IV. KAPITULUA

 

        Gertakari haien, iragankortasun eta ezabatze-sentipen sarkor haien ondoren, a zer zirrara sakona egin bide zion Ottiliari, Eduardek bere burua gerraren zori aldakorrari eskaini ziolako eta luzaroago ezkutatu ezin izan zioten albisteak! Zoritxarrez, ez zitzaion puntu honetaz bere buruari arrazoiz egiteko zeuzkan gogoetetariko bat ere pasa. Zorionez gizakiak ezbeharra maila bateraino bakarrik har dezake; neurri hori gainditzen duenak, deuseztatu egiten du edo, axolagabe uzten du. Badira egoerak, beldurra eta itxaropena bat direnekoak, bata bestea txandaka menperatzen dutenekoak eta sorgortasun ilun batean galtzen direnekoak. Nola asmatuko genuke bestela gure maiteen urrunduak etengabeko arriskuan daudela eta hala eta guztiz ere geure ohiko bizimodua egiten jarraitu?

        Bazirudien, bada, izpiritu on batek zaindu zuela Ottilia, bakarti eta nagi murgildua zirudieneko geldotasun hartara; armada basati bat zen, zeinak kanpotik nahikoa zeregin ematen zion bitartean, bere baitatik ateraz, aldi berean bere indarraren sentipena zirikatzen baitzion.

        Charlotteren alabak, Lucianek, barnetegitik irten eta mundu handian aurkeztua izan orduko, izebaren etxean jende ugariz inguratua ikusi zuen bere burua, bere atsegina sortu nahiak benetako atsegina sortu zuenean eta gizon gazte oso aberats batek laster berarenganako isuri bizia sentitu zuenean. Bere ondasun ugariak edozer motatako hoberenari berea zuela esateko eskubidea ematen zion eta bazeritzon emakume oso bat besterik ez zuela falta munduak gainerakoarengatik bezala inbidia izan ziezaion.

        Famili arazo honek, nahikoa lan eman zion Charlotteri, zeinak bere gogoeta eta korrespondentzia guztia eskaini behar izan zion, Eduarden albisteak lortzen ez zebilen bitartean; horregatik Ottilia ere lehen baino gehiago egoten zen bakarrik. Ottiliak jakin zuen noski Lucianeren etorreraren berri eta horregatik beharrenezko prestakuntzak eragin zituen etxean, baina ez zuen uste hain berehalako gauza izango zenik. Aurretik idatzi, eztabaidatu, gehiago zehaztu egin nahi zituzten gauzak, baina ekaitza lehertu zen gazteluaren eta Ottiliaren gain.

 

        Heldu ziren dontzeilak eta mirabeak, andak kofre eta kutxekin; etxean bi edo hiru bider jaun gehiago zeudela uste zitekeen, baina gero ostalariak berak aurkeztu ziren: izeba amona Luciane eta adiskide batzuekin, eta senargaia, hau ere lagundua. Etxearen ezkaratza kutxaz, bidai zakuz eta larruzko beste gauza batzuez beterik geratu zen. Kostata berezi ahal izan ziren hainbeste kutxatila eta kaxa. Fardelak eta bilduak ez ziren amaitzen. Bitartean egundoko zalaparta sortu zen eta horretatik deserosotasun ugari gertatu ere bai. Zirriparra ikaragarri horri Ottiliak jarduera barez erantzun zion eta bere trebetasun alaia distirarik ederrenean agertu zen; izan ere, denbora laburrean dena konpondu eta txukundu baitzuen. Denak alojaturik, nor bere aisiara geratu ziren, eta ongi zerbitzaturik zeudela uste zuten, zeren inork ez baitzien bere burua zerbitzatzea eragozten.

        Gogara hartuko zuketen denek atsedena, bidaia txit neketsuaren ondoren; gogara hurbilduko zatekeen senargaia amaginarrebarengana bere maitasuna eta onginahia aitortzera, baina Lucianek ezin zuen itxaron. Zorionera iritsia zen, zaldian ibili ahal izatera. Senargaiak zaldi ederrak zeuzkan, eta berehalaxe itzego behar izan zuten. Hodeiak eta haizea, euria eta ekaitza ez zituzten aintzakotzat hartu; bazirudien bustitzeko eta berriro lehortzeko bakarrik bizi zirela. Oinez ibili nahi bazuen, ez zen hasten galdezka zer jantzi zerabilen aldean ezta nolako oinetakoak zituen ere: hainbeste aipaturiko obrak ikusi egin behar zituen. Zaldiz ibili ezin zuena oinez korritzen zuen. Laster ikusi eta epaitu zuen dena. Bere izaeraren bizkortasuna kontutan izanik, ez zen erraza hari kontra egitea. Ingurukoek hamaika gauza jasan behar izan zuten, dontzeilek batik bat, ezin baitzioten gaina hartu hainbeste arropa garbitu, lisatu, birpasa, desjosi eta josteari.

        Etxea eta landa ahitu ondoren, ingurumariei bisita bat egitera behartua sentitu zen. Zaldiak presaka samar zeramatzatenez gero, urruntxoraino inguratu zuten ingurumaria. Gaztelua bisitondoz gainezka jarri zen, eta ezeren faltarik ez izateko, handik gutxira egun jakinak izendatu behar izan ziren.

        Bitartean Charlotte izeba eta senargaiaren negozio-gizonarekin barne-baldintzak finkatzen ari ziren eta Ottiliak, bere menpekoekin, hainbesteko jendetzari ezer falta ez zekion arduratu behar izan zuen, zeren gero ehiztariak, lorezainak, arrantzaleak eta dendariak mugimenduan jarri behar izan zirenean, Luciane beti sutan zegoen kometa bezala agertzen baitzen, atzetik isats luzea arrastaka zuela. Ohiko bisita-olgetak laster moteldu zitzaizkion.

        Doi-doi ematen zien atsedenik joko-mahaian adin gehiagoko pertsonei; neurri batean oraindik mugigarri zen guztiak —eta nor ez zen mugimenduan jarriko bere erregu zirikatzaileen aurrean? —mugitu beharra zeukan, dantza egiteko ez bazen, gutxienez bahitura, penitentzia eta zigor— jolas bizian. Eta nahiz eta hura guztia, nola bahituren ordainketa, berarentzat kalkulatua egon, beste aldean ez zegoen inor, batez ere inolako gizonezkorik, zeinahi motatakoa zelarik ere, hutsik joango zenik; berak garrantzizko adineko batzuen gogoak irabaztea lortu zuen, zuhurtziaz beren urtemuga eta santu-egunak noiz zituzten jakinez eta era berezian ospatuz. Honen ondoren, bazuen trebetasun bakan bat, oso berea: denak faboratuak sentitzean, bakoitzak bere burua jotzen zuen faboratuena; talde hartako zaharrenek ere modu nabarmenean zuten ahulezia berau.

        Bazirudien bere asmoetan zeukala, hierarkia, errespetagarritasuna edo ospeari zegokionean zerbaiten adierazgarri ziren gizonak bereganatzea; iseka egiten zion jakituria eta zentzuzkotasunari eta bere izaera bitxi bortzakoari, begiratuen artean ere, honetan gazteekin ere labur geratu gabe: guztiek zuten beren partea, beren eguna, beren ordua, zeinean berak lelotzen eta liluratzen zituen. Hala, bada, berandura jo zuen begiz arkitektoa, zeina, halere, zirkinik egin gabe egoten zen bere ile beltz uhintsuaren aurrean, tente, zuzen eta lasai tarte batera, eta labur eta argi bere galdera guztiei erantzunez, baina ez zirudien aurrera joateko prest zegoenik, eta horrela, azkenean, erdi nahigabe, erdi nahita, eguneko heroi bihurtzea erabaki zuen, horrela bere gorterako irabaziz.

        Ez zuen alferrik hainbeste fardel ekarri, gero jarraitu zitzaizkien beste guztiak kontutan izan gabe. Jantzi-aukera amaigabe batez hornitu zen. Egunean arropaz hiruzpalau aldiz mudatzeko gogoa izaten zuenean, eta goizetik gauera Jantzi arruntak, gizartean ohikoak direnak aldatzekoa, benetako maskara-jantzitan ere agertu ohi zen, baserritar edo arrantzale, maitagarri edo lore-saltzailez jantzita ere. Ez zeukan gutxitzat emakume zaharrez desgisatzea ere, bere gazte-aurpegia guritasun handiagoz kofiaren artean nabarmendu zedin; eta horrela, halako moldez nahas-mahasten zuen benetakoa eta irudikatua, non Saaleko Aztiarekin ahaidetua eta senidetua zegoela uste baitzuten.

        Baina mozorro hauek batez ere pantomimazko egoera eta dantzatarako erabiltzen zituen, zeinetan pertsonaia desberdinak adierazteko trebetasuna zuen. Bere segizioko zaldun bat prest jarri zen bere keinuak pianoan laguntzeko beharrezko musika apurrarekin; hizketalditxo labur bat aski izan zuten biek ados jartzeko.

        Egun batean, dantza baten atsedenaldian, zaldunaren ezkutuko eskariz, supituki, antzezpen horietako baterako supituki dei egin ziotelarik, nahastua eta harritua sentitu zen, eta bere ohituraz bestetara, asko erregutu behar izan zitzaion. Ezbaiti-itxurak egin zituen, bildutakoen eskuetan utzi zuen hautapena, inprobisatzaileak bezala, gaia eskatu zuen, harik eta bere laguntzaile hark, zeinarekin hitzartua egon behar baitzuen, pianora eseri eta hileta-martxa bat jotzeari ekin zion eta benetan ikasia zuen Artemisa hura antzezteko eskatu zion. Erreguarazi egin zion jendeari, eta absentzia laburraren ondoren, hileta-martxaren akorde samur tristeekin agertu zen, erregina alargunduaren itxurapean, urrats neurtuz eta errauts-ontzi bat zeramala. Atzealdean arbel handi bat zekarten eta urrezko lapitzeroailu batean ongi ebakitako klarion-zati bat.

        Belarrira zerbait esan behar izan zion bere gurtzaile eta laguntzaileetako bat, zuzenean arkitektoarengana joan zen, behartzera eta neurri batean indarrez eramatera, halako gisan, Mausoleoko hilobia marraz zezan, eta egin ere egin behar izan zuen, ez inola ere figurante-modura, baizik eta seriotasun guztiaz fartsan parte hartuz. Nahiz eta arkitektoak ere kanpoaldetik lotsatua zirudien, zeren beltzez jantzita, bere jantzi sinple, moderno, paisanozkoarekin, kontraste harrigarria eratzen baitzuen krespoi, gasa, zerrenda, ale, girgil eta koroa haiekin, laster menperatu zuen barrutik bere burua, baina itxura harrigarriagoa hartzeko. Seriotasunik handienaz jarri zen bi zerbitzarik eskuetan zeukaten arbelaren aurrean eta arreta eta zehaztasun handiz hilarri bat marraztu zuen, egia esateko, errege longobardo bati baino monarka kariar bati areago zegokiona, baina guztiarekin ere hain neurri ederretakoa, hain serioa bere ataletan, hain burutsua bere apainduretan, non denek atseginez ikusi zuten marrazten, eta amaitu ondoren, miretsi egin zuten.

        Denbora horretan guztian, ia itzuli ere ez zen egin erreginarengana, bere arreta lanean jarria baitzeukan. Azkenean, bere aurrean makurtzean eta keinuz bere agindua betea zuela aditzera ematean, berak urna eskuratu eta monumentuaren gailurrean irudikatua ikusi nahi zuela jakinarazi zion. Hala egin zuen arkitektoak, gogoz kontra bazen ere, zeren ez baitzetorren hain ongi urna hura bozetuaren gainerakoarekin. Lucianeri zegokionez, laster ikusi zuen bere burua ezinegonetik libratua: izan ere ez baitzuen marrazki arretatsu bat berari eskatzeko asmorik. Arkitektoak trazu banaka batzuekin bozetatuko zukeen mausoleo baten antzeko zerbait, hari gainerako denbora guztia eskainiz, eta hura nahi zuen helburuarekin eta gurariekin hobeki egokituko zatekeen. Aldiz, bere portaera haren aurrean, neska zalantzarik handienean geratu zen; zeren bere saminarekin olgatzen bazen ere, bere aginduekin eta adierazpenekin eta bere txaloekin, zeinen gainetik pixkanaka gailentzen ari zen, eta batzuetan ia arropatik tira egiten zion berarekin harreman gisako batean jartzeko, arkitektoa halere, hain ilarraindua agertzen zen, non neskak gehienetan bularraren kontra estutzen zuen, bere urnan babesa aurkitu behar izaten zuen, begirada zerura altxatuz, eta azkenean, halako egoerak gero eta gehiagora zihoazela ikusirik, areago zirudien Efesoko alarguntsa Karia erregina baino.

        Honekin guztiarekin antzezpena asko ari zen luzatzen; piano-joleak, nahikoa egonarri zuenak, ez zekien zer tonutan bariazioak jo. Eskerrak eman zizkion Jainkoari urna piramidearen gailurrean azkenean ikusi zuenean eta nahigabe, erreginak bere esker ona arkitektoari adierazten zion bitartean, doinu alai bati ekin zion, horrela fartsak erabat bere izaera galduz zuela, nahiz eta jendetza bizitu zuen eta berehala barreiatuz, Lucianeri miresmen alaia azaltzeko bere mimika bikainarengatik eta arkitektoari bere marrazki artezko eta apainarengatik.

        Batez ere, senargaia arkitektoarekin hizketan hasi zen.

        — Sentitzen dut —esan zion— marrazkia hain pasakorra izatea. Baina utzidazu gutxienez, neure gelara eraman eta zurekin hitz egin dezadan.

        — Atsegin baduzu —esan zuen arkitektoak— eraikin eta monumentu desberdinen marrazki zainduak aurkeztu diezazkizuket, eta haien aldean honako hau iraizeko bozetu pasakorra baizik ez da.

        Ottilia ez zebilen handik urrun eta biengana hurbildu zen.

        — Ez utzi, Ottilia —esan zuen arkitektoak—, baroi jaunari, bidenabar, zeure bilduma erakutsi gabe: arrearen eta antzinatearen adiskidea da; elkar gehiago ezagutu dezazuen nahi dut.

        Igaro zen handik Luciane eta galdetu zuen:

        — Zertaz ari zarete ?

        — Arte-obrazko bilduma batez —erantzun zuen baroiak— jaun honek daukan eta egunen batean erakutsi digun batez.

        — Dakarrela berehala —jaregin zuen Lucianek—. Ez al da egia berehala ekarriko duzula? —gehitu zuen lausengari, bi eskuez adiskidekor heltzen zion bitartean.

        — Agian ez da hau unerik egokiena —ihardetsi zuen arkitektoak.

        — Nola! —jaregin zuen Lucianek nagusikoi—. Ez al duzu zeure erreginak esandakoa egingo?

        Gero txantxetan erreguka ekin zion.

        — Ez zaitez zeurekoia izan —esan zion Ottiliak ahopean.

        Urrundu zen arkitektoa baietza edo ezetza izan zitekeen erreberentzia batekin.

        Hark alde egin orduko, Lucianek zirimola baten modura aretoan bira emateari ekin zion.

        — A —jaregin zuen, bidenabar, amarekin topo egitean— bai dohakabea naizela! Neure tximinoa ez dut aldean ekarri; ez ekartzeko gomendatu didate, baina nire jendearen erosotasunarengatik bakarrik kendu didate atsegin hori. Baina ekartzeko agindu behar dut; norbait bidali behar dut bere bila. Bere irudia ikuste hutsarekin pozik jarriko nintzateke. Baina ziur nago pintatzeko aginduko dut eta ez zait ondotik aldenduko.

        — Agian kontsola zintzaket —erantzun zuen Charlottek— liburutegitik tximinoen estanparik bakanenak bakarrik dituen liburu oso bat ekarriz.

        Lucianek pozezko oihu bat jaregin zuen, eta berehala eraman zioten folio-liburu bat. Animalia izugarri haiek, gizakiaren antzekoak zirenak eta oraindik artistak gizakiaren antz handiagoko bihurtuak, Lucianeri bozkariorik handiena eman zioten. Baina bere zoriona ia gainezka jarri zen animalia haietako bakoitzari pertsonaren baten antza aurkitzean.

        — Ez al dauka honek osabaren antza? —esaten zuen gupidagabe—. Eta beste honek M... moda-merkatariarena?, eta honek S. erretorearena? eta beste honek Dinga mardularena? Barrenean, tximinoak dira benetako incroyableak, eta ezin ulertuzkoa da nola utzi dituzten gizarte onetik kanpo.

        Hori gizarte onean esan zuen baina inork ez zion gaizki hartu, halere. Hain zeuden ohituak bere graziaren aurrean amore ematera, ezen azkenean bere desarauari ere dena onartzen zioten.

        Bitartean, Ottilia senargaiarekin hitz egiten ari zen. Arkitektoa noiz itzuliko zegoen, zeinaren album serioago eta gustu hobekoek libratuko baitzituzten tximino guzti haietatik.

        Itxaropen horretan kontzertaturik zegoen baroiarekin eta gauza askotaz ohartarazi zuen. Baina arkitektoa ez zen itzultzen, eta azkenean iristean solaskideen artean galdu zen, aldean ezer ez zuela, eta halakorik aipatu ere egin zenik aditzera eman gabe.

        Ottiliak une batez —nola esan genezake?— nahigabeturik, atsekabeturik, harriturik egon zen; hitz on bat izan zuen berarentzat, olgeta-une bat eskaini zion senargaiari bere atseginaren arabera, zeinak maitasun amaigabea izan Lucianerenganako, haren portaerarekin nozitzen zegoela baitzirudien.

        Tximinoek ahamen bati utzi behar izan zioten beren lekua. Gizarte-jokoak, dantza asko, eta azkenik berriketa aspergarri bat, berriro atsegin moteldu baten jarraitzea eta oraingoan, beste batzuetan bezala, gauerdia pasatuz luzatu zena. Zeren Luciane ohiturik baitzegoen ordurako goizetan ohetik jaikitzeko ordurik ezin aurkitu izatera, ezta gauez oheratzekoa ere.

        Garai horretan bakanago aurkitzen dira Ottiliaren Egunkarian gertakari idatziak, aldiz, bizitzari buruzko eta bizitzatik ateratako zuhurritz eta sententziak sarriago daudelarik. Baina haietako gehienak ezin zitezkeen izan berak sortuak, pentsa liteke koadernotxoren bat utziko ziotela eta bertatik bere gogokoak kopiatuko zituela. Erreferentzia barnekoiagoko ezaugarri bat baino gehiago ondotxo ezagutzen da hari gorritik.

 

 

Ottiliaren Egunkaritik

 

        Hain gogara begiratzen diogu etorkizunari, zeren harat-honat mugitzen den gutxi gorabeherakoa geure aldera, geure gurari isilen bidez ekarri nahi baitugu.

        Ez gara eroso sentitzen talde handi batean, hainbeste gauza biltzen dituen halabeharrak, gure adiskideak ere bertara eraman beharko lituzkeela pentsatu gabe.

        Nahi bezain zentzuz bizi garelarik ere, konturatu baino lehen, zordun edo hartzekodun bihurtzen gara.

        Esker ona zor digun norbaitekin topo egiten badugu, berehala pentsatzen dugu: Zenbat aldiz topo egingo dugun esker ona zor diogun norbaitekin, pentsatu gabe!

        Besteekin komunikatzea natura da; komunikatua, ematen zaigunez hartzea kultura da.

        Inork ez luke asko hitz egingo gizartean zeinen sarri esanak besteak gaizki ulertzen dituen konturatuko balitz.

        Inoren hitzak hainbeste aldatzen badira errepikatzean, ulertu ez direlako izaten da.

        Besteez luzaroan hitz egiten duenak, entzuleak lausengatu gabe, gaitzerizkoa sortzen du.

        Esandako hitz orok kontraesana sortzen du.

        Kontraesana eta lausenguak biek eratzen dute elkarrizketa txarra. Bilerarik atseginenak solaskideek elkarrenganako errespetu alaia daukatenak dira.

        Ezerk ez du gizakiaren izaera hobeki adierazten barregarri aurkitzen duenak baino.

        Barregarria dena kontraste moral batetik sortzen da, zeina era kaltegabean lotzen baitzaio zentzuari.

        Pertsona zentzukoiak barregarria denaz egiten du barre. Horrek eragin egiten dio, barne-atsegina agerian jartzen dio.

        Inteligenteak ia dena barregarri aurkitzen du; zentzuzkoak ia ezer ez.

        Gizon urtetsu bati emakume gazteen atzetik ibiltzea aurpegiratzen zioten: «Bide bakarra da —ihardetsi zuen— gaztetzeko, eta hori denok gogokoa dugu».

        Gabezia asko nozitzen ditugu, zigorrak hartzen ditugu, asko pairatzen dugu egonarriz beraiengatik; baina egonarria galtzen dugu utzi behar ditugunean.

        Akats batzuk beharrezkoak dira nor bera izateko. Ez litzaiguke atsegina gertatuko adiskide zaharrek gaitasun batzuk galtzea.

        Norbere izaeraren aurkako zerbait egiten duena laster hiltzen omen da.

        Zer akats da gorde beharrekoa, eta areago, landu beharrekoa? Bestea iraindu ordez lausengatzen duena.

        Grina akats edo bertute da, hain areagotua.

        Gure grinak egiazko fenixak dira. Zaharra erre bezain laster, sortzen da berria errautsetatik.

        Grina handiak itxaropen gabeko gaixotasunak dira. Senda litzakeenak, bihurtzen ditu arriskutsu hain zuzen.

        Grina konfiantzarekin gehitzen eta baretzen da. Agian, ezertan ez litzateke erdibidea nahigarriago maite ditugunenganako konfiantzan eta erreserban baino.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia