X. KAPITULUA

 

        Ostalariei ongietorria egin eta barrura eraman zituzten; oso poztu ziren behiala hain egun onak eman zituzten eta hainbeste denboran ikusi ez zuten etxe berean eta gela berean aurkitzeaz. Oso atsegina gertatu zitzaien adiskideei ere haien presentzia. Bai kondea eta bai baroisa gaztaroan baino urteetan aurrera joan ahala itxura hobea duten irudi garai, eder horien artean sartzekoak ziren; zeren nahiz eta orduan lehen distiratik zerbait galdua duten, gero, ordea, isuriarekin batera fidantzia iradokitzen baitute. Gure bikotetxoa ere oro eroso aurkitzen zen presentean. Bizitzako egoerak hartzeko eta tratatzeko zuen modu librea, bere umore ona eta itxurazko soltetasuna berehalaxe kutsatzen zitzaizkien besteei eta eratasun handi batek zedarritzen baitzuen hura guztia, inork hartan inolako bortxarik nabaritu ez zuelarik.

        Eragin hori berehalaxe sentitu zen taldean. Etorri berriek, zuzenean mundutik zetozenek, jantzi, hornigai eta gainerako girotik ikus zitekeenez, nolabait gure adiskideekin eta beren baserri-egoera eta ezkutuki grinatuarekin, kontraste moduko bat eratzen zuten, zeina berehalaxe desegin zen, oroitzapen zaharrak eta presentekoak nahastu zirenean eta elkarrizketa bizkor eta biziak denak elkartu zituenean.

        Baina ez zen luze itxaron beharrik izan aparteko zerbait gertatzeko. Emakumeak pabilioira aldendu ziren eta bertan, konfidentzia bat baino gehiagoren trukean eta jantzi kapelu eta antzekoen forma eta ebakidura azken ordukoenez berritsukerian nahikoa olgeta aurkitu zuten, bitartean gizonezkoak bidai kotxe berri zaldiz tiraturikoez arduratzen eta tratuan eta trukean hasten zirelarik.

        Mahaian bakarrik elkartu ziren. Jantziz aldaturik zeuden eta horretan ere bikotetxo heldu berriak aldea atera zien. Soinean zerabilten guztia berria eta inoiz ikusi gabea zuten eta halere erabilerak usadio eta erosotasun bihurtua.

        Hizketa bizia eta askotarikoa izan zen, zeren halako pertsonaien aurrean denak eta ezerk ez baitzirudien interesgarri. Frantsesaz baliatzen ziren zerbitzariak ulerkuntzaz at uzteko, eta gozamen atseginez ziharduten munduko gorabehera goitar eta ertainez. Puntu bakar batean iraun zuen hizketak komeni baino gehiago Charlotteri gaztaroko neskatila adiskide batez galdetu eta harritu samarturik entzun zutenean handik gutxira dibortziatzekotan zebilela.

        — Tamalgarria da —esan zuen Charlottek— norberak bistatik adiskideak galdu eta neskatako laguna edozertatik salbu dagoela uste duenean, bat-batean destinoa kordokatzen ari zaiola eta bizitzan zidor berria eta agian ziurtasunik gabea zapaltzera beharturik dagoela entzutea.

        — Egia esateko, ene adiskide txit ona —ihardetsi zuen kondeak—, geu gara horrela harritzearen errudun. Mundu honetako gauzak eta batez ere ezkon harremanak iraunkortzat jo nahi izaten ditugu, eta azken hauei dagokienez, beti errepikatzen ikusten ditugun miraiek munduaren joanairarekin bat ez datozen gauzak pentsatzera desbideratzen gaituzte. Komedian ezkontza zenbait egintzaren eragozpenek galarazitako desira baten azken xede gisa ikusten dugu, eta xede hori lortzen den unean, oihala erortzen da eta aldiuneko askakuntzak oihartzuna du gure baitan. Munduan besterik da; hemen ikuskizunak jarraitu egiten du, eta oihala berriz jasoko balitz, ez genuke hartaz ezer ikusten eta entzuten jarraitu nahiko.

        — Ez da hain txarra nonbait —esan zuen Charlottek, barrez— teatro horretatik irten diren pertsonek bertan paper bat berriz antzezteko prest agertzen direnean.

        — Horri buruz ez dago inolako eragozpenik —esan zuen kondeak—. Paper berri bat beti onartzen da gogara eta mundua ezagutzen denean ongi ikusten da ezkontzan ere betiereko iraupen deliberatu hori bakarrik dela, munduan dauden gauza higikorren artean, bere baitan zerbait moldakaitza duena. Nire adiskide batek, legegai berrietan bere umorea bereziki erakusten duen batek, aitortzen zuen ezkontza orok bost urtetarako egin behar duela tratua. «Hau —zioen— zenbaki ederra da, bakoitia, sakratua eta denbora-epe hori aski da norbera ezagutzeko, haur batzuk mundura ekartzeko eta banantzeko, eta ederrena dena, berriro adiskidetzeko. «Eta jaregin ohi zuen: Zeinen atsegin emango litzatekeen lehen aldia! Bi, hiru urte igarri gabe igaroko lirateke behintzat! Gero, berriz, alderdi bati egoera luzatzea emango lioke buruak eta areagotu egingo luke bere atsegingarritasuna, zenbat eta hurbilago egon tratuaren amaieratik. Alderdi axolagabea, edo pozik ez dagoena agian, faboratua eta liluratua sentituko litzateke horrelako portaeraren aurrean. Ahaztu egingo litzateke, gizarte onean ahazten denez denbora igaro egiten dela eta ezustekorik atseginena izango genuke konturatzean, epe-muga gainditu eta gero, tazituki luzatu egin zela».

        Hain zorrotza eta barregarria zirudien honek eta txantxa hari hainbesteko garrantzi moral sakona emateko aukera sortzen zen Charlottek hain ongi sentitzen zuenez, non adierazpen haiek ez zioten grazia apurrik ere egiten, Ottiliarengatik batik bat. Sobera zekien ez dagoela ezer arriskutsuagorik hizketa libreegi bat baino, egoera zigorgarri edo ia zigorgarria zerbait arrunta, ohikoa eta laudagarria balitz bezala tratatzea, eta sail horretakoa da, egiatan, ezkon batasunari dagokiona. Beraz, bere taktika trebeaz hizketa desbideratzen ahalegindu zen; baina lortzen ez zuenez gero, deitoratu zuen Ottiliak dena hain egoki atondu izana, non zertarako ez baitzuen zutitu beharrik. Neskatila lasai eta ernea begirada eta keinuaren bitartez ulertzen zen mahaizainarekin, halako moldez, non dena miresgarriro zihoan, nahiz eta egun hartan bi zerbitzari libreadun berri eta trakets egon han.

        Eta hala jarraitu zuen kondeak, hizketa desbideratzeko Charlotte egiten ari zen ahaleginaz ohartzeke, gai beraz hitz egiten. Bestalde, hizketan astuna izateko ohiturarik ez zuelarik, arazoak pisu handiegia ezartzen zion bihotzean, eta emaztearengandik banantzeko zailtasunek amorrua sortarazten zioten ezkon batasunari buruzko edozertaz, zeina biziki irrikatzen zuen baroisarekin.

        — Adiskide hark —jarraitu zuen— beste legegai bat ere asmatu zuen. Ezkontza ezin bananduzkotzat joko zen, bi alderdiak, edo haietako bat gutxienez, hirugarren aldiz ezkondua zenean bakarrik. Zeren horrelako pertsonari dagokionez, ezin ukatuzko eran aitortzen baitu halakoak ezkontza ezinbestekoa duela, gainera, jadanik ezaguna da nola portatu den aurreko ezkontzetan, nahiz eta gaitasun onekoa izan, zeinek sarritan aukera hobea ematen duten dibortziorako txarrek baino. Horregatik elkarri berri eman behar zaio; kontuz ibili behar da nola ezkonduekin hala ezkongabeekin, zeren inork ez baitaki gauzek nondik leher egingo duten.

        — Horrek asko gehituko luke segur aski gizartearen interesa —esan zuen Eduardek—, zeren orain, ezkondurik gaudela, inork ez baitu galdetzen jadanik gure bertuteez, ezta gure akatsez ere.

        — Horrelako lege bat ezarriz gero —tarteratu zen baroisa barrez— gure ostatari maiteak zorionez bi maila igoko lirateke eta hirugarrena igotzeko prestatuko lirateke.

        — Ongi diozu —esan zuen kondeak—: hemen heriotzak gogara egin du kontsistorioek gogoz beste baizik egiten ez dutena.

        — Utz ditzagun bakean hildakoak —esan zuen Charlottek begirada serio samarraz.

        — Zergatik? —erantzun zuen kondeak—, haiengan benerazioz pentsatzen bada? Aski apalak izan ziren zenbait urterekin beren buruak ase aitortzeko, uzten zituzten hainbeste ondasunen truke.

        — Bai noski —esan zuen baroisak hasperen eutsi batekin— horrelakoetan urterik hoberenei uko egin behar ez balitzaie.

        — Egia da —ihardetsi zuen kondeak—: horregatik etsipenean erortzekoa izango litzateke oro har hain bakana ez balitz mundu honetan ondorio itxaron bat betetzea. Haurrek ez dute agindutakoa betetzen; gazteek oso gutxitan, eta berek hitza betetzen badute, munduak ez die beraiei betetzen.

        Charlotte hizketa aldatu zelako pozik zegoen eta alai ihardetsi zuen:

        — A zer gauza! Horren premiarik gabe laster ohitu behar izaten dugu ongiaz zatika eta apurka gozatzera.

        — Noski —ihardetsi zuen kondeak—. Zuek biok aldi ederrez gozatu zarete. Gogoratzen dudanean zuk eta Eduardek gorteko bikoterik distiratsuena eratzen zenuteneko urte haietaz... Orain inork ez du hitz egiten garai distiratsuagoez ezta irudi gailenagoez. Zuek biok dantzan aritzen zinetenean, begi guztiak zuengana itzuliak egoten ziren eta zeinen ilarrainduak zeundeten biok elkarrenganako bakarrik begiak zenituztenean.

        — Gauzak hainbeste aldatu direnez gero —esan zuen Charlottek— lore guzti horiek apaltasunez entzuten ditugu.

        — Eduardi behin baino gehiagotan haserre egin diot isilean —esan zuen kondeak— setatiagoa izan ez delako: zeren azken finean bere guraso miragarriek amore emango zuketen eta hamar urte irabaztea ez da huskeria bat.

        — Bat nator zurekin —esan zuen tarteratuz baroisak—. Charlotte ere ez da erabat errugabe, ez dago pertxentakeriaz erabat garbi, eta nahiz eta lehen unetik Eduard bihotzez maite izan eta ezkutuan senartzat hautatu zuen, neu naiz lekuko nola sarritan tormentatzen zuen, halako moldez, ezen erraz bultza egin baitzekiokeen bidaiatu, urrundu, bere ohitura galtzearen erabaki dohakabera.

        Eduardek keinu batez onartu zituen baroisaren adierazpenak eta esker oneko zirudien haren jardunarengatik.

        — Baina halaber —jarraitu zuen— Charlotteren deskargurako esan beharra daukat honako hau: garai hartan gorteiuan zebilkion gizona aspaldidanik nabarmendua zen beraganako isuriarengatik, eta zenbat eta gehiago tratatzen zuen, besteek aitortu nahi zutena baino estimagarriago gertatzen zen.

        — Adiskide maitea —ihardetsi zuen kondeak bizi samar—, aitor dezagun bakarrik, bera ez zitzaizula erabat axolagabe eta zuri beldur izateko arrazoi gehiago zuela beste inori baino. Nik ezaugarri ontzat daukat emakumeengan luzaroan gizon batenganako atxikimenduari euste hori, inolako banaketak ez endekatzen edo ezabatzen ez dena.

        — Gaitasun on hori baliteke gizonezkoek ere izatea eta areago oraindik —ihardetsi zuen baroisak—; zuregan, behinik behin, ohartu ahal izan dut ez dagoela zuregan hainbeste botere duenik, nola garai batean isuria izan diozun emakumeak adina. Horrela egiaztatzeko aukera izan dut zuk, horrelako emakume baten aldezpenean, aldiuneko adiskideak zugandik espero lezakeen baino efektu handiago bat eragiten.

        — Horrelako haserre bat berez erortzen da —ihardetsi zuen kondeak—. Baina Charlotteren lehen senarrari dagokionez, nik ezin nuen jasan behintzat, zeren bikoterik politena, benetan bikote aurrezarri bat banantzera etorri baitzitzaidan, zeinak gero elkarturik ez baitzuen bost urteen beldurrik ezta bigarren edo hirugarren elkartze baten atzetik hasperenka ibili beharrik ere.

        — Ahaleginduko gara —esan zuen Charlottek— galtzen utzi duguna berreskuratzen.

        — Hortxe gelditu beharko zenukete —esan zuen kondeak—. Zuen lehen ezkontzak —jarraitu zuen suhartasun apur batez— mota higuinduko ezkontza guztiz egokiak izan ziren; eta zoritxarrez, badu ezkontzak, eta barkaidazu esamoldearen bizitasuna... zerbait zantarra; harremanik samurrenak alferrik galtzen ditu eta hori alderdietako bata gutxienez erortzen deneko segurtasun inozoarengatik da. Dena berez ulertzen da eta badirudi elkartzea bata zein bestea bere bidetik aurrera joateko bakarrik egin dela.

        Une hartan, hizketaldia inondik ere amaitu nahi zuen Charlottek, ongi atera zitzaion itzuli zakar batez baliatu zen. Elkarrizketa orokorrago bihurtu zen, hartan bi ezkontideek eta kapitainak esku hartu ahal izan zuten, eta Ottiliak berak ere barrena kanporatzeko aukera izan zuen, denek otordu ondoaz aldarterik hoberenean gozatu ahal izan zutelarik, zeinean parterik abantailatuena baitzuten otarre apaindutan ezarritako fruituek eta txarro dotoretan ederki banaturiko loreen ugaritasun nabarrenak.

        Hizketan parkeko obra berriak ere agertu ziren, zeinak bazkalondoan berehalaxe bisitatu zituzten. Ottilia etxeko lanei kontu egin behar zielako aitzakiarekin aldendu zen; baina, izatez, bere kopia jarraitzeari ekin zion. Kondea kapitainak entretenitu zuen, eta gero Charlotte elkartu zitzaion. Goialdera igo eta kapitaina gogara behera jaitsi zelarik planoaren bila, kondeak Charlotteri esan zion:

        — Gizon hau guztiz begiko zait, oso ongi eta denean eskolatua da. Bere jarduerak ere oso serioa eta zuzena dirudi. Hemen egiten duena leku garaiago batean garrantzi handikoa izango litzateke.

        Charlottek barne-atseginez entzun zuen kapitainari buruzko laudorio hura. Gorde egin zuen barrena, halere, eta baretasun eta sotiltasunez berretsi zuen kondeak esandakoa. Baina harriturik geratu zen kondeak honela jarraitzen zuela entzutean:

        — Bere ezagutza primeran datorkit orain. Ezagutzen dut leku bat gizon hori bere giroan aurkitu litzatekeena, eta nik, gomendioa egitean, zoriontsu egin dezaket bera eta aldi berean erarik hoberenean behartu adiskide goitar bat.

        Charlotteren gainera eroritako tximista baten modukoa izan zen hura. Ez zuen ezer kondeak ohartu, zeren emakumeak beren burua menperatzera beti ohituak daudelarik, kasurik apartekoenetan ere itxurazko baretasun bati eusten baitiote. Baina une hartatik ez zuen kondeak esandako ezer gehiago entzun, zeinak jarraitzen baitzuen:

        — Zerbaitez konbentziturik banago, laster egiten dut. Dagoeneko gutuna buruan moldatua daukat, eta idazteko irrika sentitzen dut. Zaldizko mezulari bat eskuratuko didazu, gaur gauean bertan igorriko dudana.

        Charlotte urratua sentitzen zen bere barrenean. Hitz haietaz ez ezik bere buruaz harriturik, ezin zuen hitzerdirik esan. Kondeak, zorionez, kapitainari buruzko bere asmoez hitz egiteari jarraitu zitzaion, zeinaren alde onak ordurako ongi begiz joak baitzeuzkan Charlottek. Kapitaina itzuli eta kondearen aurrean bere paperak kondearen aurrean destolesteko garaia zen. Baina zeinen begi desberdinez ikusi zuen berak galdu behar zuen adiskidea. Erreberentzia tamalgarri batez aldendu eta lehenbailehen jaitsi zen goroldiozko txosnara lasterka joateko. Bide erdirako begiak malkoz gainezka jarri zitzaizkion eta bertara iritsi orduko aterpetxoaren leku meharrean amildu eta samin baten, grina baten, etsipen baten menpean erori zen erabat, zeinaren ahaltasunaz une batzuk lehenago ez baitzuen susmorik txikienik ere.

        Bestaldetik Eduard baroisarekin urmaeletara hurbildua zen. Emakume zuhur hura, guztiaz jakinaren gainean egotea atsegin zuena, laster konturatu zen miaketazko hizketaldi batean, Eduard deblauki hedatzen zela Ottiliaren laudoriotan, eta hain era naturalean asmatu zuen dena pixkanaka ateratzen, non azkenean ez baitzitzaion zalantza txikienik ere geratu han grina bat zegoelakoaz, ez ernamuinetan, garabetean baizik.

        Emakume ezkonduek, nahiz eta elkar ez maite izan, isilduz elkar hartzen dute ezkongabeen aurrean. Joera horren ondorioak laster agertu zitzaizkion mundu zabalean hezitako bere izpirituari. Gainera goiz hartan bertan Charlotterekin Ottiliaz hitz egin izana gehitu zitzaion, andereño hura landan egotea onartzen ez zuelarik, bere izaera-otzantasuna kontutan harturik batik bat eta Charlotteri proposatu ere egin zion Ottilia hirira bidaltzea bere alaba bakarraren hezkuntzaz asko arduratzen zen bere adiskide baten etxera, izan ere berarentzat lagun ohoragarri baten bila baitzebilen, horrela etxean bigaren baten lekua hartu eta halakoaren abantaila guztiez balia zedin. Charlottek kontutan hartzea agindu zion.

        Baina orain, Eduarden aldarteaz ohartzean ideia hark irmotasun deliberatu baten izaera hartu zuen, eta hori zenbat eta bizkorrago bere barruan obratzen zen, hainbat gehiago lausengatzen zituen Eduarden gurariak. Zeren inork ez baitzekien bere buruaren jabeago izaten emakume hark baino, eta burujabetza horrek kasurik apartekoenak, eta baita kasu arrunta ere, arretaz tratatzera ohitzen gaitu, geure buruarekiko ahalmen handi hori erabiltzean geure jauntasun besteengana ere hedatzeko isuria ematen digu, kanpoaldean irabazten dugunaz geure burua kitatzeko barrenean galdu dugunaren ordainetan.

        Izaera honi loturik egon ohi da hurkoen iluntasunaz, kasuren batean jokatzen duteneko kontzientzi gabeziaz ezkutuan gozatze modu bat. Poztu egiten gara, ez bakarrik presentean lortutakoarengatik, baita etorkizuneko lotsaizun ezustekoarengatik ere. Eta horrela baroisa aski makurra zen Eduard bisitatzera gonbidatzeko, Charlotterekin batera, bere lurrak mendemaroan eta Ottilia berekin eraman al zezaketen Eduardek egindako galderari erantzuteko, berak bere aldekotzat interpretatzeko eran.

        Eduardek berehala ekin zion suharki eskualde bikain hartaz hitz egiteari, ibai handiaz, muinoez, harkaiztiez eta mahastiez, antzinako gazteluez, ibai-txangoez, mendemaren alaitasunaz, dolareaz eta abarrez, bere bihotzaren errugabetasunean, ozenki, poztuz eszena haiek Ottiliaren izpiritu samurrean eragingo zuten zirraraz. Une hartan neskatila hurbiltzen ikusi zuten eta baroisak presaka esan zion Eduardi ezertxo ere ez esateko udazkenerako asmatu zuten bidaiaz, zeren gero sarritan ez baita egia bihurtzen aurrez gozatu dugun hura. Hala hitz eman zion Eduardek, baina bizkorrago Ottiliaren bila irtetera behartu zuen. Bera pausu batzuk aurreratu zelarik haur maitagarri harengana. Alaitasun bihozkoia zerion bere izaki osoari. Muin egin zion eskuan, non bidean zehar bildutako basalili-sorta bat ezarri zion. Hura ikustean baroisak bere barrean ia mingostasuna nabaritu zuen. Zeren isuri hartan zigorgarri zitekeena onartzerik ez bazuen ere, halere barka ziezaiokeen maitagarri eta atseginezko zuena neskatila etorri berri deusez hari.

        Afalorduan bildu zirelarik, mahaikideen artean zeharo bestelako aldartea hedatu zen. Kondeak, mahaira eseri baino lehen bere gutuna idatzi eta mezularia igorri zuenak, kapitainarekin hizketan ari zen, zeina era zentzuzko eta apalean aztertzen baitzuen, arrats hartan alboan eseri zitzaiolarik. Baroisak, kondearen eskuinaldean eserita zegoenak, alde horretatik jostakizun guzti aurkitzen zuen, eta era berean gutxi Eduarden aldetik ere, zeina egarri lehenik eta asaldaturik gero, ardoaz abusatzen baitzuen eta biziki mintzatzen baitzen bere ondora erakarri zuen Ottiliarekin; bestaldetik Charlotte kapitainaren ondoan eserita zegoen eta zaila zitzaiola, ezinezkoa ez esatearren, bihotzeko emozioak ezkutatzea.

        Baroisak nahikoa denbora izan zuen behaketak egiteko. Ohartu zen Charlotteren ondoezaz, eta irudimena Eduarden eta Ottiliaren harremanez bakarrik betea zuenez gero, erraz konbentzitu zen Charlotte ere kezkaturik eta nahigabeturik zegoela bere senarraren portaerarengatik, eta bere helburura hobeki iristeko modua pentsatzeari ekin zion.

        Afalostean honetan ere etena sortu zen solaskideen artean Kondeak, kapitaina sakon aztertu nahi zuenak, hain gizon lasai, batere hantusterik gabea eta eskuarki hitz-urria zenaren aurrean itzulinguru desberdinez baliatu behar izan zuen nahi zuena jakiteko. Berarekin paseatzen hasi zen aretoaren alde batean gora eta behera, Eduard, ardoak eta itxaropenak birbizturik, Ottiliarekin leiho ondoan txantxetan zebilen bitartean, Charlotte eta baroisa, isilik, harat-honat zebiltzalarik elkarren ondoan aretoaren beste aldetik. Haien isiltasunak eta joan-etorri alferrak azkenerako pausaldia sortu zuten gainerako solaskideen artean. Aldendu ziren emakumeak beren pabilioira, gizonezkoak berenera, eta bazirudien hala amaitu zela egun hura.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia