IX. KAPITULUA
Iritsi zen urtemuga, eta dena prest zegoen; harresi osoa herrirako bidea urraren kontra biltzen eta jasotzen zuena, baita elizaren albotik zihoan bidea ere, nondik zenbait denboraz jarraitzen zen Charlottek adierazitako zidorra, orain harkaitzean gora zihoan zehar-meharka, alde batera utzirik goian goroldiozko txosna, eta bere baitan bira osoa eginik, eta beherago, ezkerretara, eta horrela pixkanaka goialderaino iristen zen.
Egun horretan bisitari asko bildu ziren toki hartara. Guztiak elizara joan ziren, eta bertan auzo guztiak aurkitu zituzten gala eta jaietarako jantziekin. Elizkizuna amaitu ondoren, aurrera atera ziren mutiko, mutil eta gizonak; atzetik jaunak beren gonbidatu eta segizioarekin jarraitu zitzaizkien; neskatxak, ezkongabeak eta ezkonduak zihoazen segizioaren atzesku.
Bidearen bihurgunean harkaitz handi bat zegoen ezarria, eta kapitainak bertan harrarazi zien atsedena Charlotte eta bere ostalariei. Bertatik begiztatu zuten bide guztia, hartatik gora zetorren jende-talde guztia; baita, bata bestearen atzetik, igarotzen ari ziren emakumeak ere. Eguraldi ona zenean, ikusmira miresgarria zen hura. Charlotte harriturik, hunkiturik sentitzen zen eta bihotzez estutu zion eskua kapitainari.
Gero jende-taldeari jarraitu zitzaizkion, zeinak astiro bide eginez biribil bat eratu baitzuen etxearen orubea izango zenaren inguruan. Igeltsero-maisua, bere jendea eta gonbidatu behinenekin sakonera jaitsi zuten, non aurkitzen baitzen atondua zimentarria, alde baten gainean, ezarria izatearen zain. Igeltsero apaindu batek, esku batean launa eta bestean mailua zuela, bertsotan hitzaldi atsegin bat egin zuen, gu prosaz eta era osagabean berremateko gai garena.
— Hiru gauza —hasi zen— hartu behar dira kontutan eraikin batean: leku egokian jasoa izatea, zimentarri onak izatea eta ongi egina izatea. Lehena jabearen zeregina da, noski, zeren hirian printzeari eta elkarteari bakarrik dagokien non eraiki behar den erabakitzea, horrela, bada, landan lur-sailaren jabeari dagokio esatea: «Hemen eraiki behar da nire etxea eta ez beste inon».
Eduard eta Ottilia ez ziren ausartu elkarri begiratzera hitz horiek entzutean, nahiz eta biak elkarrengandik hurbil egon.
— Hirugarrena, burutzapena, askoren gauza da, zeren gutxi baitira hartan tarteko ez direnak. Baina bigarrena, oinarriztapena, igeltseroaren egitekoa da eta, itzulingururik gabe esateko, bera da egintza guztian nagusiena. Arazo serioa da eta gure gomita ere serioa da: zeren ospatze hau sakonera iritsiko baita. Hemen, irekitako tarte mehar honetan gure lan misteriotsuaren lekuko izatearen ohorea egiten diguzue. Oraintxe bertan ezarriko dugu harri ongi landu hau, eta ezin izango da aurrerantzean inor iritsi beren presentziaz pertsona duin eta ederrek betea daukaten leku horretara, bete egingo baitugu. Eta zimentarri hau, zeinak angeluaz adierazten baitu eraikinaren angelu zuzena, bere lauki-eraz bere erregulartasuna, eta bere alde zutikako eta zeharretarakoez, murru eta pareta guztien plomua eta sestra, besterik gabe ezar genezake, zeren bere pisuaren baitan baitu atsedena. Baina honetan ere ez da karea, lokailua ahaztu behar, zeren gizakiak naturaz elkarrengana isuriak daudenez, hobeki elkartuak irauten dute, legeak lotzen dituenean, horrela, bada, formaz ongi elkar hartzen duten harriek, oraindik hobeki batzen diren indar elkartzaile horien bitartez; eta nola jardukorrei ez dagokien geldi egotea, honetan ere lankide izateari ez diozue uko egingo.
Hori esanik bere pala Charlotteri luzatu zion, zeinaz kisua bota baitzuen harriaren azpira. Batek baino gehiagok egin zuen gauza bera eta berehala geratu zen harria tinkatua; ondoren mailua eman zitzaion Charlotteri eta gainerakoei hiru kolpetxoz harria eta lurzoruaren arteko lotura espresuki sagaratzeko.
— Igeltsero-lana —jarraitu zuen hizlariak—, nahiz eta orain zerupean egiten den, ezkutuan ez ba ere beti ezkutukorako burutzen da. Erregularki atonduriko lurzorua estali egiten da eta hormak jasotzen ditugunean ere, ez da ia inor gutaz oroitzen. Harginaren eta eskultorearen lanak begi-bistakoak dira eta pozik geratu behar izaten dugu gainera zuritzaileak eskuen aztarna ezabatu eta gure egintzaz jabetzen denean, estaliz eta leuntasuna eta kolorea emanez.
Nor da igeltseroa baino estimagarriago, egiten duena ongi egiten duenean? Nork du berak baino kausa hurbilaren kontzientzia handiagorik? Etxea eraikita dagoela, lurzorua estalia eta lauzeztatua, kanpoaldea apainduraz estalia, berak artean bilkin horietan barrena ikusten jarraitzen du, eta artean ezagutu egiten ditu eraikuntzaren multzoak bere izatea eta irmotasuna zor dizkieneko egitura erregular, dotoreak. Baina txarkeria bat egin duen orok bezala, zenbanahi babes-neurri hartzen dituelarik ere, azkenean ogena aurkituko dioten beldurra izan behar dun bezala, horrela espero behar du ongia ezkutuan egin duenak ere, nahiz eta bere nahiaren kontra izan, azkenean ezagutuko diotela. Arrazoi horrengatik, zimentarri hori oroitarri ere bada. Hemen, desberdinki ebakitako sakonera hauetan, gauza desberdinak lurperatuko ditugu etorkizuneko ondorengoentzat lekuko izan daitezen. Metal soldatuzko eltze hauek eskuz idatziriko albisteak dauzkate; metalezko xafla hauetan gauza gogoangarri askotarikoak daude grabatuak; kristalezko botila polit hauetan ehorzten dugu ardo zaharrik hoberena, uzta-urtearen adierazpenarekin; badira, halaber, era guztietako txanpon aurten joak ere; guzti hori gure ugazabaren oparotasunari zor diogu. Baina oraindik leku zabala dago hemen, baldin eta gonbidatu ikusleren batek ondorengoei zerbait igorri nahi balie.
Pausaldi labur baten ondoren, langileak bere ingurura begiratu zuen: baina halakoetan gertatu ohi denez, ez zegoen inor aurrez prestatua, mundu guztia harritu zen, eta azkenean ofizial gazte eta alai batek hitza hartu eta esan zuen:
— Altxor horretan oraindik ezarria ez dagoen zerbait eskaini behar badut, uniformeari botoi-pare bat erauzi beharko diot, horiek ere ondorengoei helaraztea merezi baitute.
Esan eta egin! Eta gero batek baino gehiagok izan zuen burutapen antzekorik. Laster jaurtiki zituzten damek bertara ileko orrazitxoak, urin-flaskotxoak eta beste zirtzileria batzuk ere bai. Ottilia bakarrik zegoen ezbaian, harik eta Eduardek, hitz maitekor batez bertan ezarri eta metaturiko gauzen hausnarketatik iratzarri zuen arte. Kendu zuen orduan lepotik aitaren erretratua zintzilik zeukan katetxoa, eta leinu arin batez beste bitxien gainera bota zuen, eta horren ondoren presaka samar agindu zuen Eduardek ongi egokitzen zen estalkia ezarri eta oreaz itsatsarazteko.
Langiletxoak, guzti hartan inork baino jardumen handiagoa erakutsi zuenak, hizlari-itxura hartu eta jarraitu egin zuen:
— Betirako ezartzen dugu harri hau, etxe honen oraingo eta geroko jabearen ahalik eta luzaroen honetaz gozatu dezan. Baina hemen altxor bat lurperatzean, arazorik garrantzizkoenean ere pentsatu beharra daukagu, giza gauzen iragankortasunean; estalki ongi zigilatu hau egunen batean jasoko duten ahaltasunean ere pentsatzen dugu, baina hori ez litzateke gertatuko oraindik jaso ez duguna aurrez suntsitu gabe.
Baina hain zuzen ere, hori eraiki dadin atzera egin dezagun etorkizuneko pentsamenduekin, atzera etor gaitezen presentera! Gaur ospaturiko jai honen ondoren, geure obrari hasiera eman diezaiogun berehala, gure lursailaren gainean diharduten osagaietako ezerk jai egin beharrik izan ez dezan, eraikina laster goialdera igo dadin eta amaiturik geratu dadin eta oraindik ez dituen leihoetatik, etxaldearen jabeak begiak bazka ditzan beretar eta gonbidatuekin batera, ikusmiraren begiespenean, eta haien guztien eta orain hemen zaudeten guztion izenean edan dezagun!
Eta hala hustu zuen gurkada batez ongi landuriko kristalezko kopa eta gora jaurtiki zuen ondoren, izan ere bozkarioaren demasia adierazten baitu geure alaitasunean darabilgun ontzia hausteak. Baina ordukoan bestetara gertatu zen, zeren kopa ez baitzen lurrera erori, eta egia esateko ez ezein mirariren ondorioz.
Jakin behar da, obra aurreratzeko, erabat soildua zeukatela lursailaren aurrealdeko angelua eta hormak lantzen hasiak eta aldamioak behar zen lekuko azken muturreraino eraikiak ere bai.
Jaiarengatik aldamio horiek oholez hornituak egotea eta beraietara ikusle-multzoak igoak egotea langileen onetan izan zen. Zeren hara erori baitzen kopa eta halabeharra augurio zoriontsutzat hartu zuen batek jaso zuen. Behin eta berriz begiratu zion kopari, eskutik jaregin gabe eta kirri-marra askorekin E eta O letrak grabatuak eta gibiztatuak zeuzkala ohartu zen, Eduardentzat gaztetan egindako kopetariko bat baitzen.
Berriz ere hutsik geratu ziren aldamioak, eta gonbidatu zaluenak beraietara igo ziren miatzeko eta ez zuten behar adina alderdi guztietara ageri zen ikusmira ederra behar adina goratu; bada, zer ez baitu aurkitzen gorune batera igotzen denak nahiz eta besteen gainetik hazbete baizik ez izan! Landaren barrualdean baserri berri asko ageri ziren; argi eta garbi nabari zen ibaiaren zilarrezko xingola; eta hiriburuko dorrea bera ere ageri zela ematen zuen. Atzealdetik, muino basotsuez haraindi, mendi urrun baten gailur urdina ageri zen eta ondoko eskualdea osorik ikusten zen.
— Orain gauza bakarra falta da —esan zuen batek— hiru urmaelak laku bihurtzea; orduan izango luke bistak handia eta merezigarria den guztia.
— Hori erraz egiteko modukoa da —esan zuen kapitainak— zeren behiala mendi-laku bat eratzen baitzuten.
— Nire albo eta lertxun-sailak errespetatzeko bakarrik eskatzen dut —esan zuen Eduardek—, hain ongi ematen baitute erdiko urmaelean. Hara —pausu batzuk emanarazi zizkion Ottiliarengana itzuli eta adierazi zion—: Zuhaitz eder horiek neronek landatuak dira.
— Zenbat denbora daramate hor? —galdetu zuen Ottiliak.
— Gutxi gorabehera —erantzun zuen Eduardek— zuk munduan daramazun adina. Bai, ene alaba, landatu nituenean, zu artean sehaskan zeunden.
Segizioa berriro gaztelura itzuli zen. Bazkalostean, herrian barrena paseo bat egitera gonbidatu zituzten guztiak, bertan ere obra berriak ikusteko. Bertan, kapitainaren eskariz, auzoak beren etxeen aurrean bildurik zeuden; ez zeuden lerroka jarriak, baizik eta naturaltasun osoz famili taldeak eratuz, beraietako batzuk arratsari zegozkion eginkizunetan, beste batzuk aulki berrietan atsedena hartzen. Betebehar atsegin bihurtu zitzaien, gutxienez igande eta jaiegunetan, txukuntasun hori, ordenu hori berritzea.
Isurizko barne-lagunartea, gure adiskideen artean sortu zena bezalakoa, kopuru ugariagoak bete era atsekabean eten ohi du. Beraz, laurak oso gogara sentitu ziren berriro bakarrik areto handian aurkitu zirenean; baina etxe-giro horri traba apur bat egin zion Eduardi eraman zioten gutun batek, biharamunerako ostalari berriak iragarriz.
— Susmatzen genuenez —esan zion Eduardek Charlotteri—, kondea ez da atzean geratuko eta bihar hemen dugu.
— Orduan baroisa ere ez da urrun izango —erantzun zion Charlottek.
— Ez horixe! —ihardetsi zuen Eduardek—. Bera ere hemen izango dugu bihar bere aldetik. Gau baterako gela eskatzen dute, etzi bidaia elkarrekin jarraitzeko asmoarekin.
— Orduan, garaiz hartu beharko ditugu neurriak, Ottilia —esan zuen Charlottek.
— Nola nahi duzu gauzak egitea? —galdegin zion Ottiliak. Charlottek ohar orokorrak eman zizkion eta Ottilia aldendu egin zen.
Kapitainak bi pertsona haiei buruz galdetu zuen, oso azaletik ezagutzen baitzituen. Denbora zen, bata eta bestea zein bere ezkontidearekin ezkonduta zeudela, elkarrenganako maitasun grinatsua sentitu zutela. Bi senar-emazte haien asaldurak eskandalua sortu zuen; eta dibortzioan pentsatzen zen. Baroisarentzat posible bihurtu zen, kondearentzat ez. Itxuraz banatu egin behar izan zuten, baina beren harremanak galdu gabe; eta neguan elkarrekin bizitzerik ez bazuten egoitzan, udan kitatzen ziren olgeta-bidaia eta bainuetan. Biak Eduard eta Charlotte baino zerbait zaharragoak ziren, eta denak adiskide onak ziren gortearen lehen aldietatik. Beti izan zuten adiskidetasun ona, nahiz eta dena ez onartu adiskideei. Bakarrik oraingoan haien etorrera atsekabe samarra gertatu zitzaion Charlotteri; baina zioa sakonago aztertu izan balu, aitortuko zukeen egiatan halako iritzia izatean Ottiliarengan pentsatzen zuela Neskatila zintzo eta garbi hark ez zituen hain bizkor halako jarraibideak ikusi behar.
Gera zitezkeen oraindik egun pare bat gehiago —esan zuen Eduardek —esan zuen Eduardek, hain zuzen ere Ottilia zetorren unean—, bordaren salmentaren arazoari amaiera eman arte. Kontratua prest dago; hemen daukat ale bat; hain abestea falta da, eta gure idazkari zaharra makal samar dago. Kapitainak bere burua eskaini zuen hori egiteko eta baita Charlottek ere; baina aurkitu zituen eragozpenen batzuk.
— Utzidazu niri! —jaregin zuen Ottiliak, presaka samar.
— Zuk ezingo duzu prestatu —esan zion Charlottek.
— Noski, etzi izan beharko nuke neure eskuan goizean goiz eta hala ere asko da —esan zuen Eduardek.
— Prest egongo da ordurako —jaregin zuen Ottiliak, eta jadanik eskuan zeukan paper-orria.
Biharamun goizean, goiko solairutik ostalariak begiz jo nahian zebiltzala, zeinen bidera irten gabe ez baitzuten geratu nahi, Eduardek esan zuen:
— Baina nor dator hain astiro harako errepidetik?
Kapitainak zehatzago deskribatu zuen zaldunaren itxura.
— Orduan bera duk —esan zuen Eduardek—, zeren hik nik baino hobeki hautematen dituan xehetasunak bat baitatoz nik argiro ikusten dudan osotasunarekin. Mittler duk. Baina nola litekek astiro eta hain astiro zaldi gainean ibiltzea?
Hurbildu zen irudia eta izan ere Mittler zen. Abegi adiskidekorra egin zioten, eskaileratan gora astiro igotzen ari zela.
— Baina, zergatik ez zinen atzo etorri? —oihu egin zion Eduardek.
— Ez ditut jai sonatuak gogoko—. Gaur nator zuekin isilean ospatzera, nahiz eta atzerapenarekin, neure adiskide onaren urtemuga.
— Baina nola irabazi ahal izan duzu hainbeste denbora? —galdetu zion Eduardek txantxetan.
— Bisita hau, zerbaitetan estimatzen baduzue, atzo egin nuen gogoeta bati zor zaio. Egun erdi batez etxe batean gozatzen nengoen bertara bakea berriz ekarri ondoren eta hara non jakiten dudan zuek hemen urtemuga bat ospatzen ari zinetela. Azken finean, norberekeriatzat jo daiteke —pentsatu nuen— bakea ekarri diezunen artean zeuk bakarrik gozatu nahi izatea. Zergatik ez gozatu behingoz behintzat bakea duten eta lantzen duten adiskideen artean ere? Esan eta egin! Eta hemen naukazue, erabaki nuenez.
— Atzo jendetza handia aurkituko zenukeen hemen; gaur oso murriztua bakarrik aurkituko duzu —esan zuen Charlottek—. Kondea eta baroisa ikusiko dituzu, dagoeneko eskuak bete lan eman dizkizuten horiek.
Etxeko lau kideen artetik, zeinek ostalari bakan eta ongi hartua inguratu zuten, bizitasun gogaikarriz atera zen hau eta bere kapela eta zartailuaren bila joan zen berehala.
— Astro gaitz bat dabil nire gainean atsedena hartu eta olgatu nahi dudan bakoitzean. Baina zergatik ahalegintzen ote naiz ni neure izaeratik ateratzen? Ez nukeen etorri beharko eta orain bidali egiten naute! Jende horrekin ni ez naiz teilatu beraren azpian egongo; baina kontuz ibili zuek ere, zorigaitza besterik ez dute ekartzen. Kutsadura zabaltzen duen legamiarena bezalako izaera dute.
Ahalegindu ziren ibitzen, baina alferrik.
— Ezkontza erasotzen didanak —oihu egin zuen—, hitzez edo egintzaz gizarte moral ororen oinarri hori higatzen duenak, nirekin neurtu beharko ditu indarrak; eta menperatzea lortzen ez badut, ez daukat halakoarekin zereginik. Kultura ororen hasiera eta erpin da ezkontza. Zakarraren leuntzaile, eta ongi hezitakoak ere ez dauka bere otzantasuna erakusteko bitarteko hoberik. Askaezina izan behar du; zeren hainbesteko zoriona ematen du, non banakako edozein zorigaitz ez baita kontutan hartzekoa berarekin alderatuta. Baina nor mintzo da zorigaitzaz? Egonezina da noizean behin gizakiari erasotzen diona eta orduan berorrek dohakabe sentituz gozatzen du Baina utz diezaiogun une horri igarotzen eta zoriontsu sentituko gara hain gauza aspaldikoak oraindik bizirik irauteaz. Banatzeko ez dago ia arrazoi baliozkorik. Giza egoera hain goian jarria dago samin eta pozetan, non ia kalkulagarria den senar-emazteek elkarri zor diotena. Zor amaigabea da, betierean bakarrik kitatu daitekeena. Noiz edo noiz gaitzi izan daiteke, sinesten dut, eta ongi dago horrelakoa izatea. Ez al gaude kontzientziarekin ere ezkonduak eta ez ote genuke gustura sarritan beragandik dibortziatu nahiko, gizona edo emakumea izan litezkeen baino askoz astunagoa gertatzen delarik?
Honela hitz egin zuen suharki gure pertsonaiak, eta bere gustuz hitz egiten jarraituko zukeen, baldin eta postiloi batzuek tronpeta joz, kondea eta baroisaren etorrera iragarri izan ez balute, zeinak, elkar hartu balute bezala, alde banatatik eta aldi berean sartu baitziren gazteluko patioan. Bitartean gure adiskideak bila irten zitzaizkien presaka, Mittler ezkutatu zen, eta agindu zuen zaldia ostatura eramateko eta umore txarrean aldendu zen.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu