V. KAPITULUA

 

        Horrela zafratzen zituen Lucianek inguruko bizitzaren hordikeriak gizarte-zirimolan. Egunean-egunean gehitzen zuen bere gortea, aldez, bere bulkadak asko adoretu eta erakartzen zuelako, aldez, bere losintxa eta balakuekin besteak bereganatzen asmatzen zuelako. Maila gorenean zen komunikakorra: zeren izebaren eta senargaiaren isuriarengatik hainbat gauza eder eta baliotsu eskuetaratu zitzaizkion, bazirudien ez zeukala ezer bererik, ezta erosi zizkioten gauzen balioa ezagutzen zuenik ere. Hala ez zuen inolako ezbairik izaten txal baliotsu bat erantzi eta besteen aldean pobreegi jantzirik zegoela zeritzon emakume bati ezartzeko, eta hori hain era txantxari eta iaioan egiten zuen, ezen inork ezin baitzion opariari uko egiten. Bere gorteko batek beti poltsa bat erabiltzen zuen eta gelditzen ziren leku guztietako zaharren eta gaixoenen berri izateko eta une batez bederen haien egoera arintzeko mandatua zuen. Guzti honekin, onbera-ospea lortu zuen eskualde osoan zehar, zeina behin baino gehiagotan gogaikarri gertatu zitzaion, zeren premiatsu astun gehiegi erakartzen zizkiolako.

        Baina ezerk ez zion ospea hainbeste gehitu bere eskuina gerran galdua zuelako gizartetik alboratua zegoen mutil gazte dohakabe batekin izan zuen portaera bitxi, onbera eta tematuak adina, nahiz eta gainerakoan mutil eder ongi hezia izan. Soildura hark hainbesteko nahigabea sortu zion gazteari, hain gogaikarri zitzaion egiten zuen ezaupide bakoitzari bere ezbeharra kontatzea, non bere burua ezkutatzea, irakurketan eta beste ikasketa batzuetan murgiltzea erabaki zuen, gizartearekiko loturak behin betirako etenez.

        Lucianek jakin zuen mutil gazte honen berri. Aurrena talde txikitan, gero handiagotan eta azkenik handienetan esku hartu behar izan zuen. Luciane beste inorekin baino erakargarriago portatzen zen beronekin, eta bazekien, batez ere, zerbitzukoitasun adeitsuarekin bere galera preziarazten, bera haren ordezko izaten saiatzen baitzen. Mahaian mutilak Lucianeren alboan eseri behar izaten zuen, eta honek ebakitzen zizkion jakiak, berak sardexka bakarrik erabiltzea aski zuelarik. Zaharragoek edo prestuagoek Lucianeren ondoan egotetik baztertzen bazuten, honek bere arreta mahai guztira hedatzen zuen, eta zerbitzariek osatu behar izaten zuten distantziak kentzearen mehatxupean jartzen zuena. Azkenean ezkerraz idaztera bultzatu zuen; mutilak berari zuzendu behar izan zizkion saio guztiak, eta horrela, urrun edo hurbil, beti zegoen Luciane berarekiko harremanean. Ez zekien mutilak nola gertatu zen hura, baina barrez gero, baina benetan bizimodu berria hasi zitzaion une hartatik.

        Agian norbaitek pentsatuko du jokabide hau ez zuela senargaiak gogoko; baina zeharo alderantziz zen. Emaztegaiaren meritutzat jo zituen ahalegin haiek guztiak, eta hainbat lasaiago zegoen hartaz, bere gaitasun ia gehiegizkoak ezagutzen baitzituen, arriskugarritzat zeukan guztia baztertzera eramaten zutenak. Denekin nahi zuen bere nahierara dantzatu, denek zuten bat-batean bultza egin, jantzitik tira egin edo nolanahi astinduko zituen arriskua; baina inork ezin zuen antzekorik egiteko baimenik hartu berarekin, inork ezin zion apetaz ukitu, inork ez, zentzurik urrunekoenean ere, berak hartzen zuen askatasun bati erantzun; horrela moralaren mugarik estuenen barruan edukitzen zituen besteak berekiko, nahiz eta bestekiko berak txitean-pitean gainditzen zituela zirudien.

        Oro har, sinets zitekeen era berean laudorioaren eta kritikaren, begikotasunaren eta gaitzerizkoaren aurrean bere burua jartzearen maximari lotzen zitzaiola. Zeren era askotarikoz pertsonak erakartzen baldin bazekien ere, dena berriro alferrik galtzen zuen, eskuarki inori barkatzen ez zion mihi gaizto harengatik. Hala, ez zuen bisitarik egiten ingurumarian, ez zieten berari eta bere segizioari abegirik egiten gaztelu eta egoitza haietakoren batean itzultzean, era agerikoan, giza gauzak beren alde barregarritik bakarrik ikusteko zuen isuria ulertarazi gabe. Hemen, hiru anaia ziren, zeintzuei, aurrena zein ezkonduko zen konplimendu ugari egin ondoren, adina igaro zitzaien; hor emakumetxo gazte bat gizonkote zahar batekin ezkondua; han, aldiz, alderantzitara, gizontxo erpizi bat emakumetzar jasanezin batekin. Etxe batean ez zegoen pausurik ematerik haurrekin behaztopa egin gabe; beste batzuk, nahiz eta jendetza handia izan, ez ziruditen beteak haurrik ez zegoelako. Ezkontide zaharrek presaka joan behar zuten lurpera, berriro etxera barre-algarak itzul zitezen, ez baitzuten derrigorrezko oinordekorik uzten. Emakume ezkonberriek bidaiatu egin behar dute, zeren etxeko lanak ez baititu ongi hartzen. Eta pertsonekin bezala aritzen zen eraikinekin ere, etxeko eta mahaiko abasekin. Hormetako apaindurek, batik bat, ohar jostagarriak egiteko aukera ematen zioten. Antzinako tapiz bilbe garaikotik paper-estalki modernoeneraino, famili erretratu errespetagarrienetik kobrezko grabatu txaldaneneraino, batak zein besteak nozitu behar izaten zituzten bere ohar isekatiak ia suntsiturik geratu arte, halako moldez, ezen mirestekoa baitzen bost legoa inguruan oraindik zerbait bizirik geratzea.

        Baliteke benetako txarkeriarik ez izatea ahalegin deuseztatzaile hartan; baliteke, eskuarki, nahi berekoi batek eragitea, baina Ottiliarekiko harremanetan egiazko herra sortu zen. Destainaz begiratzen zion neskatilaren jarduera lasai etengabeari, denek hautematen eta goratzen zutenari, eta Ottiliak lorategi eta negutegiez hartzen zituen arduren gaia irteten zenean, ez zen bakarrik hartaz trufatzen, neguaren minenean zeudelakoaz ohartzeke, eta han lore eta fruiturik ez ikusteaz harrituko balitz bezala, baizik eta berde guztiaren eta abartxo guztiak eta ernamuinetan zegoen guztiaren bila bidaltzen zuen jendea gela eta mahaiaren eguneroko apainketarako, halako moldez, ezen Ottilia eta lorezaina oso mintzen ziren hurrengo urterako eta agian gehiagorako beren itxaropenak suntsiturik ikustean.

        Zeren Ottiliar berari ere ez baitzion etxeko jardunetik atsedenik opa izaten, zeinean bera erosotasunez mugitzen zen. Ezinbestean esku hartu behar izaten zuen Ottiliak olgeta— eta lera-txango eta ingurumarietan antolatzen ziren dantzetara lagundu behar izaten zuen; ez zuen elurraren, ez hotzaren, ez gaueko ekaitz gogorraren aurrean ikaratu behar, beste hainbeste haiekin ikaratzen ez zirelako eta hargatik ezta hil ere. Neskatila samurrak asko pairatzen zuen harekin, aldiz, Lucianek ez zuen ezer irabazten, zeren Ottilia nahiz eta sotiltasun handiz jantzi, bazirudien, edo gutxienez hala zeritzoten gizonezkoek, bietan politena gertatzen zela. Xarma ezti batek erakartzen zituen inguruko gizonezkoak, eta berdin zion areto handietan lehengo edo azkeneko postuan egotea, eta Lucianeren senargaia bera ere sarritan hasten zen berarekin hizketan, halako punturaino, non, behin batean, arazo batek kezkaturik zeukala, berari laguntza eta aholkua eskatu zizkion.

        Sakonago ezagutu zuen arkitektoa, bere arte-obren bilduma zela eta, historiari buruz berarekin asko hitz egin zuen, eta beste kasu batzuetan, batez ere kapera bisitatzean bere talentua preziatzeko aukera izan zuen. Baroia gaztea, aberatsa zen; bildumak egiten zituen, eraiki egin nahi zuen; zaletasun handia zuen, urriak ezaguerak; arkitektoarengan bere helburuetako bat baino gehiago lortuko zizkion bere gizona aurkitu zuelakoan zegoen. Emaztegaiari hitz egin zion bere asmoaz; berak goretsi egin zuen eta oso poztu zen asmoarengatik; baina agian gehiago mutil gazte hura Ottiliar kentzeagatik —zeren beragana isuriren bat nabari ziola uste baitzuen— haren talentuak bere asmoetarako erabiltzeagatik baino. Zeren nahiz eta arkitektoa oso jardukor agertu bere jai eragabeetan eta obra honetan edo hartan baliakizun ugari asmatu izan, Lucianek beti uste izaten baitzuen berak gehiago ulertzen zuela hartaz arkitektoak baino; eta nola eskuarki bere asmakariak arruntak izaten ziren aski izaten zuen haiek burutzeko ganbarazain baten trebetasuna artistarik bikainenarena bezain ongi. Sakrifizio edo koroakuntzaren bat ospatzen zen aldareren batetik harantz, igeltsuzko buru batetik edo buru bizi batetik harago ezin zen hedatu bere irudimena norbaiti urtemugan edo santu-egunean jai-opari bat egin nahi zionean.

        Ottiliak berririk hoberenak eman ahal izan zizkion senargaiari arkitektoaren egoeraz galdetu zionean. Bazekien Charlottek lehenago lanpostu bat bilatu ziola, eta ostalari berriak etorri izan ez balira, jadanik alde egina izango zela, kapera amaitu ondoren, zeren negualdian, ezinbestekoa zenez, obra guztiak geldiarazi behar izaten baitzituzten; beraz, oso nahigarria zen beste mezenas batek artista trebea baliarazi eta babestea.

        Ottiliaren arkitektoarekiko harremanak erabat garbiak eta interes gabeak ziren. Beronen presentzia atsegin eta jardukorra, anaia nagusi batena bezala mantendu eta gozatu zuen. Berak iradokitzen zizkion sentipenak ez ziren igaro odol-ahaidetasunaren gune lasai eta grinagabetik, zeren bihotzean ez baitzeukan lekurik beste ezertarako, Eduardenganako maitasunak gainezka eragiteraino betea zeukalarik, eta dena barrentzen duen Jainkoa bakarrik izan zitekeen aldi berean arima haren partaide.

        Bitartean, zenbat eta negua aurrerago, zenbat eta eguraldia zakarrago eta bideak ibilezinago, hainbat erakargarriago zirudien hain konpainia atseginean egun laburkorrak igarotzea. Itsasbehera labur baten ondoren etxeak berriro gainez egiten zuen jendez. Urruneko goarnizioetako ofizialak, beren probetxu hoberako eskolatuak, bilerakideen deserosotasunerako zakarrak, bertara joaten ziren; ez ziren pertsona zibilak ere falta izaten, eta erabat modu ustekabean, egun batean kondea eta baroisa ere bertara agertu ziren.

        Haien presentziarekin hura egiazko gorte bihurtu zen. Kategoria eta ohitura oneko gizonek kondea inguratu zuten, eta damek justizia egiten zioten baroisari. Ez zuen luze iraun elkarrekin eta alai ikustearen ustekabeak, zeren kondesa hil egin zela jakin baitzuten, eta alargunak bere lotura berria gisakotasunak utzi bezain laster burutzeko asmoa zeukala. Gogoan zeukan Ottiliak haren lehen bisita eta egun hartan ezkontza eta dibortzioaz, lotura eta banaketaz, esperantzaz, itxaroteaz, gabeziaz eta uko egiteaz esan ziren hitzak. Bi pertsonek orduan ez zuten ikuspegirik; orain aurrean zeuden, irrikatutako zorionetik hain hurbil, eta nahigabezko hasperen bat irten zitzaion bihotzetik.

        Lucianek kondea musikazalea zela entzun bezain laster kontzertu bat antolatzea asmatu zuen; bertan bere burua kantari entzunarazi nahi izan zuen gitarraz lagundurik. Hala izan zen. Ez zuen gaizki jotzen musika-tresna, ahots atsegina zuen, baina letrari zegokionez oso gutxi ulertzen zitzaion andereño alemaniar batek gitarraz lagundurik kantatzen duen guztietan bezala. Hala eta guztiz ere, denek ziurtatzen zuten adierazkortasun handiz kantatu zuela eta pozik geratu zen txalo ozenarekin. Baina ezbehar bitxi bat bakarrik gertatu zitzaion ordukoan. Bileran poeta bat aurkitzen zen, zeina Lucianek bereganatzea espero zuen eta berak poemaren batzuk eskaintzea nahi baitzuen, eta horregatik arrats hartan ia haren kantak bakarrik abestu zituen. Poeta, oro har, konplizioz portatu zen Lucianerekin denak bezala, baina honek gehiago espero zuen. Behin baino gehiagotan eman zion aditzera, baina ez zuen ezer lortu, azkenean, ezinegonak jota, gortesauetako bat bidali zuen arte zunda zezan, ea ez ote zegoen suharturik, bere poema bikainak hain bikainki interpretatuta entzuteagatik. Nire poemak? —erantzun zuen txunditurik—. Barkaidazu, jauna —gehitu zuen—: bokaleak bakarrik entzun ditut, eta horiek ere ez guztiak. Halere, neure eginbeharra dut asmo maitagarri horrengatik esker oneko agertzea. Gortesauak isildu eta disimulatu egin behar izan zuen. Bestea doinu oneko konplimendu batzuekin egoera gainditzen saiatu zen. Guztiarekin ere, Lucianek garbi adierazi zuen beretzat paraturiko zerbaiten jabe izan nahi zuela. Gogorregi izan ez balitz, poetak alfabetoa bidaliko ziokeen, Lucianek hartatik gogokoen zuen laudorio-poesia atera zezan, eskura etor zekiokeen edozein doinutara moldatuz. Baina, guztiarekin ere, ez zen abenturatik atsekaberik gabe irten. Handik denbora gutxira jakin ahal izan zuen Ottiliaren gogoa zen melodia baten oinean arrats hartan bertan poetak poema txit polit bat idatzi zuela, adeitsua baino zerbait gehiago zena.

        Luciane, bere gisako pertsona guztiak bezala, komeni zaiena eta kalte egiten diena beti nahasten ibiltzen direnak bezala, bere zoriona errezitatzen bakarrik jarri nahi izan zuen. Oroimen ona zuen, baina zinez hitz egitekotan, izpiritu gabe eta zakar gertatzen zen, grinarik gabea. Baladak, kontakizunak eta deklamazioari dagozkion gainerakoak errezitatzen zituen. Baina errezitatzen zuena keinuaz laguntzeko ohitura dohakabea hartu zuen eta horrenbestez epikoa eta lirikoa areago nahasten da dramatikoarekin elkartu baino.

        Kondea, gizon argia izaki, laster jabetu zen bilerakideen zaletasun, grina eta olgetez, eta era zorioneko edo zorigabekoagoan antzezpen-mota berri bat hartzera eraman zuen, bere nortasunari askoz hobeki zetorkiona.

        — Hemen —esan zuen— ongi prestaturiko pertsona bat baino gehiago aurkitzen dut, zeinek neke handirik gabe pinturazko mugimendu eta jarrerak imitatuko lituzketen. Ez al zara inoiz ahalegindu benetako pintura-koadro ezagunak irudikatzen? Horrelako irudikapenak, nahiz eta ordenazio neketsu bat hain gehiago eskatzen duen, aldiz, xarma sinesgaitza ere badu.

        Laster konturatu zen Luciane honetan bere gaian aurkituko zela. Bere gorputz ederra, irudi betea, aurpegi erregular eta halere esanguratsua, ile-mataza argi-iluna, lepo liraina, hark guztiak jadanik pintura betarako kalkulatua zegoela ematen zuen; eta jakin izan balu geldi zegoenean itxura hobea zuela zalapartaka zebilenean baino, zeren azken kasu honetan sarritan zerbait baldarra, gogaikarria erakusten baitzuen, lehia handiagoz arituko, zatekeen eskulturagintza naturalean.

        Kobrezko grabatuak eta pintura ospetsuak bilatzeari ekin zioten; aurrena Van Dycken Belisario hautatu zuten. Zaldun garai eta ongi eratu bat arduratu zen jeneral itsu eseria irudikatzeaz; eta arkitektoak haren ondoan zutik triste eta errukior ageri den gerraria, zeinaren antz handia zeukan. Lucianek, ia apal, atzealdeko neska gaztea hautatu zuen, poltsa batetik ateratzen ari den limosna ugariak esku-ahurrean dauzkana, bitartean atso batek atzera eragin eta gehiegizkoa dela adieraziko balio bezala. Ez zuten ahaztu noski limosna ematen ari zitzaion beste emakume bat ere.

        Honetaz eta beste irudi batzuetaz arduratzen ziren seriotasun osoz. Kondeak zantzu batzuk eman zizkion arkitektoari hura egiteko moduaz, eta gazteak berehala antolatu zuen teatroa eta argikuntzarako behar zenaz arduratu zen. Obretan oso aurreratuak zeudela konturatu ziren, egiteko hark gastu nabariak eskatzen zituela, eta landan eta negu minean beharrezko gauza asko falta zirela. Horregatik, prestakuntzak eten ez zitezen, ia bere jantziteria guztia desegiteko agindu zuen Lucianek, hartatik arropa desberdinak ateratzeko, artista haiek aski era hautazkoan adierazi zituztenak.

        Iritsi zen arratsa, eta jendetza handi baten aurrean eta denen txalo artean egin zen antzezpena. Musika esanguratsu batek pilpilean jarri zuen itxaronaldia. Belisariok ireki zuen eszena. Hain ziren egokiak irudiak, hain sen onez banatuak koloreak, hain artetsua argikuntza, non beste mundu batean zeudela zirudien; bakarrik errealaren presentziak, itxuraren ordez sentipen atsekabe gisako bat sortzen zuen.

        Erori zen oihala eta eskariz behin eta berriz jaso behar izan zen. Musika-tarte batek entretenitu zuen ikuslegoa, kalitate handiagoko beste koadro batek harrituko zuen arte. Poussinen irudikapen ezaguna izan zen: Ahasverus eta Esther. Oraingoan hobeki pentsatu zuen Lucianek. Bere xarma guztiak garatu zituen erregina ahalgabe eta erorian, eta inguratzen eta bermatzen duten neskatilatarako irudi polit eta ongi eratuak aurkitu zituen zuhurki, zeinen artean ez zegoen inondik ere berarekin neurtzekorik. Ottilia honetatik eta beste koadroetatik baztertu egin zuten. Urrezko tronuan, erregea irudikatuz, talde guztiko gizonik bikainen eta ederrena hautatu zuen, horrela koadro hark benetako perfekzio paregabea lortu zuelarik.

        Hirugarren koadrorako Terborchen Guraso-Burubidea deitua hautatu zuten, ea nork ez du ezagutzen pintura horren kobrezko birsorkuntza, gure Willek egina? Oin bat bestearen gainean ezarririk, kapare aita bat dago eserita eta alboan zutik daukan alabaren kontzientziari hitz egiten diola ematen du. Hau, irudi bikaina, tolestura ugariko arraso zurizko soinekoz, atzetik bakarrik ageri da baina gorputz osoak bere baitan bilduta dagoela adierazten du, antza. Baina burubidea ez dela zakarra eta lotsagarria aitaren aurpegi eta keinuetatik agertzen da; eta aman dagokionez, badirudi nahasmendu txiki bat ezkutatzen ari dela, zeren edateko asmoa duen edalontzikada bat ardori begira baitago.

        Abagune hartan Lucianek bere distira betean agertu behar zuen. Ile-kordak, burua, lepoa eta garondoaren forma ezin esan ahaleko edertasunekoak zituen eta taila, emakumezkoen janzkera moderno zaharkituengatik gutxi ikusten zena, guztiz txairo, lirain eta arina zen, antzinako jantzitan txit faboratua ageri zen; eta arkitektoa ahalegindu zen arraso zurizko tolesdurak erarik artezkoenean ezartzen, halako moldez, ezen inolako zalantzarik gabe birsorkuntza hark erruz gainditzen zuen jatorrizkoa, denak liluratuz. Eskatu berria zuten errepikatzeko, eta gurari guztiz naturalak, atzealdetik aski ikusirik zegoen izaki ederra aurpegi-aldetik ere ikustekoak, hainbesteko indarra hartu zuen, ezen tipo txantxari eta egonezin batek liburuen orrialdeen oinean ezarri ohi den esaldi hori bota zuen: Tournez s'il vous plait, eta denen adostasuna izan zuen. Baina aktoreek ondotxo zekiten beren abantailaren berri eta arte-obra haren zentzua aski ongi ulertua zeukaten, dei orokorraren aurrean amore emateko. Bitartean, lotsatu itxurako alabak lasai jarraitzen zuen zutik ikuslegoari bere aurpegiaren adierazpena erakutsi gabe; aitak eserita jarraitu zuen bere burubidezko jarreran, eta amak ez zion une batez ere begia kentzen edalontzi gardenetik, zeinean edaten ari zela zirudien arren, ardoa ez baitzen gutxitzen. Zer esango dugu horren ondoren obra txikiez, zeinetarako etxe barruko eta merkatuko eszenak hautatu ziren?

        Kondeak eta baroisak alde egin zuten eta beren loturako lehen aste zoriontsuetan itzuliko zirela agindu zuten, eta Charlottek espero zuen orain, kostata igarotako bi hilabeteren ondoren, gainerako jendearengandik ere libre geratzea. Ziur zegoen alabaren zorionaz, beroni emaztegaitzaren eta gaztetasunaren lehen irakina pasatzean, zeren senargaiak munduko zoriontsuentzat baitzeukan bere burua. Bere ondasun ugariez eta zentzu neurritsuaz gainera, bazirudien zorteak lausengu egin ziola mundu guztiak begiko izan behar zuen emazte baten jabe izatearengatik. Hain zentzu berea zuen dena emaztearekin erlazionatzeko, eta emaztearen ondoren bakarrik bere buruarekin, non sentipen higuingarri bat izaten zuen etorri berriren batek ez bazion neskatilari bere arreta guztia eskaintzen; batzuetan gertatzen zenez, adineko pertsonek, zituen gaitasun onengatik, berarekiko lotura estuagoaren bila ibiltzen zirelako, era berezian emaztegaiaz arduratu gabe. Arkitektoarengatik hura bere lekura etorri zen. Urteberritan hark jarraitu egin behar izan zion eta bere konpainian pasatu inauteriak hirian, non Lucianek oso zoriontsu pasatzea espero zuen hain ederki birsorturiko koadro haiek errepikatzen, eta baita beste ehun gauza ere, hainbat arrazoi handiagoz, ezen izeba eta senargaiak gutxitzat baitzeukaten edozein gastu Lucianeren atseginerako behar izanez gero.

        Orduan adio esan behar izan zioten elkarri, baina ez zen hura era arruntean gertatu. Behin txantxetan ozenki adierazi zuten Charlotteri neguko hornizioak ahitu zitzaizkiola eta Belisario egin zuen aitonsemeak, aberats samarra zenak, gainera, Lucianeren merituek liluratuak, zeinei aspaldidanik omen egiten zien, pentsatzeke jaregin zuen:

        — Orduan utz gaitzazu nor bere aldetik moldatzen, poloniar erara. Zatoz zu orain, eta jan nazazu ni ere, eta hala jarraituko dugu txandaka, bira egin arte.

        — Esana eta egina! —onartu zuen Lucianek.

        Biharamunean fardelak egin eta multzo osoa beste jabego batera joan zen. Han ere nahikoa leku zegoen, baina erosotasun gutxiago eta instalazio txarragoa. Hartatik eragozpen bat baino gehiago sortu zen, Luciane oso zoriontsu bihurtzen zuena. Bizitza zakar eta basago bihurtu zen. Elurrik handienetako ehizaldiak, eta gisa horretako gauzek sor zitzaketen deserosotasun guztiak, antolatu ziren. Emakumezkoak gizonezkoak bezain gutxi libratzen ziren haietatik eta era hartara zihoazen etxaldez etxalde, ehizan eginez eta zaldian ibiliz, leran lerratuz eta zarata ateraz, harik eta egoitzara hurbildu ziren arte; bertan, albisteek eta kontakizunek, gortea eta hiriaren atsegin direnek, beste bide bat izendatu zioten irudimenari, eta Luciane eta bere segizioa, zeinari aurrea hartu baitzion izebak, beste bizi-zirkulu batera gelditu ezinik erakarriak ikusi zituzten beren buruak.

 

 

Ottiliaren Egunkaritik

 

        Munduan bakoitza agertzen den bezala hartzen dute; baina nolabait agertu beharra dago. Errazago eramaten dira deserosotasunak garrantzi gabeko pertsonak jasan baino.

        Gizarteari dena eska lekioke, jarraipena duen zerbait izan ezik.

        Ez ditugu pertsonak ezagutzen guregana datozenean; geuk joan behar dugu beraiengana nolakoak diren jakiteko.

        Ia normaltzat jotzen dut bisita egiten digutenengan kritikatzeko gauza ugari izatea. Eta alde egiten duten bezain laster era maitagarrian haiek ez epaitzea, zeren geure neurriz neurtzeko eskubidea daukagula nolabait esan baitezakegu. Pertsona inteligente eta moldakorrak ere horrelako kasuetan nekez libratzen dira kritika zorrotzetik.

        Baina, aitzitik, inoren etxean izan garenean eta bere giroan, ohituretan ikusi dugunean, inguruabar ezinbesteko eta bazterrezinetan, nolako eragina duten beraiengan edo nola moldatzen diren, ergela eta borondate txarrekoa izan behar da barregarritzat hartzeko zentzu batean baino gehiagotan ohoragarritzat hartu beharrekoa.

        Portaera eta ohitura on deritzegunen bitartez, indarrez bakarrik lortuko litzatekeena lortzen da, eta batzuetan ezta indarrez ere. Emakumeekiko tratua da ohitura onen oinarria.

        Nola iraun dezake izaerak, gizakiaren berezkotasunak heziera onarekin?

        Heziera onak berezkoa nabarmen utzi beharko luke. Garrantzizkoa mundu guztiak nahi du, hain ez du deseroso izan behar. Bizitza orokorreko abantaila gorenak, baita gizartean ere, soldadu kultuaren ondare dira.

        Militar zakarrak ez dira irteten, gutxienez beren paperetik, eta nola eskuarki zakartasunaren atzean ontasuna ezkutatzen den, estutasunaldian onik ateratzen ere laguntzen digute.

        Ez dago ezer astunagorik egoera zibileko tentela baino. Horrelakoari finezia eska lekioke, ez baitauka ezer zakarrean aritu beharrik.

        Trebea denaren zentzu fina duten pertsonekin bizi garenean, beraiengatik artegatzen gara baldarkeriaren batekin topo egiten dugun bakoitzean. Horixe gertatzen zait niri Charlotterengatik eta berarekin norbait aulkian zabunkatzen denean, munduko ezergatik ezin baitut eraman.

        Inor ez litzateke fidantziazko gela batean betaurrekoak sudurrean dituela sartuko, baldin baleki guri, emakumeoi, berari begiratu eta jostatzeko gogoa sartzen zaigula.

        Errespetuaren ordez fidantzia beti da barregarria. Ez luke inork kapela erantziko, diosalak egin bezain laster, hori zeinen barregarri den baleki.

        Ez dago kortesiazko kanpo-zeinurik, oinarri moral sakona ez duenik. Hezkuntza zuzena zeinu hori eta aldi berean oinarri hori eskuratzen dituena da.

        Portaera ispilua da eta bakoitzak bere irudia erakusten du bertan. Bada bihotzaren kortesia bat; maitasunaren ahaide da. Hartatik sortzen da kanpo portaeraren kortesiarik erosoena.

        Nahitako menpekotasuna da egoerarik ederrena, eta nola liteke hori maitasunik gabe!

        Inoiz ez gaude geure gurarietatik urrunago, gura dugunaren jabe garela uste dugunean baino. Inor ez da esklaboago libre izan gabe bere burua halakotzat daukana baino.

        Aski da norbere burua libretzat edukitzea, une berean lotua sentitzeko. Baina lotutzat bere burua aitortzen duena, libre sentitzen da.

        Bestearen meritu handien aurrean ez dugu maitasuna beste salbamenik.

        Ikaragarria da gizon bikain bat, ergelek berari nahi dutena nola egiten dioten ikustea. Ez omen dago heroirik bere ganbarazainarentzat. Baina hori gertatzen da bakarrik heroia beste heroi batek bakarrik ezagutu dezakeelako. Segur aski ganbarazaina gauza da bere modukoak preziatzeko.

        Ez dago erdipurdikoentzat jeinua hilezkorra ez izatea beste kontsolamendurik.

        Gizonik handienak mendearekiko harremanean daude beti beren argaleriarengatik.

        Eskuarki diren baino arriskutsuagotzat hartzen ditugu gizakiak. Zoroak eta jende apala biak dira kaltegabeak. Erdi zoroak eta erdi jakintsuak, horiek dira arriskutsu bakarrak.

        Artea da munduari ihes egiteko bitarteko ziurrena, eta artea da berarekin lotzeko ere bitartekorik ziurrena.

        Zorionik handien eta beharrizanik handieneko unean artistaren premia izaten dugu.

        Artea zaila eta ongiarekin aritzen da.

        Zailtasunak areagotu egiten dira zenbat eta gehiago xedera hurbildu. Ereitea ez da uzta biltzea bezain neketsua.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia