VI. KAPITULUA

 

        Bisita hartatik Charlotteri sortu zitzaion ondoeza, kitaturik geratu zen, bere alaba sakon ezagutzeko aukera izan zuelako, eta horretarako asko lagundu zion munduaz zuen ezaguerak. Ez zuen hura lehen aldia, hain izaera bakanarekin moldatu behar izan zuena, nahiz eta maila hartakorik inoiz ez agertu. Eta, guztiarekin ere, bazekien esperientziaz, halako pertsonek, bizitzak gertakari askok eta gurasoekiko harremanek moldeaturik, heldutasun maitagarria lor dezaketela, norberekeria eztitu eta jardumen zalapartariak norabide jakina hartzen duenean. Charlottek utzi egiten zuen, ama gisa, besteentzat agian higuingarri izan zitekeen xehetasun batek atsegintzen, zeren gurasoei ongi baitagokie itxarotea arrotzek gozatzea edo, gutxienez, atsekaberik ez izatea beste irrikarik ez dutenean.

        Baina era berezi eta ustekabean erasana ikusiko zuen bere burua Charlottek alabak alde egitean, zeren honek, bere portaeran kritikagarri, edo bertan laudagarri izan zitekeenarengatik, esamesgaia utzi baitzuen bere atzetik. Bazirudien Lucianek bere buruari alaiekin alai eta tristeekin triste izateko legea ezarri ziola, eta kontraesan-izpiritua jardunarazteko, behin baino gehiagotan melankoliko agertzen zen alaiekin eta alai melankolikoekin. Bisitatzen zuen familia bakoitzean gizartean agertu ezin ziren gaixo eta makalen berri eskuratzen zuen. Han, beren geletan bisitatzen zituen, erizaintzan aritzen zen, eta denak hornitzen zituen etengabe beti kotxean erabiltzen zuen bere bidai botikineko sendagai eragingarriez. Halako tratamenduak, susma daitekeenez, arrakasta izaten zuen edo ez, halabeharrak erabakitzen zuenez.

        Ongintza-mota honetan ia erabat krudela zen eta ez zen arrazoietara makurtzen, zeren irmoki sinetsirik baitzegoen ongi jokatzen zuela. Bakarrik gaizki atera zitzaion saio bat, baita moralaren aldetik ere, eta horrek eskua bete lan eman zion Charlotteri, zeren ondorioak ekarri baitzituen, eta mundu guztiak hitz egin zuen hartan. Lucianek alde egin ondoren jakin zuen haren berri, eta Ottiliak, egiteko hartan hain zuzen ere lagundu behar izan zuenak, guztiaren berri zehatza eman zion.

        Familia errespetagarriko andereño batek ahizpa txikiago baten heriotzaren eragile izatearen ezbeharra izan zuen, eta horregatik lasaitasunik gabe eta oneratu ezinean bizi zen. Gela batean sarturik bizi zen, lanpeturik eta isilik, eta senideen presentzia banan bana bakarrik jasaten zuen, zeren sumindu egiten baitzen bat baino gehiago batera agertzen zirenean, berataz eta bere egoeraz elkarren artean deliberatuko zuten goganbeharrez. Beraietako bakoitzarekin, berezian, zentzuzko agertzen zen eta ordu luzeak ematen zituen harekin hitz egiten.

        Lucianek bazuen haren aditzea eta isilean bere buruari proposatu zion, etxeratu bezain laster ia mirari bat egin eta emakumezko hura gizartera itzularaztea. Kasu hartan beste batzuetan baino begiramendu gehiagoz jokatu zuen; lortu zuen bera bakarrik arima gaixo hartan sartzea, eta nabarmendu zenez, musikaren bitartez bere fidantzia irabaztea. Azken aldera zabartu zen bakarrik: zeren harridura sortzearren haro zuzen, eraman zuen neskatila polit eta eroria, ordurako ongi prestatutzat zeukana, gau batean, supituki, talde distiratsu eta ñabar hartara; eta han gerta zitekeen ongi ateratzea ere baldin solaskideak berak, jakin-minak eta eri-susmoak zirikaturik, ez baziren baldarki portatu, gaixoaren inguruan metaturik edo bere hurbiltasunetik ihes eginez, eta beren txutxu-mutxu eta buruak elkartzeekin alditxartu eta asaldatuz. Haren sentiberatasun delikatuak ezin izan zuen jasan. Alarau ikaragarri bati jareginez ihes egin zuen handik munstro mehatxukor batek sortzen duen izu-larria adierazi nahiz bezala. Sakabanatu zen alderdi guztietara bilera, ikaraturik, eta Ottilia, erabateko ezintasunean neskatila bere gelara lagundu zutenetarikoa izan zen.

        Bitartean Lucianek demanda gogorra egin zion bilerari, bere erara, erru guztia berea zuela pentsatzen jarri gabe, eta haren eta beste porrot batzuen aurrean eskarmenturik hartzeke, eta etorkizunerako halako egitekoei uko egiteke.

        Gaixoaren egoera larriagotu egin zen aurrerantzean, gaitza gero eta gehiagora joan zen eta gurasoek ezin izan zuten neska gaixoa etxean eduki, erietxe batean sartzera beharturik aurkitu zirelarik. Charlotteri ez zitzaion besterik geratu, alabak sortutako samina era bereziki delikatu batez familia hartan eztitzea baizik. Ottiliari zirrara sakona eragin zion hark; erruki zion neska gaixoari, hainbat gehiago, ezen sinetsirik baitzegoen, Charlotteren aurrean ukatzen ez bazuen ere, behar bezalako tratamenduaz gaixoa ziur osatuko zela.

        Zerari buruz ere hitz egin zen (zeren eskuarki gehiago hitz egiten baita gertatutako gauza desatseginez atseginez baino) Ottilia arkitektoarekin haserre jarri zuen gaizki-ulertze txiki batez ere, gau hartan bere bilduma erakutsi nahi izan ez zionean, nahiz eta berak hain adiskidekor eskatu. Erdeinu hura ariman geratu zitzaion, berak ere zergatik ez zekiela. Bere sentipenak oso bidezkoak ziren, zeren Ottilia bezalako andereño batek eskatzen duenari ez baitio uko egin behar arkitektoa bezalako gazteak. Baina hark, Ottiliak egiten zizkion ahakar arinei desenkusa baliagarri samarrez erantzun zion.

        — Bazeneki —zioen— pertsona kultuek berek zeinen zakar tratatzen dituzten arte-obrarik preziatuenak, barkatuko zenidake nik jendaurrera neureak ez atera nahi izana. Inork ez daki ertzetik domina bat hartzen; eskuztatu egiten dituzte grabaturik ederrenak, hondorik garbien, eta jira eta bira eragiten diete erpurua eta erakuslearen artean piezarik baliotsuenei, arte-obrak aztertzeko era bailitzan. Lamina handi bat bi eskuez hartu behar dela pentsatzen jarri gabe, bakarraz hartzen dute kobrezko grabatu estimagaitz bat, marrazki ordeztezina, politikari hantusteak egunkariari heldu eta papera zarratatuz aurretiaz munduko gertakariei buruz bere iritzia aitortzen duenean bezala. Inor ez da konturatzen arte-obrarekin hogei bakarrik, elkarren atzetik, horrela portatuko balira, hogeita batgarrenak ez lukeela zerikusi handirik izango hartan.

        — Ez ote dizut behin baino gehiagotan neronek ere —galdetu zion Ottiliak— ondoez hori sortu? Ez ote diet zure altxorrei, jakin gabe, agian kalte egin?

        — Inoiz ez! —erantzun zuen arkitektoak—. Inoiz ez! Zuri ezinezkoa litzaizuke, iaiotasun hutsa baitzara.

        — Nolanahi ere —ihardetsi zion Ottiliak—, ez legoke gaizki ohitura onezko liburuetan, jateaz eta edateaz gizartean portatzeko erari buruzko kapitulu jakinaren ondoren, arte-obrekin bilduma eta museoetan nola jokatu behar dugun beste inguru-abartu bat sarraraztea.

        — Noski —ihardetsi zuen arkitektoak—, eta orduan haien jagole eta maitaleek beren bitxitasunak gogozago erakutsiko lituzkete.

        Aspaldi barkatu zion Ottiliak; baina nola arkitektoak haren ahakarra oso benetan hartua zeukala zirudien, eta nola txitean-pitean berak dena gogara erakusten zuela eta beti gustura adiskideei zerbitzatzeko, Ottiliak ulertu zuen haren sentimendu samurrari min egin ziola eta berarekiko zordun sentitu zen. Horregatik, ezin izan zion uko biribilik egin, elkarrizketa haren ondoren eskatu zion mesede bati, nahiz eta denbora izan zuen bezain laster, berehalaxe, bere sentimenduei aholkua eskatzeko, ez baitzuen ikusi nola bete zitzakeen haren gurariak.

        Honela gertatu zen kontua. Ottilia koadroen antzezpenetik Lucianek baztertu izanak nahigabe handia sortu zion arkitektoari; eta era berean samin handiz ikusi zuen Charlotte noizean behin bakarrik izatea gizarte-olgeten sail distiratsu hartan, ongi ez zegoelako aitzakia erabiliz, eta orain ez zuen handik alde egin nahi bere esker ona erakutsi nahiz, batzuen ohorez eta besteen jostakizunez, gisa horretako antzezpen bat ordura arte ospatutako guztiak baino askoz ederragoa. Baliteke horretan, berak jakin gabe, beste zio bat ere nahastea. Oso gogorra gertatzen zitzaion etxe hura, familia hura utzi behar izatea, ia ezinezko zeritzon Ottiliaren begietatik aldendu behar izatea, zeinaren begirada lasaikiro adiskidekorretatik ia bakarrik bizi izan baitzen azken aldian.

        Hurbiltzen ari ziren Eguberri-jaiak eta, supituki, argi eta garbi ulertu zuen koadro bizien irudikapen haiek jaiotzatik, santutasun-garai haietan Jainkoaren Amari eta Semeari eskaintzen zitzaizkien irudikapen jaieratsu haietatik sortuak zirela, beren itxurazko apaltasunean aurrena artzainek eta gero erregeek gurtu zituztenez.

        Halako irudi baten ahaltasuna osoki bururatu zitzaion. Haur eder guri bat aurkitu zuen; artzain eta artzaintsak ezin ziren falta; baina Ottiliarik gabe egin zitekeen ezer egin. Mutil gazteak Jainkoaren Ama izateraino jasoa zuen bere irudimenean; eta berak uko eginez gero, ez zuen inolako zalantzarik egitasmoa bertan behera utzi behar zela. Ottilia, eskariaren aurrean erdi zurturik, Charlottengana joan zen erreguarekin. Honek gogoz eman zion baimena eta, era atseginean, Ottiliak irudi santua antzezteko zuen herabetasuna uxatu ere egin zuen. Arkitektoa gau eta egun ari zen lanean, Eguberri-gauan ezer falta ez zedin.

        Eta egiatan gau eta egun lan egiten zuen gero. Bestalde, beharrizan gutxi zituen eta bazirudien Ottiliaren presentzia ukendu zitzaiola; berarengatik lanean ari zen bitartean, ez zuela lo egin beharrik esan zitekeen; haren gauzetan zebilen bitartean, ez zuela janari beharrik. Beraz festa-gaurako dena prest zegoen. Haize-tresna ongi trenpatuak biltzea lortu zuen, preludioa jo eta ikusleen barnea girotu behar zutenak. Oihala jasotzean benetan txunditurik geratu zen Charlotte. Aurrean zeukan koadroa, hain sarri errepikatzen zen munduan, non ezin baitzuen hartatik ezer berririk espero. Baina hemengo errealitateak koadro bezala bazituen bere meritu bereziak. Gela guztia arratseko argitan bilduago zegoen gauekotan baino eta, halere, ez zegoen argiro hautematen ez zen xehetasunik. Argi guztia haurragandik ateratzen delako ideia erresistiezina artistak argikuntza-mekanismo trebe baten bitartez adierazten jakin zuen, zeina atzealdeko itzalpean, argigune batzuez bakarrik horniturik zeuden irudiek estalia uzten baitzuten. Neska eta mutiko alaiak zeuden inguruan, aurpegi guriak behetik argituak zituztela. Aingerurik ere ez zen falta, zeinen distira propioa jainkotiarrak ilundua zirudien, eta zeinen gorputz eterrezkoek gizon-jainkozkoak arretu eta lausotuak ziruditen.

        Zorionez haurra jarrerarik graziazkoenean zegoen lotan eta hala ezerk ez zuen berari begira egotea ustez ama zenarengan begirada kokatzean, zeinak grazia amaigabez jaso baitzuen beloa altxor ezkutatua agerian uzteko. Une hartan koadroa gelditu eta gatzatu egin zela zirudien. Fisikoki itsutua, izpirituz txunditua, bazirudien inguruko jendetza begi erasanak kentzeko eta berriz ikusmin alaiez begiratzeko mugitu zela, miresmena eta plazera areago erakutsiz harridura eta begiramena baino; nahiz eta azken hau ere ahaztekoa ez izan eta irudi zaharrago batzuei hori adieraztearen ardura eman zitzaien.

        Ottiliaren irudiak, bere keinuak, jarrerak eta begiratzeko erak, ezein pintorek inoiz irudikatu duena gainditu zuten. Ikuskari hura begizta zezakeen ikusleak zerbait mugi zitekeelakoaren aurrean beldurra senti zezakeen, kezkaturik galde zezakeen ea aurrerantzean besterik ezer atsegin izan ote zezakeen. Zoritxarrez, han ez zegoen inor efektu guzti hura osoki hautemango zuenik. Arkitektoak bakarrik, zeinak artzain garai eta lerden baten gisara saihets batetik begiratzen baitzien belaunikatuei, izan zuen, nahiz eta ikuspuntu zehatzenean ez egon, atseginik handiena. Eta nork deskribatzen du zeruko erregina sortu berriaren aurpegiera? Umiltasunik garbiena, eratasunezko sentipen maitagarriena, ohore handi merezigabea, zoriontasun ulergaizki neurtezina errainutzen zitzaizkion hazpegietan, bitartean bere sentipen propioa eta antzezten ari zenaz eratutakoa adierazten baitzituen.

        Charlottek oso atsegin izan zuen koadro ederra, baina haurrak izan zuen batik bat eragina berarengan. Begiak malkoz beteak zituen eta erarik bizienean imajinatu zuen laster izango zuela haren antzeko izakitxo maitagarri bat bere magalean.

        Eraitsi zuten oihala, aldez aktoreei atsedena emateko, eta aldez antzeztuan aldaketak egiteko. Artistak erabakia zuen gau eta narraskeriazko koadro hura eguzki eta aintzazko batez antzaldatzea, eta horretarako alde guztietatik ekitaldi-bitartean pizten duen argikuntza ugari bat prestatzen du. Ottiliarentzat oso lasaigarri izan zeri ordura artekoan bere egoera erdi teatrozkoan, Charlotte eta etxeko banaka batzuk salbu, inor ez zela jostakizun jaierazko hartan izan. Nolabait hunkitua geratu bide zen, ekitalde-bitartean arrotz bat heldu zela entzutean, zeina Charlottek, aretoan, diosal adiskidekorra egin zion. Nor zen, ezin izan zioten esan. Bera barruan sartu zen, inolako eragozpenik ez sortzeko. Argiak eta kriseiluak irazekirik zeuden eta erlantza amaigabea zeukaten inguruan. Igo zen oihala eta ikusleentzat ikuskizun txundigarria agertu zen: koadro osoa dena argi zen eta erabat ezabaturiko itzalen ordez koloreak bakarrik ageri ziren, zeintzuek aukera zuhurraren ondorioz giro maitagarria sortzen baitzuten. Bere betile luzeen azpitik ingurura begiratuz ohartu zen Ottilia Charlotten alboan eserita zegoen gizasemeaz. Ez zuen ezagutu, baina barnetegiko laguntzailearen ahotsa entzun zuelakoan zegoen. Sentipen estrainioak menperatu zuen. Hamaika gauza gertatu ziren, irakasle leial haren ahotsa azkenekoz entzun zuenetik. Tximista sigi-sagazkoan igaro zitzaion arimaren aurretik bere poz eta atsekabeen errenkada eta galdera hau eragin zion: «Dena aitortu eta esan behar al diozu?» Bai gutxi merezi duzula figura santu horren pean bere aurrean agertzea, eta bai arraro gertatuko zaiola, zeure era naturalean ikusi zaituelarik, orain maskara gisa ikustea! Bizkortasun paregabez hasi ziren elkarren kontra borrokan sentipena eta gogoeta. Bihotza harrapatua zeukan, begiak malkoz betetzen zitzaizkion, irudi zurrun bat izateko ahaleginak egiten zituen bitartean; eta bai pozik jarri zela, mutikoa mugitzen hasi zenean eta artista oihala berriro eror zedin seinalea eman beharrean aurkitu zenean.

        Adiskide zintzo batengana lasterka joan ezinaren sentipen mingarria, gehitu zitzaien, azken unean, Ottiliaren gainerako sentipenei, eta horregatik orain lehen baino ezbaitiago zegoen. Jantzi eta apaindura bitxi haiekin agertu behar ote zuen? Arropak aldatu egin behar ote zituen? Ez zuen hautatu, azkena egin eta ekitaldi-bitartean baretzen ahalegindu zen, eta ez zen berriro bere onera itzuli, harik eta etorri berria bere ohiko erara jantzirik agurtu zuen arte.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia