II. KAPITULUA

 

        Pasadizoak eta hari buruzko hizketak asaldaturik, biharamunean ehorzketa-lekura joan ziren, berau apaindu eta alaitzeko proiektu bikain bat baino gehiago egin baitzuen. Baina elizara ere hedatzekoa zuen bere arreta, hasieratik bere aditasuna erakarri zuen eraikinera.

        Bazituen eliza hark zenbait mende eta alemaniar gisa eta artearen arabera eraikia zen, mukulu onetan eta era egokian apaindua. Oso ongi nabari zen auzoko monasterio baten egilea izan zen arkitektoa, zuhurtasun eta isuriz nabarmendu izan zela eraikin txikiago honetan ere, zeinak beti zirrara eragiten baitzuen era serio eta atseginean begiztatzen zuenari, nahiz eta kultu protestantera behiala egindako moldaera berriak bere patxada eta maiestateari zerbait kendu zion.

        Ez zitzaion arkitektoari asko kosta Charlottegandik diru-kopurutxo bat eskuratzea, eraikinaren kanpoko aldea eta barnealdea lehengoratzeko antzinako erara, aurrealdean hedaturik zegoen berpizkunde-zelaiarekin adostasunean jartzeko asmoz. Berak ere bazuen aski trebetasun eta gogara geratu nahi izan zuten bertan etxearen eraikuntzan zebiltzan langile batzuek, obra jaierazko hura amaitu arte.

        Iritsi zen eraikina bere ingurumari eta albo-eraikinekin aztertzeko unea, eta orduan arkitektoaren harridura eta atsegin handiarekin, albo-kapera bat agertu zen, ordura arte inork ohartu gabea, mukulu iaio eta arinagoekin eta apaindura oraindik atseginago eta landuagoekin. Kapera horrek hondakin landu eta pintatu ugari zituen antzinako kultu hartakoak, zeinak baitzekien imajina eta tresna desberdinekin, jai desberdinak ezaugarritzen eta bakoitza era berezian ospatzen.

        Arkitektoak ezin izan zuen utzi kapera berehalakoan bere planean sartu eta lehengoratu gabe, batez ere, gune mugatu hura, aldi joanen eta bere arte-gustuaren monumentu gisara. Jadanik asmatua zeukan nola apaindu hutsarteak, kapritxoaren arabera, bere pintore-talentua erakusteko sortzen zitzaion aukera hura bere baitan ospatuz; baina isilpean eduki nahi zuen etxeko jendearen aurrean.

        Ezer baino lehen andreei aginduaren arabera antzinako hileta-monumentuei, txarro eta gai honetazko beste gauza batzuei buruz zeuzkan birsorkuntza eta bozetuak erakutsi zizkien, eta hizketan iparraldeko hernien hilobi sinpleagoen aipamena egin zenez gero, beraietan aurkitutako arma eta lanabesen bilduma jarri zuen begien aurrean. Dena oso garbi eta erabilgarri zeukan kaxoi eta apaletan, zenbait ohol landutan eta oihalez estalirik, halako moldez, ezen antzinako gauza serio haiek apaingailuak izan zitezkeela eta jostun baten kutxatilak bailiran begira zekiekeela pentsarazten zuten. Eta bakardadeak olgeta eskatzen ziola sentitzean altxor haiekin denbora ematen zuen gauero. Gehienak alemaniar jatorrikoak ziren: trakteak, tokak, txanponak, zigiluak eta beronekin zerikusia zuen guztia. Gauza guzti haiek irudimena aspaldiko garaietara eramaten zuten eta nola berak amaiera ematen zion olgeta hari. Inprimategia, grabatua eta kobrerik aspaldikoenen egunsentia birpasatuz, eta egunero baita eliza ere, gustu haren arabera, haziz zihoan kolorean eta gainerako apainduratan iraganari buruz, non bere buruari ia aldi modernoetan bizi zen galdetzeko zorian aurkitzen zen, ametsa ez ote zen orain ohitura, aztura, bizimodu eta sineste erabat desberdinen erdian aurkitze hura.

        Honela prestaturiko koaderno handi bat eraman zien azkenean bere adiskideei, efekturik hoberena eginez. Egia esateko, gehienbat irudi bozetatuak zeuzkan, baina imajinen gainean marraztuak izan zirenez gero, beren antzinako izaera guztia gordea zuten, eta txit atseginak gertatu zitzaizkien begiztatzaileei. Irudi guzti haietatik izaterik garbiena bakarrik nabari zen; dena aldarrikatu behar zen, noble ez bazen, gutxienez on zela. Bilduma naroa, errespetagarria den zerbait berezko ezagutza geure buruen gainetik, sakrifizio isila maitasun eta itxaropenean, zegoen adierazia aurpegi guztietan, keinu guztietan. Agurea, bere garezur soilduarekin; mutil gazte tximaduna, nerabe adoretsua, gizon larria, santu zaildua, aingeru ilauna, denek zoriontsu ziruditen beren atsegin errugabean, itxarote jaieratsuan. Gertatzen zen arruntenak ere bizi zerutarrezko ezaugarria ageri zuen, eta bazirudien natura bakoitzak erritu bat zeukala izendatua.

        Halako eskualdera batera zuzentzen zuten gehienek begirada urrezko aro ezabatu batera, paradisu galdu batera bezala. Agian Ottilia bakarrik zegoen kideen artean sentitzeko eran.

        Nork egin ziezaiokeen kontra, beraz, arkitektoari lehen eredu haien arabera kaperako arkuetako hutsarteak pintatzeko baimena eskatu zuenean eta horrela bere oroitzapena toki batean finkatzeko, gauzak hain ongi joan zitzaizkion toki batean? Melankolia apur batekin egin zuen honi buruzko adierazpena, zeren gauzen egoeratik ateratzen baitzen ezin zitekeela betirakoa izan halako lagunarte konplituan egotea, aitzitik, alderantziz, agian oso laster izan beharko zuela amaiera.

        Gainerakoan egun haiek ez ziren gorabeheratan aberatsak, nahiz eta elkarrizketa serioetarako aukera ematen zuten. Horregatik baliatzen gara abagune honetaz gauza haietaz Ottiliak bere koadernoetan notatzen zuena jakinarazteko, zeinetarako ez baitugu iragaitza trebeagorik bere orri maitagarriak iraultzean aurkitzen dugun simil batez baliatzea baino.

        Entzuna dugu Ingeles Marinan badela instituzio bitxi bat. Erret Armadaren itsuta osoa, sendoenetik ahulenerainokoa, halako moldez dago ehoa, ezen hartan guztian zehar hari gorri bat doan, zeina baitago ateratzerik beste guztiak askatu gabe, eta zeinak zatirik txikienak ere koroarenak direla aldarrikatzen duen.

        Bada, era berean, Ottiliaren Egunkaritik dena lotzen eta multzo osoa ezaugarritzen duen isuri eta atxikimenduzko hari bat igarotzen da. Berorri esker, ohar, gogoeta eta zuhurritz gailen hauek, eta sor litekeena, erabat idazlearen jabego izango dira eta berarentzat esangurazko. Guk geuk hautatu eta jakinarazitako pausuetako bakoitzak ere hartaz lekukotasunik erabakigarriena emango du.

 

 

Ottiliaren Egunkaritik

 

        Maite denaren ondoan atsedena hartzea da gizakiak izan lezakeen burutapenik atseginena bizitzaz pentsatzen jartzen denean. Beretarrekin egon!, bai esamolde bihozkorra!

        Era askotako monumentu eta zeinuak daude alde eginak eta hildakoak hurbiltzen dizkigutenak. Baina ezerk ez du imajinaren garrantzirik. Imajina maitatu batekiko elkarrizketak badu zerbait xarmangarria, adiskide batekin eztabaidan aritzeak duen bezala. Era atseginean sentitzen dugu bi garela eta, halere, ez dago bata bestearengandik banantzerik.

        Sarritan hitz egiten dugu aurrean daukagun pertsona batekin imajina batekin bezala. Ez du hitz egin beharrik, ez begiratu beharrik, ezta gutaz arduratu beharrik ere; ikusi, sentitu egiten dugu berarekiko harremana, eta berarekiko gure harreman hori areagotu egin daiteke berak horretarako besterik egiteke, ezta sentitu ere, gurekin erretratu batekin bezala portatzen delarik.

        Ez gaitu inoiz betetzen ezagutzen dugun pertsonaren erretratuak. Horregatik beti errukia eman izan didate erretratugileek. Oso gutxitan eskatzen zaio inori ezinezkorik eta, halere, beraiei eskatu egiten zaie. Bakoitzari bere erretratuan pertsonekiko harremanak, bere begikotasunak eta gaitzerizkoak izendatu behar zaizkio bakoitzari; eredua ez dute berek ikusten dutenez irudikatu behar, besteek ikusten dutenez baizik. Horrela, ez nau batere harritzen artista horiek pixkanaka barnekoi, axolagabe eta berekoi bihurtzea. Axola gutxi liguke honetaz zernahi izateak horregatik pertsona maitatu eta baliotsu askoren irudirik gabe geratuko ez bagina.

        Egia handia da arkitektoaren antzinako arma eta lanabesen bildumak, gorpuaren ondoan tumulu eta trikuharri garaiez estalia zegoenak sinestarazten digu zeinen alferrekoa den gizonaren aitzin-arreta heriotzaren ondoren bere nortasuna iraunarazteko. Eta bai kontraesankorrak garela! Arkitektoak aitortzen du berak ireki zituela arbasoen hilobi horiek eta, guztiarekin ere, ondorengoentzako monumentuak eraikitzeaz arduratzen da. Baina zergatik hartu behar ditugu hain estu gauzak? Agian egiten duguna betiereko egiten ote dugu? Ez al gara goizean janzten arratsaldean eranzteko? Ez al gara urruntzen hurbiltzeko? Beraz, zergatik ez dugu nahi izan behar geutarren ondoan atsedena hartzea, nahiz eta mende bakar batez izan?

        Elizarako zidorretan zehar barreiaturiko hilobi eroriei so egitean, beren hilobien gainean porrokaturiko elizei, beti imajina dezakegu heriotzaren ondoko bizitza imajinan, inskripzioan sartzen gareneko bigarren bizitza bat bezala, eta bertan luzaroago irauten dugu egiazki bizitza bizia den horretan baino gehiago. Baina imajina hau, bigarren bizitza hau, desagertu egiten da beranduago edo goizago. Gizakiengan bezala baita monumentuetan ere denborak ez dio inori eskubideak kentzen uzten.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia