XVII. KAPITULUA
Ottilia leihora irtenda zegoen norbait zaldiz bazihoala entzun eta Eduardo oraindik bizkarraldetik ikusi zuenean. Harrigarri iritzi zion Eduardek etxetik alde egiteari, bera ikusi gabe, goizeko agur bat ere egin gabe. Kezkatzen hasi zen eta gero eta urduriago, Charlottek berekin eraman zuenean paseo luze bat egitera eta gauza askori buruz hitz egiten hastean, baina aipatu gabe, senarraren kontsigna bati erantzunez bezala. Beraz birritan hunkiturik geratu zen, itzultzean mahaian bi zerbitzu bakarrik jarri zituztela konturatzean.
Itxuraz xumeak diren gure ohituren edozein aldaketa gaitzi zaigu, baina ez kasu berezietan bakarrik bihurtzen zaigu mingarri. Eduard eta kapitaina falta ziren; Charlotte, lehen aldiz aspaldidanik, arduratu zen egun hartan mahaia atontzeaz, eta Ottiliak bazterturik zegoela sentitzen zuen. Bi emakumeak aurrez aurre eserita zeuden; Charlottek naturaltasun handienaz hitz egiten zuen kapitainaren kolokazioaz eta luzaroan bera ikusteko zeukan itxaropen urriaz. Egoera horretan kontsolatzen zuen gauza bakarra pentsatzea zen Eduard bere adiskidearen atzetik zaldian irtena zela, tarte batean laguntzeko asmoarekin.
Bakarrik mahaitik altxatzean Eduarden bidai kotxea ikusi zuten leihoaren azpian, eta Charlottek nork eraman zuen hara nahi gabe galdetzean, oraindik bertan gauza batzuk kargatzen ari zen ganbarazainak erantzun zioten. Ottiliak bere baretasun osoa behar izan zuen bere harrimena eta samina ezkutatzeko.
Iritsi zen ganbarazaina eta oraindik gauza batzuk eskatu zituen. Jaunaren katilua eta platera, zilarrezko koilare pare bat eta Ottiliak bidaia luzeago baten, absentzia jarraituago baten zantzutzat hartu zituenak. Charlottek lehortasun handiz ukatu zion eskatutakoa; ez zuen ulertzen zer nahi zuen harekin, zeren jaunaren gauza guztiak gordeta baitzeuzkan. Gizon trebeak, bistakoa zenez Ottiliarekin hitz egitea besterik nahi ez zuen eta aitzakiaren batekin gelatik atera nahi zuenak, halako moldez asmatu zuen bere burua desenkusatzen eta bere eskariari behin eta berriz ekiten, non Ottiliak ere entzun nahi zion; Charlottek bakarrik baztertzen zuen, eta azkenean gizonak alde egin behar izan zuen eta kotxea abiatu egin zen.
Une ikaragarria izan zen hura Ottiliarentzat. Ez zuen ulertzen, ez zuen aditzen; baina Eduardek luzarorako uzten zuela sentitzen zuen. Charlottek gupida izan zion eta bakarrean utzi zuen. Ez gara ausartzen bere samina, bere negar-malkoak deskribatzera; amaigabeko samina zeukan. Egun hura pasatzen laguntzeko bakarrik eskatzen zion Jainkoari; gainditu zituen azkenik egun hura eta gau hura, eta berriro bere buruarekin topo egitean, beste bat aurkitu zuela iritzi zion.
Ez zuen bere burua menperatu, ez zuen etsi, baina hain galera handiaren ondoren, han jarraitzen zuen eta oraindik beldurra izateko arrazoi gehiago zuen. Bere berehalako ardura, senera etorri eta gero, izan zen gizonezkoak urrundu zirenez gero, bera ere urruntzea. Ez zuen ezer ateratzen Eduarden mehatxuetatik, zeinen ondorioz Charlotteren ondoan egotea ziurtatzen baitzion; baina haren portaerak zerbait lasaitu egin zuen. Ahalegindu zen Charlotte neskatila lanpeturik edukitzen, eta oso gutxitan bakarrik uzten zuen, eta nahigabez gainera; eta nahiz eta sobera jakin hitzez ez dela gauza handirik lortzen grina deliberatu baten kontra; ezagutzen zuen, halere, kontzientziaren gogoeta-ahalmena eta Ottiliarekiko elkarrizketan puntu asko ukitzen zituen.
Horrela balio handiko gertatu zitzaion Ottiliari halako batean, begiramendu eta tentuz, gogoeta zuhur hau egitea:
— Bai bizia dela —esan zion— grinen nahasmendutik onik ateratzen laguntzen diegunen esker ona. Alaitasun eta kemenez ekin diezaiogun gizonek osatu gabe utzi dutenari, horrela ikuspegirik ederrena prestatzen baitugu haien itzulerarako, zeren, geure neurrikotasunaz haien izaera zapaltzaile eta ezinegonak suntsi lezakeena gordetzen eta sustatzen baitugu.
— Neurrikotasunaz mintzo zarenez gero, izeba maitea —erantzun zuen Ottiliak—, ezin dizut ezkutatu gizonei buruz dudan ezaguera gabezia, batez ere ardoari dagokionean, higuingarri zaidala. Hamaika aldiz arduratu eta nahigabetu nau arrazoi garbia, zuhurtzia, besteenganako errespetua, grazia eta maitekortasuna bera ere galtzen zirela konturatzeak, eta sarritan gizonak sortu eta eman lezakeen on guztiaren ordez, hondamendia eta nahasmendua ekartzearen mehatxua egiten zuela. Hamaika aldiz eman lezake horrek aukera erabaki sendoak hartzeko!
Charlottek arrazoia eman zion, baina ez zuen hizketa jarraitu, zeren sobera ulertzen baitzuen honetan ere Ottiliak Eduard bakarrik zeukala buruan, Eduard, ez beti baino behar baino sarritasun handiagoz, bere atsegina, bere berritsutasuna, behere jardumena aldizka ardoa erabiliz areagotzen zuena.
Ahal izan balu Ottiliak, Charlotteren agerpen haren aurrean, berriro gizonengan pentsatzea, batez ere Eduardengan, horrexegatik nabariago iritziko ziokeen Charlottek kapitainaren berehalako ezkontzaz hitz egiteari, gauza guztiz jakina eta ziurra bailitzan, horrela berak imajina zezakeenaz bestelako jite bat denak hartzen zuelarik, Eduarden aurreko ziurtasunek bultzaturik. Guzti hori Ottiliak Charlotteren esamolde, keinu, egintza eta pauso bakoitzarekiko aditasuna gehitzera etorri zen. Ottilia zuhur, zorrotz, goganbehartsu bihurtu zen berak jakin gabe.
Baina Charlottek begirada zorrotzez barrentzen zuen inguruko gorabehera guztiak eta batez ere bere trebetasun argiz jokatzen zuen, horretarako beti Ottiliaren laguntza eskatuz. Etxeko bizimodua murriztu egin zuen, nahigaberik gabe; areago, dena ongi pentsaturik, grina-bolada azare zorionekoaren zortetzat zeukan. Zeren harainoko bidetik jarraituz gero erraza baitzen mugagabean erortzea, eta zorion-ondasun ugarien egoera eder hura, garaiz behar adina hausnartu gabe, inarrosia aurkituko zitekeen suntsitua ez bazen ere bizitza eta bulkada premiatsuek eraginik.
Parkeko obretatik hasia zegoenari bere bidea jarraitzen utzi zion. Etorkizuneko lur-lantzearen oinarri izan beharko zuenari ere jarraitzen utzi zion; baina horretarako ere izan zituen bere arrazoiak. Senarrak, itzultzean, zeregin atsegin samarra izango zuen hartan.
Zeregin eta egitasmo hauetan ezin zuen behar adina goratu arkitektoaren portaera. Denbora laburrean lakua begien aurrean hedaturik geratu zen, eta hartatik sortutako begi berriak, landare eta belar askotarikoz eta ugari estaliak. Etxe berrian amaitua zegoen lan zakar guztia, horniturik iraupenerako behar zuen guztia eta, gainera, sail bat ere utzia zuen berriro atseginez hasi ahal izateko. Honi buruz, lasai eta alai zegoen; Ottilia itxuraz bakarrik zegoen, zeren gauza guztietan Eduard epe laburrerako espero zuten ala ez beste zantzurik ez baitzuen ohartzen. Guzti hartan ez zitzaion besterik interesatzen hori kontutan hartzea izan ezik.
Horregatik begi onez ikusi zuen nekazarien seme-alabak bildu zituen eta parke zabala beti garbi edukitzea helburu zuen antolaketa bat. Ordurako Eduardek asmatua zuen ideia hori. Arratseko orduetan janzten zuten uniforme alai moduko bat egin zieten mutikoei, garbitu eta arretaz apaindu ondoren. Jantziteria gazteluan zegoen; mutikorik zintzo eta bizkorrena arduratzen zen hura zaintzeaz; arkitektoak gidatzen zuen dena, eta laster batean lortu zuten mutiko guztiek halako iaiotasun bat. Trebatzen errazak ziren eta maniobra militar gisara burutzen zuten beren egitekoa. Benetan, han, batzuk beren karrakailu, sega, eskuare eta palatxo, aitzur, kako eta erratz abaniko-erakoekin, besteak atzetik saskiekin zetozen bitartean, alde batera belar txarrak eta harriak botatzeko, eta beste batzuek burdinazko erroilu garai eta handiari tira egiten zioten bitartean, segizio polit atsegina eratu zen, zeinean arkitektoak parkeko friso baterako jarrera eta jarduera-sail bat nabarmendu zuen; bitartean, berriz, Ottiliak guzti hartan etxeko jaunari ongietorria egiteko para moduko bat besterik ez zuen ikusten, zeina iristeko zorian bide zegoen.
Ideia honek adorea eta atsegina eman zion horrelako zerbaitekin abegia egiteko. Aurretik hasia zegoen herriko neskatilak jostea, irutea eta ardatza eta beste emakume-lanetara bultzatzen. Bertute horiek ere obra haietatik hasita herriaren txukuntasun eta edertasunaren onetan izan ziren. Ottiliak ere beraiekin lan egiten zuen beti, baina bidenabar bezala, aukera eta isuriaren arabera. Orain era osoago eta arauzkoagoan jarduteko asmoa zuen. Baina neskatila-talde batetik ezin liteke atera koru bat mutiko-talde batetik bezala. Ottiliak bere zentzu onaren arabera jokatzen zuen eta erabat aditzera eman gabe neskato guzti haiengan bere etxe, guraso eta anaienganako atxikimendua sortaraztea beste asmorik ez zuen.
Askorekin lortu zuen hori. Neskato txiki eta erpizi batek bakarrik ematen zuen kexa-bidea, hain baldarra zelako eta etxeko lanetan aritzeari uko biribila egiten ziolako. Ezin zen Ottilia neskato horren etsai bihurtu, zaletasun berezi baitzion. Bere konpainia bilatzen zuen, berarekin ibiltzen zen harat-honat, baimena ematen zitzaionean. Horretan neska maratz, adoretsu eta nekagaitza zen. Andereño polit batekiko atxikimendua premia bat zuela neskatoak ematen zuen. Hasieran nozitu egiten zuen Ottiliak neskatoaren konpainia; gero berak ere harenganako isuria sentitu zuen; azkenean ez ziren inoiz banatzen eta Nannyk noranahi laguntzen zuen bere etxekoandrea.
Ottilia sarritan lorategirako bidea hartu eta bertako joritasunaz gozatzen zen. Amaitzear zegoen gurritxilo eta gerezien aroa, zeinen azken fruituak bereziki dastatzen zituen Nannyk. Udazkenean uzta ugaria agintzen zuen gainerako fruituetarako, lorezainak etengabe jaunarengan pentsatzen zuen, eta inoiz ez beraren itzulera desiratu gabe. Ottiliak atseginez entzuten zion agure zintzoari. Oso ongi zekien bere lanbidearen berri eta ez zion inoiz uzten Eduardez hitz egiteari.
Ottiliak bere alaitasuna adieraztean udaberri hartako txerto guztiak itsatsi zirelako, ihardetsi zion agureak pentsakor:
— Etxejaun ona horretaz gozatzea besterik ez nuke nahi. Udazken honetarako hemen balego, ikusiko luke gazteluko lorategietan bere aitaren garaietatik zeinen mota gozoak dauden oraindik. Gaur eguneko baratzainak ez dira behialako kartusiarrak bezain adituak. Katalogoetan izen sonatu eta ohoretsuak aurkitzen dira. Txertatu eta hezten dira eta azkenean, fruitua ematen badute, ez du merezi zuhaitz horiek lorategian edukitzerik.
Oso maiz galdetzen zion zerbitzari fidelak, ia Ottilia ikusten zuen guztietan, etxejauna noiz itzuliko zen eta zer datatan. Eta Ottiliak berri zehatzik eman ezin zionez gero, gizon onak, ez atsekabe isilik gabe, ohartarazten zion, hori beragan konfiantzarik ez zuela zela, eta mingarri gertatzen zitzaion horren ondorioz zapaltzen zuen ziurtasunik ezaren sentipena. Baina Ottilia ezin zen mintegi eta lore-sail haietatik aldendu. Biek elkarrekin erein eta landatu zutena, parte batean, lore betean ageri zen orain; ia ez zuen zainketa gehiagorik behar, gainera Nanny beti prest egoten zen erregariatzeko. A zer sentipenez begiratzen zien Ottiliak ageri ziren azken loreei, zeinek beren distira eta ugaria Eduarden urtemugan adierazi behar baitzuten, zeinaren ospatzea sarri agintzen baitzion bere isuri eta esker onak. Baina jai hura ikusteko itxaropena ez zen era berean bizia bere ariman. Zalantza eta goganbeharra atergabeko murmurioan neskato gajoaren izpirituan.
Halaber ezin izan zuen Charlotterekiko akordio zinezko batera itzuli. Zeren, egia esateko, oso desberdina baitzen bi emakumeen egoera. Dena lehengoan geratzen bazen, bizitza ordenatuaren karrilera itzultzen baziren, Charlottek irabazten zuen presenteko zorionean eta etorkizunean ikuspegi lausengaria irekitzen zitzaiola; Ottiliak, aldiz, dena galtzen zuen, dena esaten dena benetan, zeren lehen aldiz aurkitu baitzuen bizitza eta alaitasuna Eduardengan, eta oraingo egoeran hutsune amaigabea sentitzen baitzuen, lehenago susmatu ere gabea, zeren bila dabilen bihotzak, aski argiro sentitzen baitu zerbaiten falta duela. Lehen-mina umore txar eta ezinegon bihurtzen da eta itxaroten eta zain egoten ohituriko emakume-arimak irten egin beharko luke zirkulu horretatik, zerbait egin, egitekoei ekin eta bere zoriontasunaren alde zerbait egin ere bai.
Ottiliak ez zion Eduardi uko egin. Ezinezkoa zen halakorik, nahiz eta Charlottek, aski azkarra izaki, eta bere konbentzimenduaren aurka, jazoera ziurtzat ematen zuen, eta arazo deliberatutzat suposatu zuen bizimodu adiskidekor, lasaia posible izan zitekeela bere senarraren eta Ottiliaren artean. Baina hamaika aldiz Ottilia, gauetan, bere gela giltzaz ixtean, kutxatila irekiaren aurrean belauniko jarri eta urtemugako opariak begiztatzen egoten zen, zeinetarik ordura arte ez baitzuen bat ere erabili, ez atera, ez bere lekutik mugitu ere. Hamaika aldiz neska gaixoa eguna urratzean irteten zen etxetik, non ordura aurkitu zuen bere zorion guztia, zerupera, landara, lehen doi-doi erakartzen zuen tokira. Lehorrean ere ezin zuen iraun, salto egin txalupara eta lakuaren erdiraino arraunean egiten zuen; gero bidai deskribapen bat atera, uhin higikorrei zabu eragiten uzten zien, irakurri, herrialde arrotzekin amets egin, eta beti aurkitzen zuen haietan bere adiskidea; haren bihotzetik Ottilia beti hurbil zegoen, baita Eduardena beragandik ere.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu