VI. KAPITULUA
Kotxe bat iritsi zen Ottiliarekin. Charlotte bila irten zitzaion; haur maitea lasterka hurbildu, oinetara amildu eta belaunak besarkatu zizkien.
— Zertara dator umilazio hau —esan zuen Charlottek, neurri bateraino txunditurik, eta altxarazi egin nahi zuen.
— Ez daukat inolako umilaziotzat —ihardetsi zion Ottiliak jarrera berean iraunez—. Atseginez gogoratu nahi nuen zure belaunetaraino bakarrik iristen nintzen eta zure maitasunaz hain ziur nengoen garai hura.
Zutitu zen eta Charlottek bihotzez besarkatu zuen. Gizonezkoen aurrean aurkeztua izan zen eta aldi berean gonbidatu gisa aparteko adeitasunez tratua. Edertasunari nonahi egiten zaio ostalari-ongietorria. Bazirudien erne zegoela hizketara, nahiz eta ez zuen bertan esku hartzen.
Biharamun goizean Eduardek Charlotter esan zion:
— Neskatila begikoa, entretenigarria da.
— Entretenigarria? —erantzun zuen Charlottek irribarreka—. Oraindik ez du ahoa ireki ere egin eta!
— Benetan? —erantzun zuen Eduardek, gogoeta egiten ari zela zirudien bitartean—. Miresgarria da! Charlottek iradokizun batzuk egin zizkion giltzari berriari, etxezaintza egiteko moduaz. Ottiliak berehala ikusi zuen etxeko ordenu guztia eta, areago dena, sentitu egin zuen. Erraz ulertu zuen zer egin behar zuen denentzat, eta bakoitzarentzat berezian. Dena behar bezala zihoan. Bazekien agintzen aginduak ematen ari zen itxurarik gabe, eta norbait atzeratzen zenean, berak egiten zuen eginbeharrekoa.
Geratzen zitzaion asti guztiaz konturatu zen bezain laster, Charlotteri bere orduen banaketa egiteko eskatu zion, handik aurrerakoan zehatz-mehatz ordutegi hura betez. Bere egitekoak burutzen zituen eta Charlottek laguntzaileen bidez jakiten zuen haien berri. Bere gogara jokatzen utzi zitzaion. Noizean behin bakarrik saiatzen zen Charlotte kitzikatzen. Horrela, esate baterako, behin baino gehiagotan jartzen zizkion luma jadanik higatuak, trazuak solteago idaztera bultzatzeko; baina berak ere laster zorrozten zituen. Beren artean frantsesez mintzatzea erabaki zuten andreek, bakarrik zeudenean; eta Charlottek hainbat hisia handiagoz ekin zion hartan, ezen Ottilia askoz berritsuago agertzen baitzen hizkuntza arrotzetan bere ariketa eginbehar bezala ezarri ziotenetik. Honetan nahi zuena baino gehiago esaten zuela zirudien. Charlottek atsegin berezia izan zuen barnetegi ororen ausazko deskribapen, guztiz zehatza, baina aldi berean gustagarria egin zuenean Ottilia lagun maitagarri bihurtu zitzaion eta denbora igaro ahala fidantzia osoa mereziko zuen adiskidea izango zela uste zuen.
Honetan Charlottek Ottiliari buruzko paper zahar guztiak berrikusteari ekin zion, behiala zuzendariak eta laguntzaileak haur onaz jakinarazi ziotena gogorarazi eta bere pertsonarekin erkatu ahal izateko. Zeren Charlottek bazeritzon bizikide izan behar ditugun pertsonen izaera ezin dezakegula behar bezain bizkor ezagutu beraiengandik zer espero dezakegun jakiteko, beren baitatik zer eman dezaketen edo behin betirako zer onartu edo barkatu behar diegun.
Azterketa horretan ez zuen ezer berririk aurkitu, baina jadanik ezaguna zuen gauza bat baino gehiago esanguratsuago eta nabarmenago bihurtu zitzaion. Horrela, esate baterako, kezkagarri bihurtu zitzaion Ottiliak jateaz eta edateaz zuen neurrikotasuna.
Hurrena andreak arduratzen zituena jantzia zen. Charlottek eskatu zion Ottiliari luxu eta arreta gehiagoz jantzita ibil zedila. Berehala, neskatila zintzo beharginak bere eskuz ebaki zuen behiala oparitu zioten ehuna eta besteen laguntzatxo batekin bera moldatu zen egiteko, oso denbora laburrean eta apaindura askorekin. Modakoa zen jantzi berri hark, nabarmendu egiten zion irudia, zeren pertsonaren atsegintasuna bere bilkinera ere hedatzen den bezala, badirudi beti berri eta dotoreago ikusten dela bere gaitasun onei hornidura berria ematen dienean.
Horrela gizonezkoentzat, hasieratik bezala, gero eta begien alaigarriago bihurtu zen, benetako izena erabiltzeko. Zeren esmeraldak bere kolore bikainaz bistari on egiten badio, eta zentzu noble horretan indar sendagarriren bat ere baldin badu, horrela jokatzen du giza edertasunak ere, oraindik ahalmen handiagoz, barneko eta kanpo zentzumenetan. Berari so dagoenak ezin lezake ezer txarrik sentitu; adostasunean sentitzen da bere buruarekin eta munduarekin.
Era askotara irabazi zuen, beraz, gizarteak Ottiliaren etorrerarekin. Bi adiskideek gero eta zehatzago errespetatzen zituzten elkar ikusteen orduak eta minutuak ere. Ez otorduetan, ez tea hartzekoan edo paseokoan, edukitzen zuten behar baino gehiago itxaroten. Ez ziren presaka ibiltzen, arratsetan batik bat, mahaitik altxatzeko. Ohartzen zuen hori Charlottek eta ez zituen biak begietatik galtzen. Ahaleginak egiten zituen ikertzeko ea bietako batek aukera gehiago ematen ote zuen horretarako; baina ezin zuen alderik nabarmendu. Biak gizartekoiago ageri ziren, oro har. Beren elkarrizketetan bazirudien Ottiliaren interesa suspertzeko egokiena asmatzen saiatzen zirela zirudien, haren ideia eta gainerako ezaguerekin adosago zegoena. Irakurketakoan edo zerbait kontatzen zutenean, pausaldi bat egiten zuten hura itzuli arte. Samurrago bihurtu ziren eta komunikakorrago, oro har.
Aldiz, horri erantzunez bezala Ottiliaren zerbitzukoitasuna egunean-egunean handiagoa zen. Zenbat eta etxea, pertsonak, zirkunstantziak hobeki ezagutzen zituen, hainbat bizikiago ekiten zien bere egitekoei, hainbat eta bizkorrago ulertzen zuen begirada bakoitza, keinu bakoitza, hitz erdi bat, mintzo bat. Bere aditasun patxadazkoak beti berean zirauen, baita bere kitzikagarritasun egonarritsuak ere. Eta horrela bere esertze eta zutitzea, bere joate eta etortzea, bere bilatze eta ekartzea eta berriro esertzea, egonezin-itxura txikienik ere gabe, betiereko aldaketa bat zen, betiereko mugimendu atsegina. Gainera inor ez zen konturatzen nola iristen zen, hain pausu arinez ibiltzen baitzen. Ottiliaren zerbitzukoitasun eratsu horrek asko pozten zuen Charlotte. Ongi aurkitu ez zuen gauza bakar bat, ez zion bere barrean gorde Ottiliari.
— Arreta laudagarrien artean dago —esan zion egun batean— bizkor makurtzea, norbaiti zerbait eskutik erortzean, eta hura jasotzen bizkor ibiltzea. Horrenbestez pertsonari zerbitzatzeko betebeharra dugula aitortzen dugu behingoan; baina mundu handi batean pentsatu beharra dago, horrelako adeitasun bat egiterakoan. Emakumeei dagokienez, ez dizut inolako araurik emango hori dela-eta. Gaztea zara. Kategoria eta adin handiagoko pertsonekin eginbeharra duzu; kideekin adei bat; gazteago eta beheragokoekin gizatiarrago eta zintzoago garela erakusten dugu; ezik ez dago ongi emakumearengan gizonezkoen aurrean horrenbesteraino makurtzea eta zerbitzukoiegi agertzea.
— Ahalegindu naiz ohitura hori galtzen —erantzun zuen Ottiliak—. Oraingoz barkatu egin beharko didazu dorpekeria hori bertan nola erori naizen esaten badizut. Historia irakatsi ziguten: baina nik ez dut gauza handirik buruan hartu ikasgai horretaz, egin beharko nukeenez, ez bainekien zertarako balioko zidan. Zenbait gertakarik zirrara handia egin zidaten, esate baterako, ondorengo honek: Ingalaterrako Karlos I bere epaile deituen aurrean agertu zenean, zerabilen makilaren urrezko heldulekua erori zitzaion lurrera. Ohiturik zegoela halakoetan mundua guztia bere ordez nekatzen, inguru guztira begiratu zuen antza zenez, orduan ere norbaitek mesede xume hura egingo ziolakoan. Inork ez zuen zirkinik egin; hura ikustean, bera makurtu zen heldulekua jasotzera. Hori irakurtzeak hainbesteko nahigabea eman zidan, ez dakit arrazoirik dudan, non une hartatik ezin baitut ikusi norbaiti zerbait erortzen hura jasotzera makurtu gabe. Baina hori beti bere puntuan ez egotea gerta litekeenez, eta nik —jarraitu zuen irribarrez— ez dut kontatuko aldi bakoitzean neure historia, hemendik aurrerakoan begiratuagoa izango naiz.
Bitartean bi adiskideak detuak sentitzen zireneko zereginak beren bideari jarraiki zitzaizkion. Areago: egunero aurkitzen zuten zerbait asmatu eta egiten hasteko aukera berria.
Egun batean herritik biak batera zihoazela, atsekabez ohartu ziren herrixka haietan zegoen ordenu eta garbitasunik ezaz, zeren biztanleek, lurraren garestitasunagatik, uko egiten baitzieten biei.
— Gogoan al duk —esan zuen kapitainak— Suitzatik genbiltzala nola adierazi genuen parke izeneko landa-instalazio bat edertzeko asmoa, horrelako herri bat ez suitzar eraikuntza arrearen arabera, baizik eta Suitzar ordenu eta garbitasunaren, hain baliagarriak diren horien arabera erabakitzeko?
— Hemen, esate baterako —erantzun zuen Eduardek—, ongi zerorrek hori. Gazteluaren mendia angelu irtena eratuz dator behera; herria erregular samar egina dago bere aurrean zirkuluerdi batean; bien artean erreka doa, zeinaren hazaldian kontra babesten duen batak bere burua harriez; besteak, hesolez; honek, oholez; besteak, xaflez; baina inork besteari mesede egin gabe; aitzitik, denek beren buruei eta besteei kalte eta desabantaila eginez. Era berean bidea ere mugimendu baldarretan doa, bai gora, bai behera, zein ur artean, zein harri artean. Jendeak lagundu nahi izango balu, gastu handirik gabe eraiki liteke hemen harresi bat zirkuluerdian, bere atzetik bidea jaso etxeetaraino, lekurik ederrena atondu, garbitasunari toki egin, eta handikiro egindako obraren bitartez, behin betirako uxatu kezka txiki hutsal guztiak.
— Saia gaitezen —esan zuen kapitainak aurkientzari gainetik begiratu eta laster batean iritzia emanez.
— Ezin izango diat ezer egin burgotar eta nekazariekin, beraiei agintzerik ez baldin badut —erantzun zuen Eduardek.
— Ez hadi bidegabea izan —ihardetsi zuen kapitainak—, ze niri ere hamaika atsekabe eman izan didate horrelako arazoek. Bai zaila dela gizonarentzat ongi haztatzea sakrifikatu behar duena irabazi behar duenaren aurrez aurre! Bai zaila dela helburua nahi izan eta bitartekoak ez arbuiatzea! Askok nahasten dituzte gainera bitartekoak eta helburua, eta pozik geratzen dira azken hauekin, haiek kontutan hartu gabe. Gaitz oro agertutako leku berean sendatu behar da eta ez gara kezkatzen bere sorrera dakarreneko eta bere eragina darion puntuaz beraz. Horregatik da hain zaila batez ere jendetza osoari aholku ematea, egunerokoa oso ongi ulertzen baitu, baina oso nekez begiratzen dio biharkoari. Gutxi honi oraindik gehitu beharko zaio erakunde komun batekin batak irabazi egingo duela eta besteak galdu, zeren ez baita ezer erkaketaz ezarri behar. Ongi komuna den guztia maiestate-eskubidez mugagabeaz sustatu behar da.
Zutik, hizketan ari ziren bitartean, behartsua baino lotsagabea areago zirudien gizonezko bat etorri zitzaien limosna eske. Eduardek, eten eta traba egiteagatik gaitziturik, haserre egin zion, behin eta berriz erarik samurrenean aldentzen ahalegindu ondoren; baina mutilak, betozkoaz eta marmarka, pauso laburrean zihoala, bere eskale-eskubideak baliaraziz, zeinari limosna bat uka lekiokeen baina ez irainik egin, zeren beste edonor bezalaxe Jainkoaren eta agintarien babespean aurkitzen baita, erabat senetik atera zen Eduard.
Kapitainak, kontsolatzeko esan zion:
— Onar dezagun gertakari hau sail honetara ere gure landa-polizia hedatzeko akuilutzat. Zalantzarik gabe limosna egin beharra zegok; baina hobe duk norberak ez egitea, batez ere, etxean. Neurritsuak eta erabakarrak izan beharko genikek guztian, baita on egiten ere. Emari aberatsegiak eskalea bere egoeran iraunaraztera bultzatzen dik, hartatik aldendu ordez; aldiz, ez zegok arriskurik, bidaian goazela, bidenabar, kaleko eskaleari halabeharrezko zoriontasunaren itxurapean agertzen bagatzaizkiok eta harrituko duen emari bat jaurtikitzen bazioagu. Guri, herria eta gazteluaren kokaerak asko errazten ziguk erakuntza hori; ez duk horretan pentsatzen dudan lehen aldia. Herriaren muturretako batean ostatua zegok eta bestean zahar-bikote zintzo bat bizi duk; bi lekuetan utzi behar duk diru-kopurutxo bat. Ez zaiok ezer eman behar herrira datorrenari, bertatik doanari baizik, eta nola bi etxeak gaztelura doan bideari itsatsiak daudenez gero, bertara doazen guztiak ikusi ahal izango dira bi lekuetatik.
— Hator —esan zuen Eduardek—, oraintxe bertan konpondu behar diagu hori; xehetasunak geroago ere osa zitzakeagu.
Joan ziren ostatura adineko senar-emazteak bisitatzera eta konpondu zuten arazoa.
— Oso ongi zekiat —esan zuen Eduardek, berriro biak gaztelurako aldapan gora zihoazela—, mundu honetan dena burutapen apal baten eta erabaki irmo baten baitan daudela. Horrela oso zehazki epaitu duk nire emaztearen parke-instalazioa eta niri ere hobetzeko iradokizunak eman dizkidak, eta horiek, ez diat ukatu nahi, berehalaxe jakinarazi zizkioat.
— Susma nezakean —ihardetsi zuen kapitainak—, baina ez diat txalo jotzen. Nahaste batean sartu duk; dena zegoen bezala utzi dik eta puntu bakar honetan gurekin haserre zegok, zeren ihes egiten baitio horretaz hitz egiteari eta barrez gero ez gaitik goroldiozko txosna bisitatzera gomitatu, nahiz eta Ottiliarekin bertara joaten den txolarteetan.
Horregatik —erantzun zion Eduardek— ez diagu ikaratu behar. Zerbait onaz konbentziturik nagonean, egin daitekeen eta egin behar denaz, ez diat atsedenik hartzen buruturik ikusi arte. Nahiz eta, gainerakoan, maltzurtasuna sobera dugun. Presta ditzagun parke ingelesen deskribapenak kobrezko xaflekin gaur arratseko bilerarako, hire etxaldearen plano topografikoaren ondoren. Hasieran arazotsu eta txantxetan hitz egingo diagu; gero laster agertuko duk seriotasuna.
Hartaz hitzartu ondoren eskualdeko lursailak eta landa-ikusmira, berezko egoera lehendiar eta zakarrean ageri zireneko liburuak ireki zituzten, eta gero beste lamina batzuk, zeinetan ageri ziren arteak beraietan egindako aldaketak, berez zuten on guztia aprobetxatu eta baliarazteko. Handik oso erraza zen norbere etxaldera, norbere girora eta hartatik atera zitekeen etekinera pasatzea.
Kapitaina idazten hasitako gutunari amaiera ematea, egiteko atsegina gertatu zen handik aurrera, ezik ez zirela erabat libratzen hasieratik Charlottek eginkizunari ekitean izandako ideia hartatik. Baina irispide errazago bat aurkitu zuten goialdera, aldapan, basotxo atsegin baten aurrean, jolas-eraikin bat jaso nahi zuten; honek erlazioa izan behar zuen gazteluarekin, zeinaren leihoetatik ikusi behar baitzen eta bertatik gaztelua eta lorategiak elkartu.
Kapitainak dena ongi hausnartua eta neurtua zeukan eta herri-bidearen, errekaren ondoko harresiaren, betelanaren aipamena egin zuen.
— Irabazten ateratzen naiz —esan zuen, harresirako behar ditudan harrien kopuru zehatza goialdera jasotzeko bide erosoa marraztean. Batak bestea harrapatu bezain laster, bien obra eroso eta bizkorrago egin ahal izango da.
— Baina hortxe —esan zuen Charlottek hasten da nire kezka hain zuzen ere—. Derrigorrean agertu beharko da zerbait zehaztua, eta horrelako obra baterako zenbat behar den jakitean, ez da astetan zenbatzen, baizik, gutxienez, hilabetetan. Kutxa neure ardurapean dago; neuk ordaintzen ditut fakturak eta neronek daramat kontularitza.
— Bazirudik ez duela fidantzia handirik gugan —esan zuen Eduardek.
— Ez dut handirik hautazko gauzetan —erantzun Charlottek—. Zuek baino hobeki dakigu hautazkoa maneiatzen.
Marraztu ziren planoak, handik gutxira ekin zitzaien obrei, beti kapitainaren begipean, eta ia egunero Charlotte haren irizpide serio eta deliberatuaren lekuko zela. Berak ere ikasi zuen sakonago ezagutzen eta bioi bihurtu zitzaien erraza elkarrekin lan egin eta eginbehar bati amaiera ematea.
Negozioekin dantzarekin bezala gertatzen da; pausu bera markatzen duten pertsonak elkarrentzat ezinbesteko bihurtzen dira; elkarrenganako onginahia sortu behar hartatik derrigorrean, eta Charlottek, kapitaina sakonago ezagutzeko aukera izan zuelarik, egiazko begikotasuna sentitu zuen berarenganako eta horren froga zalantzagabea da atsedentoki bat kontrakarrik gabe ezabatzen, berak hasierako planoan behin eta berriz bilatu eta apaindua zuena, baina kapitainaren ideiarekin bat ez zetorrena, eta sentimendu higuingarri txikienik ere sumatu gabe gainera.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu