste goratu zizkion instalazio politak ikusteko. Kondearen gomendiozko gutun bat zekarren eta gizon isila zirudien, baina oso begikoa, bere laguntzailea bezala. Charlotte eta Ottiliarekin, eta lorezain eta ehiztariekin hizketan ari zirela, beste inorekin baino gehiago laguntzailearekin, eta sarritan bera bakarrik eskualdea korritzen zuelarik, bere oharretatik denek ikusi ahal izan zuten halako instalazioen zale eta ezagutzailea zela eta antzeko asko egindakoa ere bai. Urteetan aurreratua zen arren era alaiez esku hartzen zuen bizitzari apaintasuna eman eta zentzuz hornitzen zuen guztian.

        Bere presentzian gozatu zuten andreek, lehen aldiz, ingurumariaren edertasunez. Bere begi adituek efektu oro freskura osoz hartzen zituzten eta egindakoan hainbat gehiago gozatzen zen, ezen aurrez ez baitzuen eskualdea ezagutzen, eta doi-doi asmatzen zuen bertan egindakoa eta Naturak berez emandakoa bereizten.

        Benetan esan daiteke bere oharrei esker parkea hazi eta aberastu egin zela. Bazekien berak aurretiaz hazteko ahaleginetan zeuden sail haiek zer agintzen zuten. Ez zitzaion lekurik geratu, non oraindik edertasunen bat nabarmendu edo sartu behar zen. Hemen iturri bat seinalatzen zuen, garbitu eta gero basoaren parte oso baten apaingarri izatea agintzen zuena; han zulo bat garbitu eta zabaldu ondoren, atsedentoki nahigarria eman zezakeena, horretarako zenbait zuhaitz botatzearekin aski zelarik, bertatik harkaitz metatuzko multzo bikainak ikusteko. Bertako bizilagunei zorionak ematen zizkien, oraindik hainbeste egiteko geratzen zitzaielako, eta presaka ez ibiltzeko gomendioa egiten zien, baizik eta sortu eta eraikitzearen hurrengo urterako gordetzeko.

        Gainerakoan, lagunarteko orduez kanpo, ez zein inoiz gogaikarri gertatzen, zeren eguneko denborarik gehiena parkearen ikusmira pinturazkoak hartzen ematen baitzuen kamera ilun garraiagarri batean eta marrazten, horrela beretzat eta besteentzat bere bidaien fruitu eder bat lortzeko. Baziren zenbait urte eskualde garrantzizko guztietan hori egiten ari zela eta bildumarik atseginen eta interesgarriena zeukan egina. Aldean zerabilen kartera handi bat erakutsi zien emakumeei, aldez irudiarekin, aldez azalpenarekin entretenituz. Emakumeak oso poztu ziren beren bakardadean mundua erosotasunez korritu zezaketela ikustean eta beren begien aurrean itsas begiak eta portuak, mendiak, itsasoak eta ibaiak, gazteluak eta beste leku asko, historian izena dutenak, igarotzen ikustean.

        Emakume bakoitzak interes berezi bana zuen; Charlotte orokorragoaz interesatzen zen, hain zuzen ere ikuspegi historikoaren aldetik aurkitzen zen zerbait nabarmengarriaz; aldiz, Ottilia Eduardek sarri aipaturiko herrialdeetan geratzen zen bereziki, bertan egoten zen gogatzen eta bertara itzultzen zen sarrien; zeren bakoitzak aurkitzen baititu hurbilean edo urrunean erakartzen duten tokiko xehetasun batzuk, beren izaerarengatik edota lehen efektuaren arrazoiz eta zirkunstantzia jakin batzuengatik, edo ohiturarengatik bereziki maitagarri eta eragingarri gertatzen zaizkionak.

        Horregatik galdetu zion lordari zer zuen atseginen eta non kokatuko zukeen bere egoitza hautatzen utziz gero. Hori zela eta, herrialde eder bat baino gehiago adierazten jakin zuen, eta bertan zer gertatu zitzaion, dena maitagarri eta baliotsu bihurtzeko, dena nahikoa ongi azalduz, bere gisara, azentudun frantsesez.

        Orain non egoten zen, atseginen nora itzultzen zen galderari erantzunez, askatasun osoz eta emakumeek espero ez zuten era batean esan zuen:

        — Orain ohiturik nago edonon etxean bezala sentitzera eta azkenean ez dut aurkitzen ezer erosoagorik besteek nire ordez eraiki, landatu eta etxeko lanak egiten dituzten tokia baino. Neure jabegoetara itzultzeko ez dut gogo arrastorik sentitzen, aldez arrazoi politikoengatik, baina batez ere neure semearengatik, zeinarengan pentsatuz benetan dena egin eta ezarri baitut, zeinari dena eskualdatzeko asmoa dudan, eta zeinarekin oraindik gozatzea espero dudan; ez du ezertan esku hartzen, baizik eta Indiara joan da beste askok bezala bertan bizitza hobeto aprobetxatzeko edo alferrik galtzeko ere bai.

        Noski, aurretiazko gastu gehiegi egiten dugu bizitzan. Egoera apal batean atseginez sentitzeko ahaleginak egiten hasi ordez, gero eta gehiago zabaltzen gara gero eta deserosoago sentitzeko. Nor ote dago orain nire etxeez, nire parkeaz eta nire lorategiez gozatzen? Ni ez, ezta niretarrak ere, ostalari arrotzak, jakin-minak, bidaiari kezkatiak. Baliabide ugari daukagunean ere, erdizka bakarrik egoten gara geure etxean, landan batez ere, non hirian ohituratzat hartutako askoren falta sentitzen dugun. Bizikien irrikatzen genuen liburua ez daukagu eskura eta hain zuzen ere gehien behar genuen huraxe ahazten zaigu. Beti etxea hartzen gara eta berriro aldatzen ibiltzen gara, eta gogoz eta askatasunez egiten ez badugu, gizarte-harremanek, halabeharrak, premiak eta beste edozerk horretaratzen gaituzte.

        Lordak ez zuen susmatzen zeinen gogoeta sakona eragin zien bi emakume adiskideei. Eta zeinen sarritan ez ote dugu izaten arrisku hau gogoeta orokorren bat egitean, gainerakoan ezaguna zaigun lagunarte batean bada ere. Charlotterentzat ez zuten ezer berririk halabeharrezko zauri haiek, hitz onen eta asmo honen bitartez izanik ere; eta horren beharrik gabe, mundua hain garden ageri zitzaion begien aurrean, ezen ez baitzuen inolako minik sentitzen norbaitek aurre-gogoetarik eta begiramendurik gabe bista hemen edo han pausatzera behartzen zuenean leku higuingarriren batean. Aitzitik, Ottiliak, bere gaztetasun erdi kontzientean ikusi baino aztiatu areago egiten zuenak nahi ez zuen eta behar ez zuenetik bista saihestu ahal zuen eta behar ere behar zuen; Ottilia hitz fidakor haien eraginez egoerarik lazgarrienean jarri zen; zeren zakarki urratzen baitzioten belo polita eta bazeritzon neskatilak ordura arte etxea eta patioaren alde, lorategien eta parkearen alde egindako guztia, egiazki alfer lana izan zela, zeren guzti haren jabe zenak ez baitzuen hartaz ezer gozatzen eta, oraingo ostalariaren modura, munduan alde batetik bestera biraka ibili beharrean aurkitzen zen, maiteenek eta hurbilekoenek bultzaturik alderrai bizitza arriskutsura egiazki emana. Neskatila ohitua zegoen entzun eta isilik egotera, baina oraingoan egoerarik atsekabeenean aurkitzen zen bere eserlekuan, zeina atzerritarraren hitzek areagotu egin zuen gutxitu beharrean, berezitasun alai eta arretarekin jarraitu zuenean:

        — Orain uste dut —esan zuen— bide zuzenean nagoela, zeren hemendik aurrera, asko gozatzeko askori uko egiten dion bidaiaritzat hartzen baitut neure burua. Aldaketara ohitu egin naiz, areago, beharrizan bihurtu zait, Operan beti dekorazio berri baten zain gaudenean bezala, hain zuzen ere jadanik hainbeste ikusi ditugulako. Ostatu hoberenek eta txarrenek eskain diezadaketenaren berri badakit; nahi beste ona zein txarra delarik ere, ez dut inon ohikoa aurkitzen, eta azkenean berdin zaigu beharrezko premia baten edota halabehar hautazkoenaren menpean egotea. Orain ez daukat behintzat zerbait gaizki jarria egongo edo galduko denaren nahigaberik, eguneroko gela bat bizigaitz bihurtuko zaidanarenik errestauratzeko agindua eman behar dudalako; neure katilu gogokoena hautsiko zaidanarenik, eta denboraldi batean beste ezeini gustua hartuko ez diodanarenik. Guzti hau jadanik gaindituan daukat, eta etxea sutan jarriko balitz nire buruaren gainetik, berehalaxe nire zerbitzariek patxada osoan gauzak paketatzeari ekin eta patiora eta hirira irtengo ginateke. Eta abantaila guzti hauekin, kontuak ongi aterata, urte guztian ez dut etxean gastatu beharko nukeena baino gehiago gastatzen.

        Deskribapen hartan zehar Ottiliak Eduard bere aurrean bakarrik ikusten zuen, zeina orain gabezia eta eragozpenekin bide malkarretan barrena zebilen, arrisku eta premiarekin izarpean lo eginez, eta hainbeste deserosotasun eta balentriaren artean aberririk eta adiskiderik gabe bizitzera ohitzen ari zen, guztiaz gabetzera, dena galdu ezin zuelako. Zorionez, solaskideak banandu egin ziren une batez. Ottiliak bakardadean negar eginez asaskatzeko aukera izan zuen, ezein samin sorrek ez zuen menperatu hain zakarki, non oraindik argiagotzen ari zen argitasun hark baino, ezen sarritan gertatzen baita nork bere burua tormentatzea, inork tormentatzearen bidean gaudela.

        Eduarden egoera hain tamalgarria, hain deitoragarria ageri zen, non kosta ahala kosta Charlotterekin berriro elkartu, bere samina eta maitasuna leku baketsuren batean ezkutatu eta jarduera-motaren batekin engainatzeko erabakia hartu zuen.

        Bitartean, lordaren laguntzaileak, gizon zuhur eta patxadatsu eta behatzaile onak, ohartua zeukan hizketaldiko makurra eta egoeren antzekotasuna adierazi zion adiskideari. Honek ez zekien ezer familia hartako gorabeherez; baina bestea, zeinari bidaietan ez baitzitzaion ezer axola gertakari apartekoak, harreman natural edo artifizialek eraginak legezkoaren eta adimena eta arrazoia, grina eta aurreiritziaren arteko gatazkak sortuak izan ezik, hura jakinaren gainean zegoen, eta areago orain, etxean bertan gertatu zen eta gertatzen ari zen guztiaz.

        Sentitu zuen lordak, hargatik asaldatu gabe. Lagunartean isildu egin beharko genuke, noizbait kasu honetara ez iristeko, zeren ohar garrantzizkoak ez ezik adierazpen hutsalenak ere modurik desadostuenean topo egin baitezakete bertan daudenen interesekin.

        — Gaur arratsean zuzenduko dugu makurra —esan zuen lordak—, eta hizketa orokorrean jardungo dugu. Gure bidaietan zehar, zeure ohar-koadernotxoa eta oroimena aberastu dituzuneko gertakari ugari eta istorio atsegin eta mamitsuetako batzuk esazkiozu lagunarteari.

        Bakarrik, bere asmo on guztiarekin, atzerritarrak ez zuen lortu berriketa errugabearekin bere adiskideak alaitzerik. Zeren bere laguntzaileak istorio bitxi, esanguratsu, alai, hunkigarri eta beldurgarri askorekin bere entzuleriaren arreta ernarazi eta haren interesa gorena jotzeraino eraman zuelarik, gertakari aparteko baina samur batez amaiera ematea erabaki zuen, kontakizun hura entzuleengandik zeinen hurbil zegoen susmatu ere egin gabe.

 

 

Haur auzo bitxien ipuina

 

        Bi etxe printzipaletako haur auzoak, neska eta mutila, senar-emazteak izateko moduko adin-kidetasunekoak, batera hazi ziren ikuspegi atsegin horrekin eta bien gurasoak pozik zeuden etorkizunean elkartuko zirelako. Laster ohartu ziren, ordea, asmoak hondatzeko itxura zeukala, zeren bi natura bikain haien artean kontrakar estrainio bat sortu baitzen. Agian elkarren antz handiegia zuten. Biak, beren baitan sartuak, benetakoak beren nahian, irmoak beren asmoetan; biak, zein bere aldetik, jolaskideek maitatuak eta estimatuak; beti elkarrekin lehian zeudenean, beti berentzat bakarrik gauzak egiten, beti elkarri traba egiten topo egiten zutenean, ezein helbururen atzetik lehiatu gabe, baina xederen batengatik borrokan beti; on eta maitagarriak erabat, eta herrakor eta makurrak ere bai elkarrekin zerikusia zutenean.

        Harreman bitxi hura haurtzaroko jolasetan beraietan nabarmendu zen, eta geroko urteetan ere bai. Eta nola mutikoak gerrara jolas egiteko taldetan banatzen eta elkarren artean borrokatzen diren, hala neska arranditsu eta kementsua ere armada baten buru jarri eta halako indar eta garraztasunez borrokatu zen bestearen aurka, ezen berau lotsagarriro ihesari eman beharrean aurkituko baitzatekeen, bere arerio bakarra aski adoretsu portatu izan ez balitz eta azkenean bere neska adiskidea desarmatu eta harrapatu izan ez balu. Baina orduan ere neskak hain gogorki babestu zuen bere burua, non bere begiak salbatu eta bere etsaiari min handirik ez emateko, bere zetazko gorbata urratu eta hartaz lotu behar izan zizkion eskuak bizkarrean.

        Neskak ez zion inoiz barkatu hori eta gainera hainbeste kudeaketa eta saio ezkutuko egin zituen kalte egiteko, ezen grina bakan haietaz oharturik zeuden gurasoak, elkar hartu eta bi izaki etsaikor haiek banatzea eta itxaropen maitekor guztiei uko egitea erabaki zuten.

        Laster nabarmendu zen mutikoa bere zirkunstantzia berrietan. Edozein eratako irakatsiak itsasten ziren berarengan. Babesleek, baita bere isuriak ere, soldadutzara zuzendu zuten. Nonahi zegoela ere, maitatu eta ohoratu egiten zuten. Bere natura bertutetsuak bazirudien besteen ongizaterako, atseginerako bakarrik jokatzen zuela, eta argiro hartaz konturatu gabe, bere arimaren barrenean oso zoriontsu sentitzen zen Naturak izendaturiko kontrario bakarra galdu izanagatik.

        Neskatila, aldiz, zeharo bestelako egoera batean aurkitu zen. Urteek, gero eta kultura handiagoak eta, areago oraindik, halako barne-sentipen batek lehen mutikoekin batera egiten zituen jolas zakarretatik aldendu zuten. Oro har, bazirudien zerbaiten falta zuela; ez zeukan ezer bere inguruan bihotza taupadaka jarriko zionik. Ez zuen maitatzeko modukorik inor aurkitu.

        Mutil gazte batek, lehengo kontrario auzoa baino zerbait zaharragoak, posizioa, modua eta garrantzia zituenak, gizartean maitatua eta emakumeek bilatua zen batek zuzendu zion bere isuri guztia. Lehen aldia zen adiskide bat, maitale bat, zerbitzari bat berataz arduratzen zena. Beste andereño adinekoago, kultuago, distiratsuago eta bera baino goranahiago batzuen gainetik ematen zion lehentasuna asko lausengatu zuen. Bere arreta jarraitua, gogaikarri izan gabe; zenbait kinka higuingarritan eskaini zion laguntza leiala, gurasoei egin zien eskaria, agerikoa, bai, baina lasai eta esperantzaduna besterik ez zena, oraindik berak oso gazte baitzirudien, guzti horrek mutilarengana makurrarazten zuen, eta horretara munduak bere aldetik gauza jakintzat hartzen zituen ohiturak eta kanpo-harremanek ere lagundu zuten. Hainbeste aldiz entzun zuen emaztegai deitzen ziotela, ezen azkenean bere burua halakotzat hartu baitzuen, eta ez berak eta ez beste inork ez zuen sinesten artean beste frogarik behar zenik, hainbeste denboraz bere senargaitzakoa izan zen harekin eraztunak trukatzeko.

        Arazo guzti hark hartuta zeukan joaira lasaia ez zen ezkon hitza ematearekin bizkorragotu. Bi alderdietatik gauzei ordura arte bezala aurrera joaten utzi zitzaien; elkarbizitzaz poza izan zuten eta urte-giro onaz era berean gozatu nahi izan zuten etortzekoa zen bizitzaren udaberriaz bezala.

        Bitartean urrunduak, kultura bikainaz jabeturik, bere bizitzako destinoan maila merezi eta garrantzizko bat igo zuen, eta baimenaz itzuli zen bere senideekin egun batzuk ematera. Era guztiz naturalean eta, halere, bitxian, berriz ere bere auzo politaren aurrean aurkitu zen. Honek, azken aldietan, famili sentipen adiskidekor eta emaztegaizkoz bakarrik elikatu zuen bere arima; inguruko guztiarekin adostasunean zegoen; zoriontsu zelakoan zegoen, eta neurri batean izan ere halaxe zen. Baina orain, lehen aldiz aspaldiko partez, zerbait kontrajartzen zitzaion berriro; ez zen hura gorrotagarri eta gorrotoa sentitzeko gauzeztandurik zegoen; garai bateko haur-gorroto hura, barne-balioaren aitorpen ilun bat besterik ez zen hura orain harridura alaitan, gogoeta atseginetan, aitorpen gozatsutan, erdi nahian eta erdi ez nahian eta halere beharrezko hurbiltzean, dena elkarrekiko izaki, agertzen zen orain. Urrunaldi luze batek hizketaldi luzeagoetarako aukera eman zuen. Haurtzaroko desakordio hark berak eman zien solaskide argituagoei txantxetako oroitzapenak iradokitzeko eta bazirudien gaitzerizko setati hura aldendu egin behar zutela gutxienez tratu adiskidekor eta adeitsu batez, elkar ez onartze gogor hark jadanik elkar ageriki aitortzearen ordainik gabe geratu behar ez balu bezala.

        Mutil gaztearen aldetik guzti hura neurri eratsu eta nahigarri baten barruan geratu zen. Bere posizioak, bere gaitasunek, bere ardurak eta goranahiak hainbeste arazotzen zuten, ezen emaztegai politaren adiskidetasuna emari eskergarritzat atseginez hartu behar izan zuen, halere bere buruarekin inolako zerikusirik gabe, edo bere senargaiarekin bihurritzeko asmorik gabe, zeinarekin, bestalde, harremanik hoberenetan baitzegoen.

        Neskak, ordea, bazirudien zeharo bestetara hartzen zuela gauza. Amets batetik esnatu berria zirudien. Auzotxoarekiko lehia hura bere lehen grina izan zuen, eta borroka bizi hura, etsaikortasun gisapean, isuri bizi ia jaiotzatikoa baizik ez zen. Eta oroitzapenean ere ez zitzaion besterik agertzen, beti maite izan zuelako baizik. Armak eskuetan zituela egindako bilaketa etsaikor hartaz barre egiten zuen; gogoan zuen mutilak desarmatu zuenean izandako sentipen gutiz atsegin hura: uste zuen dohatsutasun handiena gozatu zuela berak eskuak lotu zizkionean; eta behiala berari kalte eta atsekabea sortzeko asmaturiko guztiari arreta erakarri eta bera begiz jo zezan bitarteko errugabe besterik ez zeritzon orain. Madarikatzen zuen banaketa hura, deitoratzen zuen murgildurik egon zeneko loa, arbuiatzen zuen ohitura narrastari ameslari hura, zeinaren erruz onartu baitzuen hain senargai ziztrina; hitz batean, aldaturik zegoen, bi bider aldatua, aurrerantz eta atzerantz, nondik hartzen den kontua.

        Norbaitek ezkutuan zeuzkan sentimenduak argitu ahal izan balizkio eta berarekin partekatu izan balitu, ez ziokeen haserrerik egingo; bada, egia esan, ez baitzuen senargaia auzoaren parean jartzekoa, biak batera agertzen zirenean. Batari halako fidantzia apur bat ukatzen bazitzaion, besteak konfiantza osora eragiten zuen; bata gogara onartzen bazen adiskidetasunera, bestea laguntzat zen nahigarri; eta interes handiagoko gauzetan pentsatuz gero, kasu apartekoetan, bataz zalantzarik izan zitekeen, baina besteak ziurtasun osoa ematen zuen. Horrelako gauzetarako emakumeek berezko sen berezia izaten dute eta areagotuz joan dakion arrazoiak eta aukerak ere izaten dituzte.

        Emaztegai ederrak ezkutuan bere irudimenean hausnarketa hauek zenbat eta gehiago erabili, hainbat eta gutxiago zegoen inori azaltzeko moduan senargaiaren alde esateko zeukana, zirkunstantziek eta betebeharrak berak kontseilatzen eta agintzen zutena eta derrigorrezko premia batek ezinbestean eskatzen zuela zirudiena bera; eta alde batetik munduak eta familiak, senargaiak eta bere hitzak era ezin banatuzkoan loturik zeukala, bestetik, mutil goranahiak ez zion neskari inolako sekreturik gordetzen bere ideia, plan eta asmoei buruz, berarekiko leial bat bezala bakarrik agertzen zen, ezta neba samur gisa ere, eta berehala abiatu behar zuelakoaz ere hitz egiten zuen, bere haur-izpiritua berriro iratzarriko balitz bezala bere oldar eta suhar guztiekin, eta orain bizitzako maila gorago batean era garrantzizkoago eta kaltegarriago batez jokatzeko prestatuko balitz bezala. Neskak bere bizia amaitzea erabaki zuen eta horrela atzo erdeinatzen eta gaur adoratzen zuen auzotxoa zigortu nahi zuen bere axolagabekeriarengatik; eta berea izango ez zuenez gero, gutxienez bere irudimenaz eta betiereko damuz ezkontzea erabaki zuen. Ez zuen libre ikusiko bere burua neskaren gorpuaren iruditik, ez zion utziko bizitza osoan zehar bere buruari haserre egiteari, haren sentimenduak ulertzen, ez ikertzen, ez estimatzen jakin ez zuelako.

        Eromen bakan honek nonahi laguntzen zuen. Era askotarikoz estaltzen zuen, eta giza begietarako estrainioa bazen ere, inor ez zen aski arduratsu eta zuhurra barne-arrazoi egiazkoak azaleratzeko.

        Bitartean, adiskideak, ahaideak eta ezagunak agortuak zeuden, era guztietako jaiak atontzen. Ozta-ozta igarotzen zen egun bat zerbait berria eta ezustekoa antolatu gabe. Ozta-ozta zegoen leku politik paisaian ostalari alai asko hartzeko apaindu eta atondu ez zenik. Gure auzo gazteak, alde egin aurretik, bere nahia egin nahi zuen eta horretarako senar-emaztegaiak eta familiartekoen talde txiki bat gonbidatu zuen ibaian zehar txango bat egitera. Ontzi handi, eder eta ongi apaindu batera igo ziren; aretotxo bat eta ganbarote batzuk dituzten eta lehorreko erosotasuna uretara lekualdatzen saiatzen diren yate horietako batera.

        Musikarekin lerratu ziren ibaia handian zehar; taldekoak egunaren ordurik beroenetan beheko geletan bildu ziren asmamen eta zorizko jokoetan aritzeko. Gonbidatzaileak, inoiz geldi egon ezin zenak, lemari heldu zion alboan loak hartu zuen kontramaisu zaharraren ordez; eta erne zegoenak hain zuzen ere oraintxe behar zuen bere zuhurtzia guztia, zeren bi irlatxok, errekarrizko begi lauak luzatuz, alde batean, zein bestean ibaiaren ohatzea mehartzen zuten eta pasagune arriskutsua eratzen zuten gunera iristen ari baitzen. Lemazain arretatsu eta zuhurra kontramaisua iratzartzeko zorian egon zen, baina bere buruaz fidatu eta aurrera egin zuen, aipaturiko mehargunerantz. Une hartan bere etsai polita agertu zitzaion ontzi gainean lorezko koroa bat ilean zuela. Erantzi eta lemazainari bota zion: «Har ezazu oroigarritzat!», oihu egin zion. «Ez iezadazu trabarik egin —erantzun zion mutilak, koroa hartuz— neure indar guztiak eta arreta guztia behar baititut!» «Ez dizut trabarik egingo gehiago —jaregin zion neskak—. Ez nauzu gehiago ikusiko», esan zuen, eta ontziaren brankarantz joan zen lasterka, nondik uretara salto egin zuen. Ahots batzuek oihu egin zuten: «Salbatu! Salbatu! Itotzen ari da!» Mutila ezbairik handienean zegoen. Iskanbilarekin kontramaisu zaharra esnatu zen. Lema hartu nahi du, mutil gazteak laga egin nahi dio; baina beranduegi da noranzkoa aldatzeko, ontziak hondoa jotzen du, eta une hartan bertan, mutilak bere arroparik astunenak erantzi, uretara oldartu eta igerian ekiten dio bere etsai politaren atzetik.

        Ura elementu adiskidekorra da ezagutzen eta tratatzen dakienarentzat. Hark eutsi egin zion eta igerilari trebeak menperatu egiten zuen. Laster iritsi zen bera baino lehen uretara amildu zen ederrarenganaino; heldu, lortu jasotzea eta eraman egin zuen; biak eraman zituen herrestan ibaiak harik eta oso atzean irlak utzi eta berriro, zabal eta eroso, bere bideari lotu zitzaion arte. Orduan konturatu zen, orduan irten zen lehen aldiz bere beharrizan premiatsutik, zeinaren eraginpean mekanikoki portatu zen, pentsatu ere gabe; orain burua tentetuz begiratzen zuen ingurura eta bere indar guztiaz egiten zuen igerian leku lau eta zuhaiztsu batera, zeina atsegin eta xarmangarri ibaian galtzen zen. Hara eraman zuen mutilak bere harrapakin polita lehorrean uzteko; baina ez zitzaion bizi-hatsik nabari. Etsita zegoen mutila, sastraka artean zehar-meharka zihoan zidor zapaldu bat begietaratu zitzaionean. Hartu zama preziatua lepoan berriro, eta laster aurkitu zuen etxebizitza bakarti bat; bertara jo zuen. Jende ona aurkitu zuen bertan, senar-emazte gazteak. Aurki adierazi zitzaien ezbeharra, premia. Hausnarketa apur baten ondoren eman zioten eskatutakoa. Su arin bat irazeki zuten; artilezko burusiak hedatu zituzten ohe baten gainean; berehala prestatu zituzten larruak, azal eta bertan gordeta zeuden berogarri guztiak. Kide bat salbatzearen irrikak gainditzen zituen beste gogoeta guztiak. Ez zen ezer egin gabe utzi gorputz biluzi eder, erdi zurrun hura berriro bizira ekartzeko. Lortu egin zen. Ireki zituen neskak begiak, begiratu zion adiskideari eta heldu zion lepotik bere beso zerutarrez. Luzaroan iraun zuen hala; malko-erreka bat amildu zitzaion begietatik eta sendatu zen azkenean. «Eta bertan behera utziko al nauzu —jaregin zuen— honela berriz aurkitu zaitudalarik?» «Inoiz ez! Inoiz ez! —jaregin zuen berak, eta ez zekien zer zioen eta zertan ari zen ere—. Zaindu zeure burua! —jarraitu zuen—. Zeure burua zaintzeko bakarrik eskatzen dizut. Pentsa ezazu zeugan, zeugatik eta neugatik!»

        Pentsatu zuen neskak bere buruan eta lehen aldiz konturatu zen zer egoeratan aurkitzen zen. Ezin zen bere maitalearen, bere salbatzailearen aurrean lotsatu; baina gogara utzi zion alde egiten bere buruaz ardura zedin; zeren oraindik busti eta zeriola baitzeukan soinean zerabilena.

        Ezkontide gazteek hitza eman zioten elkarri; gizonak mutilari eta emakumeak neskari zeini bere ezkon jantzia eman zioten, oraindik han esekita baitzeuden, osagai bakar bat ere falta gabe, bikotetxo bat burutik oinetaraino estaltzeko, barrutik eta kanpotik. Denbora laburrean geratu ziren bi abenturazaleak jantziak ez ezik baita apainduak ere. Itxura bikaina zuten; harriduraz begiratu zioten elkarri bateratzean, eta elkarren besoetan amildu ziren grina neurrigabez, eta aldi berean disfraz hartaz erdi barrezka. Gaztetasunaren indarra eta maitasunaren eragimena une gutxitan suspertu ziren atzera, eta musika bakarrik falta zuten dantzari ekiteko.

        Uretatik lehorrera, heriotik bizira, familiartetik oihanera, etsipenetik liluramendura, axolagabetasunetik amodiora, grinara, eta dena istant batean... burua ez da aski hainbeste hartzeko; lehertu edo zoratu egingo litzateke. Honelakoetan bihotzak egin behar du gehiena, hainbesteko asaldura jasan nahi bada behintzat.

        Bata bestearengan erabat galdurik, denboraldi bat igaro ondoren bakarrik pentsatu ahal izan zuten, bertan behera utzitakoen estutasunean, eta berek ere ezin izan zuten pentsatu estutasunik gabe nola topo egingo zuten berriro. «Ihes egingo al dugu? Ezkutatu egingo al gara?», esan zuen mutilak. «Elkarrekin geratuko gara», esan zuen neskak lepotik esekitzen zitzaion bitartean.

        Baserritarra, hondoa jotako ontziaren istorio hura entzun ziena, besterik galdetu gabe lasterka joan zen begira. Txangozaleak zorionean iritsiak ziren igeri eginez; ahalegin gogorrak egin behar izan zituzten ihes egiteko. Ezbaian jarraitzen zuten, baina galduak berriz aurkitzeko itxaropenarekin. Horregatik baserritarrak oihuka eta keinuka arreta erakartzean, ontzirategi abantailatsu bat zegoen tokira jo zuen lasterka eta hura ikuskizuna agertu zitzaiona han lehorreratzean! Hegira bi maiteminduen gurasoak oldartu ziren lehenik. Senargaia ia senetik irtenda zegoen. Mutil maiteak salburik zeudela entzun bezain laster, hauek irten egin ziren sasi artetik beren disfraz bitxiarekin. Ez zituzten ezagutu harik eta oso hurbilera etorri ziren arte. «Nor da hori?», jaregin zuten amek. «Nor da hori?», jaregin zuten aitek. Salbatuak ahuspez jarri zitzaizkien. «Zuen seme-alabak!» —jaregin zuten—. «Senar-emaztegai bikote bat!» «Barkatu!», jaregin zuen neskatilak. «Emaguzue zeuen onespena!», jaregin zuten biek batera, denak, txunditurik, mutu zeudela ikustean. «Zeuen onespena!», entzun zen hirugarren aldiz, eta nork ukatu ahal izango ziekeen?

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia