VIII. KAPITULUA

 

        Biharamunean, goizean goiz, han zebilen kapitaina lurra arakatzen, aurrena bozetutxo bat egitetik hasi zen eta talde osoak, lursailean bildurik, erabakia berretsi zuelarik, plano zehatz bat egin zuen, aitzinkontuaz eta eska zitekeen guztiaz horniturik. Ez zen falta ezinbesteko aurre-atontzea ere. Berehalaxe ekin zitzaion, arazo hura zela-eta, bordaren salmentari. Gizonezkoek elkarren arteko jarduerarako zio berri bat aurkitu zuten.

        Kapitainak ohartarazi zion Eduardi adeitasun bat zela, eta eginbehar bat ere bai, Charlotteren urtemuga obren lehen harria ezarriz ospatzea. Ez zuen askorik behar izan Eduardek horrelako jaiei zien aiherra menperarazteko, zeren berehala bururatu baitzitzaion handikiro ondoren zetorren Ottiliaren urtemuga ospatzea ere.

        Charlotte, obra berrietan eta horiek zirela-eta egin beharko zenean, zerbait nagusi, serio eta gogoetagai zenean pentsatzen zuena, gastuak eta denbora eta diruaren banaketa kalkulatzeaz arduratzen zen beste behin. Gutxiago ikusten zuten elkar egunean zehar, eta horregatik bilatzen zuten elkar gauez joran handiagoz.

        Ottilia zen bitartean etxearen jaun eta jabe, eta ezin zitekeen bestetara izan ere, bere jokaera isil eta segurua kontutan hartuz gero. Bere zentzumen guztiak ere etxean eta etxeko gauzetan jarriak zeuzkan munduan eta kanpoko bizitzan baino areago.

        Laster konturatu zen Eduard gustu ematearren bakarrik irteten zela landara besteekin, gizarte-eginbeharrak betetzearren bakarrik berandutzen zela gauez kanpoan, eta behin baino gehiagotan etxean zerbait egin beharraren aitzakia bilatzen zuen berriro itzultzeko. Horrela, bada, laster asmatu zuen taldeko txangoak eguzkia sartu aurretik denak etxera itzuli ahal izateko moduan antolatzen, eta berriz hasi zen, garai batean utzia baitzeukan, poemak ozenki irakurtzen, batez ere errezitatzean maitasun garbi baina grinatsua adierazteko aukera ematen zutenak.

        Eskuarki, arratsetan mahaitxo baten inguruan esertzen ziren, aurrez erabakitako lekuetan. Charlotte, besaulkian; Ottilia, siloi batean haren aurrean, gizonezkoak bakoitzaren alde banatan esertzen zirela. Ottiliak Eduard esertzen zuen bere eskuinaldean, nora lerratzen baitzuen berak ere argia, irakurtzen ari zenean. Orduan hurbilagotu egiten zitzaion Ottilia liburuan begiratzeko; izan ere bera ere gehiago fidatzen baitzen bere begiez inoren ezpainez baino, eta Eduard ere hurbiltzen zen berarengana erosoago egon zedin, eta sarritan behar baino pausaldi gehiago ere egiten zituen, berak amaitu arte orria iraultzen ez zuelarik.

        Charlotte eta kapitaina ondotxo konturatu ziren horretaz eta behin baino gehiagotan begiratzen zioten elkarri irribarrez; baina beste zantzu batek harritu zituen biak, zeinean agertzen baitzen noizean behin Ottiliaren isuria.

        Gau batean, bisita gogaikarri batengatik taldearentzat erdi galdua gertatu zen arrats batean, Eduardek bilera artean elkarrekin apur bat gehiago egotea proposatu zuen. Bere flauta entzunarazteko aldartean sentitzen zen, nahiz eta aspaldian eguneko gai-zerrendan agertzen ez zen. Charlottek elkarrekin jo ohi zituzten sonatak bilatzeari ekin zion, eta aurkitzen ez zituenez gero, Ottiliak aitortu zuen bere gelara eramanak zituela.

        — Ezin al duzu, ez al nauzu pianoan lagundu nahi? —galdetu zuen Eduardek, begiak pozez dirdirka zituela.

        — Nik uste dut —erantzun zuen Ottiliak— aterako zaidala.

        Ekarri zuen partitura, eta eseri zen pianora. Entzuleak adi egon ziren eta harriturik geratu ziren Ottiliak berak bakarrik sonata zeinen ongi ikasi zuen ikustean; eta are gehiago harritu ziren Eduarden jotzeko erara zeinen ongi moldatzen zen ikustean. Moldatzen jakin ez da esamolde zuzena, zeren Charlotteren nahi librearen baitan bazegoen hemen gelditu eta han senarra laguntzea, orain aurreratzen eta orain atzeratzen zena, Ottiliari zegokionez, bazirudien berak, behin baino gehiagotan sonata jotzen entzun zituenak Eduardek jotzen zuen bezala ikasita zeukala. Halako punturaino bereganatuak zituen akatsak, non hartatik guztitik multzo bizi gisako bat berriro sortzen zela baitzirudien, zeina behar bezala mugitzen ez bazen ere, halere, modu guztiz atsegin eta gustagarrian ateratzen baitzuen soinua. Konpositorea bera pozik jarriko zatekeen bere obra hain era maitekorrean desitxuraturik ikustean.

        Zertzelada miresgarri, ustekabeko hori isilean begietsi zuten kapitainak eta Charlottek, eta ondorioak kontutan harturik ontzat eman ezin daitezkeen, eta halere, haserre egin ezin dakiekeen eta agian inbidia ere izan beharko litzaiekeen gauzak egiten ari diren haurrak ikusten dituenaren sentsazio berarekin. Zeren, egia esateko, bi izaki haien isuria gero eta gehiagora zihoan beste bikotearena bezala, nahiz eta arriskugarriagoa izan haiek serioagoak zirelako, beren buruarekiko seguruago, eta, horrenbestez, beren buruari eusteko gaiago.

        Jadanik hasita zegoen kapitaina Charlotteki kateatzen zuen ohitura jasanezin bat sentitzen. Charlottek obrak bisitatzen zitueneko orduei ihes egitea lortu zuen, horretarako goizean goiz jaiki, dena agindu, eta gero aldendu egiten zen, gazteluko bere pabilioian lanari lotzeko. Lehen egunetan halabeharrezko iritzi zion Charlottek horri; leku posible guztietan bilatu zuen, baina gero ulertu egin zuela uste izan zuen, eta horregatik oraindik estimu handiago hartu zion.

        Baina kapitainak orain Charlotterekin bakarrean topo egiteari ihes egiten bazion, hainbat lehia handiagoz ahalegintzen zen obrak sustatu eta bizkortzen amaituak egon zitezen bere urtemugako jai distiratsuaren egunean, hurbil baitzegoen, zeren bera behetik gorako bide erosoa gidatzen ari zen bitartean, herniaren atzealdean, goitik behera ere lana eragiten baitzuen, harriak ateratzearen aitzakiarekin, eta horrela dena hain ongi atondua eta kalkulatua zeukan, non aurreko gauean bakarrik topo egin behar zuten bidearen bi zatiek. Etxe berrirako kobazuloa ere jadanik goian puskatua areago zegoen aitzurtua baino, eta oinarri eder bat landua zuen tegi eta estalkiekin.

        Kanpoko jarduera, asmo txiki, adiskidekor eta misteriotsu haiek, gutxi asko erreprimituriko barne-sentipenez lagunduek, ez zioten uzten lau adiskideen elkarrizketari, bilduta zeudenean, bizia izaten; horregatik, Eduardek, hutsuneren bat sentitzen zuenak, erregutu zion gau batean kapitainari hartzeko bere biolina eta Charlotteri biolinean laguntzeko. Ezin izan zion uko egin kapitainak denen eskaerari eta hala, biek batera sentimenduz, zalutasun eta askatasunez jo zuten musikako piezarik zailenetako bat, beren bi entzuleei atseginik handiena emateko moduan. Sarritan errepikatu eta elkarrekin ariketak egingo zituztela agindu zuten.

        — Guk baino hobeki egiten dute, Ottilia —esan zuen Eduardek—. Mirets ditzagun, baina guk biok ere goza dezagun.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia