I

 

        Uztailaren lehen egunetan heldu ginen La Morinière-ra, Parisen zenbait probisio erosi eta bisitaren batzuk egiteko astia hartu ondoren.

        La Morinière, lehen ere esan dizuet, Lisieux eta Pont-l'Evêque artean aurkitzen da, nik ezagutzen dudan lurralderik ilun eta hezeenean. Eremuaren bihurgune estu, borobiltsuak, bat-batean itsasoraino zelai egiten den Auge-ko haran hurbil zabalera iristen dira. Ortzi-mugarik gabeko parajea; misterioz jositako basoinautsiak; landak, belardiak batez ere, malda eskaseko larreak, non belar gizena urtean birritan mozten den, eguzkia jaistean sagarrondo ugarien itzalak elkarri lotzen diren, artaldeak libre bazkatzen diren; eremuaren huts-guneak oro dira ur-osin, aintzira edo errekasto; uraren marmarioa entzuten da nonahi.

        Ai! Zeinen ongi ezagutzen nuen nik etxe hura! Teilatu urdinak, adreilu eta harrizko hormak, ubideak, ur geldien islak... Hamabirentzako lain leku ematen zigun etxe zaharrak; Marceline, hiru zerbitzari eta ni ere batzuetan laguntzen, ahalegindu behar izaten ginen etxearen zati bat animatzeko. Bocage, morroi zaharra gela batzuk dagoeneko ahalik eta ongien prestatzen saiatu zen; altzairu zaharrak hogei urteko loalditik iratzarri ziren; dena zegoen nire oroitzapenetan bezalaxe, sabaiak gehiegi hondatu gabe, gelak aise erabiltzeko moduan. Gu hobeto hartzeko, Bocagek lorez bete zituen aurkitu zituen lorontziak. Ataria eta lorategiko bideak jorratu eta garbiarazi zituen. Heldu ginenean, eguzkiaren azken izpiak etxea laztantzen zuen; aurrez aurre behe-laino trinkoa altxatzen zen, ibaia orain estaliz, gero agertaraziz. Bertara baino lehen antzeman nion hango belar usainari; eta etxe inguruan enaren txio ozenak entzutean, iragana oso osorik eraiki zen nire baitan bat-batean, zain baneuka bezala eta ni ezagutzean hurbiltasunean berrindartu nahi izango balu bezala.

        Egun gutitara etxea nahiko konfortagarri zegoen; lanean has nintekeen; gerorako utzi nuen baina lana, iraganak nola deitzen ninduen entzunez eta kezka berriegi batek biziki arduratuta: iritsi ginenetik astebetera Marcelinek haurdun zegoela azaldu zidan.

        Harrezkero zainketa berri bereziak zor nizkiola iruditu zitzaidan, xamurtasun gehiagoren eskubide zuela berak, alegia, niregandik; azalpenaren ondorengo lehen egunetan bederen, ia une oro egon nintzen beraren alboan. Oihan ertzera joaten ginen, behinola amarekin esertzen nintzen jesarlekura; han unetik unera boluptuosago aurkitzen ginen, orduak gero eta lasterrago pasatzen ziren. Bizitzaren sasoi honetatik oroitzapen partikularrik bereizten ez badut, ez da inondik ere atsegin izan ez nuelako, bertan dena nahasian, ongizate berdinean gertatu zelako baizik, goiza arratsaldeari, eguna hurrengoari ezustekorik gabe uztartuz. Lanari astiro ekin nion, gogoa lasai, gertu, indartsu, uste osoaz eta etorkizunari hozki begira, nahimena zuhur antza, lur ongarriztatu honen aholkua entzun izango banu bezala.

        Zalantzarik gabe, uste nuen nik, lurraren jardunbideak nigan eragin ongarria izan beharko du, fruitu ematera, uzta oparora bideratzen baitu oro. Idi sendokoteen patxada lasaia, larre jorietan behi aseak, miresten nituen. Muinoetako aldapa erosoetan lerroka aldatutako sagarrondoek aurtengo udarako egundoko uzta eskaintzen zuten; laster ale mardulen zamapean adarrak okertuko zirela amets egiten nuen. Oparotasunari, zerbitzu alaitsuari, baratze naharoei armonia zerien, ez berezkoa, gizakiak landua baizik; erritmoa, edertasun gizatiar eta naturala aldi berean, non zerorrek ere ez zenekien zer miretsi, hain hertsiki loturik aurkitzen baitziren armonia bete-betean, izadi librearen leherketa emankorra eta hura zaintzen zuen gizakiaren ahalegin adimentsua. Zertarako, pentsatzen nuen nik, ahalegin hau, berak menperatzen duen basa indarrik gabe? Eta zertarako landareen gainezkako sapa ugalkorra, hura oparotasunera bideratzen dakien giza ahalegin alaitsurik gabe? Eta ametsetan murgiltzen nintzen... indar guztiak hain egoki antolatuak, gastuak hain orekatuak, aldaketak hain neurtuak izango lituzketen lurrak amesten nituen, non galerarik xumeena ere antzemango baitzen; eta ondoren, ametsa bizitzari egokituz, propio niretzako etika bat eraikitzen nuen, norbere erabilpen perfekturako adimen heziaren zientzia bilakatzen zena.

        Non amiltzen ziren, non ezkutatzen, bezperako nire aztorapenak? Sekulan izan ez baziren bezain lasai aurkitzen nintzen. Maitasunaren estalkipean zeuden denak...

        Bitartean gure inguruan Bocage zaharrak lanean gogotik ziharduen; gidatzen, begiratzen, aholku ematen; haren ezinbesteko nabarmentze premia begien bistakoa zen. Hura ez nahigabetzeko, kontuak aztertu, amaigabeko adierazpenak hitzez hitz entzun behar izan genituen. Eta ez zen aski; lursailetan zehar lagundu behar izan nion. Haren zintzotasun esakuntsuak, haren etengabeko hitzaldiek, bere buruarekiko harropuzkeriak eta bere prestutasunaren azalpenek sutan jartzen ninduten; gero eta tematsuagoa zen eta edozein aitzakia hartuko nuen ontzat, neure atsedenera bueltatzeko, ustekabeko batek gure harremanak aldarazi ez balitu: arratsalde batez adierazi zidan Bocagek, biharamunean Charles bere semea espero zuela.

        — A! —esan nuen, kasu handirik egin gabe, ez bainintzen ordura arte sekulan gehiegi arduratu Bocagek izan zitzakeen seme-alabez; eta ondoren, nire axolarik ezak mintzen zuela ikustean, nigandik jakin-nahia, harridura edo zerbaiten arrastoa espero zuela erreparatzean:

        — Non bizi zen bada orain arte? —galdetu nion.

        — Etxalde-eredu batetan, Alençon-dik gertu —erantzun Bocagek.

        — Hark ere izango ditu honezkero... —jarraitu nion, jaio zenik ere ordura arte jakin ez nuen semearen adina kalkulatu nahiez; poliki mintzatzen nintzen, hitza kentzeko beta emanez berari:

        — Hamazazpi konplituak —erantsi Bocagek—. Lau besterik ez zituen izango berorren ama hil zenean. Ai! Morrosko bat egina dago orain; aitak baino gehiago jakingo du laster...

        Eta Bocage berriketan hasten zenean, hura geldiaraziko zuenik ez zegoen, nekea nabarmen erakutsiko banu ere.

        Biharamunean guztiz ahaztuta nengoen horretaz, ilunabarrean Charles etorri berriak Marceline eta bioi bere agurra eskaini zigunean. Mutil galanta zen, hain sasoitsu, hain malgu, hain mardul, ezen gure ohoretan jantziak zeramatzan hiri arropa zatarrek ez baitzuten arras irrigarri jartzen; herabetasunak apenas ezer areagotzen zuen gaztearen gorritasun naturala. Hamabost urte baino gehiago ez zion inork emango, hain zen oraindik ere gardena haren haur begirada; argi mintzatzen zen, lotsa faltsurik gabe, eta, aitak ez bezala, deus ez esateko ez zizun hitz egingo. Lehen gau hartan zertaz jardun ginen ez dakit; berari begira egotearekin aski nuen eta zertaz hitz egin ez neukanez, Marcelineri utzi nion solasa. Baina hurrengo goizean, lehenbizikoz Bocage zaharrari itxaron gabe, lanak hasiak ziren soloetara igo nintzen.

        Ur-osina konpontzen ari ziren. Urtegia bezain handia zen osinak jarioa zuen; urak nondik zerion bazekiten eta zementuz estali behar zen ihesbidea. Horretarako lehenik osina hustu behar zen, azken hamabost urtetan egin gabeko lana. Ugari zen bertan arraina, karpak eta tenkak, nahiko handiak hondokoak. Arrainok ubideetara egokitzeko irrikitan nengoen ni, batzuk morroiei eman ondoren, era horretan lanari behingoz arrantzaren plazera gehituko zitzaion, etxaldeko aldarte alaitsuak aditzera ematen zuenez; inguruetako haurrak ere hurbildu ziren langileekin nahastera. Marceline bera ere beranduxeago etortzekoa zen.

        Ni heldu nintzenerako uraren mailak behera egin zuen. Noizbehinka ur-ikarak azala kizkurtzen zuen eta arrain urdurien bizkar ilunak nabaritzen ziren. Ertzean plisti-plasta jolasean zebiltzan haur batzuek arraintxo distiratsua harrapatu zuten eta ur gardenez betetako ontzira bota. Arrainen ikarak gero eta nahasiagotzen zuten osineko ura lodia zen eta unetik unera beltzagoa. Inork uste baino arrain ugariago zegoen han; lau morroik hara-hona itsumustuan eskuak murgilduz harrapatzen zituzten. Marcelineren falta sentitzen nuen nik eta haren bila joatea erabaki nuen, lehen aingiren agerpena oihukatzen hasi zirenean. Ezin harrapatu ordea; atzamarretatik irristan ihesi egiten zieten. Aitarekin ertzean zegoen Charlesek luzaroago jasan ezinean, zapatak eta galtzerdiak erantzi, jaka eta koratiloa lurrera bota, prakak eta alkandora arras gora bildu, eta osinean sartu zen ausarki. Berehala, atzetik joan nintzaion.

        — Zer Charles? —oihu egin nion— Etortzearekin ongi egin duzu, ezta?

        Ez zidan erantzun, begira geratu zitzaidan, arrantzara bete-betean emanik. Aingira handi bat inguratzen laguntza eskatu nion; hura atrapatzeko gure eskuak lotu genituen... Gero beste bat; lupetzez zipriztinduta geneuzkan aurpegiak; bat-batean murgiltzen ginen eta urak izterretatik gora bustitzen gintuen; laster biok lokatzetan blai eginda geunden. Jokoaren beroan oihu batzuk, hitz solteak esan genituen eta azkenerako Charlesekin hika ari nintzela ohartu nintzen, noiztik ez nekielarik. Ekintza komun honek solasaldi luze batek baino gehiago jakinarazi zigun bara besteagandik. Marceline ez zen oraindik etorri; dagoeneko ez nuen haren hutsunea sentitzen; gure poza nolabait ere ilunduko zukeela uste nuen.

        Biharamunetik egunero elkartzen ginen Charles eta biok. Elkarrekin basoetara abiatzen ginen.

        Nire lurrak gaizki ezagutu eta horretaz apenas arduratzen nintzelarik, biziki txundituta utzi ninduen Charlesek: zeinen ongi zekizkien bai eremuen mugak, bai maiztergoen banaketak. Berak adierazi zidan izpirik ere nik susmatzen ez nuen zerbait: sei maizter nituela, hamasei-hamazortzi mila libera eskura nezakeela maiztergoetatik, eta erdia ere kobratzen ez banuen, ia dena konponketak eta bitartekoak ordaintzen xahutzen zirelako zela. Lur landuak ikustean, bere noizbehinkako irribarreak zalantzan jartzen zidan, nire lurren ordura arteko ustiakuntza nik uste bezain bikaina izana, Bocagek adierazten zidan bezainbestekoa alegia; gai honetaz mintzatzera behartzen nuen Charles eta Bocagerengan sumintzen ninduen adimen guztiz praktikoa mutiko honengan atsegin gertatzen zitzaidan. Egunero abiatzen ginen gure ibilaldietan; eremua zabala zen eta bazterrak ongi miatu ondoren berriro hasten ginen metodo zehatzagoz aztertzen. Gaizki landutako arloek, oihan-isatsak, kardaberak, belar gaiztoak hartutako sailek eragiten zioten amorrua, Charlesek ez zidan disimulatzen; larratzak gorrotatzen irakatsi zidan eta berarekin bat, lur-lantze egokiagoekin ametsetan hasi nintzen.

        — Aizak baina —esaten nion hasieran—, noren kaltetan duk lur-lantze kaxkar hori? Maizterraren kaltetan, ez? Emaitzak ez ziok bada maiztergoari errentaren zenbatekoa aldatuko.

        Eta Charles sutan jartzen zen:

        — Tutik ere ez duzu ulertzen —erantzutera ausartzen zen, nire irribarrea eraginez—. Etekina soilik kontutan hartuz, kapitalaren hondatzeaz ez zara jabetzen. Oker landuak, zure lurrak apurka-apurka beren balioa galduz doaz.

        — Hobeto landuaz lurrok emankorrago balira, nekazaria horretan ez saiatzea dudan jartzen diat; uzta ahalik eta oparoenak biltzen inor interesaturik egotekotan, beraiek dituk interesatuenak.

        — Ez duzu baina esku-lana kontutan hartzen. Lur sailak batzuetan etxaldetik urruti daude. Landuta, ez liokete ia etekinik aterako, lurrak onik mantentzearen truk...

        Eta solasak aurrera egiten zuen. Ordubetez batzuetan, soloetan zehar genbiltzala eta gaia behin eta berriro jorratuz; nik entzun egiten nuen gehienbat eta apurka-apurka ikasten ari nintzen.

        — Azken batean hire aitari zegokiok hori guztiori —esan nion behin, eutsi ezinean.

        Lotsatu egin zen Charles.

        — Aita zaharra da —erantzun zidan—. Aski du kontratuen betekizunak, etxeen mantenua, maiztergoen kobrantzak zainduz. Hemengo erreforma ez da bere eginkizuna.

        — Zeintzuk hobekuntza bultzatuko hituzke? —jarraitu nion.

        Eta orduan, erantzukizuna saihestu nahian ezjakinarena egiten zuen; ekinaren ekinaz lortu nituen azkenik zenbait azalpen:

        — Lantzen ez dituzten lurrak kendu maizterrei —aditzera eman zidan—. Maizterrek lursailen batzuk debet uzten badituzte, zuri ordaintzeko soberan dutela esan nahi du horrek; eta maiztergo guztiei eutsi nahi badiete, errenta garestitu. Alfer batzuk besterik ez dira hemengo nekazariak —erantsi zuen.

        Nire jabegopean zeuden sei bordetarik, muinotik La Morinière gailentzen zuen hura nuen atseginen; La Valterie deitzen zioten; hartaz arduratzen zen nekazaria ez zen batere zakarra; gustura mintzatzen nintzen berarekin. Bazen La Morinièretik gertuago beste etxalde bat, «Gazteluko etxaldea» zeritzona, erdi alokatua, erdizkakoa deituriko sistema batez, etxe-jabearen absentzian, Bocageri aziendaren zati baten jabegoa uzten zion alokairu sistema. Nigan mesfidantza sortu zen unetik, Bocage zintzoagatik ere susmatzen hasi nintzen, ez ote zidan iruzur egingo, edota gutienik, besteek iruzur egin ziezadaten erraztasunak emango. Ukuilua eta zalditegia jagoten zidaten, egia da, baina nekazariak bere behiak eta zaldiak nire oloz eta belarrez elikatzeko aitzakia besterik ez ote zen, ba nituen neure susmoak. Ordura arte bihotz zabalez entzunak nituen Bocagek noizbehinka ematen zizkidan albiste sinesgaitzak: heriotzak, gaitzak, deformazioak... denak onartzen nituen. Nekazariari behiren bat gaixotzea aski izan zitekeela beste gabe behi hura nireetariko bat izateko, ez nuen ordura arte sekulan pentsatu; edota nireetariko bat ongi haztea, nekazariaren aziendara aldatzeko; baina Charlesen zenbait oharpen zuhurgabeei eta neure burutapenei esker, gauzak argituz nindoan; behin iratzarriz gero, nire senak zorrotz jokatu zuen. Nik ohartarazita, Marcelinek zehatz-mehatz miatu zituen kontu guztiak, akatsik batere aurkitu gabe; salbu geratzen zen han Bocageren leialtasuna. —Zer egin? —Utzi egiten. Orain ordea, amorrazio isilez gehiegi nabarmendu gabe, ganaduari begiratzen nion.

        Lau zaldi eta hamar behi ziren nireak; nire tormenturako aski. Nire zaldietariko bati oraindik ere «moxala» deitzen zioten, hiru urte konplituak bazituen ere; hura hezten ari ziren; hartaz interesatzen hasi nintzen eta egun batez etorri zitzaizkidan «moxala» menderagaitza zela, ez zela inoiz ezertarako gauza izango eta hura hiltzea nuela egokien. Eta zalantzarik izan ez nezan, gurdi tipi baten aurrealdea puskatzera behartu zuten, zangopeak odoletan.

        Nahiko kostata eutsi nion egun hartan, nire onetik atera gabe; Bocageren artegatasunak geldiarazten zidan gehienbat. Azken finean ahuleziak gainditzen zuen harengan gaizkinahia, pentsatzen nuen nik; errua morroiena zen, beraien ustez kontrolik gabe zebiltzan morroiena hain zuzen.

        Larrainera irten nintzen moxala ikustera. Ni hurbiltzean, joka ari zitzaion morroia hura laztantzen has, zen; ez ikusiarena egin nuen. Ez nekien nik gauza askorik zaldiez baina moxala ederra iruditu zitzaidan; erdi-jatorrizkoa zen, hori-zuria, planta lerdenekoa; begia bizi, kima eta isatsa ia horiak. Zauri larririk ez zuela egiaztatu ondoren, harramaskak sendatzeko agindua eman eta beste hitzik gabe alde egin nuen.

        Arratsaldez, Charlesek moxalaz zer pentsatzen zuen jakin-minez joan nintzaion:

        — Mantsoa dela uste dut —esan zidan—, baina nola gobernatu ez dakite; gaiztotu egingo dizute moxala.

        — Hik zer egingo huke?

        — Nire eskutan zortzi egunez utziko bazenu, otzanduko nuke.

        — Nola baina?

        — Ikusiko duzu...

        Biharamunean Charlesek moxala zelai bazterrera eraman zuen, intxaurrondo bikain baten gerizpera erreka ondoan. Marcelinerekin joan nintzen ni bertara. Une hartako oroitzapen bizi-bizia gorde dut. Lurrean tinko itsatsitako zutoiari zenbait metrotako sokari moxala lotuta zeukan. Moxala urduri, sutsuki borrokatu zen, antza; orain neke baina bare eta lasaiago errondan biraka zebilen; haren trosta malgutasun harrigarrizkoa eta bistara maitagarria zen, dantza bezain xarmangarri. Zirkulu erdian Charles, bira bakoitzean soka jauzi batez gaindituz, moxala hitzez xaxatzen, gero eztitzen; zartailua zeukan eskuan, hura erabiltzen ikusi ez banuen ere. Haren aireak eta keinuek, haren gaztetasunak eta pozaldiak, orok ematen zion zeregin honi plazeraren itxura gartsua. Bat-batean, nik ez dakit nola, moxal gainera igo zen; astiroago zebilen hau, gelditu arte; mutila laztantzen ari zitzaion, bat-batean gainean ikusi nuenean, lasai, kimei helduz, barrez, aurrerantz makurtuta moxala laztantzeari utzi gabe. Une batez urduritu zen moxala baina berehala ekin zion bere trosta nareari, hain lerden, hain zalu, Charlesen inbidia sentitu nuela; bai adierazi ere.

        — Egun batzuk gehiago eta zelak ez dizu kili-kili egingo; aste pare bat barru etxekoandrea bera igoko zaio gainera: bildotsa baino otzanago jarriko da.

        Egia zioen; egun gutitara moxalak errezelorik gabe laztantzen, janzten, eroaten uzten zigun; eta Marceline bera gaineratuko zitzaion egoera delikatuagatik izan ez balitz.

        — Jaunak proba egin beharko luke —esan zidan Charlesek.

        Nik neuk bakarrik ez nukeen sekulan egingo baina Charles beste zaldiarekin izango nuen aldamenean; haren laguntzaren plazerak bultza ninduen.

        Zenbat eskertu nion amari haurtzaroan ni hezitokira bidali izana! Lehen ikastaldi haien oroitzapen urrunak lagundu zidan. Ez nintzen arrotz sentitzen zelan; laster uxatu nituen beldurrak eta guztiz eroso nindoan. Charlesen zaldia astunagoa zen, arrazakoa izan ez arren, ikusgarria; Charlesek gainera ongi gobernatzen zuen. Egunero pasealditxoa egiteko ohitura hartu genuen; goizean goiz abiatzen ginen gehienetan, ihintzez diz-diz zeuden belardietan zehar; oihan ertzeraino iristen ginen; bidean astintzen genituen urratsek blai uzten gintuzten pasadan; hodeiertza zabaltzen zen supituki; Auge haran hedatsua zen; urrunean itsasoa susmatzen zen. Zalditik jaitsi gabe geratzen ginen une batez; egunsentiak behe-lainoa nola margotzen, alderatzen, sakabanatzen zuen begira; gero trosta bizian itzultzen ginen; etxaldean geratzen ginen; eguneko zeregina hastear zegoen; langileei aurrea hartu eta haien agintea izatearen poztasun harroa dastatzen genuen; lanean uzten genituen eta Marceline jaikitzen zenerako etxeratzen nintzen.

        Aire garbiz hordi, abiadak txoraturik bueltatzen nintzen, gorputz-atalak neke boluptuos batek maskalduta, gogoa sasoitsu, apetituz eta freskuraz gainezka. Marcelinek nire fantasia ontzat eman eta adoretu egiten ninduen. Botak kendu gabe, bera nire zain zegoen oheraino hosto hezearen usaina ekartzen nion, atsegina bere esanetan. Eta ibilaldia, larreen iratzartzea, lanaren hasiera... kontu guztiak entzuten zizkidan. Bizitzeaz beste pozten zen bera, itxuraz, ni bizitzen sentitzeaz. Gozamen hartaz ere laster hasi nintzen ni abusatzen; ibilaldiak gero eta luzeagoak ziren eta batzuetan ez nintzen eguerdira arte etxeratzen.

        Hala eta guztiz, eginahalak egiten nituen ikastaroak ilunabar aldera prestatzen. Lana aurrera zihoan; gustura sentitzen nintzen egindakoaz eta noizbait aurrerantzean ikasgaien bilduma osotzeak merezi zezakeenik, ez nuen ezinezkotzat jotzen. Nire bizitza berriztatzen eta antolatzen zen heinean eta Gothuen etika latzak erakartzen ninduen bitartean, irakastaldietan inkultura goraipatzen eta beraren apologia egiten saiatzen nintzelarik ausarki, gero ongi aurpegiratuko zidatena, nire baitan eta inguruan inkultura hura erakargarri bihur zezakeen oro menperatzen, deuseztatzen hobe, arduratzen nintzen kartsuki, berezko zerbaitek barneraginda. Noraino eraman ote nuen zuhurtasun edo agian erokeria hau?

        Maiztergoa Gabonetan agortzen zitzaien nekazari bi etorri zitzaizkidan hura berritzeko asmotan. Ohizko «errenta-agindu» orria sinatu nahi zuten. Charlesen baiezpenetan oinarriturik, eguneroko haren solasaldiek bultzatuta, nekazarien zain nengoen ni oldartsu. Eurek, maizterra ordezkagaitza dela eta, errenta jaistea eskatu zuten lehen hitzetik. Harri eta zur gelditu ziren, neronek aurrez idatzitako «aginduak» irakurri nizkienean, zeinetan errenta bere horretan mantentzeaz gain, ezertarako erabiltzen ez zituzten lur sail batzuek kentzen bainizkien. Irribarrez entzun zidaten lehenik, txantxetan ari nintzelakoan. Zertarako behar nituen nik alor horiek? Ez zuten ezertarako balio; zergatik bestela ez zituzten beraiek landuko?.... Gero, serio ari nintzela ikustean, teman hasi ziren; bai ni ere. Alde egite mehatxuaz izutuko nindutela uste zuten. Eta ni hitz horren zain nengoen, hain zuzen:

        — Zoazte bada, nahi baduzue! Ez zaituztet nik hemen lotuko. —esan nien,errenta-aginduak euren aurrean puskatzen nituela.

        Ehundik gora hektarea lur eskutan, geratu nintzen. Goi zuzendaritza Bocageri eskaintzeko asmotan nenbilen aspalditxotik, nolabait zeharka Charlesi uzten nizkiola uste bainuen; ni nerau ere horretan biziki arduratzekotan nengoen, gehiegi pentsatu gabe; ekintzaren arriskua bera zitzaidan tentagarri. Gabonak arte ez zuten alde egingo maizterrek; hemendik hara gauzak bideratzeko astia genuen. Charlesi jakinarazi nion eta haren pozak bat-batean goibeldu ninduen; poza ezin disimulatzeak haren izaera gazteegia susmatzera ninderaman. Denbora gero eta eskasago genuen; lehen uztak lur sailak lantzen hasteko libre uzten dituzten aroan geunden. Antzinatik zetorren itun batengatik, maizter zaharraren lanak eta berriarenak lotu egiten ziren, lehenak lurrak sailka uzten baitzituen, uzta bildu hala. Bi nekazari egotzien mendekuaren beldur izan arren, alderantziz gertatu zen; nire aurrean behintzat adostasun osoaren itxurak egin zituzten (gero jabetuko nintzen beraiek hortik ateratako etekinaz). Goiz eta arratsalde hartzen nituen, laster itzuli behar zizkidaten arloak bisitatzeko. Udazken hasiera zen; gizon gehiago kontratatu behar izan genuen lur-lanak eta ereintza azkartzeko; arrasteluak, alperrak, goldeak erosi genituen; zaldiz ibiltzen nintzen, lanak ikustatzen eta zuzentzen, agintearen, jabegoaren plazera sentituz neure baitan.

        Bitartean auzoko zelaietan sagar-biltzen ari ziren; sagarrak, inoiz baino ugariago, belar sendo gainean bira-biraka jausten ziren; lanez gainezka ziharduten langileek; auzoko herrietatik etorri ziren batzuk zortzi eguneko kontratuarekin; Charles eta biok haiei laguntzen jolasten ginen. Batzuek adarrak astintzen zituzten fruitu berantiarrak jausiarazteko; berez eroritako helduegiak, sarritan mazpilduak, belarretan zanpatuak aparte biltzen ziren; haiek zapaldu barik ezin ibili. Belardiari zerion usaina garratza zen eta aldi berean merlatua, lurlantzarenari nahasia.

        Udazkena aurrera zihoan. Azken egun ederretako goizak dira freskoenak, gardenenak. Egurats bustiak batzuetan urruna urdintzen zuen, are urrunagotuz, ibilaldia bidaia bilakatuz; lurraldeak zabalagoa zirudien; alderantziz ere gertatzen zen noizbehinka; airearen ezohizko gardenak zerumugak arras hurbiltzen zituen, hegakada batez ukitzeko moduan; era nik ez dakit biotarik zeinek areagotzen zuen nire ahuldura. Ia-ia burutua nuen lana; hala esan ohi nuen behintzat, atseden gehiago hartzeko aitzakia. Etxaldean ez nenbilenean, Marcelinerekin egon ohi nintzen. Elkarrekin abiatzen ginen baratzera; astiro ibiltzen ginen, ahul bera, nire besoan sostengatuz; aulki batetan jesartzen ginen, arratsaldeak argiz betetzen zuen haranari begira. Nire sorbalda gainean makurtzen zen bera emeki; eta horrelaxe, hitzik gabe, keinurik gabe, geratzen ginen gauera arte, eguna nola suntsitzen zen sentituz gure baitan... Maitasunak zeinen ondo zekien isiltasunaz inguratzen! Izan ere, Marcelineren maitasuna, hura adieraziko luketen hitzak oro baino sendoagoa zen eta batzuetan maitasun horrek ia izu-larritzen ninduen. Haize bolada apalak ur-axal barea kizkurtzen duen moduan, hunkipenik xumeena haren bekokian irakur zitekeen; bizi berriaren eragin misteriotsua entzuten zuen hark bere erraietan; beragana makurtzen nintzen ni, ur garbi sakonetara bezalatsu, non harik eta urrutien begiratu, maitasuna baino ikusten ez baitzen. Ai! Zoriona hura bazen, harrezkero atxiki nahi izan dudala badakit, ur iheslaria eskutan alferrik atxiki nahi izaten dugun legez; zorionaren alboan beste zerbait ere sentitzen nuen dagoeneko, maitasuna udazkenak ohi duen erara koloreztatzen zuen zerbait.

        Udazkena bazihoan. Oihanaren maldatan belarra, egunetik egunera bustiagoa, ez zen lehortzen; egunsentian zuri zegoen. Ahateak osinetan hegalak zabaldu eta basaki astintzen zituzten; batzuetan airatzen ikusten genituen garrasika, La Morinière osoari hegaldi zaratatsuan bira ematen. Goiz batez desagertu ziren; Bocagek giltzapetu zituen. Charlesek esan zidan gero, horrela biltzen dituztela udazkenero migrazio aroan. Handik egun gutxitara eguraldiak aldaketa ekarri zuen. Arratsalde batez, bat-batean haize erauntsiak, iparra eta euria zekartzan itsas hatsaldi bizi, etengabeak eraman zituen txori nomadak. Marcelineren haurdunaldiak, etxez aldatu beharrak, ikastaro berriak hirirantz bultzatzen gintuen. Goizik zetorren urtaro latzak behartu gintuen hartara.

        Egia da, azaroan berriro etxaldeko zereginetara itzuli beharrean aurkituko nintzela. Bocagek negurako hartu zituen erabakiek etsituta nindukaten; Charles berriro etxalde eredura bidali nahi zuen, non oraindik ere, bere ustetan, zer ikasia franko baitzuen; luze mintzatu ginen, eskura nituen argudio guztiak erabili nituen, baina alferrik; ez zuen amore eman; gehienik ere, Charlesen ikasketak apur bat laburtzea onartu zuen, lehentxeago itzul zedin. Bocagek ezin zidan ezkutatu bi etxaldeetako lantegiak egundoko nekeak ekarriko zituela; konfiantza osoko bi nekazari laster bere agindupean hartzeko asmoak azaldu zizkidan, maizter — erkide — morroi gisan; gauza berriegia lurralde hartan, ezer onik aurrez ziurtatzeko; baina bere esanetan, neuk hala nahi izanda omen. Urriaren azken egunetan izan genuen solasaldi hau. Azaroaren lehenetan Pansera aldatu ginen.

 

 

 

© André Gide

© itzulpenarena: Imanol Unzurrunzaga

 

 

"André Gide / Inmoralista" orrialde nagusia