XVI. KAPITULUA

 

        Biharamun goizean, ordurako kapitaina desagertua zen, bere adiskideei eskerronez beteriko orri bat utzirik. Aurreko gauean Charlotte eta biak elkarri adio esan zioten hitz-erdika. Baina emakumeak betiereko banaketa sentitu zuen eta etsi egin zen, zeren kondeak kapitainari igorritako bigarren gutunean ezkontza abantailatsu batez ere hitz egiten baitzen; eta nahiz eta kapitainak horri jaramonik egiten ez zion, Charlottek egindakotzat ematen zuen eta argi eta garbi uko egiten zion berari.

        Aitzitik, Charlottek ere uste zuen bere buruari egin zion indar bera, orain besteari ere eskatzeko moduan zegoela. Berari ez zitzaion ezinezko gertatu, orduan beste bati ere egingarri gerta zekiokeen. Zentzu horretan senarrari hitz egiten hasi zitzaion hainbat zabaltasun eta fidantziaz, ezen arazo hura behin betirako konpon zezakeela sentitzen baitzuen.

        — Gure adiskideak utzi egin gaitu —esan zion—. Berriz ere elkarren aurrean aurkitzen gara, lehen bezala, eta gure baitan bakarrik dago lehengo egoerara itzultzea.

        Eduardek, bere grina lausengatzen zuena bakarrik hautematen zuenak, hitz haiekin Charlottek aurreko bere alarguntasun-egoeraz ari zela eta nahiz eta lausoki dibortzio-itxaropena eman nahi ziola. Horregatik irribarre batez erantzun zion.

        — Zergatik ez? Gure baitan bakarrik dago akordiora iristea. Beraz, atzipetu samartua sentitu zen, Charlottek ihardetsi zionean:

        — Orain geuk hautatu behar dugu Ottilia beste egoera batean jartzea ere, zeren berari harreman desiragarriak eskaintzeko aukera bikoitza baitago. Barnetegira itzul daiteke, zeren alabak izeba amonarena joan beharra baitu; eta etxe behinen batean ere sar daiteke bertan, alaba bakarrarekin batera, hezkuntza gisako baten abantaila guztiez gozatzeko.

        — Kontua da —esan zuen Eduardek patxada handi samarraz— Ottilia hain gustura sentitu dela gure konpainia adiskidekorrean, non nekez onartuko lukeen besterik.

        — Denok sentitu gara hain gustura —esan zuen Charlottek— non zeu ez zaren azkena izan. Baina gogoeta eskatzen digun una batean gaude, gure talde txikiko kide guztientzat hoberena zer izango den eta ezein sakrifiziori uko ez egitera behartzen gaitu.

        — Gutxienez ez deritzot ongi —erantzun zuen Eduardek— Ottilia sakrifikatzeari, jende arrotzaren artera orain botatzean gertatuko litzatekeenez. Kapitainari bere zorte ona etorri zaio ona bila; lasaitasunez utz dezakegu joaten, atseginez ez esatearren. Baina nork daki zer daukan Ottiliak itxaroten? Zergatik ibili behar dugu presaka?

        — Zer daukagun itxaroten argi samar dago —erantzun zuen Charlottek suhartasun handi samarrez, eta nola behin betirako gauzak argitzeko asmoa zuen, jarraitu zuen—: Zuk Ottilia maite duzu, beragana ohitu egin zara. Isuria eta grina ernetzen eta garatzen ari dira neskatilaren bihotzean ere. Zergatik ez dugu hitzez adierazi behar igarotzen ari den ordu bakoitzak aitortzen eta ezagutzen diguna? Ez ote dugu behar adina aurreikuspen horretatik zer sortuko den jakiteko?

        — Nahiz eta orain puntu horri erantzuterik ez egon —erantzun zion bere buruari eusten ari zen Eduardek—, zera esan liteke, orduan norberak etorkizunak irakatsiko dionari itxarotea deliberatzen duela, nahiz eta ziurtasunez esaterik ez dagoen zer eskaini lezakeen gauza batek bere baitatik.

        — Honetan aurrez ikusteko —ihardetsi zuen Charlottek— ez du jakituria handirik eskatzen, eta, horrela, edozein kasutan esan daiteke, bietako inor ez garela jadanik gazteegia itsuka nahi ez dugunera edo behar ez genukeenera amiltzeko. Jadanik ez daukagu inor zainduko gaituenik; geure buruaren adiskide izan beharra daukagu, geure buruaren zaindari. Inork ez du gugandik espero desmasia batean galtzerik, inork ez du kritikagarri edo barregarri aurkitzerik.

        — Ba ote liteke hain gaizki ulertzea? —esan zuen Eduardek emaztearen hizketa hain zinezko eta garbiari erantzuten ez zekiela—. Haserre egiten hasiko al zatzaizkit Ottiliaren zoriontasuna benetan hartu dudalako? Eta ez etorkizuneko ezein zoriontasun, inoiz kontutan hartu behar ez dena, bere presenteko zoriontasuna baizik? Imajina ezazu, benetan, eta zeure burua engainatu gabe, Ottilia, gure ondotik erauzia eta arrotzen artean ezarria...; ni neu ez naiz aski krudela sentitzen horrelako aldaketarik izendatzeko.

        Charlottek ondotxo hautematen zuen mozorroaren azpian senarraren erabakia. Lehen aldiz hautematen zuen orain zenbat urrundu zitzaion. Emozio apur batekin jaregin zuen:

        — Eta Ottilia zoriontsu izan al daiteke gu biok bananduz? Niri senarra eta seme-alabei aita kenduz!

        Geure seme-alabez, pentsatzen ari nintzen, arduratuko gara geu —esan zuen Eduardek, irribarretsu eta hotz, baina gero adiskidekorrago gehitu zuen—: Nork pentsatu behar du gainra desmasia batean!

        — Demasia grinatik oso hurbil egoten da —ohar egin zuen Charlottek—. Ez baztertu oraindik garaia den bitartean aholku ona eta eskaintzen digun laguntza. Kasu ilunetan argien ikusten duenak jardun eta lagundu behar du. Oraingoan neu naiz. Eduard maite, guztiz maitea! Uste al duzu nik uko egingo diodala neure zorion ongi lortuari, eskubide ederrenei, zuri uko egingo dizudala?

        — Nork dio holakorik? —ihardetsi zuen Eduardek nahasmendu apur batekin.

        — Zuk —erantzun zuen Charlottek— Ottilia zeure ondoan eduki nahi duzunez gero; ez al duzu ulertzen horretatik etor litekeen guztia? Ez zaitut behartu nahi, baina zeure burua menperatu ezin baduzu, gutxienez ezingo duzu gehiago zeure burua engainatu.

        Sentitzen zuen Eduardek zenbaterainoko arrazoia zuen. Hitz ageriko bat ikaragarria da bihotzak bere baitan baimendu duena bat-batean esaten duenean; eta denbora irabazteko helburu bakarrarekin, erantzun zion Eduardek:

        — Ez daukat bat ere garbi zer asmo duzun.

        — Nire asmoa zen —ihardetsi zuen Charlottek— bi proposamen horietaz zurekin gogoeta egitea. Biek dute nahikoa on. Barnetegia litzateke hoberena Ottiliarentzat, oraindik zeinen gaztea den pentsatzen dudanean. Baina beste proposamen handiago eta zabalago horrek hobeki erantzuten dio, kontuak ateratzen ditudanean, bera izango denari.

        Azaldu zizkion Charlottek berehalaxe senarrari bide batez bi egoerak, eta hitz hauekin amaitu zuen:

        — Nire iritziari dagokionez, nik nahiago nuke andre horren etxea barnetegia baino, arrazoi askorengatik; baina batez ere, isuriari, Ottiliak bertan bereganatu duen mutil gaztearen grinari indar eman nahiko ez niokeelako.

        Bazirudien Eduardek txalo jotzen ziola, baina atzerapen apurren bat lortzeagatik bakarrik. Charlottek, horren ondoren zerbait erabakigarria ebazteko aldendu zenak, Ottiliaren irteera biharamunerako finkatu zuen, zeinetarako dena aurretiaz isilik prestatua baitzuen.

        Dar-dar egin zuen Eduardek; atzipetua sentitu zuen bere burua eta emaztearen hitzaldi atsegina landu, artifizial eta amarrutzat jo zuen bere zorionetik betiko banatzeko asmoz, bazirudien emazteari uzten ziola arazo guztia, baina bere baita ordurako hartua zeukan erabakia. Arnasaldi bat hartzeko, Ottiliaren urruntzearen hondamendi berehalako, ezinbestekoa uxatzeko, etxea uztea erabaki zuen, eta egia esateko, ez erabat, Charlottek jakin gabe, zeinari iruzur egiten asmatu baitzuen, Ottilia abiatzeko unean ez zuela bertan egon nahi esanez, zeina ez baitzuen jadanik ikusi nahi une hartatik bertatixe. Charlottek, partida irabazita zeukala uste zuenak, lagundu egin zion. Eskatu zituen bere zaldiak, eman zion ganbarazainari prestatu behar zionaren eta atzetik jarraitzeko berri zehatza, eta oina istribuan bezala zuela, eseri eta idatzi zuen:

 

 

Eduardek Charlotteri

 

        Gainera erori zaigun gaitzak, ene maitea, sendagarria den ala ez, nik neuk hauxe bakarrik sentitzen dut; une honetan etsi nahi ez badut, denbora irabazi behar dut neuretzat, gu denontzat. Sakrifikatzen naizenez gero, eskatzeko egoeran nago. Utzi egiten dut neure etxea eta garai hobeago eta baketsuagotan bakarrik itzuliko naiz bertara. Bitartean, zeu izan behar zaitu jabe, baina Ottiliarekin. Zure ondoan dagoela jakin nahi dut, ez jende arrotzarekin. Zaindu ezazu, lehen bezala trata ezazu, orain arte bezala, hobeki esateko, gero eta maitekorrago, adiskidekorrago eta samurrago. Hitz ematen dut ez dudala harreman sekreturik bilatuko Ottiliarekin. Denboraldi batean ez iezadazu jakinarazi nola bizi zareten; nik neuk hoberena imajinatuko dut. Zeuk ere horrela pentsa ezazu nitaz. Gauza bakarra erregutzen dizut, barrenenetik, minenetik, ez dezazula inolako ahaleginik egin Ottilia inon sartzeko, harreman berrietan jartzeko. Zure gazteluaren, zure parkearen esparrutik kanpo, jende arrotzaren eskuetan, nirea da, eta jabetu egingo naiz bertaz. Baina zuk ohore egiten badiozu nire isuriari, nire gurariei, nire saminei, nire eromena, nire itxaropena lausengatzen baduzu. Nik neure aldetik, ez diot kontra egingo sendakuntzari suertatuko zaidanean.

 

* * *

 

        Azken pasarte hau lumaren puntuetatik atera zitzaion, ez bihotzetik. Areago, paperean ikustean, negar mingotsak egin zituen. Uko egin beharra zeukan Ottilia maitatzearen zorionari eta baita zorigaitzari ere. Lehen aldiz konturatzen zen orain zertan ari zen! Pausu horretatik zer gertatuko zen jakin gabe ari zen urruntzen. Ez zuen ikusi behar berriro, oraingoz behintzat, zeren inoiz berriro ikustea, nork ziurtatzen zion hala izango zenik? Baina gutuna ordurako idatzirik zegoen; zaldiak ate-aurrean; uneoro tokiren batean Ottilia ikustearen beldur zen eta orduan baita bere erabakia deseginik ere. Menperatu zuen bere burua, pentsatu zuen beti zitzaiola posible berriro itzultzea edozein kasutan, eta hain zuzen ere urruntzearen bitartez bere gurarietara gehiago hurbiltzea. Alderantziz, irudikatzen duen Ottilia etxetik jaurtikia, bera bertan geratuz gero. Zigilatu zuen, bada, gutuna, jaitsi zen presaka eskaileretan behera eta igo zen zaldira.

        Ostatuaren aurretik igarotzean, bezperan hain eskuzabalki sorositako eskalea ikusi zuen parralpean eserita. Gizona eroso eserita zegoen eguerdiko otorduaren ondoan; jaiki eta errespetuz makurtu zen, debotki ez esatearren, Eduarden aurrean. Hain zuzen ere gizaseme hura aurreko egunean azaldu zitzaion, berak Ottilia besotik helduta zeramala; orain saminez gogoratzen zion bere bizitzako ordurik zoriontsuena. Areagotu zitzaizkion sentipenak, bere atzetik uzten zuenaren ideia jasanezin bihurtzen zitzaion; beste behin eskaleari begiratu zion.

        — Oi, inbidiagarri hi —jaregin zuen—, hi oraindik atzoko limosnaz goza haiteke, ni berriz ezin atzoko zorionaz!

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia