III. KAPITULUA

 

        Iritsi zen kapitaina. Aurretik gutun zentzunezko bat bidali zuen, Charlotte erabat lasaitu zuena. Hainbesteko zuhurtzia bere buruarekiko, hainbesteko argitasuna bere egoerarekiko, bere adiskideen egoerarekiko ikuspegi irrikor eta alaiak eskaini zizkioten.

        Lehen orduetako elkarrizketak, denboraldi batean elkar ikusi ez duten adiskideen artean gertatu ohi denez, biziak, ia unagarriak izan ziren. Arratsean Charlottek instalazio berrietara paseo bat egitea proposatu zuen. Kapitainari oso atsegin izan zitzaion paisaia eta orain bide berriei esker ikuskor eta dastagarri bihurtu ziren edertasun guztiak oharteman zituen. Begirada aditua zuen, eta aldi berean kontentagarria, eta nahiz eta sobera zekien artean han zer falta zen, halere ez zuen egin zenbaitek egin ohi duena, zirkunstantziek uzten dutena baino gehiago eskatzearen edo beste nonbait ikusi den, zerbait beteginagoa gogora ekartzearen moldakaizkeria, beren landa erakusten dutenak umore txarrez jarriz.

        Goroldiozko txosnara iristean oso alaikiro apaindua aurkitu zuten, egiatan lore artifizialez eta amitzez, baina beraien artean berezko gari-balak eta landa eta zuhaitzetako beste fruitu batzuk nabarmentzen ziren, zeinek ohore egiten baitzioten hura atondu zuenaren arte-zentzuari.

        — Nahiz eta senarrari ez zaion atsegin bere urtebetetzea eta santu-eguna ospatzerik, espero dut gaur ez duela gaizki hartuko girlanda banaka hauek festa hirukoitz bati eskaini izana.

        — Hirukoitza? —esan zuen Eduardek.

        — Jakina! —erantzun zuen Charlottek—. Adiskidearen etorrera jai bezala da guretzat, eta, gainera, biotako inor ere ez zarete konturatu segur aski, gaur zuen santu-eguna denik. Biok ez al duzue Otto izentzat?

        Bi adiskideek eskuak eman zizkioten elkarri mahaitxoaren gainetik.

        — Zera gogorarazten didak —esan zuen Eduardek— gaztaroko adiskidetasun-froga hura. Txikitan biok izen hori genian, baina barnetegi berean geundenez gero eta horretatik errakuntza asko sortzen zirelarik, nik neurez uko egin behar izan nioan izen polit eta labur horri.

        — Baina horretan ez hintzen oso eskuzabal izan —esan zuen kapitainak—, zeren ondo gogoan diat hiri atseginago zitzaiala Eduard izena, ezpain polit batzuetan bereziki doinu ona ateratzen duena.

        Hirurak mahai beraren inguruan eserita zeuden, non Charlottek behiala hain gartsuki adiskidearen etorreraren kontra hitz egin zuen. Eduardek bere bozkarioan ez zion emazteari ordu hura gogorarazi nahi izan eta ezin izan zuen barrean gorde eta esan zion:

        — Oraindik balegoke hemen lekua laugarren batentzat.

        Une hartan ehizako adar-soinuak entzun ziren gazteluan, elkarrekin hizketan zeuden bi adiskide on haien asmo eta gurari onak berresten eta sendotzen zituztela ziruditenak. Isildurik adi egon ziren, bakoitza bere baitara bildurik, nork bere zoriona konpainia bikain hartan berreturik sentitzen zuela.

        Eduardek eten zuen isilunea lehenik eta zutiturik goroldiozko txosnara abiatu zen.

        — Goazen —esan zion Charlotteri— eraman dezagun adiskidea goialdera, ez dezan uste izan haran mugatu hau dela gure ondare eta egoitza bakarra; ikusmira zabalagoa da goian eta bularra zabaldu egiten da.

        — Oraingo aldian ere —esan zuen Charlottek— bidezidor zahar, malkar samarretik igo beharko dugu; baina espero dut hemendik gutxira nire maila eta tranpalek goraino zerbait erosoago igotzeko aukera emango dutela.

        Eta horrela, harkaitzen gainetik, sastrakadi eta sasietan zehar, azken ordekaraino iritsi ziren, zeinak ez baitzuen inolako lautadarik eratzen, bizkar emankorrezko sail bat baizik. Atzean, ez ziren herria eta gaztelua jadanik ikusten. Barrenean urmael hedatuak ageri ziren; bestaldean, muino berdeak, zeinetarantz baitzihoazen haiek, eta, azkenik, harkaitz malkarrak, zutik, azken ur-ispilua mugatzen zuten, gainazalean bere forma esanguratsuak islatuz. Han, troka-zuloan, erreka oldarkoia urmaelera amiltzen zen tokian, errota bat zegoen erdi ezkutaturik, bere ingurumariekin bake-lekutxo atsegin baten gisara ageri zena. Aniztasunean txandakatzen ziren, begipean hartzen zen zirkuluerdi guzti hartan, osinak eta gainaldeak, sastrakak eta basoak, zeinaren berdamen goiztiarrak agintzen baitzuen aurrerantzerako itxurarik joriena. Zuhaitz-multzo isolatuek ere erakartzen zuten begia leku batean baino gehiagotan. Begira zegoen adiskidearen oinetan bereziki gailentzen zen, lertxun eta albo-multzo bat, erdiguneko urmaelaren ertzean bartan. Garapenaren hoberenean aurkitzen ziren; mardul, zindo, eta gora eta alboetara hedatzeko ahaleginetan.

        Eduardek era berezian erakarri zuen haietara adiskidearen arreta.

        — Zuhaitz horiek —esan zuen— neronek gazte-denboran landatuak dituk. Neuk salbatutako zuhaiztxoak, aitak, gazteluaren lorategi handiaren parte berri bat antolatzean, udaminean erauzteko agindutakoak. Zalantzarik gabe aurten ere esker onez kimu berriak emango ditiztek.

        Pozik eta adoreturik itzuli ziren. Gonbidatuari gazteluaren eskuin-hegalean alojamendu begiko eta hedatsua izendatu zioten, non berandura gabe liburuak, paperak eta bere ohiko jarduerak burutzeko ezarri eta txukundu zituen. Baina Eduardek ez zion atsedenik eman lehen egunetan; alde batera eta bestera eramaten zuen, bai zaldiz, bai oinez, eta eskualdea eta etxaldea erakutsi zizkion, aspaldidanik haiek sakonago ezagutzeko eta hartaz onura abantailatsuagoa hartzeko zuen gogoaren berri bide batez emanez.

        — Aurrena egin behar duguna —esan zion kapitainak— iparrorratzaz planoa hartzea duk. Zeregin erraz eta atsegina duk, eta nahiz eta zehaztasun handiegirik ez lortu, baliagarria izan daitekek eta hasteko gogobetegarria; gainera laguntza handirik gabe egin daitekek eta ongi aterako den ziurtasunarekin. Gerora neurketa zehatzagoren bat nahi izanez gero, izango diagu horretarako betarik ere.

        Kapitaina oso trebea zen gisa horretako neurketak egiten. Aldean ekarriak zituen beharrezko tresnak eta berehala ekin zion. Zereginean lagundu behar zioten Eduard, ehiztari eta baserritar batzuei instrukzioak eman zizkien. Egun egokiak ziren; gauak eta goizeko lehen orduak marrazketan eta itzalduratzen ematen zituen. Laster geratu zen dena garbitua eta koloreztatua, eta Eduardek ezin hobeki ikusi zituen bere jabegoak paperean, sorkuntza berri bat gertatu bailitzan. Orain ezagutzen zituela uste zuen lehen aldiz; orain bereak zituela lehen aldiz.

        Aukera izan zuten lurraldeaz, instalazioez hitz egiteko, izan ere halako gainikusketa baten ondoren askoz hobeki egin baitzitekeen, berezkoan egindako saioekin, inpresio bakartu eta solteekin baino.

        — Garbi ikusarazi behar zioagu nire emazteari —esan zuen Eduardek.

        — Ez ezak horrelakorik egin! —ihardetsi zion kapitainak, bere ideiak inorenei kontrajarri nahi izan ez zizkienak, zeren esperientziak irakatsi baitzion inoren iritziak aski anitzak izaten direla puntu bakarrean ere bat etortzeko, argudio zentzuzkoenenak gorabehera. Eta jarraitu zuen—: Ez ezak horrelakorik egin! Aisa nahas litekek. Gauza hauetaz zaletasunez arduratzen direnei bezala gertatuko litzaiokek: nahiago izaten diate berek egitea inork egitea baino. Natura haztamukatzen diate, lekutxo honetaz edo hartaz zaletzen dituk, ez dituk eragozpen hau edo hura kentzera ausartzen, ez diate behar adina deliberamendu zerbait sakrifikatzeko, ezin daitekek aurretiaz zer sortuko den irudikatu, saioak, zuzenketak, ezabaketak egiten ditiztek, aldaketak egiten ditiztek, utzi beharrekoa aldatzen diate behar beharbada, aldatu beharrekoa uzten diate beharbada, eta azken finean, obra osatu gabe batekin aurkitzen dituk, atsegingarri eta adoregarri den baino gogobetegarri ez den obra batekin.

        — Esadak argi eta garbi —esan zion Eduardek— bere instalazioak ez dituala gogobetegarri.

        — Baldin eta ariketak ez baldin balu hain ona den ideia hori agortu, ez legokek zertaz hitz eginik. Neke handiekin tormentatu da harkaitzean gora igotzen eta orain, nahi baduk, gora gidatzen duen guztia tormentatzen dik. Ez binaka eta ez banaka ez zegok bertan lasai samar ibiltzerik. Urratsaren erritmoa uneoro eteten duk, eta beste mila eragozpen aurki lekizkiokek.

        — Baina errazago izango al zatekeen beste era batera egitea? —galdetu zuen Eduardek.

        — Oso erraza —ihardetsi zuen kapitainak—. Aski izango zian harkaitz-kantoi hori, gainera huskeria bat dena, zati txikiz osatua baituk, kendu izan balu; igoeran bihurgune ederki alderatua eta harri sobera lortuko baitzian bidea mehar eta malkarra den tokietan murruak eraikitzeko. Baina hau gure artean fidantzia handienean esan gera dadila: bestela asaldatu eta mindu egingo baituk. Gainera, egina dagoena, horrelaxe utzi behar duk. Zeren dirua eta lana erabiliz gero txosnaz goialdeko partean eta muinoetan gauza asko egin daitekek oraindik ere eta gauza atsegin asko lortu.

        Baina gure adiskideek era honetara presentean nahikoa hizketa-gai bazuten ere, ez zuten iragan egunetako oroitzapen bizi eta atseginen faltarik ere, zeinetan Charlottek ere parte hartzen zuen. Beren bidai egunkariei ere ekiten zieten, lanik beharrenak egin eta gero, era horretara ere iragana iradokiz.

        Gainerakoan Eduardek ez zuen hizketa-gai handirik Charlotterekin, batez ere parkeko bere instalazioen kritika hura, hain bidezkoa zeritzona, bihotzean zeramanetik. Luzaroan eduki zuen isilik kapitainak fidaturikoa; baina azkenik bere emaztea berriro mailatxoak eta bidetxoak eraikitzen ikustean goroldiozko txosnatik goialdeetara, ezin izan zion eutsi gehiago eta zenbat itzulingururen ondoren bere asmoen berri eman zion aditzera.

        Charlotte harriturik geratu zen. Aski argia zen senarrak arrazoia zuela ulertzeko; baina egina han zegoen, berak ontzat jo zuen, nahigarri aurkitu zuen eta kritikatuarekin ere zaleturik zegoen xehetasunik txikienetan ere, beraz kontra egiten zion inork besterik sinetsarazteari, aldeztu egiten zuen bere sorkaria, kritika egiten zien dena handikiro egin nahi duten, eta txantxa bat, olgeta bat berehalaxe obra bihurtu nahi duten gizonezkoei, plan zabalago batek eskatzen dituen gastuak kontutan hartu gabe. Asaldatua, iraindua, sumindua zegoen; ezin zion zaharrari uko egin, ezta berriari erabat arbuio egin ere; baina deliberatua izaki, berehala utzi zuen lana eta astia hartu zuen gauzak hausnartu eta heltzen uzteko.

        Baina olgeta arikor haren hutsunea sumatzean, gizonek beren arazoak gero eta elkartuago aurrera zeramatzaten, atsegin-lorategi eta negutegiak zaintzen bitartean, halere ehiza, zela eta zamarako zaldien erosketa, truke eta bezaketa bezalako ohiko beren gizonezko-ariketak ahaztu gabe, Charlotte egunean-egunean bakarrago sentitzen zen. Gutun-truke handiagoa zeukan, baita kapitainaren onerako ere, eta hala eta guzti ere bakardade-ordu asko zituen. Horregatik are atseginagoak eta dibertigarriagoak zitzaizkion barnetegitik jasotzen zituen txostenak.

        Zuzendariaren gutunak, zeinean ohi bezala alabaren aurrerapenen berri luzaz hedatzen zen, posdata labur bat zekarren, baita erakundeko laguntzaileak eskuz idatziriko ohar bat ere, biak ondoren ezartzen ditugunak:

 

 

Zuzendariaren posdata

 

        Ottiliari dagokionez, andre hori, neure aurreko txostenekoa errepikatu beharko nioke. Ez dut berari ahakar egin beharrik izan, eta halere ez nauka pozik. Lehen bezain apala eta besteekiko atsegina izateari jarraitzen zaio baina uzkurtasun hori, zerbitzukoitasun hori ez ditut gogoko. Arestian dirua eta zenbait oihal bidali dizkio berorrek. Lehenari ez dio ukiturik egin; bigarrenak hor daude oraindik erabiltzeke. Egia da gauzak garbi eta txukun gordetzen dituela, eta badirudi zentzu horretan bakarrik aldatzen dituela jantziak. Jatean eta edatean duen neurrikotasuna ere goratu beharra daukat. Gure mahaian ez da ezer sobera izaten; baina ez dut ezer gogozago ikusten, nola gure neskatilak jaki goxo eta osasungarriak ase arte jaten baino. Arretaz eta ezagueraz zerbitzatu eta aurkezten dena ahitu arte jan behar da. Ottiliak ezin du hori inoiz lortu. Areago, edozer arazo asmatzen du, zerbitzariek zerbait ahaztu dutenean hutsunea betetzearren jaki edo mahai-azkenen bat gabe geratzeko asmo hutsez. Guztiarekin ere gogoan izan beharra dago, noizean behin, arestian jakin dudanez, burukomina izaten duela ezkerraldean; pasatzen zaiona baina mingarria eta garrantzizkoa izan litekeena. Hara gainerakoan polita eta maitagarria den neskato honetaz esan dezakedan guztia.

 

 

Laguntzailearen oharra

 

        Gure zuzendari bikainak eskuarki irakurrarazi egiten dizkit bere ikasleei buruzko oharrak guraso eta tutoreei jakinarazteko idatzitako gutunak. Berorri zuzenduak, ene andre hori, birritan arreta handiagoz, birritan atsegin handiagoz irakurtzen ditut; zeren munduan gailentzeko behar diren gaitasun distiratsu guztiak dauzkan alaba bat izateagatik zorionak ematen badizkiogu, halaber, ez diot zorion gutxiago eman behar berorren alabatzakoan besteen on eta gogobeterako haur bat eman zaiolako, eta segur aski, baita bere zorionerako ere.

        Ottilia da ta bakarra gure ikasle guztien artean, zeinari buruz bat etor ez naitekeen gure zuzendari agurgarriaren iritziarekin. Inola ere ez diot kritikatzen andre hain jardukor horri bere ardurapeko fruituak argi eta garbi kanpoan nabarmen daitezela eskatzea, baina badira fruitu itxiak ere, egiazki mardulak direnak, eta lehenago eta beranduago bizitza eder bateraino garatzen direnak. Hala gertatzen da beroren alabatzakoarekin ere. Irakasle nauenetik beti pausu berean ikusten dut, astiro-astiro aurrera egiten, inoiz atzera egiteke. Haur batekin estreinatik hastea beharrezko bada, baita berarekin ere. Aurrekotik ez datorrenik ez du ulertzen. Noraezean geratzen da, ia geldoturik, erraz ulertzekoa den baina berarentzat ezerekin zerikusirik gabea den zerbaiten aurrean. Baina lotura aurkitu eta argiro erakutsiz gero, gauzarik zailena ere ulertzen du.

        Aurreratzen geldo horretan atzeraturik dabil ikaskideen aldean, zeinek beste gaitasun batzuen jabe direlarik, bizkor egiten baitute aurrera, eraz ulertzen, erraz gordetzen baitute loturarik ez duena, eta eroso berriz erabiltzen. Horrela ez du ezer ikasten, ez du ezer ateratzen presakako irakaspenetik, eskola batzuen kasuan gertatzen denez, izan ere irakasle bikain baina bizi eta egonarrigabeen esku baitaude. Idazkeraz kexatu zaizkio, gramatika-arauak ulertzeko duen gaitasunik ezaz. Sakon aztertu ditut egozpen horiek: egia da astiro eta zurrun idazten duela, nahi bada, baina ez ezbaiti eta baldar. Frantses hizkuntzaz, nire gaia ez denaz, noski, mailaka irakasten diodana erraz ulertzen du. Benetan gauza miresgarria da, asko eta oso ongi daki, hain galdetzen zaionean badirudi ez dakiela ezer.

        Azken ohar batez amaitu beharko banu, zera esango nuke: ez duela hezkuntza hartu behar duenak bezala ikasten, eman nahi duenak bezala baizik; ez ikasle bezala, irakaslegai bezala baizik. Behar bada, ene andre hori, bitxia iritziko diozu, hezitzaile eta irakasle naizen honek, norbait goratu beharrean neure pareko aitortzeari. Berorren ulermenak, berorrek duen gizakiaren eta munduaren ezagutza sakonak asmatuko dute onetsian esandako nire hitz mugatuetatik hoberena jasotzen.

        Sinetsiko dit neskatila honengandik pozbide ugari ere espero litekeela. Berorren onginahiari natxikio eta baimena eskatzen diot berriz idazteko, nire gutunak zerbait esanguratsua eta atsegina ekar lezakeela uste bezain laster.

 

* * *

 

        Charlotte oso poztu zen orri hura irakurtzean. Edukia bat zetorren berak Ottiliaz zeukan aburuarekin; horregatik ezin izan zuen irribarrea gorde konturatu zenean irakasleak ikasle baten bertuteetan sakontzeak adierazi ohi duena baino bihoztiago zirudiela. Bere pentsaera patxadazko eta aurreiritzi gabearekin aintzakotzat hartu zuen adierazpen hura beste asko bezala; gizaseme argi hark estimatu egiten zuen Ottiliarenganako agertzen zuen arreta, zeren bizitzan sobera ikasia baitzuen, zenbateraino preziatu behar den benetako isuri oro, axolagabekeria eta desbiderapena benetan nagusi diren mundu batean.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia