I. KAPITULUA
Bizitza arruntean sarritan topo egiten dugu epopeian poetaren asmakaritzat jo ohi dugunarekin, hau da, protagonistak urruntzen eta ezkutatzen direnean nagitasunean murgiltzen dira eta berehala bigarren, edo hirugarren pertsonaia bat sortzen da, ordura arte doi-doi erreparatua eta hutsunea betetzera datorrena, bere jarduera guztia erakutsiz eta berehala gure arreta eta interesaren duin ez ezik, gorespen eta laudorioarena ere bihurtzen dena.
Horrela, kapitaina eta Eduard urrundu eta berehala, gero eta esanguratsuago bihurtu zen arkitekto hura, zeinaren baitan egon baitzen hainbeste enpresa agindu eta burutzea, beraietan zintzo, azkar eta jardukor agertu zelarik, aldi berean andreei gauza askotan lagundu eta ordu motel eta aspergarrietan olgarazten jakin zuena. Kanpo-itxura konfiantza sortu eta isuria suspertzeko modukoa zuen. Mutil gaztea, hitzaren zentzu osoan, ongi eratua, lerdena, garaiegixea, eratsua kikila izan gabe, prestua gogaikarri izan gabe. Pozik onartzen zuen arreta eta ahalegin oro, eta kontuak ateratzen bizkorra izaki, laster bihurtu zitzaion etxezaintza sekreturik gabeko eta noranahi hedatu zuen bere eragin mesedegarria. Eskuarki berak egiten zien abegia ezezagunei, eta bazekien ustekabeko bisitak uxatzen eta gutxienez andreak halako moldez aurretiaz prestatzen, ezen ez baitzitzaien haietatik inolako deserosotasunik sortzen.
Besteak beste, nahikoa lan eman zion egun batean abokatu gazte batek, zeina aiton-seme auzo baten eskariz, Charlotteri aski asaldagarri gertatu zitzaion arazo batez hitz egitera etorri zen, nahiz eta garrantzi handikoa ez izan. Gertakari hau gogora ekarri beharrean gaude, zeren bestela agian luzaroan geldi egongo ziratekeen gauza bat baino gehiago bultzatu baitzituen.
Gogoan dugu Charlottek nola egin zuen aldaketa bat kanposantuan. Hilobi guztiak lekuz aldatu eta elizako hormaren, zokalo ondoan ezarri zituzten. Sailaren gainerakoa lautu egin zuten. Bide zabal bat, elizara eta beronen saihetsaz harantzago zegoen atakaraino gidatzen zuena salbu, gainerakoa hirusta-mota desberdinez erein zuten eta berdetasun eta loraz itxura ezin hobea zeukan. Ordenu jakin baten arabera, azkenetik hasita hilobi berriak kokatu behar ziren haraino, baina aldioro saila berdinduz eta hazia ereinez. Inork ezin zuen ukatu ezarkera honek eguzki eta jai-egunetan elizarako bideari itxura alai eta duinago bat ematen ziola. Apaiza bera ere, edozertarako aholkua eskatzen zioten eta antzinako ohiturei lotua, eta lehenengotan berrikuntza harekin oso pozik ez zegoena, orain pozik zegoen ezki urtetsuen itzalpean, Filemon bere Bauzisekin bezala atsedena hartuz, atze-atearen aurrean, hilobi izugarrien ordez tapiz polit ñabarra ikusten zuen; gainera bere etxeari mesede egiten ziona, izan ere Charlottek erretorearen eskuetan utzi baitzuen sail haren ustiapena.
Hala eta guztiz ere, bere garaian eliztar batek baino gehiagok gaitzetsi zuten beren arbasoek atsedena hartu zuten tokien izendapena ezabaturik eta haien oroitzapena ia iraungirik geratu izana, zeren, egia zen, ongi iraunarazitako monumentuek zendua nor zen adierazten zuten, ez ordea ehortzirik non egon zen, eta horrek axola zion, askok aitortzen zutenez.
Iritzi berekoa zen familia auzo bat, aspaldidanik beretzat eta beretarrentzat leku bat segurtatua zeukana guztientzako atsedenleku hartan eta horretarako elizarentzat zuzkidura apal bat izendatua zeukan. Bada, zuzkidura atzera bota eta gehiago ez zutela ordainduko jakinaraztera bidali zuten abokatu gazte bat, ordura arte ordaindu izan zeneko baldintza, alde batetik aldatua izan zelako, protesta eta argudio guztiei jaramonik egiteke. Charlottek, aldaketa haren egile nagusiak, berak hitz egin nahi izan zuen gaztearekin, zeinak bizitasun handi samarrarekin, nahiz eta ez begirune gehiegirekin, bere arrazoiak eta bezeroarenak azaldu zizkion, eta zer pentsatu handia eman zien etxeko guztiei.
— Ikusten duzu —esan zuen sarrera labur baten ondoren, zeinean bere hertsakortasuna zuribidetzen asmatu zuen—. Ikusten duzue apalenari eta garaienari axola handia diola beretarrak atsedenean dauden tokia markatzea. Semea lurperatzen duen baserritar behartsuenari pozbide zaio zurezko gurutze ahul bat hilobian ezartzea, koroaz apaintzea, haren oroitzapenari eusteko gutxienez saminak amore eman arte, nahiz eta seinale hori, lutua bera bezala, denborarekin desagertzekoa izan. Modua dutenek gurutze hori burdinazko bihurtzen dute, era askotara finkatzen eta babesten dute, eta horrela zenbait urtetarako iraupena izaten du. Baina nola beste gurutze hauek ere erortzen eta galtzen diren, aberatsek ez dute ezer hoberik asmatu harri bat eraikitzea baino, zenbait belaunaldiz iraungo duela agintzen duena eta ondoren datozenek berriztatu eta lehengoratu dezaketena. Baina ez gaitu harri honek erakartzen, azpian daukanak baizik, berarekin lurrari fidatu zaionak. Ez da oroigarria kontutan hartzen, pertsona baizik; ez oroitzapena, presentea baizik. Hildako maite bat nik lehenago besarkatzen dut eta suhar handiagoarekin hilobian oroitarrian baino, zeren azken hau, egia esateko, berez gauza gutxi baita; bakarrik bere inguruan, mugarri batenean bezala, heriotzaren ondoren senarra, ahaideak, adiskideak biltzen dira, eta bizi denak izan behar du arrotzak eta gaizki-nahikoak bere zendu maiteen ondotik uxatzeko eskubidea.
Hori guztiarengatik nire ordezkatuak eskubide osoa duela zuzkidura jasotzeko aldezten dut; eta horretan aski neurriko agertzen da oraindik, zeren familiako senideei halako iraina egin zaie, non ordainsaririk ez duen. Zeren beren zendu maiteei opari bat eramatearen eta egunen batean beren ondo-ondoan atsedena hartzeko itxaropen kontsolagarriaren sentipen eztiaz mingarriki gabetuak aurkitzen baitira.
Kontuak ez du inor auziratzeko adina garrantzi —erantzun zuen Charlottek—. Ez dit batere damurik ematen neure obrak eta prest nago elizari kendutakoarengatik kaltea ordaintzeko. Baina zinez aitortu behar dizut, zure argudioek ez nautela konbentzitu. Azkeneko berdintasun komunaren sentipen garbiari, gutxienez heriotzaren ondoren, lasaigarriago deritzot gure nortasun, atxikimendu eta gainerako bizi-baldintzen iraupen berekoi, setati horri baino. «Baina zer diozu zuk?» egin zion galdera arkitektoari.
— Nik —ihardetsi zuen honek—, honelako gai batean ez nuke eztabaidarik atera nahi ezta iritzirik eman ere. Baina zilegi bekit nire artea eta nire pentsamoldeari hurbiletik dagokiona apalkiro adieraztea. Objektu maite baten hondarrak, urna batean sartuak, geure bularraren kontra estutzeko bezain zoriontsu ez garen unetik, sarkofago ponpeziatsu handitan gordetzeko bezain aberatsak eta alaiak ez garenez gero, areago oraindik, jadanik elizan lekurik aurkitzen ez dugunez gero geuretzat eta gutarrentzat, baizik eta kanpora, airepera bidaltzen gaituztenez gero, arrazoi guztiak ditugu zuk, andre horrek, erabaki duzun modua eta era onesteko. Parrokia bereko eliztarrak ilaran atsedena hartzen daudenean elkarren ondoan, batera eta beretarren artean daude atsedeten; eta baldin egun batean lurrak harrera egin behar badigu, ez dut ezer aurkitzen naturalagorik eta garbiagorik pixkanaka halabeharrez sorturiko eta geldika apaltzen ari diren muinoak lautzea, eta horrela guztiek gainean dauzkaten estalkiak arintzea baino.
— Baina oroitzapen-seinalerik gabe, gogora ekarriko duen zerbait gabe, ez al litzateke dena laster ezabatuko? —ihardetsi zuen Ottiliak.
Inola ere ez! —jarraitu zuen arkitektoak—. Ez oroitzapenetik, lekutik bakarrik libratu behar dugu. Arkitektoa, eskultorea oso interesaturik daude gizakiak berengandik, beren artetik, beren eskutik, bere izatearen jarraipen bat itxaroteaz; eta horregatik nahiko nituzke nik monumentu ongi pentsatu eta burutuak, ez bakarrean eta halabeharrez sakabanatuak, baizik eta iraupena eskainiko luketen tokietan kokatuak. Jaieratsu eta gurenduek ere uko egin behar diotenez gero elizan pertsonalki atsedena hartzearen pribilegioari, eraiki bitez, gutxienez, han edo solairu ederretan ehorzketa-lekuen inguruetan, monumentu eta inskripzio oroigarrizkoak. Milaka era daude horretarako aproposak, milaka apaindura edergarritu ahal izateko.
— Artistak hain aberatsak badira —esan zuen Charlottek—, esadazu, halere, nola ezin dion inork uko egin obelisko xume baten formari, koloma erori bati eta errauts-ontzi bati? Zu loriatzen zareneko mila asmakari horien ordez, nik neuk milaka birsorkuntza besterik ez ditut ikusi izan.
— Hori horrela da gure artean —ihardetsi zion arkitektoak—, baina ez nonahi. Eta, oro har, hobe bai asmaketa eta ezarketa trebea gauza bera izango balira. Izan ere, kasu honetan zailtasun handiak ditu gai serio bat birbizteak eta ez gai goibel bat erabiliz, goibeltasunean ez erortzeak. Era guztietako monumentuen bozetuei dagokienez, zeinetarik nik asko bildu ditudan eta erakuts nitzakeen, beti gertatzen da monumenturik ederrena gizakiaren irudia bera dela. Honek, beste ezerk baino hobeki ematen du aditzera zer izan zen hura; testurik hoberena ohar asko edo gutxi egiteko; baina irudi hori bere bizitzako arorik hoberenean modelatu beharko litzateke, eskuharki egiten ez dena. Inork ez du forma biziak iraunaraztean pentsatzen, eta horrela gertatzen denean, era askiezean burutzen da. Bizkor ateratzen zaio maskaratxoa hildakoari, bloke baten gainean ezartzen da eta horri busto deitzen zaio. Baina bai gutxitan lortzen duela artistak erabat biziaraztea!
— Agian jakin gabe eta nahi izan gabe —erantzun zuen Charlottek—, hizketa erabat nire alde jarri duzu. Baina gizakiaren irudia, halere, oso bere eskukoa da; nonahi dagoelarik ere, beretzat bakarrik dago, eta ez diogu eskatuko egiazko hilobia adierazteko. Baina nahi al duzu sentipen bitxi bat aitortzea? Estatuen kontra ere badut nik halako kontrakar bat, zeren bai baiteritzot haserre isil moduko bat egiten didatela, aspaldiko, iragandako zerbaiten aipamena egiten dute, eta presenteari behar bezala ohore egitea zeinen zaila den gogorarazten baitidate. Norberak gogora ekartzen duenean zenbat gizaki ikusi eta ezagutu dituen, zeinen gutxi izan garen beraientzat, zeinen gutxi haiek guretzat, a zer aldartean jartzen garen! Zorrotzarekin topo egiten dugu, berarekin olgatu gabe; jakitunarekin, beragandik ikusi gabe; azkarrarekin ezeren berri jaso gabe, maitalearekin berari atsegin emateko ezer egin gabe. Eta, zoritxarrez, eta ez da horrela gertatzen bidenabar doazenekin bakarrik. Gizarteak eta familiak berdin portatzen dira beren kide maiteenekin, hiriak, beren hiritar duinenekin; herriak, beren buruzagi argienekin. Entzun nuen behin norbaitek nola galdetu zuen zergatik hainbeste on esaten den hildakoei buruz eta biziez beti goganbeharrez hitz egiten den. Eta erantzun zioten haiengandik ez dagoela zertaz beldurturik, eta hauek oraindik egunen batean geure bidean trabeska aurki ditzakegula. Bada, hain lohia da besteen oroitzapenaz arduratzea; gehienetan txantxa norberekoi bat besterik ez da izaten, aitzitik, seriotasun sakratu izan beharko lukeelarik bizirauleekiko beren harremanei beti bizi eta jardukor eusteak.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu