I. KAPITULUA

 

        Eduardek —honela deritzogu garerdiko baroi bati— Eduardek bere mintegian emana zuen apiril-eguerdi bateko ordurik ederrena, mendu hartu berriak zurtoin gazteetan ezartzen. Orain bere egitekoa burutua zuen; jarri zituen lanabesak zorroan eta bere lanari atseginez begira zegoen, lorazaina etorri eta jaunaren lehia saiatu hartan olgatu zenean.

        — Ez al duk emaztea ikusi? —galdetu zuen Eduardek, aurrera joateko keinua eginez.

        — Goian, instalazio berrian —ihardetsi zion baratzainak— Goroldiozko txosna prest geratuko da gaur, harkaitz-murruan, gazteluaren aurrez aurre, eraiki erazi duena. Dena oso ederki geratu da eta atsegin izango du Berorrek. Ikusmira bikaina du: behean hernia, eskuineraxeago eliza, eta beronen dorrerpinen gainetik ia urrunerainokoa ageri da; aurrealdean gaztelua eta lorategiak.

        — Oso ongi —ihardetsi zuen Eduardek; hemendik urrats batzuetara jendea lan egiten ikus nezake.

        — Gero —jarraitu zuen lorazainak— eskuinetara harana zabaltzen da eta zuhaitz-zelai aberatsen gainetik hedadura atsegin bat ageri da. Harkaitzetan gorako igoera oso polita geratu da. Andere prestuak ulertu egiten du; atsegina da berarekin lan egitea.

        — Hoa berarengana —esan zuen Eduardek— eta esaiok itxaroteko mesedez. Esaiok sorkari berria ikusi eta hartaz gozatu nahi dudala.

        Lorazaina bizkor urrundu zen eta Eduardek laster jarraitu zion.

        Jaitsi zen terrazetan behera, aztertu zituen igarotzean berotegi eta ernatokiak, ibairaino iritsi arte, gero zubitxo bat igaro eta instalazio berrietarako zidorra bi besotan hausten zen tokiraino. Bata, kanposantuaren gainaldetik zuzen samar harkaitz-murruraino zihoana utzi eta besteari heldu zion, ezkerretik eta zabalxeago, sastraka txairoetatik poliki zihoanari, eta biek topo egiten zuten tokian eseri zen une batez aulki ongi ezarri batean, begiztatu zuen benetako aldapa eta era guztietako eskailera eta maldatan zehar bide mehar eta gutxi asko malkarrean gora goroldiozko txosnaraino iristea lortu zuen.

        Atean Charlottek, emazteak, egin zion harrera eta halako moldez eserarazi zuen, non atea eta leihotik koadro ezberdinak, aldi berean paisaia markoetan erakusten zutenak, begirada batez ikusi ahal izan zituen. Horrek, udaberriak oraindik dena gehiago berpiztuko zuelako itxaropenak, poztu egin zuen.

        — Gauza bat esan behar dizut —gehitu zion—, txosnari meharregia deritzodala.

        — Gu biontzat badauka nahikoa leku —ihardetsi zion Charlottek.

        — Noski —esan zuen Eduardek— baina hirugarrenarentzat ez dago tokirik.

        — Zergatik ez? —ihardetsi zuen Charlottek—, baita laugarrenarentzat ere. Bilera handiagoetarako beste leku batzuk atonduko ditugu.

        — Biok hemen patxadaz gaudenez gero —esan zuen Eduardek— eta aldarte lasai eta alaian, aitortu behar dizut, arestian badudala bihotzean zerbait adierazi behar eta nahi dizudana eta nola ez dakidana.

        — Zerbait igarri dizut —ihardetsi zion Charlottek.

        — Eta zera ere aitortuko dizut —jarraitu zuen Eduardek— eta bihar goizean goiz postalariak presarik emango ez balit; eta gaur erabaki beharko ez bagenu, agian oraindik luzaroan egongo nintzakeen isilik.

        — Zer da ordea? —galdetu zuen Charlottek adiskidekor bereganatuz.

        — Gure adiskide kapitainarekin du zerikusia —erantzun zuen Eduardek—. Ezaguna duzu, beste asko bezala eta bere errurik gabe zein egoera tristean aurkitzen den. Bai mingarria izan behar duela berak bezalako eskola, talentua eta gaitasunak dituenarentzat zereginik gabe aurkitzea eta... Ez diot gehiago ezkutatu nahi opa diodana: denboraldi batean geure artean eduki nahiko nuke.

        — Hori hausnartu eta alde batetik baino gehiagotik aztertu behar da —ihardetsi zion Charlottek.

        — Prest nago neure iritziaren berri emateko —erantzun zuen Eduardek—. Bere azken gutunean ondoezik sakoneneko adierazpen isila da nagusi; ez ezeren premiarik duelako: bai baitaki bere burua mugatzen eta beharrekoaz hornitua baitut; nigandik zerbait hartzeak ere ez du nahigabetzen: zeren geure bizialdian zehar elkarrekiko hainbestetan izan gara zordun, non ezingo genukeen kalkulatu nola aurkitzen den gure zorra eta hartzekoa bata bestearekiko...; zereginik gabe egotea du bere atsekabea. Dakien guzti hori besteen probetxurako egunero eta orduro erabiltzea beste atseginik, ia beste grinarik ez du. Eta orain besoak antxumaturik egotea, edo oraindik ikasten jarraitzea eta trebetasun gehiago eskuratzea, hain ugari dauzkanak erabili ezin dituenean... hitz batean, emakumea, egoera tamalgarria da eta atsekabe hori bi eta hiru bider gehiago sentitzen du bere bakardadean.

        — Bada, nik uste nuen —esan zuen Charlottek— zenbait tokitatik eskaintzak izan zituela. Neronek idatzi nien zenbait gizonezko eta emakumezko adiskide eraginkorri bera zela-eta, eta dakidanez, nire jarduna ez zen alferra izan.

        — Egia da —ihardetsi zuen Eduardek—; baina aukera ezberdin horiek, eskaintza horiek atsekabe berriak, ondoez berriak sortzen dizkiote. Horietako bat ere ez zaio egokia gertatzen. Ez diote lan egitea eskatzen, bere buruari, bere denborari, bere pentsaerari, bere izaerari uko egitea baizik, eta hori ezina zaio. Zenbat eta gehiago aztertzen dudan, zenbat eta gehiago sentitzen, hainbat eta biziago bihurtzen zait bera gure artean ikusteko gogoa.

        — Oso ongi dago eta ederra da zure aldetik —ihardetsi zuen Charlottek— zeure adiskidearen egoeraz hainbeste arduratzea; baina utzidazu zeure buruaz, gutaz ere ardura zaitezela eskatzen.

        — Egina dut hori —erantzun zion Eduardek—. Bere hurbiltasunetik onura eta atsegina bakarrik espero ditzakegu. Gastuaz ez dizut hitz egingo, huskeria bat izango baita niretzat, gurera baldin badator; batez ere kontutan hartzen bada, bere presentziak ez digula atsekaberik txikiena ere sortuko. Gazteluaren eskuin-hegalean bizi daiteke, eta gainerako guztia konponduko dugu. Bai mesedea handia egiten diogula horrenbestez, eta zenbat gozamen eta onura jasoko ditugun berarekiko tratutik! Aspaldidanik neukan gure etxaldearen eta herrialdearen neurketa burutzeko gogoa; berak izango du horren ardura eta gidaritza. Zuk zeure eskuz etxaldea eraentzeko asmoa duzu, oraingo maizterren epe-urteak iraungitakoan. Baina bai lantsua dela egiteko hori! Zenbat aurrezaguera ez ote dizkigu eskuratuko berak! Sobera sentitzen dut gisa horretako gizon baten premia. Baserritarrek zehatz jakiten dituzte gauzak, baina nahasi eta jatortasun gutxirekin azaltzen dituzte. Unibertsitate eta akademietan ikasiak txit argiak eta ordenatuak izaten dira, baina gauzen zuzeneko ezaguera falta izaten dute. Adiskidearengandik bi gauzak espero ditzaket, eta gero beste alehunka harreman sortzen dira, gainera, guztiak atseginez irudikatzen ditudanak, zurekin ere zerikusia dutenak eta zeinetarik on ugari aurreikusten dudan. Orain eskerrak ematen dizkizut, atseginez entzun nauzulako; baina askatasun osoz eta ezer utzi gabe hitz egizu, eta esadazu esateko duzun guztia; ez zaitut etengo.

        — Ederki —ihardetsi zuen Charlottek—. Ohar orokor bat egitetik hasiko naiz. Gizonezkook gehiago pentsatzen duzue banakakoan, presentekoan, eta arrazoiz, zeren jardutera, ari izatera deituak baitzarete; emakumezkook, aldiz, gehiago bizitzan lotura duenean, eta hori arrazoi beraz, zeren zoria, beren familiaren zoria, elkarrekiko lotura horri erantsia baitago, eta hain zuzen ere, zeuok eskatzen diguzue elkarrekiko lotura hori. Emaiogun, beraz, begirada bat oraingo eta iraganeko gure bizitzari, eta aitortu beharko didazu, kapitaina gonbidatze hori ez datorrela hain ongi gure asmo, plan eta antolamenduekin.

        Bai atseginez gogoratzen ditudala gure lehen harremanak! Gaztetan bihotz-bihotzez maite genuen elkar; banatu egin gintuzten: zu nigandik, zure aitak, ondasunen gutizia aseezinez, emakume aberats baina zahar samarrago batekin esposatu zintuelako; ni zugandik, asmo berezirik gabe, maite ez nuen moduko gizon bati eskua eman behar izan niolako. Berriz libre aurkitu ginen; zu, lehenik, amatxok kapital handi baten jabe utzi zintuenean; ni geroago, hain zuzen bidaia batetik itzuli zinenean. Hala topo egin genuen elkarrekin berriro. Alaitu egiten ginen oroitzapenaz, maite genuen oroitzapena eta inoren trabarik gabe elkarrekin bizi gintezkeen. Ezkontzera lehiatu zinen; nik ez nuen berehalakoan baietza eman, zeren nahiz eta adin berekoak garen, ni, emakume izaki, zaharrago gertatzen bainaiz; zu ez, gizonezko zaren aldetik. Azkenean ez nizun ukatu zeure zorion bakartzat bide zeneukana. Atsedena hartu nahi zenuen gortean, armadan, bidaietan bizi izandako ondoez guztietatik nire ondoan, zeure baitan bildu, bizitzaz gozatu; baina nirekin bakarrik. Neure alaba bakarra barnetegi batean sartu nuen, non segur aski landan egonda baino askoz hezkuntza osoagoa hartuko duen; eta ez bera bakarrik, Ottilia, neure iloba maitea ere bertan sartu nuen, agian nire gidaritzapean etxeko eginbeharretarako hobeki heziko zatekeena. Guzti hori zure baimenarekin gertatu zen, geuretzat bakarrik bizi gintezen behiala hainbeste irrikatu eta azkenik berandu lortu genuen zoriona inoren trabarik gabe goza genezan. Horrela etorri ginen landan bizitzera. Nik neure esku hartu nuen etxearen barrukoa, zuk kanpokoa eta osokoari dagokiona. Nire antolaketa egina dago, denean zure nahia egiteko, zuretzat bakar-bakarrik bizitzeko; denboraldi batean gutxienez saia gaitezen zenbateraino aski garen elkarrekin honetara bizitzeko ikusten.

        — Nola elkarrekiko lotura, zeuk diozunez, zuen elementua den —erantzun zuen Eduardek—, ez dago inondik ere erabat hitz egiten entzun ondoren arrazoia eman gabe uzterik, eta zuk eduki behar duzu gaurko egunera arte ere. Orain arte gure bizitzari ezarri diogun oinarria mota onekoa da, baina ez ote dugu eraikitzen jarraitu behar, ez ote dugu garatzen jarraitu behar? Nik baratzean egiten dudana eta zuk parkean, ermitauentzat bakarrik egin behar ote dugu?

        — Ederki! —ihardetsi zuen Charlottek—, ederki! Ezik ez dugula hona eragotziko gaituen ezer arrotzik ekarri behar. Pentsa gure planak, olgetari dagozkionak berak ere, neurri batean bakarrik dagozkiola elkarrekiko bizitzari. Zuk aurrena zeure bidai egunkariak ordenan jarri nahi zenituen nire laguntzarekin, aukera hori dela-eta beraiei dagozkien hainbat paper txukunduz, eta nire lankidetzarekin, nire laguntzarekin koaderno eta orri baliotsu baina nahas-mahastu horiez guretzat eta besteentzat osotasun atsegin bat eratu. Nik agindu nizun kopiatzen lagunduko nizula eta horrela pentsatu genuen elkarrekin ikusterik izan ez genuen mundua hain eroso, hain gogara eta patxadaz oroitzapenean korritzea. Hasiera emana ere badago. Baina arratsetan berriro txirula hartu duzu, pianoan laguntzen nauzu; eta auzoen bisitak eta geuk auzoei egiten dizkiegunak ere ez dira falta. Nik neuk, behintzat guzti honekin prestatua neukan neure bizitzan gozatzea pentsatzen nuen egiazko lehen udaldi zoriontsua.

        — Bada, hala eta guzti ere —ihardetsi zuen Eduardek bekokia igurtziz— hain maitekor eta zentzu onez errepikatzen didazuna gorabehera, ezin dut burutik kendu kapitainaren presentziak ezeri trabarik egingo ez liokeen ideia, aitzitik bizkortu eta biziberritu egingo luke. Berak ere nirekin batera egin zuen nire ibileren parte bat; berak ere ohar asko jaso zituen, nahiz eta beste zentzu batean egin: guzti horretaz baliatuko ginateke eta osotasun polita sortuko litzateke.

        — Bada utzidazu zinez aitortzen —erantzun zion Charlottek egonezin apur batekin— nire sentimendua egitasmo horren kontrakoa dela, nire aieruak ez didala ezer onik iragartzen.

        — Era horretara menperaezinak izango zinatekete emakumeok —ihardetsi zuen Eduardek— aurrena, arrazoizkoak, ezin kontra egiteko moduan, maitekorrak, atseginez amore emateko eran, sentiberak, ezin mindu ahal izateko bezala, aierutsuak, ikaratzeko tamainan.

        — Ni ez naiz sineskeriazalea —ihardetsi zion Charlottek— eta ez nieke jaramonik egingo iradokizun ilun horiei, besterik ez balira; baina gehienetan geure egintzek edo inorenek ekarri dizkiguten ondorio zoriontsu edo zorigabeen oroitzapen inkontzienteak izaten dira. Ez da ezer garrantzitsuagorik izaten honelako egoeratan hirugarren baten bitartekotza baino. Ikusita dauzkat adiskideak, anai-arrebak, maitaleak, ezkontideak, beste pertsona baten partaidetza halabeharreko edo hautatuarengatik harremanak erabat aldatu izan zaizkienak, egoera guztiz alderantzikatu zaienak.

        — Baliteke hori gertatzea —ihardetsi zuen Eduardek— ilunpetan bizi direnei, baina ez esperientziak argiturik kontzienteagoak direnen artean.

        — Kontzientzia, laztan hori, —erantzun zuen Charlottek— arma askieza da, eta askotan arriskutsua darabilenarentzat; eta gutxienez, guzti honetatik ateratzen da ez dugula behar baino presa handiagoarekin ari izan behar. Emazkidazu oraindik egun batzuk; ez har erabakirik!

        — Gauzak dauden bezala —erantzun zuen Eduardek—, zenbait egun igarota ere behar baino presa handiagoarekin ari izango gara. Aldeko eta kontrako arrazoiak txandaka aurkeztu ditugu; orain erabakia hartzea dagokigu, eta zinez hoberena zotzetara egitea izango litzateke.

        — Badakit —ihardetsi zuen Charlottek— zalantzazko kasuetan apustu egitea edo zotzetara egitea erabakitzen duzula; baina hain gauza garrantzizkoan arinkeriatzat joko nuke.

        — Baina zer idatzi behar diot kapitainari? —jaregin zuen Eduardek—. Berehala hartu behar baitut erabakia.

        — Gutun patxadatsu, arrazoizko eta pozgarri bat —esan zion Charlottek.

        — Hori ezer ez esatea adina da —ihardetsi zuen Eduardek.

        — Eta hala ere askotan —ihardetsi zuen Charlottek— beharrezko eta adiskidekorrago izaten da ezer ez idaztea, idatzi gabe uztea baino.

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia