XII. KAPITULUA
Taldea gosaltzeko berriro bildu zenean, behatzaile arretatsuak bakoitzaren portaeran aldarte eta sentipen diferentzia hauteman ahal izango zukeen. Kondeak eta baroisak maitale-pare batek, banaketaren saminaren ondoren, elkarrenganako isuria segurutzat jotzen duteneko atsegin alaiarekin agurtu zuten elkar; aldiz, Charlotte eta Eduard kapitaina eta Ottiliaren bila joan ziren erdi lotsatu eta damuturik. Halakoa baita maitasunaren izaera, berak bakarrik duela eskubidea uste baitu, eta gainerako eskubide guztiak haren aurrean desagertu egiten direla. Ottiliak haurraren alaitasuna zuen, eta bere erara, irekia dei zitekeen. Serio ageri zen kapitaina kondearekiko bere elkarrizketan, honek bere izpirituan denboraldi batez atsedenean eta lotan edukia mugitzen zitzaion bitartean; hautemangarriegi bihurtu baitzitzaion bera ez zegoela han bere destinoa betetzen, eta barrenean nagitzea besterik ez zuela egiten erdi jardukorra zen alfertasunean. Bi ostalariak aldendu bezain laster, Charlotteren pozarekin bisita berri bat sartu zenean, zeinak bere baitatik irten eta olgatzeko gogoa baitzuen; eta Eduarden kontrakarrarekin, zeinak isuri bikoitza sentitzen baitzuen Ottiliarekin egoteko; eta baita Ottiliaren kontrakarrarekin ere, berarengatik goiz hartan oraindik amaitu gabe baitzeukan kopia beharrezko hura. Eta hala, bizkor ibili zen, bisitariek, berandu, beren gelara alde egin zutenean. Arratsa etorri zen. Eduard, Charlotte eta kapitaina, tarte batean oinez bisitariak lagundu zituztelarik kotxean utzi arte, bat etorri ziren aho batez urmaeletaraino paseoa luzatzeaz. Eduardek gastu handiekin kanpotik etorrarazitako ontzi bat iritsi zen. Gidatu eta erraz gobernatzekoa zen frogatu nahi zuten.
Ontzia urmael nagusiko begiari lotuta zegoan, arte urtetsu batzuetatik hurbil samar, zeinak begiz joak baitzeuzkaten etorkizuneko obretarako. Bertan ontzirategi bat egin behar zen, zuhaitzen azpian geltoki arkitektoniko bat atonduz, zeinetarako lakuan zehar ibiltzen zirenek dirua hornitu beharko zuten.
— Non ezar liteke hobekien ontzirategia? —galdetu zuen Eduardek—. Nik uste alboen ondoan.
— Eskuinalderatxoegi daude —esan zuen kapitainak—. Urrunago, beherantz, ontziratuz gero, gaztelutik hurbilago; baina pentsatu egin beharko da.
Ordurako kapitaina ontziaren txopan zegoen, eta arraun bati heldu zion. Igo zen Charlotte; gauza bera egin zuen Eduardek, eta beste arraun bat hartu zuen; baina bogatzeko prest zeudenean, Ottiliaz oroitu zen, eta uretako txango haiek berandura arte entretenitzen zutela, eta inork ez zekiela noiz itzuliko zen. Beraz, itzulinguruka ibili gabe, berriro lehorrera salto egin, eta desenkusa arin batekin, etxerantz joan zen lasterka.
Han esan zioten Ottilia bere gelan sartu eta idazten ari zela. Bere gauzetan lanpetua zegoela jakitearen sentimendu atseginarekin batera, atsekaberik biziena sentitu zuen berehala ez ikusteagatik. Une bakoitzarekin ezinegona gehitu egiten zitzaion. Areto handian gora eta behera hasi zen, denetarik frogatu zuen baina ezin izan zuen ezertan aditasuna finkatu. Ikusi egin nahi zuen; Charlotte eta kapitaina itzuli baino lehen ikusi nahi zuen. Gaua etorri zen, kandelak piztu zituzten.
Azkenean bera etorri zen, maitagarritasunez dizdizka. Bere adiskidearengatik zerbait egin izanaren sentimenduak bere izaki osoa bere buruaren gainetik jarri zion. Jatorrizkoa eta kopia Eduarden aurrean mahaian ezarri zituen.
— Kolazionatuko al ditugu? —esan zuen barrez. Ez zekien Eduardek zer erantzun. Begiratu zion, eta kopiaren gainetik begiratu zuen. Lehen orriak arretarik handienaz idatziak zeuden, letra samur eme batez; gero trazuek aldatuak ziruditen, arin eta libreago bihurtzeko; baina a zer txundimena azken orrialdeak begiez korritzean!
— Jainko maitea —jaregin zuen—. Zer da hau? Nire eskua da hau!
Begiratu zion Ottiliari, eta begiratu zuen berriro orrietara; amaierak, batez ere, berak idatzi bezala zirudien. Ottilia isilik zegoen, baina atseginik handienaz begiratu zion begietara. Eduardek besoak jaso zituen.
— Zuk maite nauzu! —jaregin zuen—. Ottilia, zuk maite nauzu! Eta elkar besarkatu zuten. Nork besarkatu zuen nor lehenik, ezin zehaztu zitekeen zerbait izan zen.
Une hartatik erabat aldatu zen mundua Eduardentzat; izan zena izateari utzi zion, bera ez zen izan zen lehen izandakoa, mundua ez zen izan lehen izandakoa. Zutik zeuden elkarren aurrean; berak eskuetatik heltzen zion; biek begietara begiratzen zioten elkarri berriz elkar besarkatu nahian bezala.
Honetan Charlotte sartu zen. Han kanpoan luzaroegi egon zelako desenkusen aurrean, Eduardek ezkutuan irribarre egin zuen. «Bai goiz zatozela!» esan zuen bere baitarako.
Eseri ziren afaltzeko. Egun hartako bisitariez epaiak egin zituzten. Eduardek, maitagarriki asaldaturik, bakoitzaz ongi hitz egiten zuen, beti desenkusatuz eta sarritan txalotuz. Charlotte, inondik ere iritzi berekoa ez zena, ohartu zen senarraren aldarte hartaz, eta berarekin txantxetan aritu zen esanez, pertsona dibortziatuei buruz beti hain zorrotza izaki epaietan, nola egun hartan hain barkakor eta onbera sentitzen zen.
Suharrez eta bihotzeko konbentzimenduz jaregin zuen Eduardek:
— Izaki bakar bat bihotzez maitatzen dugunean, beste guztiak ere maitagarri bihurtzen zaizkigu.
Beheratu zituen Ottiliak begiak eta Charlottek zuri jarri zituen bereak.
Kapitainak hitza hartu eta esan zuen:
— Horren antzeko zerbait gertatzen da estimua, errespetuaren sentimenduarekin ere. Norberak ez du munduan zer dagoen baliozkorik ezagutzen, harik eta sentimendu horiek gauza bati ezartzeko aukera aurkitzen duen arte.
Bilatu zuen Charlottek bere logelara goiz aldentzeko modua arrats hartan bera eta kapitainaren artean gertatu zenaren oroitzapenean murgiltzeko.
Eduardek, uraren begira salto egitean, ontzia uretarantz bultzatu zuen, emaztea eta adiskidea elementu zabukorraren baitan utzirik, ikusi zuen Charlottek gizona, beragatik hainbeste nozitutakoa, bere aurrean erdilunetan eserita, bere nahierara ontzia bi arraunekin gidatuz. Sentitu zuen tristura sakon, nekez sumatu bat. Ontziaren uara, arraunen palasta, uraren ispilua kizkurtzen zuen airea, ihien murmurioa, txorien azken astrapala, lehen izarren dirdira eta dirdirdia, denak zeukan zerbait izpirituzkoa erabateko isiltasun hartan. Bazeritzon adiskideak urrunera eramaten zuela bertan behera, bakarrik uzteko asmoarekin. Emozio miresgarri batek zeukan barruan, eta ezin zuen negar egin.
Kapitainak, bitartean, obrek bere iritzian nolakoak izan behar zuten deskribatzen zion. Ontziaren gaitasun onak goratzen zizkion, zeina pertsona bakarrak bi arraunez gidatu eta gobernatzeko modua baitzen. Charlottek arraunean ikasi behar zuen, zeren sentipen atsegina baitzen uretan bakarrik lerratzea eta nor bere buruaren arraunlari eta lemazain izatea.
Hitz horiek entzutean berehalako banaketa zapaldu zion bihotza. «Asmo horrekin esaten ote du? —pentsatu zuen bere barrurako—. Jakinaren gainean ote dago? Ba ote du susmorik? Edo halabeharrez esan ote du, jakin gabe nire zoria aurrez iragartzen duela?» Atsekabe baten, egonezin baten menpean erori zen; lehenbailehen lehorrean trikatzeko eta berekin gaztelura itzultzeko eskatu zion.
Lehen aldia zuen kapitainak urmaeletan zehar zebilela, eta nahiz eta orokorrean beraien sakonera miatua zuen, leku bakoitza oraindik ezezaguna zuen. Iluntzen hasi zuen, eta kapitainak desontziratzeko toki eroso bat aurkitzea espero zuen eta gaztelurako bidetik urrun ez zegoela bazekien aldera jo zuen. Baina norabide hartatik ere desbideratu egin behar izan zuen, nolabait, zeren Charlottek, larritasun moduko batez lehenbailehen lehorrean egon nahi zuela errepikatu baitzuen. Kapitaina indar berrituz hurbildu zen begira, baina zoritxarrez hartatik tarte batera geldiarazia sentitu zen; hondoa jo zuten eta trabatik ihes egiteko ahalegin guztiak alferrak izan ziren. Zer egin? Uretara salto egitea beste irtenbiderik ez zuen, igerilari on samarra baitzen, eta adiskidea begiraino garraiatzea.
Zoriontsu garraiatu zuen zama maitea, aski indartsua baitzen ez zama maitea bestaldera igarotzeko eta Charlotteri kezkarik ez sortzeko, halere honek larriturik ezarri behar izan zizkion besoak lepoan. Kapitainak irmo eusten zion, eta bere gorputzaren kontra estutzen zuen. Malda batean utzi zuen lurrean, baina ez emozio asaldurarik gabe. Artean Charlotte bere lepoan zegoen; berriro bere besoetan estutu eta musu bizi bat eman zion ezpainetan; baina une berean bere oinetara amildu, ezarri ahoa haren eskuan eta jaregin zuen:
— Charlotte, barkatuko al didazu?
Musuak, kapitaina ematera ausartu zenak eta Charlottek ia itzuli zionak, azken hau bere senera ekarri zuen. Estutu zion eskua, baina ez zuen lurretik jaso. Halere, beragana makurtzen eta sorbaldan eskua ezartzen zion bitartean, jaregin zuen:
— Une honek gure bizitzan aro bat markatzea ezin izango dugu eragotzi; baina gure duin izatea, gure baitan dago. Joan egin behar duzu, ene adiskidea, eta joan egingo zara. Kondea zure etorkizuna hobetzeko urratsak ematen ari da; poza eta nahigabea ematen dizkit horrek. Isilpean eduki nahi nuen gauza ziurra izan arte; abaguneak isilpekoa agertzera behartzen nau. Zuri eta neure buruari barkatu ahal izango diot geure egoera aldatzeko kemena baldin badugu bakarrik, ez baitago gure esku gure sentimenduak aldatzea.
Jaso zuen lurretik, eta besotik heldu zion hartan bermatzeko, eta horrela itzuli ziren isilik gaztelura.
Orain bere logelan zegoen, non Eduarden emazte sentitu eta bere burua halakotzat hartu behar zuen. Kontraesan haietan bere bizitzan era askotara zailduriko izaerak laguntzen zion. Beti izan ohi zuen bere buruaren kontzientzia, beti menperatu ohi zuen bere burua, eta orain ere ez zitzaion zaila, gogoeta serio baten bidez, nahi zuen oreka hurbiltzea; areago, bere buruaz barre egin beharra ere izan zuen aurreko gaueko bisita gogoangarriaz oroitzean. Baina laster erori zen susmo baten dardara alaikiro astun baten menpean, zeina gurari eta itxaropen jaieratsutan disolbatzen baitzen. Hunkiturik, belaunikatu egin zen; Eduardi aldarearen oinetan eginiko zina errepikatu zuen. Adiskidetasuna, isuria, buru-ukapena irudi bizitan igaro zitzaizkion aurretik. Berriro berregina sentitzen zen barrenean. Laster erori zen nekadura ezti baten menpean eta lasai loakartu zen.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu