JOHANN WOLFGANG VON GOETHE
Idazle alemaniar ospetsuen hau Frankfurt am Mainen jaio zen 1749 abuztuaren 28an eta Weimarren hil zen 1832ko martxoaren 22an. Bere bizitza luzean zehar poesia, nobela, teatroa, saiakera landu zituen eta alemaniar erromantizismoaren figura nagusi izatera iritsi zen. Weimarreko edizioa deritzonean bere obrak 133 bolumen eratzen dituzte.
Goethek zuzenbidea ikasi zuen Leipzig eta Strassburgen. Bere prestakuntza-urteak Sturm und Drang mugimenduaren garaietan gertatu ziren eta Götz von Berlichingen drama eta Die Leiden des Jungen Werthers nobelarekin parte hartu zuen bertan.
1775az geroztik Weimarren bizi izan zen eta bertan maitemindu zen Charlotte von Steinez, zeinak inspiratu baitzizkion poema liriko politenak eta 1.500 gutun baino gehiago jaso zituen idazle sonatuarengandik. Goethek emakume gehiagorengandik inspirazioa jaso bazuen ere, emakume honen eragina funtsezkoa izan zen bere kiasizismoaren garapenean. Italian egindako egonaldian eta kultura klasikoarekiko harreman zuzenaren ondorioz Iphigenie auf Tauris, Torquato Tasso eta Römische Elegien obrak idatzi zituen.
Goetheren teoria estetikoak Schiller poetarekiko harremanari esker findu eta garatu ziren. Nahiz eta erabat begiko ez zitzaion erromantizismoa, sutsuki txalotu zuen mugimendu honek literatura arrotzekiko ageri zuen irekitasun eta harmena, batez ere Ekialdeko kulturetara hurbiltzeko zuen joera West-östlicher Divan erakusten duenez. Bizitza osoan zehar izan zuen Goethek gai zientifiko eta gogoeta filosofikoetarako joera, eta koloreen teoria bat lantzeaz gainera, testu ugari idatzi zituen botanika eta biologiaz ere. Sormenak azken urteetaraino iraun zion eta bere bi azken obrak Wilhelm Meisters Wanderjahre (1821-29) eta Faust bere drama nagusiaren azken partea (1832) izan ziren.
Hautapen-kidetasunak obran Goethek maitasunaren gaia ukitzen du beste behin eta egoera tragikoan jartzen du legearen aurrez aurre, hau da, etikarekiko borrokan, lehenago idatziriko Werther obran bezala. Grinazko gatazka laborategiko esperientzia bat bezala formulatzen da. Baldin eta gorputz kimikoek era zehatz eta matematikoan bata bestea erakartzen eta aldaratzen badute, gauza bera gertatuko ote da gizakiaren goi-bizitzan? Hitz batean, Naturaren legea aterako ote da garaile gizakiak landua den eta lege gorena duen horren gainetik? Esperimentu honek hil edo biziko garrantzia luke, zeren gatazka lege naturalaren alde ebazten bada lege moralaren gotortasuna desegin egingo bailitzateke eta Gizateria grinaren lege ilunaren menpean geratuko litzateke, gizakia hautapen-kidetasun beti aldakorren esku eta oreka ezegonkorrean geratuko litzateke; izan ere, erlazio kimikoen munduan ez baitago ezer betiereko eta iraunkorra denik.
Nolako irteera emango dio Goethek gatazkari? Grinaren alde jarriko ote da? Ez, azkenean Goethek lege moralaren nagusitasuna onartzen du. Hautapen-kidetasunen lege naturala gainditu egiten da mundu eta bizitza honetan, Eduardo eta Ottilia elkarrengana bultzatzen dituen lege horrek eskakizun etikoen hesiarekin topo egiten du eta elkarrengana imandurik dauden bi pertsonaia horiek ohituren gisakotasunak eskatzen duen distantziara egongo dira.
Nobela hau Zeitroman bat da, hau da, bere garaiko gustu eta kezken arabera idatzia, baina ekonomia handikoa: ez dago gehiago esaterik hain espazio laburrean. Tituluari dagokionez, esan behar da, 1775ean Torbern Bergmann kimikari suediarrak De attractionibus electivis liburuska idatzi zuela eta berori alemanera itzuitzean erabili zela lehen aldiz Wahlverwandtschaften izendapena, guk hautapen-ahaidetasun euskaratu duguna. Ezkondu-ezkongabeen arteko harremanen mundua krisialdi gogorra jasaten ari den une honetan, Goetheren obra atsegin hau irakurtzea argigarri eta gogoetagarri izango dela uste dugu, gaur eta hemen, zeinahi direla ere bakoitzak bere bizitzarako aterako dituen ondorioak.
© Xabier Mendiguren Bereziartu