III. KAPITULUA
Hain sentipen atsegina da erdizka bakarrik ezagutzen dugun zerbaitetan aritzea, non inork ez bailioke haserre egin beharko zaletuari inoiz ikasiko ez duen arte batean aritzeagatik, ezta artistari ere, baldin eta bere artearen mugetatik irtenik, albo-eremu batean barrena ibiltzearen atsegina badu.
Barne-aldarte onbera honekin begiztatzen ditugu kapera pintatzeko arkitektoaren planoak. Prest zeuden koloreak, mukuluak hartuak, kartoiak marraztuak; uko egina zion berak orijinaltasun-nahi orori, bere bozetuei atxikirik, irudi eseriak eta eralkiak trebeki banatzea beste asmorik gabe eta beraiekin espazioa apaintzea, gustu oneko erregelen arabera.
Jaso zen aldamioa; aurrera zihoan lana eta begi-bistakoa zen zerbait lorturik zegoenean, ezin izan zioten uko egin Charlottek eta Ottiliak bisita egiteari. Aingeru-aurpegi biziek, zeruaren hondo urdinaren gaineko jantzi biziek begiak alaitzen zituzten, beren jarrera isil eta jaieratsuak barrenean biltzera bultzatzen eta oso efektu samurra sortzen zuten bitartean.
Andreak, bertara iristeko, aldamioen gainera igo ziren, eta doi-doi konturatu zen Ottilia zeinen egoki eta eroso ezarria zegoen hura guztia, bazirudien bat-batean ikasketa goiztiarrean jasotakoa berarengan garatu zela; hartu koloreak eta pintzelak, eta irakaskuntza ez ahaztuaren arabera, tolesturatan oso jantzi aberatsak egin zituen, garbitasuna bezain trebetasun handiarekin.
Charlottek pozik ikusten zuen Ottilia zerbaitez arduratu eta olgatzea; biak berriketan utzi eta bere pentsamenduetan murgiltzeko aldendu zen, inorekin asaskatu ezin zituen bere gogoeta eta ardura haiei berrekiteko.
Pertsona arruntek, eguneroko kezka arrunten bitartez egoera grinatsu eta larri bateraino asaldatzean, gupidazko irribarre bat sortarazten digute; aitzitik, beti beldurrez begiratzen diogu destino handi baten ernamuinak bere baitan dituenari, sentsibilitate horren garapenari itxaroten egon behar duenari, eta uste duenari ezin duela eta ez duela bizkortu behar gauzen egoera horretatik sor litekeen ongia edo gaizkia, zoriona edo zorigaitza.
Charlottek bere bakardadean bidalitako mezuari, Eduardek adiskidekor eta interesez erantzun zion; baina hala eta guztiz ere, neurriz eta serio areago konfiantzaz eta maitasunez baino. Handik gutxira desagertu egin zen Eduard, eta emazteak ezin izan zuen beraren albisterik eskuratu, harik eta halabeharrez, bere izena egunkari batean aurkitu zuen arte, non baitzetozen gerra-egintza garrantzizko batean nabarmendu ziren pertsonen izenak. Orain bazekien zer bideri lotu zitzaion, bazekien arrisku handitan ibilia zela, baina aldi berean konbentzitu zen oraindik handiagoak bilatuko zituela konbentzitu zen, eta hartatik guztitik oso nabarmen atera ahal izan zuen oso zaila izango zuela demasietatik aldendurik egotea. Berak isilean zeraman bere baitan ardura hori, eta jira eta bira ematen zion arren, ezin zuen inondik ere atsedenik lortu.
Ottilia, hau guztia susmatu ere egin gabe, oso zaletu zen lan harekin, eta Charlottegandik erraz lortu zuen baimena hartan erregularki jarraitu ahal izateko. Harrez gero bizkor joan zen hura eta zeru urdina bizilagun duinez beterik agertu zen. Ariketa sarriaren ondorioz, Ottiliak eta arkitektoak, azken irudietan askatasun handiagoa lortu zuten eta begi bistan zegoen hobetuz joan zirela. Aurpegiak ere, zeinen pintaketa arkitektoaren eskuetan bakarrik jarri zen, gero eta berezitasun apartekoago bat erakutsiz joan ziren, zeren denek Ottiliaren itxura hartzen hasi baitziren. Neskatila ederraren hurbiltasunak derrigor eragin behar zuen mutil gaztearen ariman, oraindik ezein fisonomia natural edo artezko aurrepentsaturik ez zuen harengan, hain zirrara sakona, non pixkanaka, begitik eskurako bidean, ez baitzitzaion ezer galdu, eta azkenerako biek adostasunean egiten zuten lan. Aski bedi esatea azken aurpegietako bat hain perfektua atera zitzaiola, non baitzirudien Ottilia bera zegoela espazio zerutiarretatik lurrera begira.
Amaitu zen ganga; hormak zeuden bezala uztea erabaki zuten, kolore argiago, nabar batez estaliak, koloma txairoak eta eskulturazko apaindura artistikoak kolore ilunagoz nabarmenduko ziren. Baina gauza horietan batak berekin bestea dakarren, lore eta fruituzko girnaldak pintatzea ere erabaki zuten, zerua eta lurra bata bestearekin lotuz. Honetan Ottilia bere lekuan zegoen. Lorategiek eredurik ederrenak eskaini zizkioten, eta nahiz eta girnaldak aberastasun handiz hornitu, uste baino lehenago amaitu zituzten.
Baina oraindik denak soil eta zakar zirudien. Aldamioek muntaturik jarraitzen zuten, oholek bata bestearen gainean ezarririk; lurzoru desberdina oraindik egoera txarragoan zegoen gainera isuritako pintura askotarikoarengatik. Arkitektoak oraindik beste zortzi egun eskatu zizkien andreei eta bitarte horretan ezin izango zuten kaperan oinik jarri. Azkenean, arrats eder batean, alde banatatik bertara joateko baimena eman zien, baina ez laguntzeagatik desenkusatuz eta presaka adio esanez.
— Zernahi delarik ere eman nahi izan digun ezustekoa —esan zuen Charlottek, mutil gazteak alde egin eta gero—, ez daukat behera jaisteko batere gogorik. Zoaz zeu bakarrik eta gero berri emadazu. Ziur egon zerbait atsegina egin duela. Nik aurrena zure deskribapenean eta gero errealitatean gozatuko dut hartaz.
Ottiliak, ongi baitzekien Charlotek gauza askotan bere burua gordetzen zuela, emozio-mota guztiei iskintxo egiten ziela eta batez ere ezustekorik ez zuela nahi izaten, bera bakarrik irten zen bidera eta nahi gabe begiratu zuen bere inguruan arkitektoaren bila, zeina ez zen inon ageri eta ezkutaturik zegoen, nonbait. Zabalik aurkituriko elizan sartu zen. Ordurako amaiturik, garbi eta sagaraturik zegoen. Hurbildu zen kaperako atera, zeinaren burdin ate kobreztatuak erraz amore eman zion, eta leku ezagun batean espero ez zuen ikuspegi batek harritu zuen.
Leiho garai bakarretik argi ñabarra sartzen zen, izan ere koloretako beiraz egokiro osatua baitzen. Denak tonu estrainio bat hartzen zuen eta barne-aldarte berezi baterako prestatzen zuen. Ganga eta hormen ederra lurzoruaren apaindurek nabarmentzen zuten, zeina baitzen forma bereziko adreiluz egina, eredu eder baten arabera ezarri eta isuritako kisu-geruza batez elkarturik. Adreilu hauek, baita koloretako beirak ere, ezkutuan eragin zituen arkitektoak eta denbora laburrean moldatu ahal izan zuen dena. Atseden-lekua hornitzeaz ere arduratu zen. Antzinako gauza haien artean koruko aulki ongi landu batzuekin topo egin zuen eta orain han zeuden inguruan hormetara trebeki arrimatuak.
Multzo ezezagun bezala eskaintzen zioten atal ezagun haiekin gozatu zuen Ottiliak orain. Gelditu egiten zen, harat-honat zebilen joan-etorrian, begiratu eta berriz begiratzen zuen; azkenik aulkietako batean eseri zen, eta gora eta ingurura begiratzen zuen bitartean, balitz eta ez balitz bezala, hautemango balu eta ez balu bezala, bere begien aurrean zeukan hura guztia eta berak ere ezabatu behar balu bezala sentitzen zuen, eta eguzkiak alde egitean bakarrik, ordura arte leihoa bizi samar argitu zuen eguzkiak alde egitean esnatu zen Ottilia gaztelurako bideari presaka heltzeko.
Gogoan zuen zer une berezitan gertatu zitzaion ezustekoa. Eduarden urtemugaren bezpera zen. Egun hura beste era batera ospatzea espero izan zuen, noski. Bai dotoretua egongo zela egun horretan guztian. Baina oraindik udazkeneko lore-aberastasuna ukigabe zegoen. Oraindik ekiloreek zerurantz zuzentzen zituzten beren aurpegiak; bitxiloreek apalki lurrera begiratzen jarraitzen zuten eta lore horietatik girnaldak egiteko bildu zenak eredutzat balio izan zuen leku bat apaintzeko, zeinak artezko burdin ate soil izan behar ez bazuen, zerbaitetarako izatekotan, hezurtegi komun izateko bakarrik zirudien egokia. Horregatik Eduardek bere urtemuga ospatu zueneko jarduera zaratatsua gogoratu behar izan zuen, eta landetxe eraiki berrian, zeinaren teilatupean hainbat adiskidetasun elkarri agindu baitzioten, pentsatu behar izan zuen. Bere jaiko su artifizialak ere igaro zitzaizkion berriro begi eta belarrietatik, eta zenbat eta bakarrago zegoen, hainbat eta gehiago irudimenaren aurretik; baina guzti horrekin oraindik hainbat bakarrago sentitzen zen. Ez zen jadanik bere besora arrimatzen, eta ez zuen gehiago bere besoaren irozkaia aurkituko zuen itxaropenik ere.
Ottiliaren Egunkaritik
Artista gazte horren ohar bat idatzi behar dut hemen: bai artisauen eta bai artista plastikoen artean oso garbi nabari da gizakiarentzat zailena erabat berea duenaz jabetzea dela. Obrek, txoriek habia bezala, utzi egiten dute, hazi eta gero.
Arkitektoak du honetan destinorik miragarriena. Bai sarritan zuzentzen duela bere izpiritua, bere isuri osoa lekuak egitera, zeinetatik gero bera kanpoan utziko duten. Erret aretoek berari zor diote ponpezia, baina beraien efektu bikaina ez du gozatzen. Tenpluetan muga ezartzen du bera eta santuenaren artean eta izpiritua jasotzen duten jai horietarako eraikitako mailak ezin ditu gainditu, urreginak eguzki-saindua urrunetik bakarrik gurtzen duen bezala, zeinaren esmaltea eta harribitxiak komunztatu dituen. Arkitektoak aberatsari jauregiaren giltzarekin batera erosotasun eta jabego oro eskuratzen dio, berak horretatik ezer gozatu gabe. Ez ote da, horretara, azken finean, artea artistarengandik aldendu behar, aitarengana inoiz itzuliko ez den haur lagatua bezala? Eta zenbat ez ote litzateke aurreratuko arteak, ikuslegoaz ia bakarrik, zeinaren artekoa den dena, baita artista bera ere, arduratu beharko balu!
Antzinako herrien irudikapen bat serioa da eta itxura beldurgarria izan lezake. Bere arbasoak haitzulo handitan biribilean tronuetan eserita elkarrizketa mutuan imajinatzen zituen. Etorri berria, horretarako nahikoa duin zenean, zutitu eta ongietorria egiten zioten. Atzo, kaperan eserita nengoen bitartean, eta neure aulki landuaren aurrean beste batzuk han inguruan ezarriak ikusten ari nintzela, pentsamendu horri atsegin eta lausengari iritzi nion. «Zergatik ezin zara eserita geratu —esan nion neure buruari—, eserita eta zeure baitan sarturik, luze, luze, harik eta adiskideak etorri arte, eta zuk zutitu eta zeini bere lekua erakutsi arte?» Beira koloretsuek eguna ilunabar serio bihurtzen zuten eta bakoitzak kriseilu betierako bat beharko zuen gauez ere erabateko iluntasunik egon ez zedin.
Nahi dena imajina daiteke, baina beti ikusten imajinatzen dugu geure burua. Uste dut gizakiak ikusteari inoiz ez uzteko amets egiten duela. Gerta liteke gure baitatik argia errainutzea besteren beharrik izan ez genezan.
Urtea beheraka doa. Haizea mailen gainetik dabil eta ez du zer higiturik aurkitzen; zuhaitz lerden hartako ale gorriek bakarrik zerbait alaia erakutsi nahi digutela ematen du, eultziaren triki-trakak berak ere ebakitako galburuan janari eta bizi ugari gordeta dagoela gogorarazten digu.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu