IX. KAPITULUA
Heldu zen udaberria, atzeratuago, baina ohi baino bizkorrago eta alaiago. Ottiliak orain lorategian aurkitzen zuen bere aurreikuspenaren fruitua: dena bere garaian ernamuintzen, berdetzen eta hazten ari zen; ongi antolatutako beirapeetan eta sailetan aurrez prestatutakoa, azkenean kanpotik ziharduen naturaren bila irteten ari zen orain eta egin eta zaindu behar zen hura, ez zen geratzen, ordura arte bezala, ahalegin itxaropentsu soilean, baizik eta gozamen alai bihurtzen zen.
Baina lorezaina kontsolatu beharra zeukan lorontzietako landareen artean Lucianeren basakeriaz sortutako soilguneengatik eta zuhaitz-sailen batean baino gehiagotan hondaturiko simetriarengatik. Adorea ematen zion, epe laburrean hura lehen bezala geratuko zela esanez; baina berak zentzu aski sakona, bere lanbidearen kontzeptu garbiegia zuen, kontsolamenduzko arrazoiketa horiek fruitu handirik beragan eman zezaten. Beste zaletasun eta isuriekin lorezaina olgarazterik ez zegoen bezalaxe, landareak bere gara-betetasun betiereko edo iragankorrera daraman joaira baketsua ere ezin zen eten. Landareak bazuen gizon norberekoiaren antza, zeinarengandik dena atera daitekeen, bere erara tratatuz gero. Begirada baketsu bat, urte-giro bakoitzean isileko jarraipena, dagokiona egitea, agian ez zaizkio inori lorezain bati adina eskatzen.
Gaitasun hauek maila garaian zituen gizon zintzo hark, eta horregatik, Ottiliak ere gogoz lan egiten zuen berarekin batera; baina bazen denbora apur bat bere talentua atseginez landu ezin zuela. Zeren basozaintza eta baratzezaintzari eta olgeta-lorategiei zegokionean zer egin behar zen ezin hobeki bazekien ere —zeren, oro har, batari besteari baino hobeki, hau edo bestea egoki izaten baita—, nahiz eta laranjak, lore-erraboilak, krabelin eta Judasen belarriak zaintzen Natura berari erronka egingo ziokeen; halere, apainketa-zuhaitz berrien eta modako loreen aurrean arrotz sentitzen zen neurri batean, eta denboraren arabera aurrez aurre zabaltzen zitzaion Botanikaren eremu amaigabearen eta bertan idatziriko izen estrainioen aurrean, atsekabetzen zuen izutasun moduko bat sentitzen zuen. Jaunek aurreko urtean erabakitzen hasia zutena, alferrikako gastu eta zarrastelkeriatzat zeukan lorezainak, landare garesti asko ez zirela itsasten ikustean eta landare-merkatariekin harreman oso onak ez zituelako ere bai, aski leialki zerbitzatzen ez ziotenez gero.
Zenbait saioren ondoren, plan berezi bat asmatu zuen, zeinean Ottiliak lagundu behar izan zion, hainbat indar handiagoz, ezen benetan Eduarden itzuleran oinarritua baitzegoen, zeinaren absentzia horretan eta beste gauza askotan egunean-egunean kaltegarriago sentitzen baitzen.
Landareek sustrai gehiago sortzen eta adar gehiago ateratzen zuten bitartean, Ottilia ere gero eta kateatuagoa sentitzen zen toki hari. Hain zuzen ere urte bete zen hara arrotz bat bezala, izaki deusez bat bezala iritsi zela! Hamaika gauza lortuak zituen denbora horretan! Baina tamalez beste hamaika ere galdu zituen garai hartatik! Ez zen inoiz hain aberatsa eta hain behartsua izan. Bi sentipenak txandaka une batean aldatzen zitzaizkion, erarik minenean bata bestearekin gurutzatuz, halako moldez, ezen ez baitzekien berak nola baliatu, hurbilenari beti helduz, begikotasunez eta baita grinaz ere.
Eduardi bereziki maitagarri zitzaion guztiak, Ottiliaren arreta ere indarrez erakartzen zuela, berez ulertzen da; areago zergatik ez zuen itxaron behar Eduard laster itzultzea eta esker onez bere begiez ikustea absenteari egin zion zerbitzu arretatsua? Baina beste era askotara ere aurkitzen zuen berarengatik aritzeko modurik. Batez ere haurraren ardura hartu zuen bere gain, zeinaren berehalako zaintzaile izan zitekeen, hainbat gehiago, ezen ezein hazamaren eskutan ez uztea erabaki baitzuen, baizik eta esnez eta urez berak haztea. Denbora eder hartan aire libreaz gozatu behar zuen eta hala ateratzen zuen oso harro, eta bere besoetan erabiltzen zuen lotan, kontzientzi gabe, egunen batean bere haurtzaroari irribarre maitekorrez abegia egingo zioten zuhaitz eta lore artean, sastraka eta landare gazte artean, zeinak baitziruditen berarekin batera gora haztera behartuak zeudela gaztaroan zehar. Ingurura begiratzean, ez zitzaion ezkutatzen zeinen posizio handi eta aberatserako etorri zen haurra mundura; zeren begiak hartzen zuen ia guztia bere izango baitzuen. Bai nahigarria zela, guzti honengatik, aitaren eta amaren begien aurrean haz zedin eta batasun berri eta alai bat berrets zezan!
Ottiliak hain garbiki sentitzen zuen guzti hau, ezen gauza erabakitzat jotzen zuen eta horretan ez zuen bere bururik sentitzen. Zeru oskarbi haren pean, eguzki argi haren azpian, bat-batean garbi agertu zitzaion bere maitasunari gara betera iristeko erabat interes gabea izatea falta zitzaiola; eta behin baino gehiagotan uste izan zuen gaindegi horietara iritsia zela. Bere adiskidearen ongia besterik ez zuen nahi, berari uko egiteko gai sentitzen zen, baita inoiz gehiago ez ikusteko ere, zoriontsu zegoela jakinez gero. Baina erabat deliberaturik zegoen beste inorena ez izatera.
Udazkena udaberria bezain ederra izan zedin ardurak hartu zituzten. Uda-landare deitu guztiak, udazkenean lorea ematea amaitu ezin duen guztia eta hotzarengatik ere gogor garatzen dena, izar-belarrak batik bat, aniztasun handienean ereinak zeuzkan eta nonahi landaturik orain zeru izarratua eratu behar zuten lurrean.
Ottiliaren Egunkaritik
Dakargun geure Egunkarira irakurri dugun pentsamenduren bat, entzun dugun zerbait bitxia. Ahaleginduko bagina geure adiskideen gutunetatik ohar bereizgarriak, ikuspuntu orijinalak, bidenabar esandako hitz zorrotzak ateratzen, oso aberastuko ginateke. Gutunei bazterrera eragiten diegu, inoiz gehiago ez irakurtzeko; azkenean diskrezioz suntsitzen ditugu eta horrenbestez ezabatzen da era berreskuraezinean bizi-hats ederren eta berehalakoena, guretzat eta besteentzat. Zabarkeria hori konpontzeko erabakia hartzen dut.
Horrela errepikatzen da beste behin, hasieratik, urtearen ipuina. Orain berriro, jainkoari eskerrak! bere kapitulurik politenean gaude.
Bioletak eta maiatz-loreak idazpuru edo bineta modura ditu. Beti inpresio atsegina egiten digu berriro bizitza-liburuan irakurtzeak.
Haserre egiten diegu behartsuei, batez ere adin txikikoei, kaleetan zehar alderrai eta eskean badabiltza. Baina konturatzen al gara, egitekoren bat dagoenean berehala bihurtzen direla jardukor? Naturak bere altxor adiskidekorrak erakusten dituen orduko, hor daude mutikoak negozio bat irekitzeko; inor ez dabil jadanik eskean; bakoitzak lore-sorta bat eskaintzen dizu; zu esnatu baino lehen eratu du eta eskalea bere oparia bezain adiskidekor iruditzen zaizu. Inor ez da errukarri sentitzen, eskatzeko eskubideren bat duela sumatzen duenean.
Baina zergatik izan behar du urteak batzuetan, hain laburra, eta beste batzuetan, hain luzea? Zergatik iritzi behar diogu hain labur eta hain luze oroitzapenean? Hala gertatzen zait niri iraganarekin, eta inoiz ez lorategian bezain era txundigarrian, iraizekoa eta iraunkorra bata bestean itsasten direnean bezala. Eta, halere, ez dago ezer hain iraizekorik, non ez duen aztarnarik, bere kiderik atzetik uzten.
Negua ere atsegin zaigu. Libreago hedatzen garela irizten diogu zuhaitzak gure aurrean hain izpirituzko, hain garden zutik daudenean. Ezer ez dira, baina ez dute zer estaltzen ere. Hain loreak eta kimuak datozenean, orduan ezinegonak jotzen gaitu, harik eta hostaila guztia irten arte, paisaia gorpuzten eta zuhaitzak irudi batek bezala aurre egiten digun arte.
Bere motan gara-betekoa denak irten egin behar du bere motatik, konpara ezina den beste zerbait bihurtu behar du. Txorrotxio askotan urretxindorra oraindik txori da; hain gero bere klasea gainditu eta badirudi lumadun orori benetan kantatzea zer den irakatsi nahi diela.
Maitasunik gabeko bizitza, maitearen hurbiltasunik gabeko bizitza bat comédie à tiroir bat besterik ez da, kaxoi batean gordetzeko obra txar bat. Bata bestearen atzetik ateratzen da eta berriro gauza bera eta hurrengora presaka. Gertatzen zaigun on eta garrantzizko guztiak, nekez irauten du elkarturik. Beti hasi behar izaten dugu berriro eta beti izaten dugu amaitu nahia.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu