V. KAPITULUA
Zuzendariaren gutuna
Barkatuko dit berorrek gaur hain labur ari izatea, zeren joan den urtean geure ikasleengandik lortutakoaren ageriko azterketa amaiturik, beraien guraso eta tutore guztiei jakinarazi behar diegu emaitza; gainera laburra izateko moduan naiz, gutxirekin asko esan baitezaket. Berorren andereño alaba zentzu orotan lehendabiziko bezala agertu da. Batera doan diploma, bere gutuna, emandako sarien deskribapena dakarrena, eta aldi berean, hain emaitza bikainaren aurrean sentitzen duen atsegina adierazten duena, lasaigarri izango zaizkio berorri eta baita pozgarri ere. Horrenbestez, poza gutxitu egiten zait, zeren aurreikusten baitut hain neskatxa aurreratua geure artean edukitzeko abagunerik ez dugula izango. Berorren onginahiari nagokio eta neure ideiak laburki azaltzeko askatasuna hartzen dut, berarentzat onuragarrientzat daukadanari buruz. Ottiliaz neure laguntzaile zintzoak idazten dizu.
Laguntzailearen gutuna
Gure zuzendari agurgarriak agindu dit berorri Ottiliaz idazteko, partez, pentsatzen duen bezala pentsatuz, berari gogor gertatuko litzaiokeelako jakinarazi behar duena jakinaraztea eta, partez, berak ere nire ahotik irtetea nahiago duen desenkusa behar duelako.
Banekien nik zeinen gaitasun gutxi duen Ottiliak bere barrenean daukana eta berak dezakeena kanporatzeko; horregatik, neurri batean urduri nenbilen ageriko azterketaren aurretik, hainbat gehiago hor prestakuntza oro ezinezkoa delako, eta hori ohiko erakoa izan litekeela uste izanik ere, ez zegoen Ottilia distiratzeko prestatzerik. Emaitzak nire kezka ondotxo zuribidetzea besterik ez zuen egin; ez zuen saririk lortu, eta diplomarik ere lortu ez dutenen artean dago.
Zergatik esan behar dut besterik? Idazketan ia beste inork ez zuen berak bezain letra ongi eratua, baina aitzitik gainerakoek askoz trazu solteagoak zituzten; kontuak ateratzen denak bizkorragoak ziren, eta berak hobekien ebazten dituen problema zail horiek ez dira azterketan agertu Frantsesean batek baino gehiagok ateratzen zion aldea hitz egiten eta aztertzen; historian ez zituen berehala eskura ez izenak eta ez datak; geografian banaketa politikoak eskatzen duen aditasuna falta zuen. Apaltasun gutxieneko bere doinuen musika-ariketarako ez zen astirik ez patxadarik izan marrazkigintzan, segur aski, saria lortuko zukeen: bozetuak garbiak zituen eta burutzapena zaindua izateaz gainera trebea ere bai. Tamalez, zerbait handiegiari lotu zitzaion eta ez zen amaitzera iritsi.
Ikasleak aldendu eta aztertzaileek kontseilua izan zutenean eta guri, irakasleoi, gutxienez hitzen batzuk hartaz esateko aukera eman zigutenean, laster konturatu nintzen ez zutela Ottiliaz hitz egiten edota, egiten bazuten, mesprezuz ez bazen ere axola-gabeziaz egiten zutela. Bere izaera deblauki deskribatuz beraren aldeko faboreren bat sortzea espero nuen eta birritan suhar handiagoz egitera ausartu nintzen, lehenik konbentzimendu osoz egin nezakeelako eta, bigarren, ni neu ere gaztetan antzeko kinka tristetik iragana nintzelako. Arretaz entzun zidaten; baina amaitu nuen orduko auzi-mahaiburuak atsegin baina labur esan zidan: «Gaitasunak suposatzekoak dira, baina gauzatu egin behar dira. Horixe da hezkuntza ororen xedea, horixe da guraso eta tutoreen asmo argi eta garbia eta ikasleek berek duten isil, erdi kontzientea ere. Horixe da azterketaren xedea ere, zeinean aldi berean irakasleak nola ikasleak aztertuak diren. Zuk diozunarengatik sortu genituen itxaropen onak neskatila horretaz eta zu zeu ere laudagarri zara ikasleen gaitasunei hain estimazio zehatza egin diezulako. Urte honetan zehar, gaitasun horiek errealitate bihurtzea lortzen baduzu, ez zaizue faltako txalorik, ez zuri eta ez zure ikasle abantailatuenari ere.»
Ondoren gertatu zenera jadanik etsita nengoen, baina berehalaxe gertatu zen okerragorik ez nuen espero. Gure zuzendari onak, zeinak artzain onaren gisara ez baitu onartzen bere ardietako bakar bat ere errebelatu edo dagokion galardoarik gabe gera dadin, ezin izan zuen bere nahigabea ezkutatu jaun haiek aldentzean, eta Ottiliari, guztiz lasai zegoenari, besteak beren sariez gozatzen ari ziren bitartean, arrimatuta esan zion: «Baina esadazu, Jainkoarren. Nola liteke tuntuna izan gabe hain itxura handiko agertzea?» Ottiliak patxada osoaz erantzun zion: «Barka biezat, ama, gaur berriz ere burukomina izan dut eta oso gogorra gainera». «Batek badaki hori!», erantzun zion eskuarki hain gupidakorra izaten den emakumeak, eta umore txarrean alde egin zuen.
Baina egia da, inork ez du horren berririk, zeren Ottiliari ez baitzaio begitartea mudatzen, eta nik ez baitut eskuak baldokietara eramaten inoiz ikusi.
Baina gauza ez zen horretan geratu, andrea, Berorren alabak, beti hain erpizi eta soltea dirudienak, egun horretako garaitiaren ondorioz destainatu eta faundua zegoela zirudien. Harat-honat zebilen lasterka, geletan barrena, bere sari eta diplomekin eta Ottiliari musumintzen aurrean astintzen zizkion: «Gaurkoan gaizki atera zain», txilio egin zion. Baina Ottiliak patxada handienaz erantzun zion: «Halere ez dun azkeneko azterketa-eguna». «Baina hi beti atzena izango haiz», txilio egin eta iutika alde egin zion andereñoak.
Ottiliak lasai zirudien niretzat ez beste guztientzat. Emozio sakon, gogaikarri eta biziren batekin borrokan dabilenean, aurpegiaren kolore desberdinduan islatzen zaio hori. Ezkerreko masaila gorritu egiten zaio, eskuinekoa zurbiltzen zaion bitartean. Ohartu nintzen zantzu horretaz eta ezin izan nion neure ardurari eutsi. Hartu nuen zuzendaria aparte eta serioski hitz egin nion arazoaz. Emakume bikainak aitortu egin zuen bere errakuntza. Luzaz deliberatu, eztabaidatu genuen, eta xehekeriatan galdu gabe, geure ondorio eta erreguaren berri emango diot berorri: denboraldi baterako Ottilia berorrekin eraman dezala. Arrazoiak berorrek ulertuko ditu inork baino hobeki; horretarako erabakia hartzen badu, gehiagorik ere esango diot haur on horren trataeraz. Ondoren berorren andereñoa berriz uzten badiguzu, espero dugunez, pozarren ikusiko genuke Ottiliaren gure arterako itzulera. Oraindik gauza bat esan behar diot, agian gerorako utziz gero ahaztuko litzaidakeena: ez dut inoiz Ottilia zerbait eskatzen edo lehiaz erregutzen ikusi. Aldiz, badira kasuak, nahiz eta bakanak izan, eskatzen zaion zerbaiti uko egiten ahalegintzen denekoak. Bere zentzua ezagutzen duenarentzat jarkiezina den keinu batez egiten du hori. Gora jasoz estutzen ditu esku-ahurrak eta bularrera eramaten ditu, aurrerantz zertxobait makurtzen delarik, eta hisituki zerbait eskatzen dionari halako moldez begiratzen dio, non zerbait eska edo desira lezakeenari uko egiten dion. Ene andrea, inoiz keinu hori ikusten badio, nahiz bere etxean dagoela nekez gerta litekeena izan, oroit bedi nitaz eta barka biezaio Ottiliari.
* * *
Eduardek ozenki irakurri zuen gutuna, baina ez barre egin eta buruari eragin gabe. Halaber, ezin izan zion utzi pertsonei eta gauzen egoerari buruz oharrak egiteari.
— Aski da! —esan zuen azkenean Eduardek—. Erabakita dago; badator! Zu jadanik zerbitzatua zaude eta orain guk geure planari aurrera jarraitu behar gatzaizkio. Premia handienekoa da kapitaina eskuin hegalera aldatzea. Arratsa eta goiza ditugu elkarrekin lan egiteko unerik egokienak. Zuk, aldiz, zeuretzat eta Ottiliarentzat lekurik ederrena izango duzu.
Charlottek ontzat eman zuen eta Eduard etorkizuneko bizimodua deskribatzen hasi zen. Besteak beste, hau jaregin zuen:
— Ongi zegok ilobak burukomin pixka bat izatea ezkerreko baldokian; nik sarritan izaten diat eskuinekoan. Elkarrekin topo egin eta aurrez aurre eseriz gero, ni eskuineko ukondoan bermaturik eta bera ezkerrekoan eta bion buruak eskuetan alderantzitara ezarriak ditugula, kontra-koadro interesgarrizko bikotea osatuko diagu.
Kapitainak arriskugarri aurkitu nahi izan zuen hura; baina Eduardek jaregin zion:
— Habil kontuz D-arekin, adiskidea! Zer lukek B-az C kenduko baliote?
— Nik neuk pentsatu egingo nuke —ihardetsi zuen Charlottek—. Ez dago esan beharrik!
— Jakina —esan zuen Eduardek—. Bere A-ra, bere A eta D-ra itzuli —esan zuen eta eserlekutik salto eginez, gogor estutu zuen Charlotte bere bularraren kontra.
© Goethe
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu