VII. KAPITULUA

 

        Orain Charlottek kapitainarekin zeregin komun bat aurkitua zuelarik, Eduardek Ottiliarekiko tratua areagotzea izan zen ondorioa. Haren premiarik gabe ere, bazuen arestian bihotzean neskatilaren alde ari zitzaion isuri isil adiskidekor bat. Guztiekin zen bera zerbitzukoi eta arretatsu; baina Eduarden buru-maitasunari bazeritzon berekin beste inorekin baino areago zela. Orain ez zegoen arazorik; neskatila oharturik zegoen ordurako zer jaki zituen gogokoen eta zer eratarako nahien zituen, zenbat azukre ezartzen zion teari, gisa horretako beste gauzei ere ezikusi egin gabe. Neskatilak arreta berezia izaten zuen aire-korronteei ihes egiteko, zeinetarako sentiberatasun bapikatua agertzen baitzuen, eta zeinaren erruz behin baino gehiagotan haserretzen baitzen emaztearekin, aire guztia gutxitzat zeukanarekin. Halaber, Ottiliak zainduko zituen zuhaitz eta lore-lorategiak. Eduardek nahi zuena lortzen saiatzen zen eta atsekabetzen zuena ez egiten, halako moldez, non handik gutxira ezinbesteko bihurtu baitzitzaion aingeru jagole gisa eta bere ezaldiak mingarri gertatzen hasi zitzaizkion. Horri gainera bekio neskatilak berritsuago eta irekiago zirudiela biak bakarrik aurkitzen ziren orduko.

        Eduardek, urteetan aurrera egin ahala, bazuen haur-kutsu bat gordea, Ottiliaren gaztetasunari ezin hobeki zetorkiona. Atseginez gogoratzen zituzten biek elkar ezagutu zuteneko aspaldiko garaiak; oroitzapen horiek Eduardek Charlottenganako isuria sentitu zuen lehen aldietaraino iristen ziren. Ottiliak biak gortesau-bikote ederrena bezala gogoratzen zituen artean, eta Eduardek lehen gaztaroko oroitzapen hura ukatzen zionean, neskatilak aitortzen zion, halere, oso ongi gogoratzen zuela bereziki kasu bat Eduard sartzean berak Charlotteren magalean kuzkurtu behar izan zuenekoa, ez ikaraz, baizik haur-txundimenez. Erantsi ahal izango ziokeen, zirrara handia egin ziolako, hainbeste atsegin zitzaiolako.

        Egoera honetan hainbat arazo zeuden bi adiskideek behiala hasitakoak, gero nolabait bide-erdian geratu zirenak, eta horregatik beharrezko zen berriro aztertzea, ohar batzuk hartzea eta gutunak idaztea. Idazgura joan ziren asmo horrekin, non kopialari zaharra lanik gabe aurkitu zuten. Ekin zioten lanari eta laster eman zioten zeregina, ohartu gabe lehenago berek egin ohi zuten lanaz behin baino gehiagotan zamatzen zutela. Kapitainari ez zitzaion lehen oharra saio bakarrez ateratzen, ezta Eduardi lehen gutuna ere. Denboraldi batez kopiaketa eta leku-aldaketekin tormentatu ziren, harik eta Eduardek, guzti hura gaitzien zitzaionak, zer ordu zen galdetu zuen arte. Gertatu zen orduan kapitainak ahaztua zuela bere segundo-erloju kronometrikoari korda ematea, lehen aldiz urte askotan, eta bazirudien biek, sentitzen ez bazuten ere, gutxienez denbora desberdina izaten hasi zitzaiela sumatzen zutela. Gizonezkoak honetara beren zereginean zertxobait amore ematen zuten bitartean, andreen jarduera gehitzen ari zen. Eskuarki familia baten ohiko bizimoduak, pertsona jakin eta beharrezko inguruabarretatik datorrenak, isuri aparteko bat hartzen du bere baitan, ontzi batean bezala, ernamuinetan dagoen grina bat, eta denboraldi luze samarra gerta daiteke osagai berri horrek legamiatze nabarmen bat eragin eta ertzeraino bitsa dariola igo arte.

        Gure adiskideen kasuan efekturik atseginenekoak izan ziren elkarrengana sortutako isuriak. Irekitzen ziren izaerak eta gozamen berezi horretatik ongizate orokor bat sortzen zen. Zoriontsu sentitzen zen parte bakoitza eta besteari lagatzen zion bere zoriona.

        Horrelako egoerak izpiritua jasotzen du, bihotza zabaltzen duen bitartean, eta dena, egiten eta hasten dugun guztia neurtezinerako norabidea hartzen du. Beraz gure adiskideak ez ziren jadanik egoitzaren mugetara zedarrituak aurkitzen. Gero eta gehiago hedatzen ziren paseoak eta haietakoren batean, Eduardek eta Ottiliak bidezidorra hautatzeko edo bidea urratzeko aurrea hartzen zutenean, kapitaina eta Charlotte, elkarrizketa mamitsuan, aurkitu berria zuten tokiren batez baino gehiagoz, uste gabeko ikusmiraren batez interesaturik, beren aitzindari bizkorrenen urratsei jarraitzen zitzaizkien patxadaz.

        Egun batean gazteluaren eskuin-hegaleko atetik bideratu zuten paseoa, beherantz, ostatu aldera, eta gero, urmaeletaranzko zubia gainditurik, normalean uraren joairari jarraitzen zitzaionari loturik, zeinaren begiek gero, muino sastrakatsu batez eta aurrerago harkaitzez itxia, ibilgarri izateari uzten zioten.

        Baina Eduardek, ehiztari-ibileren garaietatik eskualdea ezaguna zuenak, aurrera jarraitu zuen zidor malkar batetik gora, ondotxo baitzekien errota zaharra, harkaitzartean ezkutatua, handik hurbil aurkitzen zela nonbait. Soilik zidor gutxi zapaldua laster galtzen zen, eta beraiek ere sastrakadi itsuan, harkaitz goroldiotsutan errebelatuak, ez luzaroan ordea: zeren gurpilen astrapalak bila zebiltzan tokiaren berri eman baitzien.

        Harri-mokor batera irtenik, han behean, zurezko etxetxo zahar, beltz, miresgarria ikusi zuten aurrez aurre, harkaitz malkarrek eta zuhaitz garaiek itzalpean. Berehalaxe erabaki zuten goroldio eta hesien gainetik bertara jaistea; Eduard aurretik zihoan eta gora begiratu eta Ottilia zalu, ikara eta asaldurarik gabe zihoala ikustean, harriz harri orekarik ederrenaz jarraika, gainera eralgitzen ari zitzaion izaki zerutarra begitantzen zitzaion. Eta berak, pasagune zailen batean noiz edo behin, bere esku hedatuari heltzen zionean, eta sorbaldara arrimatzen zitzaionean, bera ukitu zuen emakumezkorik samurrena zela aitortu beharrean aurkitzen zen. Neskatila behaztopatu, lerratu izana nahiko zukeen ia, bere besoetan hartzeko, bere bihotzaren kontra estutzeko. Baina ezergatik ere ez zukeen horrelakorik egingo, eta arrazoi batengatik baino gehiagorengatik iraintzeko, kalte egiteko beldurra zion.

 

        Berehala jakingo dugu zergatik pentsatzen zuen horrela. Bada, behera iritsi zirenean, zuhaitz garaien azpian landa-mahaian elkarren aurrean eserita zeudela, errotandre maratza esne bila eta errotari atsegina Charlotte eta kapitainaren bila bidali eta gero, Eduardek ezbaiti samar ekin zion hitz egiteari:

        — Erregu bat egin behar dizut, Ottilia maitea: barkaidazu, nahiz eta ukatu. Ez duzu inolako misteriorik egiten eta ez duzu zertan eginik ere arropapean, bular gainean, miniatura bat daramazula. Zeure aitaren erretratua da, zeuk ozta-ozta ezagutu zenuen eta inondik ere zure bihotzean leku bat merezi duen gizon zintzo harena. Baina barkaidazu: erretratu hori izugarri handia da, eta metal eta kristal horrek hamaika kezka sortzen dit haur bat gora jasotzen edo zerbait kargatzen duzunean, kotxeak zabu bat egitean edota sastraka artean ibili behar dugunean, edo, duela unetxo bat, harkaitz artean behera jaitsi behar izan dugunean. Ikaratu egiten nau, ustekabeko tupustekoren batek, eroriko batek, igurtziren batek min eman liezazukeela pentsatzeak. Egidazu mesede hori, alden ezazu erretratu hori, ez gogamenetik eta gelatik; aitzitik, emaiozu zeure egoitzako lekurik ederrena eta sakratuena; baina alden ezazu bularretik zera bat, zeinaren hurbiltasuna, agian kezka bapikatu batengatik, nik hain arriskutsutzat jotzen dudan.

        Isildu zen Ottilia eta Eduard hitz egiten ari zen bitartean begiak zuri eduki zituen. Gero, zalaparta eta ezbairik gabe, begiak zerura Eduardengana baino itzuliago zituela, askatu zuen katetxoa, atera zuen bertatik erretratua, estutu zuen bekokiaren kontra eta eman zion adiskideari, esanez:

        — Gorde iezadazu etxera iritsi arte. Ezin dizut hobeki erakutsi zenbat estimatzen dudan zure ardura adiskidekorra.

        Ez zen ausartu adiskidea erretratua ezpainetara eramatera, baina hartu zion berari eskua eta begietara eraman zuen. Agian inoiz elkartu diren bi eskurik ederrenak ziren. Bazeritzon bihotzaren gainetik harri bat kendu zuela, bera eta Ottiliaren artean parera bat erori zela.

        Errotariak gidaturik, zidor erosoago batetik jaitsi ziren Charlotte eta kapitaina iritsi ziren. Elkarri diosalak egin, olgatu eta freskatu egin ziren. Ez zuten bide beretik itzuli nahi izan, eta Eduardek ibaiaz bestaldetik arrokazko zidor bat hartzea proposatu zuen, zeinaren gainean berriro urmaelak agertu ziren, ahalegin apur baten gainditu ondoren. Gero baso ugari batetik igaro eta landan zehar hedatu zituzten begiak zenbait herri, baserri eta saletxeren gainetik, zeinek ingurumari berde eta emankorrak zituzten, goian, zuhaiztiaren erdian, fidantzia osoan etzanik zegoen borda batetik hasita. Landaren aberastasun izugarria, aurretik zein atzetik, inon baino ederkiago ageri zen tokia basotxo atsegin batera iristen zen malda leuneko muinoa zen eta bertatik irtetean gaztelua ageri zen harkaitz artean.

        A zer nolako poza ia ustekabean bertara iritsi zirenean! Mundutxo bat gurutzatu zuten. Eraikin berria altxa beharreko lekuan aurkitzen ziren eta berriro beren egoitzako leihoak ikusten zituzten.

        Jaitsi ziren goroldiozko txosnara eta lehen aldiz eseri ziren bertan laurak. Ezer ez normalagorik denek aho batez bide hura konpondu eta atontzeko nahia adieraztea, zeina egun hartan astiro eta nekez segi zutena, konpainian, astiro eta eragozpenik gabe korritzeko eran jarri arte. Bakoitzak bere asmoa azaldu zuen eta atera zuten kontua bide hark, korritzeko zenbait ordu behar izan zituztelarik, ongi zuzendu ondoren, ordu bete batean eraman behar zuela gaztelura. Errotaren atzealdean, ibaia urmaeletan isurtzen zen tokian, bidea laburtu eta ikusmira edertuko zuen zubi bat egitea eman zien buruak; baina Charlottek hegalak ebaki zizkion zertxobait irudimen sortzaileari, halako egintza batek eskatzen zituen gastuak gogora ekarriz.

        — Horrek badu erremedioa —erantzun zuen Eduardek—. Hain eder dagoela dirudien eta hain gutxi ematen duen basoko borda hori saltzea besterik ez dugu, eta horretatik ateratzen dena obra hauetan erabiltzea, eta horrela, paseo preziagaitzaren atseginari ongi ezarritako kapitalaren korrituak gehituko dizkiogu; orain, aldiz, nahigabez, urtearen amaierako azken kontu-garbiketan diru-sarrera ziztrin bat bakarrik gai horrengatik.

        Charlottek berak, etxekoandre on bezala, ezin izan zuen kontrakorik esan. Ez zuten hartaz hitz egiten zuten lehen aldia. Horren ondoren, plano bat marraztu nahi izan zuen kapitainak basoko nekazarien artean lursailak banatzeko: baina Eduardek jakin nahi zuen nola jokatu bizkortasun eta erosotasun handienaz. Orduko maizterra, jadanik proposamenak eginak zituena, geratuko zen lursailarekin; epeka ordainduko zuen eta horrela epeka egingo zituzten tarte-unez tarte-une planeaturiko obrak ere.

        Hain proposamen arrazoizko eta zuhurrak derrigor jaso behar zituen txaloak eta bilerakide guztiek jadanik buruz ikusten zituzten bide berrien zehar-meharrak, zeinetan barrena eta zeinen ingurumarietan espero baitzuten denek atsedenlekurik eta begiratokirik atseginenak aurkitzea.

        Dena xehekiago aztertzeko asmoz, arratsa hartan, etxean, plano berria marraztu zuten laster batean. Gainbegiratu bat eman zioten korrituriko bideari eta zenbait tokitan nola gerta zitekeen abantailatsuago begiratu zuten. Aurreko proposamen guztiak eztabaidatu zituzten beste behin, eta azken ideiekiko harremanean, etxe berriaren kokagunea erabaki zuten berriro, goian, gazteluaren aurrean, eta bertaraino bideen joaira itxi zuten.

        Ottilia isilik egona zen guzti haren aurrean, baina azkenean Eduardek ordura arte Charlottek aurrean edukia zuen planoaren aurrean jarri zion, eta bat-batean bere iritzia ematera gonbidatu zuen eta, une batez kikildurik geratzen zela ikusirik, maitekor zirikatu zuen ezer ez isiltzera, zeren artean dena axolagabe baitzen, dena izankizun baitzen.

        — Nik —esan zuen Ottiliak, goialde haietako gailurrik garaienaren gainean hatz erakuslea ezarriz— hemen eraikiko nuke etxea, jakina, ez litzateke gaztelua ikusiko, hesiak estaliko bailuke, baina, aitzitik, norbera beste mundu berri batean bezala aurkituko litzateke, zeren herria eta baserri osoa ere estaliak geratuko bailirateke. Handik atzematen den ikusmira urmaelen gain, errota aldera, muinoen gainetik, mendian, landaren aldetik, izugarri ederra izango litzateke; bidenabar ikusi ahal izan dut.

        — Arrazoia duzu —jaregin zuen Eduardek—. Nola ez zaigu bururatu? Ez al da horrela, Ottilia?

        Hartu zuen lapitza eta laukizuzen luzanga bat egin zuen trazu baldarrez.

        Kapitaina gihian ukitu zuen horrek, zeren nahigabez baitzekusan aldatua horretara plano hausnartu eta zehazki marrazturiko planoa, baina kontrakotasun arin batekin, bere burua menperatu eta amore eman zion ideiari.

        — Ottiliak arrazoia du —esan zuen—. Nork ez du ematen gogara paseo luze bat kafe bat hartu eta bere etxean hain gustukoa aurkituko ez lukeen arrain bat dastatzearren? Mundu guztiak du aldaketa eta gauza berrien irrika. Arrazoiz eraiki zuten antzinakoek gaztelua hemen, izan ere horrela babesean baitago haizeetatik eta eguneroko premia guztietatik hurbil; baina egoitza baino gizarte-egonleku izateko eraikitako eraikin bat oso ongi egongo da beste toki honetan, eta urtaro onean ordurik atseginenak eskainiko ditu.

        Zenbat eta gehiago eztabaidatu ideia, hainbat egokiago zeritzoten, eta Eduardek ezin zuen bere garaitia Ottiliak inspirazio hura izan zuelako. Ideia hura berak izan balu bezain harto zegoen.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia