XVIII. KAPITULUA

 

        Gizon jardukor bitxi hura, jadanik ezagutzen duguna, Mittler, bere adiskideen artean gertaturiko hondamendiaz berri izan bezain laster, nahiz eta parteetako batek ere bere laguntza ez eskatu, bere adiskidetasuna eta trebetasuna erakustera makurtua sentitu zela pentsatzeko arrazoiak daude. Baina gomendagarri iritzi bide zion aurrena denboralditxo bat pasatzen uzteari, zeren ondotxo baitzekien zailagoa dela asaldura moraletan laguntza ematea pertsona landuei landugabeei baino. Denboraldi batean beren baitan utzi zituen; batik eta bere buruari ezin eutsi izan zion arte eta lehenbailehen Eduard bilatzeari ekin zion, zeinaren aztarna jadanik aurkitua baitzuen.

        Bere bideak batan atsegin batera gidatu zuen, zeinaren zelai atseginkiro berde eta zuhaitzez estalitik inoiz agortzen ez zen errekatxo bat, batean zehar-meharka, eta bestean oldarka zihoan. Bizkar bigunetan zehar soro emankorrak eta ongi landuriko fruitu-arboladiak ageri ziren. Herriak ez ziren bilduegi metatzen; guztiak izaera baketsua zuen, eta bere parte desberdinek bereziki gomendagarriak ziruditen, pinturarako ez bazen, bai bizitzarako behintzat.

        Borda ongi zaindu bat, olgeta-etxe apain eta apal batekikoak, bete zion azkenik begia. Eduard orain bertan bizi zela uste zuen eta ez zuen huts egin.

        Adiskide bakarti hartaz esan dezakegu isiltasunean bere grinaren sentipenaren baitan utzi zuela bere burua, plana planaren gain egiteari uko egin gabe, itxaropen-mota guztiak bururatuz. Ezin zion ukatu bere buruari bertan Ottilia ikusi nahi zuela, bertaraino gidatzeko irrikatan zegoela, eta gainerako gauzak baimenduak direnak eta ez direnak orduan imajinatzeari uko egiten ez zionak. Gero bere irudimen-indarra gertakortasun-mota guztien inguruan jirabiraka zebilen. Hemen ezin bazen Ottiliaren jabe izan, ezin bazen legez bere jabe izan, etxaldearen jabegoa eman nahi zion. Han bera oraindik beretzat bizi ahal izango zen, bere eskuko; zoriontsu izan zitekeen, eta bere burua tormentatzen zuen irudimenaren indarrak urrunago eramaten zuenean, agian bete batekin zoriontsu izan.

        Hala igarotzen zitzaizkion egunak beti itxaropena eta saminaren, negarra eta alaitasunaren, prestakuntzak eta etsipenaren artean zabuka. Ez zuen harritu handik Mittler ikusteak. Aspaldidanik zegoen itxaroten noiz ikusiko ote zuen iristen eta hala egin zion laster ongietorria ere. Charlottek bidalia uste zuen eta aurretiaz prestaturik zegoen desenkusa eta atzerapen guztietarako, eta baita proposamen kementsuagoetarako ere, baina Ottiliaren berriak entzuteko esperantza ere bazuen, beraz Mittler zerutiko mandatari bezala agertu zitzaion. Horregatik atsekabea eta nahigabea sortu zion Mittler handik ez baizik bere kabuz zetorrela jakiteak. Itxi zitzaion bihotza eta lehenengotan zail gertatzen zitzaion elkarrizketan sartzea. Baina Mittlerrek ondotxo zekien maitasun-arazotan dabilen arima barrua asaskatzeko premia larria sentitzen duela, adiskide baten aurrean sentitzen duenari irteera ematekoa, eta horrela, zenbait hizka-mizkaren ondoren, bere paperetik irten eta bitartekari izatetik konfiantzazko pertsona izatera atseginez aldatu zen.

        Horretara, era adiskidekorrean, Eduardi bizimodu bakarti harengatik haserre egin zionean, honek erantzun zion:

        — Ene, ez dakit zer era atseginagoan eman nezakeen bizitza. Beti nago lanpetua bertan; beti auzotasunean. Ottilia non dagoen, nora joango den, non dagoen zutik, non hartzen duen atsedena imajinatzearen abantaila estimagaitza daukat. Ohi bezala mugitzen eta jokatzen ikusten dut neure begien aurrean, eta beti atseginen zaidan hura eragiten. Baina ez da hor kontua amaitzen, zeren nola izan bainaiteke ni zoriontsu beragandik urrun! Baina horretan ekiten dio nire amesmenak Ottiliak niregana iristeko egin beharko lukeena lantzen. Neure buruari gutun ezti fidakorrak idazten dizkiot neure buruari bere izenean; erantzuten diot, eta orriak bilduz noa. Agindua dut pausu txikienik ere ez dudala emango beragana eta bete egin behar dut emandako hitza. Baina zer atzerarazten du bera niregana zuzen ez dadin? Menturaz Charlottek promesak eta zinak erauzteko krudeltasuna izan ote du bere albisterik idatzi eta igorri nahi ez izateko? Normala da, gisakoa da, eta halere, oiheza, jasanezina aurkitzen dut. Berak maite banau, nik sinesten dudanez, nik dakidanez, zergatik ez du erabakitzen, zergatik ez da ausartzen handik ihes egin eta nire besoetara oldartzera? Behin baino gehiagotan pentsatzen dut. Gelaurrean zerbait mugitzen den bakoitzeko itzultzen ditut begiak atera. «Hor dago azkenean!», pentsatzen eta itxaroten dut. A! Eginkizuna ezinkizun denean, ezinkizunak eginkizun izan beharko lukeela uste dut. Gauetan, iratzartzen naizenean, kriseiluak argi dardaratia egiten du logelan; orduan bere irudiak, bere izpirituak, bere aieru batek airean eralki beharko luke, hurbildu, hartu egin beharko ninduke nahiz eta une batez izan, nigan pentsatzen duelako, bera nirea delako ziurtasun moduko bat izan dezadan. Oraindik poz bakar bat geratzen zait. Hurbil neukanean, ez nuen inoiz amets egiten; baina orain urrunean gaudelarik, ametsetan elkartzen gara eta, gauza bitxia, hemendik, auzoan, beste pertsona atsegin batzuekiko ezaupidea egin dut, lehen aldiz agertu zait bere irudia, esan nahi balit bezala: «Begira ezazu hona eta hara, ez duzu ni baino ezer ederragorik maiteagorik aurkituko». Eta horrela nahasten dio bere irudia nire ametsetako bakoitzari. Nirekin eta berarekin zerikusia duen guztia alde guztietatik nahasturik dabil. Laster sinatzen dugu kontratu bat; hemen daude bere eta nire eskua; biek bata bestea ezabatzen dute; bata bestea irensten dute. Baina ez dira minik gabeak irudimenaren bihurrikeria apetatsu horiek. Batzuetan beratzaz dudan ideia garbiaren kontrako zerbait egiten du berak, eta orduan konturatzen naiz benetan zenbat maite dudan, ezin esan ahala samintzen bainaiz. Batzuetan bere izateko eraren kontra xaxatu eta tormentatzen nau; baina supituki irudia aldatzen zaio, luzatzen zaio bere aurpegitxo polit biribila, beste bat bihurtzen da. Baina, halere, ni tormentaturik, nahigabeturik, asaldaturik geratzen naiz.

        Ez ezazu barre egin, Mittler maitea, edo barre egizu. Oi, ez naiz lotsatzen atxikimendu horretaz, nahi baduzu, isuri txoro porrokatu horretaz. Ez, nik ez dut inoiz maite izan; orain dakit lehen aldiz zer den hori. Honaino, nire bizitzan dena preludio, joran, denbora-pasa, denbora-galtze hutsa izan da bera ezagutu dudan arte, harik eta maite izan eta benetan maite izan dudan arte. Gauza bat aurpegiratu didate, nahiz eta atzealdetik izan, pikatu besterik ez dudala egiten, gauzarik gehienetan ingurumarika ibiltzen naizela. Baliteke horrela izatea, baina orain arte ez baitut aurkitu zertan irakasle izanik. Norbait ikusi nahiko nuke maitasunerako talentuan aldea aterako didana.

        Egia da hau gauza mingarria eta malkotsua dela, baina nik neuretzat hain normala, hain egokia aurkitzen dut, non zaila izango den nik uztea.

        Agerpen bizi eta bihotzetiko hauen bitartez Eduard arindu egin zen, baina bat-batean hain argiro agertu zitzaion begien aurrean bere egoera bereziaren xehetasunetako bakoitza, non lehia mingarriak erasota, negarrari eman zion malko hainbat ugariagoak isuriz, ezen adierazpenekin bihotza samurtu egin baitzitzaion.

        Mittlerrek, hainbat gutxiago gezurta baitzezakeen bere izaera suharra, bere entelegu gupidagabea, ezen Eduarden grinaren leherketa mingarriaren bitartez bere bidaiaren xedetik apartatua aurkitzen baitzen, argi eta garbi aitortu zuen bere gaitzespena.

        — Eduard, —esan zion— gizon baten modura portatu beharko zenuke, zeure giza duintasunari dagokionez pentsatu eta ez zenuke ahaztu behar gizakiaren ohore gorena dela ezbeharrean baretasuna ez galtzea, axolagabetasun eta gisatasunez samina eramatea txit estimatua, ohoratua eta eredutzat ezarria izateko.

        Eduard, asaldaturik, sentipen mingarriez blaiturik zegoen bezala egonik, hitz huts eta hutsaltzat hartu zituen hitz horiek, nonbait.

        — Dohatsuak, erosoak ongi hitz egin dezake —jarraitu zuen Eduardek—: baina lotsa sentituko luke nozitzen dagoenari zeinen jasanezin zaion ikusiko balu. Eroapen amaigabea behar da; min amaigabea ez du eroso setatiak onartzen. Badira kasuak, eta horixe badirela!, non kontsolamendu oro kaltegarria den eta etsipena betebehar den. Baina greziar noble batek, heroiak pintatzen ere bazekienak, ez zuen inondik ere gutxitzat izan beretarrei negar eragitea samin hertsatzailearen aurrean. Bada esaera zahar bat zera dioena: «Gizon negarbera, onbera». Utz niri bihotz lehorrekoak, begi lehorrekoak. Arbuiatzen ditu dohatsuak, zorigaitzekoak ikuskaritzat bakarrik hartzen dituena. Oraindik prestu agertu beharko du gorputzeko eta izpirituko estutasuneko egoera krudelenean ere bere txaloa irabazteko; eta adio esatean oraindik txalo jo diezaioten ezpatari bati bezala, duinki erori beharko du haren begien aurrean. Mittler maitea, eskertzen dizut bisita, baina zuk maitasun handia erakusten zenidan, lorategian, landan zure inguruan begiratzen nuenean. Elkartuko gara berriz ere. Zentzuzkoago eta zure antzekoago izaten ahaleginduko naiz.

        Mittlerrek nahiago zukeen, eten baino lehen, elkarrizketari berriro ekitea, zeina ez baitzen hain erraza izan berriro hastea. Eduardi ere atsegin gertatu zitzaion hizketa jarraitzea, zeinak, horren premiarik gabe, bere xedea lortzeko ahaleginetan baitzebilen.

        — Noski —esan zuen Eduardek—, behin eta berriz pentsatu eta hitz egiteak ez du ezertarako balio; baina hizketaldi honetan zehar konturatu naiz lehen aldiz zer erabaki hartu behar nuen, zer erabaki hartu dudan. Neure presenteko, neure etorkizuneko bizitza dakusat begien aurrean, miseria eta gozamenaren artean hautatze besterik ez dut. Kudeatu ezazu zerorrek, ene adiskidea, hain beharrezkoa den dibortzioa, dagoeneko gertatua dena, lot iezadazu Charlotteren onespena. Ez dut gehiago azaldu nahi, zeren emateko prest dagoela uste baitut. Zoaz, adiskide maitea; itzuliguzu bakea denoi, zoriontsu egin gaitzazu!

        Mittler ezbaiti zegoen. Eduardek jarraitu zuen:

        — Nire zoria eta Ottiliarena ez dira banantzekoa eta ez dugu porrot egingo Begira kopa honi! Grabatuta dauzka gure inizialak. Umore onean zegoen batek airera bota zuen; inork ez zuen hartan gehiago edan behar; lurzoru harritsuan hautsi beharra zuen, baina heldu egin zioten. Ongi kostata neureganatu ahal izan dut, eta orain bertatik edaten dut egunero, zoriak erabakitzen dituen harremanak suntsiezinak direla egunero konbentzitzeko.

        — Ai, ene galdua —jaregin zuen Mittlerrek—, a zer egonarria behar dudan neure adiskideekin! Orain gizakien artean izan litekeen kaltegarrientzat dudan sineskeriarekin topo egiten dut. Iragarpen, aieru eta ametsekin jolas egiten dugu eta beraiekin garrantzia ematen diogu eguneroko bizitzari. Baina bizitzak berez garrantzia duenean, dena gure inguruan mugitzen eta irakinean dagoenean, mamu horiek ekaitza beldurgarriago bihurtzeko bakarrik balio dute.

        — Utz ezazu bizitzaren ziurgabezia horretan —jaregin zuen Eduardek—, esperantza eta artegatasun horren artean bihotz behartsua eta ipar izar moduko batekin, zeinetara begira dezan, nahiz eta haren atzetik joaterik ez izan.

        — Ez dut eragozpenik —erantzun zuen Mittlerrek—, nahiz eta horretatik ondorio bakarra espero litekeen; baina beti ikusi izan dut nik aurre-abisuzko zantzuak inork ez dituela kontutan hartzen, denek lausengari eta promesezkoetara bakarrik zuzentzen dutela arreta eta beraietan bakarrik dutela fede bizia.

        Baina Mittlerrek ere beti hain desgogara sentitzen zen eskualde ilun horietara gidatua bere burua ikustean, zenbat eta gehiago beraietan irauten zuen, hainbat gehiago, gogozago onartu zuen Charlotte ikustera joateko Eduardek egiten zion erregu gartsua. Baina zer zentzu zuen une hartan Eduardi kontra egiten jarraitzeak? Denbora irabazi, emakumeen aldetik gauzak nola zihoazen ikertu: horixe zen ber iritzian oraindik egiteko zegoena. Presaka joan zen Charlotteren etxera, zeina beti bezala bare eta alai aurkitu zuen. Gertatutako guztiaren berri atseginez eman zion: zeren Eduarden hitzetatik ondorioa bakarrik atera ahal izan baitzuen berak, bera, bere aldetik, jakinaren gainean zegoen, baina ezin izan zuen ahaleginik egin, bidenabar ere, dibortzio hitza ahoskatzeko. Zeinen miretsia, txunditua eta, bere iritzian, aztoratua ez ote zen jarri, hainbeste gauza higuingarriren ondoren, Charlotek azkenean zera ziotsola entzutean:

        — Sinetsi behar dut, itxaron behar dut, dena berriro konponduko dela; Eduard berriro hurbilduko dela. Nola izan liteke bestetara, zuk esperantza oneko egoeran aurkitzen nauzularik?

        — Ongi ulertu ote dut? —esan zuen Mittlerrek.

        — Ezin hobeki —erantzun zuen Charlottek.

        — Mila bider bedeinkatua bedi albiste hau —jaregin zuen Mittlerrek esku-zartak emanez—. Ezagutzen dut argudio horren indarra gizonezkoaren izaeran. Hamaika ezkondu ikusi ditut agudotuak, sendotuak, lehengoratuak horren bitartez! Mila hitzek baino gehiagok balio dute horrelako esperantza on batek, zinez baita izan dezakegun esperantzarik hoberena. Halere, niri dagokidanez —jarraitu zuen— arrazoi guztiak ditut nahigabeturik egoteko. Kasu honetan, ondotxo dakusat, ez da oso ongi aterako nire buru-maitasuna. Zuekin nire jardunak ez du inolako esker onik irabaziko. Adiskidea nuen mediku harekin, Jainkoaren maitasunez egiten zituen sendaketa guztiak ongi ateratzen zitzaizkion harekin konparatzen dut neure burua, baina nekez sendatu ahal izan zuen ongi ordaindu nahi izan zion aberatsik. Zorionez hemen gauza berez konpontzen da, zeren nire aldeko hitzak alferrik izango bailirateke.

        Gero Charlottek eskatu zion Eduardi bere egoeraren berria eramateko, bere gutun batez ardura zedila eta zer egin eta atondu behar zen ikusteko. Mittlerrek uko egin zion hari.

        — Dagoeneko dena egina dago —jaregin zuen—. Idatz ezazu. Edozein mandatarik balio du horretarako nik adina. Nik orain neure oinak gehiago behar nauten tokira zuzendu behar ditut. Zuri zorionak emateko bakarrik itzuliko naiz; bataiorako itzuliko naiz.

        Charlotte oraingoan ere, beste askotan bezala, ez zen pozik geratu Mittlerrekin. Bere izaera suharrak on ugari sortzen zuen, baina bere zalaparta porrot askoren eragile ere bazen. Inor ez zegoen bera baino supituki aurrez sorturiko iritzien baitanago.

        Charlotteren mezua Eduarden eskuetara iritsi zen, zeina erdi ikaraturik hartu zuen. Gutuna erabakigarria izan zitekeen, bai ezetzerako eta baietzerako. Luzaroan egon zen irekitzera ausartzeke, eta hura emozioa orria irakurtzean, harri eta zur eginik geratu baitzen, amaieratzat zekarren honako pasartean:

 

        «Gogoan izan zeure emaztea abentura gisara, maitale baten erara bisita egin zenion gau hura, zeure bularraren kontra era jarkiezinean erakarri eta amorante baten modura estutu zenuena. Errespeta dezagun kasu bakan honetan Zeruaren xedapena, zeina gure harremanetan lotura berri bat izateaz arduratu zen gure bizitzako zoriona porrokatu eta ezabatzeko unean zegoela».

 

        Une hartatik aurrera Eduarden ariman gertatu zena deskribatzea zail izango litzateke. Estutasun hartan, berriro lehengo ohiturak sortzen dira, lehengo zaletasunak denbora pasatzeko eta bizigunea betetzeko. Nobleak beti eskura dituen lagungarriak dira ehiza eta gerra. Eduardek kanpotiko arriskuak nahi zituen barrukoei kontrapisua jartzeko. Ilunabarra iristeko irrikatan egoten zen, zeren bizitza ia jasanezin bihurtzen baitzitzaion; izateari utziko ziola pentsatzea bera kontsolabide bihurtzen zitzaion eta horrenbestez bere maitea eta adiskideak zoriontsu egingo zituela. Inork ez zion eragozpenik jartzen bere nahiari, zeren isilpean baitzeukan guztientzat bere erabakia. Era guztietako formalitateekin egin zuen hilburukoa: sentipen eztia izan zen berarentzat Ottiliari etxaldea utzi ahal izatea. Charlottez ere oroitu zen, jaiotzekoaz, kapitainaz eta zerbitzariez. Berriro lehertu zen gerrak mesede egiten zion bere egitasmoari. Erdipurdiko militarrek lan asko eragin zioten gaztaroan eta horregatik utzi zuen zerbitzua; baina orain sentipen bikaina zuen jeneral batekin gerrara joatean, zeinaz esan baitzitekeen haren gidaritzapean heriotza oso gertakorra zela eta garaitia ziurra.

        Ottilia, Charlotteren sekretuaz jabetu zenean, Eduard bezala hunkiturik, eta areago, bere baitara etorri zen. Ez zuen ezer esateko. Ezin zuen itxaron eta ez zuen nahi izan behar. Bere Egunkariak bere barruari begiratu bat emateko aukera eskaintzen digu eta hartatik pasarte batzuk aldatuko ditugu.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia