II
Passy-tik gertu, S... kalera aldatu ginen. Marcelineren neba batek erakutsitako pisua, Parisen azken izan ginenekoan bisitatu genuena, aitak utzitakoa baino askoz ere handiagoa zen eta Marceline kezkaturik zebilen, alokairu garestiagoagatik ez ezik, aldatzeak berekin zekartzan gastu guztiengatik. Bere kezka orori nik aurre egiten nion, behin-behinekoak ikaratzen ninduenarena eginez; ni neu ikara hura sinesten ahalegintzen nintzelarik, apropos gehituz. Zalantzarik gabe, aldatze gastuak urte hartako diru-sarrerak baino altuagoak ziren, baina gure ondasunak, dagoeneko ugariak, ugariagotzen ari ziren; horretarako geneuzkan nire ikastaroak, nire liburuaren argitalpena eta, bai tuntuna ni!, nire etxaldeen etekin berriak. Ezein gasturen aurrean ez nintzen kokildu; horrela lotuago aurkitzen nintzela pentsatzen nuen eta, aldi berean, nire baitan senti nezakeen han-hemenka ibiltzeko irrikarik ñimiñoena zapuzten nuen.
Lehen egunak goizetik gauera dendatan eman genituen; Marcelineren nebak, guztiz adeitsuki, lagundu bazigun ere, Marceline laster hasi zen oso nekaturik sentitzen. Premiazko zuen atsedenaren ordez, pisu berrian bisitak bata bestearen ondoren onartu behar; ordura arte urruti bizi izanagatik orain jende kopuruak gehitzen ziren eta Marceline bakardadera ohituak ez zekien nola bisitak laburtu, atea ixtera ausartzen ez zelarik; gauean leher eginda aurkitzen nuen; eta nekeari kasu gehiegirik egin gabe, haren kausa naturala ondotxo ezagutzen nuelako, zertxobait hura arintzen saiatu nintzen, emaztearen ordez jendea batzuetan neuk hartuz, batere dibertitzen ez ninduena, edota bisitak itzuliz, are eta gutiago dibertitzen ninduena.
Ez naiz ni sekulan izan solaskide trebea; saloietako arinkeria eta agudezia ez nituen atsegin; zenbaitzuetan noizbait izana nintzen... baina aspaldiko kontuak ziren. Zer gertatu zen gero? Ilun, ezeroso, triste, gogaitua eta nekagarri sentitzen nintzen besteekin... Zoritxarrez zuek, niretzat egiazko lagunak zinetenok, ez zeundeten Parisen eta luzaroan ez zineten itzuliko. Hobeto mintzo nintekeen zuekin? Ulertuko al ninduzuen zuek nik neuk neure burua baino hobeto? Baina nire baitan garatzen ari zenaz eta gaur kontatzen dizuedan guzti honetaz ba al nenkien nik ezer? Etorkizuna ziurra agertzen zitzaidan eta inoiz ez nintzen izan, nire ustetan, neure buruaren hain jabe. Eta nintzena baino zuhurrago izan banintz ere, neure buruaren aurkako zein laguntza aurki nezakeen Hubert, Didier, Maurice edota zuek nik bezain ongi ezagutzen eta epaitzen dituzuen beste hainbatengan? Tamalez, berehala ohartu nintzen ezingo nindutela entzun. Lehenengo solasaldietatik gezurrezko pertsonaiarena egitera behartuta aurkitu nintzen, betidanik omen nintzenarena hain zuzen, haien ustez plantak egiten ibiliko ez banintzen; eta erosotasunaren mesedetan, erasten zizkidaten pentsaera eta gustuen jabe izatearen itxurak egin nituen. Ezin zara aldi berean zintzo izan eta zintzo agertu.
Gusturago berrikusi nituen nire lankideak, arkeologoak eta filologoak, baina haiekin solasean aurkitu nuen atsegina eta hunkipena, historia hiztegi onak gainetik irakurtzea bezalatsu izan zen. Bizitzaren ulerkuntza zuzenagoa aurkitzea espero nuen hasieran zenbait nobelista eta poetengan; baina ulerkuntza hori inoiz izan bazuten, ezer guti erakutsi zidatela aitortu behar dut; gehienak bizi ere, ez zirela bizi zirudien, bizi itxurak egitea aski zutela, eta ia-ia esango nuke, bizitzea idazteko traba gogaikarritzat hartzen zutela. Nik ezin nituen gaitzetsi; errua nirea ez zitekeenik ere ez diot... Bestalde, zer zen niretzat bizitzea? Horixe zen, hain zuzen ere, haiengandik ikasi nahi nuena. Batzuk eta besteak trebeki mintzatzen ziren bizitzaren gertakizun zenbaitez, inoiz ere ez ordea, hauen zergatiaz.
Ni argitzea zegokion zenbait filosofori buruz, aspalditik nenkien nik zenbat espero zitekeen haiengandik; matematikoak eta neokritizistak errealitate asaldatzailetik ahalik eta urrutien zebiltzan eta algebrista, berak neurtzen dituen kopuruen existentziaz arduratzen den bezainbeste, arduratzen ziren haiek errealitate hartaz.
Marcelinerengana itzultzean, ez nion ezkutatzen harreman horien aspergarritasuna.
— Denak dira antzekoak —esaten nion—... bikoitzak bailira. Bati hitz egin eta hainbatekin solasean arituko banintz bezala da.
— Aizu, baina, —erantzuten zidan Marcelinek— ezin diozu inori eskatu beste guztiengandik bereiz dadin.
— Euren artean antzekoago eta nigandik bereiziago.
Eta goibeltsuago ni jarraian:
— Inork ez du gaixorik egoten jakin. Bizirik diraute, bizi itxuran baina bizi direla jakin gabe, antza. Ni nerau ere, haien alboan nagoelarik, ez naiz bizi. Gaurkoan adibidez, zer egin dut nik gaur? Bederatziak izango ziren etxetik irten naizenean: abiatu aurretik irakurtzeko astitxo bat izan dut; eguneko une atsegin bakarra. Zure neba zain neukan notarioarenean; ez nau gero aske utzi; berarekin joan behar izan dut tapizariarenera; zurginarenean gogaitarazi nau eta Gastonen etxera arte elkarrekin ibili gara; Philipperekin auzoan bazkaldu ondoren, Louisekin kafetegian bildu naiz; elkarrekin Theodororen ikastaldi absurdora joan gara, eta irteeran agurtu dut bera; iganderako beronen gonbidapena errefusatzeko, Arthur-enera lagundu behar izan diot; Arthur-ekin akuarela erakusketa batetan eta Albertine eta Julierenean eskutitz batzuk uzten izan gara... Etxera leher eginda itzuli eta zu zeu ere ni bezain nekatuta aurkitu zaitut, Adeline, Marthe, Jeanne, Sophie... ikusi dituzularik, eta gauean, orain, eguneko zereginak errepasatzean hain baliorik gabea, hain hutsa aurkitzen dut gaurkoa, non berriro airean atrapatu nahi izango bainukeen, eguna berregin orduz ordu... eta negar egiterainoko tristura sentitzen dut.
Nik neuk ere ez nukeen jakingo, nola adierazi bizitzeaz zer ulertzen nuen, ez eta nire ondoezaren sekretu guztiz arrunta zera ote zen, alegia, bizitza zabalago eta aireztatuagoari hartu nion gustua, inori begira egon gabe, bortxarik gabeko bizia; askoz ere misteriotsuagoa iruditzen zitzaidan sekretu hau: berpiztuaren sekretua, nire ustetan; zeren eta arrotz sentitzen nintzen besteen artean, hilen mundutik itzulia bainintzen. Hasieran antsia arras mingarria sentitu nuen baina berehala sentipen guztiz berria erneko zen. Hain goraipatuak izandako nire lanak argitaratu zirenean, zinez diotsuet, ez nuen harrotasun izpirik ere sentitu. Harrotasuna ote oraingo hau? Agian bai, baina hala izanik ere, han ez zen harropuzkeria arrastorik nahasten. Lehenengo aldiz nire balio propioaren barne-ezaguera sumatzen nuen: besteengandik aldentzen ninduenak, bereizten ninduenak, horrek zuen niretzat axola; inork esaten ez zuena, inork esan ez zezakeena, horixe zen nik esan beharrekoa.
Handik gutira hasi ziren ikastaroak; gaiak eramanda, lehen ikastaldia nire grina berriz sututa eman nuen. Zibilizazio latindarraren gainbeherari buruz, kultura artistikoa herri azalean izerditutako jario gisan deskribatzen nuen, lehenik plethora, gainezkako osasuna adierazten duena eta ondoren izoztu, gogortu, izpiritua eta izadiaren arteko edozein harreman perfekturi aurre egiten diona, etengabeko bizi itxuraren pean bizitzearen murriztea ezkutatuz, oskola zertuz, non izpiritua ezeroso ahitu, berehala ihartu eta laster hilko den. Hitz gutitan eta nire pentsaera azken muturrera eramanez, Kultura bizitik sortua, bizia erailtzen azaltzen nuen.
Historialariek orokortze arinegietarantz jotzen nuela kritikatu zidaten. Beste batzuek metodoa zentsuratu zuten; eta mezua gutien ulertu zutenek zorionak eman zizkidaten.
Ikastalditik irteeran ikusi nuen Menalque lehen aldiz aspaldiko partez. Inoiz ez nuen berarekin aparteko traturik izan; gu ezkondu aurretik, alde egina zen urrutira, gugandik noizbehinka urtebete baino luzaroago aldentzen zuen ikerketa horietako batera. Sasoi hartan ez nuen oso atsegin; harro zirudien eta ez zen nire bizitzaz interesatzen. Horregatik, Menalque nire lehen ikastaldian ikusteak biziki harritu ninduen. Beragandik lehen apartatzen ninduen haren ausarkeria bera orain atsegin zitzaidan eta eskaini zidan irribarrea xarmangarria iruditu zitzaidan, non eta berarengan ezohizkoa baitzen. Duela guti, eskandaluagatiko auzi absurdu, lotsagarria hura laidotzeko bide erraza izan zen kazetarientzat; haren destainak eta nagusitasunak zigortzen zituen haiek mendekutzat aitzeki hartu zuten; eta bera itxuraz ez hunkitzeak sumintzen zituen gehien kazetariak.
— Besteak arrazoi izan dezaten utzi behar da —zioen, irainei erantzun—; honela kontsolatzen baitira, besterik ez dutenak.
Baina «gizarte zintzoa» haserretu egin zen eta «beren buruen errespetua» omen duten horiek hari bizkar emateko obligazioan sentitu ziren, euren mespretxua horrela erakutsiz. Arrazoi bat gehiago nire alde: eragin ezkutu batek beragana erakarrita, hurbildu nintzaion eta denen aurrean besarkatu nuen estuki.
Norekin ari nintzen ikusita, azken zirikatzaileek alde egin zuten; Menalque eta biok geratu ginen bakarrik.
Kritika mingarrien ondoren, konplimendu tentelen ondoren hark nire ikastaldiaz esandako hitzek atsedena ekarri zidaten.
— Behinola gurtu zenuena erretzen duzu orain —esan zidan—. Ongi dago hori. Berandu, baina hartu duzu erabakia; horrela, halere, sua biziagoa da. Ez dakit oraindik ongi ulertzen zaitudan; kezkatan naukazu. Ez naiz ni solas-zale baina zurekin hitz egin nahi nuke. Zatoz gaur nirekin afaltzera.
— Menalque adiskide —erantzun nion—, ezkondua naizela ahazturik al zaude?
— Egia, izan ere! Baina nigana hain bihotz-zabal hurbiltzen ikusi zaitudanean, libreago zinela pentsatu dut.
Zauritu nuelakoan, ahul itxura eman nuelakoan, afalostean elkartuko ginela esan nion.
Parisen Menalquek, beti bidenabar, hotel batetan hartzen zuen ostatu; oraingoan zenbait gela alokatu zituen, apartamentu gisan; bere zerbitzariak zituen, aparte jaten zuen, aparte bizi zen; hormatan eta altzairu itsusien gainean Nepaletik ekarritako oihal garesti batzuk ipini zituen, museoren batetara eskaini aurretik zaharkitu nahi omen zituenak. Hain arrapaladan prestatu nintzen elkarrizketa honetarako, mahaitik jaiki gabe aurkitu nuela; eta afaria eten niolako nire eskusak azaltzerakoan:
— Ez dut inondik ere eteteko asmorik —esan zidan— eta zuk amaitzen utziko didazula, zalantzarik ez dut egiten. Afaltzera etorri bazina, «shiraz» aterako nizuke, Hafiz-ek abestutako ardoa, baina dagoeneko berandu da; baraurik egon behar da ardo hori edateko; dena den, edariren bat hartuko duzu.
Berak nirekin hartuko zuelakoan onartu nuen; harriturik utzi ninduen gero edalontzi batez soilik agertzean:
— Barkatu —esan zidan— baina oso gutitan edaten dut.
— Mozkortzeko beldurra ala?
— Alderantziz! —erantzun zidan— Alkoholik eza mozkorrerarik ahaltsuena izan daiteke; ez duzu argitasunik galtzen.
— Horregatik, besteak jartzen dituzu zuk edaten... —Irribarre egin zidan.
— Ezin diot nire bertutea eskatu inori —esan zidan—. Besteengan nire bizioak aurkitzea aski da...
— Erreko duzu sikeran?
— Are gutiago. Mozkor inpertsonala, ezkorra eta errazegia eragiten du; mozkortzerakoan biziaren suspertzea nahi dut, ez murriztea. Baina utzi dezagun gai hau. Nondik natorren badakizu? Biskratik. Zu handik ibilia zinela jakitean, zure urratsen atzetik joan nintzen. Zertara joan ote zen Biskrara jakitun itsu hori, irakurle porrokatu hori? Nigan fidatuarekin soilik izan ohi naiz zuhur; nire kaxa ikasten mugarik gabeko jakin-minez aritzen naizela aitortzen dut. Beraz, ahal izan dudan leku guztietan galdetu, miatu, arakatu dut. Nire zentzugabekeriak zu berriro ikusteko irrika sortarazi dit; zeren eta noizbait zugan ikusten nuen jakitun arruntaren ordez, orain ikusi behar baitut... zeuk esango didazu zer.
Gorritzen nintzela sentitu nuen.
— Zer jakin duzu bada nitaz, Menalque?
— Jakin nahi duzu? Beldurrik gabe gero! Ondotxo ezagutzen dituzu zure lagunak eta nireak, zutaz ni inorekin ezin naitekeela mintzo jakiteko. Begira bestela zure ikastaldiaz zer ulertu duten!
— Baina —esan nion urduri— ezerk ere ez dit oraindik agertzen zergatik zurekin besteekin baino argiago mintza naitekeen. Tira! Zer jakin duzu nitaz?
— Lehenik, gaixorik izan zinela.
— Eta zer du horrek...?
— Garrantzitsua da oso! Baita ere esan didate, atsegin zenuela bakarrik ibiltzea, libururik gabe (eta hor hasi zen nire harridura) edota, bakarrik ez zindoazenean mutikoekin gusturago zinela emaztearekin baino... Gorritzen bazara, ez dizut jarraia kontatuko.
— Segi niri begiratu gabe.
— Mutikoetarik batek, izenez Moktir oker ez banago, guti bezain eder, inor baino lapur eta engainazaleagoa bera, esateko ugari zuela iruditu zitzaidan; haren konfiantza diruz irabazi nuen, erraza ez dena, dakizunez; gezurrik esango ez zuela baieztatzean ere gezurretan ari baitzen... Berak zutaz kontatua, esadazu egia den ala ez.
Hau esaten ari zela, Menalque jaiki eta kutxatila bat atera zuen armairuko kaxoitik.
— Zureak al ziren artazi hauek? —esan zidan, tresna herdoildu, itsusi, kamuts, zatitua luzatuz; berehala antzeman nien Moktir-ek ebatsitako artazi xumeei.
— Bai; hauexek dira, emaztearenak ziren.
— Berak dioenez, zuk burua biratzean harrapatu omen zituen, gelan biok bakarrik zeundetela; baina ez da hori interesgarriena; berak dio baita ere, jantzipean ezkutatzen ari zela ispiluan zure begiradarekin egin zuela topo... lapurreta ikusi zenuela, beraz, tutik ere esan gabe! Moktir guztiz harriturik zegoen zure isiltzeaz... eta ni neu ere.
— Eta ni jo eta ma uzten nauzu. Ustekabean ikusi nuela bazekien, beraz!
— Horrek ez du garrantzirik; zu sotilkiago ari zinelakoan mutikoarekin jolasean; eta joko horretan haurrek beti irabaziko digute. Menpean zenuela zuk uste eta berak zintuen zeu menpe... Baina hori ez da inportantea. Azaldu eidazu zure isiltasuna.
— Horixe nahi nuke nik ere, hain zuzen, norbaitek niri azaltzea.
Hitzik esan gabe geratu ginen une batez. Menalque gelaren luze-zabaleran zebilen; oharkabean zigarro bat piztu eta berehala bota zuen.
— «Zentzu» deritzoten zerbait dago hor —jarraitu zuen—; zuri, Michel maitea, dirudienez falta zaizun «zentzua», hain zuzen.
— «Zentzu morala» agian —esan nuen, irribarrez agertu nahian.
— Ez! Jabego zentzua soilki!
— Zerorrek ere ez duzu, antza, sobera horretatik.
— Hain guti, ikus dezakezunez hemen ez dela ezer nirea; ez eta, edota bereziki ez, etzaten naizen ohea bera ere. Atsedenaren izu naiz; edukiak atsedenera zaramatza eta segurtasunak loarazten zaitu; aski maite dut bizia, itzarri bizitzen saiatzeko, eta neure aberastasunean ere zalantzazko egoeran mantentzen naiz eta horri eskerrak bizia xaxatzen eta suspertzen dut. Arriskua maite dudala ezin esan, baina bizitza asaldatua dut atsegin eta bizitzak nigandik une oro kemen osoa, zorion betea, erabateko osasuna eska dezan nahi dut...
— Zer aurpegiratzen didazu orduan? —eten nion.
— Ai, zeinen oker ulertu didazun, Michel maitea! Nire fedea aitortzen aritzeko inozokeria behin egingo eta!... Gizonen onespenak zein gaitzespenak axolarik batere ez badit, ez naiz ba neu hasiko besteak onesten edo gaitzesten; hitzok zentzurik gabeak dira niretzat. Gehiegi mintzatu naiz orain arte nitaz; ulertua nintzelakoan luzatu naiz... Zera esan nahi nizun soil-soilik: jabego zentzurik ez daukan norbaitentzat, gehiegi edukiaren itxura ematen duzu; eta hau larria da.
— Horrenbeste al daukat ba nik?
— Gaizki hartuko badidazu, deus ez... Baina, ez al zaude ikastaroa hasiberritan? Ez al dauzkazu lurrak Normandian? Passy-ra luxuzko etxe batera aldatu berria ez al zara? Ezkondua zara. Seme esperoan ez al zaude?
— Eta zer! —esan nion artega— Horrek beste gabe esan nahi du, zurea baino bizitza «arriskutsuagoa» (zeure hitzetan) mamitzen jakin dudala.
— Bai, beste gabe —errepikatu zuen Menalquek ironiatsu; gero bat-batean itzuli eta eskua luzatu zidan:
— Agur bada; gaurkoz nahiko da; ez genuke ezer hoberik esango. Baina, laster arte.
Ez nuen berriro aldi baten ikusi.
Kezka eta eginkizun berrien ardura hartu nuen; jakintsu italiar batek, berak argitara emandako dokumentu berriak azaldu zizkidan eta luze jardun nintzen haiek nire ikastarorako ikertzen. Lehen ikasgaia oker ulertua izanak, hurrengoak nolabait nabarmenago argitzera behartzen ninduen; lehenik hipotesi ingeniotsu gisa aurkeztera ausartu nintzena, orain doktrina modura adierazi behar nuen. Zenbat baieztatzailek zor ote dion bere eraginkortasuna hitzerdika ulertuak ez izanaren zoriari! Nire kasuan, aitortzen dut, ezin dut bereizi, zenbatekoa izan ote zen berezko baieztapen premiari nahasitako nire burugogorkeria. Esateko nuen berria, azaltzen eta batik bat ulergarri egiten, zenbat eta gehiago kosta, orduan eta premiazkoagoa iruditu zitzaidan.
Baina esaldiak, tamalez, zurbil germen ziren egintzen alboan. Bizitza, Menaiqueren zirkinik xumeena, ez al zen nire ikastaroa baino mila aldiz esanguratsuagoa? Ai, zeinen ongi ulertu nuen harrezkero, antzinako filosofo ospetsuen irakatsiak, ia denak moralak, etsenpluan oinarritzen zirela hitzetan bezainbat edota areago!
Azkenengo elkartu ginenetik hiruren bat astera neure etxean ikusi nuen berriro Menalque. Batzar jendetsuegi baten azkenaldira izan zen. Eguneroko bizi-aldaketa baino egokiago generitzon Marcelinek eta biok, astean behin ostegun gauetan etxeko ateak zabaltzeari; horrela, beste egunetan errazago gertatzen zitzaigun ixtea. Euren buruak gure adiskidetzat zutenak ostegunero etortzen ziren; gure areto luze-zabaletan jendea ugari eta eroso sartzen zen eta gauean ordurik gabe luzatu ohi ziren bilkurak. Marcelineren adeitasun eztitsuak eta euren artean solas egiteko plazerak erakarrita zetozen, nire ustez, zeren niri dagokidanez, bigarren aldiz bildu ginenetik aurrerantzean ez bainuen ez entzutekorik, ez esatekorik aurkitzen eta nire gogaita nekez disimulatzen nuen. Erretzaileen gelatik aretora, gelaurretik bibliotekara han-hemenka ibiltzen nintzen, esaldiren batek noizbehinka gerarazten zidala, askorik erreparatu gabe, noraezera begira.
Antoine, Étienne eta Godefroy, nire emaztearen besaulki bigunetan zabal-zabal patxadan jesarrita, Chambre-rako azken hauteskundeak ari ziren eztabaidatzen. Hubertek eta Louisek inongo begiramenik gabe marruskatzen eta simurtzen zituzten nire aitaren bildumako pintura-lan bikainak. Mathias-ek erretzaileen gelan Leonardi hobeto entzuteko arrosa egurrezko mahai gainean zigarro piztua utzi zuen. Alfonbra gainean curaçao kopa isuri zen. Albertek, besaulkian nasai etzanda, bere zapata lohitsuez tapiz-lanak zikintzen zituen. Eta gauzen usadio ezegokiak astindutako hautsa arnasten genuen denok han... Gonbidatu guztiak jaurtikitzeko gogo biziak hartu ninduen. Altzairuek, tapiz-lanek, irudiek balio osoa galtzen zuten niretzat lehen akatsarekin; gauza akasduna gaitzak joa zen, nire ustez, heriok markatua. Hura guztia babestu, giltzapean gorde nahi nuen niretzat bakarrik. Bai zoriontsu Menalque ezer gabe! —pentsatzen nuen neure artean—. Eta ni, gauzak gorde nahian sufrituz. Zer axola zait niri funtsean guzti hau?...
Gela ilunago tipi batetan, zilar-bizi gabeko ispilu batez berezia, Marcelinek lagun minak soilik hartzen zituen; kuxinetan erdi etzanda bera, hain ikaragarri zurbil zegoen, hain nekatua ikusi nuen, bat-batean beldurtu ere egin nintzela, eta neure buruari promes egin nion hura izango zela gurean azken bilkura. Berandu zen oso. Orduari begiratzera nindoala, Moktir-en artazi tipiak sentitu nituen patrikan.
Berehala hautsi eta hondatzeko, zertarako ostu ote zizkidan? Norbaitek bizkarreko bat eman zidan une hartan; biratu nintzen eta Menalque zen.
Frak-ez jantzia bera zen han ia bakarra, orduantxe heldu berria. Emaztea aurkezteko erregutu zidan, ez bainuen neure kabuz egiteko asmorik. Gizon dotorea zen Menalque, ia-ia ederra; mustatx zabal eroriak, dagoeneko urdin, pirata aurpegia zatibanatzen zion; haren begiradaren izpi hotzak kemena eta erabakimena adierazten zuten zintzotasuna baino gehiago. Marcelineren aurrean istant bat aski izan nuen, nire emazteari atsegin ez zitzaiola ulertzeko. Konplimenduzko hitz banal batzuk elkarri esan zioten eta Menalque eta biok erretzaileen gelan sartu ginen.
Goiz hartan bertan jakin nuen, Kolonien Ministeritzak Menalqueren esku utzi berri zuen eginkizuna; albistea ematerakoan zenbait egunkarik bere ibilbide arriskutsua gogoratzen zuen, bezperako irain dorpeak ahaztuz antza, eta haren ohoretan laudoriorik bizienak luzatzen zituzten. Herriari eta gizadi osoari haren azken ikerketetako aurkikuntzek eskainitako zerbitzuak zein baino zein ozenago aldarrikatzen zituzten, bere ikerlanak giza aldezko helburu soilez burutu bailitu; abnegazioa, erantzukizuna, ausardia goraipatzen zizkioten, alabantza hauetan sari aurkitu beharko balu bezala.
Zorionak eman nizkion; lehen hitzetan eten zidan berak:
— Nola baina! Zu ere bai, Michel maitea! Zuk ez zenidan baina lehendik iraindu —esan zidan—. Utz itzazu tentelkeria horiek egunkarientzat. Harrituta dirudite orain, ohitura gaiztoko norbait nola izan daitekeen aldi berean gizon bertutetsua. Haiek nire baitan zehaztu nahi dituzten bereizketak eta sotiltasunak ez ditut nik egiten; orokorrean naizena naiz soilik. Naturala dut xede, eta egintza bakoitzetik hartzen dudan plazera, hura burutu beharrekoa nuen seinale da.
— Urrutira eraman zaitzake horrek —esan nion—.
— Eta hala onartzen dut —jarraitu zuen Menalquek—. Ai ingurukoak horretaz jabetuko balira! Gehiengoak ordea uste du, ezin eskura daitekeela ezer onik, norbera gaindituz izan ezik; faltsututa soilik dute euren burua atsegin, ez bestela. Norberaren antza ahalik eta gutien izan nahi dute. Eredua ezarri eta hari imitatzen saiatzen dira; eredua bera ere sarritan ez du nork berea hautatzen; kanpotik ezarritakoa onartzen du. Hala eta guztiz, gizakiarengan ba da irakurtzeko besterik. Inor ez da baina ausartzen. Inor ez da orrialdea pasatzen ausartzen. Imitaziozko arauak; beldurrezko arauak, deritzet horiei nik. Bakarrik aurkitzeko beldur gara; eta ez gara inola aurkitzen. Gorroto dut agorafobia moral hau; koldarkeriarik baxuena da. Sortze lana bakardadean burutzen da beti. Baina nor da hemen sortzaile? Zeure baitan ezberdin sentitzen duzuna, horixe da arraro egiten zaituena, nori bere balioa ezartzen diona... eta horixe, hain zuzen ere, da deuseztatu nahi izaten duguna. Imitatu egiten da. Eta bizitzea maite dugulakoan! Hitz egiten uzten nion Menalqueri; hark zioena, hilabete lehenago nik Marcelineri esandako gauza bera zen; beraz, baitetsi egin behar nuen. Zergatik, zein txepelkeriagatik eten ote nion baina, eta Marcelinek niri orduan esandakoa hitzez hitz errepikatu:
— Baina ezin eska dezakezu, Menalque laztana, norbera beste guztiengandik bereiz dadin.
Bat-batean isildu zen Menalque, era bitxi batez begiratu zidan, eta une hartan Eusèbe niri agur esatera zetorrenez, bizkarra eman zidan zakarki eta Hector-ekin edozertaz mintzatzera joan zen.
Esan eta berehala, nire hitzak tentelak iruditu zitzaizkidan; eta nik bere hitzak erasotzat hartu nituela Menalquek pentsa zezakeela usteak mintzen ninduen gehien. Berandu zen; gonbidatuak bazihoazen. Aretoa ia hutsik zegoenean, niregana itzuli zen Menalque:
— Ezin dut horrela alde egin. Oker ulertu ditut, zalantzarik gabe, zure hitzak. Edo behintzat, hala nahi nuke...
— Ez —erantzun nion—. Ez dituzu oker ulertu... zentzurik gabeak, nire hitzak izan dira; esan bezain pronto, haien lerdokeriak sufritzen jarri nau, batez ere zure begien aurrean zeuk arestian epaitutakoen parean kokatuko nindutela pentsatzeak; sinetsadazu, zuri bezain gorrotagarri zaizkidala pertsona horiek. Gorroto dut printzipiodun jendea.
— Munduan dagoen gauzarik higuingarriena dira —jarraitu zuen barrez—. Ezin duzu beraiengandik zintzotasun izpirik ere espero; ez baitizute sekulan egingo euren printzipioek agindua ez denik, eta hala ez izaki, gaizki egindakotzat hartuko baitute. Haietariko bat izan zintezkeen susmorik tipienera, hitza ezpainetan izozturik geratu naiz. Derrepentean hartu nauen nahigabeak erakutsi dit zeinen bizia den nire zureganako grina; oker egon nahi izan dut, ez nire hunkipenean, bai egindako iritzian.
— Iritzian erratu duzu.
— A! Banengoen ba! —esan zidan, eskutik indarrez helduaz— Entzun; berehala alde egin beharra daukat, baina berriro elkar ikusteko gogoz noa. Oraingo nire bidaia aurreko guztiak baino luzeagoa eta arriskutsuagoa izango da; noiz itzuliko naizen ez dakit. Hamabost egun barru abiatuko naiz; hain gertu dagoela nire irteera inork ere ez daki hemen; isilpean iragartzen dizut. Goizaldian irtengo naiz. Irten bezperako gaua amesgaiztoz josia iragan ohi dut beti. Printzipiodun gizona ez zarela frogatu nahi badidazu, nire alboan eduki zaitzaket azken gau horretan?
— Aizu baina, aurrez ere elkar ikusiko dugu... —esan nion, apur bat harrituta.
— Ez. Hamabost egun hauetan ez nau hemen inork ikusiko; Parisetik urrun noa. Bihar bertan Budapest-era; sei egun barru Erroman egon behar dut. Han-hemenka, Europatik alde egin aurretik lagunak besarkatu behar ditut. Madrilen daukat beste bat zain...
— Ados. Elkarrekin pasako dugu gau-beila hori.
— Eta Chiraz-eko ardoa edango dugu.
Handik egun gutxitara Marceline ondoezik sentitzen hasi zen. Sarritan nekaturik aurkitzen nuela esan dut; bera ez zen ordea kexu era haurdunaldiari egozten niolarik nik nekea, naturaltzat hartzen nuen eta ez ninduen gehiegi kezkatzen. Sendagile zahar batek, nahiko ergela bera edota ezjakina, hasieratik soberan lasaitu gintuen. Hala eta guztiz, sukarraz bat zetozen gainbehera berriek, espezialistarik azkarrenaren fama zuen Tr... doktorea deitzera bultzatu ninduten. Lehenago deitu ezagatik harrituta geratu zen eta aspalditik jarraitu beharrekoa zuen erregimen estua ezarri zion. Egun hartara arte Marceline lanean gehiegi ahalegindu zen, neurrigabeko kemenaz; urtarrilaren azken egunetarako espero zen erditzera arte etzanda egon beharko zuen. Artega eta agertzen zuena baino minberago, agindurik gogaikarrienetara otzan makurtu zen Marceline. Baina Tr... doktoreak kinina errezetatu zionean, haurrari kalte egiterainoko dositan amaren ustetan, medikuaren aurkako errebeldiak astindu zuen. Hiru egunez uko egin zion sendagaia hartzeari; gero sukarrak gora egin zuenean amore eman zuen; baina tristura handiz eta etorkizunaz etsi-etsi eginda; oneskuntza erlijiosoak hautsi zuen ordura arte eusten zion nahimena eta hurrengo egun gutitan gainbehera ikaragarrian amildu zen.
Arreta handiagoz babestu nuen eta ahalik ondoen moldatzen nintzen hura lasaitzeko, Tr...-ren hitzak berak erabiliz, ez baitzuen honek egoera oso larririk sumatzen; baina nire emaztearen beldurraren bortxak ni neu ere hunkitzen ninduen. Ai, zer nolako arriskupean zoriona itxaropenean oinarritzen genuen! Zeinen kolokan zegoen gure etorkizuna! Lehenik iraganean bakarrik aurkitzen banuen nik atsegin, egun batez ustekabeko istantaren zaporeak horditu ahal izan nau, pentsatzen nuen, baina geroak oraina desliluratzen du, orainak iragana baino areago; eta Sorrenton bizi izan genuen gauaz gero nire maitasun osoa, nire bizia etorkizunera begira egituraturik zegoen.
Gauzak horrela, heldu zen Menalque-ri nik agindutako gaua; Marceline negu gau oso batez bakarrik uzteak min egiten bazidan ere, nolabait ulertarazi nion promesaren garrantzia. Hobexeago zegoen Marceline gau hartan baina halere urduri nintzen; erizain bat geratu zen berarekin nire ordez. Baina kalera orduko nire kezka biziagotu egin zen; arduraren larria gainetik kendu nahian asaldatu, borrokatu nintzen neure buruaren aurka haserre. Horrela, astiro-astiro iritsi nintzen lar tentsioz berebiziko asaldatze egoerara, hura sortarazi zuen kezka mingarritik egoera hurbil eta aldi berean arras ezberdinera, baina atsedenetik are eta hurbilago. Berandu zen; pausokada luze arinez nindoan; elurra mara-mara ari zen; aire biziagoa hartzearen poza sentitu nuen, hotzaren kontra borrokatzearena; zoriontsu nindoan haizeari, gauari, elurrari aurpegi emanez; nire indar berria dastatzen ari nintzen.
Nire etorrera entzunda, Menalque eskaileretara irten zen. Pazientziarik gabe nire zain zegoen. Zurbil bera, eta itxuraz artega xamar. Soingainekoa kendu zidan eta bota bustien ordezko, pertsiar txinela malgu beroak ekarri zizkidan. Sutondoan, mahaitxo batetan gozokiak; bi lanparak argitzen zuten gela, behe-suak baino apalago. Ezer baino lehenago, Marcelineren osasunaz galdetu zidan Menalquek; hobeto zihoala erantzun nion hitz gutitan.
— Laster espero duzue umea? —jarraitu zuen—.
— Hilabete barru.
Aurpegia ezkutatu nahi izan balu bezala, Menalque sutarantz makurtu zen. Isilik zegoen. Hain luze iraun zuen isilik, ezen azkenik ezeroso sentitu bainintzen, zer esan ere ez nekiela. Jaiki nintzen, pauso batzuk egin eta beragana inguratuz eskua bizkarrean jarri nion. Orduan, gogoan zerabilenari utzi gabe:
— Hautatu beharrean gaude —jarraitu zuen—. Zer nahi dugun jakitean datza gakoa...
— Nola baina! Ez zenuen bada abiatu nahi? —galdetu nion, bere hitzei zein adiera eman jakin gabe.
— Hala dirudi.
— Zalantzak dituzu ala?
— Zertarako zalantza? Gera zaitez zeu emaztea eta haurrarekin... Mila biziera ezberdinetik norberak bat baino ezin du ezagutu. Inoren zoriona norberarentzat desiratzea erokeria da; ez genuke hartaz baliatzen asmatuko. Zoriona ez da osotua erosten, nork bere neurrira moldatzen du. Bihar abiatuko naiz; badakit: nire neurriko zoriona moldatzen ahalegindu naiz... Jagon zuk etxeko zorion baketsua...
— Neure neurrira moldatu nuen nik ere zoriona —oihu egin nuen— baina hazi egin naiz; estu datorkit orain nire zoriona; ia ito arte estutzen nau batzuetan...
— Tira! Ohituko zara! —esan zuen Menalquek; ondoren, nire aurrean jarri zen, bere begirada nirean murgildu zuen eta nik hitzik aurkitzen ez nuenez, irribarre egin zidan goibel: «zerbait daukagula uste dugu baina gauzek geu gauzkate» —jarraitu zuen—. «Edan Chiraz-a, Michel laztana; ez duzu sarri izango edari hau dastatzeko parada; eta pertsiarrek ardo horretan busti ohi dituzten gozoki arrosa hauek jan itzazu. Gaurkoz, nik ere edango dut zurekin, bihar abiatuko naizela ahaztu nahi dut eta zurekin solasean geratu, gauak amaierarik izango ez balu bezala... Ba al dakizu, gaur egun poesia eta batez ere filosofia zerk bilakatzen duen letra hila? Bizitzatik aldendu direlako gertatu zaie hori. Greziak bizitza ere idealizatu egiten zuen; artistaren bizitza bera era horretan emaitza poetikoa zelarik; filosofoaren bizitza berriz, bere filosofiaren antzeztea; horrela, bizitzarekin nahasturik, elkarren berri jakin gabe egon ordez, filosofiak poesia elikatzen zuen, poesiak filosofia aditzera eman, eta eragin miresgarriz janzten ziren biak. Gaur ederrak ez du eraginik; ekintzak ez du eder izateko ardurarik; eta jakituriak bere kaxa dihardu.
— Eta zergatik —galdetu nion— ez dituzu zuk, jakituria bizi duzun horrek, zeure oroitzapenak idazten? Edota, besterik ez bada, —hura irribarrez ikusita jarraitu nuen— zure bidaietako oroitzapenak?
— Oroitzerik nahi ez dudalako —erantzun zidan—. Hori egitea geroaren etorrerari trabak ipintzea litzateke eta iraganari luzatzen laguntzea. Atzokoa erabat ahaztuari esker sortzen dut ordu oroko berritasuna. Zoriontsu izana ez dut sekulan aski. Gauza hiletan ez dut sinesten eta dagoeneko ez izatea inoiz ez izanaren pareko da niretzat.
Nire pentsaerari arras aurrea hartzen zioten hitz hauek sumintzen ninduten; isilarazi nahi nuen baina nola kontra egin ez nekien eta bestalde neure aurka sumintzen nintzen Menalqueren aurka baino gehiago. Isilik geratu nintzen. Bera, hara-hona zebilen, piztia kaiolan bezala, sutondoan makurtu eta luzaz isildu ondoren berriro ekin zion:
— Gure adimen eskasok oroitzapenak ongi baltsamatzen balekite sikeran! Ez ditugu baina ongi gordetzen; delikatuenak murriztu egiten dira, boluptuosenak usteldu; laketgarrienak bihurtzen dira gero arriskutsuen. Damu dugun hura gustagarri izan da hasieran.
Pausa luzearen ondoren jarraitu zuen:
— Erostak, arrangurak, damuak, noizbaiteko pozen alderantzizkoak dira. Atzera begiratzea ez dut atsegin eta txoriak hegan egiteko bere itzala gibelean uzten duen modura, nik iragana urrunean abandonatzen dut. Ai Michel, beti dugu poza gure zain, baina ohea hutsik aurkitu nahi du, ohelagun bakarra izan nahi du, eta gu beragana alargun hurbil gaitezen. Ai Michel, poza desertuko mana bezalakoa da, egunetik egunera galtzen dena; Platonek kontatzen duen Ameles iturriko uraren antzekoa, inongo ontzitan gorde ezin zena... Istant orok eraman dezala berak ekarria!
Luze mintzatu zen Menalque; ezin hona ekarri hark esandako guztiak baina hein handi batetan oroimenean dauzkat itsatsita; arinen ahaztu nahi nituen haiexek ditut, hain zuzen, tinkoen oroimenean; ez gauza berririk erakusten zidatelako, nire pentsaera bat-batean biluzik uzten zutelako baizik; nik hainbat oihalez estaltzen nuen pentsaera, itota beharko zukeela uste izateraino. Hartara eman genuen gaua.
Biharamun goizean, Menalque trenera lagundu ondoren, Marcelinerengana nindoala, tristura higuingarriak eta Menalqueren poz zinikoaren kontrako gorrotoak bete ninduen; itxurazkoa izan zedin nahi nuen; hura ukatzen ahalegindu nintzen. Erantzuten ez jakinagatik haserre, nire zoriona, nire maitasuna haren aurrean zalantzan jarri zezaketen hitzak esanaren damu nintzen. Eta nire zorion ezbaikorrari, nire «zorion bareari» Menalqueren hitzetan, atxikitzen nintzaion. Ezin nuen, tamalez, kezka aldendu baina kezka hori maitasunaren pizgarri izan zedin saiatzen nintzen. Etorkizunari begiratzen nion baikor, nire haurtxoa niri irribarrez ikusten nueneko etorkizunari; beragatik berriztatzen eta sendotzen zen nire morala... Urrats irmoz aurrerantz nindoan.
Ai! Goiz hartan etxera orduko, sarreran bertan ezohizko desordenak harri eta zur utzi ninduen. Erizaina nigana etorri zen eta hitz leunez azaldu zidan, gauez ikaragarrizko larriak jo zuela nire emaztea, eta ondoren minak, oraindik ere, ustez behintzat, haurdunaldiaren amaieran egon ez arren; hain txarto sentitu zen, sendagilea deitu zutela; berau, gauez presaka heldu zenetik oraindik ere gaixoaren alboan zegoela; gero, nire zurbildura ikusiz antza, dena hobeto zihoala adierazi nahi izan zidan eta... Marcelineren gelarantz oldartu nintzen ni itsu-itsuan.
Erdi ilunetan zegoen gela; lehen unean sendagilea bakarrik sumatu nuen, eskuaz isiltzeko agintzen; ondoren, itzaletan, ezagutzen ez nuen norbait. Ohera hurbildu nintzen antsiaz, zaratarik gabe. Marceline begiak itxita zegoen; hain zurbil, hildakotzat hartu nuela lehen istantean; baina begirik altxatu gabe nigana itzuli zuen berak burua. Gelako bazter ilunean, ezezaguna zenbait tresna ordenatzen, gordetzen ari zen; tresna distiratsuak, algodoia ikusi nuen; odolez kutsatutako oihala ere susmatu nuen... Ondoez sentitu nintzen. Sendagilearen gainean jausi nintzen ia; berak eutsi ninduen. Ulertzen hasia nintzen; ulertzeko beldur...
— Umea? —galdetu nuen antsiaz.
Bizkarrak triste uzkurtu zituen medikuak. Neure onetik aterata, ohearen gainera hasperenka jaulki nintzen. Ai, bat-bateko etorkizuna! Lurrak huts egiten zidan oinpean; neu erabat suntsitzen ninduen zulo sakon hutsa besterik ez, begien aurrean.
Dena hemen oroitzapen ilunetan nahasten zait. Marceline, halere, ongi indarberritzen ari zela zirudien hasieran. Urteberritako oporrek bere alboan eguneko ia ordu guztiak igarotzeko beta ematen zidaten. Han irakurtzen nuen, han idazten, eta noizbehinka berari ere eztiki irakurri egiten nion. Irteten banintzen, ez nintzen sekulan etxera lore-sortarik gabe itzuliko. Gaixo nengoenean berak niregana izandako ardura xamurra nuen gogoan eta hain amultsuki zaintzen nuen ezen batzuetan, zoriontsu antza, irribarre egiten baitzidan. Gure esperantzak erabat hautsi zituen istripua aipatu ere ez...
Flebitis-a agertu zen gero: eta sendatzen hasi zenean, enbolia batek ustekabean Marceline bizitza eta heriotzaren arteko kinka lamari eduki zuen. Gauez izan zen; bere gainean makurtuta berrikusten dut neure burua, bion bihotzak batera gelditzen eta batera bizkortzen zirela sentituz. Zenbat gau eman nituen horrela beilan! Nire begirada beragan setatsu, maitasunaren poderioz nire bizitzaren izpiren bat bereari txertatu nahian. Dagoeneko ez nuen zorion esperantza handirik eta Marceline noizbehin irribarrez ikustea zen nire poz xume bakarra.
Berriro ikastaldiak. Non aurkituko nik klaseak prestatzeko eta emateko kemena?... Galdu egiten zait oroitzapena eta ez dakit nola iragan ziren aste haiek. Baina gertakizun hau kontatu nahi dizuet:
Goizez zen, enboliatik egun gutxitara; Marcelineren alboan nago; hobetoxeago dirudien arren, inola ere ez mugitzeko agindupean bera; besoa ere ezin eragin. Edaten eman diot; edan duenean, ni beragana makurtuta oraindik, kezkak are eta ahulagotzen duen ahotsaz, begiradaz erakusten didan kutxatila irekitzeko eskatzen dit. Mahai gainean dago kutxatila; zabaldu dut; zintaz, oihal zatiz, baliorik gabeko bitxiz beteta dago; zer nahi ote du? Kutxatila ohe ertzera ekarri dut; banan bana gauzak atera... Hau nahi duzu? Hau?... ez; hori ere ez; apur bat urduri sentitzen dut bera.
— Ai Marceline! Arrosario tipi hau da zuk nahi duzuna!
Irribarre egin nahi du.
— Nik behar beste zainduko ez zaitudan beldur zara ala?
— O! Laztana! —xuxurlatu du berak—.
Biskran izandako solasaldiaz oroitzen naiz, berak «Jainkoaren laguntza» deritzonari nire errefusa entzutean azaldu zidan destaina beldurtiaz. Eta nahiko zakar jarraitzen dut:
— Ez al naiz bada ni bakarrik sendatu?
— Hainbeste erregutu nuen nik zure alde! —erantzun berak.
Samurkiro eta triste mintzatzen da; bere begiradan antsia eskalea antzematen dut... Izara gainean atsedenean duen esku ahulean uzten diot arrosarioa. Maitasunez eta malkoz beteriko begiradaz eskertzen dit; ezin nik erantzun; zer egin ezjakinean, han geratzen naiz ezeroso; azkenik, jasanezinean:
— Agur —esan, eta alde egin dut, haserre, handik egotzia izan bainintz.
Enboliak ondoez nahiko larriak erakarri zizkion; bihotzak onartu ezineko odolbatu ikaragarriak, birikak nekarazten zituen, arnasa trabatzen zuen, gaitz eta txistukari bilakatuz. Ez nuela sekulan sendaturik ikusiko pentsatzen nuen. Gaitzak Marceline hartua, menperatua, markatua, kutsatua zeukan. Galdua zen.
© André Gide
© itzulpenarena: Imanol Unzurrunzaga