XI. KAPITULUA
Eduardek bere gelara lagundu zuen kondea eta, hizketaldiaz liluraturik, artean apur batean bertan egon zen. Kondea aldi iraganetan galdu zen, Charlotteren edertasuna biziki goratu zuen, zeina adituari dagokionez gartsuki deskribatzen baitzuen.
— Oin polita —zioen— naturaren emari handia da. Grazia hori suntsiezina da. Begira egon natzaio gaur ibili dabilela; oraindik zapatan muin egiteko gogoa sentitzen da sarmaten begirune-erakuspen barbaro samar baina sakon sentitu hori errepikatzekoa, zeinentzat ezer ez baitago hoberik pertsona maitatu eta errespetatu baten zapatatik bere izenean edatea baino.
Ez zen oin-punta soilik laudagai izan bi adiskide fidatu haien artean. Handik istorio eta abentura zaharretara jo zuten, behiala bi maitaleek elkar ikus ez zezaten jarri ziren eragozpenetara, jasan behar izan zituzten estutasunetara, asmatu behar izan zituzten trikimailuetara, elkar maite zutela esateko bakarrik.
— Gogoan al duzu —jarraitu zuen kondeak— zenbat abenturatatik lagundu nizun onik ateratzen, adiskidetasun hutsez eta erabateko interes gabeziaz, gure jaun txit prestuek Charlotteren osabari bisita egin ziotenean eta jauregi hedatsuan bildu zirenean? Eguna ospakizunetan eta gala-jantzitan joaten zitzaigun; baina gauaren parte bat, gutxienez, berriketa libre maitekorrean pasatu behar izaten zen.
— Zuk oso ongi begiz joa zeneukan gorteko damen tegietarako bidea —esan zuen Eduardek—. Beraz, oztoporik gabe iritsi ginen nire maitearengana.
— Eta berak —ihardetsi zuen kondeak— kontu handiagoa egiten zion eratasunari nire atseginari baino, eta han ohore-dama ikaragarri bat zeukan zelatan jarria, eta horrela niri, zuek keinu eta hitzekin oso ongi elkar ulertzen ari zineten bitartean, ezin zekidakeen zorte garratzagorik gertatu.
— Atzo bertan —esan zuen Eduardek—, zure bisitaren berri eman zigutenean, emaztea eta biok istorio hura gogora ekartzeari ekin genion; geure itzulera batik bat. Bidea erratu eta guardien gelaurrera joan ginen. Nola handik bidea aurkitzen ongi genekien, uste genuen inolako eragozpenik gabe pasatu eta postu haren aurretik ere besteenetik bezala lerratuko ginela. Baina a zer nola harridura ateak irekitzean! Bidea lastairaz trabatua zegoen, zeinetan etzanda lotan erraldoi erreskada batzuk zeuden. Postuan zegoen zelatari bakarrak txunditurik begiratu zigun; baina guk, gaztearen alaitasun eta ausardiaz, lasai-lasai igaro ginen botatzar hedatuen gainetik Enaken seme zurrungari haietako bat ere iratzarri gabe.
— Nik egundoko gogoa nuen behaztopa egiteko —esan zuen kondeak— zarataren bat sor zedin, zeren a zer berpizte bitxia ikusteko aukera izango genuen!
Une hartan gazteluko erlojuak hamabiak jo zituen.
— Gauerdi pasatua da —esan zuen kondeak barrez— eta garai egokia hain zuzen. Ene baroia, gauza bat eskatu behar dizut: gida nazazu gaur zuk nik behiala gidatu zintudanez; gaur gauean ere bisitatuko dudala agindu diot baroisari. Egun osoan ezin izan dugu elkarrekin bakarrean hitz egin; luzaroan egon gara elkar ikusi gabe, eta ez dago ezer naturalagorik fidantziazko ordu batengatik hasperenka egotea baino. Erakutsidazu bidea, itzulbidea neronek aurkituko baitut eta edozein kasutan ere ez baitut ezein botarekin behaztopa egingo.
— Atsegin handiz egingo dizut ostatari-zerbitzu honi —erantzun zion Eduardek—; baina emakumeentzako hiru gelak, denak goian daude, pabilioiaren gainean. Batek badaki oraindik ez ote ditugun berriketan aurkituko, edo zer arazo sortuko ditugun, itxura bitxia hartuko dutenak.
— Ez zaitez kezkatu —esan zuen kondeak—. Baroisa itxaroten daukat. Ziur nago ordu honetan gelan eta bakarrik dagoela.
— Gauza gainerakoan erraza da —esan zuen Eduardek eta argi bat harturik, korridore luze baterako eskailera sekretu bat erakutsi zion kondeari. Beronen amaieran Eduardek atetxo bat ireki zuen. Barakuilu-eskailera batetik igo ziren, eta han goian, sapailo mehar batean, erakutsi zion Eduardek kondeari, eskura argia pasatuz, sasi-ate bat eskuinean, zeinak lehen ahaleginean amore eman zuen eta kondea hartu zuen, Eduard ilunpetan utzirik.
Ezkerreko beste ate bat Charlotteren logela zihoan. Eduardek berbaroa entzun zuen eta adi geratu zen. Charlottek bere gela-mirabeari esaten zion:
— Oheratu al da Ottilia?
— Ez —erantzun zion—; eserita dago han behean, idazten.
— Orduan piztu ezazu lanparatxoa —esan zuen Charlottek—, eta zoaz; berandu da. Neuk itzaliko dut kandela eta neronez oheratuko naiz.
Eduardek liluraturik entzun zuen Ottilia oraindik idazten ari zela.
«Niretzakoan lanpeturik dago» pentsatu zuen.
Ilunpe hark erabat bere baitan bildua, eserita idazten ikusten zuen; beragana hurbiltzen zela uste zuen, berari begiratzeko itzultzen zela, beste behin bere ondoan egoteko irrika gaindiezina sentitzen zuen. Baina handik ez zegoen inolako biderik gela zeukan zoru artera. Aldiz, bere emaztearen atearen ondo-ondoan aurkitzen zen eta izpirituan aldaketa aparteko bat gertatu zitzaion. Saiatu zen atea irekitzen eta itxita aurkitu zuen; emaro deitu zuen baina Charlottek ez zion entzun.
Beronek paseatzeari ekin zion gora eta behera alboko gela zabalagoetan barrena. Behin eta berriz errepikatzen zion bere buruari, kondearen ezusteko proposamen hartaz geroztik, bere barrurako sarritan esan zuena. Kapitaina hantxe bertan zegoela iruditzen zitzaion. Artean etxea betetzen zuen; artean paseoak bizitzen zituen eta orain alde egin beharko zuen eta hura guztia hutsik geratuko zen! Esan litekeen guztia esaten zion bere buruari, eta aurreratu egiten zuen, egin ohi denez, denborak min haiek ere arinduko zituen pozbide pasakorra. Madarikatzen zuen arintzeko beharko zuen denbora; madarikatzen zuen arinduko ziren denbora heriozkoa.
Gero, azkenean, malkoetan aurkitu zuen ihesbidea, zeinei hainbat abegi hobea egin baitzien, gutxitan gertatzen zitzaion zerbait izaki. Amildu zen besaulki batean eta erabat murgildu zen bere saminean. Eduardek, bere aldetik, ezin zuen atea erauzi. Hirugarrenez deitu zuen, eta sendoago, halako moldez, non Charlottek argi eta garbi entzun baitzuen gaueko isiltasunean, eta asaldaturik, zutitu egin zen. Bere lehen pentsamendua izan zen: «Baliteke, kapitaina izan behar du.» Bigarrena: «Baina hori ezina da!»Liluratzat hartu zuen; baina entzun egin zuen, nahi zuen, beldurra zion entzun izanari. Igaro zen logelara, astiro krisketadun ate tapizatura hurbildu zen. Haserre egin zion bere buruari beldurrarengatik. «Oso erraz izan lezake baroisak zerbaiten premia», esan zuen bere baitarako; eta baretasun eta lasaitasun osoz erantzun zuen:
— Nor dabil hor?
Mintzo eme batek erantzun zuen:
— Neu naiz.
— Nor? —galdetu zuen tonua berezi ezin zuen Charlottek. Berarentzat kapitainaren irudia zegoen atearen aurrean. Mintzo ozenxeagoz erantzun zitzaion:
— Eduard.
Ireki eta senarra aurkitu zuen. Honek txantxa batekin agurtu zuen. Horrek tonu berean jarraitzeko aukera eman zion. Berak bisita enigmatikoa azalpen enigmatikoz nahastu zuen.
— Baina aitortuko dizut —esan zion azkenean— zertara natorren egiatan. Oraindik gaur gauean zure zapatari mun egiteko promesa egin dut.
— Horrelakorik ez zaizu aspaldian bururatu —esan zuen Charlottek.
— Hainbat okerrago —esan zuen Eduardek— eta hainbat hobeto!
Charlotte kamainatxo batean eserita zegoen, bere gau-jantzi arma inoren begietatik aldentzeko. Belaunikatu zen Eduard haren aurrean eta ezin izan zion zapatatxoari muin egitea eta eskutik jaregin gabe oina hartu eta samurkiro bularraren kontra estutzea galarazi.
Charlotte, izaeraz neurrikoa, ezkonduta ere, aurre-gogoeta eta ahaleginik gabe, ezkongaietako era eta manerak gordetzen dituzten emakume horietakoa zen. Ez zuen inoiz senarra zirikatzen, baina nekez ihes egin ahal izaten zion haren eskariei; baina hoztasun eta mukertasun higuingarririk gabe zilegi denaren aurrean ere barne-lotsaizuna sentitzen duen emaztegai maitekorra zirudien. Eta hala aurkitu zuen gau hartan Eduardek, zentzu bikoitz batean. Joranez nahi zuen senarrak alde egitea, zeren adiskidearen mamuak haserre egiten ziola baitzirudien. Baina Eduard aldendu behar zuenak gehiago erakartzeko bakarrik balio izan zuen. Mugimenduren bat nabarmentzen zitzaion. Negar egina zuen, eta pertsona bigunek horrenbestez eskuarki xarma galtzen badute ere, indartsu eta deliberatutzat dauzkagunak izugarri irabazten dute. Hain zegoen maitekor, adiskidekor, hertsakor Eduard! Bere gelan uzteko erregutzen zion, ez zuen zorrotz eskatzen, benetan eta txantxetan konbentzitu egin nahi zuen, ez zuen eskubidea zuenik pentsatzen, eta azkenik aldarte onean kandela itzali zuen.
Lanpararen erdilunean isuri barnekoiena nagusitu zitzaion; irudimenaren indarrak errealitatearen gain baliarazi zituen bere eskubideak. Eduardek Ottilia zeukan bere besoetan; Charlottek kapitaina sentitzen zuen eralgitzen bere arimatik hurbilago edo urrunago, eta horrela, era aski miresgarrian gibiztatzen ziren absentea eta presentea, kitzikagarri eta gozagarri.
Eta hala eta guzti ere, presenteak ez zion uzten inori bere eskubide eskerga lapurtzen. Gauaren parte bat hizketa eta txantxetan eman zuten, zeinak hainbat libreagoak ziren, zeinetan, zoritxarrez, bihotzak ez baitzuen hartan parterik hartzen. Baina Eduardi, biharamun goizean emaztearen altzoan esnatzean, egunak goganbehartsu begiratzen ziola iruditu zitzaion, eguzkiak krimen bat argitzen zuela; emeki lerratu zen haren ondotik eta Charlotte, bakan samarra bazen ere, bakarrik aurkitu zen esnatzean.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu