II. KAPITULUA

 

        Eduard bakarrik zegoen bere gelan, eta Charlotteren ahotik bere bizitzako zoria, elkarrekiko bien egoera azaltzen eta beren asmoak errepikatzen entzuteak benetan asaldatu egin zion zeukan izaera bizia. Bere hurbiltasunean, bere konpainian hain ongi sentitua zen, non kapitainari gutun adiskidekor, arduratsua baina lasaia eta ezertara behartzen ez zuena idatzi nahi zion. Baina idazmahaira joan eta adiskidearen gutuna hartu zuenean, beste behin irakurtzeko, berehalaxe gizon bikain haren egoera tristea eman zion buruak; egun haietan atsekabetu zuten sentipen guztiak itzartu zitzaizkion berriz, eta ezinezko zeritzon bere adiskidea hain egoera larrian bertan behera uzteari.

        Eduard ez zegoen ohiturik ezeri uko egitera. Guraso aberatsen seme bakar eta mainatua, askoz emakume zaharrago batekin ezkontza estrainio baina guztiz abantailatsua egiteko konbentzitzen jakin zuten, zeinak ere era guztietako losintxak egin zizkion eta berekiko portaera onari eskuzabaltasun handienaz erantzuten saiatu zen, haren heriotza lasterraren ondoren bere buruaren jabe, bidaiatzeko bere eskuko, edozein mudantza, edozein aldaketarako moduan, gehiegizkorik ezer nahi gabe, baina bai asko eta askotarikoak, egiati, onbera, jatorra, kementsu behar izanez gero... ez zeukan munduan bere gurarien kontra jartzekorik!

        Ordura arte dena nahierara atera zitzaion, Charlottez jabetzeraino iritsi zen, zeina fideltasun setati eta nobelazkoz azkenean lortu zuen; eta orain lehen aldiz sentitu zuen kontrakarra, lehen aldiz eragozpena, eta hain zuzen ere bere haurtzaroko adiskidea ondora ekarri, bere bizitza osoa nolabait biribildu nahi zuenean. Nahigabeturik, artega zegoen; hartu zuen behin baino gehiagotan luma eta berriro uzten zuen, zeren ez baitzetorren bat bere baitan idatzi nahi zuenarekiko. Ez zuen emaztearen nahien kontra ezer nahi, ezin zuen haren eskarien kontra ezer egin; patxadarik gabe zegoela, gutun patxadazkoa idatzi behar zuen, erabat ezinezkoa zitzaion zerbait. Bidezkoena arazoa gerorako uztea zen. Hitz gutxitan barkamena eskatu zion adiskideari egun hartan ez idaztearengatik, xehekiago ez idaztearengatik, eta hurrengorako idatzi luzeago eta patxadazkoago bat agindu zion.

        Biharamunean, leku berera egin zuten paseoaz baliatu zen Charlotte, elkarrizketarako abagunea berriro korapilatzeko, agian asmo bat moteltzeko hartaz sarritan hitz egitea baino gauza hoberik ez dagoela sinetsita.

        Eduardek gogokoa zuen errepikapen hori. Bere erara maitekor eta atsegin agertu zen, zeren sentibera izaki, arin berotzen bazen ere bere nahikari biziak premiatsu bihurtzean eta bere burugogorkeria egonarria galarazteko modukoa izaten zenean, hala ere bere adierazpen guztiak hain leunduak izaten zituen besteenganako begirunearengatik, non beti maitagarri aurkitu behar izaten zuten, nahiz eta astuna ere bai.

        Honetara goiz hartan Charlotte aldarterik alaienean jarri zuen, eta gero, elkarrizketari itzuli txairoa emanik senetik atera zuen, non emazteak azkenik esan zion:

        — Ziur nago senarrari ukatu diodana maitaleari eman diezaiodan nahi duzula. Gutxienez, laztana, —jarraitu zuen— zure nahiek eta adierazten duzun bizitasun adiskidekorrak ez nautela hunkitu gabe, axolagabe uzten ohartu behar duzu. Aitorpen bat egitera behartzen naute. Oraindainokoan zerbait ezkutatu dizut. Zurearen antzeko egoera batean aurkitzen naiz, eta aurrez neure buruari egin diot orain zuri egin nahi dizudan bortxa.

        — Atseginez entzuten dizut —esan zuen Eduardek—; konturatzen ari naiz ezkon bizitzan behin baino gehiagotan eztabaidan ibili beharra dagoela elkarren berri jakiteko.

        — Bada, orain jakingo duzu —esan zuen Charlottek—, niri ere Ottiliarekin, zuri kapitainarekin bezala gertatzen zaidala. Oso gogo txarrez daukat haur maite hori barnetegian, non inguruabar oso higuingarrian aurkitzen den. Bitartean Luciane, nire alaba, mundurakoa jaioa, bertan mundurako heziera hartzen ari da, hizkuntzak, historia eta gainerako jakingarriak eskuratzen zaizkio, eta piezak eta bariazioak bat-batean partituratik jotzen ditu; eta izaera bizia eta oroimen bikaina dituelarik, zera esan liteke, dena ahazten eta istant batean dena gogoratzen duela; eta bere maneren txairotasuna, dantzarako jasa eta hizketarako erosotasun iaioari esker denen artean gailentzen da eta berezko izamolde nagusikoiarengatik bere taldetxoaren erregina bihurtzen, eta ikastetxe horretako arduradunak bere esku artean loratzen ari den jainkosa baten modura begiratzen dio, ohore ematen eta familien konfiantza eskuratu eta gazte gehiagoren etorrera segurtatuko dionari bezala; bitartean bere gutunen lehen orrialdeak eta hileroko txostenak halako haurraren bikaintasunari buruzko goraltzak besterik ez dira, nik neure prosara ongi itzultzen ditudanak; aitzitik, berriz, azkenean Ottiliaz aipatzen didana, beti desenkusa eta desenkusa baizik ez da izaten, gainerakoan hain ederki garatzen ari den neskatxak ez duela inolako gaitasun eta trebetasunik erakutsi nahi. Oraindik gainera gehitu ohi duen apurra ez da izaten inolako ulertezina niretzat, zeren haur maite horrengan bere amaren, neure adiskiderik hoberenaren izaera osoa nabaritzen baitut, zeina nirekin garatu baitzen eta zeinaren alaba, badakit, neu hezitzaile edo jagole izango banindu, izaki zoragarri izatera iritsiko bailitzateke.

        Baina hori ez da gure planean sartzen eta nola norberak ere ez dituen bere bizitzako baldintzak behartu edo bortxatu behar, ezta beti zerbait berriaz inguratu ere, nahiago dut eramatea eta gainditu ere egiten dut neure alaba ikusteak sortzen didan sentsazio higuingarria, zeinak oso ongi baitaki Ottilia gaixoa erabat gure baitan dagoela, eta bere abantailak haren kontra harroki baliarazten eta horrela neurri bateraino gure egintza ona deuseztatzen duenean.

        Baina nor dago halako moldez hezita, non bere merituak krudelki besteen gainetik baliarazten ez dituen? Nor dago hain goian, non horrelako sakadura noiz edo noiz jasan behar izaten ez duen? Froga horien bitartez areagotzen da Ottiliaren balioa; baina bere egoeraren atsekabea argi eta garbi ikusten dudanetik, beste norabait lekuz aldatzeko ahaleginak egin ditut. Une batetik bestera etorriko zait erantzuna eta orduan ez dut ezbairik izango. Hara zer gertatzen zaidan, kuttuna. Ikusten duzu, nola biok zeinek bere aldetik ardura berak dauzkagun bihotz fidel eta maitekor batean. Batera eduki ditzagun, bata bestearen kontrako ez direnez gero.

        — Bai izaki bitxiak garela! —esan zuen Eduardek irribarrez—. Ardura sortzen digun zerbait geure aurretik baztertuz gero, berehala uste izaten dugu konpondua dugula. Orokorrean gauza askori uko egin diezaiokegu, baina xehetasun batean amore ematea nekez onartzen dugun eskakizuna da. Halakoxea nuen ama. Haur edo mutikotan bere ondoan bizi nintzenean, ezin izaten zituen aldian aldiko ardurak baztertu. Zaldizko ibilaldi batean atzeratzen banintzen, ezbeharren bat gertatu zitzaidan; euri-zaparrada batek blai uzten baninduen, ziur neukan sukarra. Baina bidaia bat egin nuen, urrundu nintzen beragandik, eta harez gero baneritzon ez nintzela ia berea.

        Gauzak zehatzago begiratuta —jarraitu zuen— biok zoro eta arduragabe batzuk bezala portatzen gara bi izaki txit prest, bihotzetik hain hurbil dauzkagunak, nahigabe eta neketan uztean, geuretzat inolako arriskurik ez hartzearren. Hau norberekoikeria ez bada, ez dakit zeri dei lekiokeen orduan! Har ezazu Ottilia, utzidazu niri kapitaina, eta egin dezagun saioa Jainkoaren izenean!

        — Oraindik arriska gintezke —esan zuen Charlottek, pentsakor— arriskua gu biontzat bakarrik balitz. Baina gomendagarri al deritzozu etxe berean kapitaina eta Ottiliari ostatu emateari, zure adina gutxi gorabehera duen gizon bati, gizona —eta lore hau zeure aurpegiaren aurrean bota behar izatea!— maitasunerako gauza eta duin izaten hasten den adin batekoa den bati eta Ottiliak bezalako erakarmenak dituen neskatxari?

        — Jakin ere ez dakit —erantzun zion Eduardek— zergatik ematen diozun hainbesteko garrantzia Ottiliari! Bere amari zenion txera heredatu duelako bakarrik dela pentsa nezake. Polita da, bai, eta gogoan dut kapitainak beraren aipua egin zidala orain urte bete itzuli eta zurekin izebaren etxean aurkitu genuenean. Polita da, eta batez ere oso begi ederrak ditu; baina ez zidan egin inolako eraginik.

        — Horrek ohore egiten dizu —esan zuen Charlottek—, neu aurrean bainengoen; eta ni baino askoz gazteagoa den arren, adiskide barnekoagoaren presentziak hainbeste xarma zuen zuretzat, non ezikusiarena egin zenion edertasun loratu eta joriari. Horrek ere zure izateko moduari erantzuten dio, nik zurekin bizitza hain atsegin handiz elkarbanatzearen kausa izaki hori.

        Baina Charlottek zinez hitz egin zuela bazirudien ere, zerbait ezkutatzen zuen. Abagune hartan berariaz aurkeztu zion Ottilia Eduardi, bere bidaietatik baitzetorren, bere alabatzakoari hain ezkongai ona eskuratzeko asmoz: bere buruarentzat Eduardekiko ez baitzuen halakorik pentsatzen jadanik. Kapitaina bera ere zirikatua zuten Eduard neskaz ohartzera bultza zezan, baina hark kaskagor jarraitzen zion Charlotteganako bere maitasun aspaldikoari, ez zuen ezker-eskuin ezertxo ere ikusten eta zoriontsu zen, hain biziki irrikitua eta gertakari-sail batengatik betirako ukatutako altxorra artean atzemangarri izan zitekeelako sentimenduan.

        Senar-emazteak, instalazio berriak zeharkatuz, gaztelura jaisteko asmotan zeuden eta zerbitzarietako bat bila irten zitzaien presaka eta mintzo irrikorrez behetik entzunarazi zien:

        — Zatozte bizkor jaun-andreok! Mittler jauna zaldiz sartu da gazteluaren patioan. Oihuka dei egin digu denoi zuen bila etorri eta behar duzuen galdetzeko.

        — Behar nauten —oihu egiten zigun—. Entzuten al duzue? Baina bizkor, bizkor!

        — Hori gizon bitxia! —esan zuen Eduardek—. Ez al dator une egokian, Charlotte?

        — Zoaz hara bizkor —agindu zion zerbitzariari— esan baietz, bere beharra dugula, eta behar handia. Baina jaits dadila! Zaindu zaldia, eta eraman aretora eta gosaria eman. Berehala joango gara.

        — Har dezagun biderik laburrena —esan zion emazteari, eta kanposanturik zihoan bidea hartu zuen, normalean erabiltzen ez zuena. Baina hura miresmena sentitu zuena ohartzean hartan ere Charlottek sentimenduari jaramon egin ziola! Ahal zen guztian lehenagoko hilobiak errespetatuz, dena konpondua eta txukundua zeukan guzti hura leku atsegina gerta zedin, non begiak eta irudimena gogara atseden hartzen zuten.

        Harririk zaharrenari ere begirunea izan zion. Urteen arabera, murruaren kontra ezarriak zeuden, barrenduak edo nolabait atonduak, elizaren zokalo garaia beraiekin ezberdindu eta apaindu zuelarik. Bereziki asaldatua sentitu zen Eduard atetxotik igarotzean; estutu zion Charlotteri eskua eta malko bat agertu zitzaion begira.

        Baina gonbidatu xelebreak berehala uxatu zuen. Zeren ez baitzuen atsedenik hartu gazteluan, eta ezproi-trostan herritxoa zeharkatu, elizatera iristean, bertan gelditu eta urrunetik oihu egin zien bere adiskideei:

        — Baina nire lepotik barrezka ari al zarete? Benetan behar izanez gero, eguerdira arte geldituko naiz hemen. Baina ez nazazue eraduki: zeregin asko baitut gaur.

        — Honaino etortzeko nekea hartu duzunez gero —esan zion Eduardek—, sar zaitez erabat; elkarrekin etorri gara toki serio batera, eta hara, nola apaindu duen Charlottek dolu-toki hau.

        — Hor barruan —esan zuen zaldizkoak— ez naiz ni sartzen ez zaldiz, ez kotxez, ez oinez. Horiek dagoeneko bakezko atsedenean daude eta nik ez dut egitekorik horiekin. Onartuko dut oinak aurrera ditudala eraman nazatenean. Baina zerbait serioa al da?

        — Bai —esan zuen Charlottek— eta benetan serioa! Lehen aldia da ezkonberriak izaki, ezin irtenezko estutasun eta nahasmenduan aurkitzen garela

        — Ez duzue horrelako itxurarik —ihardetsi zien—, baina sinetsi egin beharko da. Iruzur egiten badidazue, ez dizuet gehiago eskurik luzatuko. Bizkor jarraitu, zeren nire zamariari ez zaio atsedenaldi bat gaizki etorriko.

        Laster aurkitu ziren hirurak aretoan; zerbitzatu zuten otordua eta Mittlerrek kontatu zien zer egina zuen egun hartan eta artean zer egiteko asmoa zuen. Gizon bakun hura lehenago elizgizona izana zen eta bere jarduera nekagaitzaz gainera bere karguan sortzen ziren auziak, nola etxekoak hala auzoen artekoak, baretu eta ebazteko izan zuen trebetasunaz nabarmendu zen, partikularrekin zerikusia zutenetatik hasi eta parrokia osoak eta zenbait lurjabe besarkatzen zituztenetaraino. Zerbitzuan zegoen bitartean ez zion ezein ezkonduri dibortziatzen utzi, eta herrialdeko auzitegiek ez zuten demanda edo auzitan ibili beharrik izan. Garaiz ohartu zen zeinen beharrezko izango zuen zuzenbidea. Beraz bere arreta guztia eskaini zion eta laster jarri zen abokaturik trebeenaren parean. Miresgarriro hedatu zitzaion bere eskuera, eta hiriburura deitzeko asmotan zebiltzan behetik hasia zuena goitik amai zezan, eta orduantxe sari nabarmen bat suertatu zitzaion zozketan, erosi zuen landatxo bat, alokatu zuen eta bere jardueraren erdigune bihurtu zuen, inongo etxetan ez gelditzeko asmo sendoarekin, edo hobeki esateko ohitura eta isuri zaharrarekin, baldin eta liskarren bat konpondu edo inori lagundu behar ez bazitzaion. Deituren sineskeria dutenek aitortzen dute Mittler (Bitarteko) bereak hain destino apartekoa izatera behartu zuela.

        Mahai-azkenak zerbitzatuak zeuden eta gonbidatuak gomendatu zien ostatariei, aurkikuntzak luzaroago ez ezkutatzera, zeren kafea hartu orduko alde egiteko asmoa baitzuen. Bi ezkontideek berehalakoan egin zizkioten beren aitorpenak; baina zertaz zen ohartu bezain laster, aldarte txarrean mahaitik alde egin, kolpe batez leihoa itxi eta zaldia zelatzeko agindu zuen.

        — Edo ez nauzue ezagutzen —esan zuen—, edo ez nauzue ulertzen, edo fede marrez ari zarete. Ba al da hemen liskarrik? Beharrezko al da laguntzarik hemen? Aholkuak emateko etorri naizela mundu honetara uste al duzue? Horixe da inork izan lezakeen lanbiderik ergelena. Bakoitzak aholku eman diezaiola bere buruari eta ezinbestekoa duena egin dezala. Ongi ateratzen bazaio, poztu dadila bere jakituria eta zorionarekin eta gaizki ateratzen bazaio, hemen nauka ni eskura. Gaitzetik bere burua jaregin nahi duenak, beti jakiten du zer nahi duen; daukana baino zerbait hobea nahi duena, itsu porrokatua da... Bai, bai! barre egizue —halakoa gorde-gordeka dabil, eta baliteke nahi duena harrapatzea; baina, zer? Egizue nahi duzuena, beti berdin izango da-eta. Ekar itzazue adiskideak zeuekin, bidal itzazue albotik: beti berdin! Zentzuzkoena alferrik galtzen ikusia dut eta zentzugabeena garatzen. Ez ezazue burua urratu, eta modu batera edo bestera gauza gaizki ateratzen bazaizue, orduan ere ez urratu. Bidali norbait nire bila, eta lagunduko zaizue. Ordura arte, zuen zerbitzari!

        Eta horrela esanez, zaldian alde egin zuen kafeari itxaron gabe.

        — Ikusten duzu —esan zuen Charlottek— zeinen gutxi balio duen hirugarren batek bi pertsona elkarri estuki lotu elkar ulertzera iristen ez direnean. Orain lehen baino ere nahasiago eta zalantzakorrago aurkitzen gara, posible bada. Bi ezkontideak oraindik luzaroan egongo ziratekeen ezbaian, baldin eta kapitainak Eduardi zuzenduriko gutuna jaso izan ez balute, beronek idatzi zionari erantzunez. Eskainiak zizkioten lanpostuetako bat onartzea erabaki zuen, nahiz eta inola ere ez izan egokia berarentzat. Jende aberats eta printzipalarekin aspertasuna partekatu beharko zuen, izan ere beratzaz fidatzen baitzen Eduard haiek uxatzeko.

        Eduardek argitasunez zekusan egoera guztia eta biziki deskribatu zion emazteari.

        — Eta geure adiskidea horrela aurki dadin nahi ai dugu? —esan zuen—. Ezin zintezke hain krudela izan, Charlotte!

        — Bai gizon miresgarria, gure Mittler hori —erantzun zuen Charlottek—. Baina azken finean beti du arrazoia. Erabaki guzti horiek beti dira arriskutsuak. Inork ezin du iragarri zer aterako den horietatik. Gisa horretako egoera berriak emankorrak izan daitezke zorionean eta zorigaitzean, horretan guk meritu edo erru berezirik izan gabe. Ez naiz behar bezain indartsu sentitzen zuri luzaroago kontra egiteko. Froga egin dezagun. Gauza bakarra eskatzen dizut: epe laburrekoa izan dadila. Emadazu baimena orain arte baino jardukorrago izan nadin bere alde eta neure eragina eta harremanak erabil eta mugi ditzadan, lanpostu bat aurki diezaiodan, bere izaera kontutan izanik atseginen bat eskuratuko diona.

        Eduardek erarik maitekorrenean erakutsi zion emazteari bere esker ona. Aldarte aske, alaiez idatzi zion bere adiskideari, gomita eginez. Charlottek posdata batean gehitu zion bere oniritzia, bere erregu adiskidekorrak senarrarenei gaineratuz. Luma trebez egin zituen lerroak, hitz atsegin eta atoskorretan, baina ohikoa ez zuen presa moduko batez, eta, sarritan gertatzen ez zitzaiona, azkenean tinta-mantxa batez itsustu zuen papera, umore txarrean jarri zuelarik, eta xukatu eta ezabatu nahi izatean handiagotu egin zen.

        Eduardek iseka egin zion hartaz, eta artean lekua geratzen zenez, beste posdata bat erantsi zion, seinale horretatik ikusi behar zuela zenbaterainoko egonezinaz itxaroten zitzaion eta bere bidaiaren lastertasuna gutun hura idatzi zioteneko presari egokitu behar zitzaiola. Abiatu zen mezularia, eta Eduardek uste izan zuen ezingo zuela bere esker ona hobeki adierazi baizik behin eta berriz esanez Charlotteri berak ere berehala atera behar zuela Ottilia barnetegitik.

        Emazteak epe bat eskatu zion, eta gau hartan Eduardengan musikarako gogoa piztea lortu zuen. Charlottek oso ongi jotzen zuen pianoa, eta Eduardek, hain ongi ez bazen ere, flauta, zeren, aldika, saiamen handiz ikasten aritu izan, gisa horretako talentu bat prestatzeko behar den egonarririk, iraumenik ez baitzuen izan. Bere partea, beraz, modu ezberdinean burutzen zuen, pasu batzuk ongi interpretatuz, baina presa handiegiarekin ordea, eta beste batzuetan oztopo eginez, erabat menperatzen ez zituelako, eta horregatik nekez jo ahal izango zuen duorik berarekin Charlottez beste pertsona batek. Baina Charlottek bazekien nola moldatu: gelditu egiten zen eta gero berriro jarraitu, eta orkestra-zuzendari onaren eta etxekoandre maratzaren neurriari guztian beti eusten dakienaren eginbehar bikoitza ere hornitzen zuen, nahiz eta pasu solteak ez ziren beti konpasera egokitzen.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia