VII. KAPITULUA
Arkitektoak bere babesleak agurtzen zituen bitartean, atsegin izan zuen jakitea, beraiengandik aldendu behar zuenez gero, barnetegiko laguntzaile preziatuaren konpainia onean geratzen zirela; halere, bere buruari emakumeek eskaintzen zioten faborea egotziz, nolabait mingarri gertatu zitzaion hain laster eta bere apaltasunak zeritzonez, bere burua hain ongi, hain bikainki ordezturik ikustea. Ordura arte beti atzerapenetan ibili zen, baina orain alde egitera beharturik zegoen, zeren, gutxienez, ez baitzuen bizi nahi bere bera kanpoan zela gertatuko zenik.
Pentsamendu erdi triste haiek hobeki alaitzeko, andreek, adio esatean, jake bat oparitu zioten, zeinean biak luzaroan ehotzen ikusiak zeuzkan, ezkutuko inbidiarekin haren jabe izango zen zoriontsu ezezagunarengatik. Halako oparia maitale eta gurtzaile den gizonak har dezakeen oparirik atseginena da; zeren berari begiratzean atzamartxo politen jolas nekagaitzean pentsatzean derrigor sentitu behar baitu, lausengaturik, bihotza ezin litekeela erabat begikotasunik gabe hain lan iraunkorrean ari izan.
Orain emakumeek ostalari berri bati egin behar izan zioten abegia, zeinari ongi nahi zioten eta zeinak beraien ondoan ongi pasatuko zuen. Badute emakumezkoek interes propio, barreneko eta aldaezin bat, zeinetik ezerk ez dituen aldenarazten; aldiz, kanpoko harremanetan, gizartekoetan, erraz eta gogara uzten dio ardura zaion gizonari gidatzen, eta horrela, desbiderapena eta harrera onaren bidez, setakeria eta amore ematearen bidez, egiazki aurrera eramaten dute beren bizi-erregimena, mundu zibilizatuan ezein gizonek ihes egin ezin diona.
Arkitektoak talentua, bere atsegin eta olgetarako baliarazi eta erakutsi zuen emakume adiskideen aurrean; beraien gozamen eta jostaketarako eraman zuen hara zentzu horretan eta xede haien arabera, denbora laburrean, laguntzailearen presentziak beste bizimodu bat sortu zuen. Solasean ongi hitz egitea eta giza harremanak, batez ere gazteen prestakuntzari buruzkoak, aipatzea zuen bere meriturik handiena. Eta horretatik, ordura arte izan zuten bizimoduarekiko kontraste aski sentigarria sortu zen, eta hainbat gehiago laguntzaileak erabat onartzen ez zuelarik ordura arte ia besterik gabe denbora bete ziena.
Etorri zenean harrera egiteko erabilitako koadro biziez hitzik ere ez zuten egin. Aldiz, elizak, kaperak eta gisa horretako beste gauzak ikustera eraman zutenean, ezin izan zuen bere iritzia eman gabe utzi.
— Niri dagokidanez —esan zuen—, sakratua eta zentzuzkoaren hurbiltze, nahaste hori ez dut batere gogoko; ez dut ere gogoko leku berezi batzuk zuindu, sagaratu eta apaintzea erlijiotasun-sentimendua beraietan kitzikatu eta gordetzeko. Ezein girok, ezta arruntenak ere, ez digu eragotzi behar jainkozkoaren sentipena, zeinak nonahi lagundu gaitzakeen eta edozein leku tenplu bihur dezakeen. Ni gogoz joaten naiz jan, berriketa egin eta jolas —dantzekin olgatzen den aretoan ospatutako kultura. Gizakiaren handienak, bikainenak ez du formarik, eta ihes egin behar diogu egintza prestuetan gauzatzea ez den guztiari.
Charlottek, oro bar, bere ideien berri bazekienak eta denbora laburrean oraindik gehiago ezagutu zuenak, laster jarri zuen bere sailean lan egiten, bere lorategiko mutikoek, zeinei arkitektoak alde egin aurretik irakatsi zien, martxak aretoan burutu zitzaten; zeren oso ongi ematen baitzuten beren uniforme alai eta garbi haiekin, beren mugimendu arautuekin eta beren izara natural eta biziarekin. Aztertu zituen barnetegiko laguntzaileak bere erara eta laster ulertu zuen, era desberdinetako galdera eta itzulinguruekin, mutikoen izaerak eta gaitasunak; eta aditzera eman gabe, ordu bete baino gutxiagoan, benetan nabarmen irakastea eta aurreraraztea lortu zuen.
— Baina nola moldatzen zara? —esan zion Charlottek mutikoak alde egitean—. Oso arretaz egon naiz entzuten; gauza oso ezagunak bakarrik azaldu dira, eta, guztiarekin ere, niri dagokidanez, ez nuke jakingo nola baliatu, hain denbora laburrean eta hainbeste zizka-mizkarekin horrelako ordenuan ateratzeko.
Agian norberak —ihardetsi zuen laguntzaileak— isilpean gorde beharko lituzke bere lanbidearen hasi-masiak. Baina ez dizut ezkutatu nahi zuri hori eta oraindik askoz gehiago egin daitekeelako maxima sinplea. Burura ezazu gauza bat, gai bat, edo nolanahi deitu nahi duzuna; ongi lotuta eduki; ordezka ezazu argitasun osoz alderdi guztietan eta gero erraza izango zaizu elkarrizketa-erara esperimentatzea mutiko-talde baten aurrean hartatik beraiengan garatu dena eta oraindik bultzatu eta sustatu behar dena. Baliteke zu ere galderei emandako erantzunak taxugabeak izatea, hutsartean galtzea, baina aski izango da zuk zeure kontra-galderez izpiritua eta zentzua berreskuratzea, zeure ikuspuntutik aldendu gabe, azkenean mutikoek irakasleak nahi duena eta nahi bezala bakarrik pentsa, uler eta sinets dezaten. Azken honen akatsik handiena ikasleek hutsartera arrastatzea da, dagokion puntuan irauten ez dakielako. Egizu lehenbailehen saio bat eta ikusiko duzu nola balio dion olgetarik hoberenerako.
— Ongi dago —esan zuen Charlottek—. Horren arabera, pedagogia ona haziera onaz zeharo bestelakoa da. Gizartean ez da ezertan hisitu behar eta irakaskuntzan, berriz, agindu gorena barreiapen ororen kontra lan egitea da.
— Barreiapenik gabeko desberdinkuntza izango litzateke goibururik hoberena pedagogiarako eta bizitzarako, baldin eta oreka horri eustea hain erraza izango balitz! —esan zuen laguntzaileak, eta jarraitzeko asmoa zuen, Charlottek dei egin zionean, mutikoak berriro begiztatzeko, zeinen segizio alaia une hartan ezkaratzetik igarotzen ari baitzen. Laguntzailea poztu egin zen mutikoak uniformez ibiltzera behartuak zeudelako.
— Gizonak —esan zuen— txikitatik uniformea erabili beharko luke, zeren komunean jokatzera ohitu beharko bailuke, beren kideen artean galtzera, multzoan obeditu eta batera lan egitera. Uniforme-mota orok zentzu militarra ere ezartzen du, baita portatzeko modu zehatzago eta erabakigarriagoa ere, kontutan hartu gabe mutiko oro berez soldadu petoa dela; eta bestela ikusi besterik ez dago beren jolasetako borroka eta batailak, eta nola asaltatzen eta behetik gora igotzen diren.
— Halere, ez didazu haserrerik egingo —ihardetsi zuen Ottiliak—, neure neskatilak horrela janzten ez ditudalako. Aurkeztuko dizkizudanean, beren nahaste ñabarrak liluratuko zaituelakoan nago.
— Hori gogoz onartzen dut —erantzun zion berak—. Emakumeak beste era batera jantzita ibili behar du, nor bere modu eta gisara, bakoitzak horrela zer doakion ongi eta zer dagokion ikas dezan. Beste arrazoi garrantzizko bat hau da: bizitza osoan bakarrik egon eta jokatzera zuzenduak daudela.
— Horri paradoxa deritzot —erantzun zuen Charlottek—. Ze ez baikara ia inoiz geure buruaren jabe izaten.
— O, bai! —ihardetsi zuen laguntzaileak—. Beste emakume batzuei buruz, egia handia da. Baina har dezagun emakume bat maitale, emaztegai, emazte, etxekoandre eta amatzat: beti bakarrik ikusten dugu, beti dago bakarrik eta bakarrik egon nahi du. Bai; banitatetsua ere kasu horretan dago. Emakume orok baztertu egiten ditu besteak naturaren arabera; zeren bakoitzak beretzat eskatzen baitu sexu osoari zor zaiona. Ez da gauza bera gertatzen gizonezkoekin. Gizonak gizona eskatzen du; berak ez zukeen bigarren gizonik egingo batere ez balego; emakume bat, aldiz, betiraunde oso batez bizi liteke bere kidekorik bereganatzean pentsatu ere egin gabe.
— Nahiz eta egia miresgarritzat jo —esan zuen Charlottek— azkenean miresgarria denak ere hartzen du egi antza. Zure oharretatik hoberena aterako dugu geuretzat, eta, halere, emakume gisa elkartzen gara eta batera jokatzen dugu, gizonei gure gain abantaila handiegirik ez uzteko. Bai; ez duzu txartzat hartuko poz txiki bat sentitzea, etorkizunean hainbat bizikiago sentituko duguna, ezen gizonezkoak ere ez baitira oso ongi moldatzen beren artean.
Arreta handiz aztertu zuen gizon hark gero Ottiliak bere neskatoak tratatzeko zeukan era eta ezbairik gabe txalotu zuen.
— Oso zuzen —esan zuen— prestatzen dituzu zeure menpekoak berehalako baliagarritasunerako. Garbitasunak bere burua pozik zaintzeko aukera ematen die haurrei, eta dena lortua dago egiten dutena alaitasunez eta bere buruarekiko sentipenez egitera bultzaturik daudenean.
Gainerakoan, bere atsegin handirako, ez zuen ezer distira eta kanporako eginik aurkitu, baizik eta dena barrualdera eta ezinbesteko premietara zuzendua.
— Zeinen hitz gutxirekin laburbil daitekeen —jaregin zuen— hezkuntza egitekoa, norbaitek entzuteko belarririk balu.
— Ez al duzu nirekin saiorik egin nahi? —galdetu zion adiskidekor Ottiliak.
— Atsegin handiarekin —erantzun zuen laguntzaileak—. Baina ez didazu iruzur egin behar. Hezi bitez mutikoak zerbitzaritzarako eta neskatoak amatzarako, eta dena ongi aterako da.
— Amatzarako hori —ihardetsi zuen Ottiliak— hori alde batera utz lezakete emakumeek, zeren izan gabe ere, beti egon behar baitute prest haurtzain izateko; baina oso ongi legoke gure gazteak zerbitzaritzarako heztea, zeren laster ikusten baita bakoitzak agintzeko bere burua prestago ikusten duela.
— Baina hori ez diegu esan behar —esan zuen laguntzaileak—. Elkar lausengatzen dugu bizitzan zehar, baina bizitzak ez gaitu lausengatzen. Zenbat gizonek ez lukete aitortuko behar nahita, azken finean derrigorrean aitortu behar duten hori? Baina utz ditzagun gogoeta horiek, orain ez baitatoz harira. Zorionak ematen dizkizut zeure ikasleekin irakasbide egokia darabilzulako; zure txikienak panpinekin alde batetik bestera dabiltzanean eta beraientzat traputxoren batzuk brodatzen dituztenean; ahizpa nagusiek txikiak zaintzen dituztenean eta etxea bere baitan baliatzen eta bere buruari laguntzen dionean, jadanik ez da handia gertatzen gainerako bizitzarako iraganbidea eta horrelako neskatxak senarrarengan aurkitzen du gurasoengan galdutakoa.
Baina klase kultuetan auzia oso nahasia da. Harreman garai, samur eta delikatuak izan behar dira kontutan; batez ere, gizarte-harremanak. Horrela, geure ikasleak kanporantz ere prestatu behar ditugu; beharrezko da, ezinbesteko da eta ongi legoke horretan neurria gaindituko ez balitz; zeren haurrak zirkulu zabalago baterako prestatzea pentsatzen denean, erraza da mugagabera bultzatzea, barne naturak egiazki zer eskatzen diien kontutan hartu gabe. Horretan datza hezitzaileek gutxi-asko bete edo huts egin behar duten egitekoa. Geure ikasleei, han, barnetegian sartzen dizkiegun gauzetako askok —jarraitu zuen laguntzaileak— neuri ere pena ematen didate, zeren esperientziak esaten baitit oso onura gutxikoak izango zaizkiela etorkizunean. Hamaika gauza ezabatuko dira; hamaika gauza ahazmenduan bazterturik geratuko dira emakumeak etxekoandrearen, amaren lekua hartzean!
Eta, halere, ezin diot uko egin, lanbide honetan sartu naizenez gero, noizbait neure alboan beren jarduera eta burujabetasunaren sailean sartzean beharko dutena bakar-bakarrik nire ikasleei irakatsiko dien emakume lankide bat nahiko nukeela, horrela neure buruari esan ahal izateko: «Zentzu honetan burutu dute hezkuntza.» Jakina, beti dago beste bat hari elkartua, guregandik ez bada, zirkunstantzietatik sortzen dena.
Bai egiazkoa aurkitu zuela Ottiliak ohar hau! Hamaika gauza berari irakatsi aurreko urtean grina susmatu gabe batek! Hamaika froga ikusten zituen gainean eralgitzen etorkizunera, etorkizun hurbilera begiratzean!
Gizon gazteak ez zuen aurrez pentsatu gabe iradoki lankidearen, emaztearen ideia hura; zeren bere apaltasun guztia gorabehera, ezin zituen bere asmoak era urruneko batez adierazi gabe utzi; gainera, zirkunstantzia eta gertakari askok bultzatu zuten bisita hartan bere helbururantz urrats batzuk ematera.
Barnetegiko zuzendaria urteetan aurreratua zen; aspaldidanik ari zen lankide zituen gizonezko eta emakumezkoen artean, benetan sozio gisa elkartuko zitzaiona bilatzen, eta azkenik laguntzaileari agindu zion, zeren bai baitzuen arrazoirik berataz fidatzeko, berekin batera eraendu zezala pedagogi erakunde hura, bere etxean bezala hartan ari zedila, bera hil ondoren guztiaren oinordeko eta jabe bakar izaten jarraitzeko. Arazo nagusia, antza denez, horretan bat etorriko zen emazte bat aurkitzea zuen. Laguntzaileak isilik zeukan Ottilia bere begien aurrean eta bihotzean; bakarrik era desberdinetako zalantzak sortzen zitzaizkion, gero gertakari faboragarrien ondorioz kontrapisuren bat hartzen zutenak. Lucianek utzia zuen barnetegia. Ottilia askatasun handiagoz itzul zitekeen bertara; Eduardekiko harremanetatik oraindik geratzen zitzaion zerbait; bakarrik, arazo hura ere, beste xehetasun batzuk bezala, axolagabetasunez hartu zuen, eta gertakari hori berori izan zitekeen Ottiliaren itzultzearen eragile. Baina, hura guztia gorabehera, ez zukeen inolako erabakirik hartuko, ez zukeen urratsik emango, baldin eta ustekabeko bisita batek asaldura berezi bat sortu izan ez balu. Nola ager zitezkeen gizon garrantzizkoak zirkulu batean ondoriorik ekarri gabe! Kondea eta baroisa, adiskideek barnetegi desberdinen balioaz adiskideek sarritan aholkua eskatzen zietenak, izan ere mundu guztia ibiltzen baita kezkaturik beren seme-alaben hezkuntzaz, denek hain ongi aipatzen zuten hura sakon ezagutzea erabaki zuten, eta orain beren harreman berriengatik, biek batera egin zezaketen azterketa. Baina baroisak beste asmo batzuk zituen. Azkeneko aldiz Charlotteren etxean izan zenean oso bidenabar hitz egin zuen Eduard eta Ottiliari buruzko guztiaz. Baroisak behin eta berriz esaten zuen Ottilia urrundu egin behar zela handik. Charlotteri erabaki hura har zezan kemena ematen ahalegintzen zen, zeren hark beti beldurrez jarraitzen baitzuen Eduarden mehatxuen aurrean. Irtenbide desberdinez hitz egin zuten, eta barnetegia zela eta, laguntzailearen grina ere agertu zen, eta baroisa hainbat deliberatuago agertu zen pentsaturiko bisita egitera.
Joan bertara, ezagutu zuen laguntzailea, miatu zuen instituzioa eta hitz egin zuen Ottiliaz. Kondeak berak gogoz hitz egin zuen neskatilari buruz, izan ere berrikitan egindako bisitan sakonago ezagutzeko aukera izan baitzuen. Ottilia hurbildu egin zitzaion, hobeki esateko, kondearen erakarmena sentitu zuen, zeren beronen hizketa mamitsuan uste baitzuen ordura arte ezezaguna izandakoaren berri jakiteko aukera zuela. Eta Eduardekiko tratuan munduaz ahazten zen bezala, kondearen presentzian mundua nahigarri zela lehen aldiz sentitzen hasi zen. Erakarpen oro elkarrekikoa da. Kondeak Ottiliarenganako isuria sentitu zuen, alaba bezala ikusten ba zuen ere. Hemen ere baroisa bigarrenez irten zitzaion bidera, eta lehen aldian baino gehiago oraindik. Auskalo hark, grina biziagoko garaietan, zer asmatuko zukeen neskaren kontra; orain aski zuen emakume ezkonduentzat kaltegabe egiteaz ezkontzaren bitartez.
Horrela, era sotil baina eraginkorrean trebeki zirikatu zuen laguntzailea, hainbesteraino, non txangotxo batean gazteluraino iritsi zen eta bere asmo eta gurariak, inoiz damei ezkutatu ez zizkienak, berandutu gabe betetzeko urratsak eman zituen.
Zuzendariarekiko adostasun osoan luzatu zuen bidaia eta itxaropenik hoberenak suspertu zituen bere barruan. Badaki Ottiliak begi onez begiratzen diola; eta nahiz eta bien artean halako klase-diferentzia bat egon, hori laster konpontzen da aldi hauetako pentsamoldearen arabera. Baroisak ere aditzera eman zion Ottilia andereño pobrea zela. Etxe aberats batekin ahaideturik egoteak, zioen berak, ez du ezertarako balio, zeren nahiz eta ondasun ugari izan arren ere, beti kontzientziako karga bat sentitzen baita hartatik kopuru nabarmen bat kentzean, ahaide hurbilagokoak izaki jabegorako eskubide gehiago dutela diruditenei. Eta egiazki miresgarria da gizakiak, oso gutxitan bakarrik, bere pribilegio handienaz baliatzea: hil eta gero ondasunak bere eskura izateaz, bere gogokoen faboretan eta, dirudienez, bere ondorengoei dien estimuz, bera hiltzean ondarearen jabe izango liratekeenak bakarrik faboratuko lituzkeenaz, berak nahi izan ez arren ere.
Bidaian Ottiliaren antzeko bihurtu zuten sentimenduek. Harrera on batek berehala areagotu zizkion itxaropenak. Egia zen ez zuela Ottilia bestetan bezain irekia aurkitzen berarekin; baina garatuagoa, landuagoa ere aurkitzen zuen, eta, nahi bada, ezagutu zuenean baino komunikakorrago ere bai. Konfiantzaz bere lanbideari buruzko berriak eman zizkion. Baina bere helburura hurbildu nahi zuen bakoitzean, barne-lotsa moduko batek geldiarazten zuen gizona.
Halere behin Charlottek aukera eman zion horretarako, Ottiliaren aurrean esan zionean:
— Orain ongi aztertua daukazu nire zirkuluan gertatzen dena; nola aurkitzen duzu Ottilia? Bere aurrean aitortu beharko zenuke.
Zentzu handiz eta adierazpen lasaiz hitz egin zuen laguntzaileak hartaz, esanez nola aurkitzen zuen Ottilia aldatua bere probetxurako portaera libreagoz, hizketa erosoagoz, munduko gauzetan begirada goitarragoz, zeina gehiago nabarmentzen zen egintzetan hitzetan baino; baina halere uste zuela, oso onura handiko gertatuko zitzaiola denboraldi baterako barnetegira itzultzea, bertan ordenu jakin batez errotik eta betirako jabetzeko, zeina munduak sarritan, zatika eta nahasteko areago, berandu denan bakarrik irakasten digun, atsegina emateko baino. Ez zuen xehekeriatan sartu nahi puntu hartan; Ottiliak berak inork baino hobeki zekien zein irakatsi elkarlotutatik erauzia izan zen orduan.
Ezin izan zuen Ottiliak hura gezurtatu; baina hitz haiek entzutean sentitu zuena ezin izan zuen aitortu, zeren berak ere doi-doi ulertzen baitzuen. Bazeritzon orain munduan ez zegoela ezer lotura gaberik, gizon maitean pentsatzen zuenean, eta ez zuen ulertzen nola bera gabe ezerk loturarik izan zezakeen.
Charlottek adiskidetasun zuhurrez erantzun zuen. Esan zuen bai berak eta bai Ottiliak aspaldidanik itzuli nahi izan zutela barnetegira. Bakarrik orain ezinbesteko bihurtu zitzaiola hain adiskide eta giltzari maitea izatea; baina, guztiarekin ere, ez zela aurrerantzean eragozpen izango, baldin eta Ottiliak bertara itzultzeko gogoa bazuen hasitakoari galdorra jarri, eta etendakoa erabat bereganatu arte.
Laguntzaileak pozik hartu zuen eskaintza hura; ezin izan zuen Ottiliak haren kontra ezer esan, nahiz eta dardaraka hasi zen ideia haren aurrean. Charlottek, aldiz, denbora irabazi nahi zuen; espero zuen Eduard berriro aita zoriontsu sentituko zela, eta gero, konbentziturik zegoen horretaz, dena konponduko zela, eta Ottiliaz ere, era batera zein bestera, arduratuko zela.
Hizketaldi onuragarri baten ondoren, zeinez solaskide guztiek gogoeta egingo zuten gero, pausaldi gisako bat etorri zen, zalantzakortasun orokor baten antzekoa zena. Aretoan gora eta behera paseatzen hasi ziren; irauli zizkien orriak laguntzaileak liburu batzuei eta iritsi zen azkenean Lucianeren garaietatik bertan zegoen folio-liburura. Bertan tximinoak bakarrik zeudela ikustean, lehenbailehen itxi zuen. Gertakari horrek hizketaldi baterako aukera eman bide zuen eta haren aztarnak Ottiliaren Egunkarian aurkitzen ditugu.
Ottiliaren Egunkaritik
Nota liteke inork tximino higuingarri horiek hain arreta handiz birsortzearen asmoa bere gain hartzea! Nork bere burua beheratzen du, animalia soiltzat hartzen dituenean; baina oraindik askoz makurragoak bihurtzen gara, maskara horien azpian pertsona ezagunak bilatzearen hazkurari ekiten diogunean.
Aberrazio apur bat beharrezko da karikatura eta irudi groteskoekin ongi sentitzeko. Gure laguntzaile onari zor diot nik Historia Naturalaren tormentutik ez pasatu izana; ez naiz inoiz ongi moldatu izan bar eta kakarraldoekin.
Oraingoan berak ere aitortu dit, gauza bera gertatzen zaiola. «Naturaz —esan zuen— ez genuke ezer jakin behar, baizik eta inguratzen gaituen biziaz izan ezik. Egiazko harremanak ditugu geure inguruan loratu, berdetu eta fruitua ematen duten zuhaitzekin, albotik pasatzen garen sastraka bakoitzarekin; zapaltzen dugun belar-izpi bakoitzarekin, egiazko harremana dugu; geure benetako herrikide ditugu. Adar artean harat-honat jauzika, gure hosto arteetan kantari dabiltzan txoriak, geure ditugu, guri hitz egiten digute haurtzarotik, eta azkenerako ulertu egiten diegu lengoaia. Batek galdetzen zuen, izaki arrotz bakoitzak, bere girotik aterata, ez ote digun inpresio nahigabezko bat egiten, ohituraren bitartez bakarrik moteltzen dena. Bizitza ñabar eta zaratatsua egin behar da gure inguruan tximinoak, papagaioak eta beltxak jasateko. Behin baino gehiagotan, gauza abenturazko horien irrika jakin-minezkoak zirikatzen gintuenean, inbidia izaten nien beste mirari batzuekin eguneroko lotura bizian horrelako mirariak ikusten zituztenei. Baina bidaiaria ere beste gizon bihurtzen da. Inor ez da zigorrik gabe ibiltzen palmondopean, eta ideiak ere aldatu egiten dira noski tigreak eta elefanteak beren etxean bezala aurkitzen diren herrialdean. Arrotzena eta bakanena bere lekutasunarekin, bere ingurumariarekin, beti bere elementuan deskribatu eta irudikatzeko gai den naturalistak bakarrik merezi du begirunea. Bai pozik entzungo niokeela Humboldti bere bidaien berri ematen!»
Historia Naturaleko kabinete bat egiptoar panteoi batekin erka daiteke, zeinean baltsamaturik dauden animaliarik eta landarerik desberdinenak. Apaiz-kastari ongi dagokio, erdi itzal misteriotsuan horrelako gauzez arduratzea; baina irakaskuntza orokorrean ez litzateke horrelakorik onartu behar, hainbat gehiago haien erruz beste hurbilago eta duinago batzuk saihestuak ikusten ditugunean.
Maisu batek, egintza on batez, poema bakar batez sentimena iratzartzeko gai den batek, askoz zerbitzu hobea eskaintzen du erakuntza natural menpekotuen sail oso bat, forma eta izenaren arabera irakasten duenak baino; zeren, azken finean, hortik ateratzen den guztia egunen batean horren premiarik gabe jakin genezakeena baita: giza irudiak bere baitan daramala era bikainen eta bakarrenean Jainkotasunaren antza,
Bakoitzak badu askatasuna erakartzen duen, poza ematen dion, onuragarritzat jotzen duen hartan aritzeko; baina gizatasunaren benetako eremua gizona da.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu