VIII. KAPITULUA

 

        Gutxi dira iragan hurbilaz arduratzen dakitenak. Edo presenteak indarrez tira egiten digu edo iraganean galtzen gara, eta erabat galdua berriro suspertu eta berrezartzeko modua bilatzen dugu. Familia handi eta aberatsetan ere, aurrekoei asko zor dietenetan, aitonarengan aitarengan baino aitonarengan gehiago pentsatzea gertatu ohi da.

        Honelako gogoetak egitera beharturik aurkitu zen laguntzailea, neguak adio esatean udaberri-itxurak hartzen dituen egun eder horietako batean, gazteluko lorategi zahar eta handira etorri eta ezki garaizko ibiltokiak, Eduarden aitaren garaitikoak ziren obra erregularrak miretsi zituenean. Oso egoera onean aurkitzen ziren, landatzailearen asmoen arabera; baina orain begipean zeudela eta haietaz gozatzen zelarik, inork ez zituen aipatzen; ozta-ozta egiten zitzaien bisitarik eta zaletasuna eta gastuak beste alde batera airepe zabalera zuzentzen ziren.

        Gaztelura itzultzean ohar hura egin zion Charlotteri eta honek gaizki hartu zion:

        — Bizitzak tira egiten digun bitartean —ihardetsi zuen— geure kabuz jokatzen dugula, geure jarduera eta geure olgetak hautatzen ditugula uste dugu; baina, egia esateko, gauzak diren bezala ikusiz, planak, aldiko zaletasunak betetzera behartuak bakarrik egon gara.

        — Noski —esan zuen laguntzaileak—; baina nork kontra egiten dio bere ingurunearen korronteari? Denborak aurrera egiten du eta berarekin doaz ideiak, iritziak, aurreiritziak eta zaletasunak. Seme baten gaztaroa iraganaldiarekin bat datorrenean, ziur egon gaitezke ez duela ezer izango komunean aitarekin. Eta baldin berau bizi bazen, jendea gauza asko bereganatzen, jabego hori ziurtatzen, mugatzen, estutzen eta mundutik aparte bere gozamena sendotzen atsegina hartzen zuen garai batean, semeak berehala nahiko du hedatu, komunikatu, zabaldu eta itxitakoa ireki.

        — Denboraldi guztiek —ihardetsi zuen Charlottek— dute deskribatzen diguzun aita eta seme horren antza. Hiri txiki orok bere murruak eta hobiak izan behar zituen garai haietaz, zeinean jauregian oraindik zingiretan eraikitzen baitziren eta gaztelurik kaxkarrenek ere zubi altxagarrizko sarbide izaten baitzuten, hartaz ozta-ozta izan dezakegu ideia bat ere. Hiririk handienek ere beren murruak porrokatzen ari dira, printzeen jauregietako hobiak ere beteta daude; hiriek etxe-sail handiak bakarrik eratzen dituzte eta hori guztia bidaia batean ikustean, bake orokorra lorturik dagoela pentsa daiteke eta urre-aro baten atarian gaudela. Inor ez da eroso sentitzen lorategian landa zabal baten antzekoa ez bada; ezerk ez du artea, ahalegina gogorarazi behar; libreki eta baldintzarik gabe hartu nahi dugu arnasa. Ba al duzu, ene adiskidea, egoera honetatik beste batera, aurreko egoerara igaro daitekeelako ideiarik?

        — Zergatik ez? —erantzun zuen laguntzaileak—: egoera bakoitzak badu bere alderdi gogaikarria, bai mugatuak eta bai lokabeak ere. Azken honek gehiegizko ugaritasuna sortzen du eta bonbonkeriara eramaten du. Lot gakizkion zure adibideari, aski nabarmena baita. Gabezia gertatzen den bezain laster, buru-mugaketak ekiten dio berriro. Beren lurrak baliaraztera beharturik aurkitzen direnek, murruak eraikitzen dituzte beren lorategien inguruan, beren emaitzak gordeago edukitzeko asmoz. Eta horretatik gauzen ikuspegi berri bat sortzen da. Baliagarritasunak berriro lehentasuna hartzen du, eta asko daukanak ere azkenerako dena baliarazi behar duela pentsatzen du. Sinetsidazu, baliteke zure semeak parkeko instalazio guzti horiez axolagabetzea eta berriro bere aitonaren murru serio eta ezki garaien atzean bere burua gordetzea.

        Charlotte isilean poztu egin zen seme bat iragartzen ziola entzutean eta barkatu egin zion laguntzaileari bere parke eder eta maiteari zori hura gerta zekiokeen iragarpen guztiz ez adiskidekorra. Horregatik oso adeitsu ihardetsi zion:

        — Biotako inor ez gara oraindik aski zaharrak behin baino gehiagotan horrelako kontraesanak bizi ahal izateko; geure haurtzaro goiztiarrenean pentsatzen dugunean bakarrik, gogoratzen dugu adineko pertsonen kexuak entzun izana, eta herrialdeak eta hiriak kontutan hartzen ditugu; ezin diogu eragozpenik jarri ohar horri. Baina ez al genioke zerbait kontrajarri behar naturaren joaira horri, ez al genituzke ados jarri behar aita semearekin, aurrekoak ondorengoekin? Zuk mutiko bat iragarri didazu adeitasunez; derrigor egon beharko ote du bere aitarekin kontraesanean? Gurasoek eraikitakoa deuseztatu behar ote du, osatu eta burutu ordez, berak ere zentzu berean aurrera eginez?

        — Badago horretarako bide arrazoizko bat —ihardetsi zuen laguntzaileak— baina gizonek gutxitan erabiltzen dutena. Aitak susta beza semea jabekide-mailara; utz biezaio berekin eraikitzen eta landatzen eta utz biezaio, bere buruari bezala, askatasun kaltegabe bat. Jarduera bat bestearekin eho daiteke, ezeinek ez dauka besteari kalte egin beharrik. Adar gaztea erraz eta gogoz elkartzen zaio enbor zaharrari, adar zaharra itsatsi ezin zaionari.

        Atsegin izan zuen laguntzaileak, adio esatera beharturik zegoen unean, halabeharrez zerbait atsegina esan ziolako, horrela berriro bere faborea sendotuz. Denbora luzeegia zeraman etxetik kanpora, hala eta guzti ere ezin zuen itzultzeko erabakia hartu, erabat konbentziturik egon arte Charlottek haurra izatearen unea pasatzen utzi behar zuela, Ottiliari buruz deliberamenduren bat itxaron ahal izateko. Egokitu zitzaien zirkunstantziei eta itxaropen eta ikuspegi horiekin itzuli zen berriro zuzendariarengana.

        Hurbil zegoen Charlottek haurra izateko unea. Gero eta gehiago egoten zen bere gelan. Inguruan bildu zitzaizkion emakumeek eratzen zuten bere lagunarterik hurbilekoena. Ottiliak etxea zaintzen zuen, nahiz eta zertan ari zen pentsatzeko ere adorerik ez izan. Egia esateko, erabat amore eman zuen; Charlotte, haurra, Eduardengatik ahalik eta ahaleginik handienak egin nahi zituen, baina ez zuen ikusten, nola izan zitekeen hori. Ezerk ezin zuen zalantzakortasunean erortzetik salbatu, egunero bere eginbeharrak betetzeak izan ezik.

        Seme bat etorri zen zoriontsu mundura eta emakume guztiek batera aitortu zuten aitaren irudi bizia zela. Ottilia izan zen isiltasunean hala uste izan ez zuena, erdiberriari zorionak eman eta jaioberriari bihotz-bihotzez agur esatean. Bere alabaren ezteietarako prestakuntzetan Charlottek senarraren hutsune handia sentitu zuen; oraingoan ere aita ez zen presente egon semearen jaiotzan; ezin izan zuen erabaki etorkizunean zer izen deituko zioten ere.

        Zorionak ematera etorri zen adiskideetan lehena Mittler izan zen, zeinak bere ezagunei agindua eman baitzien gertakaria berehala adierazteko. Joan zen bertara eta oso pozik gainera. Doi-doi ezkutatu ahal izan zuen bere garaitia Charlotteren aurrean, argi eta garbi hitz egin zuen Ottiliaren aurrean eta kezka guztiak baztertzen eta eragozpen guztiak saihesten dituen gizona izan zen. Ezin zitekeen bataioa asko berandutu. Oin bat hilobian zeukan apaiz zaharrak iragana eta etorkizuna korapilatu behar zituen bere onespenaz; Otto izango zen haurraren izena; ezin zuen beste izenik izan aitarena eta adiskidearena ezik.

        Gizon haren ekimen deliberatuak behar izan ziren mila ardurak, hizka-mizkak, atzerapenak, trabatzeak, zuzenketak edo emendakinak, ezbaiak, gogoetak, kontra-gogoetak eta birgogoetak uxatzeko eskuarki halako; abaguneetan zer pentsatu bat baztertzean beste bat sortzen da berehala, eta denari kontu egin nahi bazaio ere, beti egiten zaio norbaiti min.

        Mittlerrek hartu zuen bere gain jakinerazpen eta gurasoen izenean partaidetza guztiak bidaltzea, zeren oso benetan hartu baitzuen gaizki-nahi eta gaizki-esaleei familientzat hain garrantzizkotzat jotzen zuen zorionaren berri ematea. Eta egia esateko, aurreko gorabehera grinatsuak ez ziren jendea konturatu gabe gertatu, zeina berez konbentziturik egoten baita munduan gertatzen den guztia berak zertaz hitz egina izan dezan bakarrik gertatzen dela.

        Bataio-festak duina izan behar zuen, baina mugatua eta laburra. Erabaki zen Otiliak eta Mittlerrek eduki behar zutela haurra guraso ponteko gisa. Apaiz zaharra, sakristauak lagundurik, pauso geldiak emanez hurbildu zen. Esan zuten otoitza, hartu zuen Ottiliak haurra besoetan, eta beragan samurtasunez begiak ezartzean, ez zen gutxi ikaratu haren begi irekiak ikustean: zeren bereak ikusten zituela baitzeritzon, izan ere denei harridura sortzeko moduko antza baitzuten. Mittlerrek ere, haurra hartzen lehena izan zenak, baieztatu zuen, haren formetan antz txundigarria sumatzen zuela, baina kapitainarena, eta ordura arte ez zuela halakorik ikusi.

        Apaiz zaharrari ahuleziak ez zion utzi bataioa ohiko liturgiaz aparteko lagungarriz hornitzen. Baina Mittler, guztiaz jabeturik, bere antzinako xedapen burokratikoez oroitu zen eta, oro har, bazuen nola hitz egin behar zuen eta nola bere burua aditzera eman kasu bakoitzean bereizteko artea. Oraingoan bere burua gorde egin behar izan zuen, adiskide nabarmenen talde txiki batean baitzegoen. Beraz, elizkizunaren azken aldera, apaiz zaharraren lekua atseginez harturik, hitzaldi atsegin batean bere aitaponteko betebehar eta itxaropenen berri eman zuen, hainbat gehiago luzatuz Charlotteren onarpena haren aurpegi asebetean antzematen zuela uste baitzuen.

        Agure ona esertzeko gogoarekin zegoenik ez zuen hizlari suharrak sumatu, eta askoz gutxiago pentsatu zuen bidean gaitz okerragorik ere bazetorrela: zeren bertan zegoen bakoitzak haurrarekiko zituen harremanak gartsuki deskribatu ondoren, eta hala Ottiliaren baretasuna nahikoa frogatu eta gero, azkenean agurearengana zuzendu zen hitz hauekin:

        — Eta berorrek, ene aita prestu horrek, Simeonekin batera esan dezake orain: Jauna, utziozu orain zeure zerbitzariari bakean joaten, zeren nire begiek ikusi baitute etxe honen salbatzailea.

        Bere hitzaldia distiraz ixteko zorian zegoen, baina laster ohartu zen agurea, zeinari eusten baitzion berak haurra, beregana aurrera makurtzen zela iruditu zitzaion, gero berehalaxe atzera egiteko. Erorikotik libratu bezain laster, aulki batean eserarazi zuten, eta une hartan bertan egin zitzaizkion laguntza guztiak gorabehera, hildakotzat eman behar izan zuten.

        Hain berehalako jaiotza eta heriotza, zerraldoa eta sehaska ikustea eta pentsatzea, ez irudimenez bakarrik, baizik eta begiez kontraesan handia eginbehar astuna izan zen bertakoentzat, hain ustekabeki gertatu zelako. Ottiliak bakarrik begiztatu zuen lokartua, oraindik bere aurpegiera adiskidekor erakargarriari eusten ziona, inbidia moduko batez. Arimako bizia hilik zeukan, zergatik iraunarazi behar zitzaion gorputzari? Honela, behin baino gehiagotan egunean zehar gertakari desatseginek gauzen iragankortasunean, banaketan eta galeretan gogoeta egitera eraman bazuten ere, aitzitik, gaueko agerpen miragarriek poztu egin zuten eta bere maitea bizirik zegoela ziurtatu zioten; eta bere bizitza ere sendotu eta biziarazi egiten zioten. Gauetan atsedena hartzera joaten zenean eta oraindik loa eta esna egotearen arteko sentipen ezti hori airean zebilen bitartean, gela garden, eta emeki argituriko batera begiratzen zuela zeritzon. Bertan ikusten zuen Eduard argiro, eta egia esan, ez bestetan bezala jantzirik, baizik eta arropa militarrarekin, aldioro jarrera desberdinean, baina beti erabat natural, ezer fantasiazkorik gabe; zutik, oinez, etzanda, zaldian. Azken xehetasuneraino pintaturiko irudi hura, berez mugitzen zitzaion aurrean, Ottiliak horretarako ezer egin gabe, berak nahi izan gabe eta irudimena behartu gabe. Sarritan ikusten zuen inguratua, zerbait mugikorrez batik bat, atzealde gardena baino ilunagoa zenaz; baina ozta-ozta bereizten zituen islak batzuetan gizakiak, zaldiak, zuhaitzak eta mendiak iruditzen zitzaizkionak. Eskuarki Ottilia loak hartzen zuen agerpen horiei begira, eta gau lasai baten ondoren goizean esnatzean, atsedendua, poztua sentitzen zen; konbentziturik sentitzen zen Eduard artean bizi zela eta berarekiko harremanik estuenean zegoela.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia