XIII. KAPITULUA

 

        Eduard, bere aldetik erabat bestelako aldartean aurkitzen zen. Hain gutxi du lo egiteko asmorik, non arropak eranzterik ere bururatzen ez zaion. Mila aldiz musu ematen dio dokumentuaren kopia, Ottiliak haur-esku zalantzakorraz idatzirikoaren hasiera; amaierari ozta-ozta ausartzen da musu ematera, bere letra ikusten duela bertan baiteritzo. «Oi, eta beste dokumentu bat balitz!», pentsatzen du isilean; baina halere bere guraririk biziena lortu izanaren lekukotasunik ederrena geratzen zaio. Zeren bere eskuetan geratuko baitzaio, eta ez al du atergabe estutuko bihotzaren kontra, nahiz eta hirugarren baten sinaduraz itsusturik egon?

        Ilbehera agertu zen basotik. Gau epelak parkera erakarri zuen Eduard; hasten da alde batera eta bestera birak ematen, eta hilkorren arteko artegatsuena eta zoriontsuena da. Lorategian zehar dabil alderrai; estuegi bihurtzen zaio; lasterka landara jotzen du, eta zabalegi gertatzen zaio. Berriro gaztelura erakarria sentitzen da; Ottiliaren leihopean aurkitzen da. Terraza baten mailan esertzen da han. «Murruek eta sarrailek —pentsatzen du— banantzen gaituzte orain, baina gure bihotzak ez daude bananduak. Aurrean baneuka, besoetara amilduko litzaidake, ni bereetara; eta zer behar du besterik ziurtasun horretaz aparte?» dena isilik zeukan inguruan; airetxo bat ere ez zen mugitzen; hain zegoen geldi dena, non lurpeko zomorrotxoen lan egitekotsua hautematen baitzen, zeinentzat egunak eta gauak berdinak diren. Eduardek bere amets zoriontsuetan murgildurik jarraitzen zuen, harik eta azkenean loak hartu zuen arte eta ez zen esnatu eguzkia zerumugatik begirada bikainarekin agertu eta laino goiztiarrak menperatu zituen arte.

        Bere jabegoetan iratzarritako lehena zela ohartu zen. Langileak beranduegi zebiltzala iruditzen zitzaion. Iritsi ziren; gutxiegi iritzi zien eta izendaturiko eginkizuna aski murritza bere nahietarako.

        Langile gehiago eskatu zituen; agindu zizkioten eta egunean zehar eraman zizkioten. Baina haiei ere ez zien aski iritzi bere asmoak bizkor burutuak ikusteko. Sortzeak ez zion jadanik pozik ematen: denak prest egon behar zuen, eta norentzat? Ottiliak lasai korritzeko bideak prestatu behar dira, eta baita eserlekuak ezarri ere Ottiliak beraietan atsedena har dezan. Etxe berrian ahal duen guztia agudotzen ditu lanak, zeren amaiturik egon behar baitu Ottiliaren urtemugarako. Eduarden sentimenduetan, bere egintzetan bezalaxe, jadanik ez dago inolako neurririk. Maitale eta maitatu izatearen kontzientziak amaigabera bultzatzen du. Nola aldatu zaion gela guztien, ingurumari guztien itxura! Ez da jadanik bere etxean aurkitzen. Ottiliaren presentziak dena irensten du; harengan erabat murgildurik dago; ez zaio beste gogoetarik sortzen, ez dio ezein kontzientziak hitz egiten; bere izaeran loturik zegoen guztiak loturak hausten ditu eta bere izaki osoa Ottiliarengana dario.

        Begiztatzen du kapitainak oldar grinatsu hori eta bere ondorio tristeak aurrez eragotzi nahi ditu. Orain bulkada alderdi-bakarraz gehiegi sustatuak ageri diren obra haiek guztiak, bizikidetza lasai eta adiskidekor baterako kalkulatuak zituen. Berak ordurako burutua zuen eranskinen salmenta, lehen ordainketak eginez, zeinak Charlottek, hitzemanaren arabera bere kutxan sartu baitzituen. Baina orain, lehen asteetan, inoiz baino areago jokatu behar dute baretasun, egonarri eta ordenuz, eta ez utzi hauei eskuetatik ihes egiten, zeren era hain zalapartatsuan ez baitu aitzinkontuak luze iraungo.

        Asko zegoen hasita eta asko egiteko. Nola utzi behar zuen berak Charlotte egoera hartan? Deliberatu zuten biek eta bat etorri ziren planeaturiko lanak agudotzean, amaitzeko dirua mailegatzean eta haien kantzelaziora artean zintzilik zeuden eranskinen ordainketa-epeak izendatzean. Galerarik gabe egin ahal izan zen hori bidezkoa lagatzearen bidez; eskua libreago izan zuten; errendimendua zegoen, denak funtzionatzen baitzuen, langileak kopuru egokian zeuden, lehen baino gehiago, eta seguru eta bizkor iritsiko ziren amaierara. Eduard ados jarri zen, bere asmoekin bat baitzetorren.

        Baina bere bihotzaren barrenean pentsatu eta proposatutakoari heltzen zion Charlottek eta gizonki dauka alboan adiskidea, sentimendu berekin. Baina hain zuzen ere horrexegatik gehitzen zaio konfiantza ere. Elkarri Eduarden grina azaltzen diote; hartaz deliberatzen dute. Charlottek beregana hurbilagotzen du Ottilia; zorrotzago zaintzen du, eta zenbat eta gehiago barrentzen den bere bihotzean, hainbat gehiago eta hobeto begiratzen du neskatilaren bihotzean. Ez du beste salbamendurik ikusten; neskatila handik urrundu beharra dago.

        Orain neurri aproposa deritzo Luzianak barnetegian hain laudorio nabarmena lortu izana; zeren izeba amonak, hartaz jakitun, neskatilaz behin betirako kargutzeko eta munduan sarrarazteko gogoa baitu. Ottilia barnetegira itzul liteke; kapitaina, ongi zerbitzaturik, urruntzen zen; eta dena hilabete batzuk lehenago zegoen bezala geratzen zen, hobeto ez bazen. Eduardekiko bere harremana berandura gabe berrezartzea espero zuen Charlottek, eta hori guztia hain zentzuz ari zen bere baitan planeatzen, non bere eromenean setatzea besterik ez baitzuen egiten: aurreko egoera murriztuago batera itzul zitekeen, askatu zen zerbait indartsua berriro mugetara itzularaz daiteke.

        Baina Eduardek bitartean oso ongi sentitzen zituen bidean agertzen zitzaizkion eragozpenak. Laster konturatu zen bera eta Ottilia aldendurik zeuzkatela, berarekin bakarrean hitz egitea zailtzen ziotela, eta baita neskatilarengana hurbiltzea ere, zenbait pertsonaren aurrean izan ezik; eta horregatik nahigabea sentitzean, beste gauza askorengatik ere sentitu zen. Bidenabar Ottiliarekin hitz egiterik izaten bazuen, ez zen bakarrik bere maitasuna segurtatzeko, baita emazteaz eta kapitainaz kexatzeko ere bazen. Ez zuen ulertzen berak ere bere oldar zakarraz, kutxa agortzeko zorian zeukala; mingostasunez haserre egiten zien Charlotte eta kapitainari lehenik hitzemanaren aurkako portaerarengatik arazo hartan eta, halere, bera bigarren hitzarmenari atxiki zitzaion eta eragin eta eskatu ere egina zuen.

        Gorrotoa alderditarra da, baina maitasuna oraindik gehiago. Ottilia ere urrundu zen nolabait Charlotte eta kapitainarengandik. Nola Eduard azken hauetaz kexatu zen Ottiliarekin, hark ez zuela jokatu arazo honetan adiskide bezala ez benetako zintasunez, Ottiliak pentsatu gabe erantzun zion:

        — Lehenago ere konturatuta nengoen ni ez zitzaizula erabat leiala. Behin Charlotteri esaten entzun nuen: «Eduardek bere flautakeriekin bakean utziko bagintu. Ez du ezer garbian ateratzen eta gogaikarri zaio entzuten duenari.» Pentsa zenezake nolako mina egin zidan horrek, hain gogara zu laguntzen ari nintzelarik.

        Esan bezain laster, izpirituak xuxurlatu zion isilik egon beharko zukeela; baina ordurako kanporatua zuen. Eduardi aurpegia mudatu zitzaion. Ezerk ez zuen bere bizitzan hark adina sumindu: bere nahirik minenetan erasotua sentitzen zen, neurririk txikienik gabeko haur-ahalegin batez kontziente zen. Beraz, entretenigarri eta pozgarri zuena isekagai zen adiskideentzat. Ez zuen pentsatzen zeinen ikaragarria den hirugarren batentzat talentu eskas batek belarriak minberatzea. Iraindurik, sumindurik, gehiago ez barkatzeko bezala zegoen. Betebehar guztitik libraturik sentitzen zen.

        Ottiliaren ondoan egon, bera ikusi, zerbait belarrira xuxurlatu, zerbait fidatu beharra haziz zihoan egunean-egunean. Idaztea erabaki zuen, ezkutuko gutun-trukea berekin izateko eskatzera. Paper-zerrendak, zeinean aski labur hori egin zuen, idazmahai gainean geratu behar izan zuen, eta haize-bolada batek lurrera bota zuen, ganbarazaina ilea kizkurtzeko sartzera zihoanean. Normalean, orrikatxoen berotasuna frogatzeko, lurrean paper-zatiren baten bila makurtu ohi zen; ordukoan hartu zuen txarteltxoa, presaka orrikaratu eta xigortu egin zen. Eduard, akatsaz jabetzean, eskutik kendu zion. Handik gutxira mahaira eseri zen berriro idazteko; baina bigarrenez ere ez zitzaizkion ongi ateratzen lumaren puntuak. Ondoezen bat, kezkaren bat sentitzen zuen, baina gainditu egin zuen. Ottiliari eskuan estutu zion orritxoa beragana hurbildu ahal izan zen unean.

        Ottiliak berandutu gabe erantzun zion. Eduardek irakurri gabe gorde zuen txarteltxoa gerruntzearen patrikan, zeinak modaren arabera laburra izaki ez baitzuen ongi gordetzen. Atera zitzaion handik eta erori zitzaion lurrera bera ohartzeke. Ikusi zuen Charlottek, eta jaso zuen, eta begiratu bizkor baten ondoren itzuli zion.

        — Hemen zeuk idatziriko zerbait dago —esan zion— agian galdu nahi ez duzuna.

        Eduard zurturik geratu zen. Huts egin ote du? —pentsatu zuen—. Jabetu ote da orritxoaren edukiaz ala erratu egin ote du letraren antzak?

        Azken hau izan zelakoan zegoen. Jakinaren gainean zegoen, birritan jakinaren gainean; baina zantzu aparteko, halabeharrezko horiek, zeinen bidez izaki goitar batek hitz egiten digula dirudien, ezin zituen bere grinak ulertu. Aitzitik, zenbat eta urrunago eramaten zuen, hainbat gutxiago gertatzen zitzaion itxuraz zeukateneko mugapen hura. Galdu zen lagunarte adiskidekorra. Itxita zeukan bihotza eta bere adiskide eta emaztearekin biltzera beharturik aurkitzean lehen izandako isuria ezin izaten zuen bere barruan aurkitu, suspertu. Horregatik bere buruari egin behar izaten zion haserre isila deseroso zitzaion, eta umore gisako baten laguntza bilatzen zuen, zeinak maitasunik gabea zelako, ohiko graziarik ere ez baitzuen izaten.

        Froga guzti hauetan Charlotteri baliozko izan zitzaion bere barne-sentimendua. Asmo sendoa zeukan hain isuri eder eta prestuari uko egiteko.

        Zer gogoa zuen beste biei ere laguntzeko! Urruntasuna, ondotxo zekien, berez bakarrik ez zen aski izango halako gaitza sendatzeko. Neskatila onarekin gai hartaz hitz egiteko asmoa hartzen du; baina ez da egitera iristen; bere ar-galeriaren oroitzapenak trabatzen dio bidea. Hartaz orokorrean hitz egiten ahalegintzen da, baina orokorra bere egoerari ere egokitzen zaio, zeinaz hitz eginak ikaratzen duen. Ottiliari egin beharreko edozein iradokizun bere bihotzera zuzentzen zaio; aholku eman nahi du, eta berak ere aholku beharko lukeela sentitzen du.

        Isilean dauzka maiteminduak bata bestearengandik urrun, baina egoera ez da horrenbestez hobetzen. Ezpainetatik batzuetan ihes egiten dioten adierazpen arinek ez dute Ottiliarengan eraginik, zeren Eduardek konbentzitu egin baitu Charlottek kapitainarenganako duen isuriaz, konbentzitu egin du berak era gisakoan burutu nahi duen banaketa baten irrika duela Charlottek.

        Ottilia, zoriontasun desiratuaren bidean bere errugabetasunaren sentimenduak gidaturik, Eduardentzat bakarrik bizi da. Maitasunaren bidez ona den guztian indarturik, bere jardunean alaiago berarengatik, itxiago besteentzat, zeru batean bezala aurkitzen da lurrean.

        Hala jarraitzen dute denek, nork bere erara, gogoetarekin eta gabe; badirudi dena bere ohiko joanairari lotzen zaiola, aparteko kasu hauetan gertatu ohi denez, zeinetan dena jokoan egoten den eta halere, denak ezer gertatu ez balitz bezala bizitzen jarraitzen duen.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia