XIV. KAPITULUA
Bitartean kapitainak gutun bat hartu zuen kondearengandik, eta, egia esateko, gutun bikoitza, bata erakustekoa, urrunean oso ikusmira ederrak ageri zituena, bestea, presenterako eskaintza deliberatua egiten ziona, jauregi eta gizartean postu garrantzizkoa eskainiz, maior-gradua, soldata muntaduna eta beste abantaila batzuk, bigarren mailako zirkunstantzia batzuengatik isilpean eduki beharrekoa. Kapitainak itxaropen haietaz bakarrik hitz egin zien adiskideei, hain berehalakoa zena ezkutatuz. Bitartean bizirik jarraitzen zuten presenteko arazoek, eta isiltasunean hartzen zituen neurriak bere absentzian gauzek eragozpenik gabeko joanaira izan zezaten. Bere buruari proposatu zion gauza askotarako epe bat ezartzea, Ottiliaren urtemugan gauza asko bizkortzen zituela. Handik aurrera bi adiskideek atseginez elkarturik lan egin zuten, nahiz eta ados jam gabe. Eduard orain pozik dago, diruaren aurretiazko aterapenaren bidez kutxa indarturik dagoelako; instalazio guztia bizkortasunik handienaz aurrera doa.
Kapitainak bere gustuz kontra egingo ziokeen hiru urmaelak laku bihurtzeari. Beheko dikea errebortxatu eta erdikoa ezabatu beharra zegoen, eta obra guzti hura, arrazoi batengatik baino gehiagorengatik, muntaduna eta pentsatzekoa zen. Baina bi lanak, nola batak bestean eragina izan zezakeen, hasiak zeuden, eta honetara arkitekto gazte bat etorri zen oso garaiz, kapitainaren ikasle ohia, zeinak bai maisu onak izendatuz, bai berak obran lagunduz, holakorik ahal zen tokian, obrak suspertu eta beraiei segurtasuna eta iraumena agindu zien; horregatik kapitaina isilean poztu zen, bere urruntzea sentituko ez zelakoan. Zeren arautzat baitzeukan hasi eta amaitu gabeko laneskua ez jasotzea harik eta aski zen adinako ordezkoa bilatu arte. Areago: mesprezatu egiten zituen, bere absentzia sentiarazteko, beren giroan aurretik nahasmendua sortzen dutenak, norberakoi landugabeak bezala, lantzen jarraitu ezingo dutena suntsitu nahiz.
Beraz lehiaz ari zen lanean Ottiliaren urtemuga ospatzeko, hartaz hitz egin gabe eta inork argiro aditzera eman gabe. Charlotten arabera, nahiz eta jeloskorra ez izan, ez zen izango hura jai erabakiorra. Ottiliaren gaztetasuna, bere posizioak eta bere famili harremanek ez zuten zuribidetzen egun bateko erregina bezala ager zedin. Eta Eduardek ez zuen hartaz hitz egin nahi, zeren denak berezkoa bezala sortu behar baitzuen, harritu eta, jakina, alaitu.
Denak, isilean bat etorri ziren asmo berean, egun hartarako, besterik hitz egin gabe, olgeta-etxe hark amaiturik egon behar balu bezala eta hori zela-eta adiskideei eta herritarrei jai bat eman behar balitzaie bezala.
Baina Eduarden isuriak ez zuen mugarik. Nola Ottiliaz jabetzeko irrika zuen, ez zuen onartzen inolako neurririk sakrifizio, opari eta promesei zegokienean ere. Egun horretan Ottiliari egin nahi zizkion opari batzuetarako, Charlottek oso proposamen ziztrinak egin zizkion. Hitz egin zuen Eduardek bere ganbarazainarekin, jantziteria hornitzen zion eta merkatari eta modalariekin etengabeko harremanetan egoten zenarekin; beronek, ongi baitzekien opari atseginenen eta beraiek entregatzeko erarik hoberenen berri, denborarik galdu gabe eragin zuen hirian kutxatilarik inbidiagarriena, tafilete gorriz forratua, altzairuzko orratzez hornitua eta altxor han zegozkion opariz betea.
Horrezaz gainera beste proposamen bat ere egin zion Eduardi. Bazegoen han erretzekoan atzeratutako su artifizialezko hornizio txiki bat. Erraz sendotu eta ugaritu zitekeen. Eduardek beretzat hartu zuen ideia eta ganbarazaina arduratuko zen hura burutzeaz. Gauza isilpean gorde behar zen.
Bitartean kapitainak, zenbat eta hurbilago zegoen eguna, areagotu egiten zituen polizi neurriak, oso beharrezkotzat jotzen baitzituen jende-multzo bat bildu edo bateratu behar zirenean. Neurriak hartuak zituen jai baten erakarmena hainbeste itsusten duten eskale eta beste deserosotasunei zegokienez ere.
Aitzitik, Eduard eta bere fidatua batez ere su artifizialez arduratzen ziren. Erdiko urmaelean erreko ziren, arte handi haien aurrean; jendetza aurrean, alboen azpian, kokatuko zen suen efektua, uretan egingo zuten errainua eta erretzen zegoen bitartean ur gainean ibiliko zena behar bezalako distantziara, segurtasun eta erosotasunez, ikusi ahal izateko.
Beste aitzakia batez, bada, agindu zuen Eduardek alboen azpiko sasi, belar eta goroldioa garbitzeko, orduan lehen aldiz ikusi ahal izan zelarik zuhaizti haren bikaintasuna, bai garaieran eta bai hedaduran, lurzoru garbian. Hark pozik handiena eman zion Eduardi. «Gutxi gorabehera urtaro honetantxe landatu nituen. Zenbat denbora ote da?» —galdetu zion bere buruari. Etxera itzuli bezain laster, aitak, batez ere landari zegokionean, oso txukun eraman izan zituen Egunkariak kontsultatzen hasi zen. Egiazki, landaredi hura ezin zitekeen han agertu; baina beste gertakari muntadun batek, egun berean gertatu eta Eduardek oso gogoan zeukanak, derrigor egon behar zuen han notaturik. Liburu batzuei orriak irauli zizkien. Baina a zer txundimen eta bozkarioa bat etortze harrigarriaz jabetzean! Zuhaitz haiek landatu ziren eguna, urtea, Ottilia jaio zen eguna, urtea ere bazen!
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu