XV. KAPITULUA
Azkenean argitu zuen Eduardentzat irrikaz itxarondako goiza, eta pixkanaka gonbidatu mordoa etorri zen, zeren barra-barra zabaldu baitziren gomitak, eta zimentarria ezartzekoan huts egin zuten askok, zeinaz hainbeste entzun zuten gerora, ez zuten inondik ere bigarren jai horretara joan gabe geratu nahi.
Otorduaren aurretik zurginak musikarekin aurkeztu ziren gazteluko patioan, lore eta muskil ugariz, mailaketa miresgarriaz txirikordaturiko koroa aberatsa eramanez. Egin zuten agurra eta ohiko apaindurarako zetazko ehunak eta xingolak eskatu zizkioten sexu ederrari. Gizonezkoak jatean ari ziren bitartean, haiek beren segizio bozkariotsuari jarraitu zitzaizkion, eta herrian geldiunetxo bat egin eta andre eta andereñoei xingola asko eskatu ondoren, etxe eraiki berria zegoen goialdera igo ziren jendetza ugariak laguntzen eta itxaroten zietelarik.
Bazkalostean Charlotte arduratu zen gonbidatuak entretenitzeaz. Ez zituen gogokoak jaietako segizio ohikoak, horregatik talde desberdinetan banatu ziren, arrangu eta ordenurik gabe, lekuan nor bere nahierara. Charlotte atzean geratu zen Ottiliarekin baina ez zuen ezer lortu, zeren Ottilia azkena iritsi zelarik, bazirudien tronpetak eta klarinak berari bakarrik itxaroten egon zirela, bera presente egonez bakarrik jaia hasi behar balitz bezala. Etxetxoari bere itxura basa kentzeko, kapitainaren adierazpenez, abarreria berdez eta lorez apaindu zuten era arkitektonikoan; bakarrik, horrekin ados egoteke, Eduardek agindu zion arkitektoari teilatuan lorez data marrazteko. Hura pasagarria zen, bakarrik kapitain garaiz iritsi zen Ottiliaren izenak teilatuan dir-dir egitea eragozteko. Modu trebez lortu zuen hasiera hura etetea eta izena egiteko bertan ezarrian zeuden loreei albora eragitea.
Koroa ezarria geratu zen eta landa osoan inguru guztitik ikusteko moduan. Kolore ñabarrekin airean zafraka zebiltzan xingolak eta ehunak eta hitzaldi labur bat ia gehian haizetan galdu zen. Jaia amaitzera zihoan; dantza hastera zihoan lurzoru landu eta hostailez inguratuan, erakinaren aurrean. Zurgin ofizial apaindu batek aurkeztu zion Eduardi neskatila erpizi bat eta han zutik zegoen Ottiliari dantzakide izatea eskatu zion. Bi bikoteek laster izan zituzten jarraitzaileak eta Eduardek laster aldatu zuen bere dantzakidea, Ottilia hartu eta berarekin bira bat emanez. Jaunen klaseko jende gaztea alaikiro nahastu zen herriarekin, zaharrak begira zeuden bitartean.
Gero, jendetza paseatzera barreiatu baino lehen, hitzemana geratu zen, eguzkia sartu baino lehen denak berriro alboen oinean bilduko zirela. Eduard iritsi zen bertara lehenik, agindu zuen dena eta bere ganbarazainarekin, beste begian su artifizialekin batera, jostakizunez arduratu behar zuenarekin, ados jarri zen.
Kapitaina, atseginik gabe, jabetu zen horretarako hartutako neurriez; Eduardekin hitz egin nahi izan zuen uste izatekoa zen ikusleen pilaketaz; baina honek, zalapartaka samar, jaiaren parte hartaz berari bakarrik arduratzen uzteko erregutu zion.
Dagoeneko herria metaturik zegoen aurrerantz luzaturiko eta sasiez gabeturiko dikeetan, non lurra desberdin eta ziurtasunik gabe agertzen baitzen. Eguzkia sartzen ari zen, ilunabarra hasten ari zen eta iluntasun handiagoaren zain zeuden bitartean freskagarriak eskaini zitzaizkion albopean jendeari. Paregabe iritzi zioten leku hari eta poztu egin ziren aurretiaz pentsatzean aurrerantzean handik hain laku zabal eta desberdinkiro mugaturikoaren gain ikusmira gozatuko zutela.
Gau lasaia, airearen erabateko isiltasuna gaueko jaiak aldeko izango zituela ematen zuen, baina bat-batean egundoko alarau bat entzun zen. Lur zati handiak jaulki ziren diketik eta zenbait gizon uretara amiltzen ikusi zituzten. Lurrak amore eman zuen gero eta jendetza ugariagoa pilatu eta mordotzearen azpian. Guztiek lekurik hoberena hartu nahi zuten eta inork ezin zuen ia ez atzera ez aurrera egin.
Denak alde batetik bestera salto egin zuten, areago begiratzeko ezer egiteko baino, izan ere, zer egin zitekeen inor iritsi ezin zitekeen tokian? Gizon erabakitsu batzuekin kapitaina presaka joan zen, berehala diketik begietara jaitsarazi zuen jendea laguntza ematera zihoazenak eta eroritakoak uretatik ateratzeko lehian zebiltzanak eroso mugi zitezen. Denak berriro lehorrean zeuden, batzuk beren ahaleginez eta beste batzuk inoren laguntzaz, mutiko bat izan ezik, zeina dikera hurbildu ordez, hartatik urrundu egin baitzen. Indarrek jadanik huts egin ziotela ematen zuen; noizean behin bakarrik ikusten zen nola jasotzen zuen esku bat, edo oin bat. Zoritxarrez, txalupa beste begian zegoen su artifizialez zamatua, astiro bakarrik deskargatu zitekeen eta laguntza berandutzen ari zen. Hartu zuen erabakia kapitainak, erantzi arropa, begirada guztien arteskar bihurtu eta bere irudi irmo eta kementsuak konfiantza eman zien guztiei; baina harridurazko oihu bat atera zen jendetzaren baitatik uretara amildu zenean. Begirada guztiak jarraitu zitzaizkion igerilari trebea zenez berandu gabe mutikoa hartu eta hila bezala dikean ezartzen zuelarik.
Bitartean laster hurbildu zen txalupa, igo zen bertara kapitaina eta xeheki jai-kideak miatzen hasi zen, ea denak salbatu ziren jakiteko. Etorri zen medikua eta arakatu zuen mutikoaren gorputzakoa; hurbildu zen Charlotte, erregutu zion kapitainari bere buruaz arduratzeko eta arropaz aldatzeko. Kontra egin zion berak, harik eta han inguruan zeuden pertsona zentzuzko eta arrazoizkoek eta erorien salbakuntzan ibili zirenek sakratuenarengatik denak salbatu zirela ziurtatu zioten arte.
Charlottek etxera joaten ikusi zuen eta pentsatu zuen ardoa eta tea eta beharrezko izan zitezkeen gauzak giltzapean zeudela, eta horrelako kasuetan gizonezkoak normalean alderantzitara aritzen direla, eta artean albopean zegoen jende barreiatuaren artetik lasterka joan zen, Eduard mundu guztia gelditzeko konbentziarazten zebilen bitartean; une batetik bestera espero du su artifizialak hasteko seinalea ematea; iristen zaio Charlotte eta orduan desgaraikoa den olgeta bat atzeratzeko eskatzen dio, izan ere halako une batean ezinezkoa baita hartaz gozatzea; salbatua eta salbatzailearekiko dituen eginbeharrak oroitarazten dizkio.
— Medikuak beteko ditu —ihardesten dio Eduardek—. Guztiaz horniturik dago eta gure hertsapenak traba besterik ez dio egingo.
Charlottek bere ikuspuntuari ekiten dio eta begi-keinu bat egiten dio Ottiliari, aldentzera baitzihoan. Eduardek eskutik heldu eta esaten dio:
— Ez dugu egun hau lazareto batean amaitu behar! Karitateko moja izateko onegia da. Iratzarriko dira ustezko hildakoak eta lehortuko dira biziak gure premiarik gabe.
Isildu eta alde egin zuen Charlottek. Batzuk berari jarraitu zitzaizkion; besteak hauei; harik eta azkena inork izan nahi ez zuen arte, eta han iraun zuten denek. Eduard eta Ottilia bakarrik aurkitu ziren alboen azpian. Eduardek bertan jarraitzeko asmoari ekin zion, nahiz eta neskatilak, hisituki, larritasunez, berekin gaztelura itzultzeko eskatu zion.
— Ez, Ottilia! —jaregin zuen berak—. Apartekoa ez da ohiko bide arruntetatik gertatzen. Gaur gaueko gertakari harrigarriak gehiago lotzen gaitu. Neurea zaitut! Hamaika aldiz esan eta zin egin ote dizut dagoeneko! Orain ez daukagu gehiago esan eta zin egin beharrik, benetan izan behar dugu!
Txalupa beste aldetik zetorren. Ganbarazaina zen txunditurik su artifizialekin zer egin behar zuen galdezka.
— Erre itzazu! —oihu egin zion Eduardek—. Zuretzat bakarrik antolatu ditut, Ottilia, eta orain zeuk bakarrik ikusiko dituzu. Utzidazu, zure ondoan eserita, jaiaz zure konpainian gozatzea.
Suzirien txistua, kanoien danbatekoak entzuten ziren, airean zehar argi-bolak igotzen ziren, erle-multzoek zehar-meharka furrunda egiten zuten, gurpilek bira ematen zuten, aurrena banaka, gero binaka, ondoren denak batera eta gero eta indartsuago denak bata bestearen atzetik eta denak parean. Eduardek, zeinaren bularra sutan baitzegoen, begi bizi eta atseginez jarraitzen zituen suzko agerkari haiek Ottiliaren aldarte samur asaldaturako sortze eta desagertze txistulari eta tximistalari hura areago zen gogaikarri atsegin baino. Dardarka arrimatzen zen Eduardengana, zeinari abandonu hark, konfiantza hark, neskatxa berea zuen sentipen osoa ematen baitzion.
Gauak bere eskubideak baliarazi zituen bezain laster, ilargiak argitu zuen biak zetozen zidorra. Irudi batek, eskuan kapela zuela, bidean aurkeztu eta limosna bat eskatu zien, jaiegun hura galdu zuelako. Ilargia aurpegi betean jo zuen eta Eduardek eskalearen zertzeladak ezagutu zituen. Baina hain zoriontsu izaki, ezin zitekeen zikoitza izan, ezin zekiokeen burratu hain zuzen ere egun hartan eskatzea guztiz lotsagarri gertatzen zela. Apur batean patrikan miaketan aritu zen eta urrezko txanpon bat eman zion eskaleari. Gogara egingo zukeen mundu guztia zoriontsu, bere zoriontasunak mugagabea baitzirudien.
Bitartean etxean dena nahi bezala atera zen. Medikuaren jarduera, beharrezko guztia prest edukitzea, Charlotteren laguntza, denak eragin zuen mutikoa berriz bizira ekartzea. Barreiatu ziren gonbidatuak, bai urrunetik oraindik su artifizialak ikusteko eta bai berriro beren etxe lasaietan elkar ikusteko ere eszena nahasi haien ondoren.
Kapitainak ere, arropak bizkor aldatu ondoren, jardukor esku hartu zuen beharrezko artapenetan; ordurako dena lasai zegoen, eta bera Charlotterekin bakarrik aurkitzen zen. Adiskidetasun fidakorrez azaltzen zion orain laster alde egin beharko zuela. Charlottek hainbeste emozio jasan zituen gau hartan, non aurkikuntza hark zirrara txikia egin zion; bere adiskideak bere burua nola sakrifikatzen zuen, besteak nola salbatzen zituen eta bera ere nola salbatua izan zen ikusi ahal izan zuen. Jazoera aparteko haiek etorkizun esanguratsuaren baina ez dohakabearen seinale zirela uste zuen.
Eduardi, une hartan Ottiliarekin zetorrenari ere kapitainak berehala alde egingo zuela jakinarazi zitzaion. Gaizki hartu zuen Charlotteri berari baino lehenago horren harri eman izana, baina nahikoa lan bazuen bere buruarekin eta hainbeste egitasmorekin hura mingarri gertatzeko.
Aitzitik, kapitaina aurkituko zen posizio on eta ohorezkoaren berri arretaz eta pozik entzun zuen. Gertakariek mugagabeki agudotzen zituzten bere gurari ezkutuak. Jadanik kapitaina Charlotteri elkartua ikusten zuen, eta bere burua Ottiliari elkartua. Ezin zekiokeen opari hoberik egin jaiegun hartan.
Baina Ottilia txunditurik bezala geratu zen bere gelan sartzean kutxatila baliotsua mahaiaren gainean ezarria ikustean. Lehenbailehen ireki zuen. Eta orduan dena hain ongi antolatua eta txukundua agertu zitzaion, non ez baitzen bertatik ezer hartzera ausartzen, ezta arnasa ere. Muselinak, batistak, zetak, txalak eta enkajeak lehian zebiltzan bata bestearen artean finezia, apainduria eta luxutan. Jantziak ere ez zeuden ahaztuak. Berehalaxe eman zion buruak behin eta berriz burutik oinetaraino janztea; baina hura guztia hain zen luxuzko eta bitxia, non ez baitzen pentsamenduz ere hartaz jabetzera ausartzen.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu